16. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

75/2025 FORU AGINDUA, abenduaren 29koa, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez izendatzen eta errebokatzen baitira Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren IFZari lotutako ziurtagiri digitala eduki behar duten pertsonak, departamentu horren ordezkari gisa aritzeko.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak indarra hartzeak egoera berria ekarri du administrazio publiko guztien funtzionamenduan.

Urriaren 1eko 39/2015 Legeak azpimarratzen duen alderdietako bat da jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egitea, nahitaezkoa baita pertsona juridikoei egiten zaizkien jakinarazpenetarako. Administrazio publikoek urriaren 1eko 40/2015 Legean jasotako bide eta aplikazio telematikoen bitartez komunikatu beharra dute, eta gainerako pertsona juridikoetatik bereizitako tratamendua izan behar dute, kontuan hartuta izaera juridiko desberdina dutela. Nolanahi ere, praktikotasunaren aldetik komeni da, zenbait aplikaziotara sartzeko, departamentu eta mendeko erakunde autonomo bakoitzaren ordezkariaren ziurtagiri digitala izatea, baita Nafarroako Gobernuarena berarena ere, haien kudeaketa haietako bakoitzari esleituta.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak 2017ko martxoaren 29an hartutako Erabakiaren bidez, kontseilariei baimena eman zitzaien izenda ditzaten, foru agindu baten bidez, beren departamentu eta erakunde autonomoen ordezkari gisa aritzeko ziurtagiri digitala eduki behar duten pertsonak.

Orobat, xedatu zen ezen hala egindako izendapenak noiznahi ere errebokatu daitezkeela.

Une honetan, egoki da errebokatzea Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariaren urriaren 19ko 131/2023 Foru Aginduaren bidez eginiko izendapena; zehazki, Lehendakaritza eta Berdintasuneko Departamentuko ordezkariaren ziurtagiri digitala edukitzeko Laura Aguado Escribano andrearen izendapena errebokatuko da, langileak dagoeneko ez baitu zerbitzurik ematen Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusian. Halaber, Juan José Villar Osés jauna izendatuko da, berak zerbitzuak ematen baititu aipatu unitatean.

Azaldutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Juan José Villar Oses jauna, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari atxikitako administraria, izendatzea Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko ordezkariaren ziurtagiri digitala edukitzeko.

2. Errebokatzea Laura Aguado Escribano andrearen izendapena, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariaren urriaren 19ko 131/2023 Foru Aginduaren bidez eginikoa, Lehendakaritza eta Berdintasuneko Departamentuko ordezkariaren ziurtagiri digitala edukitzeko.

3. Foru agindu hau Idazkaritza Tekniko Nagusiko Estatistiken eta Informazio Kudeaketaren Atalera eta interesdunei igortzea.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2025eko abenduaren 9an.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2517234