164. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

343E/2026 FORU AGINDUA, uztailaren 27koa, Osasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko eta Osasun Zuzendaritza Nagusiko langile jakin batzuk identifikatzeko sistema ezartzen duena.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 43. artikuluan ezarritakoaren arabera, administrazio publikoak, bitarteko elektronikoak erabiltzen dituenean, organoaren titularraren edo enplegatu publikoaren sinadura elektronikoaren bidez jardunen du, eta, egoera jakin batzuetan, sinadura elektronikoko sistema bat erabiltzen ahalko da, non enplegatu publikoaren identifikazio profesionaleko zenbaki bati erreferentzia eginez egiaztatuko baita identitatea.

Hori guztia martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretuaren 23. artikuluan ezartzen da (errege dekretu horren bidez Sektore publikoan bitarteko elektronikoen bidez jarduteko eta funtzionatzeko erregelamendua onesten da). Artikulu horren arabera, enplegatu publikoek identifikazio profesionaleko zenbaki bat duen ziurtagiri elektroniko bat edo izenordea duen ziurtagiri bat erabiltzen ahalko dute sinadurarako, baldin eta ziurtagiri hori erabili behar bada "informazio sailkatuari, segurtasun publikoari edo defentsa nazionalari eragiten dieten jarduketetan edo anonimotasuna legez justifikatuta duten beste jarduketa batzuetan".

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru Sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen identifikazio eta sinadura elektronikoko sistemak arautzen ditu 75. artikuluan. Artikulu horren 1. apartatuan baimena ematen da izenordea duen ziurtagiria erabiltzeko, segurtasun publikoko arrazoiengatik, eta xedatzen da ziurtagiri hori ematea justifikatu zuten jarduketetara mugatuko dela haren erabilera.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak 13. artikuluan ezartzen duenez, Foru Komunitateko osasun administrazioek ingurunea kontrolatzeko eta zaintzeko jarduerak –giza osasunean eragina izan dezaketenak– gauzatuko dituzte, eta, horretarako, Foru Komunitateko Administrazioak ikuskapen- eta kontrol-eginkizunak beteko ditu, foru lege horren 23. eta 24. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Ikuskapen- eta kontrol-eginkizun horiek betetzen dituzten langileak agintaritzat hartuko dira eginkizunak betetzean, Osasunari buruzko Foru Legearen 2.2 eta 26. artikuluek xedatzen dutenaren arabera. Horrek esan nahi du langile horiek egiaztatutako eta ikuskapen-akta eta -txostenetan jasotako egitateek egiazkotasun-presuntzioa dutela.

Eginkizun horiek segurtasun egokiarekin eta inoren esku-sartzerik gabe bete ahal izateko, bidezkoa da Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko eta Osasun Zuzendaritza Nagusiko ikuskatzaileak gaitzea izenordea duen ziurtagiri elektroniko bat erabiltzeko, kontuan izanik ikuskapena egiten duten pertsonekiko egon daitezkeen mehatxuak edo oztopatze-jarrerak, eta, hartara, ikuskatzaileen askatasuna ahalik eta gehien babestuta egon dadin, ikuskatuei administrazio-erantzukizunak eskatzea ekar dezaketen egitateak akta edo txostenetan jasotzeko.

Bestalde, Osasun Departamentuak, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren bidez, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legean laneko osasunaren arloan jasotzen diren eginkizunak betetzen ditu. Hala, besteak beste, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 9. artikuluan ezarritakoaren arabera, peritu-lanetan elkarlana bermatzeko eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari beharrezko aholkularitza teknikoa emateko lanak egiten ditu. Zeregin horien artean, erakunde horretako laneko arriskuen prebentzioko teknikari funtzionarioek –horretarako gaituta daudenek– enpresa eta lantokietako segurtasun- eta osasun-­baldintzei buruzko aholkularitza-, informazio- eta egiaztapen-eginkizunak betetzen ahalko dituzte. Horrek esan nahi du funtzionario horiek egindako txostenek, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzara bidali ondoren, egiazkotasun-presuntzioa izan dezaketela, Ikuskatzailetzak dagokion arau-haustearen aktari eransten badizkio.

Beraz, egiaztapen-eginkizun hori betetzean soilik, langile horiek Osasun Departamentuko ikuskatzaileek dituzten aukera berberak behar dituzte, hau da, haien askatasuna babestua egoteko helburuz, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak erantzukizunak eskatzea ekar dezaketen egitateak txostenetan jaso ahal izateko.

Horregatik, eta foru agindu honetan aipatzen diren langileek beren eginkizunak behar bezala betetzen dituztela bermatzeko, beharrezkoa da langile horiek identifikazio profesionaleko zenbakia edo izenordea duen ziurtagiri elektronikoa erabiltzeko gaitzea, eta, halaber, ziurtagiri hori emateko eta erabiltzeko modua eta identifikazio profesionaleko txartel batean jasotzeko modua arautzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru lege honek honako hau du xede:

a) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko eta Nafarroako Gobernuko Osasun Zuzendaritza Nagusiko langileen identifikazio profesionaleko zenbakia edo izenordea duen ziurtagiri bidezko identifikazio-sistema –2. artikuluan aipatzen dena– ezartzea, eta ziurtagiri horiek emateko modua eta langile horiek ziurtagiria erabiltzeko modua arautzea.

b) Izenordea duen ziurtagiri elektronikoa erabiltzeko gaitutako langileek erabili beharreko identifikazio profesionaleko txartel-eredua onartzea.

2. artikulua. Izenordea duen ziurtagiri elektronikoa erabiltzeko gaitzea.

Izenordea duen ziurtagiri elektronikoa erabiltzeko gaituta egonen dira honako langile hauek:

a) Osasun Zuzendaritza Nagusiko Farmazia Antolamendu eta Ikuskapeneko Atalari atxikitako langileen artean, ikuskapen-eginkizunak betetzen dituztenak.

b) Osasun Zuzendaritza Nagusiko Osasun Jardueraren Ikuskapeneko Atalari atxikitako langileen artean, ikuskapen-eginkizunak betetzen dituztenak.

c) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Elikagaien Segurtasunerako Atalari atxikitako langileen artean, osasun publikoko ikuskatzaileak eta ikuskapen-eginkizunak betetzen dituzten langileak.

d) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Ingurumen Osasunaren Atalari atxikitako langileen artean, ikuskapen-eginkizunak betetzen dituztenak.

e) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari atxikitako laneko arriskuen prebentzioko teknikari funtzionarioak, soilik Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 9.2 artikuluko egiaztapen-jarduerak egiten dituztenean, artikulu horren 3. apartatuan xedaturikoaren esparruan.

3. artikulua. Identifikazio profesionaleko zenbakia edo izenordea.

Identifikazio profesionaleko zenbakia edo izenordea kode pertsonal bat izanen da, besterenezina eta behin betikoa, eta ez du inolako aldaketarik izanen kodea jasotzen duenaren lan-bizitzan zehar.

4. artikulua. Izenordea duen ziurtagiri elektronikoa ematea.

Izenordea duen ziurtagiri elektronikoa emanen da Konfiantzazko zerbitzu elektronikoen zenbait alderdi arautzen dituen azaroaren 11ko 6/2020 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritako prozeduraren arabera, eta Osasun Departamentuko erregistro-bulegoari dagokio ziurtagiri hori ematea.

5. artikulua. Izenordea duen ziurtagiri elektronikoa erabiltzea eta zaintzea.

1. Izenordea duen ziurtagiri elektronikoa erabiltzen ahalko dute, soilik, ikuskapen-eginkizunak betetzean edo lan horiekin lotuta egindako aktak, txostenak edo antzeko dokumentuak sinatzeko gaikuntza duten langileek, foru agindu honetan ezarritako baldintzetan, beharrezkoa denean langile horien nortasuna gordeta mantentzea.

2. Izenordea duen ziurtagiri elektronikoa duten langileen ardura izanen da ziurtagiri hori zaintzea, modu pertsonal eta besterenezinean eta arauan ezarritako helbururako soilik erabiliz.

Izenordea duen ziurtagiri elektronikoa gaizki erabiltzeak edo titularra ez den beste pertsona batek erabiltzeak dagokion erantzukizuna –diziplina arlokoa, zibila edo penala– ekarriko du.

3. Ziurtagiria erabiltzeko gaitutako langileek gaikuntza ematea eragin duten eginkizunak betetzeari uzten badiote, ziurtagiria erabiltzeari utzi beharko diote.

4. Osasun Departamentuko erregistro-bulegoak izenordearekin lotutako datuak zainduko ditu, eta datu horiek emateaz arduratuko da, organo judizial batek edo legez dagozkien eginkizunak betetzen ari diren beste agintaritza publiko batzuek eskatzen dituztenean. Halaber, lanpostua utzi duen pertsonaren identifikazio profesionaleko zenbakia ezabatzeko ardura izanen du.

6. artikulua. Identifikazio profesionaleko txartela.

1. Foru agindu honen 2. artikuluan aipatzen diren langileek identifikazio profesionaleko txartel bat izanen dute, Osasun Zuzendaritza Nagusiak edo Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emana, dagokionaren arabera. Txartel horrek egiaztatuko du eramailea ikuskatzailea dela edo, 2. artikuluaren e) letrako langileen kasuan, laneko arriskuen prebentzioko teknikaria dela.

2. Identifikazio profesionaleko txartelean honako datu hauek jasoko dira:

a) Aurrealdean:

1. Identifikazio profesionaleko zenbakia (izenordea).

2. Lanpostua.

3. Txartela eman zen data.

4. Argazkia.

5. Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala, Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuaren araberakoa, eta Osasun Departamentuaren ikurra.

6. «Identifikazio profesionaleko txartela» hitzak.

b) Atzealdean:

1. Ikuskatzaileen kasuan, hitz hauek: "Txartel honen titularrak agintari izaera du bere ikuskapen-­eginkizunak betetzean, osasun arloko araudian xedatutakoaren arabera".

2. Osasun Departamentuaren/Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren harremanetarako datuak, txartela galduz gero, hara bidaltzeko.

7. artikulua. Identifikazio profesionaleko txartela nola erabili eta zaindu.

1. Foru agindu honetan aipatzen diren langileak, ikuskapen-eginkizunak edo horiekin lotutako beste batzuk betetzean beste agintari batzuekin edo herritarrekin harremanak izan behar dituztenean, identifikazio profesionaleko txartela erakutsiz identifikatuko dira.

2. Identifikazio profesionaleko txartela duten langileak arduratuko dira hura zaintzeaz eta modu pertsonal eta besterenezinean eta soilik arauan ezarritako helbururako erabiltzeaz.

Txartela gaizki erabiltzeak edo titularra ez den beste pertsona batek erabiltzeak dagokion erantzukizuna –diziplina arlokoa, zibila edo penala– ekarriko du.

Txartela galdu, lapurtu, hautsi edo hondatuz gero, titularrak horren berri eman beharko dio txartela egin zion organoari, gertatutakoa jasota gera dadin, eta, hala badagokio, txartela baliogabetu edo ordezteko.

3. Identifikazio profesionaleko txartelaren titularrak lanpostua uzten badu, txartela erabiltzeari utzi beharko dio, eta egin zion organoari entregatu beharko dio.

4. Identifikazio profesionaleko txartela 8 urtean behin berritu beharko da.

Lehen xedapen gehigarria.–Informazio agiriak formatu irisgarrietan.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak eta Osasun Zuzendaritza Nagusiak informazio agiriak eginen dituzte ikuskapen-eginkizunak betetzen dituzten langileen eta laneko arriskuen prebentzioko funtzionario teknikarien eskura jartzeko, erabil ditzaten beren ikuskapen-lanetan edo egiaztapen-lanak betetzean, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 9.2 artikuluan jasotakoak, artikulu horretako 3. apartatuan xedatutakoaren baitan. Agiri horiek formatu hauetan emanen dira: irakurketa erraza, braille sistema eta letra handitua.

Bigarren xedapen gehigarria.–Gaikuntza.

Osasun Zuzendaritza Nagusiaren titularrari ahalmena ematen zaio foru agindu hau aplikatzeko beharrezkoak diren jarraibideak emateko, eta, halaber, foru agindua betez, txartelaren ezaugarri zehatzak zehazteko (tamaina, koloreak eta gainerakoak). Ezaugarri horiek, ahal dela, erraztuko dute ikus-desgaitasuna dutenek atzeman ahal izatea.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru agindu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2026ko uztailaren 27an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Aierdi Fernández Barrena (ordezko gisa, Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren uztailaren 2ko 8/2026 Foru Dekretuari jarraikiz).

Iragarkiaren kodea: F2610448