Iragarkia
16. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 22a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
744E/2025 EBAZPENA, abenduaren 24koa, Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, "Industria-sektorean deskarbonizazio jarduketak inplementatzeko laguntzak" izeneko dirulaguntzaren 2026ko deialdia onesten duena. DDBN kodea: 878111 eta 878116.
2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planak helburu du, besteak beste, energiaren kontsumo efizientea sustatzea, energia berriztagarriek energiaren azken kontsumoan egiten duten ekarpena handitzea, erregai fosilen erabilera murriztea, garraioan energia berriztagarrien erabilera handitzea eta energia komunitateak sustatzea, eta horrela, berotegi-efektuko gasen isuria murriztea.
Berotegi-efektuko gas horiek isurtzen dituztenen artean nabarmena da industriaren sektorea, eta hor, isuri horiek murrizteko edo konpentsatzeko aukera handiak daude.
Horregatik, industria-sektorean deskarbonizazio jarduketak inplementatzeko laguntzen 2026ko deialdi honen xedea hauxe da: 2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planean adierazitako helburuak erdiesten laguntzea.
Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea "Industria-sektorean deskarbonizazio jarduketak inplementatzeko laguntzak" izeneko dirulaguntzaren 2026ko deialdia
2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honen konpromisoei erantzuteko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira: 1.456.260 euroko gastua baimentzea, "Industriaren deskarbonizaziorako, autokontsumorako eta energia-biltegiratzerako laguntzak" izeneko 820001 82500 7701 425207 aurrekontu-partidaren baliokidea izateko asmoz 2026ko gastu-aurrekontuetan gaitzen den partidaren kargura, betiere ebazpen honetatik eratorritako konpromisoei erantzuteko kreditu egokia eta nahikoa badago.
Orobat, 700.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko. Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan ezarritako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarria baimentzeak eta argitaratzeak ez du berekin ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta dirulaguntzak ematearen gainean ebazteko eta hori jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2025eko abenduaren 24an.–Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Garbiñe Basterra Olóriz.
ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria. Xedea.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 30eko 2021/1119 (EB) Erregelamenduak neutraltasun klimatikoa lortzeko esparrua ezarri zuen, eta, halaber, haren bidez aldatu ziren 401/2009 (EE) eta 2018/1999 (EB) erregelamenduak ("Klimari buruzko Europako legeria").
EB Erregelamendu horrek zuzenbidean jasotzen du Europar Batasunaren helburua, neutraltasun klimatikoa 2050erako lortzearena, eta horrez gain helburu lotesle bat ezartzen du, hemendik 2030era bitartean berotegi-efektuko gasen isurketa netoak gutxienez %55 jaistea, 1990eko isurketa-mailekin alderatuta. Helburu lotesle hori dela eta, Europar Batasuneko instituzioak eta estatuak, modu kolektiboan, derrigortuta daude behar diren neurriak hartzera.
Laguntzen deialdi honen xedea da laguntza ematea aipatu erregelamendu horretan aurreikusitako helburuak erdiesteko, helburu horiek bat baitatoz, aldi berean, 2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planean ezarritakoekin. Horretarako, bada, industria-sektoreko ETEetan eta enpresa handietan deskarbonizazio jarduketak sustatuko ditu.
2. oinarria. Onuradunak.
1. Onuradun izaten ahalko dira:
–Enpresak, Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren definizioarekin bat, industria-sektorekoak. Honako bi baldintza hauetako bat bete beharko dute:
- Bere EJSNa hauetakoren batean sartuta egotea:
- 07. Mineral metalikoen erauzketa.
- 08. Beste erauzketa-industria batzuk.
- 09. Erauzketa-industriari laguntzeko jarduerak.
- 10. Elikagaien industria.
- 11. Edarien fabrikazioa.
- 13. Ehungintza.
- 14. Jantzigintza.
- 15. Larruaren eta oinetakoaren industria.
- 16. Zuraren eta kortxoaren industria, altzariak, saskigintza eta espartzugintza izan ezik.
- 17. Paperaren industria.
- 18. Arte grafikoak eta grabatutako euskarrien erreprodukzioa.
- 19. Kokea lortzeko eta petrolioa fintzeko fabrikak.
- 20. Industria kimikoa.
- 21. Farmazia-produktuen fabrikazioa.
- 22. Kautxuzko produktuen eta plastikoen fabrikazioa.
- 23. Metalezkoak ez diren beste produktu mineral batzuen fabrikazioa.
- 24. Metalurgia; burdinaren, altzairuaren eta ferroaleazioen fabrikazioa.
- 25. Metalezko produktuen fabrikazioa, salbu makineria eta ekipamendua.
- 26. Produktu informatikoen, elektronikoen eta optikoen fabrikazioa.
- 27. Material eta ekipo elektrikoen fabrikazioa.
- 28. Beste inon sailkatu gabeko makineriaren eta ekipamenduaren fabrikazioa.
- 29. Ibilgailu motordunen, atoien eta erdiatoien fabrikazioa.
- 30. Garraiorako bestelako materialaren fabrikazioa.
- 31. Altzarigintza.
- 32. Beste manufaktura-industria batzuk.
- 33. Makineriaren eta ekipamenduaren konponketa eta instalazioa.
- 35. Energia elektrikoaren, gasaren, lurrunaren eta aire egokituaren hornidura.
- 36. Ura hartu, araztu eta banatzea.
- 37. Hondakin urak bildu eta tratatzea.
- 38. Hondakinak bildu, tratatu eta deuseztatzea; balorizazioa.
- 39. Deskontaminazio jarduerak eta hondakinak kudeatzeko bestelako zerbitzuak.
- 58. Edizioa.
- 59. Zinemagintzako, bideoko eta telebistako saioetako jarduerak, soinu-grabaketa eta musika-edizioa.
- 60. Irrati eta telebista programazioen eta emanaldien jarduerak.
- Bere EJZa sartuta egotea 2., 3. edo 4. dibisioaren barrenean.
–Energia-zerbitzuen enpresak, baldin eta kontratu bat formalizatzen badute aurreko puntuan aipatutako enpresa batekin, azken horren instalazioetan jarduketa gauzatzeko.
2. Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte dirulaguntza eskatzen den unean:
a) Diruz lagunduko den jarduera Nafarroan egin behar da.
b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea edo inskripzioa eskatuta izatea, hala badagokio, bat etorriz Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatutakoarekin.
c) Bere jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen helburuetan (erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta Taxonomiari buruzko 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen du).
Baldintza hori betetzen dela egiaztatuko da laguntza eskaerari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.
d) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
Egoera horretan dauden entitateak eta enpresak laguntzen onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian ezarritako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.
e) Enpresa krisian ez egotea, Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. definizioan ezarritakoaren arabera. Salbuespena dira 2019ko abenduaren 31n krisian ez zeudenak baina 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitarteko aldian krisian dauden enpresak izatera pasatu direnak.
Halaber, deialditik kanpo geldituko dira aipaturiko erregelamenduaren 1. artikuluan ezarritako sektore eta baldintzetan diharduten entitateak.
f) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren, hura berreskuratzeko agindu bat, oraindik bete gabea, ezarria ez izatea.
g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskabide-orrian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.
h) Ezin izanen dira dirulaguntza honen onuradun izan irailaren 23ko 10/2025 Errege Lege Dekretuak, hots, Gazako genozidioaren aurkako eta palestinarrei laguntzeko presako neurriak hartzeari buruzkoak, debekatutako jardueraren bat egiten duten enpresak. Baldintza hori dirulaguntzaren eskaeran jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da.
3. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ezin izanen dira onuradun izan zuzenbide publikoko entitateez bestelako pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta irabazi-asmorik badute eta betetzen ez badituzte Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak.
Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete direla ordainketa-epeak:
a) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona juridikoen kasuan: administrazio organoak edo behar adinako ordezkaritza-ahala duen organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak. Egoera hori egiaztatzeko, b) letran adierazitako frogabideren bat ere erabil dezakete.
b) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek honako hauen bidez frogatzen ahal dute:
1.–Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, jasoko duena auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioaren transkripzio banakatua, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila, atal honetan zehaztutakoa (%90), oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.
Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.
2.–Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako "Adostutako prozeduren gaineko txostena", non adierazten baita ezen aztertu dela sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bat (epeak bete direla ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da) eta ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legean jasotako ordainketa-epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.
Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila %90ekoa edo handiagoa denean (18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan ezarritako ehunekoa).
Nahi izanez gero, dokumentazio hori laguntza-eskaerarekin batera aurkezten ahalko da, eta, une horretan aurkeztu ezean, hilabeteko epea emanen da horretarako, dirulaguntza emateko ebazpenean. Hala ere, b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu epe hori baino lehen, eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta, lortutakoan, bost egun naturaleko epe luzaezinean aurkeztuko da. Epe hori eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
4. Baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskabide-orri telematikoan jasotako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, eta baldintzak betetzen jarraitu beharko da laguntza ordaindu arte.
3. oinarria. Aplikatu beharreko laguntza-araubidea.
1. Eskatutako laguntzak arau-esparru hauetako batean sartzen ahalko dira:
a) "De minimis" laguntzak, bat etorriz Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan ezarritakoarekin, non Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzen baita (2023ko abenduaren 15eko L EBAO).
Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko zerga ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Horren ondorioetarako, erregelamendu horren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.
Horretarako, eskatzaileek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskabidearen formularioan.
b) Jakinarazteko betebeharretik salbuetsita egotea (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarria), betetzen dituelako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta 38. eta 41. artikuluetan ezarritako baldintzak (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz; 2014ko L187. EBAOn argitaratu zen, ekainaren 26koan). Erregelamendu horren aplikazio aldia 2026ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduaren bidez (2023ko L 167/1 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 30ekoa).
4. oinarria. Betebeharrak eta jarduketa diruz lagungarriak egiteko epea.
1. Honako hauek dira dirulaguntza jaso dezaketen jarduketak:
a) Efizientzia energetikoa:
–Azken energia-kontsumoa edo CO2 emisioak murrizten dituzten ekipamenduak eta instalazioak ordezteko edo hobetzeko inbertsioak.
–Azken energia-kontsumoa eta CO2 emisioak murriztuko dituzten kudeaketa energetikoko sistemak ezartzea edo hobetzea.
b) Autokontsumo elektrikoa: Teknologia fotovoltaikoko elektrizitatea sortzeko instalazioak ezartzea autokontsumorako, 244/2019 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.
Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren arau-esparruan sartutako energia-efizientziako jarduketetarako eskaeren kasuan, gastu diruz lagungarria azken energia-kontsumoa eta CO2 emisioak murriztearekin zuzenean lotuta dagoena izanen da. Hori kalkulatzeko, gastu horiek bereizita identifikatu ezin direnean, erreferentziazko inbertsio batetik abiatuta zehaztuko da. Erreferentziazko inbertsioa da proiektu berak izanen lukeen kostua baldin eta ekoizpen maila berarekin eginen balitz baina ingurumen hobekuntzarik eta energia-aurrezpenik gabe, hau da, teknologia ez-efizientean edo indarreko legeriak eskatutako gutxieneko efizientzia duen teknologian egindako eta behar bezala justifikatutako inbertsioa. Gastu diruz lagungarria honako hau izanen da: egin beharreko jarduketaren inbertsioaren eta erreferentziazko inbertsioaren arteko aldea.
Autokontsumo elektrikoko instalazioetarako jarduketen kasuan, honako lan hauekin lotutako gastuak izanen dira diruz lagungarriak: sortze instalazioa banaketa sarearekin konektatzeko beharrezkoak diren lanak eta jarduketen xede den estalkiaren zatian amiantoa kentzearekin lotutakoak.
2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:
a) Inbertsioaren ondoriozko gastu finantzarioak.
b) BEZa.
c) Autokontsumo elektrikoko instalazioen kasuan, zerbitzuan dagoen sarearen banaketa-sareko instalazioak indartzeko, moldatzeko, egokitzeko edo eraberritzeko lanak, instalazio berriak sartzeko beharrezkoak direnak. Era berean, ez dira diruz lagungarriak izanen banatzaileari laga beharreko sare-luzapen berrirako egin behar diren lanak, egungo banaketa-saretik eskatzailearen jabetzako lehen elementurainokoak.
d) 30.000 eurotik beherako laguntza jasotzen duten onuradunen kasuan, merkataritza-jardueretan egin dituzten gastu diruz lagungarriak aplikatzekoa zaien araudi sektorialean ezarritako ordainketa epeetan ordaindu behar dira, edo, halakorik ezean, merkataritza-eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.
3. Jarduketak gauzatzeko epea hau izanen da:
a) Epea hasiko da kasuan kasuko eskaera sailkatzen den araudiaren arabera.
–"De minimis" araubidearen barruko laguntzen kasuan, 2025eko urriaren 1ean hasiko da.
–Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren barruan sailkaturiko laguntzen kasuan, diruz lagundutako jarduketa, beti, laguntza eskatu ondoren hasiko da.
b) Epea 2026ko irailaren 30ean bukatuko da.
4. Gastu diruz lagungarriren bat 30.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo), obra gauzatzeko gastuen kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo), ekipo ondasunak erosteko edo aholkularitza nahiz laguntza zerbitzuak emateko kasuetan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu, eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman laguntzen fitxako "Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" izeneko formularioan.
Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude, dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.
5. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1. 4. oinarrian ezarritako energia-efizientziako jarduketentzako dirulaguntzaren zenbatekoa eskaera sartzen den laguntza-araubidearen araberakoa izanen da, 3. oinarrian zehaztutakoaren arabera:
a) "De minimis" araubidera bildutako laguntzetan, gastu diruz lagungarriaren %50, eta gehienez ere 300.000 euro.
b) Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren araubidera bildutako laguntzetan:
ENPRESAREN TAMAINA | LAGUNTZA PORTZENTAJEA | LAGUNTZAREN GEHIENEKO ZENBATEKOA |
Enpresa txikia | 50 | 300.000 |
Enpresa ertaina | 40 | |
Enpresa handia | 30 |
2. 4. oinarrian ezarritako autokontsumo elektrikoko jarduketentzako dirulaguntzaren zenbatekoa eskaera sartzen den laguntza-araubidearen araberakoa izanen da, 3. oinarrian zehaztutakoaren arabera:
a) "De minimis" araubidera bildutako laguntzetan, gastu diruz lagungarriaren %30, eta gehienez ere 200.000 euro.
b) Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren araubidera bildutako laguntzetan:
ENPRESAREN TAMAINA | LAGUNTZA PORTZENTAJEA | LAGUNTZAREN GEHIENEKO ZENBATEKOA |
Enpresa txikia | 30 | 200.000 |
Enpresa ertaina | 25 | |
Enpresa handia | 20 |
6. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea bi hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta muga-egunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da.
2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.es) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa), eta horrekin batera erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztuko da.
3. Eskaera bat aurkeztu beharko da jarduketa bakoitzeko. Eskabide-orri telematikoarekin batera, honako agiri hauek aurkeztuko dira (dokumentuak bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira, zein bere izenarekin):
a) Jarduketa deskribatzeko memoria, honako hauek jasoko dituena:
–4. oinarrian ezarritako energia-efizientziako jarduketen kasuan: energia aurrezteko eta energia-efizientziarako proposatzen den neurriaren deskribapen teknikoa eta egungo egoeraren argazkiak, eta, haren barruan, energia-aurrezpenaren justifikazioa eta jarduketarekin lortuko den emisioen murrizketaren justifikazioa.
–4. oinarrian ezarritako autokontsumo elektrikoko jarduketen kasuan: teknologia fotovoltaikoko elektrizitatea autokontsumorako sortzeko neurriaren deskribapen teknikoa, instalatutako potentzia erpinaren justifikazioa barne.
b) Jarduketaren aurrekontua, guztirakoa eta banakatuta. Horrez gain:
–Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren araubideari bildutako energia-efizientziako jarduketen kasuan, erreferentziazko inbertsioaren aurrekontua.
c) Eskatzailea energia-zerbitzuetako enpresa bat bada, jarduketa gauzatuko den enpresaren baimena laguntza-eskaera aurkezteko.
d) Enpresa eskatzailearen ordezkariaren ordezkaritza-ahalmenen egiaztagiria.
4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
Oinarri honen 3.a eta 3.b ataletan adierazitako dokumentazioa ez aurkeztea ezin da inola ere zuzendu.
7. oinarria. Dirulaguntzak emateko irizpideak.
1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun hurrenkera ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat. Dena dela, baimendutako gastuak bide ematen badu eskaera guztiei erantzuteko, ez da beharrezkoa izanen lehentasun hurrenkera hori ezartzea.
Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 5. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.
Aurrekontu-baliabiderik badago, zilegi izanen da gehieneko laguntzaren zenbatekoa mugatuta duten eskaerei emandako dirulaguntza handitzea, kasu bakoitzean ezarritako gehieneko laguntza-ehunekora iritsi arte, lortutako puntuazioaren ordenari jarraituz.
2. Hauek izanen dira eskaerak baloratzeko irizpideak:
a) Ratio energetiko-ekonomikoa (energia-efizientziako jarduketen kasuan).
Ratioa = [ (azken energia-aurrezpena urtebetean ptb-tan) / (inbertsio hautagarria)] * 1.000
0,65 ratioa edo handiagoa duten eskaerei 80 puntu emanen zaizkie, eta ratioa 0 bada, 0 puntu emanen dira. Gainerako eskaerak modu proportzionalean baloratuko dira bi balio horien artean.
b) Sorkuntza elektriko-ekonomikoaren potentzia-ratioa (autokontsumo elektrikoko jarduketen kasuan).
Ratioa = [ (Instalatutako potentzia erpina kWp-tan) / (inbertsio hautagarria) ] * 1.000.
2 ratioa edo handiagoa duten eskaerei 10 puntu emanen zaizkie, eta ratioa 0 bada, 0 puntu emanen dira. Gainerako eskaerak modu proportzionalean baloratuko dira bi balio horien artean.
c) Sorkuntza berriztagarria eta/edo biltegiratzea (gehienez 10 puntu):
–Sorkuntza termiko berriztagarria ezartzea aurreikusten duten energia-efizientziako jarduketak: 5 puntu.
–Biltegiratze termikoa ezartzea aurreikusten duten energia-efizientziako jarduketak: 5 puntu.
–Biltegiratze elektrikoa ezartzea aurreikusten duten autokontsumo elektrikoko jarduketak: 5 puntu.
d) Erronka demografikoa (4.1 oinarrian ezarritako jarduketa guztien kasuan). 10 puntu lortuko dira jarduketa eginen den establezimendua 5.000 biztanle arteko udalerri batean badago, edo 20.000 biztanle arteko hirigune ez den udalerri batean badago, udalerri horretako biztanle-entitate bakun guztiak 5.000 biztanle artekoak badira.
3. Puntuazioetan berdinketarik izanez gero, irizpideetako bakoitzean lortutako puntuazioa kontuan hartuz erabakiko da, irizpideak azaldu diren hurrenkera berari jarraikiz, hain zuzen. Berdinketak jarraituz gero, laguntzaren eskaera aurkeztearen hurrenkerari jarraituko zaio.
8. oinarria. Dirulaguntza ematea.
1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hots, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.
2. Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna.
Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan jasoko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontu-baliabideen mugagatik ezetsitakoak.
3. Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean emanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEB) bidez jakinaraziko da.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago dirulaguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
4. Dirulaguntza eman ondoren eta justifikazio-epea bukatu baino lehen kreditua askatzen bada, kreditu hori erabiltzen ahalko da aurrekontu faltagatik ezetsi diren eskaerei erantzuteko. Oraindik saldo erabilgarririk badago, laguntzaren gehieneko zenbatekoak mugatutako eskaerei erantzunen zaie, 5 oinarrian adierazitako laguntzaren ehunekoa osatu arte.
5. Egindako inbertsioak justifikatzeko epea bukatu ondotik kreditua askatzen bada, eta aurrekontu-krediturik ez dagoelako ezetsi den eskaerarik ez badago, laguntza gehiago ematen ahalko zaie onuradunei –betiere, laguntzaren gehieneko zenbatekoak mugatu badu haien laguntzaren zenbatekoa–, 5 oinarrian adierazitako laguntzaren ehunekoa osatu arte.
9. oinarria. Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Onuradunek hilabeteko epea dute honako hau aurkezteko, laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik hasita:
1. Dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, deialdiaren fitxaren bidez. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori jasoko da adierazpenean).
2. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, laguntza eskabidearekin batera aurkeztu ezean, egiaztatzea betetzen direla Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak, 2.3 oinarriarekin bat.
10. oinarria. Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea eta ordaintzea.
1. Justifikazio-agiriak aurkezteko epea 2026ko irailaren 30ean bukatuko da.
2. Onuradunek telematikoki eta laguntzen fitxaren bidez aurkeztu beharko dituzte gauzatutako jarduketak justifikatzen dituzten azken agiriak.
a) Onuradunaren izenean dauden fakturak.
b) Ordainketaren egiaztagiriak.
c) Onuraduna energia-zerbitzuetako enpresa bat bada, diruz lagundutako jarduketa gauzatu deneko enpresarekin formalizatutako kontratua, non amortizazio-taula jaso beharko baita.
d) Eskaerarekin batera aurkeztutako deskribapen-memorian adierazitakoa osorik bete dela deskribatzen duen memoria, edo zer aldaketa egin diren deskribatzen duena, ekipoen, instalazioen edo sistemen argazki-erreportajea barne.
e) Autokontsumo elektrikoko jarduketen kasuan: behe-tentsioko instalazio elektrikoaren erregistro-zenbakia. Onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik ezin bada dagokion erregistroa lortu justifikazio epearen azken egunerako, inguruabar hori egiaztatzen duen dokumentazioa, adibidez, atzerapena izan dela kasuan kasuko sarearen kudeatzaileak sarbide eta konexio baimenak lortzeko orduan. Kasu horretan, erregistro-zenbakia aurkezteko muga-eguna 2027ko irailaren 30a izanen da.
f) "Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" izeneko formularioa, gastu diruz lagungarrietakoren bat, BEZa gabe, 30.000 eurotik gorakoa (obrak gauzatzeko kostuen kasuan) edo 12.000 eurotik gorakoa bada (ekipo ondasunak erosteko edo aholkularitza nahiz laguntza zerbitzuak emateko kasuetan).
g) Onuradunak dirulaguntza jaso nahi duen banku-kontuaren eguneraketa. Izapide hori "Kontuen eta ordainketen kontsulta" izapidearen bitartez egiten ahalko du, edo laguntzen fitxan eskuragarri dagoen Transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren inprimakia aurkeztuz.
3. Aurreko atalean adierazitako dokumentazioa osoa ez bada edo akatsen bat badu, onuradunari eskatuko zaio zuzen dezala 10 egun balioduneko epean, 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat.
4. Laguntza justifikatzeko dokumentazioa aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, ziurtatzen duena bete direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.
5. Justifikazioa egiten bada ezarritako epea bukatu ondoren, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, kobratu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, deklaratuko da galdu dela laguntza kobratzeko eskubidea.
6. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko zuzendariak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du, frogagiriak aurkezten direnetik bi hilabeteko epean gehienez ere.
11. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematikaz aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxaren bidez. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori jasoko da adierazpenean).
Foru lege horren 3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek betetzen ez badute foru lege horren 12.4 artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, salbu eta jarduketa gauzatu dela justifikatzeko epearen barruan aurkezten bada; baina kasu horretan, %5 murriztuko da ordaindu beharreko laguntzaren zenbatekoa.
b) Diruz lagundutako jarduketa egitea eta aurreko oinarrian ezarritako moduan justifikatzea.
c) 30.000 eurotik gorako laguntzen onuradunek, dirulaguntza eman zaiela jakinarazten zaienetik hilabeteko epean, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte, zeinak 2 oinarrian adierazten baitira, betiere laguntzak eskatzeko unean aurkezten ez badituzte.
d) Ondasun inbentariagarrien kasuan (Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.4 artikulua), onuradunak dirulaguntzaren xede zehatzerako erabili beharko ditu ondasunak; 7 urtez, erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunen kasuan, eta 2 urtez, gainerako ondasunen kasuan.
e) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresa-deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.
f) Autokontsumo elektrikoko jarduketen kasuan, onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik ezin izan bada aurkeztu behe-tentsioko instalazio elektrikoaren erregistro-zenbakia jarduketa justifikatzeko azken egunean, erregistro-zenbakia 2027ko irailaren 30a baino lehen aurkeztuko da.
g) Autokontsumo elektrikoko jarduketen kasuan: behe-tentsioko instalazio elektrikoaren erregistro-zenbakia. Onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik ezin bada dagokion erregistroa lortu justifikazio epearen azken egunerako, inguruabar hori egiaztatzen duen dokumentazioa, adibidez, atzerapena izan dela kasuan kasuko sarearen kudeatzaileak sarbide eta konexio baimenak lortzeko orduan. Kasu horretan, erregistro-zenbakia aurkezteko muga-eguna 2027ko irailaren 30a izanen da.
h) Laguntzak kudeatzen dituen organoari komunikatzea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko, 12. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori.
EAZen kasuan (energia-aurrezkiak eskualdatuz lortutako diru-sarrerak), halakoak jakinarazi egin beharko dira, frogatzearren horiek laguntzari baturik (dela onartutako laguntza, dela ordaindutakoa) ez dela gainditzen diruz lagundutako zenbatekoaren %100, hamabigarren oinarrian ezarri bezala.
i) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresa-deslokalizazioa gertatuz gero, 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki, laguntza %5 murriztuko da, baldin eta diruz lagundutako jarduketaren justifikazioa 10. oinarrian ezarritako epealdiaren ondoko hamar egun baliodunetan egiten bada.
3. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak zilegi izanen du beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen jarduketak egitea, egiaztatzeko benetan gauzatu direla dirulaguntzak jaso dituzten kontzeptuak, bai eta, funtsak zertarako eman diren, horretarako erabili direla egiaztatzeko ere.
12. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna eta metaketa arauak.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.
Onuradunak jarduketa bera egiteko bateragarriak diren dirulaguntzak hartzen direnean, dirulaguntzen zenbatekoa (bakarka hartuta nahiz beste dirulaguntza, laguntza eta diru-sarrera batzuk eta dirulaguntzaren xede den jardueraren baliabide propioak gehituta) ez da inola ere izanen onuradunak egin beharreko jarduketaren kostua baino handiagoa, hala ezarririk baitago Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 16.3 artikuluan.
Ondorio horietarako, kontuan hartuko dira energia-aurrezkiak eskualdatuz lortutako diru-sarrerak (EAZak); izan ere, diru-sarrera horien eta dirulaguntzaren baturak ere ezin du gainditu jarduketaren kostua. Energiaren aurrezpenaren ziurtagiria (EAZa) agiri elektroniko bat da, azken energia-kontsumoan aurrezpena lortu dela aitortzen duena, urtarrilaren 24ko 36/2023 Errege Dekretuaren 2.b) artikuluaren arabera.
Orobat, energiaren aurrezpenaren ziurtagiria erregistratu daitekeenez energia-aurrezpen ziurtatua lortu zuen jarduketa egin ondoko hiru urteetan, onuradunak organo emaileari jakinarazi beharko dizkio laguntza kobratu ondoren izandako diru-sarrerak, hark egiazta dezan ez dela inola ere gainditu diruz lagundutako kostuaren %100.
13. oinarria. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
1. Laguntzen eskaera eta interesdunek erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.
2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduran beharrezkoak diren gainerako komunikazioak interesdunen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEb) eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazio horren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak jarritako helbide elektronikoaren bitartez.
14. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).
15. oinarria. Datu pertsonalen babesa.
Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntzak kudeatzeko. Era berean, jakinarazten da datuak babesteko eskubideak departamentu horretan balia daitezkeela, laguntzen fitxan adierazitako moduan.
16. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.
Iragarkiaren kodea: F2517251
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
