155. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

2/2026 LEGEGINTZAKO FORU-DEKRETUA, uztailaren 29koa, Tributu Harmonizazioari buruzkoa, balio erantsiaren gaineko zerga eta energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga aldatzen dituena.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren I. tituluan, Nafarroako tributu araubidea Estatuko tributu araubide orokorrarekin harmonizatzeko irizpideak arautzen dira.

Esparru horren barnean, aipatutako Hitzarmen Ekonomikoaren 31 bis eta 32. artikuluek ezartzen dute ezen, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga (aurrerantzean, EEEBZa) eta balio erantsiaren gaineko zerga (aurrerantzean, BEZa) ordainarazteko, Nafarroak aplikatuko dituela Estatuko lurraldean une bakoitzean indarra duten arau substantibo eta formal berak. Hala ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zerga horien aitorpena eta ordainketak egiteko bere ereduak onesten ahalko ditu, gutxienez ere lurralde erkideko datu berak edukiko dituztenak, eta likidazioaldi bakoitzean ordaintzeko epeak finkatzen ahalko ditu, Estatuko Administrazioak ezartzen dituenetatik funtsean aldendu gabe.

Bestetik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, 53.1 artikuluan, Nafarroako Gobernuaren araugintzarako ahalmena erregulatzean ezartzen duenez, baldin eta tributu araubide erkidearen aldaketa batek behartzen badu Estatuan indarra duten arau substantibo eta formal berak Foru Komunitatean aplikatzera Hitzarmen Ekonomikoan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak behar diren foru lege mailako arauak eman ditzake tributu arloko foru legeak aldatzeko, Nafarroako Parlamentuak eskuordeturik. Aipatu 14/2004 Foru Legearen 53.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuaren xedapen horiei, aipatu legegintzarako eskuordetzearen ondorio direnean, "tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu" izena emanen zaie.

Estatuan, ekainaren 29ko 18/2026 Errege Lege-dekretuak, Ekialde Ertaineko Krisiari Erantzuteko Plan Integralaren esparruan hainbat neurri onesten dituenak, BEZari eta EEEBZari buruzko araudia aldatu du neurri gehiago txertatzeko eta aldi baterako mantentzeko Ekialde Ertaineko Krisiari Erantzuteko Plan Integrala onesten duen martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege-dekretuak txertatutakoak. Hala, asmoa da Ekialde Hurbileko gerrak eragindako energia-krisiaren ondorio ekonomikoei aurre egitea.

Lehenik eta behin, BEZaren eremuari dagokionez, 2026ko ekainaren 30era arte, ohiz kanpo eta aldi baterako, 7/2026 Errege Lege-dekretuaren bidez %21etik %10era murriztu zen energia elektrikoaren kontratuei aplikatu beharreko zerga-tasa, baldin eta haien potentzia-termino finkoa ez bazen 10 kW-etik gorakoa eta hornidura-kontratuaren titularrek bonu soziala jasotzen bazuten eta kaltebera larriaren izaera edo gizarte-bazterkeria arriskuan egoteko kaltebera larriaren izaera aitortuta bazuten. Horrez gain, gas naturalari, biomasatik datozen briketei eta pelletei eta su-egurrari aplikatu zitzaien. Edonola ere, zerga-tasaren murrizketa hori ez zen aplikatu 2026ko ekainean zehar, bilakaera positiboa izan baitzuen aipatu neurriak barne hartzen zituen elektrizitatearen eta gas naturalaren KPIak.

18/2026 Errege Lege-dekretuaren bidez, neurri hori berriz ere ezartzen da 2026ko abuzturako eta irailerako, baina, oraingoan, ekainean eta uztailean elektrizitatearen eta gas naturalaren KPIak okerrera egiten badu 2025eko hilabete berarekin konparatuta.

EEEBZaren eremuan, 18/2026 Errege Lege-dekretuak mantendu egiten du 7/2026 Errege Lege-dekretuaren neurria, 2026. urteari dagozkion zerga-oinarriaren eta ordainketa zatikatuen kalkuluari dagokionez. Hala, xede du produktu energetikoak garestitzeak elektrizitatearen prezioaren gainean duen inpaktua arintzen jarraitzea.

Hain zuzen ere, 7/2026 Errege Lege-dekretuari jarraikiz, 2026ko ekitaldirako eta EEEBZaren zerga-oinarria eta ordainketa zatikatuak kalkulatzeko, lehenengo hiruhilekoan energia elektrikoa ekoitzi eta sartzeagatik jasotako ordainketen zenbatekoa %10 murriztu da, eta bigarren hiruhilekoan zenbateko osoa murriztu da. Hala, 18/2026 Errege Lege-dekretuaren arabera, murrizketa hori %30ekoa izanen da hirugarren hiruhilekoan, energia elektrikoa ekoitzi eta sartzeagatik jasotako ordainketen zenbatekoari dagokionez, eta %40koa izanen da laugarren hiruhilekoan.

Era berean, Jasangarritasun Energetikorako Neurri Fiskalei buruzko abenduaren 27ko 15/2012 Legearen bigarren xedapen gehigarriarekin bat aurrekontu sistemaren oreka bermatzeko, EEEBZaren karga-tasa %3,5era murriztuko da 2027ko ekitaldian; izan ere, aurreikusten da sistema elektrikoan ordaintzeko dauden eskubideak ordaintzeko urteroko kostuak erdira murriztuko direla 2027ko ekitaldian 2026ko ekitaldiarekiko alderatuta. Karga-tasa %0 izanen da 2028ko ekitaldian eta hurrengoetan, uste baita EEEBZaren bilketa ez dela beharrezkoa izanen kostu horiek finantzatzeko.

Horregatik guztiagatik, tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu hau eman behar da, aipatutako zergei dagokienez Foru Komunitatean aplika daitezen Estatuan indarrean diren arau substantibo eta formal berak.

Horiek horrela, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita seiko uztailaren hogeita bederatzian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Balio erantsiaren gaineko zergaren zerga-tasa, 2026ko abuztuan aplikatu behar dena Europar Batasunaren barneko produktu energetikoen entrega eta eskurapen batzuetan.

1. 2026ko ekainean 04.5.10 (Elektrizitatea) azpiklasearen KPIak %15ean baino gehiagoan gainditzen badu aurreko urtean hilabete horretan bertan izandako KPIa, Estatistikako Institutu Nazionalak uztailean argitaratzen duen informazioaren arabera, 2026ko abuztuan balio erantsiaren gaineko zergaren %10eko tasa aplikatuko zaie Europar Batasunaren barruan egiten diren energia elektrikoaren entrega eta eskurapenei, baldin eta honako hauek badira hartzaileak:

a) Kontratatutako potentzia (potentzia-termino finkoa) 10 kW edo hortik beherakoa duten elektrizitatearen hornidura-kontratuen titularrak, edozein direla ere horniduraren tentsio maila eta kontratazio modalitatea.

b) Elektrizitatearen hornidura-kontratuen titularrak, elektrizitatearen bonu soziala jasotzen badute eta aitortua badute kaltebera larriaren izaera edo gizarte-bazterketa arriskuan dagoen kaltebera larriaren izaera, bat etorriz urriaren 6ko 897/2017 Errege Dekretuan ezarritakoarekin, zeinaren bidez arautzen baitira kontsumitzaile kalteberaren figura, bonu soziala eta energia elektrikoaren etxeko kontsumitzaileak babesteko beste neurri batzuk.

2. 2026ko ekainean 04.5.2.1 (Gas naturala) azpiklasearen KPIak %15ean baino gehiagoan gainditzen badu aurreko urtean hilabete horretan bertan izandako KPIa, Estatistikako Institutu Nazionalak uztailean argitaratzen duen informazioaren arabera, 2026ko abuztuan balio erantsiaren gaineko zergaren %10eko tasa aplikatuko zaie gas naturalaren, biomasatik datozen briketen eta pelleten eta su-egurraren Europar Batasunaren barruko entrega eta eskurapenenei.

2. artikulua. Balio erantsiaren gaineko zergaren zerga-tasa, 2026ko irailean aplikatu behar dena Europar Batasunaren barruko produktu energetikoen entrega eta eskurapen batzuetan.

1. 2026ko uztailean 04.5.10 (Elektrizitatea) azpiklasearen KPIak %15ean baino gehiagoan gainditzen badu aurreko urtean hilabete horretan bertan izandako KPIa, Estatistikako Institutu Nazionalak abuztuan argitaratzen duen informazioaren arabera, 2026ko irailean balio erantsiaren gaineko zergaren %10eko tasa aplikatuko zaie Europar Batasunaren barruan egiten diren energia elektrikoaren entrega eta eskurapenei, baldin eta honako hauek badira hartzaileak:

a) Kontratatutako potentzia (potentzia-termino finkoa) 10 kW edo hortik beherakoa duten elektrizitatearen hornidura-kontratuen titularrak, edozein direla ere horniduraren tentsio maila eta kontratazio modalitatea.

b) Elektrizitatearen hornidura-kontratuen titularrak, elektrizitatearen bonu soziala jasotzen badute eta aitortua badute kaltebera larriaren izaera edo gizarte-bazterkeria arriskuan egoteko kaltebera larriaren izaera, bat etorriz 897/2017 Errege Dekretuan ezarritakoarekin.

2. 2026ko uztailean 04.5.2.1 (Gas naturala) azpiklasearen KPIak %15ean baino gehiagoan gainditzen badu aurreko urtean hilabete horretan bertan izandako KPIa, Estatistikako Institutu Nazionalak abuztuan argitaratzen duen informazioaren arabera, 2026ko irailean balio erantsiaren gaineko zergaren %10eko tasa aplikatuko zaie gas naturalaren, biomasatik datozen briketen eta pelleten eta su-egurraren Europar Batasunaren barruko entrega eta eskurapenenei.

3. artikulua. Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren zerga-oinarria eta ordainketa zatikatuak zehaztea 2026ko zergaldian.

1. 2026ko ekitaldirako, hauxe izanen da energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren zerga-oinarria: zergaldi horretan energia elektrikoa (zentraleko barratan neurtua) ekoizteagatik eta sistema elektrikoan sartzeagatik zergadunak eskuratu beharreko zenbateko osoa, instalazio bakoitzeko, ken lehenengo hiruhilekoan sisteman sartutako elektrizitateari dagozkion ordainsarien %10, ken bigarren hiruhilekoan sisteman sartutako elektrizitateari dagozkion ordainsarien zenbateko osoa, ken hirugarren hiruhilekoan sisteman sartutako elektrizitateari dagozkion ordainsarien %30, eta ken laugarren hiruhilekoan sisteman sartutako elektrizitateari dagozkion ordainsarien %40.

2. Lehenengo hiruhilekoko ordainketa zatikatua kalkulatuko da zergaldiaren hasieratik urteko lehenengo hiru hilabeteak bukatu arte ekoitzitako eta sistema elektrikoan sartutako energia elektrikoaren balioaren arabera, zentraleko barratan neurtua, ken hiruhileko natural horretan sisteman sartutako elektrizitateari dagozkion ordainsarien zenbatekoaren %10, eta %7ko zerga-tasa aplikatuko da.

Bigarren hiruhilekoko ordainketa zatikatua kalkulatuko da zergaldiaren hasieratik urteko lehenengo sei hilabeteak bukatu arte ekoitzitako eta sistema elektrikoan sartutako energia elektrikoaren balioaren arabera, zentraleko barratan neurtua, ken lehenengo hiruhileko naturalean sisteman sartutako elektrizitateari dagozkion ordainsarien %10, eta ken bigarren hiruhileko naturalean sisteman sartutako elektrizitateari dagozkion ordainsarien zenbateko guztia, %7ko zerga-tasa aplikatuta, eta, orobat, 2026ko ekitaldiaren kontura aurretik egindako ordainketa zatikatuen zenbatekoak kenduta.

Hirugarren hiruhilekoko ordainketa zatikatua kalkulatuko da zergaldiaren hasieratik urteko lehenengo bederatzi hilabeteak bukatu arte ekoitzitako eta sistema elektrikoan sartutako energia elektrikoaren balioaren arabera, zentraleko barratan neurtua, ken lehenengo hiruhileko naturalean sisteman sartutako elektrizitateari dagozkion ordainsarien %10, ken bigarren hiruhileko naturalean sisteman sartutako elektrizitateari dagozkion ordainsarien zenbateko guztia, eta ken hirugarren hiruhileko naturalean sisteman sartutako elektrizitateari dagozkion ordainsarien %30, %7ko zerga-tasa aplikatuta, eta, orobat, 2026ko ekitaldiaren kontura aurretik egindako ordainketa zatikatuen zenbatekoak kenduta.

Laugarren hiruhilekoko ordainketa zatikatua kalkulatuko da zergaldiaren hasieratik urteko hamabi hilabeteak bukatu arte ekoitzitako eta sistema elektrikoan sartutako energia elektrikoaren balioaren arabera, zentraleko barratan neurtua, ken lehenengo hiruhileko naturalean sisteman sartutako elektrizitateari dagozkion ordainsarien %10, ken bigarren hiruhileko naturalean sisteman sartutako elektrizitateari dagozkion ordainsarien zenbateko guztia, ken hirugarren hiruhileko naturalean sisteman sartutako elektrizitateari dagozkion ordainsarien %30, eta ken laugarren hiruhileko naturalean sisteman sartutako elektrizitateari dagozkion ordainsarien %40, %7ko zerga-tasa aplikatuta, eta, orobat, 2026ko ekitaldiaren kontura aurretik egindako ordainketa zatikatuen zenbatekoak kenduta.

4. artikulua. Aldatzea 11/2015 Foru Legea, martxoaren 18koa, Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga eta kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zerga arautzen dituena.

Bat.–2027ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, eta 2027ko abenduaren 31ra arteko indarraldiarekin, martxoaren 18ko 11/2015 Foru Legearen lehenengo artikuluaren zortzigarren atala aldatzen da. Honela geratuko da idatzita:

"Zortzi atala.–Karga-tasa.

Zergaren tasa 100eko 3,5 izanen da".

Bi.–2028ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, martxoaren 18ko 11/2015 Foru Legearen lehenengo artikuluaren zortzigarren atala aldatzen da. Honela geratuko da idatzita:

"Zortzi atala.–Karga-tasa.

Zergaren tasa 100eko 0 izanen da".

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematen den egunean hartuko du indarra, eta bertan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Iruñean, 2026ko uztailaren 29an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2610529