1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
59/2026 FORU AGINDUA, abuztuaren 10ekoa, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak emana, zeinaren bidez aldi baterako debekatzen baita ibilgailu motordunek Nafarroako Foru Komunitateko lurzoru urbanizaezinean dauden mendiko pistetan eta landabideetan zirkulatzea, 2026ko abuztuaren 12ko eguzki-eklipsea dela eta.
2026ko abuztuaren 12an, eguzki-eklipse osoaren fenomeno astronomikoa gertatuko da, eta ikuspen handieneko zerrendak zuzenean zeharkatuko du Nafarroako Foru Komunitateko lurraldea. Salbuespeneko gertaera denez interes publiko masiboa eragin du, eta Foru Komunitateko geografian aurreikusten den pertsonen mobilizazioa eta kontzentrazioa aurrekaririk gabekoa da. Gainera, Espainiatik eta Europako beste herrialde batzuetatik etorritako bisitarien kopuruak nabarmen egin du gora. Ondorioz, 2026ko abuztuaren 10ean, formalki aktibatu da Nafarroako Babes Zibileko Lurralde Plana (PLATENA), 2. MAILAKO fasean. Horren helburua da administrazio publiko guztiek erantzun eraginkorra ematea larrialdi-egoeretan, eta, behar denean, bitartekoak eta baliabideak jarriko direla ziurtatzea.
Ildo horretan, abuztuaren 6an, Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuak txosten tekniko bat egin zuen, non egiaztatzen baita eklipsea dela-eta izanen den jende-oldeak gune garaietara, naturaguneetara eta baso-inguruneetara joko duela ziurrenik; inguru kaltebera horietara mendiko pisten eta landabideen sarearen bidez iritsi ohi da. Hala ere, eremu horietara ibilgailu motordun ugari joateak aparteko arrisku kolektiboak sortzen ditu. Egoera hori, gainera, udan gertatuko da, muturreko tenperaturen baldintza meteorologikoak, landarediaren estres hidrikoa eta baso-suteen arrisku-indize handiak daudelarik. Horregatik, kontrolik gabeko ibilgailu-kopuru batek aldi berean zirkulatu eta aparkatu nahi badu mendiko pista eta landabideetan, eta gero, eguzkia sartu ondoren, erabat ilunpetan itzuli behar badu, arriskua sortzen du segurtasun publikorako eta ingurumenerako, eta, beraz, ezinbestekoa da ezohiko neurri murriztaileak hartzea.
Arazo hori, lehenik eta behin, baso-suteen arrisku kritikoan datza; izan ere, ibilgailu motordunek landare-azalera eta larre lehorretan zirkulatzeak eta aparkatzeak, uda betean, arrisku handiko garaian, modu esponentzialean biderkatzen du suak hartzeko arriskua, katalizatzaile eta ihes-hodi beroekin kontaktua izateak eraginda. Ingurumen-arrisku horri ebakuazio-bideetan gerta daitekeen kolapsoa gehitu behar zaio; izan ere, mendiko pisten ezaugarriak eta zabalera mugatua traba dira ibilgailuak gurutzatzeko eta modu ordenatuan aparkatzeko. Horrek blokeo teknikoko egoerak eraginen lituzke, eta larrialdietako, suteak itzaltzeko eta salbamenduko zerbitzuak berehala sartzea galaraziko luke, bai eta biztanleria zibila modu ordenatuan ebakuatzea ere, bat-bateko larrialdi bat gertatuz gero. Azkenik, agerikoa da bertaratuen autobabes-baldintzetan defizit larria gerta daitekeela, natura-ingurune horiek ez dutelako jendetza hartzeko beharrezkoa den azpiegiturarik ezta gutxieneko zerbitzurik ere; kalteberatasun-faktore hori larriagotu egiten da, nabarmen, eguzkia sartu ondoren orientazioa galtzeko arriskuarekin, arroiletan eta itzal-eremuetan komunikazioetarako izan ohi den estaldura faltarekin, telekomunikazioen balizko kolapsoarekin eta gaueko orduetan sua itzaltzeko eta salbamenduko aireko bitartekoen erabateko eraginkortasun-ezarekin, horrek nabarmen mugatuko bailuke edozein gertakariren aurrean erantzuteko gaitasuna.
Ondorioz, Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuak proposamen bat plazaratu du, Nafarroako Foru Komunitatean aldi baterako debekatzeko ibilgailu motordunen zirkulazioa mendiko pistetan eta landabideetan, 2026ko abuztuaren 12ko 00:00etatik 2026ko abuztuaren 13ko 07:00etara bitarteko aldian; denbora-esparru horrek gertaerarako prestatzeko, eguzki-eklipsea garatzeko eta publikoa modu ordenatuan ebakuatzeko faseak hartzen ditu. Gainera, proposamenak funtsezko salbuespen batzuk jasotzen ditu egoiliarren eta ekoizpen-sektoreen eskubideak ez kaltetzeko.
Proposamen honen xedea da Nafarroan zenbait neurri hartzea, 2026ko abuztuaren 12an gertatuko den eguzki-eklipse osoaren testuinguruan joan-etorriak, jendetza elkartzea eta baso-suteen arriskua direla-eta sor daitezkeen arrisku-egoerak aurreikusteko eta mugatzeko beharrezkoak direnak.
Arriskuen aurrean babes-neurriak hartzeko betebeharrak proportzionaltasuna dakar berarekin, betiere, Babes Zibileko Sistema Nazionalaren uztailaren 9ko 17/2015 Legeak ezarri bezala, eta horrek eskatzen du larrialdi bat prebenitzeko edo arintzeko hartutako neurriak arrazoizkoak izatea eta bat etortzea balizko kalteen tamainarekin. Proposatutako neurri murriztaileak zorrotz betetzen du printzipio hori, eta neurri egokia eta beharrezkoa da pertsonen bizitza eta natura-ondarearen osotasuna babesteko, hertsiki mugatuta baitago denboran eta espazioan, eta egoiliarren eta ekoizpen-sektoreen eskubideei kalterik ez egiteko funtsezko salbuespenak ere barne hartzen baititu.
Zehazki, denbora-muga horrek modu estrategikoan estaltzen ditu gertaeraren arrisku-fase guztiak. Lehenik eta behin, mendi-eremu garaietan kontrolik gabe kanpatu, lehenago aparkatu edo lekurik onenak erreserbatu nahi dituzten pertsonak aldez aurretik sartzea eragozten du. Era berean, natura-guneak babesten ditu fenomenoa behatzeko jende gehien biltzen den orduetan, zeinak eguneko bero handieneko uneak baitira. Azkenik, eguzkia sartu ondoren segurtasuna bermatzen du, gauez zirkulatzea galarazten baitu, pertsonak baso-sarean erabat ilunpetan harrapatuta geratzea saihesteko, orientazioa galtzeko arriskua oso handia denean eta aireko erreskate-bitartekoek jardun ezin dutenean.
Eguzki-ezkutatze astronomiko handieneko zerrendak trazadura geografiko espezifiko bat mugatzen badu ere, eguzki-eklipsearen fenomenoa nabarmen ikusiko da, iluntze-ehuneko oso handiarekin, Foru Komunitateko lurralde osoan. Horrek, tokiko baldintza meteorologikoak denbora errealean aurreikusteko ezintasunarekin batera, eraginen du behatzaileak noiznahi eta oldeka mugitzea zerua garbi ikusten den edozein tokitara. Ondorioz, eklipseari lotutako arrisku-maila berdina izanen da gure lurralde osoan, eta, beraz, segurtasun publikoko, babes zibileko eta ingurumen-kalteen prebentzioko arrazoiak direla-eta, ezinbestekoa da proposatutako neurria modu integral eta uniformean aplikatzea Nafarroako Foru Komunitate osoan; horrela, ez da sortuko alboko eremuetara jotzeko dei efektua eta ingurune naturalaren eta pertsonen babes globala bermatuko da.
Bestalde, propultsio elektriko hutseko ibilgailuen kasuan, arriskuak txikiagoak badira ere ihes-sistema konbentzionalen emisio termikoei lotutakoak baino, jendetza dagoen tokietan horiek libreki ibiltzeak areagotu eginen luke bideak kolapsatzeko, ingurune naturaletan harrapaketak gertatzeko eta ekosistema kalteberak masifikatzeko arriskua. Segurtasuna, ordena publikoa eta baso-masaren kudeaketako uniformetasuna zaintzeko, ezinbestekotzat jotzen da murrizketa ibilgailu motordun guztietara zabaltzea, propultsio-teknologia edozein dela ere.
Halaber, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluak ezartzen du ezen lurralde plan batean, plan berezi batean edo plan berariazko batean aurreikusitako arrisku larriko egoera edo larrialdi bat atzematen denean, dagokion babes zibileko plana formalki abian jar dadila aginduko duela plan motaren arabera eskumena duen agintariak. Abian jartzearen deklarazioa eginda, larrialdiari aurre egiteko lan guztien zuzendaritza eta koordinazioa planaren zuzendariaren esku geldituko dira. Hark planean ezarrita dauden neurriak hartu beharko ditu, beharrezkoak diren aldaketa taktikoekin.
Aurrekoarekin lotuta, aipatutako foru arauaren 19. artikuluak xedatzen duenez, babes zibileko agintariek zilegi dute, dagokion babes zibileko plana aktibatu ondoren, "ekintza batzuk ez egiteko agindua ematea eta, beharrezkoa bada, derrigorrezko zerbitzu pertsonalak egiteko agintzea. Zerbitzu emate hori sortu den egoeraren eta norberaren ahalmenen araberakoa izanen da eta ez du, nahitaez, kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik sortuko". Bestalde, lege testu horren beraren 32. artikuluak honakoa ezartzen du: "3. Herritarrak behartuta daude indarreko araudian xedatutakoaren araberako ikuskaritzak egitera; halatan, ikuskaritzari beren lokaletan edo establezimenduetan sartzen utziko diote". (...) "7. Larrialdien izaerak horretara behartzen baldin badu, babes zibilaren arloko agintari eskudunek herritarren eskubideak ukitzen dituzten aginduak eta jarraibideak ematen ahalko dituzte legeetan ezarritakoaren arabera, eta agindu eta jarraibide horien jasotzaileek nahitaez bete beharreko neurriak hartzen ahalko dituzte, aplikatzekoa den planak ezarritakoarekin bat edo larrialdiaren nahiz babestu beharreko ondasunen beharrizanek horretara behartuz gero. Hartzen diren neurri eskubide-murriztaileek, edo prestazio pertsonalak edo materialak ezartzen dituztenek, indarraldi mugatua izanen dute –larrialdiei aurre egiteko hertsiki beharrezkoa dena, hain zuzen ere–, eta larrialdien muntaren araberakoak izan beharko dute".
Beraz, larrialdi bat prebenitzeko edo arintzeko hartutako neurriek bat etorri behar dute arriskuen eta balizko kalteen tamainarekin.
Era berean, betetzen da basoen sektoreko legerian xedatutakoa, bereziki Nafarroako Oihan-ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean, zeinak ahalmena ematen baitio Administrazioari mendiko bideetako zirkulazioa modulatzeko, ingurumena babesteko eta segurtasun publikoko arrazoiengatik.
Horrenbestez, eta Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoarekin bat,
AGINTZEN DUT:
1. Nafarroako Foru Komunitatean aldi baterako debekatzea motordun ibilgailuen zirkulazioa lurzoru urbanizaezinean dauden mendiko pista eta landabideetan, 2026ko abuztuaren 12ko 00:00etatik 2026ko abuztuaren 13ko 07:00etara bitartean.
2. Foru agindu honetan ezarritako aldi baterako zirkulazio-debekutik kanpo daude kasu hauek:
a) Pertsonak beren jabetzetara sartzea.
b) Berariaz egokitutako aparkalekuetara eta behaketa-guneetara sartzea.
c) Legez baimendutako turismo-ostatuetara eta ostalaritza-establezimenduetara sartzea.
d) Jarduera profesionalak, nekazaritzakoak, abeltzaintzakoak eta basogintzakoak betetzea.
e) Hiri-inguruneetarako eta biztanleguneetarako sarbidea.
f) Larrialdiko, zerbitzu publikoetako edo interes orokorreko jarduerak.
3. Gainerako jarduerak gauzatzean, errespetatu beharko da Nafarroako Foru Komunitatearen 2026ko baso-suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko urteko planean eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoa, eta kontu handiz jokatu beharko da, baso-suteak sortzea eta hedatzea saihesteko.
4. Foru agindu honetan ezarritako debekua ez betetzea zehatuko da, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legeren VI. tituluan xedatutakoaren arabera.
5. Foru agindu hau zabaltzea, orok jakin dezan, eta Nafarroako Babes Zibileko Alarma eta Alerta Sareko kudeatzaileak agintaritzei eta herritarrei jakinaraztea neurri hau.
6. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.
7. Foru agindu hau igortzea Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Barne Zuzendaritza Nagusira eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.
8. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Iruñean, 2026ko abuztuaren 10ean.–Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria, Inmaculada Jurío Macaya.
Iragarkiaren kodea: F2611007