16. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1535E/2025 EBAZPENA, abenduaren 15ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Transportes Maitxene SLk Alesbesen (Nafarroa) sustatutako behi gizendegia 1.656 plazaraino handitzeko proiektuak ingurumenean izanen duen inpaktuaren aldeko adierazpena egiten baita.

Behi gizendegia zabaldu nahi da. Horretarako, ukuilutarako 4 nabe eraikiko dira, ariketarako beren patioekin, handitu ondoren 848,7 AzLU lortzeko, tegi mota horiendako ezarritako gehienekotik hurbil.

Deskribatutako proiektua, bere ezaugarriak direla eta, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinaren barnean sartzen da, 1. taldeko f) 5 atalean; beraz, proiektuak ingurumen-inpaktuaren ohiko ebaluazioaren prozedura bete behar du.

–Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa izapidetzea.

2025eko otsailaren 25ean, proiektuaren titularrak, Transportes Maitxene SLk, ingurumen baimen bateratuaren eskaera aurkeztu zuen, eta ingurumen eraginaren azterketa eta eskatutako gainerako dokumentazioa aurkeztu zituen horrekin batera. 2025eko martxoaren 31n (64. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara zen), Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen ingurumen-inpaktuaren azterketa eta ingurumen-baimen bateraturako aurkeztutako gainerako dokumentazioa 30 egunez, eta kontsulta tramitea ireki zuen proiektuak ukitzen dituen administrazio publikoentzat eta interesdunentzat, bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan ezarritakoarekin. Jendaurreko epe horretan, Sustrai Erakuntza Fundazioaren alegazioak jaso dira.

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak honako hauei egin zien kontsulta, ukitutako administrazio publiko baitira: Ingurumen Ebaluaziorako Atalari, Paisaiaren eta Landa-Lurzoruaren Atalari (Lurralde eta Paisaia Zerbitzua), Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Animalien Ekoizpenaren Atalari (Abeltzaintza Zerbitzua), Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia) eta Alesbesko Udalari. Espedientean jasota daude Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalaren eta Animalien Ekoizpenaren Atalaren erantzunak. Horiez gain, kontsulta egin zitzaien zazpi pertsona interesduni.

Txosten honen I. eranskinean jaso da ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten eta jendaurreko informazioaren tramitearen emaitzen laburpena.

Titularrak, 2024ko maiatzaren 24an, eta 21/2013 Legearen 39. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuan aurkeztu zuen proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio hasteko eskaera, sektoreko legediak eskatzen duen dokumentazioarekin batera; hori guztia, proiektua baimentzeko prozedura substantiboaren barnean.

2025eko uztailaren 22an, titularrak kontsulten eta jendaurreko informazioaren izapidean aurkeztutako alegazioei erantzuteko proposamenaren dokumentua aurkeztu zuen eranskinean.

2025eko irailaren 8an, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak proiektatutako handitzearen ingurumen-bideragarritasunari buruz egindako txostena gehitu zen espedientean. Txosten horrek adierazten du ezen, ura nitratoen bidez kutsatzea prebenitzeko eta aurkeztutako kudeaketa-planaren adostasunerako, ez dela aurreikusten lurzorua eta lurpeko urak afektatzea, patioak iragazgaizteko neurriak eta handitzearekin sortutako simaurra kanpoko kudeatzaile bati ematea kontuan hartuta.

–Dokumentazioaren azterketa teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa.

Aratxeak gizentzeko ustiategi bat ebaluatuko da, gehieneko edukieratik hurbilekoa, 2. poligonoko 911, 912 eta 1085. lurzatietan dauden instalazioak handituz gero. Horretarako, 1.026 animalia hartzeko, ukuilutarako 4 nabe eraikiko dira, ariketarako beren patioekin ondoan dagoen 919 partzelan, bai eta horiekin lotutako gainerako elementuak ere, azkenean 1.656 plazako edukiera lortzeko (848,7 AzLU). Datu horien arabera, instalazioak 5,58 ha hartuko ditu, eta urtean 2.450 aratxe gizentzea aurreikusten da. Halaber, urtean 5.879 tona pentsu eta 21.147 m³ ur kontsumituko dira, eta 4.643 tona simaur sortuko dira.

Instalazioa presiopeko ureztapenerako ekipatutako eremu batean dago, Aragoi ibaiaren uholde-eremutik kanpoko ibai-terraza baten gainean, non abeltzaintzako ustiategi intentsiboak biltzen baitira, bereziki behi- eta zerri-ustiategiak. Eremuan ez dira identifikatzen ezarpenaren eragina jasan dezaketen balio natural esanguratsuak: eremuak ez du nibelaziorik beharko, eta nukleoa instalazio eolikoetatik urrun dago. Hala, sarbidea, hornikuntza eta hornidura elektrikoa lortzen dira, ondoan eraikitako instalazioaren zati baten hedaduragatik.

Espero diren ingurumen-inpaktu garrantzitsuenak hauek dira: arriskuan dauden estepako abifaunaren babeslekuetako harrera-ahalmenean izan daitezkeen eragozpenak eta aldaketak, abere-gorozkien banaketak eragindakoak; eta jarduera-motaren ezarpenak eta funtzionamenduak dituen inpaktuak, baliabideen kontsumoari, amonioaren eta berotegi-efektuko gasen isurien kontrolari, lurzoruaren eta uren eutrofizazioari dagozkienak, batez ere eremu kalteberetan. Izan ere, behi-hazkuntzarako teknika erabilgarri onenak aplikatzen zaizkie.

Lurzoruaren eta uren kutsadurarekin lotutako kalteak prebenitzeko, instalazio berriak neurri zuzentzaile hauek ditu. Batetik, estalkietako urak biltzea eta bideratzea eta patioen zoladura; patio horiek ostaturako malda izanen dute, xukatuek lurrarekin eta ur freatikoekin kontakturik izan ez dezaten. Bestetik, simaurtegi zolatu bat jarriko da, barne-malda izanen duena, eta animaliek sortutako simaurrak kudeatzaile bati emanen zaizkio. Neurri horiek, salbu eta estalkietako urak hartzea eta simaurtegia, bi instalazioek bera baitute, instalazio eraiki berriari aplikatuko zaizkio.

Kokalekuak kalteberatasun ertaina du lurpeko uren kutsadurari dagokionez, irailaren 15eko 147E/2020 Foru Aginduaren "2. eremua (Ebro-Aragoi ibaien alubiala") eremuan baitago. Orain dela gutxi, uztailaren 23ko 85/2025 Foru Dekretuak berriro mugatu du, eta nitratoek poluitzeko arriskua duten eremuen izendapena berrikusten baitu, eta horien artean "5. eremua (Ebro-Aragoi ibaien alubiala: Lodosa-Tutera)" dago. Horri dagokionez, ingurumen eraginaren txosten honetan aintzat hartu da Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalaren irizpidea, proiektuan hartutako neurriengatik jarduerak lurpeko uren kalitatean eraginik ez duela dioena.

Eraginaren adierazpen horrek neurri zuzentzaileak ezartzen ditu estepako abifauna kontserbatzeko "AC10: Azkoien-Funes" eta "AC21: Errege Bardeak"eremu kritikoetan simaurrak banatzeari lotutako inpaktuak prebenitzeko; izan ere, simaurrak kudeatzeko planak 50,47 ha hartzen ditu eremu horietan.

Halaber, sustatzailearen ekimenez, pentsuak, lehengaiak eta abar biltegiratzeko neurri zuzentzaileak eta kudeaketa-neurriak sartu dira proiektuan. Biltegi horiek estalita egonen dira hegaztiak erakartzeko gune izan ez daitezen, eta instalazioak parke eolikoekin talka egitearen ondorioz hilgarritasunean izan dezakeen eragin sinergikoa minimizatuko da, nahiz eta instalazioa ez dagoen garapen eoliko batetik gertu.

Ebazpen honetan, baldintza batzuk ezartzen dira gorpuak sarraskijale oportunisten menpe egoteko arriskua mugatzeko.

Proiektuak egun dagoen instalazioko zuhaixka eta zuhaitz autoktonoak landatzeko neurriak hartzen ditu.

Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko Ingurumen Ebaluaziorako Atalak, espedienteko txostenak, jendaurrean jarri izanaren emaitza eta espedientearen azterketa teknikoa ikusita, ondorioztatu du ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura behar bezala egin dela. Atal horren arabera, proiektua ingurumenaren aldetik bideragarria da, baldin eta betetzen badira proiektuan eta ingurumen-inpaktuaren azterketan jasotako neurriak, baita ebaluazio honetatik eratortzen direnak ere; beraz, aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea proposatzen da.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura egoki bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua, honako hau,

EBAZTEN DUT:

1. Transportes Maitxene Slk Alesbesko udal-mugartean behi gizendegia 1.656 plazaraino handitzeko proiektuaren aldeko ingurumen eraginaren adierazpena egitea.

2. Aurkeztutako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz eginen da jarduera, eta, gainera, baldintza hauek bete beharko dira:

–Proiektuak jarduera garatzeko behar diren baimen guztiak izan beharko ditu, Ebroko Ur Konfederazioarena barne, bere eskumenei dagokienez.

–Proiektuan jasotakoarekin bat, jarduerak sortutako simaur berriak kudeatzeko irtenbideak ez du banaketa-partzela berririk ezarriko, ez eta nitratoek eragindako kutsadurarik jasan dezakeen eremuko lurralde-planeko azaleretan banatutako kopurua handituko ere, uztailaren 23ko 85/2025 Foru Dekretuak, nitratoek eragindako kutsadurarik jasan dezaketen eremuen izendapena berrikusten duenak, ezarritako jarduketa-programa aplikatzeko mugatutako eremuan.

Halaber, aldapak kokatzeko eta patioak eta simaurtegia iragazgaizteko neurriei dagokienez proiektatu dena aplikatuko da, alde zikinetako uren eta eremuko lurzoru biluziaren artean ukipenik gertatzen ez dela ziurtatzeko.

–Simaurraren, mindaren edo haien eratorrien balorizazio materiala Kontserbazio Bereziko Eremu batean edo Eremu Kritiko batean nekazaritza-lursailetan ongarri gisa aplikatuta egiten denean, jardueraren simaurrak kudeatzeko planak ebazpen honen III. eranskin gisa jasotako agiriaren baldintzak bete beharko ditu.

–Ustiapena maneiatzeko eta abere hilak kudeatzeko sisteman, aukeren bila dabiltzan animaliak (hegaztiak, karraskariak, azeriak…) ugaritzea saihestuko da, inguruetako basa hegaztiak harrapatzen aritu baitaitezke. –Hildako animaliak gorpuentzako edukiontzi espezifikoetan utziko dira, eraikin itxietan, hegazti eta ugaztun sarraskijaleak ez erakartzeko eta haiek animalien hondakinetara iristea saihesteko, edo hidrolisis kimikoaren bidez kudeatuko dira.

–Argi kutsadura, argi arrotza eta faunaren gaineko eragina murrizteko, bete beharko da Kanpo argiteriako instalazioen efizientzia energetikoari buruzko Erregelamendua onesten duen azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuan eta haren jarraibide tekniko osagarrietan (EA-01etik EA-07ra) jasotakoa, eta, zehazki, honako hau:

  • Argi puntuetako goiko hemisferioak igortzen dituen gehieneko argi fluxuak % 5 edo gutxiago izanen dira kanpoko argiteriako argi puntu guztietarako (EA-03 jarraibide tekniko osagarria, 1.1 apartatua. Argi emisioen mugak.
  • Argi zuri-urdinkara duten lanparak saihestea gomendatzen da (LED argiak, esate baterako, LED-anbar argiak izan ezik). Beraz, sodio lurrunezko lanparak erabiltzea gomendatzen da, edo anbar koloreko LEDak (argi zuri-horia) edo 440 nm-tik beherako uhin-luzeren erradiazioa iragaztea.

Bestalde, kanpoko argiztapena erabiliko da lanorduetan edo lanetan behar denean, eta gainerako denboran itzalita egon beharko da.

–Paisaiarekiko integrazioa errazteko asmoz, proiektuan aurreikusitako perimetroko landaketak sartuko dira. Nolanahi ere, ureztapena jarriko da landatzeko, landareen sustraitzea eta hazkunde azkarra bermatzeko, eta helburu hori bermatzeko behar diren zainketak emanen zaizkio jardueraren bizitza osoan zehar.

Jardueraren gaineko ingurumen zaintza:

–Instalazioa martxan jartzeko eta aldatzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak dokumentazio grafikoa aurkeztu beharko du, fauna hilotzak biltegiratzeko eta kudeatzeko eremura ez sartzeko hartutako erabakia agerian uzten duena.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe administrazio-bidean eta proiektua baimentzen duen egintzaren aurka bidezkoak direnak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 11ko 21/2013 Legearen 42. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

5. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari eta Tuterako mugapeko Ingurumena Zaintzeko Taldeari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko abenduaren 15ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

II. ERANSKINA.–UKITUTAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEI ETA INTERESDUNEI EGINDAKO KONTSULTEN ETA INFORMAZIO PUBLIKOAREN IZAPIDEAREN LABURPENA

Hona hemen tramite horretan kontsultatutako entitateen eta jasotako erantzunen laburpena:

Kontsultatutako erakundeen eta interesdunen erantzunen zerrenda:

Ingurumen Ebaluaziorako Atala

X

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala.

X

Abeltzaintza Zerbitzuko Animalien Ekoizpenaren Atala

X

Lurraldearen Antolamenduaren eta Paisaiaren Atala

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia

Alesbesko Udala

Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea.

Ekologistak Martxan - Landazuria

Ekologistak Martxan

Sustrai Erakuntza Fundazioa

X

SEO-Birdlife

Gurelur

Greenpeace España

Ingurumen Ebaluazioaren Atalak adierazi du ingurumen-inpaktuaren azterketak, bere edukia Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan aurreikusitakora egokitzeaz gain, aintzat hartu beharko duela hura eremu kalteberan kokatzeak ingurumenaren eta lurraldearen aldetik dituen baldintzatzaileei buruz adierazitakoa, eta ikuspegi hori alternatiben azterketan sartu beharko duela, egungo baldintzatzaileak eta simaurren kudeaketak etorkizunean izan ditzakeen mugak kontuan hartuta.

Azkenik, adierazi du azterketak bere azterketan habitat naturalen, gune babestuen eta estepako abifauna kontserbatzeko eremu kritikoen presentzia jaso beharko duela, jardueraren simaurrak kudeatzeko plana kontuan hartuta, instalazio berrien, eraikitako zatiaren eta jarduera osoaren ondoriozko eraikuntza-ondorioez gain. Azterketa horrek kontuan hartuko ditu zuzeneko eta zeharkako inpaktuak, eta, bereziki, sinergikoak eta metagarriak, abeltzaintza-ustiapen intentsiboen kontzentrazio-eremu batean baitago. Ebaluatu beharreko ekintzen artean, kontuan hartuko ditu animalia oportunisten erakarpena eta abeltzaintza-gorozkien kudeaketa.

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak egiaztatu du proiektuak betetzen dituela ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan (Nafarroako Foru Komunitateko abeltzaintzako instalazioen ingurumen baldintza teknikoak ezartzen dituena) eta abenduaren 27ko 306/2022 Errege Dekretuan (behi aziendaren antolamendurako oinarrizko arauak ezartzen dituena) ezarritako kokapen baldintzak.

Titularrari adierazi dio proiektuak justifikatu egin beharko duela abenduaren 27ko 1051/2022 Errege Dekretua betetzen dela, zeinaren bidez nekazaritzako lurzoruetan elikadura jasangarria izateko arauak ezartzen baitira, eta simaurrak kudeatzeko planean bereizi egin beharko direla simaurra, landan aplikatzen dena (dagoen ustiategitik datorrena) eta simaurra, kudeatzaileari ematen zaiona (proiektatutako ustiategitik datorrena).

Abeltzaintza Zerbitzuak jarduerari aplikatu behar zaion sektoreko araudiaren berri eman dio titularrari, eta eskatzen du ustiategiko osasun-hesitik kanpo jartzeko gorpuen bilketa. Aldeko txostena egiteko, irtenbide hori proiektuan sartu behar da, biosegurtasuneko materialean ebaluatu ahal izateko.

Jendaurreko informazioaren tramitean egindako alegazioei buruzko azalpena:

Sustrai Erakuntza Elkarteak oharrak aurkeztu ditu, eta jendaurrean jartzeko izapiderako alegazio gisa aipatu ditu. Elkarte horrek azaldu du alternatiben azterketa egiteko ez direla kontuan hartu jarduerak Natura 2000 Sarean eragiten dituen inpaktu sinergiko eta metagarrien pisua, lurzoruaren eta uren nitratoek eragindako poluzioa edo ustiategien asetasuna. Alderdi horiek ez dira behar bezala garatu inpaktuaren azterketan, eta azterketa kokalekuaren alderdi ekonomikoetan eta egokitasunekoetan oinarritu da, kokaleku berri batekoen aldean.

Proiektuaren irismenak instalazioen mugaketa bera gainditzen duela uste du, izan ere, minden banaketak Errege Bardeako Kontserbazio Bereziko Eremu barruan, Natura 2000 Sarean eta estepako abifauna kontserbatzeko Eremu Kritikoetan babes-maila desberdina duten espezieei eragiten die. Izan ere, horiek kontserbatzeko adostasun zientifikoak adierazten du eremu horietan ongarri organikoak aplikatzea saihestu behar dela, eta, gainera, leku horretako ordenantzek debekatu egiten dutela.

Alderdi garrantzitsutzat hartzen du, halaber, nitrato-kutsadurarekiko kaltebera den eremu baten barruan hedatzeak sortzen duen ziurgabetasuna. Izan ere, araudi sektorialaren arabera, nitratoen bidezko kutsadurari egiten dion ekarpenagatik uka daiteke eremu hori, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren irizpideekin bat etorriz, hau da, eremu kalteberetan proiektuak ezartzea eta zabaltzea ez da egokia, arroko uretan nitrato-eduki handiari aurre egiteko estrategiaren arabera (RANITCHE).

Azkenik, Sustrai Erakuntza Elkarteak adierazi du akats formalak antzeman direla simaurrak kudeatzeko soluzioan jardueraren zati zabalduan, eta dokumentazioan ez dela sartzen arroko erakundeak ur-hornidura handitzeko nahitaezko baimena. Titularrak Moranteko ureztatzaileen komunitatetik lortzea aurreikusten du handitze hori, Alesbesko biztanleak hornitzeko ere balio baitu, eta, gaur egun, hornidurarik ezagatik murrizketak ditu, eta Alesbesek putzu bat erabili behar du edateko uretarako baztertutako alubialean, nitratoek eragindako kutsadura handiagatik.

Ondorioz, jarduerari baimen bateratua ez emateko eskatu du.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren izapidean, alegazio horretan jasotako ingurumen-eduki hutseko alderdiak hartu dira kontuan, eta KBEari eta eremu kritikoetako espezieei buruzkoak aintzat hartu dira, biodibertsitatea babesteko neurri zuzentzaile osagarriak sartzea aintzat hartuta.

III. ERANSKINA.–INGURUMEN-INPAKTUAREN AZTERKETAREN LABURPENA ETA ZAINTZA PLANA

Tramitazioan, ingurumen-inpaktuaren azterketa bat eta ingurumen-baimen bateratuaren proiektua sartu dira, eta alternatiben azterketa bat ere bai, eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten izapidean emandako informazioari erantzuteko. Ingurumenaren ikuspegitik, kokaleku hori handitzea da irtenbiderik egokiena.

Proiektuak ezarpenean eta funtzionamenduan izan ditzakeen inpaktuak identifikatzen eta deskribatzen ditu azterketak, eta proiektua ezarpenean ingurumen-integratuta dagoela ziurtatzeko neurriak proposatzen ditu. Era berean, diseinu- eta kudeaketa-neurriak proposatzen ditu, lurzorua eta ura nitratoen bidezko kutsaduratik babesteko, bai eta behi-aziendaren sektoreko araudian aurreikusitako neurri eta teknika erabilgarriak ere, isurketen, isurketen, hondakin-sorkuntzaren eta baliabide-kontsumoaren prebentzioari eta kontrolari dagokienez.

Proiektuan, alde batetik, obrek proiektuaren esparruan izanen duten ukipena mugatzeko prebentzio neurriak jaso dira, eta funtzionamenduan egon bitartean ingurumenean izanen duten eragina murriztekoak. Bestalde, proiektuak, nekazaritzako ongarri gisa balorizazio materiala egiteko abeltzaintzako gorozkiak behar bezala aplikatzen direla bermatzen duten jarraibideak aurreikusten dituenak, kontuan hartu ditu hegazti-faunari eragindako eragozpenen eta estepako abifaunaren kontserbaziorako "AC10: Azkoien-Funes" eta "AC21: Errege Bardeak" eremu kritikoetako habitataren degradazioaren ondoriozko eragin kaltegarria mugatzeko neurriak, estepako hegaztien banaketa-planaren lurralde-eraginpean baitaude.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak simaurrak banatzeko lurralde-plan bat du. Plan horrek bereizi egiten ditu, batetik, egungo ustiategiaren funtzionamenduak sortutako simaurra eta, bestetik, simaurraren nekazaritza-banaketa. Azken kasu horretan, jarduera zabaltzea aurreikusten da, eta kudeatzaileari emateko konponbide bat proposatzen da. Azterketan, halaber, ingurumena zaintzeko plan bat sartu da. Plan horretan, azterlanak atzemandako ondorio nagusien jarraipena eta kontrola egiteko betebeharrak sartu dira.

III. ERANSKINA.–ABELTZAINTZAKO USTIATEGIETAKO MINDAK, DIGESTATOA ETA/EDO SIMAURRAK BEHAR BEZALA KUDEATZEKO NEURRI OSAGARRIAK NATURA 2000 SAREAN ETA FAUNARENTZAKO EREMU KRITIKOETAN

Abeltzaintzako ustiategi bateko minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa planak ukitzen badu estepako hegazti katalogatuak edo mehatxaturik egon daitezkeen bestelako espezieak daudela egiaztatua dagoen lurzatiren bat (esaterako, ibaien ibilguak edo Natura 2000 sarean eta estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko garrantzizko eremuetan sartutako guneak), bermatu beharko da faunaren kontserbazioari mesede egiten dion nekazaritza jarduera mantentzen dela eta lehorreko laboreen txandaketa egiten dela, eta ingurumen baldintza hauek bete beharko dira:

–Oro har, intereseko flora eta faunaren habitat eta espezieak ukitzen dituzten erabilerek eta jarduketek haien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bete beharko dituzte.

–Lehorreko zereal-alorretan ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere, martxoaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, ugaltze-garaian estepako hegaztien babesa bermatzearren.

–Lugorrietan ez da mindarik aplikatuko, ezta eratorririk ere. Gainera, estepako hegaztien bizi-zikloa osatzeko lugorriek duten garrantzia ikusirik, simaurren planaren ondorioz ez da laborantza areagotu behar eta lehendik zegoen lugorri-sistema eraldatu.

–Ez da onartzen presio baxuko aspertsiozko ureztatze kokatuko banaketa-sistema (fertirrigazioa). Espazio horietan onartzen da tutu esekiak dituzten zisternen bidezko banaketa lokalizatua, lehenago aipatutako oharrekin: aplikazioak errespetatu egin beharko du estepako hegaztiak babesteko egutegia, eta bermatu beharko du ez dela sortzen intereseko habitatei kalte egiten ahal dieten istiltze edo jariatzerik.

–Ez dira kutsatu behar ur-ibilguak eta hezeguneak, urte-sasoi bateko ibilguak izan edo etengabeak. Erreka-zuloak eta haien adarrak ur ibilgutzat hartuko dira, batez ere inguruan habitat naturalak dituztenak (gatzagak, larreak, landare higrofiloak edo mehatxatutako flora taxoiak), habitat horiek Natura 2000 Sarearen barnean sartuak egon ala ez. Nolanahi ere, ez da azaleko ur-jariatzerik bideratu behar hustubide edo drainatzeetara.

–Ez da onartzen mindak, digestatoa eta/edo simaur likidoa erabiltzea ur-masa iraunkorretatik 50 metro baino gutxiagoko distantziara, izan ibilgu nagusiak edo bigarren mailako sarea.

Iragarkiaren kodea: F2516569