2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Akats material baten zuzenketa Udal Planean, ekipamenduei dagokienez: zuzkidura-lurzatia, La Olivako Monasterioko plazako 4-B zenbakian (U.I. XIII / Z-1)
Iruñeko Udalak, 2026ko uztailaren 2an egindako osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:
PLE 02-JUL-26 (11/CU).
Iruñeko Udal Plana zuzentzearen xedea da erabilera xehatuen planoa zuzentzea ("5.–Lurzoru urbanizaezina. Erabilera xehatuak eta azpikategoriak"). Hartan, ekipamenduak bereizten dira: batetik publikoak, bestetik pribatuak. Ukitutako zuzkidura-lurzatia dago La Olivako Monasterioko plazako 4-B zenbakian (U.I. XIII / Z-1). 3. poligonoko 42. lurzatiari dagokio, eta, oker, zuzkidura publiko gisa ageri da 5. planoan.
Espedientean izenburu hau duen agiria dago: "Iruñeko Udal Planeko akats zuzenketa, ekipamenduei dagokienez". Hirigintza Gerentziako Hirigintzako Planeamendurako Zerbitzuak egin du, eta bertan jaso dira eremuaren deskribapena, aurrekariak, justifikazioa, dokumentazio grafikoa eta Udalaren Hirigintza Gerentziako letratuaren txostena.
Azaldutakoaren arabera, eta jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109.2 artikuluari (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea),
ERABAKITZEN DA:
1. Onestea akats material baten zuzenketa Iruñeko Udal Planean, ekipamenduei dagokienez.
2. Erabaki hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Iruñeko Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan (https://www.pamplona.es/eu/gaiak/hirigintza-etxebizitza-eta-azpiegiturak/udal-plana).
3. Espediente osoaren kopia bat igortzea Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentuari –Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari–, erabaki hau hartu eta 10 eguneko epean, jarraikiz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 72.4 artikuluari (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina) eta urriaren 16ko 253/2019 Foru Dekretuaren 9. artikuluari (foru dekretu horren bidez arautzen dira Nafarroako Planeamenduaren Erregistroa eta hirigintza- eta lurralde-plangintzako tresnak aurkezteko formatua).
Iruñean, 2026ko uztailaren 16an.–Alkatea, Joseba Asiron Saez.
AKATS MATERIAL BATEN ZUZENKETA IRUÑEKO UDAL PLANEAN, EKIPAMENDUEI DAGOKIENEZ
1.–Sustatzailea.
Iruñeko Udalaren beraren ekimenez idazten da Iruñeko Udal Planeko akats materialaren zuzenketa hau.
2.–Udal Planaren zuzenketaren eremua.
Zuzenketa honek ukitzen du zuzkidura-lurzati bat, La Olivako Monasterioko plazako 4-B zenbakian dagoena (U.I. XIII / Z-1). Lurzatiak honako katastroko erreferentzia du: 3. poligonoko 42. lurzatia. Lurzatian hiru solairuko eraikin bat dago. Katastroko informazioak hiru katastro-unitate bereizten ditu, erabilera hauekin: lokal industrialak, kafetegi-taberna eta sozietatea.
3.–Aurrekariak.
Aurretik 2008ko ekainaren 16an, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen "Iruñeko Udal Planeko akats zuzenketa ekipamenduei dagokienez". Hartan, besteak beste, zuzentzen da "5. Zuzkidura pribatuen" grafia; izan ere, Udal Planaren dokumentazio grafikoan zuzkidura publiko gisa agertzen ziren honako hauek:
–Santiago eliza, Txantrean.
–Ama Domingotarren ikastetxea eta egoitza.
–Teresarren Mendebaldeko ikastetxea.
–Kristo Erregearen eliza eta Hildakoen Monumentuari atxikitako gainerako eraikinak.
–Nafarroako Kutxako igerileku estalia, Zangoza kalean.
Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak onetsi zuen behin betiko orain indarrean den Iruñeko Udal Plana, 2002ko abenduaren 18ko erabaki baten bidez, eta argitaratu zen 2003ko 55. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 2an.
2007ko 181. Foru Aginduaren bidez (apirilaren 27koa) onetsi zen behin betiko agiri bat, Iruñeko Udal Plana homologatzeko eta egokitzeko 35/2002 Foru Legera (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legea). 2008ko urtarrilaren 18ko osoko bilkuran onetsi zen haren testu bategina, eta argitaratu zen 2008ko otsailaren 18ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
4.–Udal Planaren zuzenketaren xedea.
Iruñeko Udal Plana zuzentzearen xedea da erabilera xehatuen planoa zuzentzea ("5.–Lurzoru urbanizaezineko erabilera xehatuak eta azpikategoriak"). Hartan, ekipamenduak bereizten dira: batetik publikoak, bestetik pribatuak.
5.–Justifikazioa.
Iruñeko Udal Planak zehazten du zer ekipamenduk (daudenak eta aurreikusiak) erantzun behar dieten Iruñeko zuzkidura beharrei. Aipatutako agiriaren idazketan, bereizi ziren ekipamendu publikoak eta pribatuak, jarraikiz 10/94 Foru Legeari (Nafarroako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzkoa), aplikatzekoa baitzen garai hartan (artikuluak: 72.3, 82.A.d, 89.3).
Aipatutako Udal Planean, populazioaz, etxebizitzaz eta ekipamenduez egindako azterketan, zehatz aztertu ziren zeuden ekipamenduak, bai publikoak, bai pribatuak, ezagutzeko nola zegoen hiria garai hartan, eta zer behar zituen, eta hori oinarri izan zen gero proposamenak egiteko.
Udal Planaren Memorian, ekipamenduen apartatuan (10.6), azaltzen dira ekipamendu kolektiboak proposatzeko erabilitako helburuak, irizpideak eta metodologia. Bertan, esaten da: "Ekipamendu gehienetan egungo eskaintza, bai publikoa, bai pribatua, hartu da egiazkotzat eta finkatutzat, plangintza berria egiteko. Hala, plangintza berriak bere baitan txertatuko du hiriaren garapen eta bilakaera historikoa. Helburu hori baliogarria da hiri finkaturako batez ere; hirigune berrietan, ekipamenduak planifikatzen dira irizpidetzat harturik eskaintza publikoa osotasunean".
Beste puntu batean (10.6.4.1), azpimarratzen da oraingo ekipamendu pribatuei eutsi behar zaiela: "Oroitarazi beharra dago ezen, Iruñeko eremu finkatuetarako proposamena egitean, kontuan hartu dela bai egungo eskaintza publikoa, bai egungo eskaintza pribatua. Hirigune berrietan, ekipamenduak planifikatu dira irizpidetzat harturik eskaintza publikoa osotasunean, hala ezartzen baitute planeamenduaren lege-jarraibideek".
Hasiera batean, zeuden zuzkidurak bereizi ziren garai hartan haien jabetzari buruz jasota zegoenaren arabera; hala, jabetza pribatuko jabetza guztiak pribatu gisa agertu ziren grafikoetan, eta publiko gisa, publiko gisa jasotakoak.
Agiri honek aipatzen duen zuzkidura (La Olivako Monasterioko plazako 4-B zenbakian dagoen lurzatia), zuzkidura publiko gisa agertzen da, oker, erabileren planoan. Ez Udal Planaren idazketan, ez gero, ez da aurreikusi zuzkidura publiko gisa lortzea. Errealitateak erakusten du, gainera, lurzatian erabilera pribatuko erabilerak egiten ari direla (lokal industrialak, kafetegi-taberna eta sozietatea).
Aldaketa honek ez dio inolako kalterik egiten Udal Planaren zuzkidura ahalmenari, ezta beste inongo arau-aldaketak ere; aitzitik, zuzendu egiten du zuzkiduraren izaera publikoa, ez besterik. Horrenbestez, ulertu behar da zuzenketa honek ez duela inolako zuzkidura publikorik desagerraraziko, baizik eta zuzenketa bat besterik ez dela: Udal Plana onetsi ondoren aurkitutako akats bat zuzentzen da.
Indarreko Udal Planaren Hirigintzako Arau Partikularrean helburu orokor gisa ezartzen da, eremu horietan, "oraingo erabilerari eustea". Honek berresten du Udal Planaren asmoa dela eustea oraingo erabilerei eta erabileren izaera pribatuari (kasu honetan bezala) edo publikoari.
6.–Zuzenketaren izaera.
Agiriak aipatzen duen zuzkidura ez da egituratzailea; halaber, zuzkidura publiko edo pribatu gisa definitzea ez da antolamenduko determinazio bat. Beraz, horrexegatik, ez da egituratzailea.
Aurreko paragrafoari jarraikiz, zuzenketa hau xehatua da.
7.–Zuzenketaren edukia.
Zuzentzen da 3. poligonoko 42. lurzatiarekin bat datorren lurzatiaren grafia, eta igarotzen da zuzkidura publikotik zuzkidura pribatu izatera.
Planteatutako zuzenketa 5. planoan jaso da ("5.–Lurzoru urbanizaezina. Erabilera xehatuak eta azpikategoriak").
Iruñean, 2026ko ekainaren 19an.–Arkitekto zuzendaria, Hirigintzako Planeamendurako Zerbitzuan (Hirigintza Gerentzia).
Zuzendutako planoak
Lurzoru urbanizaezina. Erabilera xehatuak eta azpikategoriak


Iragarkiaren kodea: L2609934