2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
CORTES
Laneko indarkeria eta jazarpen kasuak prebenitzeko eta horien kontra jarduteko protokoloa
Udal honen asmoa da laneko harremanetan sexu-jazarpenaren edo sexuagatiko jazarpenaren arazoa arautzea. Hori horrela, metodo bat ezarri nahi du halako kasuak prebenitzeko eta erreklamazioak azkar konpontzeko, berme guztiekin, eta aintzat hartuta konstituzio- eta lan-arauak eta laneko oinarrizko printzipio eta eskubideei buruzko adierazpenak.
Pertsona orok du eskubidea berdintasunez eta diskriminaziorik gabe bizitzeko, eta guztien duintasuna, osotasun morala, intimitatea eta lan egiteko eskubidea babestu behar da. Halaber, sexu-jazarpenak, sexuagatiko jazarpenak eta sexu-orientazioagatiko jazarpenak langileen duintasunaren aurka egiten du.
1978ko Espainiako Konstituzioan, 18.1 artikuluan, ohorerako, norberaren eta familiaren intimitaterako, eta bakoitzaren irudirako eskubidea bermatzen da.
Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 14.h) artikuluan (lege hori urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), 4/2023 Legearen bidez onetsitako testuaren arabera, ezartzen da langile publikoek eskubidea dutela norberaren intimitate, orientazio eta identitate sexuala, genero adierazpena, ezaugarri sexualak, norberaren irudia eta duintasuna bera lanean errespetatuak izateko eta, bereziki, babestuak izateko sexu-jazarpenaren aurrean, eta sexuan, orientazio eta identitate sexualean, genero-adierazpenean eta sexu-, moral- eta lan-ezaugarrietan oinarritutako jazarpenaren aurrean.
Halaber, hori bera ezartzen da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 36. artikuluan (legegintzako foru-dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).
Langile publikoen jardunak oinarrizko eskubideen eta askatasun publikoen errespetua izanen du oinarri, eta saihestu eginen dira era guztietako diskriminazioak, sor litezkeenak honako hauek direla-eta: jaiotza, arraza edo etnia, generoa, sexua edo orientazio sexuala, erlijioa edo sinesmenak, iritzia, desgaitasuna, adina edo bestelako egoera edo inguruabar pertsonal nahiz sozialak.
Urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 4.2.e) artikuluan (Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen legegintzako errege dekretua) ezartzen da langileen intimitatea errespetatzeko eta beren duintasuna kontuan hartzeko eskubidea, barne izanik arraza edo etnia, erlijioa edo sinesmenak, desgaitasuna, adina edo sexu orientazioa direla-eta gertatzen den jazarpenaren aurreko babesa, baita sexu jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren aurreko babesa ere.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 48.1. artikuluan xedatzen da enpresek sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena saihesteko lan baldintzak sustatu beharko dituztela, eta prozedura bereziak ezarri, horiek prebenitzeko eta halakoak jasan dituztenen kasuan kasuko salaketa eta erreklamazioak bideratzeko. Xede horrekin, langileen ordezkariekin negoziatu beharko diren neurriak ezartzen ahalko dira, hala nola jardunbide egokien kodeak egin eta zabaltzea, informazio kanpainak gauzatzea edo prestakuntza ekintzak gauzatzea.
Langileen Estatutuko 1.2 artikuluan jasotako enpresa guztiek, plantillako langile kopurua gorabehera, eta martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45.1 eta 48. artikuluetan ezarritakoa betez, tratu- eta aukera-berdintasuna errespetatu beharko dute lan-arloan, eta, hori betetzeko, emakumeen eta gizonen aurkako edozein motatako lan-diskriminazio saihesteko neurriak hartu beharko dituzte, aldez aurretik negoziatuta. Horrez gain, enpresek sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena saihesteko lan baldintzak sustatu beharko dituzte, eta prozedura bereziak ezarri, horiek prebenitzeko eta halakoak jasan dituztenen kasuan kasuko salaketa eta erreklamazioak bideratzeko. Hori guztia ezartzen da urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren 2. artikuluan (errege dekretu horren bidez berdintasun planak eta haien erregistroa arautu ziren eta maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua aldatu zen –Laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuari buruzkoa–).
Uztailaren 7ko saioan, sexu-jazarpena, sexuagatiko jazarpena eta sexu-orientazioagatiko jazarpenari aurre egiteko jarduketa-protokoloaren berri eman zitzaion Udaleko negoziazio-mahaiari, horren idazketan parte har zezan. Hori guztia, aintzat hartuta aurretik esandakoa, eta betez abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 80. artikuluan eta hurrengoetan ezartzen dena (legegintzako foru dekretu horren bidez onesten da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).
Langileria eta Ogasunaren Informazio Batzordeak proposamenari buruzko aldeko txostena egin zuen 2026ko uztailaren 9an.
Hortaz, aintzat hartuta aurreko izapidea, protokoloaren edukia eta horrek dakartzan betebeharrak, aho batez erabaki da:
Lehenengoa.–Onestea Udal honetako Laneko indarkeria eta jazarpen kasuak (jazarpen psikologikoa, sexu-jazarpena, sexuagatiko jazarpena eta ingurune digitaleko indarkeria) prebenitzeko eta horien kontra jarduteko protokoloa.
Bigarrena.–Erabaki hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bai eta Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun atarian: https://cortes.sedelectronica.es/transparency/99a8fc1b-a06b-400a-bd55-41ae691bfdad/.
Hirugarrena.–Erabaki hau jakinaraztea alde interesdunei, eta bidezko diren errekurtsoen berri ematea.
Cortesen, 2026ko uztailaren 20an.–Alkate udalburua, María Concepción Ausejo Gómez.
Iragarkiaren kodea: L2610249