Iragarkia
154. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 7a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
133E/2026 EBAZPENA, uztailaren 22koa, Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak emana, deialdi honen oinarri arautzaileen aldaketa onesten duena: deialdia, dirulaguntzak emateko Atzerritarren gaietako Laguntzaileen Erregistro Elektronikoan inskribatutako sindikatuei eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei, 2026. urtean, erregularizazio administratiborako eskaera egiten ari diren atzerritarrei arreta eman diezaieten, apirilaren 14ko 316/2026 Errege Dekretuan jasotako aparteko erregularizaziorako prozesuaren barnean, errege dekretu horrek azaroaren 19ko 1155/2024 Errege Dekretua aldatzen baitu, Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta atzerritar horiek gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoaren Erregelamendua onesten duena. Deialdia onetsi zen Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak ekainaren 1ean emandako 91E/2026 Ebazpenaren bidez. DDBN kodea: 909663.
Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak ekainaren 1ean emandako 91E/2026 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen dirulaguntzak emateko Atzerritarren gaietako Laguntzaileen Erregistro Elektronikoan inskribatutako sindikatuei eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei, 2026. urtean, erregularizazio administratiborako eskaera egiten ari diren atzerritarrei arreta eman diezaieten, apirilaren 14ko 316/2026 Errege Dekretuan jasotako aparteko erregularizaziorako prozesuaren barnean, errege dekretu horrek azaroaren 19ko 1155/2024 Errege Dekretua aldatzen baitu, Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta atzerritar horiek gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoaren Erregelamendua onesten duena.
Dirulaguntza hauen helburua da aparteko erregularizaziorako prozesua babestea, Nafarroan bizi diren migratzaileak gizarteratzen laguntzeko aukera delako, aintzat harturik irregulartasun administratiboa faktore erabakigarria dela pertsonen gizarteratzea oztopatzen duten gizarte bazterketako egoera larrietan.
Ebazpen horren I. eranskinean deialdiaren oinarriak arautzen dira. Ikusirik beharrezkoa dela dirulaguntzen deialdiko 5. ,7. eta 8. oinarriak partzialki aldatzea, hobeki egokitzeko deialdiaren helburuetara, hots, Atzerritarren gaietako Laguntzaileen Erregistro Elektronikoan inskribatutako sindikatuei eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei laguntzeko, Nafarroan bizi diren eta administrazio-egoera irregularrean dauden migratzaileentzako aparteko erregularizaziorako prozesuaren baitan. Hala, oinarriak egokitzen dira, entitateek benetan egindako lanaren ondoriozko jarduketei babes eraginkorragoa emateko. Horretarako, berrikusi dira dirulaguntzaren xede diren jarduerak, diruz laguntzen ahal diren gastuak eta egindako jarduerak justifikatzeko modua.
Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzuaren proposamen txostena jaso da espedientean, baita txosten juridikoa eta kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ere.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 241/2023 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak ekainaren 1ean emandako 91E/2026 Ebazpenaren I. eranskina aldatzea. Ebazpen horren bidez deialdi bat onesten da dirulaguntzak emateko Atzerritarren gaietako Laguntzaileen Erregistro Elektronikoan inskribatutako sindikatuei eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei, 2026. urtean, erregularizazio administratiborako eskaera egiten ari diren atzerritarrei arreta eman diezaieten, apirilaren 14ko 316/2026 Errege Dekretuan jasotako aparteko erregularizaziorako prozesuaren barnean, errege dekretu horrek azaroaren 19ko 1155/2024 Errege Dekretua aldatzen baitu, Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta atzerritar horiek gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoaren Erregelamendua onesten duena.
A) 5.3 oinarria ezabatzea ("Ez dute dirulaguntzarik jasoko eskatzen den eguneko gutxieneko arreta kopurua 8. oinarrian ezarritako baldintzen arabera frogatzen ez duten entitateek") .
B) 7.2 oinarria aldatzea, eta d) atal berria gehitzea. Hau izanen da haren testua:
"d) Langileen bidaia-gastuak, zuzenean beharrezkoak badira diruz lagundutako jarduerak egiteko. Halakotzat hartuko dira Nafarroako herrietara arreta emateko egiten diren bidaiak".
C) 7.2 oinarria aldatzea; zehazki, azken paragrafoa aldatzen da, honela:
"a), b) eta d) ataletan jasotako gastuen baturarako 1.000 euroko muga ezarri da. Aurreko c) atalean jasotako gastuetarako 11.000 euroko muga ezarri da diruz laguntzen ahal den aldi osorako. Pertsonal-gastuetarako dirulaguntzaren gehieneko gastua orduko 35 eurokoa izanen da langile bakoitzeko, eta jarduketa bakoitzeko ordu kopuru hauek zenbatuko dira:
a) Informazioa, orientazioa eta aholkularitza emateko jarduketak: 2 ordu. Pertsona eta/edo familia-unitateekin edo talde batekin informazio-saioak egiten badira, informazio-jarduketa bakar bat baloratuko da gehienez.
b) Zaurgarritasun egoera egiaztatzea, berariazko eredua erabiliz (zaurgarritasun eredua): 2 ordu txosten bakoitzeko.
c) Eskaeren agiriak telematikoki berrikustea eta aurkeztea Mercurio plataformaren bidez: 4 ordu eskaera bakoitzeko".
D) 8.3.A.c) oinarritik epigrafe hau ezabatzea: "Horretarako, entitateek gutxieneko jarduera maila bat frogatu behar dute, hots, lanaldi osoko profesional bakoitzak eguneko 8 jarduketa egiten dituela batez beste, 5.1 oinarriko b) eta/edo c) ataletako jarduketei dagozkienak. Batezbesteko hori kalkulatzeko, lanaldi osoko 5 laneguneko aste bat hartuko da oinarri".
E) 8.3.A.c) oinarriaren edukia aldatzea. Hau izanen da haren testua:
"d) Onuraduna behartuta dago laguntzaren organo kudeatzaileak eskatzen dion edozein agiri aurkeztera, beharrezkotzat jotzen bada jarduketen finantzaketa justifikatzeko. Horretarako, laguntzaren organo kudeatzaileak edonoiz eskatzen ahalko du aurkez daitezela, besteak beste, erregularizazio prozesuaren baitan informazioa eta aholkularitza jaso duten pertsonen edo familia-unitateen zerrenda, zaurgarritasun egoera egiaztatzen duten txostenak edo Mercurio plataformaren bidez aurkeztutako eskaera telematikoen aurkezpen-egiaztagiriak".
2. Ebazpen hau eta aldatutako I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluari jarraikiz.
4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzura, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalera eta Idazkaritza Tekniko Nagusira; Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren Kontu-hartzailetza Delegatura; eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN).
Iruñean, 2026ko uztailaren 22an.–Migrazio Politiketako zuzendari nagusia, Eva Gurria Marco.
I. ERANSKINA.–ATZERRITARREN GAIETAKO LAGUNTZAILEEN ERREGISTRO ELEKTRONIKOAN INSKRIBATUTAKO SINDIKATUEI ETA IRABAZI-ASMORIK GABEKO ERAKUNDEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA, ERREGULARIZAZIO ADMINISTRATIBORAKO ESKAERA EGITEN ARI DIREN ATZERRITARREI ARRETA EMAN DIEZAIETEN, APIRILAREN 14KO 316/2026 ERREGE DEKRETUAN JASOTAKO APARTEKO ERREGULARIZAZIO PROZESUAREN BARNEAN, ERREGE DEKRETU HORREK AZAROAREN 19KO 1155/2024 ERREGE DEKRETUA ALDATZEN BAITU, ATZERRITARREK ESPAINIAN DITUZTEN ESKUBIDE ETA ASKATASUNEI ETA ATZERRITAR HORIEK GIZARTERATZEARI BURUZKO URTARRILAREN 11KO 4/2000 LEGE ORGANIKOAREN ERREGELAMENDUA ONESTEN DUENA. OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea eta helburua.
1.1. Oinarri hauen xedea da arautzea nola emanen zaizkien dirulaguntzak martxoaren 2ko ISM/164/2026 Aginduak arautzen duen Atzerritarren gaietako Laguntzaileen Erregistro Elektronikoan inskribatutako sindikatuei eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei, erregularizazio administratiborako eskaera egiten ari diren atzerritarrei arreta eman diezaieten, apirilaren 14ko 316/2026 Errege Dekretuan jasotako aparteko erregularizazio prozesuaren barnean, errege dekretu horrek azaroaren 19ko 1155/2024 Errege Dekretua aldatzen baitu, Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta atzerritar horiek gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoaren Erregelamendua onesten duena.
1.2. Dirulaguntza hauen helburua entitate laguntzaileak babestea da, errazten ari direnak Nafarroan bizi diren eta egoera administratibo irregularrean diren migratzaileen aparteko erregularizaziorako prozesua.
2. oinarria.–Laguntza emateko prozedura.
Deialdi honetako laguntzak banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz emanen dira, hau da, espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Deialdirako erabilgarri dagoen aurrekontuko dirua agortzen denean, eskaerak ezetsi eginen dira.
3. oinarria.–Entitate onuradunak.
3.1. Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak jaso ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dira:
a) Atzerritarren gaietako Laguntzaileen Erregistro Elektronikoan inskribatuta egotea, martxoaren 2ko ISM/164/2026 Aginduaren arabera.
b) Egoitza soziala Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean izatea edo ordezkaritza iraunkor bat izatea lurralde honetan. Azken kasu horretan, gutxienez 2 urteko antzinatasuna izan behar dute Nafarroako Foru Komunitatean, eta behar adinako egitura eta antolaketa izan behar dute, gauza izan daitezen erabakiak hartzeko eta deialdi honetan aurkeztutako ekintzak autonomiaz kudeatzeko.
c) Bere izaera juridikoarekin bat etorriz legez eratutako pertsona juridikoa izatea, eta erregelamenduz dagokion erregistroan inskribatuta egotea. Era berean, pertsona juridiko pribatuen taldeak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan xedatutakoarekin bat.
d) Irabazi-asmorik ez izatea.
e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan xedatutakoa betetzea.
f) Ez egotea zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez egotea zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuagatiko edo generoagatiko diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.
3.2. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diruz laguntzen den jarduerak irauten duen bitartean bete beharko dira, justifikazio epea bukatu arte.
4. oinarria.–Aurrekontu egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
4.1. Deialdi honen dirulaguntzak finantzatzeko zenbatekoa, gehienez ere, 150.000 eurokoa da.
Oinarri arautzaile hauetan jasotako laguntzak 2026ko gastuen aurrekontuko partida honen kargura ordainduko dira: 350001 35100 4819 231916 "Aparteko erregularizaziorako prozesuan laguntzen duten entitateentzako dirulaguntzak".
4.2. Entitate onuradun bakoitzari 12.000 euroko dirulaguntza emanen zaio gehienez.
4.3. Laguntzen zenbatekoa, oro har, bat etorriko da onartutako aurrekontu osoaren %100arekin.
Onartutako aurrekontua kalkulatzeko, aurkeztutako aurrekontuari honako diru kopuru hauek kenduko zaizkio: batetik, BEZa edo bestelako tributu batzuk, pertsona edo entitate eskatzaileentzat berreskuratzeko modukoak badira, eta, bestetik, Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzuaren ustez, proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren edo deialdian aurreikusitako xedeari eta mugei egokitzen ez zaizkien diru kopuruak.
5. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.
5.1. Entitateei dirulaguntza ematen ahalko zaie aipatutako aparteko erregularizazioa baliatu nahi duten atzerritarrei, egoera administratibo irregularrean direnei, berariaz arreta emateko egiten duten lanagatik; zehazki, jarduketa hauengatik:
a) Informazioa, orientazioa eta aholkularitza apirilaren 14ko 316/2026 Errege Dekretuan aurreikusitako aparteko erregularizaziorako prozesuari buruz.
b) Zaurgarritasun egoera egiaztatzea, Inklusioko, Gizarte Segurantzako eta Migrazioetako Ministerioak emandako berariazko eredua erabiliz.
c) Agiriak berrikustea eta eskaerak telematikoki aurkeztea, Estatuko Administrazio Orokorraren Mercurio plataformaren bitartez.
5.2. Ez dute dirulaguntza jasotzeko eskubiderik izanen a) ataleko jarduketak soilik egiten badituzte. Onuradunak izan ahal izateko, entitateek b) eta/edo c) ataletako jarduketak egin behar dituzte, gutxienez ere; eta, kasua bada, a) atalekoak ere sartzen ahalko dira.
6. oinarria.–Gauzatzeko epea.
Dirulaguntzaren xedeko jarduketak 2026ko apirilaren 16tik ekainaren 30era bitarte gauzatu beharko dira, bi egun horiek barne. Ondorio horietarako, gauzatutzat joko dira epe horretan sortu badira, eta 2026ko abuztuaren 31 baino lehenago ordaindu.
7. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.
7.1. Gastu diruz lagungarritzat joko dira dirulaguntzaren xede den jardueraren izaerarekin zalantzarik gabe bat datozenak, baldin eta oinarri hauetan ezarritako epean egiten badira, eta inoiz ez entitateak Atzerritarren gaietako Laguntzaileen Erregistro Elektronikoan inskribatu aurretik, martxoaren 2ko ISM/164/2026 Aginduaren arabera. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.
7.2. Gastu diruz lagungarriak:
a) Higiezinen alokairuak eta horiek erabiltzearen ondoriozko gastu arruntak, higiezin horietan egiten diren jarduera guztien artean diruz lagundutako jarduera egiten den proportzioan.
b) Jarduera egiteko zuzenean behar diren bulegoko materialak eta hornidurak.
c) Langileria gastuak, entitateek aipatutako aparteko erregularizazioa baliatu nahi duten atzerritarrei berariaz arreta emateko egiten dituzten jardueren ondoriozkoak.
Langileria gastuetan, entitate onuradunak jarduketak gauzatzeko izendatutako langileen gastuak sartzen ahalko dira, hots, arreta emateko ardura duten langileen soldatak, entitatearen kargura diren gizarte aseguruak eta beste lan karga batzuk.
Entitateko langileek beste jarduera batzuk ere egiten badituzte dirulaguntzaren xedeko jarduerako eginkizun eta zereginez gain, langile horiek egiten dituzten jarduketa guztietatik dirulaguntzarekin loturikoei dagokien zati proportzionala soilik egozten ahalko da zuzeneko kostutzat.
d) Langileen bidaia-gastuak, zuzenean beharrezkoak badira diruz lagundutako jarduerak egiteko. Halakotzat hartuko dira Nafarroako herrietara arreta emateko egiten diren bidaiak.
Aurreko a), b) eta d) ataletan jasotako gastuen baturarako 1.000 euroko muga ezarri da. Aurreko c) atalean jasotako gastuetarako 11.000 euroko muga ezarri da diruz laguntzen ahal den aldi osorako. Pertsonal-gastuetarako dirulaguntzaren gehieneko gastua orduko eta langile bakoitzeko 35 eurokoa izanen da, eta jarduketa bakoitzeko honako ordu hauek zenbatuko dira:
a) Informazioa, orientazioa eta aholkularitza emateko jarduketak: 2 ordu. Pertsona eta/edo familia-unitateekin edo talde batekin informazio-saioak egiten badira, informazio-jarduketa bakar bat baloratuko da gehienez.
b) Zaurgarritasun egoera egiaztatzea, berariazko eredua erabiliz (zaurgarritasun eredua): 2 ordu txosten bakoitzeko.
c) Eskaeren agiriak telematikoki berrikustea eta aurkeztea Mercurio plataformaren bidez: 4 ordu eskaera bakoitzeko.
7.3. Inola ere ez dira diruz lagunduko proiektua garatzeko beharrezkoak ez diren jarduerak edo deialdi honen xede ez direnak.
Era berean, ez dira diruz lagunduko:
a) Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa) edo zeharkako beste edozein zerga, berreskuratzen edo konpentsatzen ahal badira.
b) Ondasun inbentariagarriak eskuratu, birgaitu eta hobetzea.
c) Ibilgetu materialean eta ibilgetu ukiezinean egindako inbertsioak, ez eta aplikazio informatikoen erosketa ere.
d) Amortizazioak.
e) Interesak, errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak.
f) Zenbatekoa modu fidagarrian zehaztuta ez duten gastu-kontzeptuak.
7.4. Edonola ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.
8. oinarria.–Eskaerak eta agiriak aurkezteko epea eta modua.
8.1. Eskaerak 2026ko irailaren 1etik 2026ko irailaren 15era arte aurkezten ahalko dira. Hala ere, lehenago agortzen bada 4.1 oinarrian aurreikusitako aurrekontuko kreditua, aditzera emanen da Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko tramiteen katalogoko deialdiaren fitxan, ez da eskaera gehiago onartuko eta ebatzi gabe gelditzen direnak ezetsi eginen dira aurrekontuko baliabide faltagatik.
8.2. Eskaerak aurkezteko modua.
Eskaerak eta aurkeztu beharreko dokumentu guztiak, nahitaez, telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/subvencion-a-entidades-colaboradoras-de-extranjeria-que-faciliten-la-regularizacion-extraordinaria-de-migrantes, aurrerantzean, laguntzaren fitxa.
Horretarako, nahitaez eduki behar da ziurtagiri digitala.
Entitate bakoitzak eskaera bakarra aurkezten ahalko du. Eskaera Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaio.
8.3. Aurkeztu beharreko agiriak:
A.–Jarduketa diruz lagungarriei buruzko agiriak.
a) Eskaera eta justifikazio agiriak telematika bidez aurkeztuko dira beti, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian, tramiteen katalogoko deialdiaren fitxaren bidez, fitxa horretan eskuragarri dauden formularioekin bat etorrita.
b) Entitate onuradunek jarduerak gauzatu izanaren eta horiekin lotutako gastuen justifikazioa aurkeztuko dute, oinarri hauetan adierazitakoaren arabera.
c) Justifikazio horrek justifikazio kontuaren tankera izanen du, eta agiri hauek osatuko dute:
–Egindako jarduketen gaineko txosten teknikoa, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko tramiteen katalogoan argitaratutako deialdiaren fitxaren ezarritako ereduaren araberakoa.
–Justifikazioko txosten ekonomikoa, deialdiaren fitxan ezarritako ereduaren araberakoa, ordaindutako gastu guztien zerrenda ordenatu, zenbakitu eta zehatza jasoko duena.
–Jarduketak gauzatzeko egindako gastuen eta ordainketen ziurtagiriak, zeinak digitalki aurkeztu beharko baitira.
2026ko apirilaren 16tik aurrera jaulkitako ordainagiriak eta fakturak baino ez dira onartuko gastuen frogagiri gisa. Agiri horietan honako hauek jaso beharko dira: agiri-zenbakia, jaulkipen data eta ordainketaren data efektiboa, jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, kontzeptua, zenbatekoa eta ordaintzeko formula, bat etorriz fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoarekin. Kanpoan geratzen dira berariaz albaranak, aurrekontuak eta hartze-agiriak. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.
–Hiruhilekoko 715 eredua (zenbait enpresa eta lanbide jardueraren lan atxikipenak, eta sarien atxikipenak).
–Entitateko arduradunak sinatutako ziurtagiria, egiaztatzen duena nola egotzi zaizkien langileen lanaldiak finantzatutako jarduketei eta horiei zegokien langileria gastua benetan xede horretarako erabili dela.
–Hileko nominen zerrenda, langileei eta Gizarte Segurantzari egindako ordainketen egiaztagiriekin batera, hori guztia dirulaguntzaren bidez finantzaturiko langileei dagokienez.
–Gizarte Segurantzako kotizazioen likidazioaren zerrenda eta transferentzia bidezko ordainketaren ziurtagiria, dirulaguntzaren bidez finantzatutako langileei dagokiena.
d) Onuraduna behartuta dago laguntzaren organo kudeatzaileak eskatzen dion edozein agiri aurkeztera, beharrezkotzat jotzen bada jarduketen finantzaketa justifikatzeko. Horretarako, organo kudeatzaileak edonoiz eskatzen ahalko du aurkez daitezela, besteak beste, erregularizazio prozesuaren baitan informazioa eta aholkularitza jaso duten pertsonen edo familia-unitateen zerrenda, zaurgarritasun egoera egiaztatzen duten txostenak edo Mercurio plataformaren bidez aurkeztutako eskaera telematikoen aurkezpen-egiaztagiriak.
e) Baldin eta, dirulaguntzaz gain, funts berekiak edo bestelako dirulaguntza nahiz baliabideak erabiltzen badira jarduerak finantzatzeko, egiaztatu beharko dira halako funtsen zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueretan izan duten aplikazioa.
B.–Entitate eskatzaileari buruzko agiriak:
8.2 oinarrian adierazitako moduan aurkeztu behar da honako dokumentazio hau, eskaneatuta eta behar bezala identifikatutako dokumentu bereizietan:
a) Atzerritarren gaietako Laguntzaileen Erregistro Elektronikoko inskripzioaren ebazpena.
b) Entitateak ordezkaritza lanetan aritzeko gaitutako eta kontratatutako pertsonei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, II. eranskineko ereduaren araberakoa. Bertan, pertsona horien identifikazio datuak (izen-deiturak eta NANa/AIZa) eta lanbide profila jasoko dira.
c) Entitatearen estatutuak.
d) Entitatea erregelamenduz dagokion erregistroan inskribaturik dagoela frogatzen duen ziurtagiria edo bestelako frogagiri bat. Entitateak egoitza soziala Nafarroatik kanpora baldin badu, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean ordezkaritza bat ireki dela dioen ziurtagiria. Aipamen horren ordez beste erregistro administratibo batek emandako ziurtagiri osagarria aurkezten ahalko da, ordezkaritza hori badela egiaztatzen duena, edo notarioaren agiria, fundazioen kasuan. Bata zein bestea aurkeztu, ziurtagiriak urtebete baino gutxiagoko antzinatasuna izan beharko du, deialdi hau argitaratzen den egunean.
e) Identifikazio fiskaleko txartela.
f) Onuradun izateko baldintzak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, III. eranskineko ereduaren araberakoa.
g) Sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazio ezari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, IV. eranskineko ereduaren araberakoa.
h) Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emandako ziurtagiria, aurkeztu baino hilabete lehenagokoa gehienez ere, frogatzen duena egunean dituela Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko, baldin eta baimena ematen bada Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuak egiaztapen hori zuzenean egiteko Ekonomia eta Ogasun Departamentuan (V. eranskina).
i) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak egindako ziurtagiria, gehienez ere aurkeztu baino hiru hilabete lehenago egina, frogatzen duena Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean daudela. Eskatzaileak ziurtagiri hori aurkeztu beharko du baldintza hori frogatzen duten datuak kontsultatzearen aurka agertzen bada, arrazoituta, V. eranskineko ereduaren arabera. Aldiz, eskatzaileak ez du dokumentazio hori aurkeztu beharko Gizarte Segurantzako datuak kontsultatzearen aurka agertzen ez bada, V. eranskinaren arabera.
j) Beste dirulaguntza batzuk eskatu eta/edo jaso izanari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, VI. eranskineko ereduaren araberakoa.
k) Gardentasun betebeharrak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, VII. eranskineko ereduaren araberakoa, eta, hala badagokio, horri lotutako informazioa.
l) Kasua bada, BEZaren aitorpenak egitetik salbuetsita dagoela edo zergaren menpe ez dagoela frogatzen duen ziurtagiria, Nafarroako Zerga Ogasunak edo Espainiako Zerga Administrazioko Estatu Agentziak gehienez ere hiru hilabete lehenago egina.
m) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko dirulaguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada; Nafarroako Gobernuaren webguneko Diruzaintza Inprimakien atalean egonen da eskuragarri:
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/nafarroako-foru-administrazioaren-inprimaki-orokorrak
8.4. Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan xedatutakoarekin, Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituzten agiriak edo administrazio honen esku dauden agiriak badira, ez da beharrezkoa izanen 8.3.B ataleko c), d) eta e) letretan derrigorrezko gisa bildutako agiriak aurkeztea, baldin eta agiri horietan aldaketarik ez bada gertatu. Foru Komunitateko Administrazioko organoen esku badaude, eskatzaileak zehaztu egin beharko du noiz eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen agiri horiek eta, gainera, espediente hura amaitu zenetik bost urte baino gehiago igaro ez baldin badira bakarrik izanen da zilegi, bestela ez.
9. oinarria.–Prozeduraren antolamendua eta instrukzioa.
9.1. Dirulaguntzak emateko prozedura banakako ebaluazio araubideari jarraikiz tramitatuko da; beraz, espedienteak sarrera-ordenaren arabera tramitatu eta ebatziko dira, horretarako aurrekontu-kreditua dagoen bitartean. Aurrekontu-kreditua agortuz gero, ez da eskaera gehiagorik onartuko, eta ezetsi eginen dira ebatzi gabe gelditzen direnak.
9.2. Dirulaguntzak eskaera-ordenaren arabera emanen dira, betiere oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta bertan eskatutako dokumentazioa behar bezala aurkezten duten eskaeren artean.
9.3. Prozeduraren instrukzioa Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiko Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzuari dagokio. Zerbitzu horrek egiaztatuko du dirulaguntzak jasotzeko derrigorrezko baldintzak betetzen diren, eta ofizioz baloratuko ditu eskaerak.
9.4. Aurkeztutako eskaerak edo agiriek ez badituzte adierazitako baldintzak betetzen, gehienez 10 egun balioduneko epean zuzentzeko eskatuko zaio entitate interesdunari. Hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren, zeina Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera emanen baita.
Eskaera zuzendu behar bada, erreferentzia gisa hartuko diren eguna eta ordua zehazteko, bata edo bestea noiz gauzatu den begiratuko da. Horretarako, eskaerak aurkezteko hurrenkerari jarraituko zaio (eguna eta ordua), espedientea osorik dagoen unearen arabera.
9.5. Banakako ebaluazioa egin ondoren, Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzuak dirulaguntza emateari buruzko ebazpen proposamena eginen dio Migrazio Politiketako zuzendari nagusiari, ezetsien zergatiak adierazita, halakorik bada.
10. oinarria.–Dirulaguntza emateko eta ordaintzeko ebazpena.
10.1. Instrukzio organoak egindako proposamenean oinarriturik, eskaera osorik aurkezten denetik hilabeteko epean gehienez, Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak dirulaguntza emateari buruzko eta dagokion zenbatekoa ordaintzeko ebazpena emanen du. Zenbateko hori izanen da 2026ko apirilaren 16tik 2026ko ekainaren 30era bitarte (bi egun horiek barne) egin diren jarduketen gastuei dagokiena, 8. oinarrian ezarritakoaren arabera justifikatu ondoren. Epea igarota berariazko ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.
10.2. Deialdiaren ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie administrazio prozedura arautzen duen legedian ezarri bezala, eta Nafarroako Atarian argitaratuko da, deialdiaren fitxan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/atzerritarren-ezohiko-erregularizazioa-errazten-duten-atzerritartasuneko-erakunde-laguntzaileentzako-dirulaguntza).
11. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak.
Dirulaguntzen onuradun diren entitateek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntza emateko oinarri diren jarduketak gauzatu izana, deialdi honen oinarri arautzaileekin, baldintzekin eta betebehar formal eta materialekin bat.
b) Justifikazio agiriak aurkeztea 8. oinarrian xedatutakoaren arabera.
c) Organo kudeatzaileak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.
d) Dirulaguntzaren jatorria aditzera ematea diruz lagundutako jardueren zabalkundean eta publizitatean. Zabalkunde idatzian edo grafikoan Nafarroako Gobernuaren logotipoak agertu beharko du, dirulaguntza jasotzen duen entitatearenak duen tamaina berean eta ikusteko moduko baldintza beretan, eta Nafarroaren Sinboloei buruzko otsailaren 27ko 4/2020 Foru Legean ezarritakoari jarraituz. Era berean, "Navarra de Colores-Nafarroa Koloretan" markaren logotipoa agertuko da.
e) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo kudeatzaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
f) Betetzea kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak, entitatearen izaeraren araberakoak.
g) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.
h) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezarritako gainerako eginbeharrak.
12. oinarria.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.
12.1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak ematea bateragarria da jarduera egiteko jasotzen diren beste batzuekin.
12.2. Ematen diren dirulaguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo instituzio pribatu zein publiko batzuen laguntzekin edo dirulaguntzekin batuta, diruz lagundutako jardueraren kostua. Horretarako, entitate onuradunak VI. eranskinean jasotako erantzukizunpeko adierazpena bete beharko du.
13. oinarria.–Ez-betetzeak.
13.1. Oinarri hauetan ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako gainerako kausak gertatzen badira, dagokion zenbatekoa osorik edo zati batean itzuli beharko da, 35. artikulu horretan ezarritakoaren arabera.
13.2. Aurreko ataletan xedatutakoa gorabehera, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan araututakoari jarraikiko zaio, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoari.
14. oinarria.–Administrazio errekurtsoak.
Oinarri arautzaile hauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz.
15. oinarria.–Datuen tratamendua.
Deialdi honetan parte hartzeak berekin ekarriko du Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuak entitate parte-hartzaileen datuen tratamendua egitea, eta tratamenduaren arduraduna Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusia izanen da.
Datuen tratamendua justifikatuta dago deialdiaren parte-hartzea kudeatu behar delako, eta dirulaguntza ematen denean, alderdien artean sortzen den harreman juridikoa kontrolatu eta gauzatu behar delako. Helburu hori interes publikoko edo ahal publikoko legitimazioa da, Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluan zehazten den moduan, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea da oinarri juridikoa.
Dirulaguntzen onuradun diren entitateen datu hauek tratatuko dira: identifikaziokoak, harremanetarakoak, bankukoak, profesionalak eta ekonomiko-finantzarioak, edo aipatu helbururako behar den beste edozein.
Entitate parte-hartzaileei buruzko datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta helburu horren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko behar den denboran ere. Zehazki, gordetzeko aurreikusitako epea izanen da Nafarroako Gobernuaren agiriak gordetzeko indarreko egutegiak adierazten duena.
Interesdunek Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuan erabil dezakete datu pertsonaletan sartzeko eskubidea, bai eta haiek zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, tratamenduari aurka egiteko eta datuak eramatekoa ere; horretarako, migraciones.acogida@navarra.es helbide elektronikora mezu bat bidali beharko dute, eta gaian "datuen babesa" idatzi. Erantzunarekin ados egon ezean, Nafarroako Gobernuko Datuak Babesteko Ordezkaritzara (dpd@navarra.es) jo daiteke, edo Datuak Babesteko Espainiako Bulegora: https://www.aepd.es/.
16. oinarria.–Aplikatu beharreko araudia.
Oinarri hauetan aurreikusirik ez dagoen orotan, bete beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoa.
ERANSKINAK.–AURKEZTU BEHARREKO AGIRIAK
II. eranskina.–Entitateak ordezkaritza lanetan aritzeko gaitutako eta kontratatutako pertsonei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.
III. eranskina.–Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko betebeharrak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.
IV. eranskina.–Sexuagatiko edo generoagatiko diskriminaziorik ezari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.
V. eranskina.–Zergen eta Gizarte Segurantzaren datuak kontsultatzea.
VI. eranskina.–Beste dirulaguntza batzuk eskatu eta/edo jaso izanari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.
Eranskin horiek eskuratzeko, eskaera egiteko eta, ondoren, dirulaguntza justifikatzeko, deialdiaren fitxa erabiliko da:
VII. eranskina.–Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.
–Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (PDFa):
https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/1+Declaracion+de+obligacion_eus.pdf
–Organoen osaketari eta dedikazioari buruzko adierazpena (PDFa):
https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/2+Declaracion+de+cargos+y+dedicacion_cas_eus.pdf
–Karguen ordainsariei buruzko adierazpena (PDFa):
https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/3+Declaracion+de+retribuciones+cas_eus.pdf
Iragarkiaren kodea: F2610363
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
