Iragarkia
164. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
125E/2026 FORU AGINDUA, uztailaren 27koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita dirulaguntza deialdi bat, Nafarroako landa-ingurunean kultur jarduera sustatzeko proiektuak finantzatzeko. DDBN kodea: 921777.
Kultura Ministerioko Kultura Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak, martxoaren 26ko 323/2024 Errege Dekretuan esleituta dituen eskumenen barnean, honako zeregin hauek ditu, besteak beste: kultura eskubideak sustatzeko politikak diseinatzea eta garatzea; lankidetzan aritzea autonomia erkidegoekin kulturaren arloko ekintzak aurrera eramateko eta kulturaren arloko politika eta praktika berrien inguruan elkarlanean aritzeko espazioak sustatzea eta sortzea.
Zeregin horiek bete beharrez, Kultura Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak laguntza programa bat gauzatu zuen 2022. eta 2024. urteen artean, helburu zuena kultur eskaintza zabaltzea eta dibertsifikatzea hiriguneetatik kanpo. Plan hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barnean zegoen, eta autonomia erkidegoekin elkarlanean gauzatu zen.
Proiektu horrek harrera ezin hobea izan zuen autonomia erkidegoetan eta inplikatutako kultur sektore guztietan. Horregatik, Kulturako Konferentzia Sektorialak, 2024ko otsailaren 22an, Avilésen, egindako osoko bilkuran, Kultura Ministerioak konpromisoa hartu zuen proiektuarekin kreditu berekiak baliatuz jarraitzeko. Proiektuaren bidez, kultur jarduera dinamizatu eta dibertsifikatu nahi da landa-ingurunean, eta kultura eskubideak lurralde osoan bermatu.
Hala, Kulturako Estatu Idazkaritzaren 2026ko maiatzaren 25eko Ebazpenaren bidez, dagozkion kredituak transferitzen zaizkio Nafarroako Foru Komunitateari 127.004,00 eurokoak, 2027an kultur jarduera sustatzeko landa-ingurunean.
Kultur Ekintza Zerbitzuak egin duen txostenean proposatu du onets daitezela deialdi hau eta oinarri arautzaileak: "dirulaguntza deialdia, Nafarroako landa-inguruneko udalerriek kultur jarduera sustatzeko antolatzen dituzten proiektuak finantzatzeko". Orobat, proposatu du erreserbatu eta baimendu dadila 127.004,00 euroko gastua eta, azkenik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila foru agindu hau. Kontuan hartu behar da, halaber, betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen betebeharrak eta baldintzak, eta ikusi da kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean.
Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Dirulaguntza deialdi bat onestea, Nafarroako landa-ingurunean kultur jarduera sustatzeko proiektuak finantzatzeko.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.
3. Dirulaguntza hauek finantzatuko dira "Udalen kultur ekintzetarako laguntzak" izeneko A20002 A2500 4609 334100 [PEP: E-26/000810-01] partidaren kargura, edo 2027rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan sortzen den antzeko partidaren kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago.
4. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, aurrekontuko kreditu hauek erreserbatu dira:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A20002-A2500-4609-334100 [PEP: E-26/000810-01]: Udalen kultur ekintzetarako laguntzak | 2027 | 127.004,00 |
5. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaeren arabera:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A20002-A2500-4609-334100 [PEP: E-26/000810-01]: Udalen kultur ekintzetarako laguntzak | 2027 | 127.004,00 |
6. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2026ko uztailaren 27an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
DIRULAGUNTZA DEIALDIA, NAFARROAKO LANDA-INGURUNEKO UDALERRIEK KULTUR JARDUERA SUSTATZEKO ANTOLATZEN DITUZTEN PROIEKTUAK FINANTZATZEKO. OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Dirulaguntzen xedea eta aplikazio eremua.
1.1. Oinarri hauen xedea da arautzea zer baldintzatan emanen diren dirulaguntza batzuk norgehiagokako araubidean, finantzatzeko Nafarroako landa-inguruneko udalerriek kultur jarduera sustatzeko antolatzen dituzten proiektuak. Proiektuok gauzatu behar dira 2026ko urtarrilaren 1etik 2027ko abuztuaren 31ra bitartean.
1.2. Landa-ingurunean egiten edo garatzen diren kultura-proiektuak eta -jarduerak finantzatzeko erabiliko dira laguntzak, Landa-ingurunearen Garapen Jasangarrirako abenduaren 13ko 45/2007 Legean zehazten den moduan. Deialdi honen ondorioetarako, landa-ingurunetzat hartzen dira gehienez ere 30.000 biztanle dituzten Nafarroako udalerriak, baldin eta kilometro karratuko 100 biztanle edo gutxiagoko biztanleria-dentsitatea badute. Datu horiek kontuan hartzeko, Nafarroako Estatistika Erakundea-Nastaten 2025eko biztanleria-adierazleak hartuko dira erreferentziatzat (https://nastat.navarra.es/eu/indicadores/indicadores-municipales). Halaber, landa-ingurunetzat joko dira 10.000 biztanletik beherako Nafarroako udalerriak, haien biztanleria-dentsitatea edozein dela ere. Proiektua udalez gaindikoa bada, baldintza horiek bete beharko dira proiektua garatzen den udalerri guztietan.
1.3. Lehentasuna izanen dute 5.000 biztanletik beherako udalerrietan egiten diren proiektuek eta jarduerek.
1.4. Laguntza hauek Espainiako Kultura Ministerioaren funtsen bidez finantzatzen dira.
2. Laguntzen helburua.
Hauek dira laguntzon helburuak:
a) Jarduera, sorkuntza, praktika eta prozesu kultural garaikideak bultzatzea eta dibertsifikatzea, estuki lotuta komunitateekin eta haien gizarte-, lurralde- eta kultura-testuinguru espezifikoekin, eta laguntzea landa-ingurunerako kontakizun, iruditeria, irudikapen, estetika, balio eta jarrera berriak eraikitzen, mundu garaikideak planteatzen dituen erronken testuinguruan, baita balioa ematea ondareari eta ezagutza eta jakintza tradizionalei, eta horiek orainarekin solasean jartzea.
b) Kultura eskubideen ikuspegitik abiatuta, inklusioa sustatzea eta herritarren parte-hartze aktiboa bultzatzea kultur jardueran, ulertuta parte-hartze demokratikorako, ongizaterako, osasunerako eta gizarte- eta lurralde-kohesiorako tresna gisa, eta bereziki zaintzea alderdi hau: genero-berdintasunari, belaunaldien arteko harremanei eta haurren eta gazteen parte-hartzeari lotutako estrategiak txertatzeko beharra.
c) Landa-ingurunean diharduten kultur eta sorkuntza arloko sektore eta eragileak dinamizatzeko, modernizatzeko eta berritzeko lanak sustatzea, eta laguntzea enplegua sortzen, profesionalizatzen eta profesionalen arteko sareak eratzen. Orobat, laguntzea genero berdintasuna lortzen sektore horietako langileen artean.
d) Laguntzea kultura aniztasunari, kulturen arteko elkarrizketari eta hiriguneen eta landaguneen arteko trukeari.
e) Sustatzea Garapen Jasangarrirako Helburuak bete eta ingurumen-kontzientzia eta -jasangarritasuna zabal daitezen, eta aliantzak eratzea landa-ingurunean garrantzitsuak diren kulturaz kanpoko sektoreekin: nekazaritza, abeltzaintza, ingurumena, trantsizio ekologikoa, erronka demografikoa, berdintasuna, hezkuntza edo osasungintza.
3. Entitate onuradunak eta betebeharrak.
3.1. Laguntza hauen onuradun izaten ahal dira Nafarroako udalerriak.
3.2. Jarduera diruz lagungarria zenbait udalerrik batera egin behar izanez gero, onuradun izaten ahalko dira, baldin eta laguntzaren onuradun izateko beharrezkoak diren baldintzak betetzen badituzte, hala xedatuta baitago Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan.
Kasu horietan, espresuki adierazi beharko dira, bai eskaeran, bai dirulaguntza emateko ebazpenean, honako hauek:
a) Gauzatzeko konpromisoak, elkarteko kide bakoitzak bere gain hartzen dituenak. Horretarako, udalerrien elkartea eratzeko eredu normalizatu bat erabiliko da, 2. eranskinean eskuragarri dagoena.
b) Hala badagokio, haietako bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa; denek onuradun izaera izanen dutenez, 7. oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute.
Nolanahi ere, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu beharko da, elkarteari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalen jabe. Gastua exekutatzeko konpromisorik handiena bere gain hartzen duen udalerriak izendatuko du ordezkari edo ahaldun bakar hori. Udalerri batek baino gehiagok baldintza beretan hartzen badute beren gain gastuaren exekuzioaren konpromisoa, beren artean erabaki beharko dute nor izanen den ordezkari edo ahaldun bakarra.
Elkartea ezin izanen da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42.4 artikuluan ezarritako preskripzio-epea iragan arte (lau urte).
3.3. Udalerri eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko baldintza orokorrak betetzea.
b) Egunean izatea tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
c) Ez egotea zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez egotea zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuagatiko edo generoagatiko diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.
3.4. Ezin izanen dira dirulaguntza hauen onuradun izan Nafarroako 2026ko eta/edo 2027ko Aurrekontu Orokorretan helburu bererako partida izenduna duten udalerriak.
4. Aurrekontu egozpena, zenbatekoa eta dirulaguntzen muga.
4.1. Dirulaguntza hauek finantzatuko dira "Udalen kultur ekintzetarako laguntzak" izeneko A20002 A2500 4609 334100 [PEP: E-26/000810-01] partidaren kargura, edo 2027rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan sortzen den antzeko partidaren kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago.
AURREKONTU PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
"Udalen kultur ekintzetarako laguntzak" izeneko A20002 A2500 4609 334100 [PEP: E-26/000810-01] partida | 2027 | 127.004,00 euro |
4.2. Proiektuek lortzen duten puntuazioaren arabera emanen dira laguntzak, 9. oinarrian jasotako balorazio irizpideak aplikatuz.
4.3. Dirulaguntza bakoitzaren gutxieneko zenbatekoa hamar mila (10.000) eurokoa izanen da, eta gehienekoa hogeita hamar mila (30.000) eurokoa. Deialdi honetara aurkeztutako proiektuak ez dira onartuko laguntzaren gutxieneko zenbateko hori emateko modukoak ez badira.
4.4. Emandako zenbatekoak ezin izanen du gainditu diruz lagungarriak diren kostuen %80. Gainerako %20a baliabide propioekin eta bestelako finantzabide publiko edo pribatuekin ordaindu beharko da. Onetsitako aurrekontua honako honen emaitza izanen da: udalerri eskatzaileak aurkeztutako aurrekontua ken BEZari dagozkion zenbatekoak (baldin eta konpentsatzea badago) eta, kasua denean, deialdi honetan xedatuaren arabera diruz lagungarritzat jotzen ez diren gastuak.
4.5. Proiektuak aurkeztu eta bakoitzaren aurrekontuak onartu ondoren, unitate kudeatzaileak proiektuak baloratuko ditu, 9. oinarrian ezarritako irizpideen arabera.
9. oinarrian ezarritako gutxieneko puntuaziora iristen diren proiektuei dagokien dirulaguntzen zenbatekoa zehazteko, irizpide hauek erabiliko dira, betiere kontuan harturik 4. oinarrian finkatutako diru-muga:
–Unitate kudeatzaileak lehentasun hurrenkerari jarraikiz banatuko ditu laguntzak proiektuen artean, bakoitzak lortzen duen puntuazioaren arabera, partidako diru erabilgarria agortu arte.
–Prozedura honen arabera dirulaguntza lor lezakeen azken proiektuan, eskatutakoa handiagoa baldin bada hura finantzatzeko eskuragarri dagoen zenbatekoa baino, dirulaguntza proposatuko da baldin eta efizientea bada hura ematea.
–Gerakinik badago, baina puntuazio hurrenkeran hurrengoa den proiektuarentzat eskatutako dirulaguntza baino txikiagoa bada, unitate kudeatzaileak udalerri eskatzaileari eskatzen ahal dio berregin dezala hasiera batez aurkeztutako proiektua. Nolanahi ere, proiektua berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere. Berregindako proiektuak instrukzio organoaren adostasuna beharko du, laguntza ematea proposatu aurretik.
4.6. Baldin eta, laguntzak eman ondoren, udalerri eskatzaileren batek laguntzari uko egiten badio, eta, horregatik, kreditu nahikoa askatzen bada, beste eskaera batzuei erantzuteko bideratzen ahalko da. Lehenik eta behin, erabilgarri gelditzen zen kreditua eman zitzaien eskaerentzat erabiliko da, baldin eta haren zenbatekoa deialdiaren oinarriak aplikatuz legokiekeen laguntza baino txikiagoa izan bazen. Bigarrenik, askatutako kreditua erabiltzen ahalko da eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortu arren, hasieran dirulaguntzarik eskuratu ez zuten eskaeretarako (kreditu erabilgarria agortu zelako).
5. Proiektu diruz lagungarriak eta horiek gauzatzeko epea.
5.1. Landa-ingurunean egin edo garatu beharko dira deialdi honen babesean diruz lagundu nahi diren kultura-proiektuak eta -jarduerak, 1. oinarrian jasotzen den bezala.
5.2. Oinarri hauen ondorioetarako, jarraian deskribatzen dira ekintza hautagarriak:
a) Lurraldean zehaztapen praktikoa duten proiektuak, baldin esperimentazioa, ikerketa eta berrikuntza kulturala bultzatzen badute eragile anitzeko parte-hartzearen bidez (ideia-laborategiak, proiektuen prototipoak, diziplinarteko ekimenak edo sektore arteko aliantzak).
b) Hezkuntza, transferentzia eta bitartekaritzako proiektu eta jarduerak arte, kultura eta ondare arloan, teknologia berrien erabilera barne.
c) Ondare immateriala zabaltzeko, transmititzeko, berriz balioan jartzeko eta sozializatzeko jarduerak, barne hartuta ondare immateriala kultura eta praktika garaikideekin hibridatzera bideratuta daudenak.
d) Landa-ingurunean diharduten kultur eragile publiko eta pribatuen prestakuntzara bideratutako proiektuak, bai eta haiei lagun egitera, haiekin lankidetzan aritzera eta haien gaitasunak indartzera bideratutakoak ere.
e) Jarduera eta ekitaldi artistiko edo kulturalak, jaialdiak, erakusketak eta antzeko beste kultura-proiektu batzuk, honako eremu hauen barnean: ikusizko arteak, zinema eta ikus-entzunezko arteak, antzerkia, dantza, zirkua, musika, literatura eta hitza, arkitektura, diseinua eta eskulangintza, barnean daudela diziplina anitzeko arte-jarduerak eta kultura eta arteak zientziarekin eta/edo jakintza tradizionalekin lotzen dituztenak.
5.3. Bazter utziko dira oinarri hauetan eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten edo betetzea behar bezala egiaztatzen ez duten proiektuen eskaerak.
5.4. Deialdi honen xede diren kultura-proiektuak eta -jarduerak 2026ko urtarrilaren 1etik 2027ko abuztuaren 31ra bitartean egin beharko dira, biak barne. Beraz, aldi horretan benetan egindako eta egiaztatutako gastuak baino ez dira diruz lagunduko.
6. Gastu diruz lagungarriak.
6.1. Laguntza horien kargura, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluaren arabera, lurralde bakoitzeko kultura-ekosistemari ekarpen garrantzitsua eta esanguratsua egiten dioten proiektuak eta jarduerak finantzatuko dira.
6.2. Gastu diruz lagungarritzat hartuko da deialdi honen 5.5 oinarrian araututako datetan egiten dena eta proiektua egiteari zalantzarik gabe erantzuten diona. Gastuen eta ordainketen frogagiriek 2026ko urtarrilaren 1etik 2027ko irailaren 10era artekoak izan behar dute, biak barne.
6.3. Diruz lagundutako gastuen kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.
6.4. Deialdi honen ondorioetarako, hauek dira gastu diruz lagungarriak:
a) Zuzeneko kostuak:
1. Proiektu teknikoa. Proiektu teknikoko gastutzat jotzen dira dirulaguntza jasotzeko aurkezten den proiektua idazteko ardura duten profesionalen ordainsariak (hala nola, kultura-kudeaketan espezializatutako aholkularitza).
2. Proiektuaren parte diren arte- edo kultura-ikuskizunen ordainsarien gastuak. Gastu horiek honako hauen ordainsariei dagozkie: artistak, konpainiak, komisarioak edo 5.2 oinarrian ezarritakoaren araberako proiektuen esparruko beste edozein profesional.
3. Proiektua osatzen duten ikuskizunen eszenografiak diseinatzeko, sortzeko, produzitzeko, muntatzeko/desmuntatzeko eta instalatzeko kostuak. Eszenografiak sortzearekin lotutako gastuak dira, sortzen direnetik erakusten diren arte.
4. Programazioarekin lotutako zerbitzuen gastuak, hala nola zerbitzu tekniko eta osagarrienak eta dirulaguntzaren xedea gauzatzeko beharrezkoak diren beste zerbitzu profesional batzuenak.
5. BEZa, ezin bada berreskuratu edo konpentsatu.
6. Egile-eskubideen gastuak.
7. Ikerketa eta berrikuntzako, prestakuntzako, bitartekaritzako eta aholkularitzako gastuak, barne daudela neurketa-sistemak kontratatzekoak, inpaktuak ebaluatzekoak eta antzeko gastuak.
8. Proiektua osatzen duten ikuskizunak eta jarduerak erakusteko espazioak alokatzeko gastuak.
9. Diruz lagundutako proiektua osatzen duten jarduerak online edo streaming plataformetan hedatzeko gastuak.
10. Komunikazioa eta publizitatea online edo offline egiteko gastuak, hau da, diseinu-gastuak, sustapen-materialenak, publizitatea txertatzekoak eta abar.
11. Proiektuari lotutako langileak kontratatzeko gastuak.
12. Proiektua egiteko beharrezkoak diren finantza gastuak diruz lagungarriak izanen dira, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.
b) Zeharkako kostuak:
Hemen sartzen dira bai gastu orokor aldakorrak, udalerri onuradunak egiten dituen jardueretako batzuei egozten ahal zaizkienak, bai gastu finkoak, jarduera zehatz bati egotzi ezin zaizkionak baina beharrezkoak direnak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko.
Zeharkako kostu diruz lagungarriek proiektuaren aurrekontuan sartuta egon beharko dute, eta ez dira izanen proiektuaren kostu osoaren %10 baino gehiago.
6.5. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:
a) Ondasun higiezinak eta azpiegiturak eskuratzearekin, erabiltzearekin eta finantzatzearekin zerikusia duten guztiak, bai eta haien amortizazioak eta finantzaketak eragindako finantza-gastuak ere.
b) Edozein motatako material edo ekipo inbentariagarrien inbertsioak, konponketak eta erosketak.
c) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.
d) Entitateko langileen ordainsariak, lanbide arteko gutxieneko soldata halako hiru gainditzen dutenak.
e) Ordezkaritza, protokolo eta luxuzko gastuak, ez eta elikagaiak, otorduak, edariak eta antzekoak erostekoak ere.
f) Bidaien, ostatuaren eta mantenuaren gastuak eta antzekoak.
g) Entitate eskatzaileko berezko langileak.
7. Eskaerak aurkezteko epea eta dokumentazioa.
7.1. Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/dirulaguntzak-proiektuak-finantzatu-nahi-dituena-nafarroako-hiriguneetatik-kanpoko-kultura-eskaintza-zabaltzeko-eta-dibertsifikatzeko); identifikatzeko, beharrezkoa da ziurtagiri digitala, NAN elektronikoa edo Cl@ve izatea.
Kasu horretan, eskabidea aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskabidea geroago modu telematikoan aurkeztu ahal izatea. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.
Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez eginen dira. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoko prozeduretarako harpidetza egin beharko da.
7.2. Udalerri eskatzaile bakoitzak proiektu bat aurkezten ahalko du.
7.3. Laguntzak eskatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
1. Laguntza eskaera:
Udalerri eskatzaileek eskabidea (1. eranskina) behar bezala beteta eta alkateak edo baimendutako pertsonak sinatuta aurkeztu beharko dute, eta 1. eranskin horretako atal guztietan adierazitako dokumentazioa erantsi beharko dute nahitaez.
Dirulaguntza-eskaera aurkeztearekin batera eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntzak ematen dituen organoari zuzenean lor dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela adierazten duen egiaztapena, ziurtagiri telematikoen bidez. Beraz, kasu horretan, udalerri eskatzaileak ez ditu egiaztagiri horiek aurkeztu beharko. Dena dela, udalerri eskatzaileak berariaz uko egiten ahal dio baimen hori emateari, eta, kasu horretan, aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak:
–Ziurtagiri bat, Nafarroako Ogasunarekiko ordainketak egunean dituela dioena.
–Ziurtagiri bat, Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean dituela dioena.
2. Dokumentazio administratiboa:
–Entitatearen idazkaritzako edo antzeko karguko arduradunak elektronikoki emandako eta sinatutako ziurtagiria, dirulaguntza eskatzeko organo eskudunak hartutako erabakia jasotzen duena.
–Eskaera onuradunen elkarte batek aurkezten badu, 2. eranskineko dokumentua erabiliko da (Onuradunen elkartearen datu-orria). Agertu beharko da udalerri bakoitzak eskatzen duen laguntzaren zenbatekoa, bai eta elkarteko kide bakoitzak bere gain hartu dituen exekuzio-konpromisoak ere. Izan ere, udalerri guztiek izanen dute entitate onuradunaren izaera.
3. Agiri teknikoak:
–Proiektuaren memoria tekniko zehatza, 3. eranskinean adierazitako ereduaren araberakoa. Memoria horrek modu argi eta laburrean jaso beharko ditu eranskinean berariaz jasotzen diren atalak, eta, besteak beste, honako hauek: proiektua non eginen den (udalerria/k eta espazioa/k); proiektuaren izaera berritzailea eta eraldatzailea; inplikatutako elkarte edo enpresen zerrenda; proiektua osatzen duten jarduera edo jarduerak, haien deskribapena eta helburuak adierazita; kasua bada, proiektua Nafarroako Kultura Eskubideei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legearen printzipioetara egokitzen den adierazten duen zerrenda; proiektu bakoitza deialdi honen xedera eta printzipioetara egokitzen den neurtzeko balio duten irizpide teknikoen deskribapen zehatza, non, besteak beste, garbi deskribatzen baitira proiektuaren interesa, berezitasuna, garrantzia, berrikuntza-maila eta sendotasuna, bai eta sinergiak sortzeko dituen gaitasuna ere; orobat, garapena eta egutegiaren aurreikuspen bat, eta 9. oinarriko irizpideei jarraikiz proiektua ebaluatzeko balio dezakeen edozein informazio. Memoria horrek 25 orrialde izanen ditu gehienez, eta udalerri eskatzaileko alkateak edo baimendutako pertsonak sinatu beharko du. Ezinbesteko baldintza izanen da behar bezala betetzea.
–Memoria ekonomikoa, 4. eranskinean adierazitako ereduaren araberakoa. Bertan adierazi beharko dira proiektua gauzatzea ahalbidetuko duten finantzabideak. Dokumentu horrek aukera eman behar du proiektuaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa egiaztatzeko, eta ezinbesteko baldintza izanen da aurkeztutako aurrekontuko gastuak eta diru-sarrerak orekatuta egotea.
7.4. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
8. Prozedura izapidetzeko eta ebazteko faseak.
8.1. Aurretiazko ebaluazioa eta zuzenketa.
Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak izapidetuko ditu eskaerak. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko teknikariek aurkeztutako eskaerei buruzko aurre-ebaluazio bat eginen dute, 8.2 oinarrian adierazitakoaren arabera.
Dirulaguntza eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola udalerri eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.
Onartzen diren eskaerak balorazio fasera pasatuko dira.
Prozesuan zehar, noiznahi ere eskatzen ahalko zaie informazio osagarria eskatzaileei.
8.2. Instrukzio organoa.
Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atala izanen da instrukzio organoa, eta ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, oinarri arautzaile hauetan ezarritako balorazio irizpideen arabera.
Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak, txosten baten bidez, dirulaguntza emateko ebazpen proposamena eginen dio Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari.
Instrukzio organoak, proiektuak hobeki baloratzeko eta ebazpen proposamena eman aurretik, beharrezkotzat jotzen dituen aholkularitza eta txosten teknikoak eskatzen ahalko ditu. Entitate eskatzaileekin loturarik ez duten aditu independenteek egin beharko dituzte txosten horiek.
9. Proiektuen balorazioa.
9.1. Proiektuak baloratu ahal izateko, 3. eranskinean agertzen den memoria-ereduaren arabera egin beharko da eskaera.
9.2. Memoria ekonomikoa 4. eranskinean beteko da.
9.3. Gehienez ere 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari. Dirulaguntza eskuratzeko, eskaerek lortu beharko dituzte guztira lortzen ahal diren puntuetatik 50, gutxienez, eta horietatik 12, gutxienez, izan behar dute 9.4.1) azpiatalekoak (Proiektatutako jardueraren egokitasuna deialdian ezarritako helburuak lortzeko).
9.4. Onartutako eskaerak honako irizpide hauen arabera baloratuko dira:
1. Proiektatutako jardueraren egokitasuna deialdian ezarritako helburuak lortzeko (25 puntu gehienez):
Oso handia | 25 puntu |
Handia | 20 puntu |
Nahikoa | 12 puntu |
Txikia | 5 puntu |
Oso txikia | 2 puntu |
Batere ez | 0 puntu |
2. Proiektuaren kalitatea, interesa, berezitasuna eta, batez ere, izaera berritzailea eta eraldatzailea, ikuspegi sozialetik begiratuta. Proiektuaren kalitate teknikoa eta interesa baloratuko dira, bai eta izaera berritzailea ere. Orobat, balio erantsia aitortuko zaio proiektuak duen gaitasunari eragileen artean sinergiak sortzeko, ulertuta sinergia horiek lagunduko dutela sektoreen arteko aliantzak bultzatzen. Halaber, proiektuak kultur ikerketa, esperimentazioa eta berrikuntza lehenesten baditu, lurraldean bertan lehenetsi ere, alderdi hori ere baloratuko da (15 puntu gehienez).
Oso handia | 15 puntu |
Handia | 10 puntu |
Nahikoa | 8 puntu |
Txikia | 5 puntu |
Oso txikia | 2 puntu |
Batere ez | 0 puntu |
3. Udalerri eskatzaileak proiektuaren aurrekontuari egiten dion ekarpena (5 puntu gehienez).
Udalerri eskatzailearen ekarpena izatea proiektuaren zenbatekoaren %50etik gorakoa | 5 puntu |
Udalerri eskatzailearen ekarpena izatea proiektuaren zenbatekoaren %40 eta %50 artekoa | 3 puntu |
Udalerri eskatzailearen ekarpena izatea proiektuaren zenbatekoaren %30 eta %40 artekoa | 2 puntu |
Udalerri eskatzailearen ekarpena izatea proiektuaren zenbatekoaren %20 eta %30 artekoa | 1 puntu |
Udalerri eskatzailearen ekarpena izatea proiektuaren zenbatekoaren %20tik beherakoa | 0 puntu |
4. Proiektua egitea 5.000 biztanletik beherako udalerrietan (25 puntu gehienez).
1.500 biztanle baino gutxiago | 25 puntu |
1.500 eta 3.000 biztanle artean | 15 puntu |
3.001 eta 5.000 biztanle artean | 10 puntu |
Proiektua edo jarduerak udalerri batean baino gehiagotan egiten badira, haien arteko batezbestekoa kalkulatuko da, eta emaitzari dagokion puntuazioa aplikatuko.
5. Proiektuaren lurralde eremua (15 puntu gehienez).
Proiektua egitea 5.000 biztanletik beherako hiru udal-mugartetan baino gehiagotan | 15 puntu |
Proiektua egitea 5.000 biztanletik beherako hiru udal-mugartetan | 10 puntu |
Proiektua egitea 5.000 biztanletik beherako bi udal-mugartetan | 5 puntu |
Proiektua egitea 5.000 biztanletik beherako udal-mugarte batean bakarrik | 2 puntu |
Kasua bada, biztanleei buruzko daturako, kontuan hartuko da aurreko azpiatalean kalkulatutako batezbestekoa.
6. Proiektuaren ingurumen jasangarritasuna, Ekitaldi Publikoei eta Jasangarritasunari buruzko apirilaren 17ko 36/2024 Foru Dekretuaren baitan (5 puntu gehienez).
Eskaera aurkeztean, proiektuak Nafarroako Ekitaldi Publiko Jasangarriaren ikurra du | 5 puntu |
7. Inguruko herrietan bizi direnei erraztasunak ematea proiektuaren baitan antolatutako jardueretara joateko eta haietan parte hartzeko, horretarako doako garraiobideak eskainiz (2 puntu gehienez).
8. Sustatzea lankidetza eta sareko lana kulturaren sektoreko beste entitate batzuekin eta herriko erakunde, elkarte eta eragile ekonomikoekin (2 puntu gehienez).
9. Aliantzak egitea beste sektore batzuekin eta zerbitzu publikoekin: landa garapena, lehen sektorea, agroekologia, ingurumena, trantsizio ekologikoa, hezkuntza, osasungintza, erronka demografikoa eta abar (2 puntu gehienez).
10. Proiektuaren mota guztietako eraginak neurtzeko eta ebaluatzeko tresnak txertatzea: eragin kulturala, ekonomikoa, soziala, demografikoa, lurraldekoa, bizi kalitatea, ingurumen jasangarritasuna eta beste batzuk (4 puntu gehienez).
10. Dirulaguntzak emateko ebazpena.
10.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko. Edonola ere, 2026ko abenduaren 31 baino lehen emanen du ebazpena. Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.
10.2. Dirulaguntza hau emateko prozedurako ebazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira:
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/dirulaguntzak-proiektuak-finantzatu-nahi-dituena-nafarroako-hiriguneetatik-kanpoko-kultura-eskaintza-zabaltzeko-eta-dibertsifikatzeko
Orobat, jakinarazpenak bidaliko zaizkio eskatzaile bakoitzari, gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez.
Deialdiaren ebazpena Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko iragarki-taulan ere argitaratuko da (Navarrería kalea 39, Iruña).
10.3. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, deialdia kudeatzen duen organora jo dezakete interesdunek, posta elektronikoko helbide honen bidez: iniciativacultural@navarra.es.
11. Entitate onuradunen betebeharrak.
11.1. Hauek dira udalerri onuradunaren betebeharrak:
–Deialdi honetan diruz lagundutako proiektua egiteko erabiltzea laguntza, ez beste edozertarako.
–Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin diren.
–Xede bererako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortu bada, atal horri ematea horien berri. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
–Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinaraztea proiektua gauzatzean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den unean berean, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu. Proiektuan edozein aldaketa egiteko, instrukzio organoaren adostasuna beharko da aurretik; organo horrek baimena emanen du baldin eta, kudeaketa organoaren ustean, ez badakar onetsitako proiektua funtsean aldatzea edo hirugarrenen babestu beharreko eskubideak kaltetzea.
–Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso dela.
–Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, afixetan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko du, eta hori deskribatzen duen testu bat erakutsi (Diruz laguntzen du:...).
Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsultatzen ahal dira (https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala), eta/edo haren Argitalpen Atalaren bidez.
Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logotipoa jartzea inprimatutako materialean (eskuorriak, kartelak).
Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein baliabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, arestian deskribatutako baldintzei jarraituz.
–Kultura Ministerioaren logotipoa ere jarri beharko da, eta "Kultura Ministerioak finantzatua" testua.
–Noiznahi ere onartzea Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten dituen egiaztapen lanak.
–Deialdi honen xede diren jardueren programazioak kontuan hartu beharko ditu hondakinen sorrera prebenitzearekin, hondakinen kudeaketa hobetzearekin eta ekitaldi publikoen ingurumen jasangarritasunarekin lotutako ingurumen neurriak, Ekitaldi Publikoei eta Jasangarritasunari buruzko apirilaren 17ko 36/2024 Foru Dekretua betez.
11.2. Udalerri onuradunak egiten dituen jarduerei buruzko informazioa emanen dio Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari, behar den aurrerapenarekin, Nafarroako Gobernuaren webgunean eta beste hedabide batzuetan aldizka zabal dadin.
12. Ordaintzeko moduak, epeak eta justifikatzeko modua.
12.1. Laguntzak ordainketa bakarrean emanen dira, 2027ko Aurrekontu Orokorren kargura, diruz lagunduko den proiektua amaitu ondoren eta Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak aldeko txostena egin ondoan, baldin eta 2027ko irailaren 10a baino lehen, egun hori barne, aurkezten badira ondotik zehazten diren egiaztagiriak eta agiriak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan modu telematikoan aurkeztutako berariazko eskaera baten bidez, eskatutako dokumentazioarekin batera:
a) Eskabidea, azken likidazioa eta eskatutako zenbatekoa adierazita.
b) Eranskina (Justifikazio ekonomikoa, 5. eranskina) Excel formatuan, gastua justifikatzeko prozesuari buruzko informazioa jasotzen duena.
Artxiboan, atal bakoitzean, eduki hauek sartu behar dira:
Fakturen zerrenda: diruz lagundutako jarduera dela-eta izandako gastuen fakturen edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, baita egindako ordainketen frogagiriena ere, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, NANa/IFZa, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda hori Excel formatuan igorriko da.
Finantzabideak: finantzabideak eta benetan emandako laguntzen zerrenda (benetan kobratu diren kontuan hartu gabe).
c) Dirulaguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien faktura eta frogagiriak. Faktura guztiak, dagozkien ordainagiriekin batera, PDF formatuko artxibo batean sartuko dira, aurreko ataleko faktura zerrendaren arabera modu korrelatiboan ordenatuta.
Faktura eta frogagiri horiek deialdiaren 1. oinarrian ezarritako epeetan emanak izan beharko dute, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Kanpo gelditzen dira, berariaz, ordainagiriak, aurrekontuak eta albaranak. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna, lana eta/edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.
100 eurotik gorako gastu guztien ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste agiri batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita (bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak –hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak–, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri).
d) Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak betetzen dituela justifikatzeko jarduketa memoria bat, egindako ekintzak eta lortutako emaitzak azalduko dituena. Udalerriak gauzatutako proiektuaren bukaerako memoria aurkeztu beharko du. Bertan sakontasunez azaldu beharko da zenbateraino bete diren eskaerarekin batera aurkeztutako memoria teknikoan jasotako alderdiak. Memoria horretan eranskin bat ere jasoko da, diruz lagundutako proiektua garatu eta abian jartzeko prozesua irudikatzen duen argazki eta bideo erreportajearekin, proiektuaren izaeraren arabera.
e) Sustapenerako eta/edo publizitaterako elementu inprimatuak, eta/edo hedapena egiteko erabili diren web-orrietarako estekak. Betekizunen atalean aipatutako logoak erabili direla ere frogatu beharko da.
f) 3.2 oinarrian jasotako onuradunen elkarteen kasuan, onuradun bakoitzak justifikazio-kontu bat aurkeztuko du.
Elkarteak hitzarmen baten bidez garatu badu proiektua, gastuen justifikazioarekin batera honako hauek aurkeztu beharko dira:
a) Alderdiek sinatutako hitzarmena.
b) Proiektuaren exekuzio nagusiaren ardura duen udalerri onuradunaren izenean egindako fakturak, proiektuari lotutako gastuen kontzeptua eta zenbatekoa adierazita.
c) Proiektuaren exekuzio nagusiaren ardura duen udalerri onuradunaren faktura, onuradunaren izenean egina, hitzarmenean ezarritako kostu-banaketaren arabera.
12.2. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da.
12.3. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntza kobratzeko eskubidea.
12.4. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.
13. Dirua itzultzea.
Udalerri onuradunek ez badituzte betetzen dirulaguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza itzuli beharko dute, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Udalerri onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.
14. Hornitzaileak kontratatzea.
Gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipamenduko ondasunen horniduren kasuan edo aholkularitza eta laguntza enpresek emandako zerbitzuen kasuan, onuradunak frogatu egin beharko du hornitzailea hautatu duela efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz.
Baldintza hori betetzat joko da baldin eta hiru eskaintza edo gehiago eskatu badira eta jasotako proposamenetatik onena hautatu bada, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik, ez badago merkatuan hornidura hori egiten edo zerbitzu hori ematen duten entitate aski, edo gastua dirulaguntza eskatu aurretik egina bada.
15. Dirulaguntza hauen bateragarritasuna.
15.1. Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako edozein administrazio edo erakunde publikok edo pribatuk emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin. Nolanahi ere, argi eta garbi identifikatu beharko da gastuen trazabilitatea.
Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.
15.2. Nolanahi ere, onuradunak diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu dituela jakinarazi beharko du, halakorik jaso duela jakin ondoren, eta, betiere, jasotako funtsak justifikatu aurretik. Horren ondorioz, emandako laguntzaren zenbatekoa murrizten ahalko da.
15.3. Dirulaguntza hauen onuradunek jasotako beste laguntza, dirulaguntza edo diru-sarrera batzuei buruzko informaziorik ez badago, dirulaguntza galtzen ahalko da edo hura itzuli beharko da.
16. Arau-hausteak eta zehapenak.
16.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.
16.2. Honako arau hauetan ezarritako zehapen-prozedura erabiliko da: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa; eta 11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa (VI. titulua).
17. Dirulaguntzen araubide orokorra.
Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.
18. Errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
ERANSKINAK
Eskaera eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta tramiteen katalogoan egonen dira eskuragarri.
HASIERAKO FASEAN (ESKAERA EGITEAN) AURKEZTU BEHARREKO AGIRIAK
1. ERANSKINA.–Eskabidea.
A 1.1. Eskabidea.
A 1.2. Baldintzak betetzeari eta beste dirulaguntza batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.
2. ERANSKINA.–Onuradunen elkartea eratzeko agiria.
3. ERANSKINA.–Memoria teknikoa.
4. ERANSKINA.–Memoria ekonomikoa.
JUSTIFIKAZIO- ETA ORDAINKETA-FASEAN AURKEZTU BEHARREKO AGIRIAK
5. ERANSKINA.–Azken justifikazio ekonomikoa.
Iragarkiaren kodea: F2610486
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
