155. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VALTIERRA

Ordenantza fiskala, arautzen duena nola aplikatu aukerako hobariak ECO eta "zero igorpen" ibilgailuei trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan. Behin betiko onespena

Valtierrako Udalak, 2026ko maiatzaren 19an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza fiskal bat, arautzen duena nola aplikatu aukerako hobariak ECO eta "zero igorpen" ibilgailuei trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan.

Espedientea jendaurrean egon zen hogeita hamar egunean, argitaratu ondoren 2026ko 106. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 2an, eta Udalaren iragarki-taulan. Jendaurreko aldian inork ez du erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu.

Beraz, behin betiko onetsi da ordenantza hau: ordenantza fiskala, arautzen duena nola aplikatu aukerako hobariak ECO eta "0 igorpen" ibilgailuei trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan. Hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Jarraian ematen da argitara.

Valtierran, 2026ko uztailaren 20an.–Alkatea, Manuel Resa Conde.

ORDENANTZA FISKALA, ARAUTZEN DUENA NOLA APLIKATU AUKERAKO HOBARIAK ECO ETA "ZERO IGORPEN" IBILGAILUEI TRAKZIO MEKANIKOKO IBILGAILUEN GAINEKO ZERGAN

Zioen azalpena

Urtarrilaren 24ko 3/2019 Foru Legeak, zeinaren bidez aldatu baitzen martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea (Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa), 4. apartatua gehitu zion Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 162. artikuluari (3/2019 Foru Legea argitara eman zen 2019ko 25. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 6an). Honela idatzirik ageri da apartatu hori:

"4. Zerga-ordenantzek zerga-kuotaren gaineko honako hobari hauek arautzen ahalko dituzte:

a) 100eko 50erainoko hobaria ECO ibilgailuetarako.

b) 100eko 100erainoko hobaria '0 igorpen' ibilgailuetarako.

Aurreko paragrafoek aipatzen dituzten hobarien gainerako alderdi substantiboak eta formalak zerga-ordenantzan arautuko dira".

Valtierrako Udalak sustatu nahi du ibilgailu elektrikoak erabil daitezen, eta, horrela, erregai fosilekiko mendekotasuna gutxitu. Horren guztiaren helburua da, azken batean, isuriak eta horiek ingurumenean izaten dituzten eragin negatiboak murriztea.

ECO etiketadun ibilgailuei eta "zero igorpen" ibilgailuei egiten zaizkien hobari horien xedea da mugikortasun jasangarria sustatzea, kutsadura gutxitzea eta airearen kalitatea hobetzea Valtierran.

Hona hemen hobari horien xede espezifikoak:

  • Berotegi efektuko gasen isuriak murriztea.
  • Mugikortasun jasangarria sustatzea.
  • Airearen kalitatea hobetzea.
  • Teknologia berrien ikerketa eta garapena sustatzea.

Laburbilduz, hobari horiek funtsezko tresna dira mugikortasun ekologikoago bat sustatzeko, gure udalerrian airearen kalitatea hobetuko duena; izan ere, hobari horiek pizgarriak eskaintzen dituzte erakargarriagoa izan dadin horrelako ibilgailuak eskuratzea eta erabiltzea .

Horiek horrela, bidezkoa da onestea honako ordenantza hau: ordenantza fiskala, arautzen duena nola aplikatu hobariak ECO eta "0 igorpen" ibilgailuei trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan

1. artikulua. Hobariak.

Zerga-kuotari honako hobari hauek aplikatuko zaizkio:

a) %50eko hobaria ECO ibilgailuetarako.

b) %75eko hobaria "zero igorpen" ibilgailuetarako.

2. artikulua. Baldintzak.

Hobari horiek izanen dituzte Valtierran erroldaturiko ibilgailuen titularrek, baldin ibilgailuok katalogaturik badaude ECO ibilgailu gisa edo "zero igorpen" ibilgailu gisa.

3. artikulua. Hobaria ematea.

Oro har, zergadunak berak eskatu behar du hobaria, zergaren sortzapen-eguna baino lehen. Altak edo matrikulazio berriak izanez gero, eskatu beharko du hilabeteko epean, ibilgailuaren alta egiten den egunetik hasita. Baldin eskaerak egiten badira aipatu epea iraganik, hurrengo ekitaldian izanen dituzte ondorioak.

4. artikulua. Indarraldia.

Ordenantza honek 2027ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2609991