Iragarkia
160. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 14a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LESAKA
Aldaketa, musika-eskolaren barne-erregelamenduan. Behin betiko onespena
Lesakako Udalak, 2026ko maiatzaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Lesakako musika-eskolaren barne-erregelamenduan.
Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2026ko 119. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 19an.
Jendaurreko aldia igarota inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onesten da aipatu ordenantza, eta agintzen da argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatutakoarekin.
Lesakan, 2026ko abuztuaren 5ean.–Alkatea, Ladis Satrustegi Alzugarai.
MUSIKA ESKOLAREN BARNE ARAUTEGIA
1.–Ohar orokorrak.
Sarrera.
a) Lesakako Udal Musika Eskolako barne arautegiaren helburua eguneroko eskola bizitza arautzeko arau objektibo batzuk ematea da.
b) Eskolako komunitateko kide guztiek jakin behar dituzte arautegi honetako arauak. Zuzendaritzak ere arautegiaren berri emateko baliabideak jarri behar ditu. Beraz, ezingo da argudiatu arautegiaren berri ez izana.
c) Lesakako Udal Musika Eskolako kontseilu sektorialak egingo ditu arau berriak edo arauen aldaketak, musika eskolako zuzendaritzak edo kontseiluko kideen herenak hala eskatzen dutenean.
Aplikazio eremua.
a) Barne arautegiak honako hauei eragiten die:
–Musika eskolan izen emandako ikasleei, matrikula egiten dutenetik baja ematen duten arte.
–Musika eskolako irakasle guztiei.
–Ikasleen guraso guztiei, seme-alabaren izena ematen duten unetik musika eskolan baja hartzen duten arte.
–Eskola komunitatean sartzen diren pertsona edo erakunde guztiei.
b) Honako hau da aplikazio eremu fisikoa:
–Eskola komunitatearenak diren eraikinak.
–Eskola komunitate osoa nahiz zati bat (ikasturtea, taldea, zikloa...) tokiz aldatzen denean, toki berri horretako lokala edo eraikina.
2.–Musika eskolak hezkuntza komunitatetzat dituen helburu nagusiak.
Helburu orokorrak.
a) Eskolak indarrean dagoen legedia onartu behar du.
Arautegian berrikuntzarik egonez gero, berrikuntza horien berri eman behar dio komunitateari, bai ikasturte hasieran bai ikasturtean zehar ere.
b) Hezkuntza prozesuak ikaslearen heziketa osoa bultzatu behar du, norbanakoaren garapenetik abiatuta, eta dibertsitatea kontuan hartuta.
c) Musika eskola ideologikoki anitza da eta izan nahi du, batez ere politikaren eta erlijioaren arloetan. Ideologia eta sinesmen guztiak errespetatuko dira. Ez da onartzen sexuaren edo erlijioaren araberako diskriminaziorik.
d) Musika eskolak gizarte demokratikoaren oinarrizko balioak transmititu behar dizkie ikasleei (besteenganako eta norberarenganako errespetua, askatasunaren zentzuaren eta arduraren zentzuaren arteko lotura, elkartasuna, ongi egindako lana gustuko izatea...).
e) Musika Eskolako irakaskuntza hizkuntza euskara da.
f) Orobat, eskola honako helburu hauek lortzen saiatuko da:
–Irizpide kritikoa eta eztabaidatzeko nahiz erabakiak hartzeko gaitasuna garatzea.
–Garapen erritmo ezberdinak eta adimen gaitasun ezberdinak onartzea.
–Heziketako harremanari nahiz oinarrizko teknika eta edukiak lortzeari garrantzi bera ematea.
–Ikerketa eta ezagutzak eskuratzea lantzea; era berean, teoriaren eta praktikaren, ikasketen eta lanaren arteko deskonexiorik ez egotea.
–Programetan eta maila bakoitzean ikaslearen garapen psikopedagogikoa kontuan hartzea.
g) Musika eskolaren ingurunea hezkuntza prozesuan gehiago integratzea lortzea.
Programa didaktikoetan eta eskolaz kanpoko jardueretan, ikasleen ingurunearekin lotura duten helburuak eta edukiak sartzea.
Musika helburuak.
a) Musika eta dantza ezagutu eta balioestea bultzatzea, eta, horretarako, haurrei txikiak direnetik horiek irakastea.
b) Musika tresnak banaka nahiz taldean jotzen irakastea.
c) Musika tresnak jotzen irakasteaz gain, musikaren arloko irakaskuntza osagarria eskaintzea.
d) Ikasleak abesten duten nahiz musika tresnak jotzen dituzten taldeetan parte hartzera bideratzea.
e) Ekitaldi publikoak antolatzea eta zaletuentzako musika jardueretan parte hartzea.
f) Musika hezkuntzan, eskaintza zabala eta dibertsifikatua ematea, eta adin mugarik ez izatea.
g) Ikasleek talentua eta grina dutenean, hezkuntza profesionalera sar daitezen bideratzea. Gainera, hezkuntza profesionalera sartzeko behar duten prestakuntza ematea.
3.–Eskolako irakaskuntza.
Hezkuntza eskaintza.
a) Udal Musika Eskolak edozein adinetako zaletuak trebatuko ditu, eskola ez ofizial gisa. Beraz, irakatsiko den musika ere era askotakoa izango da, hala nola folklore tradizionala, musika klasikoa, musika modernoa nahiz musika garaikidea.
b) Eskolan irakatsitako ikasketek ez dute baliagarritasun akademikorik izango. Hezkuntza Sailak arlo honetan eta, batik bat, zentro ez ofizialen arloan ematen dituen arauen menpe egongo dira.
c) Eskolan hainbat maila egongo da. Matrikula egiteko aldian emango da eskolan irakatsiko diren ikasgaien berri, ikaslea ongi matrikula dadin.
d) Jarduera osagarriak eta kontzertuak egingo dira, baliabide pedagogiko gisa eta eskolak egiten duen lana kanpora ateratzeko. Kontseilu sektorialak onartu behar ditu jarduera horiek. Gainera, ahal den neurrian, ikastetxeko urteroko programazioan sartu beharko dira.
Irakaskuntza erregimena.
a) Eskolako egutegia.
Egutegia urtero administrazioak arte ikasketetarako zehazten duen eskolako egutegiaren arabera egingo da. Eskolaren ordutegi orokorra urteko programazio orokorrean azalduko da. Musika eskolak jarduerak eskaini ahal izango ditu aurreikusitako egutegitik kanpo. Ikasleentzat borondatezkoak izango dira, eta kontseilu sektorialak aldez aurretik onartu behar ditu.
b) Ebaluazioak eta kalifikazioak.
Ebaluazioa jarraitua da, eta ikasgai bakoitzeko irakasleak egingo du ikasturtean zehar.
c) Ziurtagiriak.
Ikasleek egindako ikasketen ziurtagiria eman ahal izango du eskolak. Hala ere, ziurtagiriko testua edo formatua ezin dira inolaz ere izan baliagarritasun akademikoa duten tituluekin eta ziurtagiriekin nahasteko modukoak.
d) Talde eskolak.
Talde batean 15 ikasle edo gehiago daudenean, irakasleak bi talde egin ahal izango ditu.
Denborarekin, bi taldeen artean 15 ikasle baino gutxiago egonez gero, talde biak elkartu beharko dira.
Arau horrek ez du balio musika tresnen taldeetarako, ez eta abesbatzetarako ere.
e) Matrikulazioa.
Ikasleak matrikulatzeko bi aldi egongo dira: bata ikasturtea amaitzean, maiatza eta ekaina bitarte, eta bestea abuztua eta irailean.
Aldi horietan doazen ikasleak musika eskolan onartu eta matrikulatu egingo dira, baldintza akademikoak betetzen badituzte.
Epez kanpo eta ikasturte hasieran matrikulatu nahi duten ikasleek honako hauek kontuan izan behar dituzte:
–Musika tresnako ikasgairen batean matrikulatu nahi badu, soilik irakasleak ordutegi librea badu matrikulatu ahal izango da. Irakasleak ordu librerik badu, ikasleak ordu hori onartu beharko du nahitaez.
–Taldean ematen den ikasgairen batean matrikulatu nahi badu, talde horrek toki libreak baditu matrikulatu ahal izango da. Talde bakoitzean 14 ikasle egon daitezke gehienez. Taldean sartu aurretik, irakasleak ikaslearen ezagutzak balioztatuko ditu, dagokion taldea esleitzeko.
–Ikasleak musika tresna eskoletan nahiz taldeko beste ikasgai batean matrikulatu behar duenean, aurreko puntuetan azaldu bezala matrikulatu ahal izango da. Horietako ikasgairen batean tokirik ez badago, ezingo da bestean matrikulatu.
f) Plazak.
–Instrumentuko plazak mugatuak daude. Horregatik, matrikulazioa egiterakoan, lehen aldiz instrumentua aukeratu behar dutenek badaezpada ere hiru instrumentu aukeratuko dituzte.
–Instrumentu berean eskainitako plazak baino ikasle gehiagok izena emanez gero, Kontseilu Sektorialean onarturiko baremoa kontuan hartuko da (Eranskina gehitzen da bukaeran), eta berdinketarik balego, zozketa eginen litzateke Kontseilu Sektorialean.
–Instrumentuetan onartutakoen zerrendak argitaratu ondoren, eta betiere egokitutako instrumentua ikasleak lehenetsitakoa ez bada, bortz lan egunetako epea izanen da instrumentuari uko egiteko. Uko egin ezean, matrikulazioa ontzat hartuko da.
–Instrumentuari uko egin baina Musika Hizkuntza eta Abesbatza ikasketekin jarraitzen duten ikasleek, hurrengo ikasturterako 3 puntu gehiago izanen dituzte balizko baremoan.
–Salbuespen gisa, lehenetsitako instrumentua egokitu ez zaien ikasle hauek, bortz lan egunetako epea izanen dute eskolan baja emateko.
g) Bajak.
Baja emateko epe bakarra izanen da, maiatza bukaera. Behin epe hau bukatu ondoren, matrikulazio kanpaina bukatu arte ematen ahal diren bajak ere onartuko dira. Ezinbertzeko arrazoiengatik emandako bajak ere onartuko dira (gaixotasuna, bizi-leku aldaketa...). Ikasleren batek, epez kanpo, baina ikasturtea hasi baino lehen baja hartu badu, matrikula eta lehen hiruhilekoari dagozkion zenbatekoak ordaintzera behartuta egonen da.
Ikasleren batek ikasturtean zehar baja hartu nahi badu, matrikula eta ikasturte guztiari dagozkion zenbatekoak ordaintzera behartuta egonen da.
Salbuespen gisa, lehen aldiz instrumentua aukeratu eta lehenetsitako instrumentua egokitu ez zaien ikasleek, bortz lan egunetako epea izanen dute eskolan baja emateko onartutakoen ikasleen zerrenda argitaratu ondotik.
h) Gurasoen eta irakasleen arteko elkarrizketak.
Guraso edo tutore batek irakasleren batekin gai zehatz jakin bati buruz hitz egin nahi badu, irakasleari esan, eta hitzordua jarriko dute, biontzat egokia den egun eta ordu batean, baina ikastorduetatik kanpo. Izan ere, horrela ez dute beste ikasle baten ordua hartuko.
4.–Eskolako antolakuntza.
Gobernu organoak.
Lesakako Udal Musika Eskolak honako gobernu organo hauek izango ditu:
a) Kide anitzekoak: kontseilu sektoriala eta irakasle klaustroa.
b) Kide bakarrekoak: zuzendaria eta ikasketaburua.
Lesakako Udal Musika Eskolan, erabakiak hartzeko organo gorena kontseilu sektoriala izango da. Estatutu propioak izango ditu, eta eskola kontseiluaren lanak egingo ditu.
Kontseilu sektoriala.
Hezkuntza komunitateko sektoreek musika eskolan parte hartzeko organoa da kontseilu sektoriala.
a) Kontseilu sektorialaren eskumenak (Estatutuetako 13. artikulua).
–Administrazioari, instalazioei eta zerbitzuei dagokienez, musika eskola ongi dabilen kontrolatzea eta zaintzea, eta horretarako behar diren neurriak hartzea.
–Lesakako Udal Musika Eskolako Kontseilu Sektorialaren gobernuko, zuzendaritzako eta administrazioko arauak onartzea.
–Eskolako hezkuntza proiektua onartzea.
–Musika eskolako zuzendaritza taldeak urtero egiten duen eskolako programazio orokorra onartzea eta ebaluatzea.
–Ikasleen diziplinari dagokionez, sortzen diren gatazkak ebaztea eta zigorrak jartzea, betiere ikasleen eskubideak eta betebeharrak arautzen dituzten arauen arabera.
–Eskolako instalazioak eta ekipamendua berritzea eta mantentzea bultzatzea.
–Udal Musika Eskolako barne arautegia onartzea.
–Ikasleak onartzeko irizpideak onartzea.
–Ikasketen eta matrikulen tasak proposatzea.
–Laburbilduz, Lesakako Udal Musika Eskolako Kontseilu Sektorial hau sortzean adierazitako helburu guztiak betetzea.
b) Kontseilu sektorialaren osaera (Estatutuetako 4. artikulua).
–Kontseilua honela eratuta egongo da:
- Lesakako Udaleko 4 ordezkari.
- Zuzendaria.
- Ikasketaburua.
- Irakasleen ordezkari 1.
- Ikasleen gurasoen 3 ordezkari.
- Ikasleen ordezkari bat (16 urtetik gorakoa).
c) Kontseilu sektorialeko kideak hautatzea eta berritzea (Estatutuetako 5. eta 6. artikuluak).
–Lesakako Udaleko ordezkariak erakundeak berak hautatuko ditu.
–Gurasoen eta ikasleen taldeetako kideek hautatuko dituzte talde horietako ordezkariak.
–Irakasleen zuzendaria eta ordezkaria irakasle klaustroak hautatuko ditu.
–Ikasketaburua zuzendariak hautatuko du.
–Udaleko ordezkariak Udalak berak irauten duen aldirako hautatuko dira, eta Udalaren aldia amaitzen denean amaituko da haien ordezkaritza.
–Ikasleen eta gurasoen ordezkariak bi ikasturterako hautatuko dira. Bolondresik aurkeztu ezean, ordezkariak zozketa bidez aukeratuko dira.
–Zuzendaria, ikasketaburua eta irakasleen ordezkaria lau ikasturterako hautatuko dira.
–Edonola ere, hautatu dituen taldeak edo erakundeak kideei beren kargua utzarazi, eta beste ordezkari batzuk hauta ditzake, aurreko kideak hautatzeko prozedura eta sistema berarekin.
Irakasle klaustroa.
Klaustroak, Udal Musika Eskolako irakasleek parte hartzeko duten organo gisa, irakaskuntzari dagozkion gai guztiak antolatzeko, koordinatzeko, erabakitzeko, eta, hala dagokionean, horren berri emateko ardura du.
Klaustroko burua zuzendaria izango da. Bestalde, eskolan irakaskuntzan diharduten irakasle guztiak izango dira klaustroko kide.
a) Klaustroaren eskumenak.
Klaustroak honako eskumen hauek ditu:
–Zuzendaritza taldeari eskolako proiektu pedagogikoa eta urteko programazio orokorra aurkeztea.
–Etapako curriculum proiektuak egiteko irizpideak ezartzea, eta irizpide horiek onartzea eta ebaluatzea. Era berean, irizpideetan izan daitezkeen aldaketak erabakitzea.
–Ikasleen ordutegia egiteko irizpide pedagogikoak onartzea.
–Ebaluatzeko eta kalifikatzeko saioen plangintza orokorra onartzea, eta azterketen nahiz aparteko deialdien egutegia onartzea.
–Ikasleak bideratzeko, ikasleen tutoretzarako, ebaluaziorako eta errekuperaziorako funtzioak koordinatzea.
–Ikerkuntzaren nahiz ikerketa pedagogikoaren esparruko ekimenak bultzatzea.
–Kontseilu sektorialean izango dituen ordezkariak hautatzea.
–Eskolak inguruko erakundeekin dituen harremanak ezagutzea.
–Eskolako errendimendu orokorraren bilakaera aztertzea eta balioztatzea, ebaluazioetako emaitzak nahiz beharrezkotzat hartzen diren gainerako baliabide guztiak erabilita.
–Hezkuntza administrazioak eskolari buruz egiten duen ebaluazioaren nahiz edozein txostenaren emaitzak aztertzea eta balioztatzea.
b) Klaustroaren funtzionamendua.
–Klaustroa gutxienez hiru hilean behin bilduko da. Bestela, zuzendariak deialdia egiten duen guztietan edota, gutxienez, klaustroko kideen herenak hala eskatzen dutenean bilduko da. Nolanahi ere, nahitaezkoa da ikasturte hasieran eta amaieran klaustroaren saio bana egotea.
–Klaustroko saioetara joatea nahitaezkoa da kide guztientzat.
Zuzendaria.
a) Zuzendariaren betebeharrak.
Zuzendariak honako betebehar hauek ditu:
–Musika eskolako jarduera guztiak zuzentzea eta koordinatzea, eta hori indarrean dauden arauen arabera egitea. Gainera, kontseilu sektorialean nahiz irakasle klaustroan dituen eskumenak bete beharko ditu.
–Eskola ordeztea.
–Indarrean dauden legeak nahiz gainerako arauak betetzea eta betearaztea.
–Eskolari atxikitako langileen buru izatea, langileak lanera doazenetz zaintzea, eta eskolako irakasleei eragiten dizkieten barne arauak bete daitezen egiaztatzea.
–Eskolako kide anitzeko organo guztien bileretarako eta eskola ekitaldietarako deia egitea, eta horiek zuzentzea.
–Eskolako baliabide materialak kudeatzea.
–Ikasketaburua izendatzea.
–Eskola komunitateko sektoreek parte har dezaten bultzatzea eta koordinatzea, eta dagozkien eskumenak ongi betetzeko beharrezko baliabideak jartzea.
–Eskolako hezkuntza proiektua eta urteko programazio orokorra proposatzea, kontseilu sektorialaren irizpideen eta arauen arabera, eta klaustroak proposatzen dituen proposamenen arabera. Era berean, irizpide eta arau horiek ongi aplikatzen diren zaintzea.
–Eskumena duten hezkuntza agintariek eskatzen duten informazioa ematea.
–Eskolak inguruko erakundeekin dituen harremanak sustatzea eta bultzatzea.
–Eskolako bizikidetza sustatzea. Orobat, indarrean dauden arauei, barne arautegiari eta kontseilu sektorialak ezarritako irizpideei jarraituz, dagozkion zehapenak ezartzeko prozedura bermatzea.
–Hezkuntza eta Kultura Sailari eskolako ekintzei eta egoera orokorrari buruzko urteko memoria aurkeztea.
–Irakasleak, ikasleak eta gurasoak biltzeko eskubidea bermatzea.
–Eskolako liburuak eta fitxategiak zaintzea.
–Autoritateek eta interesatuek eskatzen dituzten ziurtagiriak ematea.
–Kontseilu sektorialak hala proposatzen duenean, ikasleei zigor espedienteak irekitzea, betiere ikaslearen betebeharrak eta eskubideak arautzen dituen araudian ezarritakoa kontuan hartuta.
Ikasketaburua.
a) Ikasketaburuaren betebeharrak.
Ikasketaburuaren betebeharrak honako hauek dira:
–Zuzendaria ez dagoenean edo gaixorik dagoenean, hura ordeztea.
–Hezkuntza proiektua, curriculum proiektua eta urteko programazio orokorra egiten parte hartzea eta horiek guztiak berrikustea. Era berean, gauzatzen diren zaintzea.
–Ekitaldi akademikoak antolatzea.
–Ikasketaburuak dituen eskumenen baitan, zuzendariak adierazitako beste betebeharren bat betetzea.
5.–Hezkuntza komunitatea.
Ikasleak. Eskubideak eta betebeharrak.
Ikasle guztiek dituzte oinarrizko eskubide eta betebehar berberak, eta haien arteko alde bakarra adina eta ikasketa maila dira.
a) Eskubideak.
–Ikastetxeko ikasketa planetan jasotzen diren gutxieneko xedeak behinik behin lortzea bermatzen duen prestakuntza jasotzeko eskubidea.
–Kontzientzia, erlijio sinesmenak zein sinesmen moral eta ideologikoak izateko askatasuna errespeta diezaieten eskubidea, bai eta sinesmen edo usteak intimitatean gordetzeko eskubidea ere.
–Segurtasun fisiko eta morala, eta duintasun pertsonala errespeta dadin eskubidea; ezin izango zaio inolaz ere inori trataera iraingarria edo umiliagarria eman.
–Ordezkariak era demokratikoan hautatzeko eskubidea; haien bitartez, edo banaka, eskolako gaiei buruzko eskaera edo kexak aurkeztu ahal izango dituzte irakasleen, kontseilu sektorialaren, zuzendaritzaren edo guraso elkartearen aurrean.
–Tutoretza saioa eskatzeko eskubidea horretarako ezarritako dagoen ordutegian.
–Ordezkariek Kontseilu Sektorialean eztabaidatutakoa jakinaraz diezaieten eskubidea.
–Ordezkariekin edo irakasleekin biltzeko eskubidea, betiere, eskola jarduerari eragiten ez badio.
–Errendimendua objektibotasun osoz ebalua diezaieten eskubidea.
–Irakasleen ebaluaketa sistema eta irizpideak ezagutzeko eskubidea.
–Ikasketa prozesuari buruz egindako balioztapenen inguruan behar adina azalpen eskatzeko eskubidea. Dagozkion azalpenak jaso eta gero, azken notekin ados ez badaude, idatziz eskatu ahal izango dute erabaki edo nota hori berrikustea.
–Ikastetxeko instalazioak erabiltzeko eskubidea. Aintzat hartu behar dira programazioak, eta eskolako zein eskolaz kanpoko jarduerek erabilera hori mugatzen dutela. Pertsonen segurtasuna bermatzea, baliabideak egoki gordetzea eta helburu zuzenetarako erabiltzea ere kontuan hartzekoak dira.
–Ikastetxeko funtzionamenduan eta bizitzan, eskola jardueretan eta horien kudeaketan parte hartzeko eskubidea.
–Egindako hutsegiteak eta dagozkien zigorrak ezagutzeko eskubidea.
–Eskola eta lanbideari buruzko orientabidea jasotzeko eskubidea, ahalik eta garapen pertsonal, sozial eta profesional onena lortzeko, betiere, gaitasunak, xedeak edo interesak aintzat hartuta.
–Ikastetxeko jarduera behar bezalako higiene eta segurtasun baldintzetan garatzeko eskubidea.
–Adierazpen askatasuna, baldin hezkuntza komunitateko gainerako kideen eskubideak eta erakundeekiko errespetua kaltetzen ez baditu.
–Ikasle elkarteetan biltzeko eskubidea.
b) Betebeharrak.
Ikasleen betebehar nagusia da gizarteak haien eskura jarritako ikastetxearen aprobetxamendu positiboa egitea. Horregatik, ikasteko eta eskoletara joateko interesa, hau da, ikasteko betebeharra, hezkuntza jasotzeko oinarrizko eskubidearen ondorioa da.
Betebehar horrek honako hauek hartzen ditu barne:
–Eskoletara joatea eta ikasketa planak garatzeko antolatzen diren jardueretan parte hartzea, eta behar bezala saiatzea.
–Ikastetxeko jarduerak egiteko ordutegiak zehazki errespetatzea.
–Irakasleen ikaskuntzari buruzko orientabideei jarraitzea, eta behar bezala errespetatzea eta begirunez hartzea.
–Gelakideen ikasteko eskubidea errespetatzea.
–Aurreikus daitezkeen asistentzia faltak aldez aurretik jakinaraztea, bereziki ardura maila bereko jarduerak edo saioak badira.
–Ikasle adingabeek ezin izango dute ikastetxetik irten eskola orduetan, berariazko baimena izan ezean.
Ikastetxeko bizikidetza arauak errespetatzea ikasleen betebeharra da. Betebehar horrek honako hauek hartzen ditu barne:
–Hezkuntza komunitateko kide guztien kontzientzia askatasuna, sinesmen erlijiosoak eta moralak, duintasuna, segurtasuna eta intimitatea errespetatzea.
–Hezkuntza komunitateko kiderik ez baztertzea, jaiotzezko arrazoiak, arraza, sexua edo egoera pertsonal nahiz soziala direla kausa.
–Hezkuntza proiektua eta ikastetxearen berezko izaera errespetatzea, indarrean den legediari jarraikiz.
–Ikastetxeko bizitzan eta funtzionamenduan parte hartzea.
–Ikastetxeko jarduera osagarrietan parte hartuko dutela hitzartzen duten ikasleek dagozkien saio eta emanaldi guztietara joan behar dute, arrazoia justifikatuta badago izan ezik.
–Ordezkari izateak eskatzen duen ardura betetzea, horretarako hautatu dituztenen kasuan.
–Ikastetxeko ondareak, altzariak, tresnak eta instalazioak egoki zaintzea eta erabiltzea, eta hezkuntza komunitateko beste kideen ondarea ere errespetatzea.
–Garbiketako eta higieneko ezinbesteko ohiturei jarraitzea.
–Eskolara sartzean, irtetean eta han egon bitartean ordena gordetzea.
Irakasleak. Eskubideak eta betebeharrak.
a) Eskubideak.
–Katedra eta irakaskuntza askatasuna, betiere, indarrean diren legeak, hezkuntza proiektuak eta plangintza errespetatzen badira.
–Bilerak egiteko eskubidea, baldin eta ez bazaio irakaskuntza jardueren bilakaerari eragiten.
–Lankideek, ikasleek edo hezkuntza komunitateko beste edozein kidek zuzentasunez eta errespetuz trata ditzaten eskubidea.
–Ikastetxeko jardueretan parte hartzeko eskubidea, indarrean diren arauei jarraikiz.
–Oro har, ikastetxeari, edo zehazki irakasleei eurei, eragiten dieten gaiei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea (dagokion pertsonak emanda).
–Nahi beste ekimen, iradokizun eta alternatiba proposatzea.
–Irakaskuntza jarduerarako ikastetxeko material guztia erabiltzeko eskubidea.
–Ikastetxeko Kontseilu Sektorialean izango dituzten ordezkariak hautatzeko, eta egoki deritzoten proposamenak haiei jakinarazteko eskubidea.
–Ordezkariek Kontseilu Sektorialean eztabaidatutako gaiak jakinaraz diezaieten eskubidea.
–Zuzendariari eskola jakin bat edo hainbat eskola aldatzea eskatzeko eskubidea, kontzertu, ikastaro, hitzaldi edo bestelako jardueretara joan ahal izateko, betiere, interesdunaren prestakuntzari eta hobekuntza profesionalari lotzen badira, eta ikasleen zein ikastetxearen beraren irudi profesionalaren eta ospe onaren onurarako badira. Aldaketa horiek zuzendariak baimen ditzake, neurriak eragiten dien ikasleek aldez aurretik ezagutzen eta onartzen badituzte, eta ikastetxearen funtzionamendu normalari eragiten ez badiote.
b) Betebeharrak.
–Gurasoak, ikasleak eta irakaskuntzakoak ez diren langileak errespetuz eta adeitasunez tratatzea.
–Egokitu zaizkion eskolak egoki ematea eta haietara garaiz iristea.
–Ikasgelaren barruan ordena errespetatzea eta mantentzea, eskuragarri duen materiala egoera onean gordetzea (erabileragatiko higadura ez da aintzat hartzen), eta arazo edo kalte guztiak zuzendariari jakinaraztea.
–Ikasleen eskubideak errespetatzea, haien segurtasun fisikoa eta psikikoa bermatzea, eta haiengan ordenari, lanari eta prestakuntza osoa lortzeko konfiantzari lotutako ohiturak sortzea.
–Gurasoen eta ikasleen kontsultei erantzutea, arauei jarraikiz, horretarako finkatutako ordutegian.
–Ikasleekin ikastetxetik kanpo jardueraren bat egitea pentsatzen badu zuzendariari edo ikasketaburuari jakinaraztea, hala badagokio, baimena eman diezaion.
–Gurasoei edo legezko ordezkariei, bai eta ikasleei ere, bilakaera akademikoaren inguruko informazioa ematea.
–Ikasleak eskoletara eta jardueretara joaten direla egiaztatzea, eta jakinaraztea justifikatu gabe ez badira joaten.
–Ikasleak hutsegite bat egiten badu, dagokion zigorra ezartzea, arautegi honi jarraikiz. Era berean, gurasoei edo legezko ordezkariei eta, badagokio, ikasleari, hutsegitea gertatu dela idatziz jakinaraztea, eta ikasketaburuari eta zuzendariari ere aditzera ematea.
–Irakasleen bileretara eta irakaskuntza jarduerari lotutako beste bileretara joatea. Ikasketaburuak kontrolatuko du garaiz iristen eta bertaratzen diren, bai eskoletara, bai departamentuko bileretara edo beste bilera batzuetara. Hutsegiterik gertatuz gero, ikasketaburuak ikastetxeko zuzendaritzari jakinaraziko dio gertatu direla, dagozkion diziplinazko neurriak har ditzan.
–Ordezkari izateak eskatzen duen ardura betetzea, horretarako hautatu dituztenen kasuan.
–Onartutako programa garatzea; betiere, aintzat hartuta gela edo ikasle bakoitzak berezko ezaugarriak dituela, eta programa haietara egokitu behar dela.
–Ikaslearen etengabeko ebaluazioa egitea. Horretarako oinarriak izango dira ikasleak gelan egindako jarduerak eta bereganatu dituen ezagutzei, ezagutzen ulermenari, nahiz ezagutzak aplikatzeko gaitasunari dagozkien probak.
–Zuzendariak emandako ardurak onartzea eta betetzea.
–Eskolakoak ez diren orduak, irakasten duen ikasgaiaren berezko lanetan zein ikastetxea hobeto garatzera bideratutako beste jarduera batzuetan ematea.
–Ikasturte bakoitzaren amaieran, zuzendariak hala eskatuta, memoria txostena egitea, bai eta kontseilu sektorialak eska dezakeen beste edozein txosten egitea ere.
Ikasleen gurasoak. Eskubideak eta betebeharrak.
a) Eskubideak.
–Guraso eta/edo ikasle elkarteetan biltzeko eskubidea.
–Ikastetxeko jardueretan parte hartzeko eskubidea, indarrean diren arauei jarraikiz.
–Seme alaben zein tutoretzapekoen eskolako errendimenduari buruzko informazioa eta orientabidea jasotzeko eskubidea.
–Seme-alabak zein tutoretzapekoak eskolara ez badira joaten eta ez badute justifikatzen, jakinaraz diezaieten eskubidea.
–Elkarrekintza eskatzen duten jokaerako arazoak (baldin badaude) ezagutaraz diezazkieten eskubidea.
–Izena emateko epeei buruzko informazioa bere garaian jasotzeko eskubidea.
–Dagokion irakaslearengana jotzeko eskubidea, horretarako ezarritako ordutegiaren barruan eta aldez aurretik hitzartuta, baldin seme alaben eskola jarduerari buruz esatekorik edo kexarik badute. Behar bezala hartzen ez badituzte, ikastetxeko zuzendariarengana joko dute.
–Kontseilu Sektorialean dituzten ordezkariei proposamenak aurkezteko eskubidea.
b) Betebeharrak.
–Irakasleak, ikasleak eta irakaskuntzakoak ez diren langileak errespetuz eta adeitasunez tratatzea.
–Eskolako zuzendaritzak, irakasleek eta kontseilu sektorialak deitutako bilera guztietara joatea.
–Ez diote irakasleen lanari eragin behar, eta horretarako ezartzen diren legeak errespetatu behar dituzte, bai instalazioetan sartzeari dagokionez eta bai ikastetxe barruan ordena mantentzeari dagokionez ere.
–Hezkuntza proiektua eta ikastetxeko arauak errespetatzea.
–Ordezkari izateak eskatzen duen ardura betetzea, horretarako hautatu dituztenen kasuan.
Bizikidetzako arauak.
Hezkuntza komunitate guztiari ezar dakizkiokeen bizikidetzako arauak.
–Hezkuntza proiektua eta ikastetxeko arauak errespetatzea.
–Ikastetxeko espazioak egoki erabiltzea, eta dagokien erabilera zehatza errespetatzea.
–Irakasleek bakarrik erabiltzekoak diren eremuetan, eta eskaileretan edo bestelako igarobideetan ez egotea.
–Ez erretzea berariaz debekatuta dagoen tokietan.
–Ikastetxeko edozein gunetan jarri nahi diren kartel eta iragarkiak, ipini baino lehen, zuzendariak onartu eta zigilatu behar ditu.
–Laneko, sindikatuetako... gaiei dagozkien kartelak, horretarako aukeratu den tokian bakarrik jarri ahal izango dira.
–Bizikidetzako arauak betetzen ez badira ezarri behar diren zehapenek hezkuntzazko eta berreskuratzezko izaera izango dute. Gainerako ikasleekiko errespetua bermatu behar dute, eta hezkuntza komunitateko kide guztien arteko harremana hobetzeko xedea izan. Nolanahi ere, hutsegiteak zigortzeko garaian, aintzat hartu behar da ezin izango dela segurtasun fisikoaren zein duintasun pertsonalaren aurkakoa den ezer ezarri.
6.–Diziplina erregimena.
Oinarri orokorrak.
–Kontseilu sektorialak eta ikastetxeko pertsona bakarreko erakundeek ikasleek egindako hutsegiteak zigortzeko ahalmena izango dute.
–Kontseilu sektorialak, ikasleek eskoletara behin eta berriz ez joatea justifikatzeko aurkezten dituzten arrazoibideak aztertuko ditu, eta erabakiko du baliagarriak diren ala ez.
–Ikasleek ezin izango dute jaso zigorrik arautegi honetan hutsegitetzat jotzen ez diren jokaerengatik.
–Inolaz ere ezin izango da ezarri ikaslearen segurtasun fisikoaren zein duintasun pertsonalaren aurkako zigorrik.
–Ikasleei ezin zaie hezkuntza eskubidea ukatu. Horrela, hutsegite bakoitzeko ezin izango zaie eskoletara joateko eskubidea bi astez baino gehiagoz ukatu.
–Arautegi honetan jasotako zigorrak egindako hutsegiteen araberakoak izango dira, eta, ahal den heinean, ikasleen hezkuntza prozesua mantentzen eta hobetzen lagundu behar dute.
–Espedientea irekitzea erabakitzeko, izapidetzeko eta zigorra ezartzeko garaian, horretarako eskumena duten organoek aintzat hartu beharko dituzte ikaslearen adina, egiten ari den ikasketa maila eta egoera pertsonala, familiakoa eta soziala.
–Kontseilu sektoriala arduratuko da ezarritako zigorrak benetan betetzen diren ikuskatzeaz.
–Hezkuntza komunitateko kideek orokorrean, eta irakasleek zehazki, arreta berezia jarriko dute arautegi honetan jasota dauden diziplinazko ekimenak ezartzea saihesteko. Horretarako, ikasleen gurasoekin edo legezko ordezkariekin harreman eta elkarlan etengabea eta zuzena landuko dute.
Hutsegiteak.
a) Hutsegite arinak.
–Arrazoirik gabe berandu iristea.
–Arrazoirik gabe eskoletara ez joatea.
–Axolagabekeriaren ondorioz, ikastetxeko eremuren batean, materialetan edo hezkuntza komunitateko beste kideen objektu zein ondasunetan kalte txikiak eragitea.
–Ikastetxe barruan beharrezkoa den ordena ez gordetzea.
–Sartzeko baimena ez duten tokietan sartzea eta/edo egokiak ez diren helburuetarako erabiltzea.
–Diziplina falta, eskoletan adi ez egotea eta irakasleak arintzat jotzen dituen bestelako hutsegiteak.
–Gelakideenganako errespetu falta, larria ez izan arren, nolabaiteko zuzentzea behar badu.
–Ikasketa planen garapena gauzatzeko jarduerekiko zein irakasleek ikaskuntzari buruz ematen dizkieten orientabideekiko jarrera pasiboa.
–Gelakideen ikasteko eskubidearekiko errespetu falta.
b) Hutsegite larriak.
–Hiruhileko berean hiru hutsegite arin egitea.
–Ebaluaketa ahalbidetze aldera, ikasgai bakoitzean hiruhilekoan zehar eskoletara zenbat aldiz falta daitekeen ezartzen da. Kopuru hori gainditzea hutsegite larritzat jotzen da.
–Hezkuntza komunitateko kideen kontrako diziplinarik eza, eta irainak edo hoben larriak.
–Hezkuntza komunitateko edozein kideren aurkako eraso fisiko edo morala, edo diskriminazio larria.
–Ikastegiaren edo hezkuntza komunitateko edozein kideren ondasunak lapurtzea.
–Agiri akademikoak faltsutzea edo lapurtzea.
–Lokalei, altzariei, materialari eta ikastetxeko dokumentuei, edo hezkuntza komunitateko beste kideen ondasunei eragindako kalte larriak, dela gaizki erabiltzeagatik, dela nahita.
–Ikastetxeko jarduerak era normalean egitea larriki oztopatzen duten justifikatu gabeko ekintzak.
–Ikastetxetik kanpo egindako joan-etorrietan gerta daitezkeen diziplinarik ezeko edo desobedientziazko ekintzak, betiere, arautegi honetan ezarritakoaren kontrakoak.
–Eskolako errendimenduan interesik eza argi azaltzea.
–Ezarritako zigorrak ez betetzea.
–Gelakideen ikasteko eskubidearekiko errespetu falta behin eta berriz eta etengabe adieraztea.
c) Hutsegite oso larriak.
–Ikasturte berean bi hutsegite larri egitea.
–Hezkuntza komunitateko kideekiko diziplinarik eza, eta irainak edo hoben oso larriak.
–Hezkuntza komunitateko beste kideen aurkako eraso fisiko oso larria.
–Larritzat jotzen diren hutsegiteak, baldin aldi berean kolektibotasuna eta/edo gaitzusteko publizitatea ere gertatzen badira.
–Hezkuntza komunitateko beste kideen segurtasun pertsonalerako eta osasunerako oso kaltegarriak diren ekintzak bultzatzea sistematikoki.
–Ikastetxearen eraikinean droga edo alkoholdun edariak banatzea, saltzea, erostea edo kontsumitzea.
Zigorrak.
a) Hutsegite arinengatik.
–Ohartarazpen pribatua.
–Idatzizko ohartarazpena bidaliko zaie gurasoei, eta adingabeen kasuan, zuzendariak idatzia gordeko du.
–Eragindako kalteak konpontzeko, hala badagokio, lanak egitea eskolako orduetatik kanpo.
–Ikastetxeko jardueren bilakaerari eta hobekuntzari laguntzen dioten lanak egitea.
–Ikaslea eskolatik botatzea; ondoren ikasketaburuaren aurrean agertu behar du.
b) Hutsegite larri eta oso larriengatik.
–Eskola jakin batzuetatik edo ikastetxetik aldi baterako botatzen dutela azaltzen duen idatzizko ohartarazpena. Ikaslearen espedientean ageriko da baldin eta behin eta berriz eskoletara ez bada joaten eta ez badu justifikatzen. Ikasgaiaren irakasleak eta ikastetxeko zuzendariak egindako txosten xehekatua ere sartuko da.
–Eragindako kalteak konpontzeari eta, hala badagokio, ikastetxeko jardueren bilakaerari eta hobekuntzari laguntzen dioten lanak egitea. Lan horiek eskolaz kanpoko orduetan egitekoak dira.
–Xedea argia denean, kaltea eragiten duen pertsona derrigortuta egongo da kaltetu duen ondasuna guztiz lehengoratzera; bestela ondorioen kostua gurasoek edo ikaslearen legezko ordezkoek ordaindu beharko dute.
–Ikaslea taldez edo gelaz aldatzea.
–Eskola jakin batzuetara edo ikastetxera joateko eskubidea ukatzea, bi aste baino gutxiagoko aldian. Etenaldiak irauten duen denboran, ikasleak zehaztuko zaizkion hainbat lan egin beharko ditu hezkuntza prozesua eten ez dadin.
–Jarduera osagarrietan edo eskolaz kanpokoetan behin betikoz parte hartzen ez uztea, edo ikastetxetik behin betikoz botatzea.
c) Etengabeko ebaluaketa izateko eskubidea galtzea.
–Hiruhileko eta ikasgaiko gehienezko justifikatu gabeko asistentzia falta kopurua gainditzen duten ikasleek, abisu bat jasoko dute eta emanaldietan parte hartu gabe geldituko dira eta ondoren, errepikatuko balitz automatikoki ikasgaia suspendituko dute.
–Justifikatu gabeko asistentzia falta dela kausa, bi hiruhileko edo gehiago ez gainditzeak esan nahi du ekaineko deialdian ere ez dela ikasgaia gaindituko. Iraileko deialdian aurkezteko eskubidea izango dute, taldekako ikasgaiak izan ezean; kasu horretan, ez dute eskubide hori izango.
–Ikasgaiko eta hiruhileko gehienezko asistentzia falta kopurua honako hau da:
- Astean bi saio duten ikasgaiek: 8 falta.
- Astean saio bat duten ikasgaiek: 4 falta.
d) Ikasgelatik kanporatzea.
Neurri hau ezarri ahal izateko, baldintza hauek bete behar dira:
–Kanporatzeak eskolaldi jakin bat ez gainditzea, hau da, neurria ezarri duen irakaslea ez den beste baten ordutegiari ez eragitea.
–Ikasleak berehala jo behar du zuzendariarengana edo ikasketaburuarengana. Irakasle bat izendatuko du horrek, kanporatuta dagoen aldian ikaslea zain dezan.
–Kanporatzea erabakitzen duen irakasleak eskola egun bateko epea du zuzendariari edo ikasketaburuari neurri hori hartzeko arrazoiak zein diren jakinarazteko.
–Zuzendariak ikastetxean egindako kanporatze guztien zerrenda izango du.
Zigor prozedura.
a) Hutsegite arinak.
–Hutsegite arinak zuzendu eta zigortu egingo ditu irakasleak.
b) Hutsegite larriak edo oso larriak.
–Hutsegite larriak edo oso larriak zuzentzeko, aurrez espedientea ireki behar da, beharrezko informazioa bildu ondoren, ikastetxeko zuzendariaren erabakiz, edo sektore kontseiluak hala proposatuta.
–Espedientea zuzendariak izendaturiko irakasle batek bideratuko du. Espedientea irekitzearen berri emango zaie berehala ikasleari edo, adin txikikoen kasuan, haien gurasoei, tutoreei edo legezko arduradunei.
–Ikasleak edo, hala badagokio, haren gurasoek edo legezko ordezkariek irakaslea ezetsi ahalko dute zuzendariaren aurrean, haren jokaerak edo adierazpenek espedientea bideratzean objektibotasun eza ekar badezakete.
–Salbuespen modura, prozedura hastean edo bideratzen den bitartean, zuzendariak, bere erabakiz edo irakasleak proposatuta, hala badagokio, egoki iritzitako behin behineko neurriak hartu ahalko ditu. Behin behineko neurria izan daiteke ikastetxera edo eskola nahiz jarduera jakin batzuetara joateko eskubidea aldi baterako kentzea. Aldi hori hiru egunekoa izango da gehienez. Hartutako neurrien berri emango zaio sektore kontseiluari, eta azken horrek atzera bota ahalko ditu edozein unetan.
–Espedientea ireki ala ez gehienez hamar eguneko epean erabaki behar da, arautegi honen arabera zuzendu beharrekoak diren jokaeren edo ekintzen berri izan den egunetik kontatzen hasita.
–Espedientea irekitakoan, ikasleari edo, adin txikikoa bada, haren gurasoei edo legezko ordezkariei horren berri emango zaie, betiere, egotzitako jokaerak eta ikastetxeko sektore kontseiluari proposaturiko zuzentze neurriak zein diren azalduz. Espedientea bideratzeko epea gehienez zazpi egunekoa da.
–Prozedura hasi zenetik gehienez hilabeteko epean itxi behar da, eta hartutako erabakiaren aurka errekurtso arrunta aurkeztu ahalko da Lesakako alkatearen aurrean, erabakia jakinarazten den egunetik kontatzen hasi eta 15 eguneko epean.
–Zigor batzordeak, erabakia hartzerakoan, kontuan izango ditu bai ikaslearen egoera pertsonala, bai familian eta gizartean duen egoera. Horrekin bidezko zigorren aplikazioa mailakatu nahi da.
–Sektore kontseilua arduratuko da ezarritako zigorrak benetan betetzen diren ikuskatzeaz.
7.–Azken xedapenak.
–Barne erregimeneko arautegi honek hezkuntza komunitate osoa derrigortzen du. Indarrean den legediak baldintzatzen du erreforma, eta kontseilu sektorialari dagokio interpretatzea, bai eta ezartzen den ikuskatzea ere.
–Arautegi hau kontseilu sektorialak onartu eta biharamunean indarrean sartuko da.
–Aldatu, zabaldu edo berrikusi egin ahal izango da kontseilu sektorialaren heren batek hala eskatzen badu.
–Arautegi honetan jasotzen diren xedapenez gain, indarrean diren maila altuagoetako arauak ere aintzat hartuko dira.
BAREMAZIO-EREDUA
1. instrumentua.
Musika eta Mugimendua IItik datozen ikasleentzat, 7 urtez gorako ikasle berrientzat eta ikasle helduentzat.
Plaza gehiago behar izanez gero, ondoren aipatzen diren irizpideen arabera barematuko dira:
–Musika Eskolan egindako ikasketak (azken 2 urteetan).
–Musika eta Mugimendua I : 1 puntu.
–Musika eta Mugimendua II: 1 puntu.
–Iazko ikasturtean instrumentu horretan matrikulatu izana (berriz hasi).
–Iazko ikasturtean instrumentu horretan matrikulatu izana 1 puntu.
Ikasturte bat edo gehiago instrumenturik gabe egon izana.
(Eskatutako instrumentuetan plazarik ez egoteagatik, edo, gainerako ikasgaiak ikasten, ikastaro baten zain egoteagatik).
–Ikasturte bat edo gehiago instrumenturik gabe: 3 puntu.
–Adina (indarrean dagoen ikasturteko abenduaren 31n).
–7 urte: 3 puntu.
–8-12 urte: 2 puntu.
–13 urte edo gehiago: 1 puntu.
–Aurreko ikasturtean klaseetara izandako asistentzia.
–Aurreko ikasturtean %90etik gorako asistentzia*: 1 puntu.
Lesakan bizitzea 1 puntu.
Eskolan anai-arrebarik izatea 1 puntu.
(*) Ez dira aintzat hartuko behar bezala justifikatutako gaixotasunagatiko hutsegiteak.
Berdinketa gertatuz gero, zozketa bitartez ebatziko da.
Eskatutako instrumentuetakoren batean plazarik ez duten ikasleak erreserba-zerrenda batean egonen dira irailera bitartean (puntuazio handienetik txikienera). Plazaren bat hutsik geratuz gero, zerrendako lehenari emanen zaio bidea, eta horrela eginen da gainerakoetan.
2. instrumentua.
2. instrumentua nahi duten ikasleek 1. instrumentuaren azken matrikulazio-epea bukatu arte (iraila) itxaron beharko dute; une horretan, libre dauden plazak eska ditzakete.
Honako irizpideokin barematuko da:
Musika Eskolan egon den ikasturte bakoitzarengatik (gehienez ere 4 puntu).
–1 puntu ikasturteko.
Kalifikazioak:
Une horretara arte emandako musika-hizkuntzako eta instrumentuko ikasgai guztien batezbestekoa eginen da.
–Bikain (8,5 - 10): 3 puntu.
–Oso ongi (7 - 8,4): 1 puntu.
Aurreko ikasturtean instrumentu horretan matrikulatu izana (berriz hastea).
–Aurreko ikasturtean instrumentu horretan matrikulatu izana: 1 puntu.
Ikasturte bat edo gehiago instrumenturik gabe egon izana.
(Eskatutako instrumentuetan plazarik ez egoteagatik, edo, gainerako ikasgaiak ikasten, ikastaro baten zain egoteagatik).
–Ikasturte bat edo gehiago instrumenturik gabe egon izana: 2 puntu.
Lesakan bizitzea 1 puntu.
Musika Eskolan anai-arrebarik izatea 1 puntu.
Iragarkiaren kodea: L2611003
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
