157. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLTZA ZENDEA

Aldaketa, Trafikoa arautzen duen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Oltza Zendeako Udalak, 2026ko apirilaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa bat egitea Oltza zendeako trafikoa arautzen duen udal ordenantzan, 14. artikuluan.

Onespenaren erabakia argitaratu zen 2026ko 96. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 19an, eta jendaurreko epea amaitu eta ez denez aurkeztu erreklamaziorik, kexak edo oharrik, bidezkoa da testu osoa argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoaren arabera (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu zuen lege hori).

Argitara ematen da, eta ohartarazten, honako errekurtso hauek aurkezten ahal direla erabakiaren aurka:

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, jarraikiz uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari (lege horrek arautzen du administrazioarekiko auzien jurisdikzioa), bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Oltza zendean, 2026ko uztailaren 27an.–Alkatea, José María Cuende Vallejo.

ALDAKETA, OLTZA ZENDEAKO TRAFIKOA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZAN

14. artikulua. (Idazketa berria).

Debeku da arras baldintza hauetan aparkatzea:

1. Seinaleek debekatzen duten tokietan.

2. Zirkulazioa trabatzen edo oztopatzen den tokietan.

3. Beste gidariak erregelamenduaren aurkako maniobrak egitera behartzen direnean.

4. Bigarren lerroan, lehenbiziko lerroan ibilgailua nahiz edukiontzia dagoenean, baita beste objekturen bat edo babeseko beste elementuren bat dagoenean ere.

5. Galtzadaren zabaleragatik ibilgailu-lerro bat pasatzea ezinezkoa egiten denean.

6. Kaleburuetan, beste ibilgailuren bati biratzea eragozten edo trabatzen zaionean.

7. Erregelamenduaren arabera aparkatutako beste ibilgailuei aterabidea oztopatzen zaienean.

8. Modu seguruan zirkulatzea eragozten den beste edozein kasutan.

9. Espaloietan, kaietan, babeslekuetan, bideen erdiko zatian edo bazterrekoetan, lorategietan eta zoruan zerrendekin seinaleztatutako tokietan, bai osoki bai partez okupatuta ere.

10. Aldi batez jarduera baimenduek okupatu beharreko aldeetan, eta konpondu, seinaleztatu edo garbitu behar diren tokietan. Kasu horietan debekua behar bezala eta aski garaiz seinaleztaturik egonen da.

11. Bide publikoko espazio erreserbetan edo pasabideetan, erabiltzen badira aparkaleku esklusiborako, ibilgailuak gelditzeko eta edozein motatako salgaien zamalanetarako. Aurreko horiek egiteko toki seinaleztatuetan ere debeku izanen da aparkatzea.

12. Oinezkoen pasabide diren galtzada zatietan.

13. Desgaitasuna dutenek beste inork ez erabiltzeko toki seinaleztatuetan.

14. Garraio publikorako, eskolakorako edo taxietarako toki seinaleztatuetan.

15. Ibilgailu astunek –nekazaritzako ibilgailuak barne–, seinale bidez hala adierazten denean, ezinen dute aparkatu kirol-, osasun-, hezkuntza-, kultura- edo administrazio-instalazioetan edo Udalaren beste edozein instalaziotan dauden aparkatze eremuetan. Salbuetsita egonen dira instalazioaren jarduerari berari lotuta garraiorako erabiltzen diren ibilgailuak. Halaber, Udalaren ebazpen baten bidez, beste ibilgailu batzuei aparkatzeko berariazko baimena ematen ahal zaie.

16. Aurreko apartatuan ezarritako debekuak ere aplikatuko dira erabilera publiko aparkaleku pribatuetan, baldin eta loturik badaude kirol- eta industria-instalazioei edo beste instalazio mota batzuei, eta espazio horiek oro har publikoari irekita badaude, sartzeko murrizketarik gabe. Halakoetan, debekua eraginkorra izan dadin, seinalea jarri beharko da, ordenantza honetan xedatutakoarekin bat.

17. Aurreko apartatuan ezarritakoaren ondorioetarako:

a) Ibilgailu astuna: multzoaren gehieneko masa (MGM) 3.500 kilogramo baino gehiagokoa duten ibilgailu motordunak, indarrean dagoen araudiarekin bat.

b) Nekazaritzako ibilgailuak: ibilgailu bereziak, autopropultsatuak edo atoian eramandakoak, nekazaritza-lanetarako erabiltzen badira, hala nola nekazaritzako traktoreak, nekazaritzako makineria autopropultsatua eta horien atoiak.

Iragarkiaren kodea: L2610500