Iragarkia
164. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
521E/2026 EBAZPENA, abuztuaren 6koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira deialdi honen oinarriak: deialdia, prestakuntza beka bat eman dakien Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritzako lizentziadun edo gradudunei, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Ordainsari eta Prestazioen Zerbitzuan aritzeko.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritzaren ustez, interesgarria da prestakuntza sustatzea unibertsitateko tituludunen artean, Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritzako lizentziadun edo gradudun direnen artean zehazki, zuzenean ezagut dezaten Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetako ordainsarien sistema. Horretarako, laguntza jarduerak eginen dituzte, ordainsari mota bakoitzaren kudeaketarekin eta datuen azterketarekin lotuak, bai eta agintzen zaizkien beste edozein ere.
Bekaren deialdiaz eta hura emateaz oinarri arautzaileetan ezarrita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua eta, osagarri gisa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.
Aipatu 172/2004 Foru Dekretuaren 4. artikuluarekin bat, "prestakuntza bekak emateko eskumena Nafarroako Gobernuko kontseilariena eta erakunde autonomoetako zuzendari kudeatzaileena da, bakoitza bere eskumenen esparruan eta aurrekontuetan horretarako dirua baldin badago. Dena den, zilegi izanen da eskumen hori delegatzea". Hala, Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 246/2023 Foru Dekretuaren 8.t) artikuluak Osasuneko zuzendari nagusiari eskudantzia ematen dio prestakuntzaren eta ikerketaren arloko, eta oro har, osasunarekin lotutako gaien arloko laguntzak, hitzarmenak eta dirulaguntzak deitzeko eta emateko.
Halaber, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea aplikatuko da. Foru lege horrek adierazten du Nafarroako Administrazio Publikoek onesten dituzten dirulaguntzen, beken eta beste edozein laguntza publikoren oinarri arautzaileetan berdintasun klausulak sartuko direla genero berdintasuna benetan gauzatzeko jarduketak baloratzeko edo, bestela, jarduketa horiek nahitaez betearazteko.
Adierazitakoarekin bat, eta Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 246/2023 Foru Dekretuaren 8.t) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea deialdia, prestakuntza beka bat eman dakien Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritzako lizentziadun edo gradudunei, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Ordainsari eta Prestazioen Zerbitzuan aritzeko, bat etorriz ebazpen honen eranskinean jasotako oinarri arautzaileekin.
2. Gastuak baimentzea; 4.582,68 eurokoa 2026ko Nafarroako aurrekontu orokorren 540000 52000 4809 311103 (Prestakuntza bekak) partidaren kargura, eta 9.165,36 eurokoa 2027. urtean aurrekontuetan xede bererako onesten den antzeko partidaren kargura. Gastua, betiere, kreditu egokia eta nahikoa izatearen mende egonen da.
3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
4. Ebazpen hau igortzea Kontabilitate Zentrora, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Nafarroako Dirulaguntzen Datu Basera eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Ordainsari eta Prestazioen Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.
5. Jakinaraztea ezen deialdi honen oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorrita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.b) artikuluarekin, eta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren urtarrilaren 12ko 7/2026 Foru Aginduaren bidez egindako eskumenen eskuordetzea erabilita.
Iruñean, 2026ko abuztuaren 6an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Antonio López Andrés.
ERANSKINA.–Deialdia, prestakuntza beka bat eman dakien Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritzako lizentziadun edo gradudunei, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Ordainsari
eta Prestazioen Zerbitzuan aritzeko. Oinarriak
1. oinarria.–Xedea.
Deialdi honek xede du prestakuntza beka bat ematea, norgehiagokako araubidearen bidez, Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritzako lizentziadun edo gradudunei, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Ordainsari eta Prestazioen Zerbitzuan aritzeko.
Deialdiaren helburua da unibertsitateko lizentziadunen edo gradudunen prestakuntza bultzatzea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zerbitzuan egiten diren jarduketak modu praktiko eta zuzenean ezagut ditzaten.
2. oinarria.–Aurrekontu erabilgarria.
Beketarako zenbatekoa, batetik, 4.582,68 euro izanen da, 2026ko Nafarroako aurrekontu orokorren 540000 52000 4809 311103 (Prestakuntza bekak) partidaren kargura, eta, bestetik, 9.165,36 euro, 2027. urtean aurrekontuetan xede bererako onesten den antzeko partidaren kargura. Gorde beharreko gehieneko zenbatekoaren barnean Gizarte Segurantzaren enpresa kuota ordaintzeko zenbatekoa dago.
3. oinarria.–Iraupena.
Beka hasiko da hura emateko ebazpenean ezartzen den egunean. Dena dela, aurreikusten da 2026ko irailaren 1ean hastea eta sei hilabeteko iraupena izatea, hasiera batean; iraupen hori luzatzen ahalko da gehienez ere hamabi hilabete egin arte, luzapenak kontuan harturik.
4. oinarria.–Beken zenbatekoa eta ordainketa.
Beken zuzkidura hilero 1.080 euro gordin izanen da, edo dagokion zati proportzionala, hala behar badu. Kopuru horretatik bekadunari dagokion Gizarte Segurantzaren kuota deskontatuko da.
Onuradunei ematen zaien dirua ez da inolaz ere soldata edo lansaritzat hartuko, laguntza ekonomiko publikotzat baizik.
Besteren konturako langileen pareko izanen dira, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartzeari dagokionez, entitate edo erakunde publiko zein pribatuek finantzatutako prestakuntza programetan parte hartzen dutenak, baldin eta programa horiek unibertsitateko ikasketei edo lanbide heziketari lotuta badaude eta ez badute eskola-izaera soilik, hots, enpresetan, erakundeetan edo entitateetan prestakuntza programak egitea barne hartzen badute. Halaber, programek ukituentzako kontraprestazio ekonomiko bat izan beharko dute, edozein dela ere jasotzeko kontzeptua edo modua. Programak egitearen ondorioz ez da inoiz Gizarte Segurantzako dagokion lan-araubidean alta ematea eraginen duen lan-harremanik sortuko. Hala ezartzen du urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuak, 1. artikuluan; izan ere, dekretu haren bidez arautzen da prestakuntza programetan parte hartzen duten pertsonak nola eta zein baldintzatan sartzen diren Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa garatuz.
Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzeko, bertan kidetzeko eta/edo alta hartzeko, eta araubide horretatik ateratzeko ere, kontuan hartuko da parte-hartzailea noiz hasten den prestakuntza programan eta noiz uzten duen, enpresak Gizarte Segurantzan inskribatzeko eta langileak kidetzeko, alta eta bajak hartzeko eta haien datuak aldatzeko Erregelamendu Orokorrean ezarritako modu, epe eta ondorioekin, eta hori, bat etorriz 1493/2011 Errege Dekretuaren 2. artikuluarekin (urtarrilaren 26ko 84/1996 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen aipatu erregelamendua).
Diru kopuru horretan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokion atxikipena eginen da, indarra duten arauei jarraikiz hala egin behar baldin bada.
5. oinarria.–Bateraezintasunak.
Prestakuntza bekak bateraezinak izanen dira administrazio beraren eta beste administrazio publiko batzuen bekekin.
6. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Dokumentazioa aurkezteko epea bukatzen den egunean honako betebehar hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoak soilik izaten ahal dira onuradunak:
a) Adinez nagusia izatea.
b) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaz behar adina badakitela frogatu beharko dute.
c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta desgaitua ez egotea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluarekin.
d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdia argitaratu baino urte bat lehenagotik gutxienez.
e) Eskaerak aurkezteko epea amaitzean, 1. oinarrian adierazitako unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua, edo titulua jasotzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria izatea.
f) Eskatutako unibertsitateko titulu ofiziala bekaren deialdi hau argitaratu aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.
g) Beharrezkoa bada, beka emateko ebazpenaren aurretik frogatzea zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela. Horrekin batera, aitorpen edo hitzemate idazki bat aurkeztu beharko du, adierazteko ez duela kobratzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batetik edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batetik helburu bera duen beste edozein laguntza publiko bateraezin.
h) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galarazten ahal dionik.
7. oinarria.–Eskaerak.
7.1. Interesdunek dagokion eskaera aurkeztu beharko dute, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 15 egun balioduneko epean, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren erregistroan, Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetako edozeinetan, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietatik edozeinetan.
Telematika bidez ere aurkezten ahal dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak. Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.
7.2. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:
a) Eskaera orria, eredu normalizatuaren araberakoa, zeina honako web-orri honetan eskuragarri baitago:
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/nafarroako-foru-administrazioaren-inprimaki-orokorrak
b) Eskatzailearen curriculum vitaea, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, lortutako merezimendu guztiak.
c) Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritzako tituluaren fotokopia.
d) Ikasketa espedientearen ziurtagiria (jatorrizkoa edo fotokopia), non agertu behar baitira maila bakoitzeko ikasgai guztien kalifikazioak, berariaz aipatuta zein deialditan gainditu zituen, eta lortutako batez besteko nota.
e) Alegatutako merezimenduak frogatzeko agiriak. Hizkuntzen kasuan, korrespondentzia-taulak web honetan daude ezarrita:
https://formainap.navarra.es/inapidiomas_web/eu/hizkuntzen-egiaztapena/laburpen-taula/
f) Nortasun agiri nazionalaren edo baliokidea den identifikazio agiri baten kopia.
g) Nafarroako erroldatze-ziurtagiria, antzinatasuna zehazten duena, gehienez bi hilabete lehenago egina.
h) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluaren arabera.
7.3. Epearen barrenean aurkeztutako eskaerak aurreko zenbakietan finkatutako dokumentuak ez baditu, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko zaio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela; ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.
Eskatzaileek helbide elektroniko bat emanen dute, behar diren komunikazioak edo jakinarazpenak egiteko.
Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.
7.4. Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.
8. oinarria.–Ebaluazio batzordea eta balorazio-baremoa.
8.1. Ebaluazio batzordea.
Instrukzio-organoa da, eta deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera aztertuko eta ebaluatuko ditu eskaerak. Kide hauek osatuko dute ebaluazio batzordea:
Batzordeburua: Goretti Yubero Zabalza, O-NOZeko Ordainsari eta Prestazioen Zerbitzuko burua.
Idazkaria: Xabier Bescós Elizalde, O-NOZeko Ordainsari eta Prestazioen Zerbitzuko teknikaria.
Batzordekidea: Elena Jimenez Galindo, O-NOZeko Ordainsari eta Prestazioen Zerbitzuko teknikaria.
Prozedura hasiko da interesdunen eskaerak jasotakoan.
Beka eman aurretik, ebaluazio batzordeak txosten bat prestatuko du, non adieraziko baita eskatzaileek laguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten ala ez. Ez dira baloratuko 6. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak.
8.2. Eskaerak baloratzea.
Ebaluazio batzordeak aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratuko ditu; gero, puntuazio handiena lortu duen izangaiari beka emateko proposamena eginen du, eta izangaien zerrenda bat eginen du, lortutako puntuazioaren araberakoa. Gehienez ere 20 puntu lortzen ahalko dira.
8.2.1. Balorazio-fasea. Osotara 12 puntu, gehienez ere.
Baremo honi jarraituz baloratuko dira eskaerak:
a) Ikasketa espedientea. 8 puntu, gehienez.
Espedientearen batez besteko nota baloratuko da.
Puntuazio hauek emanen dira: nahikoa, 5 puntu; oso ongi, 6 puntu; bikain, 7 puntu; eta ohorezko matrikula, 8 puntu.
b) Hizkuntzak jakitea: euskara, ingelesa. 2 puntu, gehienez.
Hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo C2 titulua edo ofizialki baliokidea den titulua edukiz gero, 1 puntu gehienez hizkuntza bakoitzeko, baremo honen arabera:
HEOko MAILA | ZIURTAGIRIA | PUNTUAK |
1. | A1 | 0,10 |
2. | A2 | 0,20 |
3. | B1 | 0,40 |
4. | B2 | 0,60 |
5. | C1 | 0,80 |
6. | C2 | 1,00 |
Hizkuntza eskola ofizialetatik kanpoko ikastetxeetan egindako ikasketen kasuan, berariaz aipatu beharko da egindako ikasketak zein ziurtagiriren baliokideak diren, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren gomendioei jarraikiz. Aipatutako titulua berariaz aurkeztu beharko da.
c) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko prestakuntza: 2 puntu gehienez.
–600 ordutik gorako prestakuntza: 2 puntu.
–400 ordutik 600 ordura bitarteko prestakuntza: 1,5 puntu.
–200 ordutik 400 ordura bitarteko prestakuntza: 1 puntu.
–20 ordutik 200 ordura bitarteko prestakuntza: 0,5 puntu.
Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitate publikoek nahiz pribatuek antolatutako edo emandako prestakuntza baino ez da baloratuko. Prestakuntza zentroak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko da prestakuntza, eta bertan eskola-orduen kopurua adierazi beharko da. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei 0 puntuko balorazioa emanen zaie.
20 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko.
8.2.2. Azterketa-fasea. 4 puntu, gehienez.
Proba praktiko bat eginen da, beka behar bezala aprobetxatzeko beharrezkotzat jotzen diren ezagutzekin lotutakoa (O-NOZeko ordainsariak, kategoria profesionalak eta kudeaketa tresnak –Excel, Tableau eta SAP, besteak beste–).
8.2.3. Elkarrizketa pertsonala. 4 puntu gehienez.
Baremo- eta azterketa-faseak batuta puntuazio altuena lortu duten hiru pertsonei dei eginen zaie elkarrizketa pertsonal bat izateko ebaluazio batzordearekin. Telefono edo posta elektroniko bidez dei eginen zaie, gutxienez elkarrizketa baino 72 ordu lehenago. Elkarrizketa egitea nahitaezkoa da, eta hautapen prozesutik baztertu eginen da agertzen ez dena; halakoetan, puntuazio handiena duen hurrengoari deituko zaio.
Baloraziorako honako hauek hartuko dira kontuan: motibazioa, ekimena, erantzunen argitasuna eta ordena, gaiak beren artean lotzeko gaitasuna, talde-lanerako gaitasuna eta beste gaitasun sozial batzuk.
8.3. Berdinketak ebaztea.
Izangaien osorako balorazioan berdinketarik egonez gero, baremo-fasean puntuazio altuena lortu duen izangaiaren alde ebatziko da. Berdinketak jarraituz badu, azterketa-fasean puntuazio altuena lortu duenaren izangaiaren alde ebatziko da, eta, bestela, elkarrizketan puntuazio altuena lortu duenaren alde. Berdinketak jarraituz gero, zozketa bidez erabakiko da.
Ebaluazio batzordea arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz, bekak eskatzen dituztenek alegaturiko merezimenduak ebaluatzeaz eta ebazpen proposamena prestatzeaz, non izangai onartuei guztira emandako puntuak adieraziko baitira.
8.4. Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen da beka, ebaluazio batzordeak proposamena egin ondotik. Ebazpena https://www.nafarroa.eus webgunean argitaratuko da, instrukzio-organoak emandako puntuazioaren arabera eskatzaileek duten lehentasun hurrenkeran egindako zerrendarekin batera.
Ebazpenean, gutxienez, beka eskuratzen duen pertsonaren izena eta eskatzaileen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, jaso beharko dira, eta berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla, halakorik baldin bada.
Ebazpena Nafarroako Gobernuaren web-atarian argitaratuko da, bekaren deialdiaren fitxan. Argitaratzeak jakinaraztearen ondorio berberak izanen ditu, 39/2015 Legearen 45. artikuluarekin bat.
Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik argitaratzen ez bada, ezetsi egin direla ulertuko da.
9. oinarria.–Tutoretza.
9.1. O-NOZeko Ordainsari eta Prestazioen Zerbitzuko burua izanen da bekaren onuradunek egiten dituzten jardueren tutorea, zuzendaria eta ikuskatzailea.
9.2. Tutoreak zeregin zehatzak aginduko ditu, ordutegiak finkatuko, eta bekadunek beren eginbehar orokor eta berariazkoak betetzen dituzten begiratuko du.
10. oinarria.–Justifikatzeko epea eta modua.
Onuradunek txosten edo memoria bat aurkeztu beharko dute egindako jarduerei buruz eta deialdian ezarritako helburuen betetze mailari buruz. Txosten hori tutoreak baloratuko du. Txostena beka bukatutakoan aurkeztuko da.
11. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.
a) Bekaren xedeko prestakuntza jarduera betetzea.
b) Organo emaileari justifikatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan den jarduera egin duela eta helburua bete dela.
c) Eskumena duten organoek eman den bekaren gainean egiten ahal dituzten egiaztapen lan guztiak onartzea.
d) Helburu berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.
e) Emandako bekari berariaz uko eginez gero, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez jakinaraztea organo eskudunari.
f) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Ordainsari eta Prestazioen Zerbitzuko bekadun gisa azaltzea beka izatearen zuzeneko ondorio den edozein argitalpen edo jardueratan.
g) Prestakuntzan ari dela ezagutu duen eta isilpekotzat jo daitekeen informazio tekniko edo administratiboaren gainean sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea bekak irauten duen bitartean, eta ondoren ere bai.
h) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne- edo funtzionamendu-araudia betetzea.
i) Beken garapenari buruzko txostenak aurkeztea, 11. oinarrian azaldu den moduan.
12. oinarria.–Prestakuntza jardueraren hasiera eta uko egitea.
Onuradunek beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko dute jardunean. Ebazpenean adierazitako egunean onuradunak ez badira jardunean hasten organo eskudunari horren berri eman gabe eta baldin eta organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez baditu, bekari behin betiko uko egiten diotela ulertuko da.
Emandako bekari berariaz uko egitea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Ordainsari eta Prestazioen Zerbitzuko buruari jakinarazi beharko zaio, behin bekaz baliatzen hasita. Ukoaren berri ematea jarduera utzi baino hamabost egun natural lehenago egin beharko da gutxienez.
Eskuratutako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da beka instrukzio-organoak ezarritako zerrendan hurrengo dagoenari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak betetzea uko egin arte sortu diren betebeharrak.
13. oinarria.–Prestakuntza jarduera egitea.
Onuradunaren jarduera Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko bulegoetan gauzatuko da (Tutera kalea 20, behea, Iruña), eta astean 30 orduko arduraldia izanen da, gehienez ere. Halaber, bekadunak prestakuntzarako behar diren joan-etorriak eginen ditu.
Bekaldiaren hilabete bakoitzeko, bekadunak 2,5 egun naturaleko atsedenaldia izanen du.
14. oinarria.–Jabetza intelektuala.
Beka jasotzeko hautatzen diren pertsonek jabetza intelektualaren gainean dituzten eskubideak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Ordainsari eta Prestazioen Zerbitzuan egindako jardueraren ondorioz bekaldian eskuratzen dituztenak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izaten ahal diren asmakarien gainean legokiokeen jabetzari.
15. oinarria.–Lan edo administrazio harremanik eza.
15.1. Bekak erabiltzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan-harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekadunak bere plantillan sartzeko.
15.2. Prestakuntza bekaren onuradunei agindutako eta haiek egiten dituzten zereginak edo jarduerak egitean, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Ordainsari eta Prestazioen Zerbitzuko funtzionarioek edo kontratudunek ikuskatuko dituzte, eta haiek izanen dute horiekiko erantzukizuna. Bekaren onuradunek ezin izanen dituzte funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoko kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.
16. oinarria.–Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.
Bekadunek, prestakuntza zer administrazio publikorekin egiten ari diren, administrazio horrekin duten harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen dute zerbitzuagatik eta bidaiengatik izaten dituzten gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.
17.–Bekaren amaiera.
Honako hauek dira bekak bukatzeko arrazoiak:
a) Bekaren epea bukatzea, luzapenik izan gabe.
b) Luzapenaren gehieneko epea bukatzea.
c) Bekari probetxurik ez ateratzea.
d) Bekadunak ez betetzea haren gain utzitako betebehar eta eginkizunak, jarduerak egitean ardurarik ez jartzea, prestakuntzari errendimendu edo probetxu eskasa ateratzea edo prestakuntza batere ez aprobetxatzea, edo lanak kalitate gabekoak izatea.
18. oinarria.–Ez-betetzeak.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, zilegi izanen da jasotako dirua itzultzeko eskatzea onuradunei. Zehazki, honako egoeretan itzuli beharko da dirua:
a) Bekadunak ez betetzea haren gain utzitako betebehar eta eginkizunak, jarduerak egitean ardurarik ez jartzea, prestakuntzari errendimendu edo probetxu eskasa ateratzea edo prestakuntza batere ez aprobetxatzea, edo lanak kalitate gabekoak izatea.
b) Prestakuntza beka emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzea, aldez aurretik administrazio baimena lortu gabe, eta, horrez gain, aldi berean jasotzea horrekin bateragarria ez diren beste beka edo dirulaguntza batzuk.
c) Azken hilean jasotakoa itzuli beharko da amaierako memoria ez aurkezteagatik.
19. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen oinarrien eta deialdia aplikatzeko emandako egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluarekin eta hurrengoekin, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.
20. oinarria.–Aplikatu beharreko araudia.
Agertzen ahal diren gorabehera guztiak honako hauetan ezarritakoarekin bat ebatziko dira: deialdi honetako oinarriak, apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena, eta, osagarri, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.
21. oinarria.–Emandako beken publizitatea.
Laguntza hauek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren web-orrian argitaratuko dira. Zein deialdiri, programari eta aurrekontuko kredituri egotzita ematen diren adieraziko da, baita onuradunak, emandako zenbatekoa eta xedea ere.
Iragarkiaren kodea: F2610930
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
