Iragarkia
16. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 22a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
28/2025 FORU AGINDUA, abenduaren 26koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita ekainaren 26ko 16/2025 Foru Agindua. Foru agindu horren bidez, behar diren oinarri arautzaileak onesten dira 2025-2027 aldirako laguntzak emate aldera erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzeko, Nekazaritza Politika Erkideari buruzko Plan Estrategiko Nazionalean jasotako Erlezaintza Sektorerako Esku-hartzearen esparruan. DDBN kodea: 842609.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak ekainaren 26an emandako 16/2025 Foru Aginduaren bidez, behar diren oinarri arautzaileak onetsi dira 2025-2027 aldirako laguntzak emate aldera erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzeko, Nekazaritza Politika Erkideari buruzko Plan Estrategiko Nazionalean jasotako Erlezaintza Sektorerako Esku-hartzearen esparruan, eta erlezaintzako 2025eko kanpainarako laguntzen deialdia onetsi da.
Urriaren 14ko 916/2025 Errege Dekretuak, Nekazaritza Politika Erkidearen arloko zenbait errege dekretu aldatzen dituenak, aldatu egiten du 147/2023 Errege Dekretuaren 54. artikulua, erlezaintza sektorerako esku-hartzearen esparruan egiten diren esku-hartzeetarako laguntza murrizteari buruzkoa.
Ondorioz, beharrezkoa da 16/2025 Foru Aginduan aldaketa batzuk egitea hamazazpigarren oinarrian (Kontrolak eta zehapenak) ezarritako murrizketak egokitzeko.
Hala ere, asmoa izanik testu bakar bat izatea, kudeatzaileek eta onuradunek errazago erabiltzeko modukoa, eta esku hartzen duten guztientzat segurtasun juridiko handiagoa lortze aldera, komenigarritzat jotzen da ekainaren 26ko 16/2025 Foru Aginduaren testu bateratua argitaratzea, zeina foru agindu honen eranskin gisa gehitu baita.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Aldatzea ekainaren 26ko 16/2025 Foru Agindua, zeinaren bidez behar diren oinarri arautzaileak onesten baitira 2025-2027 aldirako laguntzak emate aldera erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzeko, Nekazaritza Politika Erkideari buruzko Plan Estrategiko Nazionalean jasotako Erlezaintza Sektorerako Esku-hartzearen esparruan. Hona hemen aldaketak:
a) Hamahirugarren oinarriko bigarren paragrafoa honela idatzita geldituko da:
"Pertsona fisikoek ez dute gardentasun betebeharraren adierazpena aurkeztu behar eskatutako dokumentazioarekin batera"
b) Hamazazpigarren oinarriko 2. atala honela idatzita geldituko da:
"Penalizazio bat aplikatuko da erlauntzen kopuruaren gehiegizko deklarazioa egiteagatik, otsailaren 28ko 147/2023 Errege Dekretuaren 54. artikuluan ezarritakoaren arabera (errege dekretu horren bidez, ezartzen dira Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoan jasotako esku-hartzeetan penalizazioak aplikatzeko arauak, eta aldatzen dira 2023-2027 aldirako Nekazaritza Politika Erkidea Espainian aplikatzearekin lotutako zenbait alderdi arautzen dituzten errege dekretu batzuk)".
c) Hamazazpigarren oinarriko 3., 4., 5., 6., 7. eta 8. atalak ezabatzen dira.
2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Indarrean jartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2025eko abenduaren 26an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.
ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, 2025-2027 ALDIRAKO LAGUNTZAK EMATE ALDERA ERLEZAINTZAKO PRODUKTUEN EKOIZPENA ETA MERKATURATZEA HOBETZEKO JARDUERAK SUSTATZEKO, NEKAZARITZA POLITIKA ERKIDEARI BURUZKO PLAN ESTRATEGIKO NAZIONALEAN JASOTA DAGOEN ERLEZAINTZA SEKTORERAKO ESKU-HARTZEAREN ESPARRUAN
Lehenbizikoa.–Xedea eta aplikazio eremua.
1. Foru agindu honen xedea da, batetik, oinarri arautzaileak ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean 2025-2027 aldirako laguntzak emate aldera erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzeko, Erlezaintza Sektorerako Esku-hartzearen esparruan, hala ezarrita baitago urriaren 25eko 906/2022 Errege Dekretuan (haren bidez arautzen da Nekazaritza Politika Erkideari buruzko Plan Estrategikoaren esparruan Erlezaintza Sektoreko Esku-hartzea), eta, bestetik, erlezaintzako 2025eko kanpainarako laguntzen deialdia onestea.
2. Laguntza lerro hau jasota dago Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren XV. eranskinean, Nafarroako Gobernuak 2025eko apirilaren 30ean hartutako Erabakiaren bidez onetsitakoan; erabaki horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren 2025-2027 aldiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa berrikustea eta eguneratzea onetsi zen.
Bigarrena.–Definizioak.
1. Oinarri hauen ondorioetarako, definizio hauek hartuko dira kontuan:
a) Erlauntza: erleen kolonia bat duen unitatea, erabiltzen dena eztia eta erlezaintzako beste produktu batzuk ekoizteko, edo erleak ugaltzeko materiala ekoizteko, baita haiek bizirauteko beharrezkoak diren elementu guztiak ere.
b) Erlezaintzako kanpaina: ondoz ondoko hamabi hilabeteko aldia, n-1 urteko abuztuaren 1etik n urteko uztailaren 31ra artekoa, n deialdiaren urtea izanik.
c) Ezinbesteko arrazoiak edo salbuespenezko inguruabarrak: erlezaintza sektoreko esku-hartzearen esku-hartze moten ondorioetarako, aitortzen ahalko da ezinbesteko arrazoiak eta salbuespenezko inguruabarrak tartean daudela bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluan ezarritakoarekin.
Europako nekazaritza arloko zuzenbideko «ezinbesteko arrazoiei» buruzko Batzordearen 1988ko urriaren 6ko C (88) 1696 Komunikazioan (88/C 259/07) zehazten denez, onuradun batek «ezinbesteko arrazoiengatik izan ezik» formulari heldu nahi badio, dokumentu bidezko froga ukaezina aurkeztu beharko dio dagokion agintaritza eskudunari, zuzenbidean onartutako bitartekoen araberakoa, salbu eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 3.2 artikuluan ezarritako kasuetan.
d) Ekintza: Erlezaintza Sektoreko Esku-hartzearen ondorioetarako, ekintzatzat hartuko da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 55.1 artikuluaren lehen paragrafoko a) letratik g) letrara bitartean ezartzen diren esku-hartze motetan jasotako edozein neurri. Hirugarren oinarrian zehaztuta daude.
e) Erlezain-taldeak: legez aitortutako erlezainen erakunde edo elkarte guztiak.
f) Finantza-ekitaldia: n-1 urteko urriaren 16tik n urteko urriaren 15era bitarteko aldia.
g) Erlezain profesionala: 150 erlauntz baino gehiago dituena.
h) Erlezain transhumantea: urtean zehar erlauntzak beste kokaleku batera edo batzuetara lekualdatzen dituena.
i) Erlezaintzako ustiategiaren titularra: erlezaintzaren jarduera egiten duen pertsona fisiko edo juridikoa, bere gain hartzen dituena jarduera horren kudeaketaren erantzukizuna eta arriskuak.
2. Era berean, honako hauetan jasotako definizioak aplikatu beharko dira: Erlezaintzako ustiategiak antolatzeko arauak ezartzen dituen otsailaren 22ko 209/2002 Errege Dekretuaren 2. artikuluan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 4. artikuluan eta sektore horretako esku-hartze honi aplikatzen zaion Europar Batasuneko gainerako araudian.
Hirugarrena.–Esku-hartze diruz lagungarriak.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2115 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera, honako helburu hauek dituzten esku-hartzeek jasotzen ahalko dituzte hemen arautzen diren laguntzak:
1. "Erlezainei eta erlezainen elkarteei aholkularitza, laguntza teknikoa, prestakuntza eta informazioa emateko eta jardunbide egokienak elkarri trukatzeko zerbitzuak, are sareetako lankidetza-jardueren bidez ere".
Esku-hartze horretarako aukera izanen dute soilik erlezaintzako kooperatibek, ordezkaritza erakundeek, osasun defentsarako elkarteek eta erlezainen elkarteek, baldin eta nortasun juridiko propioa badute eta kideek onuradun izateko bosgarren oinarrian jasotako baldintzak betetzen badituzte.
1.1. Teknikariak eta espezialistak zuzenean kontratatzea erlezainei eta erlezainen elkarteetako kideei informazioa eta laguntza emateko, alderdi hauei dagokienez: erlezaintzako osasuna, erlauntzaren erasotzaileen aurkako borroka, laborategiko analisia (erlezaintzako produktuak aztertzeko, erleen galera edo produktibitatearen jaitsiera aztertzeko eta erleentzat toxikoak izan daitezkeen substantziak aztertzeko, hala nola pestizidak), hazkuntza eta hautaketa (erreginak haztea barne), ustiategien ingurumen optimizazioa eta, azkenik, aholkularitza orokorra erlezaintza-ekoizpenari eta -kudeaketari buruz, klima aldaketara egokitzearen gaineko maneiu-praktikei buruz eta erlezaintzako produktuak merkaturatzeari buruz. Zerbitzu horien kontratazioa hirugarrenekiko laguntza teknikoen bidez ere egin daiteke. Kontratazio horiek urriaren 25eko 906/2022 Errege Dekretuak kostuen moderazioari buruz ezartzen dituen printzipioei eta betebeharrei jarraikiz eginen dira, eta kontratazioaren independentziaren eta gardentasunaren printzipioekin bat. Ez da inola ere emanen ekintza horietarako laguntza zuzenik, esku-hartzearen beste lerro batzuen xede baitira.
Erlezain-talde bakoitzak teknikari bat izendatu beharko du informazio eta laguntza teknikoko programa gauzatzeko. Teknikari horrek albaitaritzan lizentziatua izan beharko du nahitaez.
1.2. Prestakuntza ikastaroak eta etengabeko prestakuntza –online prestakuntza barne– antolatzea, egitea eta horietara joatea, batez ere aurreko atalean adierazitako gaiei buruzkoa bada, barne direlarik prestakuntza ikastaroak in situ egiteko bidaiak. Prestakuntza hori erlezainentzat, erlezainen elkarte eta taldeetako espezialistentzat eta teknikarientzat izanen da, bai eta erlezainen elkarte eta taldeen erlezaintza laborategietako langileentzat ere.
1.3. Dibulgazio teknikorako bitartekoak. Barnean hartuko dira buletinak, dibulgazio-materiala eta erlezaintzari buruzko argitalpen monografikoak diseinatzeko, egiteko, inprimatzeko eta zabaltzeko kostuak.
Diruz lagundutako jarduerari buruz egiten den informazio edo publizitate orotan adierazi behar da Europar Batasunak eta Nafarroako Gobernuak batera finantzatzen dutela. Sartu beharreko logotipo ofizialak Nafarroako Gobernuaren webguneko tramiteen katalogoko fitxan eskura daitezke.
1.4. Administrazio langileak kontratatzea erlezaintzaren arloko osasun defentsarako elkarteentzat eta erlezainen elkarteentzat, horren barruan delarik bai horrelako langileen zuzeneko kontratazioa, bai haien zerbitzu espezializatuen kontratazioa hirugarrenen bidez. Gehienez laguntzaile bat erlezaintzaren arloko osasun defentsarako elkarte edo erlezainen elkarte bakoitzeko. Ekintza horri lagunduko zaio baldin eta 1.1 ekintzari erantzuteko finantza-beharrak bete badira.
2. "Aktibo materialetan eta immaterialetan egindako inbertsioak, bai eta beste ekintza batzuk ere, honako hauetara bideratutakoak barne:"
2.1. Erlauntzetako inbaditzaileen eta gaixotasunen aurka borrokatzea, batez ere barroasiaren aurka;
2.1.1. Barroasiaren aurkako tratamenduak, Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak baimenduak, albaitari baten preskripzioaren arabera hautatuak eta aplikatuak, gehienez 2,5 euro urtero erlauntz bakoitzeko, urtean tratamendu bat egiten bada, eta 5 euro urtero erlauntz bakoitzeko, urtean bi tratamendu egiten badira.
2.1.2. Barroosiaren aurkako tratamenduak, Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak baimenduak, bateragarriak direnak erlezaintza ekologikoarekin, kasuan kasuko albaitarien preskripzioa oinarri hartuta hautatuak eta aplikatuak1, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren maiatzaren 30eko 2018/848 Erregelamenduak ezartzen dituen baldintzak betez ekoizten duten erlezainentzat (erregelamendu hori produktu ekologikoak ekoizteari eta etiketatzeari buruzkoa da eta haren bidez indargabetu da Kontseiluaren 834/2007 (EE) Erregelamendua).
2.1.3. Koloniaren biziraupenerako arrisku egoeran dauden erlauntzen bizitasuna areagotzeko produktuak, osasun eta klima faktoreei lotuak erlauntzerako larrialdi egoeretan.
Erlauntzak elikatzeko produktuak eta erlauntzaren bizitasuna hobetzen duten beste batzuk sartzen ahalko dira, agintaritza eskudunari horren justifikazioa aurkezten bazaio.
Erlezainaren zinpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, IV. eranskinaren araberakoa (Larrialdi egoeraren erantzukizunpeko adierazpena, erlauntzak elikatzeko beharra justifikatzen duena), zeina eskura baitaiteke Nafarroako Gobernuaren webguneko tramiteen katalogoko fitxaren bidez. Aplikatu beharra justifikatu beharko da, horretarako deskribatuz horniketa eragiten duten inguruabar zehatzak eta biziraupenerako arriskua, zeinak osasun edo klima arlokoak izanen baitira.
2.1.4. Argizaria berritzea eta egokitzea (hozteko ekipoak eta ganberak barne, hazkuntza-laukiak egoera onean mantentzeko), gehienez 400 g argizari erlauntz eta urte bakoitzeko.
2.1.5. Tranpak, gai erakarleak eta norbera babesteko ekipamenduak erostea, bai eta agintaritza eskudunak onartutako beste edozein neurri ere, Vespa velutina eta beste espezie exotiko inbaditzaileak harrapatu, desagerrarazi, uxatu eta kontrolatzeko.
Eskatzaileak kokaleku bakoitzean duen erlauntz kopuruak ekarriko du tranpen eta gai erakarle diruz lagungarriaren gehieneko kopurua:
–Tranpa 1, gehienez 10 erlauntz dituzten kokalekuetan.
–2 tranpa, gehienez 25 erlauntz dituzten kokalekuetan.
–3 tranpa, gehienez 50 erlauntz dituzten kokalekuetan.
–4 tranpa, 50 erlauntzetik gora dituzten kokalekuetan.
2.2. Fenomeno klimatiko kaltegarriek eragindako kalteak prebenitzea eta baldintza klimatiko aldakorretara egokitutako kudeaketa-praktiken garapena eta erabilera sustatzea.
2.2.1. Erlezaintzako ustiategien maneiuari eta kudeaketari buruzko adibide praktikoak biltzen dituzten azterlanak.
2.2.2. Erlezaintzako ustiategiak fenomeno klimatiko kaltegarrietara eta baldintza klimatiko aldakorretara egokitzea ahalbidetzen duen ekipamenduan inbertitzeko gastuak.
2.3. Europar Batasuneko erlauntzak birpopulatzea, erleen hazkuntzaren bidez bereziki.
Esku-hartze mota honetarako laguntzak emanen dira, bakar-bakarrik, baldin eta erreginak eta/edo erlekumeak erosten bazaizkie Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorraren arabera jarduera honekin bateragarria den sailkapen zootekniko bat daukaten ustiategiei, hau da, "hautatu eta hazteko" xedea duten ustiategiei edo ustiategi "mistoei", eta behar diren erroldatze mugimendu eta eguneratzeak egiaztatuko dira.
2.3.1. Erreginak hazteko inbertsioak (ernalketa nukleoak, inkubagailuak, erreginen intseminazio artifizialerako materiala).
2.3.2. Aloktonoak ez diren espezieetako edo/eta azpiespezieetako erreginak (ernalduak daudenak zein ez daudenak) eta erlekumeak erostea, galtzen direnak ordezteko, baldin eta aurreko puntuko ekintzako eskaerei erantzuteko finantza beharrak betetzen badira.
2.4. Transhumantzia arrazionalizatzea.
Esku-hartze mota hau erlezain transhumanteei baino ez zaie aplikatuko.
2.4.1. Erlauntzak manipulatzeko eta transhumantzian laguntzeko behar diren makinak eta ekipoak erostea, zaintzea eta hobetzea. Ez da diruz lagunduko inolako garraiobiderik, zehazki ibilgailu motordunak, horien piezak eta mantentze-lanak, ezta erregaia ere.
2.5. Aktibo ukigarrietan eta ukiezinetan egindako inbertsioak.
Esku-hartze mota honetarako inbertsioak hautatzean, kontuan hartuko dira erlezain transhumanteen berezitasunak eta garrantzia.
2.5.1. Erlauntzen produktibitatea eta errendimendua hobetzeko inbertsioak edo ekintzak: lanabesak, ekipoak, erlauntzak maneiatzeko eta aldatzeko sistemak, eztia ateratzeko sistema mugikorrak eta/edo erlezaintzako produktuak.
2.5.2. Ezti-erleen eta beste polinizatzaile batzuen jarduerarako mesedegarriak diren lore-espezieak dituzten kokalekuak, bideak eta bidexkak hobetzeko eta egokitzeko inbertsioak.
2.5.3. Erlauntzak monitorizatzeko softwarea eta ekipoak (pisua, hezetasuna, barne-tenperatura, soinua eta abar kontrolatzeko) eta ustiategiak kudeatzekoak (sendagaien erregistroa, mugimenduen erregistroa eta abar), barne delarik eguzki-panelen bidezko elektrifikazioa –deskribatutako ekipoei zerbitzua emateko direnentzat bakarrik–, eta datuak transmititzeko gastuak.
2.5.4. Erlauntzen gaineko erantzukizun zibileko aseguruaren kuota. Laguntza hauen onuradun izateko nahitaezko aseguruaren kuotak sartzen dira.
2.5.5. Erlauntzak babesteko, lapurreten aurka zaintzeko (bideozaintza-sistema barne) edo geolokalizatzeko sistemak.
2.5.6. Eztia, polena, argizaria eta propoliak ontziratu eta etiketatzeko ekipoak, eta horien kalitatea, erabilera eta merkaturatzea hobetzekoak.
3. "Laborategiei laguntzeko jarduketak erlezaintzako produktuen analisiak egin ditzaten, bai eta erleen galera edo produktibitatearen jaitsierak saihesteko analisiak eta erleentzat toxikoak izan daitezkeen substantzien analisiak ere".
3.1. Erlezainek eta erlezainen elkarteek eztia eta erlezaintzako produktuak analizatzeko zerbitzuak kontratatzea, ISO 17025 arauak akreditatutako laborategietan egiten badira.
3.2. Erlezainen elkarteek laborategiak sustatu eta sortzea.
3.3. Eztia eta erlezaintzako beste produktu batzuk analizatzeko ekipamendua, kit-ak eta beste material batzuk erostea.
3.4. Erlezainek eta erlezainen elkarteek erlauntzetako erleak eta beste matrize batzuk analizatzeko zerbitzuak kontratatzea plagizidak detektatzeko, ISO 17025 arauak akreditatutako laborategietan egiten badira.
3.5. Erleak eta haien produktuak analizatzeko zerbitzuak kontratatzea, erlauntzen osasun egoerari loturikoak (laginak jasotzeko, igortzeko eta analizatzeko gastuak barne). Kontratatzen diren laborategiek ISO 17025 arauaren bidez akreditatuak egon beharko dute.
6. "Sustapena, komunikazioa eta merkaturatzea, merkatua begiratzeko ekintzak eta jarduerak barne, bereziki kontsumitzaileak erlezaintzako produktuen kalitateari buruz sentsibilizatzeko".
Esku-hartze mota hau merkaturatze-jarduketak egiten dituzten erlezainen elkarteek bakarrik eskatzen ahalko dute.
6.1. Erlezaintzako ustiategien bideragarritasun ekonomikoari eta/edo produkzio-kostuei buruzko azterketak egitea.
6.2. Erlezaintzako produktu berriei eta/edo horiek aurkezteko modu berriei buruzko merkatu-azterketak edo proiektu pilotuak egitea.
6.3. Erlezaintzako produktuek duten merkatuaren jarraipena eta haien merkaturatzearen jarraipena egiteko sistemak.
6.4. Eztiaren eta erlezaintzako produktuen kontsumoari buruzko informazio eta sustapen jarduerak.
6.5. Merkaturatzeari lotutako gastuak erlezainen elkarteentzat:
–Diseinu eta irudi gastuak.
–Eztiak merkaturatzeko plataformen gastuak (instalazio eta zentro logistikoak eta banaketakoak).
–Ekoizleen elkarteak eztia eta erlezaintzako beste produktu batzuk azken kontsumitzaileari zuzenean saltzearekin lotutako gastuak (instalazioak, Internet bidezko salmentarekin eta banaketarekin lotutako inbertsioak). Berariaz kanpo gelditzen dira garraiorako ibilgailuak erosteko edo alokatzeko gastuak, bai eta haien osagaiak, mantentze-lanak eta erregaia ere.
–Web-orria eta marka-irudia diseinatzeko eta birdiseinatzeko gastuak, posizionamendu digitala hobetzeko gastuak eta sare sozialak kudeatzekoak.
7. "Produktuen kalitatea handitzeko jarduketak".
Esku-hartze mota hau merkaturatze-jarduketak egiten dituzten erlezainen elkarteek bakarrik eskatzen ahalko dute.
7.1. Erlezainen elkarteek erlezaintzako produktuen kalitate-figurak eta -arauak sustatu, sortu eta mantentzeko ekintzak (ziurtapenaren gastuak barne, kasua bada).
7.2. Ekoizleen elkarteek kalitate-figurak hartzearekin lotutako beste gastu mota batzuk:
–Kalitate-markak sortzeko aholkularitza-gastuak.
–Kalitate-sistemen auditoria- eta ezarpen-gastuak.
–Operadoreen auditoria-gastuak.
7.1 eta 7.2 ekintzen barruko jarduketei dagokienez, horiek lehen aldiz ezartzeko baino ez dira diruz lagunduko, eta ez dira inola ere finantzatuko ohiko funtzionamendu gastuak, salbu eta jarraipenerako auditoria-gastuak, baldin eta kanpoko erakunde independente eta kualifikatu batek egiten baditu.
7.3. Merkatuan eztien kalitate-katearen jarraipena egitea.
Hirugarren oinarri honetan diruz lagundutako inbertsio guztiek onuradunarenak izaten jarraitu beharko dute, eta gutxienez hiru urtez haren jabetzakoak izan, arau orokor gisa, eta bost urtez erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunen kasuan, laguntza ordaintzen denetik zenbatzen hasita.
Ez dira izanen diruz lagungarriak:
a) Logistika- eta banaketa-gastuak.
b) Bigarren eskuko ondasunak eskuratzea.
c) Aktibo berdinen ordezkapen hutsa, hobekuntzarik ekartzen ez duena produktibitatea eta/edo errendimendua handitzen duen teknologian.
d) Erlezaintza Sektoreko Esku-hartzearen helburuak lortzeko produktu edo jarduerez bestelako produktu edo jardueretan eragina izan dezaketen inbertsioak.
Laugarrena.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1. Laguntzak kalkulatzeko, baldintzak betetzeko, lehentasunak ezartzeko eta ordaintzeko, eskatzaile bakoitzarentzat kontuan hartuko den erlauntz kopurua hauen artean txikiena izanen da:
a) Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan (REGA) inskribatutako erlauntzen zentsua, urteko nahitaezko zentsuko aitorpenaren arabera, eskaera aurkezten den urteko martxoaren 1ean.
b) Eskatzaileak laguntza zenbat erlauntzetarako eskatzen duen.
c) Eskaeren epearen amaieran aseguru-polizan sartutako erlauntzak.
d) In situ kontrola egiten den kasuetan, dagokion kontrol aktan adierazitako erlauntzen kopurua.
2. Laguntzen gastuak eta inbertsioak kasuan kasuko erlezaintzako kanpainaren barnean egin beharko dira, bigarren oinarrian jasotzen den bezala.
3. Onuradun bakoitzak jasoko duen laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, diruz lagundutako esku-hartze mota bakoitzean jasotako zenbatekoak batu behar dira. Esku-hartze mota bakoitzeko ekintzetarako ezarritako laguntza-intentsitateak honako hauek dira:
–1. esku-hartze motako ekintza guztietan ("Erlezainei eta erlezainen elkarteei aholkularitza, laguntza teknikoa, prestakuntza eta informazioa emateko eta jardunbide egokiak elkarri trukatzeko zerbitzuak, are sareetako lankidetza-jardueren bidez ere"), eskatutako gastuaren %100.
–2. esku-hartze motako ekintzen kasuan ("Aktibo materialetan eta immaterialetan egindako inbertsioak, bai eta beste ekintza batzuk ere"), eskatutako zenbatekoaren %90, salbu eta:
- Inbertsioak, non zenbateko diruz lagungarria %80koa izanen baita.
- 2.1.3. ekintza ("Koloniaren biziraupenerako arrisku egoeran dauden erlauntzen bizitasuna areagotzeko produktuak, osasun eta klima faktoreei lotuak"), laguntza intentsitate hauekin:
- Erlauntz 1etik 300era: %80.
- 301 erlauntzetik 800era: %60.
- 800 erlauntz baino gehiago: %40.
- 2.5.4. ekintza ("Erlauntzen erantzukizun zibileko aseguruaren kuota. Laguntzaren onuradun izateko nahitaezko aseguruaren kuotak barne"), non zenbateko diruz lagungarria %100ekoa izanen baita.
–3. esku-hartze motako ekintzen kasuan ("Laborategiei laguntzeko jarduketak erlezaintzako produktuen analisiak egin ditzaten, bai eta erleen galera edo produktibitatearen jaitsierak saihesteko analisiak eta erleentzat toxikoak izan daitezkeen substantzien analisiak ere"), eskatutako zenbatekoaren %100, salbu eta inbertsioen kasuan, non zenbateko diruz lagungarria %80koa izanen baita.
–6. esku-hartze motako ekintza guztietan ("Sustapena, komunikazioa eta merkaturatzea, merkatua zaintzeko ekintzak eta jarduerak barne, bereziki kontsumitzaileak erlezaintzako produktuen kalitateari buruz sentsibilizatzeko"), eskatutako gastuaren %100, salbu eta inbertsioen kasuan, non zenbateko diruz lagungarria %80koa izanen baita.
–7. esku-hartze motako ekintzen kasuan ("Produktuen kalitatea handitzeko jarduketak"), eskatutako gastuaren %100.
4. Balio erantsiaren gaineko zerga ez da diruz lagungarria izanen, non eta ez den berreskuragarria BEZari buruzko legeria aplikagarriaren arabera, hau da, onuradunek benetan eta behin betiko jasaten dutenean.
Berreskuratu ezin daitekeen BEZa diruz lagungarria izateko, merkataritza-peritu batek edo onuradunaren legezko auditore batek egiaztatu beharko du ordaindutako zenbatekoa ez dela berreskuratu eta onuradunaren kontabilitatean gastu gisa jaso dela.
5. Laguntzaren zenbatekoak, bakarka hartuta edo beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin batera, ezin izanen du diruz lagundutako jardueraren kostua gainditu.
6. Deialdi honetako laguntzak kofinantzaketa duten laguntzak dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 55. artikuluan eta Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko 2022/126 (EB) Erregelamendu Delegatuaren 39. artikuluan ezarritakoaren arabera. Nafarroako Gobernuak sistemaren finantzaketan parte hartuko du gehienez ere laguntzaren kostu osoaren %50 jarriz, eta gainerako %50a Europar Batasunaren NBEUF funtsekin kofinantzatuko da.
7. Gastuen kontzeptuaren eskema eta, aldi berean, III. eranskineko erreferentziako kostuak funtsean aldatzen badira, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak zenbateko berriak aldatzen ahalko ditu laguntzen urteko deialdietan, erreferentziazko adierazlea kostu berrira egokitzeko.
Bosgarrena.–Onuradunak eta baldintzak.
Dirulaguntza hauen onuradun izan daitezke honako hauek:
1. Erlezaintzako ustiategien titular diren pertsona fisiko edo juridikoak edo nortasun juridikorik gabeko erakundeak, Nekazaritzako Ustiategien Titulartasun Partekatuari buruzko urriaren 4ko 35/2011 Legean adierazten diren titulartasun partekatuko ustiategietako kideak barne, baldin eta eskaera aurkezten den urteko urtarrilaren 1a baino lehenagotik Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribatuak badaude eta, era berean, erantzukizun zibileko asegurua badute.
2. Erlezain-elkarteak, oinarri arautzaile hauetan ezarritako laguntzen onuradun diren bazkide edo elkartekideek oinarri arautzaile honen 7. atalean ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta Nafarroako Foru Komunitatean erregistratutako erlezaintza-ustiategien titularrak badira. Nolanahi ere, laguntza jasoko duten bazkideek bi betebehar hauek bete beharko dituzte: eskaera aurkezten den urteko urtarrilaren 1a baino lehenagotik Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta egotea, eta erantzukizun zibileko aseguru bat izatea.
3. Erlauntz berean ekintza jakin bat egiteko laguntza bakar bat eskatzen ahalko da, eta behin bakarrik erlezaintza-kanpaina bakoitzeko, kontuan hartu gabe laguntza hori banaka edo erlezainen kooperatiba edo elkarte bateko kide gisa eskatzen den.
4. Abandonatutako erlategiek eta erlauntz hilek ez dute eskubiderik emanen haien titularrak laguntzak jaso ditzan.
5. Ezin izanen da onuraduntzat jo eskatzaile bat baldin eta frogatzen bada artifizialki sortu dituela oinarri arautzaile hauetan ezarritako onargarritasun edo lehentasun irizpideak betetzeko eskatzen diren baldintzak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2116 Erregelamenduaren 62. artikuluan (saihestearen aurkako neurriei buruzkoa) ezartzen den bezala.
6. Laguntza hauek eskatzen dituzten pertsonak edo elkarteak Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio eremuaren barruan dauden subjektuak direnean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluan ezarritakoa bete beharko dute, betiere 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan.
7. Laguntza hauek eskuratu ahal izateko, erlezainek, halaber, eskakizun hauek bete beharko dituzte:
a) Erlezaintzan laguntza-eskaera aurkezten den urteko urtarrilaren 1a baino lehenagotik aritzea, salbu eta jarduera horretan hasi baldin baziren egun hori baino lehenago alta emanda zegoen ustiategi baten titulartasun aldaketaren bidez. Gainera, aurreko baldintza hori betetzetik salbuetsita geldituko da elkarte-figurak edo pertsona juridikoak sortzea, laguntza eskaera aurkezten den urteko urtarrilaren 1a baino lehenagotik erlezaintzan ari diren erlezainez osatuak badaude, edo titulartasun partekatuko ustiategiak sortzea, kideetako bat erlezaina baldin bada data hori baino lehenagotik. Lehendik dauden ustiategien bat-egiteen kasuan, jardueraren hasiera-data antzinatasun handiena duen titularrarena izanen da.
Horretarako, Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan (REGA) inskribatuta egon behar dute, laguntza eskaera aurkezten den urteko urtarrilaren 1a baino lehen.
b) Barroasiaren aurkako tratamendu bat egitea, gutxienez, laguntza eskaera aurkeztu aurreko urteko abuztuaren 1etik eskaera aurkeztu den urteko uztailaren 31ra bitartean (biak barne), bat etorriz maiatzaren 19ko 608/2006 Errege Dekretuak ezarritakoarekin, horren bidez ezarri eta arautu baitzen ezti-erleen gaixotasunak kontrolatzeko eta haien aurka borrokatzeko programa nazionala. Ondorio horietarako, tratamendua egin dela ulertuko da justifikatzen denean tratamendua entregatu izana, tratamenduaren entrega-albaranaren bidez.
c) Erlezaintzako jarduerarekin lotutako erantzukizun zibileko asegurua izatea.
d) Erlezaintzako ustiategiak antolatzeko arauak ezartzen dituen otsailaren 22ko 209/2002 Errege Dekretuan aipatzen diren baldintzak betetzea. Ondorio horietarako, ulertuko da baldintza hori betetzen dela baldin eta erlezaina Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorrean erregistratutako erlezaintzako ustiategi baten titularra bada.
e) Laguntza-eskaeraren aurreko urteko abenduaren 31ko urteko nahitaezko zentsuko aitorpena egina izatea laguntza-eskaeraren urteko martxoaren 1a baino lehen.
f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzea, besteak beste, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea.
Seigarrena.–Laguntza-eskaerak aurkezteko deialdia eta epea.
1. Urtero, 2026ko eta 2027ko kanpainetarako, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, laguntza hauen deialdi publikoa onetsiko da. Deialdi horretan, aurrekontuko zuzkidura eta laguntza-eskaerak aurkezteko epea zehaztuko dira.
2. Pertsona juridikoek bitarteko telematikoen bidez aurkeztuko dituzte eskaerak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari zuzenduta, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian dagoen erregistro orokor elektronikoaren bidez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera. Hala ere, eskatzailea pertsona fisiko bat bada, eskaera aurrez aurre ere aurkezten ahalko da urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutako edozein lekutan.
3. Laguntza-eskaera foru agindu honen II. eranskinean ezarritako ereduaren arabera aurkeztuko da. Eredu hori tramiteen katalogoko fitxaren bidez eskura daiteke.
Zazpigarrena.–Eskatutako betebeharrak frogatzeko modua.
Laguntza-eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Eskatzailea erlezaintzako ustiategi baten titular den pertsona fisiko edo juridiko bat edo nortasun juridikorik gabeko erakunde bat bada:
–Egin beharreko jardueraren memoria laburra, honako hauek jasoko dituena:
–Eskatzailea titular den erlauntzen kopurua.
–Erlezaintzako kanpainaren barruan egindako edo eginen diren ekintzak, horietako bakoitzaren gastuak eta ekintza horien xede diren erlauntzen kopurua zehaztuta.
–Eskatutako ekintzak zein ustiategitan egin diren edo eginen diren, ustiategi horrek/horiek Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorrean duen/duten identifikazio zenbakia.
–Eskatzailearen NANaren edo IFZaren fotokopia.
–Administrazio publikoetan xede bererako beste laguntzarik eskatu ez edo jaso ez izanaren adierazpena.
–Deialdiko "Erreferentziako kostuak" izeneko zerrendan jasota ez dauden inbertsio edo gastuetarako, zortzigarren oinarrian zehazten den bezala, hornitzaile desberdinen hiru eskaintza aurkeztu beharko dira.
–Barroasiaren aurka aplikatutako tratamenduak entregatu izanaren albarana.
–Erantzukizun zibileko asegurua egiaztatzen duen polizaren kopia.
–Erlezaintzako ustiategiaren erregistro liburuan erlauntz kopuruari eta motari eta ustiategi motari buruzko dokumentazioa jasotzen duten orrien kopia. Informazio hori ofizioz egiaztatuko du dirulaguntza kudeatzen duen organoak, salbu eta dirulaguntzaren eskatzaileak berariaz aurkakoa adierazten badu; kasu horretan, behar den dokumentazioa aurkeztu beharko du.
–Bederatzigarren oinarri arautzailearen 2. puntuan eskaerak lehenesteko agertzen diren irizpideak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.
–38/2003 Legearen 13.3 bis artikulua aplikatuz, horrek eragina baitu 30.000 eurotik gorako dirulaguntza jasotzen duten eskatzaileengan, eta bosgarren oinarri arautzailearen 6. atala betetzen dela egiaztatzeko, honako frogabide hauek erabili beharko dira laguntza-eskaera aurkezten denean, kasuan kasukoa:
i) Kontabilitate arloko araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen pertsona fisiko eta juridikoen kasuan: pertsona fisikoak sinatutako ziurtagiria, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo behar adinako ordezkaritza-ahala duen organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak. Inguruabar hori egiaztatzeko, hurrengo b) letran aurreikusitako frogabideetakoren bat ere erabiltzen ahalko da, kasuan kasuko araudia betez.
ii) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek honako hauen bidez frogatzen ahal dute:
1. Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek egindako ziurtagiria, ikuskatutako azken urteko kontuen memorian ordainketei buruz azaltzen den informazioaren transkripzio xehatua duena, baldin eta kontu horietatik ondorioztatzen bada lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeen betetze maila, atal honetan zehaztu dena, horretarako oinarri harturik abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldatzen duen uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.
Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.
2. Aurreko zenbakian aipatutako ziurtagiria egiterik ez badago, «Adostutako Prozeduren Txostena» aurkeztu beharko da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek egina, non ondorioztatuko baitu ezen, oinarri harturik erreferentziako data batean sozietatearen hornitzaileei ordaindu gabe dauden fakturen lagin adierazgarri baten berrikuspena, ez duela detektatzen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen ordainketa-epeak betetzeko salbuespenik, edo, halakorik detektatzen bada, salbuespen horiek ez dutela galarazten atal honen azken paragrafoan eskatutako betetze-maila lortzea.
Lege horren ondorioetarako, atal honetan eskatutako baldintza bete dela joko da baldin eta abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeen betetze-maila berdina edo handiagoa bada Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren atalean ezarritako ehunekoa baino.
–Onuraduna enpresa-talde bateko kidea bada, enpresa-talde hori, hierarkian gorago dagoen enpresa nagusia eta enpresa filialak identifikatzen dituen dokumentazioa aurkeztuko da (bakoitzaren izena eta BEZaren edo identifikazio fiskaleko zenbakia).
b) Eskatzailea erlezainen elkarte bat bada:
–Entitatearen nortasun juridikoa frogatzen duten agiriak, lehenago aurkeztu ez badira.
–Laguntzaren xede den jarduketari ekiteko erabakiaren frogagiria.
–Eskaeran sartu diren eta erantzukizun zibileko asegurua sinatu duten erlezainen zerrenda, pertsona fisikoak zein juridikoak izan, eta erlezainen elkarteko kide guztien beste zerrenda bat. Zerrenda hori datu-base informatiko batean aurkeztuko da, eta, gutxienez, datu hauek jasoko dira bertan: sozietatearen izena, IFZa/NANa, ustiategi zenbakia, barroasiaren aurka aplikatutako tratamenduak, bakoitzak dituen erlauntzen errolda eguneratua eta erlauntzen guztizko kopurua.
–Barroasiaren aurka aplikatutako tratamenduak entregatu izanaren albarana, goiko puntuan adierazitako datu-basean agertzen ez badira.
–Egin beharreko jardueraren memoria laburra, honako hauek jasoko dituena:
- Eskatzailea titular den erlauntzen kopurua.
- Erlezaintzako kanpainaren barruan egindako edo eginen diren ekintzak, horietako bakoitzaren gastuak eta ekintza horien xede diren erlauntzen kopurua zehaztuta.
- Eskatutako ekintzak zein ustiategitan egin diren edo eginen diren, ustiategi horrek Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorrean duen identifikazio zenbakia eta kokapena.
–Administrazio publikoetan xede bererako beste laguntzarik eskatu ez edo jaso ez izanaren adierazpena.
–III. eranskinean ("Erreferentziako kostuak") jasota ez dauden inbertsio edo gastuetarako, zortzigarren oinarrian zehazten den bezala, hornitzaile desberdinen hiru eskaintza gutxienez aurkeztu beharko dira.
–Erantzukizun zibileko asegurua egiaztatzen duen polizaren kopia.
–Erlezaintzako ustiategiaren erregistro liburuan honako hauen gaineko dokumentazioa erakusten duten orrien kopia: erlauntz kopurua, laguntzaren xedeko ustiategi bakoitzaren tipologia eta mota, eta ustiategi bakoitza osatzen duten erlezainena. Informazio hori ofizioz egiaztatuko du dirulaguntza kudeatzen duen organoak, salbu eta dirulaguntzaren eskatzaileak berariaz aurkakoa adierazten badu; kasu horretan, behar den dokumentazioa aurkeztu beharko du.
–38/2003 Legearen 13.3 bis artikulua aplikatuz, horrek eragina baitu 30.000 eurotik gorako dirulaguntza jasotzen duten eskatzaileengan, eta bosgarren oinarri arautzailearen 6. atala betetzen dela egiaztatzeko, honako frogabide hauek erabili beharko dira laguntza-eskaera aurkezten denean, kasuan kasukoa:
i) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona juridikoen kasuan: ordezkaritza-ahal nahikoa duen pertsona fisikoak sinatutako ziurtagiria, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo behar adinako ordezkaritza-ahala duen organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak. Inguruabar hori egiaztatzeko, hurrengo b) letran aurreikusitako frogabideetakoren bat ere erabiltzen ahalko da, kasuan kasuko araudia betez.
ii) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek honako hauen bidez frogatzen ahal dute:
1. Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek egindako ziurtagiria, ikuskatutako azken urteko kontuen memorian ordainketei buruz azaltzen den informazioaren transkripzio xehatua duena, baldin eta kontu horietatik ondorioztatzen bada lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeen betetze maila, atal honetan zehaztu dena, horretarako oinarri harturik abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldatzen duen uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.
Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.
2. Aurreko zenbakian aipatutako ziurtagiria egiterik ez badago, «Adostutako Prozeduren Txostena» aurkeztu beharko da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek egina, non ondorioztatuko baitu ezen, oinarri harturik erreferentziako data batean sozietatearen hornitzaileei ordaindu gabe dauden fakturen lagin adierazgarri baten berrikuspena, ez duela detektatzen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen ordainketa-epeak betetzeko salbuespenik, edo, halakorik detektatzen bada, salbuespen horiek ez dutela galarazten atal honen azken paragrafoan eskatutako betetze-maila lortzea.
Lege horren ondorioetarako, atal honetan eskatutako baldintza bete dela joko da baldin eta abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeen betetze-maila berdina edo handiagoa bada Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren atalean ezarritako ehunekoa baino.
–Onuraduna enpresa-talde bateko kidea bada, enpresa-talde hori, hierarkian gorago dagoen enpresa nagusia eta enpresa filialak identifikatzen dituen dokumentazioa aurkeztuko da (bakoitzaren izena eta BEZaren edo identifikazio fiskaleko zenbakia).
c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9.e) artikuluarekin bat etorriz, ofizioz egiaztatuko da eskatzaileak egunean dituela bere zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, salbu eta dirulaguntzaren eskatzailea horren aurka agertzen bada espresuki; kasu horretan, eskatzaileak ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, egiaztatzen duena bere zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela.
Zortzigarrena.–Laguntza ordaintzeko moduak.
1. Onuradunek aurkeztutako egiaztagirietan oinarrituta ordainduko zaizkie onuradunei ekintza diruz lagungarriak egiteak ekarritako kostuak.
2. Aurkezten diren kostuen moderazioa Plan Estrategikoaren esku-hartzeak eta Nekazaritza Politika Erkidearen beste laguntza batzuk kudeatzeko eta kontrolatzeko sistema arautzen duen abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretuaren 82. artikuluan xedatutakoaren arabera eginen da, sistema hauetako baten bidez:
a) Datu-base batetik lortutako erreferentziako kostuak aplikatzea (deialdi bakoitzean bilduko dira). Desberdinak baldin badira gastua justifikatzeko aurkeztutako fakturan jasotako zenbatekoa eta erreferentziako kostua aplikatuta lortutako zenbatekoa, bi zenbateko horietatik txikiena hartuko da ordainketarako.
b) Eskaintzak alderatzea. Oro har, eskatzaileak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu gutxienez, aurreko atalean sartzen ez diren gastuetarako.
Honako hauek ebaluatuko dira: eskaintzen eta eskaintzaileen independentzia (haien artean eta onuradunarekiko), eskaintzetako elementuak konparatzeko modukoak izatea eta eskaintzen deskribapenaren argitasuna eta xehetasuna.
Eraginkortasun eta ekonomia irizpideak erabiliko dira eskaintza hautatzeko. Normalean eskaintza merkeena izanen da, eta inola ere ez da batezbestekoa eginen. Hala ere, merkeena ez den beste eskaintza bat aukeratzen ahalko da, baldin eta beste balorazio irizpide batzuen bidez justifikatzen bada (adibidez, kalitatearekin, prezioarekin eta epearekin lotuta badago).
Era berean, eskaintza ekonomiko onena aukeratzen ez bada eta justifikazioa egiten ez bada, edo hura nahikotzat jotzen ez bada, agintaritza eskudunak proposamen ekonomiko onenari dagokion zenbatekoa hartzen ahalko du diruz lagun daitekeen gehieneko zenbatekotzat, aurkeztutako eskaintzetan jasotako kontzepturako.
Aurkezten diren eskaintzen kopurua eskatzen dena baino txikiagoa bada, behar bezala justifikatu beharko da.
Kostuen moderazioa aplikatu dela egiaztatzeko kontrolak laguntza esleitu aurretik eginen dira, laguntza-eskaeran oinarrituta, eta, hala bada, azken ordainketa egin aurretik, onuradunak aurkeztutako ordainketa-eskaeran oinarrituta.
Kostuen moderazioa zuzen aplikatzeko, pertsona onuradunak, laguntza-eskaerarekin edo azken ordainketaren eskaerarekin batera, behar diren agiriak ere aurkeztuko ditu, legez eska daitekeen informazio guztiarekin eta agiria luzatu beharra duenaren identifikazio datuei buruzko informazio fidagarriarekin, eta, orobat, entregatu beharreko ondasuna zehatz-mehatz azalduta.
Bederatzigarrena.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.
1. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagoka emanen dira, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan Erlezaintza Sektoreko Esku-hartzea arautzen duen urriaren 25eko 906/2022 Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarritako esku-hartze moten lehentasun-ordenari jarraikiz. Beraz, honako hau da:
–2.1 esku-hartze mota: "Erlauntzaren inbaditzaileen eta gaixotasunen aurka borrokatzea, batez ere barroasiaren aurka".
–2.5 esku-hartze mota: "Aktibo ukigarrietan eta ukiezinetan egindako inbertsioak". Erlezain transhumanteek lehentasuna izanen dute finkoen aurretik.
–1. esku-hartze mota: "Erlezainei eta erlezainen elkarteei aholkularitza, laguntza teknikoa, prestakuntza eta informazioa emateko eta jardunbide egokiak elkarri trukatzeko zerbitzuak, bereziki sareetako lankidetza-jardueren bidez".
–2.4 esku-hartze mota: "Transhumantzia arrazionalizatzea".
–7. esku-hartze mota: "Produktuen kalitatea handitzeko jarduketak".
–3. esku-hartze mota: "Laborategiei laguntzeko jarduketak erlezaintzako produktuen analisiak egin ditzaten, bai eta erleen galera edo produktibitatearen jaitsierak saihesteko analisiak eta erleentzat toxikoak izan daitezkeen substantzien analisiak ere".
–6. esku-hartze mota: "Sustapena, komunikazioa eta merkaturatzea, merkatua begiratzeko ekintzak eta jarduerak barne, bereziki kontsumitzaileak erlezaintzako produktuen kalitateari buruz sentsibilizatzeko".
–2.2 esku-hartze mota: "Fenomeno klimatiko kaltegarriek eragindako kalteak prebenitzea eta baldintza klimatiko aldakorretara egokitutako kudeaketa-praktiken garapena eta erabilera sustatzea".
–2.3 esku-hartze mota: "Europar Batasuneko erlauntzak birpopulatzea, erleen hazkuntzaren bidez bereziki".
2. Aurkezten diren laguntza-eskaerak honako irizpide hauen arabera lehenetsiko dira:
a) Laguntza jasoko duten ustiategien tamaina: hots, ekintzaren xede izan daitezkeen erlauntzen kopurua, bai ustiategien titularrek aurkeztutako eskaeretarako, bai erlezain elkarteek aurkeztutako eskaeretarako (gehienez 5 puntu). Gehieneko puntuazioa emanen zaio neurriaren xede izan daitezkeen erlauntzen kopuru handiena duen eskaerari.
Gainerako proposamenetarako, lau puntuazio-tarte ezartzen dira, erlauntzen kopurua kontuan hartuta:
200 erlauntz edo gehiago | 4 puntu |
100 erlauntzetik 199ra bitarte | 3 puntu |
50 erlauntzetik 99ra bitarte | 2 puntu |
50 erlauntz baino gutxiago | 0 puntu |
b) Titulartasun partekatuko ustiategiak, urriaren 4ko 35/2011 Legean ezarritakoaren ondorioetarako, edo titular gisa nekazari gazte bat dutenak, kontuan hartuta NPEari buruzko 2023-2027 Plan Estrategiko Nazionalean ezarritako definizioa eta baldintzak, edo baita ere, abuztuaren 2ko 13/2013 Legearen arabera (nekazaritzako elikagaien arloko kooperatiben eta beste elkarte batzuen integrazioa sustatzeko legea), titular gisa lehentasunezkotzat aitortu den elkarte bateko kide den onuradun bat dutenak: irizpide horiek aplikatuko zaizkie bai ustiategien titularrek aurkeztutako eskaerei, baita erlezain elkarteek aurkeztutakoei ere (3 puntu).
Horretarako, titulartasun partekatua duela, nekazari gaztea dela edo goian aipatutako elkarte mota bateko kide dela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du eskatzaileak.
c) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 11ko 2024/1143 (EB) Erregelamenduaren arabera aitortutako kalitate bereiziko figuretan parte hartzea –erregelamendu hori ardoen, edari espiritutsuen eta nekazaritza-produktuen adierazpen geografikoei eta nekazaritzako produktuentzako espezialitate tradizional bermatuei eta kalitate-termino fakultatiboei buruzkoa da, 1308/2013 (EB), 2019/787 (EB) eta 2019/1753 (EB) erregelamenduak aldatzen ditu eta 1151/2012 (EB) Erregelamendua indargabetzen du–, edo Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/848 (EB) Erregelamenduaren arabera aitortutakoetan –erregelamendu hori ekoizpen ekologikoari eta produktu ekologikoen etiketatzeari buruzkoa da eta Kontseiluaren 834/2007 (EE) Erregelamendua indargabetzen du– (2 puntu): ustiategien titularrek edo haien elkarteek aurkeztutako eskaerei aplikatuko zaizkie.
Horretarako, kasuan kasuko ziurtapen erakundearen ziurtagiria aurkeztu beharko da.
d) Eskatzailea legez aitortuta dagoen abeltzaintzaren arloko osasun defentsarako elkarte bateko kide izatea (puntu 1): irizpide hau aplikatuko zaie bai ustiategien titularrek aurkeztutako eskaerei, bai erlezainen elkarteek aurkeztutakoei.
Horretarako, abeltzaintzaren arloko osasun defentsarako elkarte gisa aitortuta dagoela dioen frogagiria aurkeztu beharko du eskatzaileak.
e) Eskatzailea erlezaintzako kooperatiba bateko kide izatea edo kooperatiba bat izatea (puntu 1). Abuztuaren 2ko 13/2013 Legearen arabera lehentasunezko elkarte bat bada, 3 puntu emanen dira.
Horretarako, eskatzailearen sozietate-izena aztertuko da, kooperatiba bat den ikusteko. Lehentasunezko elkarteek baldintza hori egiaztatzen duten agiriak aurkeztu behar dituzte.
f) 209/2002 Errege Dekretuaren 2.g) 1. artikuluan ezarritako definizioaren arabera, ustiategi profesional baten titularra izatea, hau da, 150 erlauntz edo gehiago izatea eta/edo erlezaintzako ustiategiaren titularraren IFZa Nekazaritzako Araubide Berezian alta emanda egotea (puntu 1).
Horretarako, eskatzaileak Nekazaritzako Araubide Bereziko altari buruzko informazioa aurkeztu beharko du. Irizpide hau ustiategietako titularrek aurkeztutako eskaerei eta erlezainen elkarteek aurkeztutakoei aplikatuko zaie.
g) Erlezaintza-produktuen ekoizpen ekologikoaren ziurtagiria dutela egiaztatzen duten erlezaintzako ustiategien erlauntzen kopurua, deialdiaren urteko martxoaren 1ean egindako zenbaketaren arabera (gehienez, 2 puntu): Puntuazio handiena emanen zaio erlauntz kopuru handiena duen eskaerari. Gainerako proposamenak modu zuzenki proportzionalean baloratuko dira, abiapuntu harturik erlauntz kopuru handien hori. Balorazioak egiteko unean, bi dezimal hartuko dira kontuan puntuazioa emateko.
h) Ogibide nagusia nekazaritza duen nekazaria izatea, pertsona fisikoen kasuan, edo lehentasunezko ustiategia izatea, pertsona juridikoen kasuan. Ustiategiaren titularrak betetzea ogibide nagusia nekazaritza izateko baldintza, pertsona fisikoen kasuan, edo ustiategia lehentasunezko ustiategi bat izatea, pertsona juridikoen kasuan (puntu bat).
i) Emakume erlezainak (gehienez, puntu 1): puntu 1 emanen zaie emakume erlezainen banakako eskaerei. Eskatzaileak nortasun juridikoa badu, puntu hori lortzeko, titulartasunaren %50 emakumeek izan beharko dute.
j) Lehenengo eskaera azken 3 deialdietan (oraingoa barne) egin izana, edo aurrekoan eskatu izana baina onuradun atera gabe, baldintzak bete arren, aurrekontu-baliabiderik ez zegoelako, edo onuraduna izanez gero, laguntza %50etik gora murriztuta izatea (puntu 1).
Atal honetako b), c), d) eta f) irizpideei dagokienez, eskatzailea ekoizleen elkarte bat bada eta kasuan kasuko irizpidea ezin bada zuzenean egiaztatu, elkartea osatzen duten ustiategietako titularren %50ek gutxienez bete beharko du baldintza hori.
3. Gutxienez bost puntu lortzen ez dituzten eskatzaileak ezin izanen dira onuradun izan.
4. Kreditu erabilgarria nahikoa ez bada esku-hartze motaren bati oso-osorik erantzuteko, behean azaltzen den salbuespenarekin, erabilgarri dagoen kreditua onuradunei aplikatuko zaie kontuan hartuta oinarri arautzaile horrexen bigarren atalean lortzen duten puntuazio handiena, oinarri arautzaile honen lehenengo atalean ezarritako lehentasun ordenari jarraikiz. Oraindik ere onuradun batzuen artean puntu-berdinketarik badago, salbuespen gisa eta laguntza honen helburu kolektiboa kontuan hartuta, eta laguntzaren xedea betetzeko, agintaritza eskudunak erabilgarri dagoen diru kopurua puntuazio bera lortu duten onuradunen artean banatuko du, eta, beraz, hainbanaketa eginen da.
Kreditu erabilgarria nahikoa ez bada 2.5 esku-hartze motari ("Aktibo ukigarrietan eta ukiezinetan egindako inbertsioak") osorik erantzuteko, kreditu hori aplikatuko zaie, lehenik eta behin, erlategi transhumanteak dituzten ustiategietako onuradunei, oinarri arautzaile honen lehenengo atalean ezarritako lehentasun ordenari jarraikiz. Oraindik ere onuradun batzuen artean puntu-berdinketarik badago, kreditu hori oinarri arautzaile honen bigarren atalean lortutako puntuazio handienaren arabera aplikatuko da, eta hala ere berdinketak jarraitzen badu, salbuespen gisa eta laguntzaren helburu kolektiboa kontuan hartuta, eta laguntzaren xedea betetzeko, agintaritza eskudunak erabilgarri dagoen diru kopurua puntuazio bera lortzen duten onuradunen artean banatuko du, eta, beraz, hainbanaketa eginen da.
Hamargarrena.–Laguntza-eskaeren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.
1. Eskaerak harturik, egiaztatuko da bosgarren oinarriko 1. puntutik 7.era bitarte ezarritako betebeharrak betetzen dituzten. Bete ezean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin, eskatzaileari jakinaraziko zaizkio eskaeran atzeman diren akatsak, edo zer frogagiri falta den tramitatu ahal izateko. Horrekin batera, 10 eguneko epea ezarriko da akatsak zuzentzeko edo agiriak aurkezteko. Epe horretan akats horiek zuzentzen ez badira, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, eskudun den organo administratiboak ebazpena eman eta gero.
2. Merkatuen Erregulaziorako Atalak eskaerak baloratu ondoren, laguntzak emateko ebazpen proposamena eginen du Nekazaritza Zerbitzuak, eta, hartan, zehaztuko da zer zenbateko finantzatuko diren Nafarroako Foru Komunitatearen funtsekin eta Europar Batasunaren funtsekin.
3. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du dirulaguntzei buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.
4. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaera balioduna behar bezala beterik aurkeztu eta biharamunetik hasita. Epea berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.
Hamaikagarrena.–Laguntzak ordaintzeko eskaerak, justifikazioa eta laguntzen ordainketa.
1. Laguntza ematearen aldeko ebazpena lortzen duten pertsona edo erakunde eskatzaileek hamar eguneko epea izanen dute, laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, ordainketa-eskaerarekin batera aurkez ditzaten laguntza-eskaera aurkeztu aurreko urteko abuztuaren 1etik hura aurkezten den urteko uztailaren 31ra bitartean (biak barne) egindako gastuen egiaztagiriak.
Ordainketa-eskaera foru agindu honen V. eranskinean ezarritako ereduaren arabera aurkeztuko da. Eredu hori tramiteen katalogoko fitxaren bidez eskura daiteke.
Laguntzaren ordainketa bermatzeko, kontuen eta ordainketen kontsultarako fitxan, tramiteen katalogoan (nafarroa.eus), eskatzaile bakoitzak kontabilitate sisteman erregistratutako kontu korronteak egiaztatu eta datuak eguneratzen ahalko ditu: ezeztatu direnei baja eman edo banku-kontu berriei alta eman.
Halakorik ezean, ordainketa-eskaerarekin batera, transferentzia bidezko ordainketa-eskaera bat aurkeztu beharko da, finantza erakunde batek onuradunaren banku-datuak egiazta ditzan, Foru Administrazioko Diruzaintzak dagozkion ordainketak egin ditzan.
2. Laguntza hauen xedeko esku-hartze mota bakoitzean, onuradunek justifikatu beharko dute erlezaintzako produktuak ekoitzi eta merkaturatzeko baldintzen hobekuntzei buruzko dokumentazio guztia, laguntzen indarraldian zehar egindako hobekuntzei dagokiena. Hautatzen diren erlezainei in situ eginen zaizkien ikuskapenen bidez ere egiaztatuko dira hobekuntza horiek.
Era berean, ordainketa-eskaerarekin batera, barroasiaren aurka aplikatutako tratamendua(k) entregatzeko albaranak aurkeztu behar dira, aurretik aurkeztu ez badira.
3. 1. esku-hartze motarako eskaeretan ("Erlezainei eta erlezainen elkarteei aholkularitza, laguntza teknikoa, prestakuntza eta informazioa emateko eta jardunbide egokiak elkarri trukatzeko zerbitzuak, are sareetako lankidetza-jardueren bidez ere"), justifikazioa honako hauen bidez eginen da: ikastaroetan parte hartu duten erlezainen zerrendak, teknikarien kontratazioa, aldizkari edo informazio liburuxken bidez egindako zabalkunde-lana eta egindako gastuen eta ordainketen fakturak.
4. 2. esku-hartze motarako eskaeretan ("Aktibo materialetan eta immaterialetan egindako inbertsioak, bai eta beste ekintza batzuk ere, honako hauetara bideratutakoak barne:"), 2.1.1, 2.1.2 eta 2.1.3 ekintzen kasuan, justifikazioa eginen da erlezainek baarrosiaren aurka egindako tratamenduen edo erositako produktuen banaketa-albaran guztiak aurkeztuz, bai eta haien fakturak eta ordainketak ere. 2.5.4 ekintzaren kasuan, erlauntzen gaineko erantzukizun zibileko aseguru-polizaren kopiarekin justifikatuko da. Gainerako ekintzen kasuan, egindako gastuen eta inbertsioen fakturekin eta ordainketekin justifikatuko dira.
5. 3. esku-hartze motarako eskaeren kasuan ("Laborategiei laguntzeko jarduketak erlezaintzako produktuen analisiak egin ditzaten, bai eta erleen galera edo produktibitatearen jaitsierak saihesteko analisiak eta erleentzat toxikoak izan daitezkeen substantzien analisiak ere"), justifikazioa eginen da egindako inbertsio eta gastuen faktura eta ordainketen bidez.
6. 6. esku-hartze motarako eskaeren kasuan ("Sustapena, komunikazioa eta merkaturatzea, merkatua zaintzeko ekintzak eta jarduerak barne, bereziki kontsumitzaileak erlezaintzako produktuen kalitateari buruz sentsibilizatzeko"), justifikazioa eginen da egindako inbertsio eta gastuen faktura eta ordainketen bidez.
7. 7. esku-hartze motarako eskaeren kasuan ("Produktuen kalitatea handitzeko jarduketak"), justifikazioa eginen da egindako inbertsio eta gastuen faktura eta ordainketen bidez.
8. Eskudirutan egindako ordainketen fakturen kasuan, ordainketa horien gaineko araudia bete beharko da, bereziki urriaren 29ko 7/2012 Legea, iruzurraren kontrako prebentzio-jarduketak eta iruzurraren kontrako borroka areagotzeko tributu- eta aurrekontu-araudia aldatzen duena eta finantza-araudia egokitzen duena.
9. Baldin eta urriaren 25eko 906/2022 Errege Dekretuan sarturik dauden esku-hartzeetako batek eskatzen badu esku-hartze mota hori egiten duten bazkideek kanon bat ordaintzea, eta esku-hartze hori elkartea osatzen duten erlezain guztiek edo batzuek egiten badute, laguntzaren onuradunak frogatu beharko du diru-ekarpen hori ez dela erabiltzen gastu hautagarriak finantzatzeko, edo, bestela, esku-hartze mota horren gastu hautagarriei egozten zaien kanon-zatiak ez duela gainditzen laguntzak finantzatzen ez duen zenbatekoa. Horretarako, esku-hartze mota bakoitzean gainfinantzaketarik ez dagoela justifikatzen duen kontabilitate-dokumentazioa aurkeztu beharko du onuradunak. Halaber, organo kudeatzaileak behar adinako informazioa eska diezaioke onuradunari, soberako finantzaketarik ote dagoen egiaztatzeko.
Hamabigarrena.–Laguntzaren onuradunen betebeharrak.
Onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen ditu.
Hamahirugarrena.–Laguntzaren onuradunen gardentasun-betebeharrak.
Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluaren c) letrak ezartzen duenez, gardentasun-betebeharra izanen dute laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen dituzten entitate pribatuek, baldin eta urtebeteko epean bi egoera hauetako batean badaude:
a) Urtean 20.000 euro baino gehiago jasotzen badute.
b) Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa bere urteko sarreren %20 baino handiagoa bada, betiere gutxienez 5.000 euro eginez gero.
Pertsona fisikoek ez dute gardentasun betebeharraren adierazpena aurkeztu behar eskatutako dokumentazioarekin batera.
Laguntza emateko ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hilabeteko epean aurkeztu beharko da, dagokion formularioa betez Nafarroako Gobernuaren webguneko tramiteen katalogoaren fitxan.
Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio zifra.
b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onetsitako negozio zifra.
Aurreikusitako kasuetan daudelako gardentasun-betebeharra duten dirulaguntzen erakunde onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute gardentasun-adierazpenarekin batera:
–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaerari eta dedikazioari buruzko aitorpena. Tramiteen katalogoko fitxan dago txantiloia.
–Organoen ordainsariei buruzko adierazpena. Tramiteen katalogoko fitxan dago txantiloia. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.
–Erakunde onuradunaren azken urteko kontuen kopia bat (balantzea, galera-irabazien kontua eta memoria).
Informazio hori modu telematikoan aurkeztuko da, erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta.
Entitateak ez badu gardentasun-betebeharrik ezarritako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.
Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak adierazi beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.
Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.
Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, hark bete ahal ditzan Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.
Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.
Hamalaugarrena.–Laguntzaren ordainketaren kalkulua.
1. Oinarri arautzaile hauetako laugarren oinarriarekin bat, eta laguntza kalkulatzeari begira, honako lau baldintza hauek betetzen dituztenak hartuko dira baliozkotutako erlezain gisa:
–Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta egotea laguntza eskatzen den urteko urtarrilaren 1a baino lehenagotik.
–Barroasiaren aurkako tratamendu bat egitea, gutxienez, laguntza-eskaera aurkeztu aurreko urteko abuztuaren 1etik eskaera aurkeztu den urteko uztailaren 31ra bitartean (biak barne), eta tratamendu hori entregatzeko albarana aurkeztuz justifikatzea.
–Erantzukizun zibileko asegurua izatea.
–Erlezaintzako ustiategiak antolatzeko arauak ezartzen dituen otsailaren 22ko 209/2002 Errege Dekretuan aipatzen diren baldintzak betetzea. Ondorio horietarako, ulertuko da baldintza hori betetzen dela baldin eta erlezaina Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorrean erregistratutako erlezaintzako ustiategi baten titularra bada.
2. Baliozkotutako erlauntzen kopurua, laugarren oinarrian ezarritakoarekin bat.
Baldin laguntza-eskaera aurkeztu ondoren eskatzaileak aldaketarik hautematen badu erlauntz kopuruan, aldaketa horien berri ematen ahal dio Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroari, eta kontuan hartuko da, betiere ikuskapenen aldia oraindik hasi ez bada, behar den aurreabisuarekin. Behin aurreabisua eginda, ez da onartuko zentsuko inolako aldaketarik, salbu ezinbesteko kasuetan.
3. Laguntzaren ordainketa honela kalkulatuko da:
a) 1. esku-hartze motarako eskaeren kasuan ("Erlezainei eta erlezainen elkarteei aholkularitza, laguntza teknikoa, prestakuntza eta informazioa emateko eta jardunbide egokiak elkarri trukatzeko zerbitzuak, are sareetako lankidetza-jardueren bidez ere"), laguntzaren zenbatekoa kalkulatuko da oinarri harturik aurkezten eta onartzen diren justifikazio fakturak, kontuan harturik, hala badagokio, deialdi honen III. eranskinean agertzen diren kostu unitarioak.
–1.1 ekintzaren kasu zehatzean –hau da, "Teknikariak eta espezialistak zuzenean kontratatzea erlezainei eta erlezainen elkarteetako kideei informazioa eta laguntza emateko, alderdi hauei dagokienez: erlezaintzako osasuna, erlauntzaren erasotzaileen aurkako borroka, laborategiko analisia (erlezaintzako produktuak aztertzeko, erleen galera edo produktibitatearen jaitsiera aztertzeko eta erleentzat toxikoak izan daitezkeen substantziak aztertzeko, hala nola pestizidak), hazkuntza eta hautaketa (erreginak haztea barne), ustiategien ingurumen optimizazioa eta, azkenik, aholkularitza orokorra erlezaintza-ekoizpenari eta -kudeaketari buruz, klima aldaketara egokitzearen gaineko maneiu-praktikei buruz eta erlezaintzako produktuak merkaturatzeari buruz"–, erlezainen kooperatiben edo elkarteen gastu baliozkotuak zehazteko, onartutako fakturen zenbatekoa biderkatuko da eragiketa honetatik ateratzen den koefizientearekin: baliozkotutako erlauntzen kopurua zati bazkideen erlauntz guztien kopurua.
–1.2 ekintzaren kasuan ("Prestakuntza ikastaroak eta etengabeko prestakuntza antolatzea, egitea eta horietara joatea–online prestakuntza barne–, batez ere aurreko atalean adierazitako gaiei buruzkoa bada, barne direlarik prestakuntza ikastaroak in situ artatzeko bidaiak. Prestakuntza hori erlezainentzat, erlezainen elkarte eta taldeetako espezialistentzat eta teknikarientzat izanen da, bai eta erlezainen elkarte eta taldeen erlezaintza laborategietako langileentzat ere"), erlezainen kooperatiben edo elkarteen gastu baliozkotuak zehazteko, onartutako fakturen zenbatekoa biderkatuko da eragiketa honetatik ateratzen den koefizientearekin: baliozkotutako erlezainen kopurua zati elkartutako erlezainen guztizko kopurua.
–1.3 ekintzaren kasuan ("Dibulgazio teknikorako sistemak"), zenbatekoa kalkulatzeko honako eragiketa hau eginen da: dibulgazio material bakoitzaren kostua bider dibulgazio hori jaso duten erlezain baliozkotuen kopurua.
–1.4 ekintzaren kasuan ("Erlezaintzaren arloko osasun defentsarako elkarteetarako eta erlezainen elkarteetarako administrazio langileak kontratatzea, horren barruan delarik bai horrelako langileen zuzeneko kontratazioa, bai haien zerbitzu espezializatuen kontratazioa hirugarrenen bidez"), osasun defentsarako elkarteen gastu baliozkotuak zehazteko, onartzen diren fakturen zenbatekoa biderkatuko da eragiketa honetatik ateratzen den koefizientearekin: baliozkotutako erlauntzen kopurua zati bazkideen erlauntzen guztizko kopurua.
b) 2. esku-hartze motaren kasuan ("Aktibo materialetan eta immaterialetan egindako inbertsioak, bai eta beste ekintza batzuk ere, honako hauetara bideratutakoak barne:")
–2.1.1, 2.1.2 eta 2.1.3 ekintzen kasuan, tratamendu edo produktu bakoitzaren zenbateko unitarioa zehazteko, aurkeztutako eta onartutako justifikazio fakturak hartuko dira oinarri, kontuan hartuta kasuan kasuko deialdian jasotako erreferentziako kostuak, hala badagokio. Baliozkotutako gastuak, beraz, honela kalkulatuko dira: baliozkotutako erlezainek egin eta onartzen zaizkien tratamendu edo produktuen kopurua bider tratamendu bakoitzaren zenbatekoa. 2.1.1 ekintzaren kasuan, erlauntz bakoitzeko gehieneko kostua 2,5 euro/erlauntza izanen da urtean tratamendu bakarra eginez gero, eta 5 euro/erlauntza, deialdiaren aldian bi tratamendu egin badira.
–2.5.4 ekintzaren kasuan ("Erlauntzen gaineko erantzukizun zibileko aseguruaren kuota") onartutako fakturen zenbateko unitarioa, deialdi bakoitzean zehaztutako erreferentziako kostuen mugarekin, hala badagokio, baliozkotutako erlauntz kopuruaz biderkatuko da.
–2. esku-hartze motako gainerako ekintzen kasuan, zenbateko baliozkotuak zehazteko, onartzen diren fakturen zenbatekoa biderkatuko da eragiketa honetatik ateratzen den koefizientearekin: baliozkotutako erlauntzen kopurua zati elkartekideen erlauntzen guztizko kopurua. Erlezaintzako ustiategien titular diren pertsona fisiko edo juridikoek egiten badute eskaera, baliozkotutako zenbatekoa baliozkotutako fakturena izanen da.
c) 3., 6. eta 7. esku-hartze moten kasuan, erlezainen kooperatibei edo elkarteei dagokienez, baliozkotutako gastuak zehazteko, onartzen diren fakturen zenbatekoa biderkatuko da eragiketa honetatik ateratzen den koefizientearekin: baliozkotutako erlauntzen kopurua zati elkartekideen erlauntzen guztizko kopurua. Erlezaintzako ustiategien titular diren pertsona fisiko edo juridikoek egiten badute eskaera, baliozkotutako zenbatekoa baliozkotutako fakturena izanen da.
4. Behin baliozkotutako zenbatekoak ezarrita, esku-hartze mota bakoitzean gehienez ere finantzatuko diren zenbatekoak kalkulatzeko, deialdi honen laugarren oinarrian adierazitako ehunekoak aplikatuko zaizkie baliozkotutako zenbatekoei.
5. Aplikatuko den gehieneko dirulaguntza honako zenbateko hauetan txikiena izanen da:
–Esku-hartze motaren arabera baliozkotutako zenbatekoen batura.
–Deialdi bakoitzean baimendutako gastuaren zenbatekoa.
Hamabosgarrena.–Ordaintzeko modua eta epeak.
1. Egindako gastuak eta ordainketak justifikatu eta baliozkotu ondoren eginen da ordainketa, bai eta dagozkion administrazio-kontrolak eta, hala badagokio, lekuan bertan egin beharreko kontrolak egin ondoren eta laguntzaren onuradunak gardentasun-betebeharra bete ondoren ere.
2. Laguntzen deialdiaren urteko urriaren 15a baino lehen ordainduko dira emandako laguntzak.
Hamaseigarrena.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
1. Erlezaintza Sektorerako Esku-hartzearen funtsekin ez dira finantzatuko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduan jasota dauden landa garapenerako esku-hartzeak (landa garapenerako laguntzari dagozkionak), salbu eta hiru inguruabar hauek batera gertatzen badira:
a) Inbertsioa diruz lagungarria da, bai NBEUFren esku-hartze sektorialaren esparruan, bai finantza-tresna hori programatuta dagoen landa garapenerako esku-hartzearen esparruan.
b) NBEUFren esku-hartze sektorialaren esparruan finantzatutako zenbatekoei gehituz gero LGENFren finantza-tresnaren bidezko zenbatekoa (dirulaguntza gordin baliokidea), guztizko batura horrek ez du gainditzen LGENFren esku-hartze mota horri aplikatzen ahal zaion laguntzaren gehieneko zenbatekoa edo gehieneko intentsitatea, zeina jasota baitago Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren III. tituluan.
c) Finantzaketa bikoitzaren debekuaren printzipioa errespetatzeko, NBEUFren esku-hartze sektorialaren esparruan Batzordeari aitortzen zaizkion gastuak ez dira finantzatuko edo aitortuko LGENFren finantza-tresnaren eragiketaren esparruan, ez eta alderantziz ere.
2. Aurkeztutako ekintza finantzatzeko asmoz oinarri hauetan xedatuak dauden dirulaguntzak jasotzea bateraezina izanen da beste administrazio publiko batzuek edo estatuko zein nazioarteko beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu eta xede bererako ezar dezaketen beste edozein dirulaguntzarekin.
3. Nazioko edo nazioarteko beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek ematen dituzten dirulaguntzak edo laguntzak batera lortzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da.
Hamazazpigarrena.–Kontrolak eta zehapenak.
1. Administrazio eta landa kontrolak eginen dira, kontuan hartuta abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretuaren III. tituluko 3. kapituluan ezarritakoa (errege dekretu horren bidez arautzen da Plan Estrategikoaren esku-hartzeak eta Nekazaritza Politika Erkidearen beste laguntza batzuk kudeatzeko eta kontrolatzeko sistema). Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko langileek eginen dituzte kontrol horiek. Esku-hartzeei buruz aurkezten diren laguntza-eskaera, ordainketa-eskaera eta bestelako adierazpen guztien administrazio kontrol sistematikoak eginen dira, eta, bereziki, diruz lagundutako kostuak justifikatzeko dokumentazioa egiaztatuko da. Administrazio kontrolak tokian berean egindako ikuskapen fisikoekin osatuko dira.
2. Penalizazio bat aplikatuko da erlauntzen kopuruaren gehiegizko deklarazioa egiteagatik, otsailaren 28ko 147/2023 Errege Dekretuaren 54. artikuluan ezarritakoaren arabera (errege dekretu horren bidez, ezartzen dira Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoan jasotako esku-hartzeetan penalizazioak aplikatzeko arauak, eta aldatzen dira 2023-2027 aldirako Nekazaritza Politika Erkidea Espainian aplikatzearekin lotutako zenbait alderdi arautzen dituzten errege dekretu batzuk).
Hemezortzigarrena.–Ez-ordaintzeak, penalizazioak eta iruzurra.
1. Ez-ordaintzeei eta penalizazioei dagokienez, eta alde batera utzi gabe ikuskapen agintaritzak bere eskumenen esparruan gerora egin ditzakeen jarduketak, honako hau aplikatuko da:
–Irregulartasunen ondorioz bidegabeko ordainketaren bat gertatzen bada, finantza-interesen babesa bermatuko da, indarrean dagoen legeriaren arabera. Iruzurra edo zabarkeria larria gertatuz gero eta horren erantzulea onuraduna bada, NPEari aplikatu beharreko legerian aurreikusitako moduan jokatuko da.
906/2022 Errege Dekretuan eta 1047/2022 Errege Dekretuan xedatutakoaren ez-betetzeren bat antzemanez gero, dagokion laguntzaren penalizazioa aplikatuko da, Nekazaritza Politika Erkidearen eta hari lotutako beste gai batzuen kudeaketa-sistema arautzen duen abenduaren 23ko 30/2022 Legean ezarritakoaren arabera.
–Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko 2022/126 Erregelamendu Delegatuaren 11.9 artikuluan jasotako kasuetan, laguntza berreskuratuko da.
2. Diru-itzulketei, arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiko zaio.
Hemeretzigarrena.–Onuradunen publizitatea eta informazioa.
1. Laguntza hauen onuradunen datuak argitara emanen dira nekazaritza politika erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 98. artikuluari jarraikiz.
2. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduarekin bat (hots, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituen erregelamendua, indargabetu zuena 95/46/EE Zuzentaraua –Datuak babesteko erregelamendu orokorra–), datu pertsonalak direnean, onuradunek beren eskubideei buruzko informazioa jasoko dute, datuak babesteko arauekin bat eta eskubide horiek erabiltzeko prozedura aplikagarriekin bat.
3. Aurretik xedatutakoa alde batera utzi gabe, laguntza hauen onuradunen datuak agintaritza eskudunak tratatu eta babestuko ditu, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 101. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz (nekazaritza politika erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa da erregelamendu hori).
Iragarkiaren kodea: F2517192
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
