Iragarkia
154. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 7a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
140/2026 EBAZPENA, uztailaren 17koa, Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako Zuzendaritza Nagusiak emana, zeinaren bidez ematen baitira aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena, honetarako: baterien bidez energia elektrikoa biltegiratzeko instalazioa, «BESS EUNATE» izenekoa, eta hari lotutako transformazio- eta ebakuazio-azpiegiturak, Erriberriko udal mugartean. Espedientearen kodea: 0060-ALM.
2025eko ekainaren 26an, Soner Cervantes SLUk aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena eskatu zituen honetarako: baterien bidez energia elektrikoa biltegiratzeko instalazioa, «BESS EUNATE» izenekoa, 40 MW-koa, eta hari lotutako transformazio- eta ebakuazio-azpiegiturak, Erriberriko udal-mugartean.
Biltegiratzeko instalazioa Erriberriko 6. poligonoko 271. lurzatian kokatuko da, eta ezaugarri tekniko hauek izanen ditu:
- 32 edukiontzi, ST5015UX-4H motakoak, 12 rack/edukiontzi, 416 gelaxka/rack, biltegiratzeko edukiera osoa 160 MWh izanik, eta 208,33 kW-ko 6 inbertsore edukiontziko, hau da, 40 MW guztira.
- 8 transformazio estazio, MVS5140-LS motakoak: 5.140 kVA, baterien edukiontziko inbertsoreen irteera tentsioa 30 kV-raino igotzeko.
Bestalde, ebakuazio azpiegituretan instalazio hauek sartzen dira:
–Lur azpiko linea, 30 kV-koa (2 zirkuitu), biltegiratzeko instalazioaren eta instalazioko Sekzionamendu Zentroaren artean.
–Instalazioko sekzionamendu zentroa (neurketa gelaxka 1, erremonte gelaxka 2, babes gelaxka 2, zerbitzu osagarrietarako gelaxka 1), hesiz inguratutako esparruan kokatuta.
–Lur azpiko linea, 30 kV-koa (2 zirkuitu), Sekzionamendu Zentroaren eta «SET Olite 30/132/220kV» izeneko Azpiestazio jasotzailearen artean.
–»SET Olite 30/132/220 kV» Azpiestazio jasotzailea hedatzea (hasiera batez, 30/132/220 kV BESS EUNATE izeneko azpiestazioa), 50 MVA-ko potentzia duen transformadore bat instalatuz, 30/220 kV-ko tentsio mailan.
Beraz, bat etorrita azaroaren 5eko 997/2025 Errege Dekretuaren 5. artikuluan ezarritakoarekin, biltegiratze instalazioaren potentzia instalatua 40 MW da.
«SET Olite 30/132/220 kV» azpiestazio jasotzailetik 220 kV-ko linea lurperatu bat doa Red Eléctrica de España SAUren jabetza den «SET Olite 220 kV» estazioraino. Jada eraikita dauden ebakuazio azpiegitura horiek (SET Olite 30/132/220 kV eta 220 kV-ko ebakuazio linea) hauek erabiltzen dituzte: BESS EUNATE biltegiratze instalazioak, «PE Jenáriz» (24 MW), «PE Linte» (33 MW) eta «PE San Marcos II» parke eolikoek (6 MW) eta Araizko Eguzki Instalazio Fotovoltaikoak (49,8 MW).
Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta haren horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikuluan agindutakoa betetzeko, eskaera jendaurrean jarri zen 30 egun baliodunean, eta, horretarako, iragarkia paratu zen 2025eko 164. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 19koan, eta dokumentazioa Nafarroako Gobernu Irekiaren web fitxan argitaratu zen. Era berean, informazioa Erriberriko Udalari igorri zitzaion, epe berean jendaurrean jar zezan bere ediktuen taulan.
Jasotako alegazioak hauek dira, aurkeztutako hurrenkeran:
- 1. alegazioa. Parque Eólico de Navarra SL enpresarena, 2025eko irailaren 11koa.
- 2. alegazioa, Bodegas Pagos de Araiz SArena, 2025eko irailaren 11koa.
Horrekin batera, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluetan ezarritakoa aplikatuz, proiektuaren separatak bidali zitzaien erakunde hauei, eta taulan adierazten diren txostenak jaso ziren:
ERAKUNDEA | TXOSTENA | DATA |
Erriberriko Udala | X | 2025-11-16 (epez kanpo) |
Red Eléctrica de España SAU | X | 2025-10-01 |
Ebroko Konfederazio Hidrografikoa | ||
Parque Eólico de Navarra SL | ||
Bodegas Pagos de Araiz SA | ||
Ondare Arkitektonikoaren Atala | X | 2025-09-12 |
Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala | ||
Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzua | X | 2025-12-09 (epez kanpo) |
Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua |
Aipatutako alegazioak eta txostenak sustatzaileari bidali zitzaizkion, jarraikiz abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 126., 127. eta 131. artikuluei.
Jasotako alegazioen edukia eta azterketa ebazpen honen I. eranskinean laburbiltzen dira.
Txosten horien edukia eta azterketa ebazpen honen II. eranskinean laburbiltzen dira.
Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 9ko 1426E/2025 Ebazpenaren bidez, ingurumen inpaktuaren txostena eman zitzaion proiektuari, bertan ezarritako baldintzak bete behar direla adierazita.
2026ko urtarrilaren 20an, Soner Cervantes SLUk aldatutako proiektua aurkeztu zuen, non xehetasun gehiagoz definitu baitzuen SET Olite 30/132/220 kV hedapena.
Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikuluan xedatutakoa betez, proiektuaren aldaketa jendaurrean jarri zen 30 egun baliodunez, iragarki bat argitaratuta 2026ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 12koan; era berean, dokumentazioa Nafarroako Gobernu Irekiaren web fitxa egokian argitaratu zen. Era berean, informazioa Erriberriko Udalari igorri zitzaion, epe berean jendaurrean jar zezan bere ediktuen taulan.
Ez zen alegaziorik jaso.
Horrekin batera, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluetan ezarritakoa aplikatuz, proiektuaren separatak bidali zitzaien erakunde hauei, eta taulan adierazten diren txostenak jaso ziren:
ERAKUNDEA | TXOSTENA | DATA |
Erriberriko Udala | X | 2026-02-23 |
Parque Eólico de Navarra SL | ||
Bodegas Pagos de Araiz SA |
2026ko urtarrilaren 29an, Ingu.rumen Ebaluazioarako Atalari eskatu zitzaion egiazta zezan ea indarrean jarraitzen zuen Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak abenduaren 9ko 1426E/2025 Ebazpenaren bidez aditzera eman zuen Ingurumen Inpaktuaren Txostena.
Ingurumen Ebaluazioarako Atalean kontsulta eginda (ea BESS EUNATE biltegiratze proiektua aldatzeko proposamena abenduaren 9ko 1426E/2025 Ebazpenaren babespean dagoen), Atal horrek, 2026ko otsailaren 27an jasotako txostenean, hau adierazi du: «Dokumentazioa aztertuta, ingurumenaren ikuspuntutik, Ingurumen Ebaluaziorako Atalaren iritziz, BESS EUNATE instalazioa egiteko aurkeztutako proiektuan (2026/01/15ekoan) egindako aldaketek ez dute eragiten ingurumen ondorio nabarmenik, txostena dagoeneko jaso duen proiektuak eragindakoez gain. Hori dela eta, aldatutako proiektua lehenago aipatutako ebazpenaren babestean dagoela jotzen da».
Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren maiatzaren 19ko 242E/2026 Ebazpenaren bidez, proiekturako lurzoru urbanizaezineko jarduerak eta erabilerak baimendu ziren, eta hirigintza-ebazpenean bertan jasotako determinazioak bete beharko direla adierazi zen.
Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatutakoa betez, Soner Cervantes SLUren gaitasun legala, teknikoa eta ekonomikoa egiaztatu da.
Era berean, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluak ezartzen duenarekin bat, Soner Cervantes SLUk garraio sarearen kudeatzailearen baimena du sarbidea eta konexioa egiteko proiektuan jasotzen den puntuan.
Espedientean jasota dago ebakuazio azpiegiturak partekatzeko akordioa, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 123.2 artikuluak xedatutakoari jarraikiz, errege dekretu horren bidez arautzen baitira energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak.
Horregatik guztiagatik, aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatutakoa aintzat hartuta, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatu du prozedura era egokian egin dela, eta proposatu du aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematea Soner Cervantes SLUri, arestian aipatutako instalazio horretarako.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena ematea Soner Cervantes SLUri, energia elektrikoa biltegiratzeko "BESS EUNATE" izeneko instalazioa eta bateriak jartzeko, baita haren transformazio eta ebakuazio azpiegiturak Erriberriko udal-mugartean egiteko. Horretarako, aurkeztutako proiektua onetsi da, eta hogeita hamasei hilabeteko epea ematen da obrak gauzatzeko.
2. Instalazioak onetsitako proiektuari jarraikiz gauzatu beharko dira, eta bat etorri beharko dute honako hauetan xedatutakoarekin: Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretua eta haren jarraibide tekniko osagarriak JTO-GTE 01etik 23ra; Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretua eta haren jarraibide tekniko osagarriak JTO-GTL 01etik 09ra; eta Behe tentsioko erregelamendu elektroteknikoa onesten duen abuztuaren 2ko 842/2002 Errege Dekretua.
3. Behin proiektua gauzatuta, eskatzaileak probetarako behin-behineko ustiapenerako baimena eskatu beharko du. Eskaera horri erantsiko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaerako ziurtagiria, teknikari eskudun batek sinatua.
4. Baimen hau emanda ere, eskatzaileak lortu beharko ditu instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, bat etorrita aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin.
5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzura, Ondare Historikoaren Zerbitzura, Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzura, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura, Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atalera eta Ingurumen Ebaluaziorako Atalera.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
7. Ebazpen hau jakinaraztea Soner Cervantes SLUri, Parque Eólico Navarra, SLri, Bodegas Pagos de Araiz SAri eta Red Eléctrica de España SAUri, eta ohartaraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea azkentzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal dela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espediente kodea adierazi beharko da.
8. Ebazpen hau Erriberriko Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari jakinaraztea, eta ohartaraztea ezen haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2026ko uztailaren 17an.–Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.
I. ERANSKINA.–JASOTAKO ALEGAZIOAK
Jarraian, lehenengo jendaurreko izapidean jasotako alegazioak laburtu eta aztertuko ditugu.
1. alegazioa. Parque Eólico de Navarra SL.
2025eko irailaren 11n jasotako alegazioan, Parque Eólico de Navarra SLk hau eskatu zion sustatzaileari:
1. "Azal dezan biltegiratzeko instalazioaren eta «SET Olite Promotores» azpiestazioaren arteko interkonexioa. Horri dagokionez, esanbidez jasota utzi behar da «30/132/220 kV BESS EUNATE» izeneko azpiestazioak, sekzionamendu zentrotik ateratzen den konexio gune gisa aipatutakoak, ez duela zerikusirik «SET Olite Promotores» azpiestazioaren hedapenarekin.
2. Bermatu behar da BESS EUNATE instalazioko 30/132/220 kV potentzia transformadorea «SET Olite Promotores» instalazioaren esparrutik kanpo kokatuta dagoela, eremu komunak hartzen eta hirugarrenen azpiegiturak ukitzen ez dituela ziurtatzeko.
3. Teknikoki justifikatu behar dira ezinbesteko segurtasun distantziak, lehendik dauden instalazioen segurtasuna, maniobragarritasuna eta mantentzea bermatzeko».
Erantzuna:
1. Sustatzaileak azaldu du «30/132/220 kV BESS EUNATE» izeneko azpiestazioa «SET Olite Promotores» azpiestazioa dela. Beraz, BESS EUNATE azpiestazioko sekzionamendu zentroko irteeratik ateratzen den konexioa «SET Olite Promotores» azpiestazioaren hedapenaren bidez gauzatzen da.
2. Proposatutako konexioa goi-tentsioan eginen da (220 kV), «SET OLITE 30/132/220 kV» azpiestazioko barra multzo nagusira konektatzen den 30-220 kV-ko linea-transformadorearen posizio berriaren bidez (errekerimenduak «30/132/220 kV BESS EUNATE Azpiestazioa» deitzen dio). Beraz, teknikoki, horrelako ahalmena duten instalazioetan egin ohi den bezala jokatzen da.
3. Sustatzaileak alegazioei emandako erantzunean markatutako 1. irudian ikus daitekeenez, elektrizitate azpiegituretatik hedapenaren hesira arteko distantzia azpiegitura horien eta lehendik dagoen hesiaren arteko distantzia bezalakoa edo handiagoa da.
2026ko ekainaren 15ean, sustatzaileak ebakuazio azpiegiturak partekatzeko akordioa aurkeztu zuen.
2. alegazioa. Bodegas Pagos de Araiz SA.
2025eko irailaren 11ko alegazioaren bidez, Bodegas Pagos de Araiz SAk hau adierazi zuen:
1. «Jendaurrean jarritako proiektuan zehaztu denez, ebakuazio linearen eta energia elektrikoa baterien bidez biltegiratzeko "BESS EUNATE" instalazioa konektatzeko azpiegituren eraikuntzak ez du aintzat hartzen "Araiz" eguzki-instalazio fotovoltaikoaren ebakuazio azpiegiturak dagoeneko erabat eraikita daudela eta, beraz, oraingoan proiektatutakoen gainean jarrita daudela. Horrek, eskura dagoen informazioa ikusita, materialki galarazten du proiektua planteatutako moduan egikaritzea».
2. Era berean, proiektua bateraezintasun hori zuzentzeko asmoz berrikusten bada, azpimarratu behar da dagoeneko eraikita dauden eta funtzionatzen duten azpiegituretan egin beharreko edozein jarduketak nahitaez ekarriko duela ondorioz ekoizpena gelditzeko beharra, baita esku-hartze teknikoak eta konponketa elektrikoak ere, gure instalazioaren produkzioan inpaktu nabarmena izaten ahal duten bestelako jarduketez gain. Inpaktu hori ezin da kuantifikatu gaur egun eskura dagoen dokumentazioarekin.
3. Azkenik, esan beharra dago jendaurrean jarritako proiektuek inola ere ez dutela aipatzen Araizko Eguzki Instalazio Fotovoltaikoaren eta bere ebakuazio azpiegituren baimena, ezjakintasunagatik edo nahita. Horrek, nolanahi ere, proiektua gaur egun planteatzen den moduan egikaritzeko ezintasuna ekarriko du».
Erantzuna:
1. Sustatzaileak Bodegas Pagos de Araiz SArekin koordinatzeko asmoa adierazi nahi du eta ez du instalazioak gainjarrita eraikitzeko asmorik, baina ez dute hori egiaztatzen ahalko proiektuaren behin betiko onespena jaso arte eta beste erakunde batzuen errekerimenduen ondorioz sortzen ahal diren aldaketak egin arte.
2. Sustatzaileak dio Bodegas Pagos de Araiz SArekin akordioa lortzeko asmoa duela, besteak beste, aipatutako egoera horiek arautzeko, hala eskatzen baitu, gainera, 1955/2000 Errege Dekretuaren 123.2 artikuluak, hau dioena «(...) aldeentzat loteslea den hitzarmen bat egotea, ebakuazio azpiegituren erabilera partekatuari buruzkoa. Ondorio horietarako, dokumentu hori aurreko apartatuan aipatzen den eskaera egiteko unean edo aurretiazko administrazio baimena lortzeko prozeduraren zeinahi unetan aurkezten ahalko da». Gaur egun, Parque Eólico de Navarra SLUrekin elkarrizketak izaten ari dira akordioa lortzeko, eta gero, jakina, Bodegas Pagos de Araiz SArekin ere hitz eginen dute.
3. Sustatzaileak azpimarratu du inoiz ez duela nahita jardun Araizko Eguzki Instalazio Fotovoltaikoa kaltetzeko edo arriskuan jartzeko. Bere fede onaren erakusgarri da dagoeneko Bodegas Pagos de Araiz SArekin hitz egin duela, alegazio honen edukia ezagututa. Harremanetan jarraituko dute, BESS EUNATE instalazioa SET OLITE nodoan garatzeko lankidetzan eta koordinaturik aritzeko.
2026ko ekainaren 15ean, sustatzaileak ebakuazio azpiegiturak partekatzeko akordioa aurkeztu zuen.
II. ERANSKINA.–JASOTAKO TXOSTENAK
Jarraian, lehenengo kontsulta-aldian jasotako txostenen laburpena eta azterketa azalduko dira:
1. txostena. Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atala.
2025eko irailaren 12an jasotako txosten batean, Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak azaltzen du "ez dagoela ukipenik" atal horren eskumeneko gaietan.
Erantzuna: sustatzaileak adierazi du ados dagoela txostenarekin.
2. txostena. Red Eléctrica de España, SAU.
2025eko urriaren 1ean jasotako txostenaren bidez, Red Eléctrica de España SAUk dio «ez duela aurkakotasunik aurkezten, betetzen baitira 1955/2000 Errege Dekretuak eskatzen dituen distantziak (bere titulartasuneko instalazioetarainokoak)», eraikuntza bukatu eta gero egin beharreko egiaztapenak adierazita.
Gainera, Red Eléctrica de España SAUk eskatu dio sustatzaileari sarbidea eta konexioa egiteko baimena eguneratzeko eskaera bidal dezan, proposatutako ezartze berria kontuan hartzen duena, BESS EUNATE instalazioaren ezarpena ez baitator bat sarbidea eta konexioa egiteko baimena lortzeko GENT-35519-24 prozesuan jasotako informazioarekin.
Erantzuna: sustatzailea txostenarekin ados dagoela adierazi du eta ez du eragozpenik jartzen Red Eléctrica de España SAUk BESS EUNATE proiektuari buruz jakinarazitakoari. Espedientean jasota dago sarbidea eta konexioa egiteko baimenaren eguneratzea.
3. txostena. Erriberriko Udala (epez kanpo).
2025eko azaroaren 16an jasotako txostenaren bidez, Erriberriko Udalak proiekturen aldeko txostena eman zuen, «baldin eta bermatzen bada:
–Eraiki nahi den biltegiratze instalazioaren itxurak, teknikoki bideragarria izanez gero, lurzoru urbanizaezineko ohiko eraikuntzen tankerakoa izan beharko du.
Argitu beharra dago eraikin guztiak –instalazioaren parte izan edo ez– eraikintzat hartzen direla eta, beraz, udalaren hirigintzako araudiak lurzoru urbanizaezinean egiten diren eraikinetarako ezartzen dituen baldintzak bete behar dituztela.
–Sustatzaileak bermatu beharko du instalazioaren azken mugaketak 3 metroko zortasun eremua uzten duela hurbil dagoen «Traviesa 15» abelbidetik.
Erantzuna: sustatzaileak hau adierazi zuen, 2025eko azaroaren 20an:
–2025eko irailaren 3an, Soner Cervantesek Erriberriko Udalari txosten teknikoa bidali zion, eta horren bidez justifikatzen zuen lurzoru urbanizaezineko ohiko eraikuntzen tankerakoa izateko neurri gisa fatxada eta estalki bat eraikitzeko bideragarritasun teknikorik eza. Hala ere, Soner Cervantesek konpromisoa hartzen du instalazioari itxura hori emateko, besteak beste, edukiontziak inguruko paisaiaren koloreekin margotuko ditu, neurri gisa. Erriberriko Udalarekin koordinatuta jardunen du beti.
–Proiektu administratiboan, 14. orrialdean, «BESS EUNATE» proiektuari dagokion 1. irudian, ikus daiteke nola «BESS EUNATE» instalazioaren itxitura 10 metroko distantzian dagoela hurbileko «Traviesa 15» abelbidetik; beraz, errespetatzen du abelbide horren zortasun eremua.
4. txostena. Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzua (epez kanpo).
2025eko abenduaren 9an jasotako txostenean, Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuak hau adierazi du: «Aldeko txostena ematen da –baldintzak ezarrita– proiektu honi buruz: Soner Cervantes SLUk sustatutako BESS EUNATE proiektua, hau da, energia elektrikoa biltegiratzeko baterien instalazioa, 40 MW-ko potentzia instalatua eta 160 MWh-ko ahalmena dituena, eta hura sarera konektatzeko azpiegiturak Erriberriko (Nafarroa) 6. poligonoko 270. eta 271. lurzatietan eraikitzeko.
Proiektatutako instalazioak baso suteen arriskuari aurre egiteko autobabes plan bat eduki beharko du, baso-suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko INFONA Planaren 4. eranskinak ezartzen duenaren arabera.
Instalazioaren barnealdea, baita hesiaren eta lurzatiko mugaren arteko zerrenda ere, landaredi lehorrik eta material erregairik gabe egonen dira».
Erantzuna: sustatzaileak hau adierazi du:
–«BESS EUNATE» instalazioak baso suteen arriskuari aurre egiteko Autobabes Plana (PAIF) edukiko du, baso-suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko INFONA Planaren 4. eranskinean ezarritakoaren arabera.
–Instalazioaren barnealdea, baita hesiaren eta lurzatiko mugaren arteko zerrenda ere, landaredi lehorrik eta material erregairik gabe egonen dira».
Jarraian, bigarren kontsulta-aldian jasotako txostenen laburpena eta azterketa azalduko dira:
3bis txostena. Erriberriko Udala.
2026ko otsailaren 23an jasotako txostenaren bidez, Erriberriko Udalak proiekturen aldeko txostena eman zuen, «baldin eta bermatzen bada:
–Eraiki nahi den biltegiratze instalazioaren itxurak, teknikoki bideragarria izanez gero, lurzoru urbanizaezineko ohiko eraikuntzen tankerakoa izan beharko du.
Argitu beharra dago eraikin guztiak –instalazioaren parte izan edo ez– eraikintzat hartzen direla eta, beraz, udalaren hirigintzako araudiak lurzoru urbanizaezinean egiten diren eraikinetarako ezartzen dituen baldintzak bete behar dituztela.
–Sustatzaileak bermatu beharko du instalazioaren azken mugaketak 3 metroko zortasun eremua uzten duela hurbil dagoen «Traviesa 15» abelbidetik.
Erantzuna: sustatzaileak txostenarekin ados dagoela adierazi du eta ez dio eragozpenik jartzen Erriberriko Udalak txostenean «BESS EUNATE» proiektuari buruz adierazi duenari.
Iragarkiaren kodea: F2610001
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
