1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
148/2025 EBAZPENA, abenduaren 12koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez adierazten baita Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak bildu eta deuseztatuko dituela basurdeen gorpuak Nafarroako Foru Komunitatean.
Basurde gehiegi egoteak askotariko arazoak sortzen ditu, besteak beste, nekazaritzako laboreetan eta larreetan kalteak areagotzea, inpaktu ekologikoak, animalien osasunerako arriskuak (zerri izurri afrikarra, ahoeria, zirkobirusa, zerrien ugalketa- eta arnasketa-sindromea...), gizakien osasunerako arriskuak (E hepatitisa, salmonella, tuberkulosia...), bai eta errepideko zirkulaziorako arriskua ere, gertatzen diren istripuengatik.
Zerri izurri afrikarra (aurrerantzean, ZIA) A kategoriako gaixotasunen artean dago sailkatuta Europar Batasunean, Batzordearen 2020/687 (EB) Erregelamendu Eskuordetuak, 2019ko abenduaren 17koak, zerrendako gaixotasun jakin batzuk prebenitu eta kontrolatzeko arauen inguruan Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/429 (EB) Erregelamendua osatzen duenak xedatutakoari jarraikiz; horregatik, estatu kideak behartuta daude gaixotasun horren eraginpeko eremuetan dagozkion neurriak hartzera, ahalik eta lasterren kontrolatu eta desagerrarazteko.
Horretarako, Kataluniako Albaitaritza Zerbitzu Ofizialak (SVO) Batzordearen 2020/687 (EB) Erregelamendu Eskuordetuan ezarri diren kontrol neurri guztiak hartzen ari dira, hau da, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak prestatutako ZIAren aurka borrokatzeko eragiketen Eskuliburu Praktikoan (X. atala) jasotakoak. Hauek dira, besteak beste: infektatutako eremu bat mugatzea; basurde basatien gorpuak modu aktiboan bilatu eta deuseztatzea, kontrol ofizialarekin; eremuan ehiza debekatzea, basurdeak gaixotasunik gabeko eremuetara joan ez daitezen; funtsezkoak ez diren jarduerak murriztea; zerrien ustiategietan zaintza pasiboa indartu eta biosegurtasun neurriak hartzea, eta horietara bisita ofizialak egitea. Neurri horiek hartu dira 2025eko azaroaren 26an bi basurde basati hil berriren gorpuak aurkitu zituztelako Bartzelonako Unibertsitate Autonomoaren kanpusetik gertu, eta elkarren artean kilometro bateko distantziara, gutxi gorabehera. 2025eko azaroaren 27an, arratsaldeko azken orduan, PCR-RT bidez egiaztatu zen ZIAren genoma birala zutela.
Horregatik, zenbait autonomia erkidegok prebentzio- eta kontrol-neurri batzuk aplikatu dituzte edo aplikatzea aztertzen ari dira, besteak beste, basurdeen ehizaren kudeaketarekin lotutako neurriak, espezie horren gehiegizko populazioa murrizte aldera, nagusiki.
Azken urteotan, Nafarroako basurdeen populazioak goranzko joera nabarmena izan du. Animalia hauen populazioak % 28 egin du gora ebaluatutako aldi osoan (2002/2003-2024/2025), eta % 14, azken 10 denboraldiak soilik kontuan hartzen baditugu. Oro har, populazioa hazi egin da, azken denboraldietan motelago. Eskualde batzuetan eta besteetan joera orokor hori desberdina izan da; hala, Kantauriko eskualdean hazkunde nahiko iraunkorra izan du, Pirinioetakoan gorabehera handiak izan ditu, eta Erdialdean eta Erriberan tarteko egoera batean egon da.
Ehiza basurdeen populazioa kontrolatzeko tresna bat denez, animalion ugaritasunaren ondorioak murrizteko balio du. Dauden datuen arabera, Nafarroan, 2024-2025 aldiko kanpainan, 8.615 basurde hil zituzten, hau da, populazioaren % 39.12 atera zen.
Orain arte, ehizatzen zenean, animaliak eta ehizakiak ateratzen ziren. Hildako pieza horiek ingurune naturalean uzteak handitu egiten du gaixotasunak zabaltzeko arriskua, hala animalien osasunerako nola osasun publikorako, gorpuak patogeno asko transmititzeko bidea baitira. ZIAren kasuan, infektatutako animalien gorpuak dira gaixotasuna ingurune naturalean zabaltzeko transmisio biderik handiena.
Animalien osasunaren inguruko araudiak arautzen ditu ehiza larriko jardueretan hildako animalien bilketa, garraioa eta deuseztapena. Araudi horretan ezartzen da ehiztariek zer aukera dituzten horretarako.
11/2000 Foru Legeak, azaroaren 16koak, Abereen Osasunari buruzkoak, bere 26. artikuluan horri buruz ezartzen duenez, "Legearen 26. artikuluak honako hau xedatzen du: "Edozein ziorengatik hiltzen diren abereen jabe edo edukitzaileak beharturik daude abere hilak unean-unean indarra duen arautegian aurreikusiriko tokietan eta sistemen bidez higienikoki suntsitzera. Debeku da abere hilak edo hilzorian daudenak beste edozein tokitan eskutik uztea, horretarako baimentzen diren saien bazkatokiak eta mandotegiak kasuan-kasuan ezartzen diren baldintzetan erabiltzea galarazi gabe. Administrazioak baimendutako sai-bazkatokien edo mandotegien osasun-jarraipena eginen du».
Oro har, ehiztariek, erraiak kendu ondoren, aukera hauetako bat erabiltzen dute:
a) Baimendutako enpresa batekin harremanetan jartzea, bertaratu eta basurdeak jaso ditzan.
b) Baimendutako enpresa batera joatea hildako animaliarekin eta han saltzea edo animaliarekin produktuak egiteko eskatzea (hestebeteak, beste haragi pieza batzuk).
c) Hildako abereen osasun araudiak ezarritako baldintzak betetzen dituen hegaztiendako bazkaleku batera edo beste leku batera eramatea.
Nafarroan, gaur egun, Foru Komunitatean egoitza duen enpresa bakar batek biltzen ditu hildako basurdeak mendian. Enpresa hori Murietan dago, Centro de Caza Biurrun izena du eta 10 ibilgailu ditu, horietatik 9 modernoak eta hozkailudunak. Badira beste bi enpresa beren zentroetan basurdeak hartzen dituztenak, baina ez dituzte basurdeak biltzen. Bestalde, bada Aragoiko enpresa bat lan horiek egiten dituena, baina oso noizean behin eta Aragoirekin muga egiten duten barrutietan, zeinetan ehiza-taldeek bi autonomia-erkidegoetan ehizatzen baitute.
Hain justu, Centro de Caza Biurrun enpresak (aurrerantzean, CCB) 5.801 basurde bildu zituen 2024-2025 aldiko kanpainan; hau da, bildutako basurde guztien % 67,33. Horri gehitu behar zaizkio ehiztariek zentrora eramaten dituzten basurdeak, bai eta ezohiko baimenen ondorioz sasoitik kanpo harrapatzen direnak ere.
Gogorarazi behar da Nafarroan ohikoa dela ehiza soziala deritzona: profesionalak ez diren afizionatuek ehizan egitea. Halakoetan, animaliak biltzen dituen enpresa arduratzen da bilketaren kostuaz, animalietatik lortzen ahal duen aprobetxamenduaren truke.
Kontuan hartuta basurdeen ehuneko bat beste enpresa batzuetara, hegaztiendako bazkalekuetara edo baimendutako beste toki batzuetara eramaten dituztela, edo denboraldiaren hasieran ehizatzen dituztela, esaten ahal da CCB enpresak kudeatzen dituela Nafarroan bildutako basurde gehien-gehienak. Ondorioz, enpresa horren jarduera ezinbestekoa da ehizari eusteko eta basurdeen gehiegizko populazioarekin lotutako arriskuak arintzeko.
ZIAren agerraldiaren ondoren, Nafarroan hildako basurdeak tokian bertan biltzen dituen enpresa bakarrak eragin hauek pairatu ditu:
1. CCB enpresako animalien hondakinak jasotzen zituen Errioxako enpresak jakinarazi du ez duela hondakin horiek jasotzen jarraituko, harik eta ZIAk eragindako egoera oneratu arte. Biosegurtasunarekin lotutako arrazoiak eman ditu.
2. Ehiza larriko haragiaren lonjak kotizaziorik gabe utzi du basurde haragia; hori dela eta, CCB enpresaren basurde haragiaren % 80 jasotzen duen enpresak ez du ezer ordaintzen haren truke.
Ondorioz, gertatzen ahal da enpresak Nafarroan hiltzen diren basurdeen bilketa etetea, eta horrek arazo larria sortzen ahal du osasunaren, ingurumenaren eta gizartearen esparruetan. Argi dago ez dela irtenbidea ehizatzeari uztea, mendian ez dadin hildako basurderik egon, administrazio guztiek sustatzen baitute basurdeak ehizatzea, haien populazioa murrizteko.
CCB enpresak zerbitzua mantentzeak sortuko lituzkeen kostuak kalkulatzeko, hau hartu behar da kontuan:
a) CCB enpresak basurdeak tokian bertan biltzeko denboraldia, salbuespenak salbuespen, ia guztiz bat dator ehiza denboraldiarekin; izan ere, irailean hasten da (ehiza denboraldia hasi eta 15 egunera) eta ehiza denboraldiarekin batera akitzen da (otsailaren 28an). Ostegunetan, larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan egiten du lan, egun horietan baitago baimenduta basurdea ehizatzea.
b) CCB enpresaren gaur egungo plantillan 10 gidari, kudeaketako 2 langile eta instalazioko 12 langile daude. Aintzat hartuta enpresak beste probintzia mugakide batzuetan ere basurdeak biltzen dituela eta datu guztiak estrapolatuta, esaten ahal da Nafarroan basurdeen bilketa bermatzeko 6,5 gidari, instalazioko 8 langile eta kudeaketako 2 langile direla behar-beharrezkoak.
c) Nafarroan hildako basurdeak biltzea bermatzeko oinarrizko aurrekontua 27.100 euro hileko da. Oro har, sei hileko denboraldi batean, basurde bakoitzak 28 euroko kostua izanen luke (2024-2025 aldiko kanpainako bilketaren datuak kontuan hartuta). Horrek barne hartzen du:
–Hildako basurdeak tokian biltzea.
–Bilketa zentrora eramatea.
–Zentroan animaliak sailkatzea, lehen saneamendua egitea, behar denean laginak lortzea, etab.
–Trazabilitatea bermatzea, aplikazio informatiko bat erabiliz.
d) Kostu horrez gain, basurde bakoitzeko beste 4 euro gehitu behar dira, larruak eta beste hondakin batzuk kudeatzeko; beraz, basurde bakoitzeko kostu osoa 32 euro ingurukoa da.
e) Zenbateko horrek ez du barne hartzen enpresak ehiztariari basurde bakoitzeko ordaintzen dizkion 8-10 euroak, ehizakia jaitsi eta erraiak ateratzeagatik. Duela bi urte arte, CCB enpresak gehiago ordaintzen zuen, ehiza larriko haragiak balio handiagoa zuelako merkatuan. Beraz, unitate bakoitza biltzearen gehieneko kostua 42 euro izanen litzateke.
f) Azkenik, CCB enpresak jasotako haragiaren % 10-20 eraldatzen du, hestebeteak edo beste produktu batzuk egiteko. Jasotako gainerako haragia ehizakiekin lan egiten duen Toledoko enpresa handi bati saltzen zaio.
11/2000 Foru Legeak, azaroaren 16koak, Abereen Osasunari buruzkoak bere 26.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, "Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak antolatu eta finantzatuko ditu ustiategietan teknikariek eskatutako osasun hustuketak direla-eta, bai garrantzi bereziko gaixotasunen ondorioz, hildako animaliak biltzeko planak".
Artikulu hori abeltzaintzako ustiategiei buruzkoa da, baina, kasu honetan, ZIAren eraginpean izaten ahal diren animalia basatiak ditugu esku artean, eta gaixotasun hori bereziki larria da; beraz, basurdeen gorpuak modu seguruan bildu eta deuseztatzea ezinbestekoa da gaixotasuna ez hedatzeko eta Foru Komunitateko zerri ustiategietan eraginik ez izateko.
Horixe jasotzen du, berariaz, Batzordearen 2020/687 (EB) Erregelamendu Eskuordetuak, 2019ko abenduaren 17koak, bere 31. eta 32. irizpideetan, hau baitio: zerrendako espezieetako animalia basatiek ere A kategoriako gaixotasunak izaten ahal dituzte; animalia basati horientzako kontrol neurriak funtsezkoak dira gaixotasunak ez hedatzeko eta desagerraraztea bermatzeko; eta hildako animalia basatien gorpuak modu seguruan bildu eta deuseztatzeak A kategoriako gaixotasunak ez hedatzen laguntzen du.
Erregelamendu horren 62. artikuluaren arabera, "Susmoa badago A kategoriako gaixotasun bat dagoela animalia basatiren baten gorpuan, norbaitek hil baditu nahiz hilda aurkitu badira, agintari eskudunak bermatuko du:
a) Hildako animalia basatien gorpu osoak edo zatiak 1069/2009 (EE) Erregelamenduaren arabera deuseztatu edo eraldatuko direla, eta
b) Ahal denean, hildako animalia basatien gorpuekin edo horietatik ateratako azpiproduktuekin kontaktuan egoteagatik kutsatuta egoten ahal den edozein material edo substantzia garbitu eta desinfektatuko dela, edo albaitari ofizialen jarraibideak betez eta haien ikuskaritzapean deuseztatuko dela".
Egia da Nafarroan ez dela aurkitu A kategoriako gaixotasunik basurdeetan, baina ezinbestekoa da dagozkion neurriak hartzea gaixotasun hori ez zabaltzeko.
2/2018 Foru Legeak, apirilaren 13koak, Kontratu Publikoei buruzkoak hau ezartzen du bere 140 artikuluan:
"Hondamen egoerak, arrisku larriko egoerak edo segurtasun publikoa arriskuan jartzen duten beharrizanak direla-eta administrazioak berehala jardun behar duenean, kontratazio espedienteak honako izapidetze berezia izanen du:
a) Eskumena duen kontratazio organoak, administrazio espedienterik izapidetu beharrik izan gabe, gertaturikoa konpontzeko edo sorturiko beharrari aurre egiteko beharrezkoa dena egitea agin dezake eta libreki kontratatu ere, xede osoa edo zati bat, foru lege honetan ezarritako formazko betekizunak errespetatu behar izan gabe, are kreditu aski izateko eskakizuna bera ere".
Hori guztia kontuan hartuta, Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuko Ehiza Kudeaketarako Atalak, Abeltzaintza Zerbitzuarekin kontrastatu ondoren, proposatu du Nafarroan hildako basurdeen bilketa larrialdiko jardueratzat hartzea eta, beraz, larrialdi espediente bat egitea Centro de Caza Biurrun enpresarekin, 2/2018 Foru Legeak, apirilaren 13koak, Kontratu Publikoei buruzkoak bere 140. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, hildako basurdeen bilketa bermatzeko.
Adierazitako guztiagatik, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Adieraztea Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak eginen duela Nafarroako Foru Komunitatean basurdeen gorpuak bildu eta deuseztatzeko lana, 2026ko otsailaren 28ra arte, horren aurretik estatu mailan deklaratu ezean ez dagoela Afrikako zerri izurririk herrialdean.
2. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak, Centro de Caza Biurrun enpresaren bitartez, beharrezkoak diren jarduketak eginen ditu animalia hilak bildu eta deuseztatzeko.
Horretarako, basurdeak hil ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko ehiza barrutietako titularrak Centro de Caza Biurrun enpresarekin harremanetan jarri beharko dira, bertara joan daitezen hildako animaliak atera eta ondoren deuseztatzeko.
3. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak ordainduko ditu hildako basurdeak bildu eta deuseztatzearen ondoriozko kostuak, enpresak jaulkitako fakturak aurkeztu ahala, 740002 74200 2269 456300 partidaren kargura (Ehizako askotariko gastuak), eta kostuak ez izanen du 42 eurotik gorakoa izan basurde bakoitzeko.
Ez da ordainduko hildako basurdeak bildu eta deuseztatzearekin zuzenean lotuta ez dagoen beste kosturik.
4. Ebazpen hau helaraztea Nafarroako Foru Komunitateko ehiza barrutien titular guztiei, Centro de Caza Biurrun enpresari eta Abeltzaintza Zerbitzuari, dagozkion ondorioak izan ditzan.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2025eko abenduaren 12an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2516608