2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ERROMANTZATUA
Dirulaguntzen plan estrategikoa 2026-2028 aldirako. Jendaurrean jartzea
Erromantzatuko Udalak, 2026ko ekainaren 8an egindako osoko bilkuran, onetsi zuen Dirulaguntzen Plan Estrategikoa 2026-2028 aldirako.
Erabakian ezarri zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko zela, publizitatea emateko, jarraikiz honako hauetan ezarritakoari: azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikulua (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 221.2 artikulua (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Erromantzatuan, 2026ko uztailaren 20an.–Alkatea, Aitor Sola Ochotea.
ERROMANTZATUKO UDALAREN DIRULAGUNTZEN PLAN ESTRATEGIKOA 2026-2028 ALDIRAKO
1.–Arau esparrua.
–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
–Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra garatzeko Erregelamendua, zeina onetsi baitzen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez.
–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa (221., 222. eta 223. artikuluak).
–2/2012 Lege Organikoa, apirilaren 27koa, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzkoa.
–Udal ordenantza, arautzen dituena euskara ikasteko dirulaguntzak (2021eko 53. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 8koa).
2.–Planaren izaera juridikoa eta onespenaren egokitasuna.
Dirulaguntzen plan estrategikoa da politika publikoak planifikatzeko tresna programatiko bat, arau izaerarik gabea, eta haren edukiak ez du sortzen ez eskubiderik ez betebeharrik, ez dakar eragin zuzenik partikularren eremuan, eta ez du sortzen eskubiderik ez betebeharrik Administrazioarentzat, eta haren eraginkortasuna gelditzen da dirulaguntzak dituzten lerroak gauzatzearen mende, dauden aurrekontu baliabideen arabera. Hala ondorioztatzen da 38/2003 Legea garatzeko Erregelamendutik; zehazki, 10. artikulutik 15. artikulura bitartekoek ezarritakotik (erregelamendu hori onetsi zen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez).
Plan Estrategikoak ez dakar eskubiderik onuradun izan daitezkeenen alde; hala, pertsona horiek ezin izanen dute eskatu kalte-ordainik edo konpentsaziorik, baldin plana gauzatzen ez bada. Plana gida gisa aurkeztu da, eta, aldez aurretik ezarritako arau esparruaren barnean, planak ezartzen du zer bideri segitu behar zaion, interes orokorreko jarduerak sustatzeko.
Dirulaguntzak ezartzeko, bete beharko dira aurrekontu-egonkortasunaren helburuak; beraz, onetsitako aurrekontu-kontsignazioak eta dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak une oro egokituko dira helburu horietara.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren (DLO) 8.1 artikuluak ezartzen du ezen administrazio publikoetako organoek edo dirulaguntzak ezartzea proposatzen duen edozein erakundek, aldez aurretik, dirulaguntzen plan estrategiko batean zehaztu beharko dituztela hura aplikatzean lortu nahi diren helburuak eta ondorioak, horiek lortzeko behar den epea, aurreikus daitezkeen kostuak eta finantzaketa iturriak.
Era berean, DLOren azken xedapenetako lehenak xedatzen du artikulu horrek oinarrizko izaera duela, eta administrazio publiko guztiei aplikatu behar zaiela.
Plan estrategikoek hiru urteko indarraldirako aurreikuspenak jasoko dituzte, salbu komeni denean iraupen desberdineko plan estrategiko bat ezartzea, ukitutako sektorearen izaera berezia dela-eta. Hori guztia, bat etorriz uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 11.4 artikuluarekin (errege dekretu horren bidez onetsi zen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua).
Plan estrategiko hau egin da jarraikiz apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4.c) artikuluak toki entitateei esleitutako programazio- edo plangintza-ahalmenari (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea). Plan hau urte anitzetarako sortu da, eta urtero berrikusi beharko da. Horregatik, planak jasotzen du dirulaguntzen arloan 3 urterako garatu beharreko ekintzen aurreikuspena.
Plana formulatzeko, kontuan hartu behar dira apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoak (Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoa) eskatzen dituen aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren printzipioak. Printzipio horiek botere publiko guztiak lotzen dituzte, eta sektore publikoaren aurrekontu politika horietara egokitu beharko da, hazkunde ekonomiko iraunkorraren eta enplegu sorreraren berme gisa. Arau horren barnean, Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren ondorioetarako, nabarmentzekoa da 5. artikulua, urte anitzen printzipioa definitzen duena: "Herri-administrazioen eta lege honen aplikazio-eremuko gainerako subjektuen aurrekontuak epe laburreko aurrekontu-esparru batean egingo dira, eta esparru hori Europako araudiaren arabera aurrekontuen onespena eta gauzatzea arautzen duen urte aniztasunaren printzipioarekin bateragarria izango da".
3.–Eskumena.
Udaleko Osoko Bilkuraren eskumena da Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onestea; izan ere, Osoko Bilkura tresna bat da dirulaguntzen plangintza estrategikoa egiteko edo sustatzeko, eta kudeaketa ekonomikoa egiteko, jarraikiz Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 22.2.e) artikuluari.
Dagozkion gastuak egiteko eskumena zeini dagokion (udal organo bat, alkatea edo Udaleko Osoko Bilkura), hark izanen du dirulaguntza emateko eskumena, bat etorriz ezarrita dagoenarekin apirilaren 2ko 7/1985 Legearen (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen ditu) 21. eta 22. artikuluetan, zeinek igortzen baitute azaroaren 8ko 9/2017 Legearen bigarren xedapen gehigarrira (Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legea).
Dirulaguntza izendunen kasuan, aldez aurretik jasota egon beharko du, izena eta guzti, aurrekontu orokorrean eta Udaleko Osoko Bilkurak onetsia.
4.–Esparru objektiboa.
Dirulaguntzen Plan Estrategiko honek Udalak emandako dirulaguntza guztiak biltzen ditu.
5.–Indarraldia.
Dirulaguntzen plan estrategiko honen denbora-eremua 2026tik 2028ra bitarteko ekitaldietarako proposatzen da, eta hurrengo plana onetsi arte luzatuko da.
6.–Printzipioak.
Plan honen printzipio orokorrak honako hauek dira:
a) Publizitatea eta lehia askea, aldez aurreko deialdi baten bidez, zeinak funts publikoen banaketan bermatuko baititu objektibotasuna, gardentasuna, publikotasuna, lehia eta berdintasuna. Horrek ez du eragozten dirulaguntzak zuzenean emateko aukera, aplikatu beharreko arauan ezarritakoaren arabera, aldez aurretik beharko duena aurrekontuan behar bezalako kontsignazioa izatea.
b) Deialdian aurrez ezarritako irizpide objektiboen arabera ematea dirulaguntzak, horrela bermatzeko horien berri badutela pertsona edo entitate onuradun izan daitezkeenek.
c) Eraginkortasuna, ezarritako helburuak betetzean eta efizientzia baliabide publikoak esleitzean, behar bezala justifikatuta kuantitatiboki eta kualitatiboki.
d) Kontrolatzea eta aztertzea ea entitate eskatzaileen helburuak egokitzen diren berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioetara, diruz lagundutako jarduerak gauzatzean.
e) Nafarroako administrazio publikoek, haien erakundeek eta haiekin lotutako edo haien mendeko entitateek antolatutako dirulaguntzen, beken eta beste edozein laguntza publikoren oinarri arautzaileetan klausula batzuk jasoko dira, zeinek galaraziko baitute laguntzak ematea entitate eskatzaileei, baldin zehapena edo kondena jaso badute sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatzeagatik edo toleratzeagatik, horiek ezarrita baldin badira administrazio ebazpen irmoz edo epai irmoz. Aurreko puntuan aipatutako egoeran dauden entitateak eta enpresak laguntza horien onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian ezarritako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.
7.–Dirulaguntzak emateko prozedura.
Dirulaguntzak emanen dira deialdi publiko bidez edo zuzeneko emakida bidez, eta/edo lankidetza-hitzarmenak sinatuz, honako hauen alde: pertsona fisiko nahiz juridikoak, publiko nahiz pribatuak, ondasun-erkidego edo bestelako unitate ekonomiko nahiz ondare bereiziak, nortasun juridikorik ez izanik ere, baldin eta gauzatzen ahal badituzte dirulaguntzaren xede diren proiektu, jarduera edo portaerak.
Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen elkarteen kasuan, publikoak edo pribatuak izan, espresuki adieraziko dira elkarteko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak hala laguntzaren eskabidean nola emateko ebazpenean, bai eta haietako bakoitzari aplikatzekoa zaion dirulaguntzaren zenbatekoa ere, kide horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Betiere, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu beharko da, izanen dena elkarteari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalen jabe. Batasuna ezin izanen da desegin harik eta iragan arte DLOren 39. eta 65. artikuluetan ezarritako preskripzio-epea.
7.1. Dirulaguntzak norgehiagokako araubidean.
DLOren 22.1 artikuluari jarraikiz, dirulaguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokako araubidea izanen da. Prozedura honetan, aurkeztutako eskaerak alderatuz ematen dira dirulaguntzak. Hala, lehentasun-hurrenkera bat ezarriko da, jarraikiz oinarri arautzaileetan eta deialdian aurretik ezarritako balorazio irizpideei, eta dirulaguntza esleituko zaie irizpide horien arabera balorazio hoberena lortu duten eskaerei, deialdian ezarritako muga gainditu gabe.
Betiere, deialdiaren oinarriek, lehia-prozeduretan, honako hauek jaso beharko dituzte:
1.–Dirulaguntzaren xedea, eta zer interesi erantzun nahi zaion.
2.–Entitate nahiz pertsona onuradunak.
3.–Eskaeren betebehar formalak.
4.–Dirulaguntzaren aurrekontuko partida, zenbatekoa eta muga.
5.–Balorazio irizpideak dirulaguntzaren izaeraren arabera.
6.–Balorazio organoak.
7.–Ebazteko eskumena duen organoa.
8.–Entitate nahiz pertsona onuradunen eskubideak eta betebeharrak.
9.–Dirulaguntzaren justifikazioa, berariaz adierazita jasotako funtsen erabilera eta helburuak bete direla.
10.–Dirulaguntzarako betekizunak eta ordaintzeko modua.
7.2. Zuzeneko dirulaguntzak.
DLOren 22.2 artikuluaren babesean, zuzenean ematen ahalko dira honako dirulaguntza hauek:
1.–Udalaren aurrekontu orokorrean izendun gisa ezarritakoak. Aurrekontuetan izendun gisa ezarritako dirulaguntzatzat hartzen da honako hau: aurrekontuaren gastu-egoeretan zehaztuta agertzen dena gutxienez bere aurrekontu-zuzkidura eta bere entitate nahiz pertsona onuraduna. Dirulaguntza hauen helburua zehazturik gelditu behar da dagokion lankidetza hitzarmenean edo dirulaguntza emateko ebazpenean. Xede horrek, betiere, bat etorri beharko du aurrekontuan dagokion kredituaren sailkapen funtzional eta ekonomikoarekin.
2.–Udalak ematen dituenak, lege mailako arauren batek aginduta edo zenbatekoa zehaztuta. Kasuan kasuko prozedura aplikagarria erabiliko da dirulaguntza horiek emateko, bakoitzaren araudiari jarraikiz.
3.–Salbuespen gisara, ematen direnak interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitario frogatuengatik edo behar bezala justifikatutako beste arrazoi batzuengatik, deialdi publikoa egitea zailtzen dutelako.
8.–Kudeaketa eta eraginkortasuna.
Helburuak lortzeko, udal alor edo zerbitzu bakoitzak kudeatu behar du dirulaguntzak ematea bere esparruan, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean adierazitako baldintzetan, eta Udalaren Kontu-hartzailetzari dagokio horiek fiskalizatzea, eta horrek berarekin dakar ekintzak koordinatu beharra.
9.–Aurreikus daitezkeen kostuak eta finantzaketa.
Edozein motatako dirulaguntza eman aurretik, dagokion gastuaren baimena izapidetu beharko da.
Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da izan aurrekontuan ezarritako kopurutik gorakoa.
Aurrekontu-kredituak mugatzaileak eta lotesleak dira, eta, beraz, ezin izanen da hartu haien zenbatekoa gainditzen duen gastu-konpromisorik.
Hala ere, salbuespen moduan, dirulaguntzen deialdiak ezartzen ahalko du zenbateko gehigarri bat, eskuragarri dauden kredituen guztirako gehieneko zenbatekoaz gain, egin beharrik gabe dirulaguntzak emateko deialdi berri bat, jarraikiz uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 58. artikuluari (errege dekretu horren bidez onetsi zen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua).
DLOren 34. artikuluan ezarritakoaren arabera (ahalbidetzen du ordainketa aurreratuak egitea, berekin dakartenak justifikatu aurretik funtsak entregatzea, beharrezko finantzaketa gisa, dirulaguntzaren berezko jarduerak egin ahal izateko), deialdien eta aurrekontuan dirulaguntza izendunetarako egindako hitzarmenen oinarriek ezartzen ahalko dute ordainketa aurreratuak egiteko aukera, modu arrazoituan, legeak ezarritako gehieneko mugaraino.
10.–Plan Estrategikoaren kontrola, jarraipena eta ebaluazioa.
Plan estrategiko honen kontrola eta jarraipena urtero eginen da, eta bi alderdi izanen ditu:
a) Emandako dirulaguntzen kontrol ekonomiko-finantzarioa. Udalaren Kontu-hartzailetzari dagokio, eta eginen da indarrean dagoen legedian jasotako baldintzetan.
b) Planaren kontrola eta jarraipena. Zeregin hori Udaleko Osoko Bilkurari dagokio.
11.–Gardentasuna.
Udalak emandako dirulaguntza guztiak gardentasun atarian argitaratuko dira, honako alderdi hauek adierazita: zer entitatek jasoko duen, zenbatekoa den eta zer proiektu edo ekintzatara bideratuko den; hori guztia, bat etorriz maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearekin (foru lege horrek hizpide du gardentasuna, informazio publikoa eskuratzea eta gobernu ona) eta abenduaren 9ko 19/2013 Legearekin (lege horrek hizpide du gardentasuna, informazio publikoa eskuratzea eta gobernu ona).
Argitaratze horretarako gehieneko epea hilabetekoa izanen da, dirulaguntza ematen denetik kontatzen hasita; betiere, urtearen bukaeran agertu beharko dute.
ERANSKINA.–DIRULAGUNTZEN ILDO ESTRATEGIKOAK
Plan estrategiko honetan jasotako jarduketa-ildo estrategikoak honako hauek dira:
1. ildo estrategikoa.–Garapenerako lankidetza.
Garapeneko lankidetzako proiektuak.
Hartzailea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa.
Aurrekontu-partida: 9250 4820002.
Laguntzak emateko modalitatea: zuzena.
Zenbatekoa: 140,15 euro.
2. ildo estrategikoa.–Hezkuntza.
Eskolaz kanpoko jarduerak egiteko laguntzak.
Hartzailea: Erromantzatuko auzotarrak.
Laguntzak emateko modalitatea: norgehiagoka.
2026ko zenbatekoa: 3.000 euro.
Aurrekontuko partida: 1 3269 4800006.
3. ildo estrategikoa.–Euskara sustatzea.
Euskara ikastaroak egiteko dirulaguntzak.
Hartzailea: Erromantzatuko auzotarrak.
Laguntzak emateko modalitatea: norgehiagoka.
2026ko zenbatekoa: 2.000 euro.
Aurrekontuko partida: 1 3350 4800004.
4. ildo estrategikoa.–Jaiak.
Ekarpena kontzejuei, jaiak antolatzeko gastuetarako.
Hartzailea: Arbontzeko, Biotzariko eta Domeñuko kontzejuak.
Laguntzak emateko modalitatea: zuzena.
2026ko zenbatekoa: 1.500 (500 kontzejuko).
Aurrekontu-partida: 1 3380 4680001.
5. ildo estrategikoa.–Kontzejuetako inbertsioak.
Kontzejuetan inbertsioak egiteko dirulaguntzak.
Hartzailea: Arbontzeko, Biotzariko eta Domeñuko kontzejuak.
Laguntzak emateko modalitatea: zuzena.
2026ko zenbatekoa: 8.500 euro.
Aurrekontuko partida: 1 3380 7680001.
6. Ildo estrategikoa.–Arlo hauetako jarduerak: kultura, hezkuntza, kirola, berdintasuna, landa-garapena eta ingurumena.
Dirulaguntzak, arlo hauetako jarduerak egiteko: kultura, hezkuntza, kirola, berdintasuna, landa-garapena eta ingurumena.
Hartzailea: irabazi-asmorik gabeko elkarteak edo pertsona fisikoak edo juridikoak, baldin jarduerak Erromantzatuan egiten badituzte eta onura ekartzen badute auzotarrentzat.
Laguntzak emateko modalitatea: norgehiagoka.
2026ko zenbatekoa: 0 euro. 2027ko aurrekontuan sortuko da partida, eta orduan emanen zaio zuzkidura.
Aurrekontu-partida: 1 1690 4820004.
Iragarkiaren kodea: L2610014