2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IZARBEIBARKO KIROL ETA OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA
Egoitza elektronikoa sortzea
Izarbeibarko Kirol eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruaren 2026ko ekainaren 8ko 3/2026 Ebazpenaren bidez, erabaki zen Izarbeibarko Kirol eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen egoitza elektronikoa sortzea. Hona hemen ebazpenaren testua:
Bat etorriz Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 38. artikuluarekin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 3. artikuluarekin, administrazio publiko guztiek egoitza elektronikoa izan behar dute, eta haren bidez zerbitzu elektronikoetarako sarbidea emanen zaie herritarrei, gardentasunaren eta segurtasun juridikoaren printzipioak eta inguru digitalarekiko konfiantza bermaturik.
Egoitza elektronikoak sortzeko betebeharrak eta baldintzak ezarrita daude Sektore publikoak bitarteko elektronikoen bidez jarduteko eta funtzionatzeko erregelamendua onesten duen martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretuan. Nabarmentzeko xedapenen artean, honako hauek daude:
–Egoitzaren helbide elektronikoa, titulartasuna eta kudeaketa definitzeko beharra (3. artikulua).
–Eskainitako zerbitzuen segurtasun juridikoa, autentikotasuna, osotasuna, eskuragarritasuna eta konfidentzialtasuna bermatzeko betebeharra (4. artikulua).
Aipatu arauak betez, Izarbeibarko Kirol eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen egoitza elektronikoa sortzen da. Hau izanen da egoitzaren helbidea:
https://ssbvaldizarbe.sedipualba.es
Oinarri juridikoak:
1. 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.
2. 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa.
3. 203/2021 Errege Dekretua, martxoaren 30ekoa, Sektore publikoak bitarteko elektronikoen bidez jarduteko eta funtzionatzeko erregelamendua onesten duena.
4. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari buruzkoa (DBEO):
EBAZTEN DUT:
1. Izarbeibarko Kirol eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen egoitza elektronikoa sortzea. Hau izanen da helbide elektronikoa: https://ssbvaldizarbe.sedipualba.es.
2. Egoitza elektronikoaren ezaugarriak:
–Egoitzaren titulartasuna Izarbeibarko Kirol eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak izanen du.
–Mankomunitatearen informazioaren teknologien arloari dagozkio kudeaketa eta administrazio teknikoa.
–Egoitzak bermatuko du eskura dagoen informazioa osoa, egiazkoa eta eguneratua dela.
–Behar diren mekanismoak gehituko dira, bermatze aldera komunikazio elektronikoen egiazkotasuna, konfidentzialtasuna eta trazabilitatea.
3. Egoitza elektronikoan eskuragarri dauden zerbitzuak (203/2021 Errege Dekretuaren 8. artikulua):
–Erregistro elektronikoan eskabideak, idazkiak eta komunikazioak aurkeztea.
–Informazio publikoa kontsultatzea eta deskargatzea.
–Jakinarazpen elektronikoak eskuratzea.
–Udalaren tributu eta tasen ordainketa telematikoa.
–Izapide administratiboko bertze zerbitzu batzuk, ezari-ezarian eskuragarriak.
4. Egoitza elektronikoaren publikotasuna:
–Ebazpen hau argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Mankomunitatearen iragarki-taulan eta erakundearen web-orrian, hedapena bermatzeko.
5. Indarra hartzea: Egoitza elektronikoa abian egonen da ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Azken xedapena.–Ebazpen honen aurka, administrazio bidea amaitzen baitu, errekurtso hauek jartzen ahalko ditu, hautara: berrezartze-errekurtsoa, ebazpena ematen duen organoari zuzendua, argitaratu eta hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, dagokion Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean, ukatu gabe interesdunek baliatzen ahal dutela bidezkotzat jotzen duten beste edozein.
Garesen, 2026ko ekainaren 8an.–Mankomunitateko burua, Beatriz Ordoñez Ancin.
Iragarkiaren kodea: L2610328