160. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 14a

3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

TRANTSIZIO EKOLOGIKORAKO ETA ERRONKA DEMOGRAFIKORAKO MINISTERIOA

Ebazpena, Politika Energetikoaren eta Meatzeen Zuzendaritza Nagusiak emana, zeinaren bidez Red Eléctrica de España SAUri baimena eman baitzaio energia elektrikoa garraiatzeko Itsaso-Orkoien 1 eta 2 220 kV-eko zirkuitu bakuneko aireko lineak ixteko, Nafarroako Foru Erkidegoan eta Gipuzkoan. SGIISE/DED/Itsaso-Orkoien 1 eta 2 220 kV-eko lineaK ixteko ebazpena

Red Eléctrica de España SAUk (aurrerantzean, Red Eléctrica), 2025eko maiatzaren 6an, administrazio baimena eskatu zuen energia elektrikoa garraiatzeko Itsaso-Orkoien 1 eta 2 220 kV-eko zirkuitu bakuneko aireko lineak ixteko, Nafarroako Foru Erkidegoan eta Gipuzkoan.

Itsaso-Orkoien 1 eta 2 lineak itxi eta ondoren desmuntatzea beharrezko jarduketak dira energia elektrikoa garraiatzeko Itsaso-Castejón/Muru Artederreta 400 kV-eko zirkuitu bikoitzeko aireko linea berria garatzeko.

Proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura, egin zaio eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena (aurrerantzean IIAD) ere egin da, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiak 2023ko azaroaren 13an emandako Ebazpenaren bidez. Ebazpen horretan ingurumen arloko baldintzak ezartzen dira, egindako ingurumen ebaluazioaren ondoriozkoak, prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak barne, proiektuak bete behar dituenak ingurumena eta baliabide naturalak behar bezala babesteko (2023ko 280. Estatuko Aldizkari Ofizialean, azaroaren 23koan).

Energia elektrikoa garraiatu, banatu eta merkaturatzeko jarduerak, haren hornidura eta haren instalazioetarako baimenen prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 135.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, eskaerarekin batera instalazioa desmuntatzeko plan bat aurkeztu zen, instalazioa ixteko proiektuaren barnean.

Red Eléctricak erantzukizunpeko adierazpen bat izenpetu zuen, frogatzen duena aplikatzekoa zaion araudia betetzen dela, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.1 artikuluan ezarri bezala.

Itsaso-Orkoien 1 zirkuitu bakuneko 220 kV-eko lineak 57,95 km-ko luzera du, eta Itsasoko (Gipuzkoa) azpiestaziotik Orkoiengora (Nafarroa) joaten da.

Itsaso-Orkoien 2 zirkuitu bakuneko 220 kV-eko lineak 62,77 km-ko luzera du, eta Itsasoko (Gipuzkoa) azpiestaziotik Orkoiengora (Nafarroa) joaten da.

Bere eskaeran, Red Eléctricak proposatzen du Itsaso-Orkoien 1 eta 2 lineak ixtea, desmuntatze plan honekin batera:

–Orkoiengo azpiestazioaren eta T-234 euskarriaren arteko tartea desmuntatzea. 235 euskarri ditu, eta 54.656,97 metroko luzera (1. zirkuitua).

–T-235 euskarriaren eta Itsasoko azpiestazioaren arteko zatia desmuntatu gabe mantentzen da; izan ere, Itsaso-Orkoien 1 220 kV-eko zirkuitua, tarte horretan, Itsaso-Ormaiztegi 1 220 kV-eko zirkuituarekin trinkotutako zirkuitu bikoitzeko euskarrien gainean dago, eta, beraz, euskarri horiek desmuntatzeak zerbitzuan ari den Itsaso-Ormaiztegi 1 220 kV-eko lineari eraginen lioke.

–1. euskarriaren eta Orkoiengo azpiestazioaren arteko zatia desmuntatzea. 174 euskarri ditu, eta 62.373,24 metroko luzera (2. zirkuitua).

–Itsasoko azpiestazioaren atariaren eta 1. euskarriaren arteko zatia desmuntatu gabe mantentzen da; izan ere, Itsaso-Orkoien 2 220 kV-eko zirkuitua, tarte horretan, Itsaso-Elgea 220 kV-eko zirkuituarekin trinkotutako zirkuitu bikoitzeko euskarri baten gainean dago, eta, beraz, euskarri hori desmuntatzeak Itsaso-Elgea 220 kV-eko zerbitzu-lineari eraginen lioke.

Espedientea izapidetu zen Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloan eta Gobernuak Gipuzkoan duen Ordezkariordetzako Industria eta Energia Bulegoan, hala ezarrita baitago Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean eta Energia elektrikoa garraiatu, banatu eta merkaturatzeko jarduerak, haren hornidura eta haren instalazioetarako baimenen prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan, bai eta herri-lanen emakidako kontratua arautzen duen maiatzaren 23ko 13/2003 Legearen hamabigarren, bigarren eta hirugarren xedapen gehigarrietan ere, eta kasuan kasuko txostenak eskatu zitzaizkien administrazioei, erakundeei eta zerbitzu publikoko edo interes orokorreko zerbitzuetako enpresei, instalazioak haien kargurako ondasunak eta eskubideak ukitzen ahal dituen heinean.

Honako hauek egin zuten txosten bana, baldintzak ezartzen zituena: Nafarroako Gobernuko Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzua, Iruñerriko Mankomunitatea, Nafarroako Gobernuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia, Telefónica de España SAU, Nafarroako Gobernuko Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzua, Uraren Euskal Agentzia (URA), Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritza eta ADIF (Administrador de Infraestructuras Ferroviarias).

Nedgia Navarra SAk idazki bat igorri zuen, baldintzak ezartzen zituena. Idazki hori Red Eléctricari helarazi zitzaion, eta hark erantzun zuen ados zegoela, zenbait baldintzarekin. Red Eléctricaren idazkia Nedgia Navarra enpresari bidali zitzaion, eta ez dago jasota gerora hark erantzunik eman zuenik.

Ezkio-Itsasoko Udalak, igorritako idazkian, eskatu zuen argitzeko zergatik eusten zaizkien Ezkio-Itsasoko aldean dauden euskarriei. Udalaren idazkia Red Eléctricari igorrita, hark erantzun zuen ez dela bideragarria guztiz desmuntatzea udal mugarteko linea-tartea, dauden euskarrietako batzuk partekatzen direlako Itsaso-Ormaiztegi 220 kV-eko linea elektrikoarekin. Red Eléctricaren erantzuna Udalari igorrita, ez zen haren erantzunik jaso.

Honako hauek igorritako idazkietatik ez da ondorioztatzen aurka daudenik: Ebroko Konfederazio Hidrografikoa, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko Ingurumen Ebaluaziorako Zuzendariordetza Nagusia, Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismo Departamentua, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentua eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila.

Aire Segurtasunaren Estatuko Agentziak (AESA) idazki bat igorri zuen, zortasun aeronautikorik izanez gero bete behar den prozeduraren berri emateko. Ondoren, Red Eléctricak aurkeztu zituen Aire Segurtasunaren Estatuko Agentziarekin zortasun aeronautikoen arloan eginiko akordioak, bere eskumen-eremuko jarduketak baimentzen dituztenak.

Itzako Udalak kontrako txostena bidali du, bere iritziz aurkeztutako proiektuak osatu beharko liratekeelako, zehatzago adieraziz zer lan egin behar diren hala lehendik dagoen lineak nola desmuntatu behar denak ukitutako lurzoruak leheneratzeko, berroneratzeko eta basoberritzeko. Itzako Udalaren idazkia Red Eléctricari igorrita, hark erantzun zuen aipatutako lanak jasota daudela Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiaren 2023ko azaroaren 13ko Ebazpenean, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten baita "Energia elektrikoa garraiatzeko Itsaso-Castejón/Muru Artederreta 400 kV-eko zirkuitu bikoitzeko aireko linea egitea eta energia elektrikoa garraiatzeko Itsaso-Orkoien 1 eta 2 220 kV-eko zirkuitu bakuneko aireko lineak desmuntatzea (Nafarroako Foru Komunitatea eta Gipuzkoako Lurralde Historikoa)" izeneko proiekturako. Nafarroako Gobernuko Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko Ingurumen Ebaluaziorako Atalak aldeko txosten teknikoa eman zuen, 2025eko martxoaren 27an, bat datorrena Itsaso-Castejón/Muru Artederreta 400 kV-eko goi tentsioko aireko linea egiteko eta Itsaso-Orkoien 220 kV-eko goi tentsioko aireko linea desmuntatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpenarekin. Izan ere, txostenean ez da eragozpenik ikusten aipatutako lineetarako aurkeztu diren lehengoratze proiektuetan. Red Eléctricaren idazkia Itzako Udalari bidali zitzaion, eta ez dago jasota gerora hark erantzunik eman zuenik.

Ez da erantzunik jaso, behin galdera eginda Altsasuko Udalari, Arakilgo Udalari, Arbizuko Udalari, Arruazuko Udalari, Bakaikuko Udalari, Berriobeitiko Udalari, Ergoieneko Udalari, Orkoiengo Udalari, Etxarri Aranazko Udalari, Idiazabalgo Udalari, Irañetako Udalari, Iturmendiko Udalari, Lakuntzako Udalari, Uharte-Arakilgo Udalari, Urdiaingo Udalari, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri, Enagás SAri, WWF/Adenari, Espainiako Ornitologia Elkarteari (SEO/Birdlife), Espainiako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioari, Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioari, Nafarroako Gobernuko Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari, Nafarroako Gobernuko Energia, Enpresa I+G+B eta Ekintzailetza Zuzendaritza Nagusiari, Nafarroako Gobernuko Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari, Barne Ministerioko Babes Zibilerako eta Larrialdietarako Zuzendaritza Nagusiari, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoari, Klima Aldaketaren Espainiako Bulegoari, SECEMUri (Asociación Española para la Conservación y Estudio de los Murciélagos), Espainiako Greenpeaceri, Nafarroako Ekologistak Martxani, Nafarroako Erdialdeko Tokiko Ekintza Taldeari, Ataungo Udalari, Beasaingo Udalari, Gabiriako Udalari, Lazkaoko Udalari, Mutiloako Udalari, Olaberriko Udalari, Ormaiztegiko Udalari, Segurako Udalari, Zeraingo Udalari, Ekologistak Martxani, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, Eusko Jaurlaritzako Industria Garapen eta Administrazioaren Zuzendaritzari, Eusko Jaurlaritzako Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritzako eta Lurralde Orekako Zuzendaritza Nagusiari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Ondareko Zuzendaritza Nagusiari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Antolaketako Zuzendaritza Nagusiari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Ondareko Zuzendaritza Nagusiari.

2025eko urriaren 3an, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloak txosten bat igorri zuen instalazioa ixteko eskaeraren espedienteari buruz.

2025eko azaroaren 14an, Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkariordetzako Industria eta Energia Arloak instalazioa ixteko eskaeraren espedienteari buruzko txostena igorri zuen.

Itsaso-Orkoien 1-2 220 kV-eko linearen itxiera indarreko plangintzan sartuta dago (Energia Elektrikoaren Garraio Sarea Garatzeko Plana, 2021-2026), zeina Ministro Kontseiluaren 2022ko martxoaren 22ko Erabakiaren bidez onetsi baitzen (2022ko 93. Estatuko Aldizkari Ofiziala, apirilaren 19koa). Jarduketa hori beharrezkoa da Itsason sarrerako/irteerako linea berria garatzeko, Muru Artederreta-Castejón 400 kV-eko 1. zirkuiturako.

Sistemaren operadoreak, 2026ko martxoaren 6an, txostena egin zuen, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 137. artikuluarekin bat etorriz, eta bideragarritzat jo zuen energia elektrikoa garraiatzeko Itsaso-Orkoien 1 eta 2 220 kV-eko zirkuitu bakuneko aireko lineak desmuntatzea. Horretarako baldintza zen Itsaso-Castejón/Muru Artederreta 400 kV-eko zirkuitu bikoitzari alta ematea 220 kV-eko lineari baja eman baino lehen eta ez eragitea Itsaso-Ormaiztegi 1 eta Itsaso-Elgea lineei (biak 220 kV-ekoak), helburua baita bermatzea sistemak segurtasun baldintzetan jarduten duela eta gainkostuak saihestea, ekar litzaketenak sorkuntzarako murrizketek eta Espainiaren eta Frantziaren artean energia trukatzeko ahalmenaren mugek.

Horrez gain, kontuan izan behar da Red Eléctricak, garraiolari gisa, eginiko eskaeraren desmutatze planari jarraitu behar zaiola, Itsaso-Ormaiztegi 1 eta Itsaso-Elgea 220 kV-eko zerbitzu-lineei ez eragiteko.

Ebazpen-proposamena igorri zitzaion Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalari, txostena egin zezan, 2026ko otsailaren 17an. Kontuan hartuta xedatuta dagoena abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan, zeinaren 127.6 artikulua aldatu baitzuen 14/2022 Errege Lege-dekretuak (14/2022 Errege Lege-dekretua, abuztuaren 1ekoa, garraioaren arloko jasangarritasun ekonomikoko neurriei buruzkoa, ikasketetarako beka eta laguntzei dagokienez, eta aurrezpen neurriei, energia-efizientziari eta gas naturalaren mendekotasun energetikoa murrizteari buruzkoa), txostena egin zenetik 15 egun balioduneko epea igaro denez erantzunik jaso gabe, eta lehen aipatutako araudiarekin bat etorriz, ulertzen da aldeko txostena dela.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoarekin bat, zuzendaritza nagusi honen ebazpen proposamenak Red Eléctricari entzunaldia emateko tramitea bete du, eta hark aldeko erantzuna eman du.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 138. artikuluarekin bat, Politika Energetikoaren eta Meatzeen Zuzendaritza Nagusi hau eskuduna da ebazpen honen xede den instalazioaren itxiera baimentzeko prozedura ebazteko.

Baimen hori ematen bada ere, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari dagozkien eta beharrezkoak diren kontzesio eta baimenak beharko dira, bai eta aplikatzekoak diren xedapenek eragindako beste guztiak ere. Halaber, obra egiteko beharrezkoak diren gainerako baimen guztiak eskuratu beharko dira.

Horregatik guztiagatik, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan legez ezarritako eskumenak baliatuz, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusi honek

EBAZTEN DU:

Bakarra.–Red Eléctrica de España SAUri baimena ematea energia elektrikoa garraiatzeko Itsaso-Orkoien 1 eta 2 220 kV-eko zirkuitu bakuneko aireko lineak ixteko, Nafarroako Foru Erkidegoan eta Gipuzkoan.

Itxi beharreko linearen ezaugarri nagusiak, 1. zirkuituan, honako hauek dira:

–Sistema: korronte alterno trifasikoa.

–Maiztasuna: 50 Hz.

–Tentsio nominala: 220 kV.

–Sareko tentsio gorena: 245 kV.

–Desmuntatu beharreko lehen euskarria: 176. euskarria (linearen lehen euskarria).

–Desmuntatu beharreko azken euskarria: 234.

–Zirkuitu kopurua: 1.

–Eroale kopurua fase bakoitzeko: 1, Orkoiengo portikotik 175. euskarrira, 157.etik 169.era eta 232.etik Itsasoko azpiestaziora; 2, 175. euskarritik 157.era eta 69.etik 232.era.

–Eroale mota:

  • LARL 180, tarte hauetan: 175. euskarritik 62.era, 66.etik 71.era, 78.etik 99.era, 99bis euskarritik 128.era, 168.etik 189.era, 212.etik 226.era eta 228.etik 232.era.
  • LA 180, tarte hauetan: 62. euskarritik 66.era, 71.etik 78.era, 128.etik eta 168.era eta 189.etik 212.era.
  • GULL, 232. euskarritik 234. euskarrira.
  • CONDOR, 99. euskarritik 99bis euskarrira, eta 226. euskarritik 228. euskarrira.
  • CARDINAL, Orkoiengo portikotik 175. euskarrira, eta 234. euskarritik Itsasoko atarira.

–Kable konposatuen (lurra-optikoa) kopurua: 1.

–Kable konposatuaren (lurra-optikoa) mota: OPGW-15.

–Lurreko kable arrunten kopurua: 1 (tarte hauetan: Orkoiengo azpiestaziotik T-175 euskarrira, 61.etik 63.era, 70.etik 78.era, 157.etik 168.era, 173.etik 174.era, 215.etik 216.era, 227.etik 228.era eta 235.etik Itsasoko azpiestaziora).

–Lurreko kable arruntaren mota: AC 53.

–Isolamendua: beira.

–Euskarriak: dorre metalikoak, sareta itxurakoak.

–Zimenduak: banakako zapatak.

–Lurrerako konexioak: uztai itxiak, deskarburatutako altzairuzkoak.

–Desmuntatu beharreko tartearen luzera: 54,657 km inguru.

–Ukitutako probintziak: Nafarroa eta Gipuzkoa.

Itxi beharreko linearen ezaugarri nagusiak, 2. zirkuituan, honako hauek dira:

–Sistema: korronte alterno trifasikoa.

–Maiztasuna: 50 Hz.

–Tentsio nominala: 220 kV.

–Sareko tentsio gorena: 245 kV.

–Desmuntatu beharreko lehen euskarria: 2.

–Desmuntatu beharreko azken euskarria: 176.

–Zirkuitu kopurua: 1, 1. euskarritik T-174. euskarrira; 2, 175. euskarritik 176. euskarrira.

–Eroale kopurua fase bakoitzeko: 2, Itsasoko azpiestaziotik T-175 euskarrira, eta 1, T-175 euskarritik Orkoiengo azpiestaziora.

–Eroale mota: HAWK Dx tartean eta CARDINAL Sx tartean.

–Kable konposatuen (lurra-optikoa) kopurua:

–Kable konposatuaren (lurra-optikoa) mota: OPGW 96 eta OPGW 48, 1. euskarritik 35. euskarrira; OPGW-15 eta OPGW 48, 35. euskarritik 176. euskarrira

–Isolamendua: beira.

–Euskarriak: dorre metalikoak, sareta itxurakoak.

–Zimenduak: banakako zapatak.

–Lurrerako konexioak: uztai itxiak, deskarburatutako altzairuzkoak.

–Desmuntatu beharreko tartearen luzera: 62,37 km inguru.

–Ukitutako probintziak: Nafarroa eta Gipuzkoa.

Red Eléctrica de España SAUk desmuntatu beharko du linea, itxiera proiektuetan aurkeztutako desmuntatze planaren arabera (2021eko maiatzeko proiektuak).

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 138.2 artikuluarekin bat, Red Eléctrica SAUri hamabi hilabeteko epea ematen zaio instalazioa itxi eta desmuntatzeko, eta, beraz, epe hori igaro ondoren instalazioa itxi eta desmuntatzen ez bada, baimen hau iraungiko da. Epe hori kalkulatuko da Itsaso-Castejón/Muru Artederreta zirkuitu bikoitzeko 400 kV-eko linea ustiatzeko baimena lortzen denetik aurrera.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 62.2.i) artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Energiaren Estatuko Idazkaritzari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Epe hori iraganik errekurtsoa jarri gabe, ebazpena irmoa izanen da ondorio guzietarako. Epeak hilabeteka zenbatzeko, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

2026ko uztailaren 28an.–Zuzendari nagusia, Manuel García Hernández.

Iragarkiaren kodea: E2610468