155. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

512/2026 EBAZPENA, uztailaren 17koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, oinarriak onesten dituena 2026-2027 ikasturtean eri edo eriondoan dauden ikasleen etxeko hezkuntza-arreta arautzeko, ikasleak eskolatuak daudenean Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan.

Eri dauden haur eta nerabeek hezkuntza-arretarako duten eskubideari buruzko Europako Gutunak ezartzen du eri dauden haur eta nerabe guztiek eskubidea dutela hezkuntza-arreta jasotzeko, hala ospitalean nola etxean, eta hezkuntza-arreta hori langile kualifikatuek emanen dutela, zeinek prestakuntza etengabeko ikastaroak hartuko baitituzte. Orobat, ezartzen du hezkuntza-arretaz arduratzen diren langileek diziplina anitzeko lantaldearen parte izanen direla, zeinak arreta emanen baitio eri dagoen haur edo nerabeari, eta zubi-lana eginen dutela erreferentziako ikastetxearekin.

Espainiako Konstituzioan jasota dago, 27. artikuluan, pertsona guztiek dutela hezkuntzarako eskubidea, eta botere publikoei agintzen zaie behar diren baldintzak sustatu eta oztopoak kendu behar dituztela herritar guztiek berdintasunez balia dezaten eskubide hori.

Bestalde, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoaren 71. artikuluan bilduta daude hezkuntza administrazioek bete behar dituzten printzipioak hezkuntzako ekitatea bermatzeko, eta, 3.9 artikuluan, berriz, adierazten du ezen, ikastetxeetara erregulartasunez joan ezin direnek hezkuntzarako duten eskubidea bermatzeko, urrutiko hezkuntzaren eskaintza egokia garatuko dela, edo, kasua bada, berariazko hezkuntza-arreta eta -laguntza.

Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 21eko 69/2023 Foru Aginduak ikasle guztien aniztasunari erantzuteko neurriak eta jarduketak arautzen ditu, batez ere hezkuntza-laguntzako berariazko premiak eragindako oztopoei aurre egin behar dietenena eta, bereziki, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleena.

Bestetik, Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubide eta eginbeharrei eta ikastetxe horietako elkarbizitzari buruzko abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretuak xedatzen du eritasun luzea pairatzen duten ikasleek eskubidea dutela behar den laguntza jasotzeko, behartutako eskolagabetze horrek beren errendimendu akademikoan duen eragina ahalik eta txikiena izan dadin.

Bestalde, Hezkuntzako kontseilariaren irailaren 14ko 86/2018 Foru Aginduak agintzen du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko "Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko ituna" izeneko agiria; agiri horren III. atalean (4g puntuan), zehazten da aztertuko dela bideragarria den Hezkuntza Departamentuko irakasleak aritzea etxeko arretan, eta, hala badagokio, behar diren baliabideak jarriko direla programa garatzeko.

Lege esparru horretan, beharrezkoa da hezkuntza-arreta egokia ematea eritasun baten ondoriozko eriondoan dauden ikasleen egoerari, eragozpenik izan ez dezaten eskolaren eta hezkuntzaren ikuspuntutik ikastetxera gutxitan joateagatik eta eritasuna dela-eta izan ditzaketen ondorio pertsonal eta emozionalengatik.

Nafarroan funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleei hezkuntza zerbitzu egokia emateko, Hezkuntza Departamentuak etxean ematen den hezkuntza-arreta kudeatzen du Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroaren bidez (NHEBZ), hezkuntza-laguntzako berariazko premia dela ulertuta.

Administrazioaren ardura izanik giza baliabideak eta baliabide materialak jartzea deskribatutako egoera saihesteko, asmoa da prozedura bat zehaztea familiak, ikastetxeak eta administrazioa bera engaiatzeko, helburua izanik erantzun integrala lortzea hezkuntzaren eta emozioen aldetik, eta banakako programazio egokitua izatea erantzun horren ardatza.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2026-2027 ikasturtean eri edo eriondoan dauden ikasleen etxeko hezkuntza-arreta arautzeko oinarriak onestea, zeinak jasota baitaude ebazpen honen I. eranskinean.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Hezkuntza Departamentuan den kontu-hartzaile delegatuari, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Inklusio Atalera, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Ikastetxeen Finantzaketaren Atalera eta Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentrora (NHEBZ).

Iruñean, 2026ko uztailaren 17an.–Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendaria, Eneritz González Fernández (bat etorrita Hezkuntzako kontseilariaren azaroaren 26ko 107/2024 Foru Aginduan xedatutakoarekin, zeinaren bidez izendatzen baitira Hezkuntza Departamentuko zuzendari nagusien eta idazkari tekniko nagusiaren ordez aldi baterako arituko direnak).

I. ERANSKINA.–OINARRIAK

1. oinarria. Xedea eta aplikazio eremua.

Ebazpen honen xedea da eri edo eriondoan dauden ikasleen etxeko hezkuntza-arreta arautzea, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eskolatuak daudenean.

2. oinarria. Printzipioak.

Honako hauek dira etxeko hezkuntza-arretaren oinarri diren printzipioak:

–Kalitatea, ekitatea eta aukera berdintasuna, normalizazioa, eskola inklusioa eta hezkuntza- konpentsazioa.

–Hezkuntza-prozesua ikaslearen eritasun egoerara egokitzea.

–Arreta ematen den bitartean, hezkuntza-prozesuan esku hartzen duten instantzien eta profesionalen koordinazioa eta lankidetza: ikastetxea, familia, jarduera espezifikoa garatzen duten irakasleak, osasun arloko profesionalak eta eri edo eriondoan dauden ikasleekin esku hartzen duten beste entitate batzuk.

–Loturei eustea jarduketa batzuen bidez, zeinek helburu baitute arreta hori jasotzen duten ikasleen lotura sozialei eta afektiboei eustea familiaren eta erreferentziako hezkuntza komunitatearen artean.

–IKTen aukerez baliatzea, metodologia berritzaileak erabiliz, baliabide teknologiko espezifikoen bitartez eta hezkuntza digitalaren aukerak aprobetxatuz.

3. oinarria. Helburua.

Neurri hauen xedeko ikasleen hezkuntza-arretak helburu izanen du ikaslea matrikulatua dagoen ikastetxean egiten diren eskola jardueretan laguntzea eta jarduketak egitea ikasleen garapen pertsonalean eta sozialean eragiteko, bakartzea saihesteko eta haien parekoekin komunikatzea ahalbidetzeko.

Hezkuntza-arreta horren barruan, jarduketak eginen dira erreferentziako ikastetxeko curriculum-proposamenean dauden oinarrizko konpetentziak eta helburuak lortzeko, eritasunak eragindako ondorioak ezagutzen eta gainditzen laguntzeko, aisialdia antolatzeko, esperientziak partekatzeko eta ikastetxera itzultzea errazteko.

4. oinarria. Helburuak.

Ebazpen honetan xedatutakoak helburu hauek ditu:

a) Hezkuntza-arreta egokia ematea etxean eriondo luzean dauden ikasleei, egoera horrek ekar dezakeen eskola-desfasea ekiditeko.

b) Koordinazio bideak ezartzea ikasle eriaren arretan esku hartzen duten profesionalen, ikastetxearen eta etxeko hezkuntza-arretako taldearen artean.

c) Komunikazio prozesua erraztea ikasleen eta erreferentziako ikastetxeen artean, tutoreen eta ikaskideen artean, besteak beste informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz.

d) Aholkularitza eta sostengua ematea eriondoan dauden ikasleen familiei.

e) Erraztea eri dauden ikasleak ikastetxeetara itzultzea. Behar izanez gero, modu progresiboan egin daiteke itzulera hori.

5. oinarria. Etxeko hezkuntza-arreta jasoko duten ikasleak.

1. Honako ikasle hauek dira etxeko hezkuntza-arretaren hartzaileak: Haur Hezkuntzako bigarren ziklokoak, Lehen Hezkuntzakoak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoak, Lanbide Heziketakoak (modalitate guztiak), erdi mailako heziketa zikloetakoak eta Batxilergokoak, eskolatuak badaude ikastetxe publikoetan eta, medikuaren aginduz, ezin badira erregulartasunez ikastetxera joan, betiere eriondoa 60 egunetik gorakoa denean, medikuaren txostena sinatzen den egunetik kontatzen hasita.

2. Derrigorrezkoaren ondoko etapan matrikulatutako ikasleen kasuan, eskaera egiteko unean gehienez 18 urte dituztenak izanen dira etxeko arretaren onuradunak.

3. Berdin jokatuko da, medikuaren aginduz, ikasleak 60 egun baino gehiago egon behar badu etxean bere haurdunaldiko zailtasunengatik edo erditzearen ondoriozkoen arazoengatik.

4. 1. puntuan jasotako ikasleak, etxeko hezkuntza-arretaren ondoren ikastetxean pixkana sartzen hasteko moduan daudenak.

5. Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak, hezkuntza bereziko ikastetxeetan, egitura espezifikoetan, eskolatuak daudenak, baldin eta istripuagatik edo ustekabeko eritasun arruntagatik etxean aldi baterako egon behar badute. Halako ikasleei emanen zaien arreta, ebazpen honetan ezarritakoarekin bat hezkuntza arlokoa soilik izanen dena, salbuespenezkoa izanen da, eta Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak onetsi beharko du.

6. oinarria. 5. oinarrian jasotzen ez diren ikasleak.

Eriondoa bi hilabetetik beherakoa izanen dela aurreikusten bada, ikastetxeari dagokio etxeko hezkuntza-arreta ezartzea eta ematea.

Eskaera egiteko unean diziplina-neurriak edo antzeko egoerak ezarrita badaude, Ebaluazio Batzordearen eta Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuaren onespena beharko da.

Horretarako, tutoreak, behin etxeko hezkuntza-arreta jasotzeko eskaera jaso ondoren, eta arreta hori justifikatzen duen txosten medikoa ikusirik, behar den arreta antolatuko du, ikasketaburuak gainbegiratuta, honako prozedura honi jarraikiz:

a) Ikaslearen familiarekin edo haren legezko ordezkariekin bilduko da egoera aztertzeko eta baloratzeko zein diren baldintzarik onenak etxeko hezkuntza-arreta emateko.

b) Hezkuntza taldeko kideekin batera, honako hauek zehaztuko ditu:

–Bileren egutegia eta, horrekin batera, familiarekin edo legezko ordezkariekin komunikazio arina izateko modua, etxeko hezkuntza-arretaren prozesuan aktiboki parte hartu ahal izan dezaten.

–Ikaslearekin elkar eragiteko modurik egokienak, aintzat hartuz informazioaren eta komunikazioaren teknologiek eskaintzen dituzten aukera guztiak.

–Jarduerak eta ebaluazio probak egiteko baldintzak.

–Eskola-jarduerara ahalik eta egokien itzultzea errazteko egin beharreko ekintzen aurreikuspena.

7. oinarria. Eskaera egiteko prozedura eta dokumentazioa.

1. Eriondoan dagoen ikaslearen gurasoek edo legezko tutoreek aurkeztuko dute etxeko hezkuntza-arreta jasotzeko eskaera, II. eranskineko ereduaren araberakoa, ikaslea eskolatua dagoen ikastetxean. Eskaerarekin batera, medikuaren edo osasun mentalaren txostena aurkeztu beharko da, behar bezala beteta, III.A eranskineko edo V.A eranskineko ereduaren arabera.

2. Osasun Mentaleko Zerbitzuan tratamendua jasotzen duten ikasleen kasuan:

Etxeko hezkuntza-arretaren baliabidea onartzea eta jarraipena izatea baldintza hauek betetzearen menpe egonen da:

–Ikaslea Osasun Mentalak ezarritako programara joatea eta/edo bertan parte-hartze aktiboa izatea.

–Egoerak aukera ematen duenean, ikastetxera modu progresiboan itzultzea, horretarako plan bati jarraituz.

–Osasun Mentalak erabakiz gero alterazio psikologikoen zergatia eskola-jazarpen egoera bat izan dela, nahitaezko baldintza izanen da ikastetxeak frogatzea agortu direla jazarpena zuzentzeko neurriak, abenduaren 16ko 204/2010 Foru Aginduaren arabera ireki den protokoloaren ondoriozkoak.

Osasun Mentaleko espezialistak (psikiatra, psikologo klinikoa edo psikologo sanitario orokorra) hiru hilean behingo txosten bat (V.B eranskina) bidaliko die ikaslearen familiari edo legezko tutoreei. Txosten hori ikastetxeko zuzendaritzari eman beharko zaio, eta hark Etxeko Hezkuntza-arretarako Programaren koordinatzaileari bidaliko dio, horretarako prestatutako helbide elektronikoaren bidez, emakida bukatu baino 15 egun lehenago gutxienez, eten ez dadin.

3. Eritasun infekto-kutsagarriak dituzten ikasleen kasuan, medikuaren txostenarekin batera, agiri bat aurkeztu beharko da, zehazten duena zer prebentzio neurri hartu behar diren Etxeko Hezkuntza-arretarako Programako irakasleentzat.

4. Eriondoa hiru hilabetetik gorakoa bada, hezkuntza administrazioak zilegi izanen du eskatzea medikuaren txostena hiru hiletik behin berritu dadila. Edozein kasutan, ikasturte bakoitzaren hasieran, III.B eranskinaren edo V.B eta IV. eranskinaren araberako medikuaren txostena baino ez da aurkeztu behar etxeko hezkuntza-arreta jasotzen jarraitzeko.

5. Hezkuntza administrazioak bidezkotzat jotzen dituen txosten mediko osagarriak eskatzen ahalko ditu.

6. Ikaslea eskolatua dagoen ikastetxeko orientatzaileak NHEBZko ospitaleko eta etxeko hezkuntza-arretarako programari aurkeztu beharko dio gurasoen edo legezko tutoreen arreta-eskaera, medikuaren txostenarekin eta IV. eranskineko lan planarekin batera. Dokumentu horiek Educaren bidez aurkeztuko dira.

7. Eskaerak ez dira aintzat hartuko eskatzen den dokumentazio guztiarekin aurkezten ez badira.

8. oinarria. Etxeko hezkuntza-arretarako zerbitzuaren esleipena.

1. Etxeko Hezkuntza-arretarako Programaren koordinatzaileak, eskaeraren dokumentazioa jaso ondoan, ikasleari buruzko espediente bat irekiko du, non bilduko baitira hezkuntza-arretaren jarraipenaren eta koordinazioaren agiri guztiak, eta espedientea ebaluazio batzordeari igorriko dio. Kide hauek osatuko dute ebaluazio batzordea:

–Inklusio Ataleko burua.

–Hezkuntza Premien Bulegoko burua.

–NHEBZko zuzendaria.

–Etxeko Hezkuntza-arretarako Programaren koordinatzailea.

–Batzorde Teknikoan baloratu beharreko beste pertsona batzuk.

2. Etxeko Hezkuntza-arretarako Programaren koordinatzaileak jakinaraziko dio ikaslearen erreferentziako ikastetxeko zuzendaritzari (orientatzailea edo zuzendaritza taldeak izendatutako pertsona) eskaera onartu edo ezetsi den.

3. Baliabidea ematea onartuko da baldin eta deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen bada eta kreditu egoki eta nahikoa baldin badago.

4. Etxeko hezkuntza-arretaz arduratuko diren irakasleak esleitu ondoren, programaren koordinatzaileak hasierako bilera bat eginen du tutorearekin, irakasle taldearekin, orientatzailearekin edo zuzendaritza taldeko kideren batekin, etxeko hezkuntza-arreta emateko esleitutako irakasleekin eta, behar izanez gero, ospitaleko irakasleekin. Bilera horretan, honako hauek zehaztuko dira, lan planaren arabera: ikastetxearekiko loturari eusteko jarduketak, egutegia, koordinazio prozedura, materialak, jarduerak eta txostenak trukatzeko prozedura, eta jarraipena; ikastetxeak, gainera, irakasleek erabiltzen dituzten testuliburuak jarriko ditu, eta erabiltzen dituzten material digital guztietarako sarbidea.

9. oinarria. Eginkizunak.

1. Etxeko Hezkuntza-arretarako Programaren koordinatzailearen eginkizunak.

–Ikastetxeetatik jasotako esku-hartze eskaerak aztertu, tramitatu eta balorazio batzordeari igortzea, ebazpen honetan ezarritako irizpideen arabera.

–Eskaerak baloratzeko prozesuan parte hartzea, balorazio batzordeko kidea den aldetik.

–Etxeko Hezkuntza-arretarako Programako irakasleak esleitzea eriondoan dauden ikasleei ikastetxe publikoetan, eta koordinazioa eta segimendua egitea irakasle horiekin.

–Bilerak egitea ikaslearen tutorearekin eta irakasle taldearekin, orientatzailearekin edo zuzendaritza taldeko kideren batekin eta Etxeko Hezkuntza-arretarako Programaz arduratzeko esleitutako irakasleekin, honako hauek zehazteko: lan plana, ikastetxearekiko loturari eusteko jarduketak, egutegia, koordinazio prozedura, materialak, jarduerak eta txostenak trukatzeko prozedura, eta jarraipena.

–Etxeko hezkuntza-arreta ematen duten irakasleen memoriak bildu eta NHEBZko zuzendaritzari aurkeztea, baita koordinatzailearen jarduketen memoria bat ere, bere eskumenen esparruan.

–Programari esleitutako materiala kontrolatzeko eta gordailutzeko prozedurak ezartzea.

–Etxeko hezkuntza-arreta ematen duten irakasleekin eta ikastetxearekin koordinatzea ikaslearen itzulera matrikulatua dagoen ikastetxera, eta ikastetxeari horren berri ematea.

–Indarreko araudiaren arabera aplikatu beharreko beste guztiak.

2. Etxeko Hezkuntza-arretarako Programako irakasleen eginkizunak.

–Ikastetxearekin koordinatzea, bete beharreko eskola programazioa eta erabili behar diren baliabide didaktikoak eta materialak planifikatzeko, baita familiarekin berarekin eta, kasua bada, ospitaleko ikasgelako irakasleekin ere.

–Banakako lan plana garatzea, irakasle taldeak prestatu duena, zuzeneko arreta pertsonalizatuaren bidez, kontuan harturik ikaslearen osasun egoera eta eritasunaren ondoriozko aldagai sozioafektiboak.

–Irakasle taldeak prestatutako ebaluazio azterketak eta probak ikasleari entregatzea eta zaintzaile lana egitea (gero, irakasle taldeari itzuliko zaizkio, zuzentzeko).

–Hilero txostenak prestatzea egindako lanari buruz, VI. eranskinaren araberakoak, bai eta azken txosten bat ere, VII. eranskinaren araberakoa, bilduko dituena garatutako alderdiak eta landutako edukiak, eta ikaslearen aurrerapen akademikoa eta hobetzeko proposamenak, horrelakorik balego. Txosten hori ikastetxeari eta programaren koordinatzaileari igorriko zaie, aztertutako hilabetea bukatu eta hurrengoaren lehenengo bost egun balioduneko epean.

–Eguneroko erregistro bat egitea egindako jarduerei buruz (IX. eranskina) eta linean partekatzea etxean ikasleari arreta ematen dion beste irakaslearekin, horrelakorik badago, eta etxeko hezkuntza-arretaren koordinatzailearekin.

–Elkarlanean aritzea irakasle taldearekin ikaslearen ebaluazio prozesuan.

–Erreferentziako taldearekiko lotura sustatzea informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez (IKTak).

–Ikaslea ikastetxera itzultzea erraztea, jakinarazita zer egoeratan dagoen eta, kasua bada, ikastetxeari orientabideak emanda, jakin dezan komeni ote den harrera eta inklusio jarduerak egitea.

3. Etxeko hezkuntza-arreta behar duen ikasle bat matrikulaturik duten ikastetxeetako irakasleen eginkizunak.

–Ikastetxeko irakasle tutoreek hezkuntza zerbitzu horren berri emanen diete gurasoei edo legezko tutoreei.

–Irakasle tutorea arduratuko da banakako lan plana egiteaz, edo, kasua bada, irakasleek arlo edo irakasgai bakoitzerako prestatzen dutenaren bilketa koordinatzeaz.

–Irakasle tutoreak bere jarduna koordinatuko du etxeko hezkuntza-arretaz arduratzen diren irakasleekin, bederatzigarren oinarri honen bigarren atalean ezarritakoarekin bat.

–Irakasle taldeak etxean artatzen duten ikaslearekin erabiltzeko prestatutako jarduerak eta materialak emanen dizkie aldizka etxeko hezkuntza-arretako irakasleei.

–Irakasle tutoreek parte hartuko dute eriondoan dauden ikasleak itzultzeko jardueren diseinuan, kasua bada.

–Irakasle tutoreek informazioa emanen diete eriondoan dauden ikasleen familiei irakaskuntza jarduerekin eta eskola-errendimenduarekin lotuta dauden gaiei buruz.

10. oinarria. Ikastetxeen jarduketak.

–Ikastetxeek inklusio planean jasoko dute etxeko hezkuntza-arreta behar duten ikasleekin egiten diren jarduketen prozedura.

–Ikastetxeetako orientatzaileek zerbitzu horren berri emanen diete irakasleei, bai eta aholkuak ere hezkuntza-arretaren neurri hori aplikatzeko bete behar den prozeduraz.

–Ikastetxeetako zuzendaritzek familiei jakinaraziko diete etxeko hezkuntza-arreta onartzen duten ala ez.

–Ikastetxeko orientatzaileek eta zuzendaritza taldeko kideren batek parte hartuko dute programaren hasierako koordinazioan, tutorearekin, irakasle taldearekin eta Etxeko Hezkuntza-arretarako Programan parte hartzeko esleitutako irakasleekin batera.

–Ikastetxeetako zuzendaritzek antolatuko dituzte etxeko hezkuntza-arretaren prozesua hasteko baliabideak, behar den dokumentazioa tramitatuko dute ezarritako epeetan, eta tokiak, denborak eta jarduketak bermatuko dituzte koordinazioa izan dadin honako hauen artean: ikastetxea, etxeko laguntza ematen duten irakasleak, familia edo legezko tutoreak eta Etxeko Hezkuntza-arretarako Programaren koordinatzailea, kasua bada.

–Ikastetxeetako zuzendaritzek etxeko hezkuntza-arretaren koordinatzaileari jakinaraziko diote noiz utziko dioten irakasteari programari esleitutako irakasleek, ikaslea ikastetxera itzuli behar izateagatik, osasun egoera okertzeagatik, medikuen aginduagatik edo familiak atzera egiteagatik.

11. oinarria. Familien konpromisoak.

–Ezarritako ordutegia errespetatzea eta etxeko hezkuntza-arretaren ardura duen irakasleari behar den aurrerapenaz jakinaraztea noiz ezin duen ikasleak etxeko hezkuntza-arreta jaso, behar bezala justifikatutako arrazoiengatik edo kontsulta medikora joan behar izateagatik. Kasu guztietan, ziurtagiri medikoa aurkeztu beharko zaie etxeko hezkuntza-arretaz arduratzen diren irakasleei.

–Ziurtatzea ordutegi horretan etxean adinez nagusiko senitarteko bat egonen dela, behar bezalako baimena duena. Adinez nagusiko horren izena Etxeko Hezkuntza-arretarako Programaren eskaeran jasoko da.

–Etxean leku eta baldintza egokiak ematea zuzeneko irakaskuntza-lana egiteko, eta ikaslea arreta jasotzeko egoera egokian dagoela bermatzea.

–Elkarlanean aritzea ikastetxearekin eta programako irakasleekin ikasleak lor ditzan aurreikusitako helburuak.

–Ikastetxeko zuzendaritzari jakinaraztea noiz utziko dioten irakasteari programari esleitutako irakasleek, ikaslea ikastetxera itzuli behar izateagatik, osasun egoera okertzeagatik, medikuaren aginduagatik edo familiak atzera egiteagatik.

Hartutako konpromisoak ez betetzeak ekar dezake etxeko hezkuntza-arreta etetea.

12. oinarria. Programazioa.

Erreferentziako ikastetxeak banakako lan plan bat prestatu beharko du, etxeko hezkuntza-arreta behar duen ikaslearen beharrei eta ezaugarriei egokitua.

Kontuan harturik, batetik, arretarako esleitutako denborak, eta bestetik, osasun arazoak dituzten ikasleen ezaugarri bereziak, etxeko hezkuntza-arretarako saioetan batez ere enborreko irakasgaiak landuko dira.

Gainerako irakasgaietarako (berariazko irakasgaiak eta konfigurazio askekoak), ikastetxeko irakasleek egokitzapenen bat planteatuko dute haiek landu eta ebaluatzeko, lanen eta antzekoen bidez, batez ere eriondoa oso luzea den kasuetan. Halakoetan, etxeko hezkuntza-arretako irakasleek lan horiek koordinatu eta gainbegiratzeko lanak eginen dituzte.

Horregatik, banakako lan plana prestatzean, irakasleek gutxieneko edukiak eta ikasleekin landu beharreko jarduera garrantzitsuenak hautatu beharko dituzte, uneko ebaluazio aldiari dagozkionak gutxienez, eta hurrengokoak ere bai, baldin eta abian den ebaluazio aldia bukatzear badago.

Kontuan izanik ikasleek izaten ahal dituzten premiak haien osasun egoera dela eta, egiten diren jarduerek curriculum desfasea ekidinen dute, eta alderdi sozioemozionalak garatuko dituzte:

–Ahal dela, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKTak) txertatuko dira etxeko hezkuntza-arretaren prozesuetan, telematika bidezko jarduerak egiteko, bultzatzen dituztenak taldearekiko lotura eta ikaslearen eta irakaslearen arteko informazio trukaketa eta komunikazioa.

Esku hartzeko plan hori garatzean, printzipio metodologiko hauek hartuko dira aintzat:

–Banakako hezkuntza-arreta, ikaslearen konpetentzia mailara eta osasun egoerara egokitua.

–Esku hartzeko plana garatzeko jardueren antolaketa malgua, ikasleen premiekin bat etor daitezen.

13. oinarria. Ebaluazioa.

Ikaslea zer ikastetxetan dagoen eskolatuta, horko irakasle taldeari dagokio ebaluatzea zer ikasi duen ikasleak eta mailaz igoko den.

Oro har gainerako ikasleentzat eta hezkuntza-etapetarako ezarritakoa kontuan izanik hartuko dira mailaz igotzeari eta titulazioei buruzko erabakiak.

–Etxeko hezkuntza-arretako irakasleek zubi-lana eginen dute ikastetxeko irakasleen eta ikasleen artean, eriondoan landutako edukien etengabeko/azken ebaluazioa egiteko balio duten jarduerei dagokienez.

–Ildo horretan, etxeko hezkuntza-arretako irakasleek ikastetxeko irakasleek prestatutako probak eta azterketak entregatu eta zaintzen ahalko dituzte (gero ikastetxeko irakasleei itzuliko dizkiete, zuzentzeko).

–Etxeko hezkuntza-arretako irakasleek txostenak prestatuko dituzte proposatutako helburuak noraino bete diren jasotzeko; horri esker, irakasle taldeak beharrezko osagaiak izanen ditu prozesuaren etengabeko ebaluazioa eta ebaluazio kualitatiboa egiteko.

–Ikastetxeko irakasleek semearen edo alabaren hezkuntza-prozesuaren bilakaeraren berri emanen diote familiari.

14. oinarria. Prestakuntza.

Etxeko Hezkuntza-arretarako Programaren koordinatzaileak begiratuko du programa horretako irakasleek prestakuntza espezializatua izan dezaten; horretarako, irakasleek proposatuko dute zer arlotan behar duten prestakuntza (tutoretza planean eta azken memorian jaso behar da hori).

NHEBZko zuzendaritza taldeak irakasleen prestakuntza arloan eskudun den zerbitzuari igorriko dio proposamen hori, kasuan kasuko prestakuntza espezifikoaren planaren bidez.

15. oinarria. Hezkuntza-arreta emateko asteko ordutegia eta egutegia.

Eskura dauden baliabideen arabera esleituko dira Etxeko Hezkuntza-arretarako Programako orduak. Haur eta Lehen Hezkuntzan, Bigarren Hezkuntzan, heziketa zikloetan eta Batxilergoan, arreta-ordutegia goiz eta arratsaldekoa izan daiteke, eta, oro har, asteko zenbait egunetan banatuko da, gehienez ere egunean bi orduz etxeko hezkuntza-arreta emateko.

1. Lau ordu izaten ahalko dira astean, gehienez, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan hezkuntza-arreta jasotzeko.

2. Lehen Hezkuntzan, asteko ordutegi hau esleitu da hezkuntza-arretarako:

–1., 2. eta 3. mailak: astean sei ordu, gehienez.

–4., 5. eta 6. mailak: astean zortzi ordu, gehienez.

3. Lehen Hezkuntzako eskola ordutegian, lehentasunez, enborreko arloak landuko dira.

4. Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, astean gehienez zortzi ordu erabiltzen ahalko dira hezkuntza-arretarako.

5. Erdi mailako heziketa zikloetan, astean gehienez bost ordu erabiltzen ahalko dira hezkuntza-arretarako.

6. Gizarte eta hizkuntza esparruetako eta zientzia eta matematika esparruetako irakasleen artean banatuko da Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko eskola ordutegia.

7. Oinarrizko Lanbide Heziketan, astean gehienez lau ordu erabiltzen ahalko dira hezkuntza-arretarako, eta multzo komunetako moduluekin zerikusia duten gaiak landuko dira.

8. Astean ordubete izanen da erreferentziako ikastetxeekin koordinatzeko, eskolak prestatzeko, txostenak egiteko eta abarretarako, eta denbora hori ordutegi osagarritzat hartuko da.

9. Etxeko hezkuntza-arretako irakasleak zer ikastetxeri dauden atxikita, hango eskola egutegia izanen dute.

10. Etxeko hezkuntza-arretaren ordutegia VIII. eranskineko ereduaren arabera jasoko da, eta, irakaslea atxikita dagoen ikastetxeko zuzendariak sinatu ondoren, Etxeko Hezkuntza-arretarako Programaren koordinatzaileari igorriko zaio.

11. Adostutako ordutegian aldaketaren bat eginez gero, irakasleak atxikita dagoen ikastetxeari jakinaraziko dio, aurretiaz, ahal bada.

16. oinarria. Nola kudeatu Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako ikasle eriei edo eriondoan daudenei hezkuntza-arreta emateko esleitzen diren baliabideak.

1. Etxeko Hezkuntza-arretarako Programa Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroaren (NHEBZ) Ospitaleko eta Etxeko Arretarako Programaren parte izanen da. Programaren koordinatzaile batek eta irakasle talde batek osatuko dute. Irakasle talde horretan, maisu-maistrak egonen dira, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleei arreta emateko, eta Bigarren Hezkuntzako irakasleak.

2. Etxeko Hezkuntza-arretarako Programako irakasleek ezin badiete eskaera guztiei erantzun, ikasle eriondoak matrikulatuta dauden ikastetxean lanaldi partziala duten irakasleei eskainiko zaie kontratua luzatzea (Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuaren baldintzak kontuan hartuta).

3. Hezkuntza Departamentuak, kontratazio zerrendak egiteko urteko deialdiaren bitartez, hezkuntza-etapen araberako irakasle zerrenda bat edukiko du (Lehen Hezkuntzako irakasleak eta Bigarren Hezkuntzakoak), bete ahal izateko programako eskaeretatik sortzen ahal diren beharrak, ezin badira horiek bete NHEBZri atxikitako Etxeko Hezkuntza-arretarako Programako irakasleen bidez eta, kasua bada, ikasleen ikastetxeko irakasleen bidez.

17. oinarria. Datuak bildu eta lagatzea.

Etxeko hezkuntza-arreta jasotzen duten ikasleen datu pertsonalak.

1. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, ikastetxeek, beren hezkuntza-lana egitearren, behar adina datu pertsonal biltzen ahal dituzte hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei buruz eta beste inguruabar batzuei buruz, horien berri izatea beharrezkoa denean ikasleen orientaziorako eta hezkuntzarako.

2. Eskola orientazioko zerbitzuaren eta beste entitate batzuen artean informazioa trukatzeko protokoloaren arabera (202/2025 Ebazpena, apirilaren 7koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, eskola orientazioko zerbitzuaren eta beste entitate batzuen artean informazioa trukatzeko protokoloa onesten duena).

3. Legezko ordezkariek eta ikasleek berek lagundu beharko dute xedapen gehigarri horretan adierazitako informazioa ematen eta lortzen.

4. Ikasle bat programan sartzeak berekin ekarriko du onespena ematea bere datuen tratamendurako, datuak babesteari buruzko legedian ezarri bezala.

5. Etxeko hezkuntza-arreta jasotzen duten ikasleen datuen tratamendua egiteko, hezkuntzari buruzko araudian xedatutakoa aplikatuko da, baita datu pertsonalak babesteko legeetan ezartzen diren arau teknikoak eta antolaketakoak ere, datuen segurtasuna eta konfidentzialtasuna bermatuz.

6. Irakasleek eta gainerako langileek, beren funtzioak betetzeko, erabiltzen badituzte ikasleen datu pertsonalak eta familiakoak, eragina izaten ahal dutenak adingabeen edo horien familien ohorean eta intimitatean, isiltasunaren betebeharrari lotuta geldituko dira, legeetan ezarri bezala.

18. oinarria. Bestelako informazio nabarmenak.

1. Arrazoi medikoengatik edo batzordeak egokitzat jotzen dituen beste arrazoi batzuengatik etxeko hezkuntza-arreta eteten denean, kontratatutako irakasleak ikastetxearen esanetara geratuko dira kontratua amaitu arte.

2. Etxeko hezkuntza-arretako ordutegia, ahal dela, goizekoa izanen da, ikastetxera itzultzea errazteko. Ordutegia adosterakoan, kontuan hartuko dira tratamendu eta bisita medikoen orduak.

3. Behin eta berriz ez bertaratzeak ekarriko du kasua etxeko hezkuntza-arretako batzordean berriz ebaluatzea.

4. Eskaera berriak onartzeko epea ikasturtea amaitu baino hirurogei egun lehenago bukatuko da, gutxi gorabehera. Azken egun horren berri emanen da dagozkion bideak erabiliz (NHEBZko webgunea eta tramiteen fitxa).

5. Ikastetxera itzultzeko prozesua bitartean diziplina-neurriren bat sortzen duen egoeraren bat gertatzen bada, etxeko arretan ere halakotzat joko dira.

II-X ERANSKINAK.–AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Etxeko hezkuntza-arreta jasotzeko eskaera (familiak bete beharrekoa).

III. eranskina.–Medikuaren hasierako txostena.

IV. eranskina.–Etxeko hezkuntza-arretaren berrebaluazioa-Medikuaren txostena.

V. eranskina.–Ikaslearen erreferentziako ikastetxearen banakako lan plana Etxeko Hezkuntza-arretarako Programarako (irakasle taldeak bete beharrekoa).

VI/A eranskina.–Osasun mentalaren hasierako txostena.

VI/B eranskina.–Etxeko hezkuntza-arretaren berrebaluazioa-Osasun mentalaren txostena.

VII. eranskina.–Etxean arreta jasotzen duen ikasleari buruzko hileko txostena.

VIII. eranskina.–Etxean arreta jasotzen duen ikasleari buruzko azken txostena, erreferentziako ikastetxera igortzeko.

IX. eranskina.–Etxeko hezkuntza-arretaren ordutegia.

X. eranskina.–Etxean arreta jaso duen ikaslearen eguneroko erregistroa.

Eranskinak fitxan daude eskuragarri:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/etxez-etxeko-hezkuntza-arreta-ikastetxe-publikoetan-eskolatutako-ikasle-eri-edo-eriondokoentzat

XI. ERANSKINA.–LABURPEN TAULAK

Eskaera egiteko prozedura laburbiltzen duen taula

ARDURADUNA

EKINTZA

BALIABIDEA

FAMILIA

Etxeko Hezkuntza-arretarako Programaren eskaera ikastetxeko zuzendaritzan aurkeztea.

II. ERANSKINA

III. EDO VI.A ERANSKINA

TUTOREA

Ikastetxeak ikaslearen eskola egoerari buruzko hasierako txostena betetzea.

Ikaslearen banakako lan planaren proposamena egitea irakasle taldearekin batera, eta ikasketaburuari aurkeztea.

IV. ERANSKINA

IKASTETXEAREN ORIENTAZIOA

Dokumentazioa jasotzea eta NHEBZko Etxeko Hezkuntza-arretarako Programaren koordinatzaileari igortzea.

II. ERANSKINA

III. EDO VI.A ERANSKINA

IV. ERANSKINA

Etxeko hezkuntza-arretaren zerbitzuaren esleipena laburbiltzen duen taula

ARDURADUNA

EKINTZA

BALIABIDEA

NHEBZ-KO ETXEKO HEZKUNTZA-­ARRETAREN KOORDINATZAILEA

Espedientea irekitzea eskaerarekin.

Esku hartzeko jasotako eskaerak aztertu, tramitatu eta balorazio batzordeari igortzea.

Ikastetxeari jakinaraztea baliabidea onartu den ala ez.

IKASTETXEA

Familiari jakinaraztea baliabidea onartu den ala ez.

F2610019

Iragarkiaren kodea: