16. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

158/2025 EBAZPENA, abenduaren 16koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita linea elektrikoen titularrei dirulaguntzak emateko hirugarren deialdia, 2026ko ekitaldian linea batzuk zuzen ditzaten, bat etorrita abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin, eta Europar Batasunak finantzaturiko Next Generation EU Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. DDBN kodea: 876247.

Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen xedea da natura-baliabideak, bereziki naturaguneak, basa flora eta fauna, babestu, leheneratu, zaindu eta hobetzeko arauak ezartzea. Lege horren 54. artikuluak ezartzen du behar diren neurriak hartuko direla basa-biodibertsitatea zainduko dela bermatzeko. Eta, bere aldetik, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak ezartzen du arautzen dituen jarduerak bateragarriak izan behar direla ingurumenaren babesarekin.

Linea elektrikoak dira hegazti-faunaren heriotza ez natural gehien eragiten dituen faktoreetako bat, asko hiltzen baitira elektrokutatuta edo haien aurka talka eginda.

Nafarroan, arazo horretaz ohartu ziren jada 1991. urtean, urte hartan onetsi baitzen apirilaren 4ko 129/1991 Foru Dekretua, zeinaren bidez instalazio elektrikoetarako arau teknikoak ezarri baitziren, hegazti-fauna babesteko asmoz.

Estatuan, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua onetsi zen; dekretu horren bidez hegaztiak goi-tentsioko linea elektrikoen aurka talka egitetik eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri ziren, linea elektrikoek hegaztiei eragiten dieten afekzioa minimizatzeko. Era berean, zenbait betebehar ezarri ziren, linea elektrikoek bete beharreko baldintza tekniko batzuk, hegazti-fauna elektrokutaturik edo talkaz hil ez zedin. Horrez gain, mekanismo eta aurrekontu batzuk gaitu ziren arau horren aurretik jarritako lineak zuzentzearen kostua finantzatzeko.

Betetze aldera abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretu horren 4. artikuluan ezarritakoa, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak abenduaren 31ko 1150/2013 Ebazpena eman zuen, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez mugatu baitziren hegaztien espezie mehatxatuak ugaldu, elikatu, hedatu eta elkartzeko lehentasunezko eremuak, eta xedatu baitzen babes-eremuak argitaratzea, aplikatu zedin, Nafarroan, abuztuaren 29ko 1432/08 Errege Dekretua, zeinaren bidez neurri batzuk ezarri baitziren hegazti-fauna goi-tentsioko linea elektrikoen aurka talka egitetik eta elektrokutatzetik babesteko.

Gerora, errege dekretu horretako 5.2 artikuluan xedatutakoa betetze aldera, martxoaren 8ko 70/2018 Ebazpena eman zuen Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak, zeinetan zehaztu baitzen Nafarroako babes-eremuetan kokatutako goi-tentsioko zer linea elektrikok ez dituzten betetzen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak jasotako agindu teknikoak (errege dekretu horren bidez ezarri ziren hegazti-fauna goi-tentsioko linea elektrikoen aurka talka egitetik eta elektrokutatzetik babesteko neurriak). Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, eta linea horien jabeei jakinarazi zitzaien.

2020ko abenduaren 14an, Europar Batasuneko Kontseiluak 2020/2094 (EB) Erregelamendua onetsi zuen, zeinaren bidez Europar Batasunaren tresna bat ezarri baitzen COVID-19aren krisiaren osteko susperraldia babesteko. Espainiako estatuan, funts horiek azkar eta eraginkortasunez inberti zitezen, abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretua argitaratu zen, zeinaren bidez premiazko neurri batzuk onetsi baitziren Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko.

2021eko otsailaren 18an, EBAOn argitaratu zen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua, 2021eko otsailaren 12koa, zeinaren bidez ezarri baitzen Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa. Erregelamendu horrek ezarri zituen Batasunaren helburuak, finantzaketa, eta finantzaketa-modalitateak, Mekanismoaren esparruan, eta finantzaketa hori emateko arauak.

Finantza-baliabide horien betearazpena Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (SEEP) bidez egiten da. Plan hori Ministroen Kontseiluaren 2021eko apirilaren 27ko Erabakiaren bidez onetsi zen, Espainiaren Suspertze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onesteari buruzko Kontseiluaren Betearazpen Erabakian (Council Implementing Decision-CID), 2021eko uztailaren 13koan, ezarritakoarekin bat etorriz.

SEEPen barruko hamar palanka-politiken artean dago II. politika, "Azpiegitura eta ekosistema erresilienteak". Horrek, aldi berean, barnean hartzen du Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko 4. osagaiko (Itsasoko eta lehorreko ekosistemak eta horien biodibertsitatea kontserbatzea eta lehengoratzea) 2. inbertsioa (Lehorreko eta itsasoko biodibertsitatea kontserbatzea). Inbertsio hori zuzenean dago lotuta 050 kodeko etiketa klimatikoarekin (Natura eta biodibertsitatea, natura baliabideak eta ondarea, azpiegitura berdeak eta urdinak babestea); %40ko ekarpen klimatikoa du, eta %100eko ingurumen ekarpena. Kudeatzeko printzipio espezifikoekin bat, osagai horretarako ezartzen da CIDeko 69. helburua (Biodibertsitatea kontserbatzeko jarduketak), zeinaren arabera herrialde osoan jarduketak egin beharko baitira gutxienez ere 50.000 hektareatan, kontserbazio lanak egiteko.

Bestalde, "Gida teknikoa «kalte nabarmenik ez eragitea» printzipioaren aplikazioari buruz" deritzon Batzordearen Komunikazioan (2021/C 58/01) xedatutakoa betez, bai eta Kontseiluaren Betearazpen Erabakian (Espainiako Suspertze eta Erresilientzia Planaren eta haren eranskinaren ebaluazioaren onespenari buruzko betearazpen erabakia) eta Akordio Operatiboei buruzko Erabakian eskatutakoa ere, esparru horretan gauzatzen diren jarduketa finantzatu guztiek errespetatu behar dute ingurumena nabarmen ez kaltetzearen printzipioa (ingelesezko siglak DNSH - «Do No Significant Harm»).

Arau horien babesean, 2021eko apirilaren 14ko Ingurumeneko Konferentzia Sektorialak erabaki bat onetsi zuen, zeinaren bidez formalizatu baitziren kreditu batzuk banatzeko irizpideak eta haien lurralde-banaketa (kreditu horiek linea elektrikoak aldatzeko erabiliko dira, hegazti-faunan kalterik eragin ez dezaten, eta sartuta daude aipatutako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoan). Erabaki horren harira, 1.306.676,95 euro transferitu zitzaizkion Nafarroako Foru Komunitateari. Horrela, bada, 2022ko ekainaren 20ko Ingurumeneko Konferentzia Sektorialaren erabakiaren bidez aldatu egin zen, puntualki, 2021eko apirilaren 14an hartutako erabakia: gauzatzeko epeak handitu ziren, baina kredituak banatzeko irizpideak eta haien lurralde-banaketa aldatu gabe.

2023ko urriaren 23tik 31ra bitarte prozedura idatzi bidez izandako Ingurumeneko Konferentzia Sektorialaren saioan onetsi egin zen Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 4. osagaiari lotutako zenbait erabaki aldatzea, aplikatzean sortutako premien eta esperientziaren harira. Zehazki, jarduketak gauzatzeko epeei buruzko 2. apartatuan, jarduketak hasteko gehieneko epeak eta gastu konpromisoak, baita amaitzeko gehieneko epeak ere, honela geratzen dira: "Finantzatuko diren jarduketa guztiek 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera hasiak izan beharko dute. Gauzatzeko epeei dagokienez, Betearazpen Erabakian jasotakoa bete beharko da, bertan ezartzen baita 2., 3. eta 4. inbertsioen inplementazioa, beranduenik, 2026ko ekainaren 30ean amaituko dela. Oro har, jarduketak amaitzeko datak aukera eman behar du Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan sartzeko errekeritutako frogagiriak eta informazioa osorik bidaltzeko, baita helburuak betetzen direla egiaztatu eta akreditatzeko beharrezkoa den dokumentazioa osorik bidali eta sartzeko ere; beraz, kontuan hartu behar da zer epe den beharrezkoa helburua betetzen dela justifikatzeko eta organo eskudunak hori akreditatzeko gaitasuna bermatu dadin".

Eskualde mailan, eta Next Generation funtsak eraginkortasunez eta efizienteki kudeatuko direla bermatze aldera, apirilaren 14ko 4/2021 Foru Lege Dekretua onetsi zen, zeinaren bidez presako neurriak onetsi baitziren Suspertzerako Europako Bitartekotik heltzen diren funts europarren bidez finantzatzen ahal diren jarduketak kudeatzeko eta gauzatzeko.

Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministroaren 2021eko maiatzaren 18ko Ebazpenaren bidez, formalizatu egin ziren autonomia erkidegoekin 2021erako hartutako finantza-konpromisoak, lerro honetakoak: abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua aplikatzeko lerroa, linea elektrikoak aldatzeko. Lerro hori finantzatu da Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kargura, eta Nafarroari 1.306.676,95 euro dagozkio. Ordainketa 2021eko maiatzaren 28an egin zen.

Nafarroako Gobernuaren 2022ko apirilaren 27ko Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Ingurumeneko zuzendari nagusiari 1.306.676,95 euroko gastua konprometitzeko.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren uztailaren 1eko 104/2022 Ebazpenaren bidez, "Linea elektrikoak zuzentzeko dirulaguntzak, hegazti-fauna babesteko" jarduketa kudeatzeko plana onetsi zen (jarduketa hori sartzen da Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 4. osagaiaren barruan). Martxoaren 8ko 6/2024 Ebazpen bidez, kudeaketa plan hori aldatu egin da Ingurumeneko Konferentzia Sektorialak prozedura idatziz 2023ko urriaren 23tik 31ra bitarte izandako saioan sartutako aldaketetara egokitze aldera, aipatu denez.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 5eko 128/2022 Ebazpenaren bidez, onetsi egin zen linea elektrikoen titularrei dirulaguntzak emateko deialdi bat, linea batzuk zuzen ditzaten, bat etorriz abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin, 2022ko, 2023ko eta 2024ko ekitaldietan, eta Europar Batasunak finantzaturiko Next Generation EU Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, 1.306.676,95 euroko zenbatekoan. Nolanahi ere, laguntza eman eta deialdi horretako lehenengo ordainketa egin ondoren, 414.148,33 euro geratzen dira konprometitu gabe, eta, beraz, soberako aurrekontuarekin beste dirulaguntza-deialdi bat egin zen.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ekainaren 12ko 71/2024 Ebazpenaren bidez, linea elektrikoen titularrei dirulaguntzak emateko deialdia onetsi zen, 2024ko eta 2025eko ekitaldietan linea batzuk zuzen ditzaten, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat eta Europar Batasunak (Next Generation) finantzaturiko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan. Ebazpen hori argitara eman zen eta 414.148,33 euroko gastua baimendu zen, 2024ko gastuen aurrekontuko "SEM C4. Linea elektrikoak" izeneko 740003 74300 7701 261700 partidaren baliokidea izateko asmoz 2025eko aurrekontuetan gaitutako partidaren kargura, betiere kreditu egoki eta nahikoa izanez gero. Abenduaren 12ko 236/2024 Ebazpenaren bidez, hasieran baimendutako gastuari 115.521,79 euro gehitzea baimendu zen, eta, ondorioz, baimendutako gastua 529.670,12 euroan gelditu zen, 2025eko gastu-aurrekontuko "SEM C4. Linea elektrikoak" izeneko 740003 74300 7701 261700 partidaren kargura. Deialdi horretako laguntzak onartu eta ordaindu ondoren, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 24ko 128/2025 Ebazpenaren bidez, 208.419,08 euro geratu ziren konprometitu gabe; beraz, beste dirulaguntza-deialdi bat egitea proposatzen da, soberako aurrekontuarekin.

Laguntza horiei osotara aplikatuko zaizkie EBren Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismorako ezartzen diren kudeaketa- eta kontrol-mekanismoak, bai eta, batetik, Europar Batasunaren araudia ere, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa, jarraipen eta kontrolerako ezartzen dena, eta, bestetik, Europar Batasunaren araudiak informazio, publizitate eta egiaztapenaren arloan eta gainerakoetan ezartzen dituen agindu espezifikoak ere, horiek aplikatzea nahitaez bete beharrekoa izanen baita.

Ebazpen honetan aurreikusitako finantzaketa ez da Estatuaren laguntzatzat hartzen; izan ere, Ingurumena eta energia babestearen arloko estatuko laguntzei buruzko 2014-2020 aldirako jarraibideen (Batzordearen 2014/C 200/01 Jakinarazpena) 15.e) apartatuaren arabera, haren aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira biodibertsitatea kontserbatzeko laguntzak. Bestalde, Altmark epaian adierazitako lau irizpideak betetzen direnez, laguntza horiek guztiz bateragarriak dira barne-merkatuarekin, betetzen baitira Batzordearen 2011ko abenduaren 20ko 2012/21/EB Erabakian ezarritako baldintzak. Erabaki horretan ezartzen da nola aplikatu behar zaizkien Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 106. artikuluaren 2. apartatuko xedapenak interes ekonomiko orokorreko zerbitzuak kudeatzeaz arduratzen diren zenbait enpresari zerbitzu publikoa emateagatik konpentsazio modura ematen zaizkien dirulaguntzak.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen abuztuaren 17ko 10/2023 Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea linea elektrikoen titularrei dirulaguntzak emateko deialdia, 2026ko ekitaldian linea horiek zuzen ditzaten, bat etorriz abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuarekin. Deialdiaren helburua da Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren 69. helburua (Biodibertsitatea kontserbatzeko jarduketak) betetzen laguntzea.

2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honi erantsi zaizkio.

3. 208.419,08 euroko gastua baimentzea 2025eko gastuen aurrekontuko "SEM C4. Linea elektrikoak" izeneko 740003 74300 7701 261700 partidaren baliokide izateko asmoz 2026ko aurrekontuan gaitzen den partidaren kargura, betiere kreditu egoki eta nahikoa badago.

Proiektu hori PEP E-21/000456-01 elementuan kontabilizatuko da.

4. 2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 26ko 19/2024 Foru Legeak 76. artikuluan xedatzen duenez, dirulaguntza horiek 2026ko ekitaldiaren kargura emanen dira. Dirulaguntza horiek emateko, ezinbestekoa izanen da kreditu egoki eta nahikoa egotea laguntzak finantzatu ahal izateko ekitaldi horretako aurrekontuaren kontura.

5. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

7. Deialdi hau erregistratzea Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean.

8. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egun baliodunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2025eko abenduaren 16an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

LINEA ELEKTRIKOEN TITULARREI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA, 2026KO EKITALDIAN LINEA BATZUK ZUZEN DITZATEN, BAT ETORRIZ ABUZTUAREN 29KO 1432/2008 ERREGE DEKRETUAK EZARTZEN DUENAREKIN. OINARRI ARAUTZAILEAK

XEDAPEN KOMUNAK

1. oinarria. Xedea eta aplikazio-eremua.

Oinarri hauen xedea da goi-tentsioko linea elektrikoak abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan ezarritako baldintzetara egokitzearen ondoriozko gastuak konpentsatzeko laguntzen araubidea ezartzea, norgehiagokan. Errege dekretu horrek goi-tentsioko linea elektrikoetan hegazti-fauna talken eta elektrokuzioen aurka babesteko neurriak ezartzen ditu.

Aipatu laguntzak ez dira Estatuaren laguntzatzat hartzen; izan ere, ingurumena eta energia babestearen arloko estatuko laguntzei buruzko 2014-2020 aldirako jarraibideen (Batzordearen 2014/C 200/01 Jakinarazpena) 15.e) apartatuaren arabera, haren aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira biodibertsitatea kontserbatzeko laguntzak. Bestalde, Altmark epaian adierazitako lau irizpideak betetzen direnez, laguntza horiek guztiz bateragarriak dira barne-merkatuarekin, betetzen baitira Batzordearen 2011ko abenduaren 20ko 2012/21/EB Erabakian ezarritako baldintzak. Erabaki horretan ezartzen da nola aplikatu behar zaizkien Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 106. artikuluaren 2. apartatuko xedapenak interes ekonomiko orokorreko zerbitzuak kudeatzeaz arduratzen diren zenbait enpresari zerbitzu publikoa emateagatik konpentsazio modura ematen zaizkien dirulaguntzak.

Goi-tentsioko linea elektrikoak eroale biluziekin egokitzeko proiektuak finantzatuko dira, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak indarra hartu zuenean bazeudenak (dekretu horren bidez hegaztiak goi-tentsioko linea elektrikoen aurka talka egitetik eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri ziren, linea elektrikoek hegaztiei eragiten dieten afekzioa minimizatzeko). Zehazki, hegazti-fauna babesteko araudia betetzen ez duten euskarriak eta baoak, zeinak kokaturik baitaude goi-tentsioko aireko linea elektrikoen inbentarioan ageri diren lineen babes-eremuetan (linea horiek jasota daude Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren martxoaren 8ko 70/2018 Ebazpenean).

Jarduketa hau kokatzen da, hain zuzen ere, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plan Nazionaleko 4. osagaiko (Itsasoko eta lehorreko ekosistemak eta horien biodibertsitatea kontserbatzea eta lehengoratzea) 2. inbertsioan (Lehorreko eta itsasoko biodibertsitatea kontserbatzea) ezarritako neurriaren garapenean, eta horri lotutako helburuak betetzen lagunduko du, plana Europan nahiz Espainian erregulatzen duten arauekin bat etorriz.

2. oinarria. Neurriaren helburua.

Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen xedea da natura-baliabideak, bereziki naturaguneak, basa flora eta fauna, babestu, leheneratu, zaindu eta hobetzeko arauak ezartzea. Lege horren 54. artikuluak ezartzen du behar diren neurriak hartuko direla basa-biodibertsitatea zainduko dela bermatzeko. Eta, bere aldetik, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak ezartzen du arautzen dituen jarduerak bateragarriak izan behar direla ingurumenaren babesarekin.

Inguruabar horiek aintzat hartuta, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua onetsi zen; dekretu horren bidez hegaztiak goi-tentsioko linea elektrikoen aurka talka egitetik eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri ziren, linea elektrikoek hegaztiei eragiten dieten afekzioa minimizatzeko.

Beste alde batetik, Nafarroan, 1991. urtean jada arazo horien berri jakin zelarik, apirilaren 4ko 129/1991 Foru Dekretua onetsi zen, zeinak arau teknikoak jartzen baitzituen instalazio elektrikoetarako, hegazti-fauna babesteko xedez; dekretu horren bigarren artikuluak ezartzen du arau horiek honako hauek bete behar dituztela: a) eraikitzen diren instalazio berriak; b) dauden instalazioen handitzeak edo aldaketak.

Betetze aldera abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretu horren 4. artikuluan ezarritakoa, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak abenduaren 31ko 1150/2013 Ebazpena eman zuen, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez mugatu baitziren hegaztien espezie mehatxatuak ugaldu, elikatu, hedatu eta elkartzeko lehentasunezko eremuak, eta xedatu baitzen babes-eremuak argitaratzea, aplikatu zedin, Nafarroan, abuztuaren 29ko 1432/08 Errege Dekretua, zeinaren bidez neurri batzuk ezarri baitziren hegazti-fauna goi-tentsioko linea elektrikoen aurka talka egitetik eta elektrokutatzetik babesteko.

Gerora, errege dekretu horren 5.2 artikuluan xedatutakoa betetze aldera, martxoaren 8ko 70/2018 Ebazpena eman zuen Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak, zeinean zehaztu baitzen Nafarroako babes-eremuetan kokatutako goi-tentsioko zer linea elektrikok ez dituzten betetzen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak jasotako agindu teknikoak.

Dirulaguntza honen xedea da linea elektrikoei buruz eta hegaztiak babesteari buruz indarra duen araudia betetzea, linea elektrikoek fauna mota horren gainean dituzten ukipenak prebenitu eta gutxitzeko.

Ingurumeneko Konferentzia Sektorialak, 2021eko apirilaren 14an, banaketa-irizpide objektiboak eta lurralde-banaketa onetsi zituen linea elektrikoak zuzentzeko aurrekontu-kredituak autonomia erkidegoen eta autonomia estatutua duten hirien artean banatzeko, kreditu horrekin hegazti-faunari kalterik eragitea saihets zedin (lehorreko eta itsasoko biodibertsitatea kontserbatzea), abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua aplikatuz. Hala, ezarri zen Nafarroak nahitaez bete beharreko helburua zela 436 euskarri zuzentzea. Deialdi honekin, helburu hori lortzen laguntzen da.

3. oinarria. Onuradunak.

Neurria zuzentzen zaie lehen aipatutako babes-eremuetan kokaturik dauden eta 1432/2008 Errege Dekretuan ezarritako baldintza teknikoak betetzen ez dituzten goi-tentsioko linea elektrikoen titularrei, pertsona fisiko edo juridiko, publiko zein pribatu izan.

4. oinarria. Onuradun gisa onartuak izateko irizpideak.

1. Aurreko oinarrian zehaztutakoak izaten ahalko dira neurriaren onuradun, baldin eta inbertsioren bat egiten badute linea elektrikoak abuztuaren 28ko 1432/2008 Errege Dekretura egokitzeko.

2 Onartuak izateko irizpide hauek bete beharko dituzte laguntza-eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean:

a) Eskatzaileak bere eskaera zehaztu eta baloratzeko dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du.

b) Onuradun izatea eragozten duten kasuetako bakar batean ere ez egotea, bat etorrita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritakoarekin.

c) Foru Ogasunarekin zerga betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean egotea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluari jarraikiz.

3. Onuradun izateko exijitzen diren inguruabarrak betetzen direla frogatzeko, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da eskaera egiten den unean.

4. Aurreko oinarriko onuradunak ez dira laguntzen onuradun izaten ahalko, baldin eta laguntzak edo maileguak itzuli beharraren ondorioz Administrazioarekin zorrak badituzte, ez eta oraindik gauzatu gabe dagoen berreskuratze-agindu baten mende badaude ere (azken kasu horretan, Europako Batzordeak erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela).

5. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak, betebeharrak eta baztertutako jarduerak.

1. Diruz lagungarriak izanen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren martxoaren 8ko 70/2018 Ebazpenean sartuta dauden goi-tentsioko aireko lineen inbentarioan dauden linea elektrikoei buruzko proiektuak (ebazpen horrek zehazten du Nafarroako babes-eremuetan kokatutako goi-tentsioko zer linea elektrikok ez dituzten betetzen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak jasotako agindu teknikoak, zeinaren bidez ezarri baitziren hegaztiak goi-tentsioko linea elektrikoen aurka talka egitetik eta elektrokutatzetik babesteko neurriak). Finantzatuko diren jarduketa guztiek 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitakoak izan beharko dute.

2 Jarduketa diruz lagungarriak izanen dira lineak egokitzeko proiektuak egitea eta gauzatzea, baldin eta helburutzat badute babes-eremuan kokatutako euskarriak eta baoak zuzentzea, eta egiturak zuzentzeko jarduketak badituzte, bermatzeko betetzen direla, gutxienez ere, elementu eroaleen arteko segurtasun neurriak, eta zehaztapen teknikoak betetzen direla, zeinak arautu baitira abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuaren 6., 7. eta 8. artikuluetan. Diruz lagungarriak izanen dira, era berean, hegazti-faunaren talka-arriskuak minimizatzeko neurriak hartzera zuzendutako proiektuak, bete dadin lehen aipatutako errege dekretu horren 7. eta 8. artikuluetan ezarritakoa. Horrez gain, I. eranskinean adierazitako zehaztapen teknikoak bete beharko dituzte.

Jarduketa mota hauek izanen dira, eta horiek aplikatzeko, teknika erabilgarri onenak erabiliko dira beti:

a) Ezarriko diren zuzentze neurriak idazteko proiektua.

b) Euskarrien gurutzetak zuzentzea edo ordeztea, isolatzaileen kateak ordeztea, gurutzeten edo gurutzetaerdien gaineko tentsio-elementuak kentzea, edo armatuak ordeztea.

c) Tentsioan dauden elementuen arteko lotura-zubiak isolatzea, eta eroaleak eta beste tentsio-elementu batzuk isolatzea zorroen edo plastikozko elementu aurreformatu eta homologatuen bidez, betiere jarduketa gehigarri gisa, egiturazko aldaketak zer euskarritan aplikatzen diren, euskarri horien segurtasuna indartzeko.

d) Hegaztiak babesteko elementuak edo ikusizko seinaleak jartzea, bat etorrita, gutxienez ere, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuaren 7. artikuluan emandako ohar orokorrekin. Honako hauetan bakarrik: estepako hegaztien eremu kritikoetan, ibaiak edo hezeguneak zeharkatzen diren tokietan, Natura 2000 Sarean, eta galzoriko hegaztien leheneratze planetan ezarritako eremuetan.

e) Unitate elektrogenoak erabiltzea, justifikatzen bada beharrezkoak direla zuzenketak egiteko.

3. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak, behar-beharrezkoak direnak, eta dagokion deialdian ezarritako epean egiten direnak.

4. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak:

a) Zuzeneko eta zeharkako zergak, horien artean BEZa.

b) Erakunde onuradunaren zeharkako kostuak: kudeaketa- eta administrazio-gastu espezifikoak (gastu arruntak barnean direla, hala nola argia, ura, gasa, telefono finkoa, Interneterako konexioa edo telefonia mugikorra).

c) Finantza-gastuak, aholkularitza juridiko edo finantza-aholkularitzako gastuak, notario- edo erregistro-gastuak, peritu-gastuak, administrazio-gastu espezifikoak eta banku-bermearen gastuak.

d) Obra-bukaeraren ziurtagiriak dakartzan gastuak, edo laguntza eskatzeko eta justifikatzeko dokumentazioa prestatzeak dakartzanak.

e) Gastu orokorrak eta mozkin industriala, horiek jaso direlako ezarririk dauden erreferentziazko prezio unitarioen barnean.

f) Oro har, argi zehaztuta ez dauden edo diruz lagundutako proiektuarekin zuzenean lotuta ez dauden gastu guztiak.

5. Hegazti-faunako espezie mehatxatuak elektrokutatzen dituzten linea elektrikoak aldatzeko abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuarekin lotutako kredituak banatzeko irizpideak eta haien lurralde-banaketa onesteko erabakian, Ingurumeneko Konferentzia Sektorialak ezarri zuen Nafarroako Foru Komunitatek nahitaez bete beharreko helburua zela gutxienez 436 euskarri zuzentzea. Baldin eta, jasotako eskaerei deialdi honen 7. oinarriko baremoa aplikaturik, dirulaguntza emateko egiten den proposamenarekin ez bada iristen ezarritako gutxieneko euskarri kopurura, honako hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Lineak zuzentzeko erabilitako unitate elektrogenoen gastuak.

b) Hala ere ez bada helburua lortzen, ez da dirulaguntzarik emanen hegaztiak talketatik babesteko elementuak jartzeko.

6. Ez dira inola ere diruz lagunduko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan ezarritako klima eta ingurumen arloko helburuei kalte nabarmena, zuzenekoa edo zeharkakoa, eragiten dieten jarduketak (erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen du).

6. oinarria. Laguntza motak eta zenbatekoa.

1. Goi-tentsioko aireko linea elektrikoen titularrentzako laguntzak prima bakarrekoak izanen dira.

2 Proiektu bakoitzari emanen zaion dirulaguntzaren zenbatekoa honako hau izanen da: Balorazio Batzorde Teknikoak onetsitako aurrekontuaren ehuneko ehun, ken zerga arloko araudian salbuestea edo itzultzea ezartzen diren zeharkako zergak.

3. Ezarritako jarduketen gehieneko zenbateko diruz lagungarriak kalkulatzeko, gehieneko prezio unitarioak hartuko dira oinarritzat, zeinak ezarri baitira goi-tentsioko linea elektrikoak zuzentzeko zerbitzuen Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren esparru-akordioan. Prezio horiek ikus daitezke Nafarroako Gobernuren Interneteko atariaren bidez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak) zerbitzu-katalogoko fitxetatik deialdi honi dagokion hartan sartuta. Gastu orokorrak eta mozkin industriala badira prezio horien barnean. Baldin zerrenda horietan deskribatu ez diren elementuak edo jarduketak erabili behar badira, horien erabilera eta aurkeztutako zenbatekoa justifikatu beharko dira, merkatuko prezioetara egokituta.

7. oinarria. Dirulaguntzak emateko modua eta baloraziorako irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek. Beraz, aurkezten diren eskaerak alderatuko dira haien arteko lehentasun-hurrenkera ezartzeko.

2 Eskaeren hurrenkera emandako puntuen baturaren arabera eginen da, honako balorazio irizpide hauen arabera:

IRIZPIDEAK

PUNTUAZIOA

Katalogatutako espezieen hilkortasun-intzidentziak*¹

7 puntu

Katalogatu gabeko espezieen hilkortasun-intzidentziak*¹

3 puntu

Kontserbazio bereziko eremuetako lineak, baldin haien kudeaketa planeko neurrien artean sartuta badago lineak egokitzea

12 puntu

Galzoriko hegaztien leheneratze planen batek ezarritako eremuetan dauden lineak

12 puntu

Martxoaren 8ko 70/2018 Ebazpenean *² elektrokutatzeko 5. arrisku-maila duten lineak

6 puntu

Martxoaren 8ko 70/2018 Ebazpenean *² elektrokutatzeko 4. arrisku-maila duten lineak

4 puntu

Partikularrak

20 puntu

Banatzaile txikiak eta ekoizle txikiak*³

15 puntu

Ekoizleak

5 puntu

*¹ Puntuazio guztia emanen da justifikatzen den heriotza kasu bakoitzarengatik.

*² 70/2018 Ebazpena, martxoaren 8koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zehazten duena Nafarroako Babes Eremuetan kokatutako goi-tentsioko zer linea elektrikok ez dituzten betetzen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak jasotako agindu teknikoak, zeinaren bidez ezarri baitziren hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak.

*³ Banatzaile txikitzat jotzen dira beren sareetara 100.000 bezero baino gutxiago konektatuta dituzten banatzaileak (Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legea), eta ekoizle txikitzat, beren instalazio guztien potentzia osoaren batura 10 MW baino handiagoa ez dutenak.

8. oinarria. Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Laguntzak norgehiagokako araubidearen bidez izapidetuko direnez, eskaeren hurrenkera bat ezarriko da, lehenagoko oinarrian zehaztutako balorazio irizpideak aplikatuz, eta irizpide horiek aplikatuta laguntza emanen zaie balorazio handiena lortzen duten eskaerei, betiere deialdian finkatutako kreditua gainditu gabe. Azken proiektu edo ekintzarako behar beste kreditu ez badago onartu zaion aurrekontuaren ehuneko ehun emateko, aurrekontuan erabilgarri gelditzen den dirua emanen zaio.

2 Puntuazioetan berdinketarik izanez gero, 1. irizpidean puntuaziorik handiena lortu duen eskaera lehenetsiko da; berdinketak bere horretan jarraitzen badu, 2. irizpidekoak, eta horrela, hurrenez hurren, berdinketa hautsi arte. Irizpide guztiak aplikatuta ere azken proiektuek berdinduta jarraitzen badute, lehentasuna izanen du eskaera aurreneko aurkeztu duenak.

9. oinarria. Onuradunen betebeharrak.

1. Laguntzen onuradunek bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak.

2 Dirulaguntzen onuradunek, zehazki, betebehar hauek dituzte:

2.1. Inbertsioak egin beharko dituzte Ingurumeneko zuzendari nagusiak laguntzak banatzeko emanen duen ebazpenean ezarritako baldintzei jarraikiz, eta deialdian ezartzen den epearen barrenean.

2.2. Laguntza ongi eman dela eta inbertsioa ongi gauzatu dela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.

2.3. Dirulaguntza jaso duten inbertsioak finantzatzeko beste dirulaguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu edo lortu badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, ordainketan jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

2.4. Proiektua aurrera eramatean edukiaren edo kostuaren aldaketaren bat dakarren edozein gorabeheraren berri ematea, gertatzen den unean, idatziz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Aldaketa horrek ez dio konpromisorik ekarriko Foru Komunitateko Administrazioari, salbu berariaz bere gain hartzen badu. Ingurumen Ebaluaziorako Atalak onetsi beharko ditu, idatziz, proiektuaren edukiaren edo gauzatzeko moduaren aldaketa guztiak.

2.5. Proiektuak edo ekintzak deialdian adierazitako epean gauzatzeko eta ordaintzeko konpromisoa.

2.6. Dirulaguntza ematen duen ebazpen proposamena egiten denean, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekuetatik bat ere ez da urratu behar, eta, zehazki, Gizarte Segurantzarekiko zorrak eguneratuak eta zerga guztiak pagatuak izan behar dira.

2.7. Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan ezarritako kasuetan.

2.8. Beharrezkoak direnean, nahitaezko lizentziak eta baimenak izatea, diruz lagundutako jarduerak hasten diren unean.

2.9. Deialdi honen babesean finantzatutako jarduketa guztiek aipatutako printzipioa errespetatu behar dute, hau da, ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa, DNSH printzipioa («Do No Significant Harm»); halaxe xedatu baita Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduan –zeinaren bidez Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen baita–, hura garatzeko araudian –bereziki, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren arabera "ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa" aplikatzeko Gida Teknikoari buruz Batzordeak emandako Komunikazioa–, eta Kontseiluaren Betearazpen Erabakian, Espainiako Suspertze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onesteari buruzkoan.

2.10. Dirulaguntzaren xede diren jardueren izaera publikoaren eta finantzaketaren publizitate egokia egitea, 20. oinarrian adierazitakoaren arabera.

10. oinarria. Laguntza-eskaera eta dokumentazio osagarria.

1. Eskabidea linea elektrikoaren titularrak sinatu beharko du, eta ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hamabost egun naturaleko epean aurkeztuko da.

2. Lineen titularrek egoki iruditzen zaien adina eskabide aurkezten ahalko dute. Eskabide bakarra aurkeztuko da zuzendu beharreko linea bakoitzeko.

3. Eskabideak telematika bidez aurkeztuko dira, horretarako ezarritako eredua betez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko dagokion fitxaren bidez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da. Eskabidearekin batera II. eranskinean ("Laguntza-eskabideari erantsitako inprimakiak") zehazten diren agiriak aurkeztuko dira:

a) Laguntza eskatzeko inprimakia.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen erantzukizunpeko adierazpena.

c) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, behar bezala betea, beste banku batean helbideratuta kobratu nahi bada eta Administrazioak haren daturik ez badu.

d) IFZaren kopia.

e) Ebazpen honetako 9. oinarriko "Balorazio irizpideak" izeneko puntuan ezarritako puntuazioak lortu ahal izateko eskatzen den dokumentazio beharrezkoa.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, beste laguntzarik edo dirulaguntzarik eskatu den ala ez aditzera emateko.

g) Dirulaguntzak emateko eskabidea aurkezteak berekin dakar organo kudeatzaileari baimena ematea bil ditzan beharrezkoak dituen dokumentuak egiaztatzeko eskatzaileak betetzen dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta eskubidea eta beharrezko sarbideak ematea bermatzeko beren eskumenak beteko dituztela, bai Batzordeak, bai Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoak (OLAF), bai Europako Kontuen Auzitegiak, bai Europako Fiskaltzak baita agintaritza nazional eskudunek ere. Eskatzaileak BAIMENIK EMATEN EZ BADIO laguntzak ematen dituen organoari zuzenean egiazta dezan betetzen dituela zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, egiaztagiri hori aurkeztu beharko du, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan xedatutakoaren arabera. Errege dekretu horren bidez onetsi zen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua.

h) Linea zuzentzeko proiektua, zeinetan, gutxienez ere, honako hauek adieraziko baitira:

  • a. Linearen kokapena, trazaduraren deskribapena eta eskalako planoa, 1:25.000 eskalan gutxienez.
  • b. Argazki-erreportajea, aukera emanen duena euskarri bakoitzaren egoera zein den banan-banan ikusteko.
  • c. Instalatu beharreko euskarri eta armatu motak.
  • d. Isolamendu-sistemen ezaugarriak, justifikatuta homologatuta daudela, gutxienez, zuzenduko diren lineen tentsiorako.
  • e. Aire zabalean mozketa duten etengailuen eta ebakitze eta transformazio instalazioen deskribapena.
  • f. Hegaztiak babesteko instalatu beharreko gailuen ezaugarriak eta, hala badagokio, horien kokapena, bai eta lineetan habiak egitearen aurkako neurriak eta talken aurkako neurriak.
  • g. Aurrekontu zenbatetsia, 6.3 oinarrian aipatutako kostu unitarioak aipatuta.

i) Datuak lagatzeko eta tratatzeko adierazpena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzeari dagokionez.

j) Interes-gatazkarik ezari buruzko adierazpena (IGEA).

k) Zeharkako printzipioen konpromisoaren adierazpena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeari dagokionez:

  • Iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeko eta detektatzeko behar diren neurriak hartzea, eta, kasua bada, atzemandako ez-betetzeak dagokien agintariei jakinaraztea.
  • Ingurumenari kalte nabarmenik ez eragitea, DNSH printzipioa («Do No Significant Harm»).

l) Erantzukizunpeko adierazpena, lineak zuzentzeko obrak 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera hasi izana aditzera emateko.

4. Dokumenturen bat jadanik Foru Komunitateko Administrazioaren esku badago, entitate interesdunak hala azaldu beharko du eskabidean, adieraziz zer dokumentu den, eta datu babesturik baldin bada Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren arabera, baimena emanen zaio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari sarbidea izateko.

5. Eskabidearekin batera aipatutako dokumentazioa aurkeztu ezean, dagokion instrukzio unitateak eskatzaileari eskatuko dio bost egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.

11. oinarria. Instrukzio organoa.

1. Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Ingurumen Ebaluaziorako Atalari dagokio; atal hori Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari atxikita dago.

2 Espedientean jasotzen da hura prestatzeko prozesuan parte hartzen duten pertsonen interes-gatazkarik ezari buruzko adierazpena (IGEA). Adierazpen hori bat etorriko da urtarrilaren 24ko HFP/55/2023 Aginduaren I. eranskinean jasotako ereduarekin. Agindu hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzen duten prozeduretan interes-gatazka izateko arriskuaren analisi sistematikoari buruzkoa da.

12. oinarria. Balorazio batzordea.

1. Instrukzio organoak, espedienteak ikusirik eta aurrekontuan dagoen kredituaren arabera, txosten bat eskatuko dio balorazio batzordeari, egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko. Txostena bi hilabete baino gutxiagoko epean eginen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

2. Balorazio batzordea kide anitzeko organoa da, eta haren irizpena loteslea izanen da. Kide hauek izanen ditu:

–Batzordeburua: Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Idazkaria: Ingurumen Jarraipenaren Bulegoko burua.

–Batzordekidea: Ingurumen Ebaluaziorako Ataleko burua.

Beharrezkotzat joz gero, balorazio batzorde teknikoak eskatzen ahalko du aurkeztutako eskaeren xedeko gaietan adituak diren teknikariek parte har dezatela.

3. Batzordeko kide bakoitzak Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko beste teknikari baten esku utzi dezake bere ordezkaritza.

4. Batzordeko kide guztiek interes gatazkarik ezari buruzko adierazpena (IGEA) sinatu beharko dute. Adierazpen hori bat etorriko da urtarrilaren 24ko HFP/55/2023 Aginduaren I. eranskinean jasotako ereduarekin. Agindu hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzen duten prozeduretan interes-gatazka izateko arriskuaren analisi sistematikoari buruzkoa da.

5. Eskabideak aurkezteko epea buruturik, bete eginen da urtarrilaren 24ko HFP/55/2023 Aginduan xedaturikoa Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzen duten prozeduretan interes-gatazka izateko arriskuaren analisi sistematikoari buruz, hain zuzen, dirulaguntza hau esleitzeko prozesuan parte hartzen dutenen eta dirulaguntzaren eskatzaileen arteko interes-gatazkari dagokionez. Analisi hori eginen da Zerga Administrazioko Estatu Agentziako tresna informatikoaren bidez. Parte hartzen duten pertsonen artean interes-gatazka izateko arriskurik ez dagoela egiaztatutakoan, aurkeztutako eskaeren balorazioa eginen da.

6. Eskaerak aztertu eta balorazio irizpideak aplikatu ondoren, beharrezkotzat jotzen diren adina jarduketa eginen dira eskatutako inbertsioak egokiak diren erabakitzeko.

7. Aurkeztutako eskaerak kontuan harturik, balorazio batzordeak proposatuko du ikuspuntu tekniko batetik egokiak ez diren ekintzetarako dirulaguntza ukatzea, baita laguntzak arautzen dituzten Europar Batasuneko eta Nafarroako araudietara egokitzen ez direnetarako ere.

13. oinarria. Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.

1. Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, eginiko ebaluazioa balorazio batzordearen txostena ikusirik, behin-behineko ebazpen proposamen arrazoitu bat eginen du, egintza bakar batean. Hura interesdunei jakinaraziko zaie. Behin-behineko ebazpen proposamen horretan, zerrenda batean, aditzera emanen da zein eskatzailerentzat proposatzen den dirulaguntza ematea, zein den dirulaguntza horren zenbatekoa, eta zein balorazio irizpideri jarraitu zaien proposamena egiteko; halaber, gainerako eskaerei dagokienez, ez onartzeko eta ezesteko proposamen arrazoitua emanen da.

2 Interesdunek gehienez 5 egun balioduneko epea izanen dute, jakinarazi eta biharamunetik hasita, dirulaguntza onartzeko, hari uko egiteko edo behin-behineko ebazpenari alegazioak aurkezteko. Epe horretan alegaziorik aurkezten ez bada edo inork ez badu uko egiten, ulertuko da bertan behera gelditu dela interesdunaren eskubidea alegazioak egiteko, eta behin-behineko ebazpen proposamena onartutzat joko da.

3. Entzunaldiaren izapidea alde batera utz daiteke, prozeduran ez bada jasotzen eta ez bada beste egitate, alegazio eta frogarik kontuan hartzen, interesdunek aurkeztutakoak baizik. Halakoetan, eginiko behin-behineko ebazpen proposamena behin betikoa izanen da.

4. Aurkezten diren alegazioak azterturik, halakorik izan bada, instrukzio organoak dirulaguntza emateko proposamen txosten bat egin, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiari igorriko dio. Txosten horretan, hain zuzen, adieraziko da entitate onuradunek dirulaguntzak jasotzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela, eta zerrenda batean jarriko dira deialditik kanpo geratu direnak aurrekontuaren mugengatik, baldintzak betetzen bazituzten ere.

5. Proposamen txosten hori egitean, instrukzio organoak egiaztatuko du onuradunak badituela egunean bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluetan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan.

6. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak joko du Foru Administrazioan edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietara, betiere laguntza eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

7. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta bat etorriz arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunekin.

14. oinarria. Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzen gaineko ebazpena emanen du, bi hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Ebazpenean dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda agertuko da, eta, kasua bada, berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla. Horien artean agertuko dira ezetsi direnak deialdian ezarritako gehieneko kreditua gainditzeagatik, hau da, esleitutako aurrekontu-baliabideak mugatuak izatearen ondorioz, "Dirulaguntzak emateko modua eta balorazio irizpideak" izeneko 7. oinarrian ezarritako balorazio irizpideen arabera horietako bakoitzari emandako puntuazioa adierazirik. Horrela, onuradunen batek uko egiten badio dirulaguntzari, organo emaileak erabakiko du, beste deialdi bat egin beharrik gabe, dirulaguntza ematea aurrekontu faltagatik deialditik kanpo geldituriko eskatzaile edo eskatzaileei, puntuazio-ordenari jarraituz, baldin eta kreditua gehitu bada ukatutako eskaera bat, bederen, osorik estaltzeko neurrian. Horretarako, dirulaguntza emateko beste ebazpen bat emanen da.

4. Laguntzak emateko ebazpena baliabide elektronikoen bidez jakinaraziko da, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean ezarri bezala.

5. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, baldin eta berariazko ebazpenik ematen ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan ezarritako ebazpena emateko epean.

15. oinarria. Inbertsioa gauzatzeko epeak, ordainketa egin aurretik bete beharrekoak eta ordainketa-eskaera.

1. Behin diruz lagundutako proiektu bakoitzaren lanak bukatu ondoren eta horien zenbatekoa osoki ordaindu ondoren, ordainketaren eskaera egiten ahalko da. Ordainketa bakarra izanen da. Lanak gauzatzeko eta ordainketa eskaerak egiteko, 2026ko maiatzaren 25a ezartzen da data bakartzat.

2. Ordainketa eskatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Ordainketa eskatzeko inprimakia (III. eranskina).

b) Obra amaierako proiektua, non egonen baitira zuzendutako euskarri guztien argazkiak, egindako jarduketa erakutsiko dutenak, eta erabili diren materialak homologatuak daudelako ziurtagiriak, gutxienez jarduketaren xedekoa izan den aireko linearen tentsiorako.

c) Publizitateari dagokionez, 20. oinarrian ezartzen den betebeharra bete izana erakusten duten argazkiak, eta publizitate hori jarri den euskarriaren kokapenaren koordinatuak.

d) Jatorrizko fakturak edo kopiak. Txosten bat erantsi beharko da, jarduera gauzatzeari buruzkoa, zeinetan banakatuta azalduko baitira 6.3 oinarrian adierazitako linea elektrikoak zuzentzeko oinarrizko jarduketa-unitateak.

e) Fakturen ordainagiriak, datu hauek agertuko dituztenak gutxienez: transferentziaren jaulkitzailearen izena, onuradunaren izena, zenbatekoa, karguaren data eta kontzeptua, fakturaren zenbakia erantsita. Gauzatan egindako ordainketak ez dira onartuko. Fakturen ordainagirien bidez inbertsio osoa ordaindu dela frogatu beharko da.

f) Onuradunak jatorrizko dokumentazioa eta kontabilitatea aurkeztu beharko ditu, beharrezko egiaztapenak egiteko eskatuz gero

g) Hornitzailea efizientzia- eta ekonomia-irizpidez hautatu izanaren justifikazioa, baldin gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, obra gauzatzeagatiko kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipo-ondasunen horniduraren edo aholkularitza- edo laguntza-enpresek emandako zerbitzuen kasuan.

h) Dirulaguntza honen xedeko jarduera zati batean edo osorik azpikontratatzen bada, laguntzaren onuradun den entitateak azpikontratisten datuak eman beharko ditu, haiek baitira funtsen azken hartzaileak, eta behar diren mekanismoak ezarri beharko dituzte, ziurtatzeko azpikontratista horiek betetzen dutela "ingurumenari kalte nabarmenik ez eragitea" deritzon printzipioa. Aurkeztu beharko da Hornitzaileei eta/edo azpikontratistei buruzko informazioa emateko betebeharraren agiria (III. eranskinean ageri da), bai eta hartan adierazten den dokumentazioa ere.

i) Hornitzaile eta/edo azpikontratista bakoitzak III. eranskinean jasotako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:

  • a. Inplikatutako administrazio publikoen arteko datuen lagapenaren onarpena, aplikatzekoa den Europako araudian xedatutakoa betetzeko eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin bat etorriz.
  • b. Erantzukizunpeko adierazpena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planak ezartzen dituen zeharkako printzipioak betetzeko konpromisoari buruzkoa, baldin eragina izan balezakete kudeatu beharreko eremuan.

3. Ordainketa eskaera aurkeztu ezean deialdian zehazturiko datak baino lehen, horretarako ezarritako inprimakiaren bidez, urteko zenbatekoa galduko da. Eskaerak aipatutako dokumentazioa ez badu, instrukzioa egiten duen unitateak interesdunari eskatuko dio bost egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

4. Laguntzen ordainketen gaineko ebazpena baliabide elektronikoen bidez jakinaraziko da, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean ezarri bezala.

16. oinarria. Laguntzak ordaintzeko modua eta epeak.

1. Dirulaguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, behin frogatuta gauzatu egin dela dirulaguntzaren xedeko inbertsioa. Aurreko puntuan adierazitako dokumentazioaren bidez frogatuko da hori.

2 Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu egiaztatzeko onuradunak hartutako konpromisoak betetzen dituela eta inbertsioa aurkeztutako proiektuarekin bat datorrela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko ditu, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.

3. Laguntzak Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez ordainduko dira.

4. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak Foru Administrazioan edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietara joko du, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

Kontrol horien barnean, bisitak egiten ahalko zaizkie onuradunei, egiaztatzeko inbertsioak bukatu direla eta zuzen gauzatu, edo egiaztatzeko instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi.

Bidezko egiaztapen eta ikuskapenak eragoztea laguntza itzultzeko arrazoia izan daiteke, horrek ezertan galarazi gabe behar den zehapen prozedura izapidetzea.

5. Instrukzio organoak egindako egiaztapenetan ondorioztatzen baldin bada beheranzko desbideraketak daudela onuradunak aurkeztutako azkeneko ordainketa-eskaerarekin alderatuta, 17. oinarrian (Murrizketak eta bazterketak ordainketetan) aipatzen diren murrizte- eta baztertze-irizpideak aplikatuko dira ordainketan.

6. Emandako laguntza baino gastu handiagoa justifikatzen bada, laguntzak emateko xedapenean konprometitutako kopurua baino ez da ordainduko.

7. Laguntza hauen gaineko informazioaren eta kontrolaren ondorioetarako, informazioa lagako da Europako Funtsen Sistemekin dirulaguntza horiek kudeatzeko eta kontrolatzeko ezarritako sistemen artean.

17. oinarria. Murrizketak eta bazterketak ordainketetan.

1. Inbertsioa 15. oinarrian adierazitako egunerako bukatzeko konpromisoa betetzen ez bada, laguntza galdu eginen da.

2 Eskatutako dokumentazioa aztertu ondoren, dirulaguntza ordainduko da, onetsitako kopurua adina, eta, lanak onetsitako proiektuaren arabera egin direla frogatu ezean, dirulaguntza gutxitu eginen da, benetan frogatzen den inbertsio zatiaren arabera.

3. Ez justifikatzeagatik edo hasieran aurreikusitakoaren azpitik justifikatzeagatik, onetsitako zenbatekoetatik eman gabe geratzen den zatia azken proiektu diruz lagungarriari ordainduko zaio, seigarren oinarriaren 3. atalean ezarritakoaren arabera.

4. Aipatutako murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatuko baldin eta onuradunek frogatzen badute ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketak, edo egiaztagiriak aurkezten baditu, gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiak frogatzen dituztenak. Honako hauek izanen dira ezinbesteko arrazoiak:

a) Hondamendi natural larria gertatzea, eta horrek diruz lagunduriko instalazioei edo makineriari kalte nabarmenak eragitea.

b) Inbertsioa halabeharrez hondatzea onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, garaiz eta behar bezala jakinarazten bazaio Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari.

c) Inbertsioa ezin egitea, hornidura-arazo orokortuak direla-eta, baldin eta frogatzen bada materialak behar besteko aurrerapenaz enkargatu direla eta atzerapena gertatu dela onuradunari ez dagozkion arrazoiengatik.

5. Espediente baten bidez egiaztatzen bada onuradunak, nahita, gezurrezko aitorpen bat egin duela, laguntzak bertan behera utziko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik baztertuko da ekitaldi horretan eta hurrengoan, ezertan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarririko zehapenak edo aitorpen hori aurkezteko unean indarrean diren iruzurraren kontrako borrokako prozeduretatik eratorritakoak.

6. Azken ordainketa egin aurretik egiaztatzen bada aldatu direla laguntzak emateko prozeduran eskaeren hurrenkera finkatzeko puntuaziorako aintzat hartu ziren balorazio irizpideak, puntuazio txikiagoa zegokiola eta, horren ondorioz, onuradun izaera galduko zukeela, onuradunak laguntza guztia galduko du.

18. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Onuradunei ohartarazten zaie ezen deialdi honen xedeko dirulaguntzak bateragarriak direla Espainiako edo nazioarteko beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek ematen dituzten dirulaguntza edo laguntzekin, baldin eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluan ezarritakoa betetzen bada, hots, ezin direla Batasuneko laguntza bat baino gehiago baliatu kostu bera finantzatzeko. Orobat, laguntzok bateragarri izateko baldintza izanen da horien guztien zenbatekoak –banan-banan harturik edo beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin batera– ez gainditzea finantzatutako jardueraren kostua, edo ez eragitea gutxiagotu dadin finantzatutako jarduera gauzatzeko onuradunari eskatzen zaion finantzaketa propioaren zenbatekoa. Kostu berberak finantzatzeko beste funtsen bat (ez bakarrik Europakoak) baliatu badu, onuradunak horren berri eman beharko du.

19. oinarria. Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

Ebazpen honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, ez da dirulaguntza ordainduko edo itzuli egin beharko da, eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

20. oinarria. Emandako dirulaguntzen eta EBren finantzaketaren publizitatea.

Deialdi honetan ezarritako laguntzen entitate onuradunen zerrenda argitaratuko da Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus), bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedaturikoarekin.

Publizitatea Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 34. artikuluan eta hura garatzeko arauetan eta eskuliburuetan ezarritakoaren arabera eginen da. Erregelamendu horrek Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen du.

Horretarako, txapa bat jarri beharko da zuzendutako euskarrietako batean, Europar Batasunaren ikurra eta finantzaketari buruzko adierazpen egoki bat izanen dituena, honako hau adierazita: "Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU" (https://ec.europa.eu/regional_policy/en/information/logos_downloadcenter/); horrez gainera, Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari erreferentzia egiten dion logotipoa gehitu beharko da karteletan, material inprimatuetan, bitarteko elektronikoetan edo ikus-entzunezko baliabideetan, edo ikus-entzunezko komunikabideetan egiten diren aipamenetan, ezkerretik eskuinerako ordena honi jarraikiz:

Komunikazio betebehar horiek ez betetzeak laguntzak itzultzeko prozedura ekar lezake.

SEEPen Ikusizko Identitatearen web orria bisitatzea gomendatzen da, hori baita material grafikoak deskargatzeko orri ofiziala, baita zenbait euskarritarako maketazio adibide batzuk lortzeko lekua ere: https://planderecuperacion.gob.es/identidad-visual

21. oinarria. Onuradunen gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo betetako aurrekontua.

b) Kasua bada, organo eskudunak entitateari onartutako aurrekontua edo negozio-zifra, dirulaguntza zein ekitalditan ematen den, ekitaldi horretakoa.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitateek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute dirulaguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea

c) Entitateak kargudun bakoitzarengatik jasotako ordainsari gordinak eta gainerako konpentsazio ekonomikoak, kontzeptuen arabera banakatua, eta urteko kontuak, hauek jendaurrean erakutsi ahal izateko.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, 15 hilabeteko mugarekin informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekartzen ahal dituen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta zerbait kobratu bada, itzuli beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

22. oinarria. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri hauetan berariaz aurreikusita ez dauden alderdietan, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; modu osagarrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea; eta, xedearen arabera, aplikatzekoak diren gainerako xedapenak.

23. oinarria. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen aurka eta berauek aplikatuz emaniko egintzen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

I. ERANSKINA.–XEDAPEN ESPEZIFIKOAK

Indarreko araudia une oro bete beharko da, hala Estatukoa nola Nafarroakoa. Orobat, baldintza hauek hartuko dira kontuan:

–Deribazioko euskarrietan deribazioko zubi lasai guztiak erabat isolatuko dira, bai eta linea nagusiko zubi lasaiak ere. Halaber, kable eroalea finkatzeko grapak isolatu beharko dira grapa-estalki aurreformatuen bidez.

–Lurpera jaisteko euskarrietan (edo linea amaierakoetan) elektrokuzio arriskua murrizteko, erabat isolatuko dira lineako eroaleak eta tximistorratz autobalbulak lotzen dituzten zubiak, ebakigailuak (halakorik bada) zein konexioko botilak. Gainera, tentsioan dauden elementu guztiak isolatuko dira. Isolatzeko erabilitako materiala egokia izanen da goi-tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko.

–Ganga erako euskarrietan, eroale nagusia isolatu beharko da. Amarratzeko grapa badago, grapa-estalki bidez estali beharko da.

–Isolamendu distantzia eraginkorra lortzeko, ezin dira bakarrik bastoiak edo luzagarriak erabili lotura-kateetan.

–Ezin da silikonazko zinta erabili zubiak edo eroaleak isolatzeko.

–Justifikatu beharko da erabilitako materialak homologaturik daudela, behintzat linea elektrikoaren tentsio nominalerako.

II. ERANSKINA ETA III. ERANSKINA

II. eranskina (laguntza-eskabideari erantsitako inprimakiak) eta III. eranskina (ordainketa-eskabideari erantsitako inprimakiak) hemen daude eskuragarri: https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/ayudas-para-la-correccion-de-lineas-electricas-de-alta-tension-en-zonas-de-proteccion-2026

Iragarkiaren kodea: F2516693