154. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

204/2026 EBAZPENA, uztailaren 21ekoa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, funtzionarioek bete ditzaketen Nafarroako toki entitateetako idazkari plazen behin betiko zerrenda ezartzen duena, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 248.3 artikuluan ezarritako ondorioetarako, 247. artikuluko 2. eta 3. apartatuei jarraituz.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 247. artikuluan ezarritakoaren arabera, gaikuntza duten funtzionarioentzat erreserbatutako lanpostuak, oro har, merezimendu lehiaketa bidez beteko dira, salbu eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen hamaseigarren xedapen gehigarrian Iruñeko udalerriarentzat ezarritako kasuetan. Lehiaketa horien deialdia egitea Nafarroako Gobernuan Toki Administrazioaren arloko eskumena duen departamentuari dagokio.

Lehiaketa horien deialdia hiru urtean behin eginen da, gutxienez.

Ondorio horietarako, lege horren 248. artikuluan xedatuta dago toki administrazioaren arloan eskumena duen departamentuak jarduketa hauek eginen dituela foru gaikuntza duten funtzionarioentzat erreserbatutako lanpostuak betetzeko lehiaketen deialdia egin baino hiru hilabete lehenago, gutxienez:

a) Toki entitateei jakinaraziko die zeintzuk diren plaza huts gisa edo hutsik gelditzeko moduko plaza gisa jotzen diren idazkari eta kontu-hartzaile plazak.

b) Ohiturazko elkarteei eta Iruñeko Udalari erabakia eskatuko die beren idazkari eta kontu-hartzaile plazak lanpostu-betetze sistema arruntean sartzeari buruz.

c) Informazioa bilduko du a) letran aipatzen diren toki entitate guztietatik, jakiteko zeintzuk diren desgaitasuna duten pertsonentzako txandaren bidez betetzeko erreserbatu diren plazak, aplikagarria den araudiaren arabera.

d) Toki entitateei informazioa eskatuko die funtzionarioek bete ditzaketen plazen hizkuntza-eskakizunari buruz.

Artikulu horretako bigarren paragrafoan xedatuta dago ezen, deskribatutako jarduketak bukatzen direnetik bi hilabeteko epean, toki entitateek departamentu horretara joko dutela, honako hauetarako:

a) Konfirmatzea bete beharreko zer plaza dauden erreserbatuta desgaitasuna dutenentzat, halakorik baldin badago.

b) Idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuen hizkuntza-eskakizuna zehaztea. Ulertuko da ezen, ezarritako epean jakinarazten ez badute, euskaraz jakitea ez dela nahitaezkoa, eta Foru Komunitateko Administraziorako araudi espezifikoak ezartzen duenarekin bat baloratuko da.

Azkenik, hirugarren apartatuak dioenez, aurreko puntuan ezarritako epea bukatuta eta toki entitateek eginiko komunikazioak aztertuta, toki administrazioaren arloan eskumena duen departamentuak, lanpostuak betetzeko lehiaketa horien deialdia egin baino lehen, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko du 247. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritakoari jarraikiz funtzionarioek bete ditzaketen idazkari eta kontu-hartzaile plazen zerrenda eta, hala badagokio, zehaztuko ditu desgaitasuna duten pertsonentzako txandarako erreserbak eta kasuko hizkuntza-eskakizunaren nondik norakoak.

Horregatik, eta nahitaez bete beharreko araudia bete beharrez, zuzendaritza nagusi hau, 2026ko otsailaren 9an, plaza huts gisa edo hutsik gelditzeko moduko plaza gisa jotzen diren idazkari eta kontu-hartzaile plazak dituzten toki entitateei zuzendu zitzaien, eta araudian eskatutako informazioa eskatu zien. Orobat, ukitutako ohiturazko elkarteei eta Iruñeko Udalari eskatu zien erabaki bat har zezatela beren idazkari eta kontu-hartzaile plazak lanpostu-betetze sistema arruntean sartzeari buruz.

Halaber, ofizioak bidali zitzaizkien gainerako toki entitate guztiei, non gaitutako funtzionarioak ari baitira idazkari plazak betetzen, titular gisa eta jarduneko zerbitzuan, adieraz zezaten ea aurreikusten duten aldaketaren bat gertatzea egoera horretan eta aldaketa horrek eragin dezakeen plaza hutsik geratzea.

Aurreko paragrafoan adierazitako jarduketak bukatu zirenetik bi hilabeteko epea igarota, eta toki entitateek egindako jakinarazpenak aztertuta, 247. artikuluaren 2. eta 3. apartatuekin bat etorriz, funtzionarioek bete ditzaketen Nafarroako toki entitateetako idazkari plazen hasierako zerrenda onetsi zen Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 25eko 157/2026 Ebazpenaren bidez (2026ko 114. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 12koa).

Ebazpen hori toki entitate interesdunei jakinarazi zitzaien, eta hamabost egun balioduneko epea eman zitzaien entzunaldi-tramiterako, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Epe horretan ez da inolako jakinarazpenik jaso.

Hala ere, jasota utzi behar da zuzendaritza honek jakin duela Kasedako eta Galipentzuko Administrazio Zerbitzuen Elkarteko idazkari plaza hutsik gelditu dela titularrak uko egin diolako. Beraz, behin betiko zerrendan sartu behar da, toki entitateak adierazi dituen plazaren ezaugarriak eta guzti.

Bestalde, Iruñeko Udalak eta Erronkaribarko Mankomunitateak erabaki dute beren idazkari plaza hutsak ez sartzea lanpostuak betetzeko sistema arruntean.

Horregatik guztiagatik, eskuordetu dizkidaten ahalmenak erabiliz, zeinak eman baitzaizkit Lurralde Kohesiorako kontseilariaren uztailaren 1eko 35/2020 Foru Aginduaren bidez (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen bidez eskuordetutako zenbait eskumenen erabilera Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren esku uzten duena), eta, orobat, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren bidez,

EBAZTEN DUT:

1. Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 247. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritakoari jarraikiz funtzionarioek bete ditzaketen Nafarroako toki entitateetako idazkari plazen behin betiko zerrenda onestea, lege horren 248.3 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea. Argitalpen horrek jakinarazpen ondorioak izanen ditu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan xedatutakoarekin bat.

3. Ebazpen honen aurka espedientean interesdun direnek (administrazio publikoak izan ezik) gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita; alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2026ko uztailaren 21ean.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús M.ª Rodríguez Gómez.

ERANSKINA.–IDAZKARI PLAZEN ZERRENDA

TOKI ENTITATEA

LANALDIA

HIZKUNTZA-ESKAKIZUNA

(EUSKARA)

Artzibarko, Orotz-Beteluko eta Longidako udalen batasuna

%100

C1

Beintza-Labaiengo, Donamariako, Oizko eta Urrozko udalen batasuna

%100

C1

Urdiaingo eta Ziordiko udalen batasuna

%100

C1

Beriaingo Udala

%100

Gazteluberriko Udala

%29

Lizarrako Udala

%100

Esteribarko Udala

%100

C1

Larragako Udala

%100

Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitatea

%100

C1

Zangozerriko Mankomunitatea

%100

Iruñerriko Mankomunitatea

%100

Erriberako Mankomunitatea

%100

Sakanako Mankomunitatea

%100

C1

Kasedako eta Galipentzuko udalen batasuna

%100

(*) Ez dago desgaitasuna dutenentzat erreserbatutako plazarik.

Iragarkiaren kodea: F2610229