1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
336E/2026 EBAZPENA, uztailaren 31koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Agoizko udal mugartean poliestireno hedatuzko piezak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen bateratua, instalazioa ixteko baldintzak ezartzeko. Horrenbestez, instalazioa ixteko proiektu teknikoan eta espediente administratiboaren parte den gainerako dokumentazio gehigarrian ezarritako baldintzak bete beharko dira, eta, nolanahi ere, ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Knauf Miret SL da.
Espediente mota | Ingurumen baimen bateratuaren aldaketa funtsezkoa |
Espedientearen kodea | 0001-0062-2026-000017 | Hasiera eguna | 2026-06-08 |
Kudeaketa unitatea | Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua |
Telefonoa | 848426254-848427587 | Helbide elektronikoa | autprema@navarra.es |
Sailkapena | Legeria | Jarduera |
17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa | 1. eranskina / 5.1 taldea |
1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa | Sartu gabeko zentroa |
2010/75/EB Zuzentaraua, azaroaren 24koa | Sartu gabeko zentroa |
21/2013 Legea, abenduaren 9koa | Sartu gabeko zentroa |
Instalazioa | Poliestireno hedatuzko piezen fabrikazioa |
Titularra | Knauf Miret SL |
Ingurumen identifikaziorako zenbakia | 3101900533 |
Tokia | Agoizko industrialdea, B kalea 14 |
Koordenatuak | UTM-ETRS89, 30N eremua, X: 632.493,407 eta Y: 4.737.921,393 |
Udalerria | Agoitz |
Proiektua | Itxiera osoa (Agoizko zentroa) |
Egun jardunean den instalazio horrek ingurumen baimen bateratua du, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendari nagusiaren urriaren 8ko 388E/2025 Ebazpenaren bidez eman/eguneratu baitzitzaion; izan ere, jarduera hori sarturik dago Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 1. eranskineko 5.1 taldean.
2026ko ekainaren 8an, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, instalazioa osorik ixteko (Agoizko zentroa). Titularrak egiten duen jarduera poliestireno hedatuzko piezak injektatzea da, galautsetik abiatuta, eraikuntzarako, elikadurarako, etxetresna elektrikoetarako eta abarretarako.
Aurkeztutako dokumentazioan jardueraren egoeraren proiektu bat dago, bai eta jarduera ixteko egin beharreko jarduketak ere.
Proiektu horren garapenak instalazioaren funtzionamendu baldintzak nabarmenki aldatzen dituenez eta aldaketa horiek instalazioaren ingurumen baimen bateratuan agertu behar direnez, baimena aldatu behar da iraungi baino lehen (proiektua burutu ondoren iraungiko da baimena).
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehendabizikoa.–Aldatzea Agoizko udal mugartean poliestireno hedatuzko piezak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen bateratua, instalazioa ixteko baldintzak ezartzeko. Horrenbestez, instalazioa ixteko proiektu teknikoan eta espediente administratiboaren parte den gainerako dokumentazio gehigarrian ezarritako baldintzak bete beharko dira, eta, nolanahi ere, ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Knauf Miret SL da.
Bigarrena.–Titularrak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, adieraziz instalazioa ebazpen honetan ezarritako baldintza eta neurrien arabera itxi dela eta gelditu diren instalazioak ebazpen honen eranskinetan zehaztutakoarekin bat datozela.
Hirugarrena.–Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu arte, indarrean dagoen ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira. Gainera, ordura arte, instalazioa Hondakinen Kudeatzaileen Erregistroan inskribatuta egonen da, zeina Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko 7/2022 Legearen 63. artikuluan arautzen baita.
Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin ekarriko du ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere jasota daudenak Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen testu bateginaren III. tituluan; horrek ez du baztertzen sektoreko legedian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten jarraituko baitu.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren aurka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.
Zazpigarrena.–Ebazpen hau Knauf Miret SLri eta Agoizko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko uztailaren 31n.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Francisco Javier Larrañeta Nido.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.
Iragarkiaren kodea: F2610673