154. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

47/2026 FORU DEKRETUA, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuak onesten baitira.

SARRERA

Unibertsitate Sistemari buruzko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 3. artikuluak unibertsitateen autonomia printzipioa ezartzen du, eta adierazten du autonomia horrek berekin dakarrela unibertsitateak bere estatutuak egitea (3.2.b artikulua).

Horrez gain, lege organiko horren 38. artikuluak adierazten du ezen unibertsitate publikoak lege organiko horren beraren arabera arautuko direla, bai eta unibertsitatea sortzeko legearen eta haren estatutuen arabera. Hain zuzen ere, estatutu horiek unibertsitate publikoek eginen dituzte, eta, legezkotasuna kontrolatu ondoren, autonomia-erkidegoak onetsiko ditu, bai eta Estatuak eta autonomia-erkidegoek dagozkien eskumenak baliatuz ematen dituzten arauen arabera ere, aplikatzekoak zaizkien neurrian.

Manu horiei jarraikiz, Nafarroako Unibertsitate Publikoak estatutuak onetsi zituen, 2026ko martxoaren 2an Unibertsitateko Klaustroak egin bilkuran.

Ondoren, 2026ko maiatzaren 26an, egin izanaren justifikazio memoriarekin batera aurkeztu zituen, eta Nafarroako Gobernuari eskatu zion aipatu legezkotasun-txostena prestatzeko eta estatutuak onesteko.

Nafarroako Gobernuak legezkotasun kontrola egin ondoren, bidezkoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak onestea, Unibertsitate Sistemari buruzko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.1 artikuluarekin bat.

Hori horrela, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita seiko uztailaren batean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko estatutuak onesten dira, eta haien testua foru dekretu honetan txertatzen da.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indarrik gabe geratuko dira foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko arauak, eta, zehazki, indarrik gabe geratuko da maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretua, zeinaren bidez

Azken xedapen bakarra.

Estatutuek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren egunean hartuko dute indarra.

Iruñean, 2026ko uztailaren 1ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, Juan Luis García Martín.

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO ESTATUTUAK

ATARIKO TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoa zuzenbide publikoko erakundea da, nortasun juridikoa eta ondare propioa ditu, eta goi-mailako hezkuntzaren zerbitzu publikoa betetzen du, bere eskumenen esparruan.

2. Bere xedeak betetzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoak autonomia-araubidean eta indarreko araudian xedatutakoaren arabera dihardu, alde batera utzi gabe organo eta administrazio eskudunei dagozkien koordinazio-eginkizunak.

3. Nafarroako Unibertsitate Publikoa administrazio publikotzat hartzen da juridikoki, eta, ondorioz, administrazio publikoen eskumenak, ahalmenak eta onurak dagozkio, ordenamendu juridikoak aitortutako moduan.

2. artikulua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eginkizunak unibertsitate araudian ezarritakoak dira, eta bereziki:

a) Ikasleak prestatzea.

b) Profesional kualifikatuak prestatzea teknikaren, zientziaren eta giza zientzien arloetan.

c) Zientzia, teknika eta giza zientziak sortzea, garatzea eta transmititzea, eta haien inguruko kritika egitea.

d) Jakintza zabaltzea, balorizatzea eta transferitzea bizi-kalitatea hobetzearen eta gizartearen garapen sozial eta ekonomikoaren zerbitzura.

e) Nafarroako gizartearen ongizate sozialari, aurrerabide ekonomikoari eta kohesioari laguntzea.

f) Jakintza gizarte osoarekin trukatzea, unibertsitate zabalpeneko jarduerak eta jarduera kulturalak eginez, bai eta prestakuntza jarraituaren edo bizialdi osoko prestakuntzaren bidez, gizartearen aurrerabidean laguntzeko.

g) Euskara sustatzea eta normalizatzea prestakuntzaren, ikerketaren eta jakintzaren transferentziaren eta trukearen bidez.

3. artikulua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, bere eginkizunak hobeki betetzeko, eta berdintasunaren, parte-hartze demokratikoaren, gardentasunaren eta askatasun akademikoaren printzipioei jarraikiz:

a) Bere ikasketen, irakaskuntzaren, ikerketaren, transferentziaren eta kudeaketaren kalitatea eta bikaintasuna sustatuko ditu, eta, horretarako, behar diren prestakuntza-, sustapen-, kontrol- eta ebaluazio-neurriak antolatuko ditu.

b) Harremanak ezarriko ditu beste unibertsitate batzuekin eta ikerketako eta goi-mailako hezkuntzako beste zentro batzuekin, irakaskuntzaren, ikerketaren, ezagutzaren transferentziaren eta trukearen, prestakuntzaren eta ikasketa-planen nazioartekotzea bultzatzeko eta unibertsitateko komunitateko kideen mugikortasuna errazteko.

c) Elkarrizketa, eztabaida eta ideien kontrastea bultzatuko ditu gizartearen eta kulturaren aurrerapenaren zerbitzura, eta kulturaren, gizartearen, zientziaren eta teknologiaren arloetan erreferentziazko erakunde arduraduna izateko bokazioa izanen du.

d) Jakintzaren trukea eta herritarren zientzia sustatuko ditu Nafarroako gizartearen zerbitzura.

e) Gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-jasangarritasuna sustatuko du.

f) Genero berdintasuna, inklusioa eta dibertsitatea sustatuko ditu unibertsitate esparru guztietan.

g) Tratu berdintasuna bermatuko du unibertsitate-eremu guztietan, eta, orobat, ez dadila inor diskriminatu sexuagatik, generoagatik, sexu-orientazioagatik, arrazagatik, etniagatik, erlijioagatik, desgaitasunagatik, hizkuntzagatik edo beste edozein egoera pertsonal edo sozialengatik.

4. artikulua.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko armarria honako hauez dago osatua: esmeralda berde bat, hori baita Nafarroako armarriaren erdian ageri den motiboa, eta haren inguruan urre koloreko eraztun bat, zeinetik metal bereko bost katebegi ateratzen baitira, hondo gorri baten gainean.

2. Ikurrak borobil baten tankera du eta Publica Universitas Navarrensis leloa ageri du inguruko urrezko azpilduran. Armarriaren irudikapen grafikoan eta marka eta irudi instituzional gisa erabiltzen denean Unibertsitatearen izena jarriko da ondoan.

3. Unibertsitatearen zigiluak armarria irudikatzen du.

4. Unibertsitatearen bandera urdina da, eta, erdian, armarria dauka.

5. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren izena, enblemak, markak eta gainerako elementu bereizgarriak, edozein dela ere haiek irudikatzeko modua, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ondarearen parte dira. Gobernu Kontseiluak ezarritako baldintzetan eta betekizunekin erabiltzen ahalko ditu Unibertsitateko komunitateak. Horretarako, organo horrek bere irudi instituzionalaren bereizgarriak, marka grafikoak eta aplikazioak sortu, aldatu eta erabiltzeko araudia onetsiko du.

LEHENBIZIKO TITULUA.–UNIBERTSITATEAREN EGITURA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

5. artikulua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoa campusetan, fakultateetan, eskoletan, sailetan, ikerketako institutu unibertsitarioetan, doktoretza-eskoletan edo bere funtzioak garatzeko beharrezkoak diren beste zentro edo egitura batzuetan egituratzen ahalko da.

II. KAPITULUA.–IKASTEGIAK: FAKULTATEAK ETA ESKOLAK

6. artikulua.

1. Eskolak eta fakultateak dira graduko eta unibertsitate masterreko titulu ofizialak lortzera bideratutako ikasketak eta prozesu akademikoak, administratiboak eta kudeaketakoak antolatzeaz arduratzen diren ikastegiak. Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak esleitzen dizkien beste titulu batzuk lortzeko ikasketak ere ematen ahalko dituzte.

2. Aurreko paragrafoan aipatutako ikastegiak sortu, aldatu edo kentzeko proposamena Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak onetsiko du –ondoren, Nafarroako Foru Komunitateak onetsi beharko du–, bai eta Espainia osoan balio duten titulu ofizialak lortzera bideratutako ikasketak ezarri eta kentzeko proposamena ere.

3. Gobernu Kontseiluak proposatzen ahalko du atzerrian Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikastegiak sortu, aldatu eta kentzea baldin eta Espainia osoan baliozkoak eta eraginkorrak diren unibertsitate-titulu ofizialak edo titulu berekiak lortzeko ikasketak ematen badituzte, bere kabuz edo estatuko, estatuz gaindiko edo atzerriko beste erakunde batzuekin lankidetzan, Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoaren 29. artikuluan ezarritakoaren arabera. Azken onespena Nafarroako Foru Komunitateari dagokio.

4. Gizarte Kontseiluak titulazio ofizialen eta prestakuntza jarraituko titulazioen eskaintzari buruzko informazioa emanen du aldez aurretik, baita ikastegi propioak eta atzerrikoak sortu eta kentzeari buruzkoa ere.

7. artikulua.

6.1 artikuluan adierazitako oinarrizko helburua ziurtatzeko, ikastegiek honako eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Beren eskumeneko ikasketen ikasketa-planetako irakasgaien irakaskuntza-programaziorako proposamena prestatzea.

b) Titulazio bakoitzeko ikasketa-planen programen berariazko jarraibideak ezartzea. Jarraibide horiek orientazioa eta eduki oinarrizko eta saihetsezinak zehaztu beharko dituzte, baita irakasgaiak koordinatzeko betekizunak ere.

c) Irakasgaien edukiak titulazioetara egokitzea irakasleekin batera.

d) Irakasleekin batera irakaskuntza eta ikaskuntza metodologiak hobetzen laguntzea.

e) Kalitatea ebaluatzeko eta ikasketak eta ikastegia bera egiaztatzeko ekimen guztiekin lankidetza estua izatea.

f) Ikasketei aurrekontuak, kudeaketa- eta zuzendaritza-baliabideak eta beren eskura jarritako gainerako baliabide materialak esleitzea.

g) Irakaskuntza ematen dela egiaztatzea.

h) Kredituak aitortzeko eta transferitzeko espedienteak izapidetu eta ebaztea, eta beren eskumenen esparruko ziurtagiri akademikoak egitea.

i) Beren ikasketen eskaintza sustatzea.

j) Etorkizuneko tituludunen laneratzea erraztuko duten jarduerak egitea.

k) Harremanak sustatzea beste unibertsitate-eta zientzia-erakunde batzuekin eta bestelako entitate publiko zein pribatuekin.

l) Dagozkien aurrekontua eta baliabide materialak administratzea, eta azpiegitura administratibo egokia izatea.

m) Beren Barne Erregelamendua prestatzea eta Gobernu Kontseiluari hura onesteko proposamena egitea.

n) Arau indardunek edo Estatutu hauek esleitzen dieten beste edozein eginkizun.

III. KAPITULUA.–SAILAK

8. artikulua.

1. Sailen ardura da jakintza-arlo bateko edo batzuetako ikasketak ematea ikastegi batean edo gehiagotan eta irakasleen irakaskuntza-, ikerketa-, transferentzia- eta kudeaketa-jarduerei eta -ekimenei laguntzea, betiere Unibertsitatearen irakaskuntza-programazioarekin bat etorriz.

2. Irakasleak eta ikertzaileak sail batekoak edo beste batekoak izanen dira beren lanpostua atxikitzen zaion jakintza-arloaren, eta, hala badagokio, jakintza-eremuaren edo espezialitatearen arabera.

3. Gobernu Kontseiluari dagokio sailak sortu, aldatu eta kendu daitezela onestea, ukitutako irakasle eta ikertzaileen sailek eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko zerbitzu ekonomiko eta juridikoek txostena egin ondoren.

4. Sailak sortu, aldatu eta kentzeko ekimena Gobernu Taldeari, ukitutako sailei, Gobernu Kontseiluari edo irakasle eta ikertzaile interesdunei dagokie.

5. Ekimenarekin batera, justifikazio memoria bat aurkeztu beharko da, eta, hartan, honako hauek jasoko dira: zein den premia eta zer hobekuntza dakarkion irakaskuntza- eta kudeaketa-jarduerari, zer irakasleri eragiten dien eta nola esleituko zaizkien sailei irakaskuntza-jarduerak eta -baliabideak.

6. Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak finkatuko du sailak eratzeko unibertsitateko irakaskidegoetako zenbat irakasle funtzionario beharko diren gutxienez; irakasle horiek, gainera, lanaldi osoko irakasle kontratatu iraunkorren kategoriakoak izan beharko dute. Kopuru hori ez da inola ere Unibertsitateko irakasle kontratatu iraunkorren ehuneko 6 baino txikiagoa izanen.

9. artikulua.

Hauek dira sailen eginkizunak:

a) Unibertsitatearen irakaskuntza programazioan esleituta daukaten eginbeharra garatzeko egokienak diren irakasleak eta baliabide berekiak esleitu eta koordinatzea.

b) Aurrekontuak eta esleitzen zaizkien bitarteko guztiak kudeatzea, haien eginbeharrak betetzeko.

c) Saileko langileen irakaskuntza- eta kudeaketa-gaitasunen hobekuntza sustatu eta laguntzea.

d) Irakasgaien irakaskuntza-gidak prestatzea.

e) Ikasketen eta eskolak ematen dituzten ikastegien kalitatea ebaluatzeko ekimenekin lankidetzan aritzea.

f) Langileen ikerketako eta ezagutzaren transferentziako jardueren garapena bultzatzea eta laguntzea, ikerketa-institutuekin lankidetzan.

g) Unibertsitate zabalpeneko jarduerak sustatzea eta gauzatzea.

h) Beste unibertsitate eta zientzia erakunde batzuekin, eta bestelako entitate publiko zein pribatuekin harremanak sustatzea.

i) Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoaren 60. artikuluan ezarritako kontratuak baimentzea, hala badagokio, saileko langileei eragiten badiete.

j) Beren Barne Erregelamendua prestatzea eta Gobernu Kontseiluari hura onesteko proposamena egitea.

k) Dagozkien aurrekontua eta baliabide materialak administratzea, eta azpiegitura administratibo egokia izatea.

l) Arau indardunek edo Estatutu hauek esleitzen dieten beste edozein eginkizun.

IV. KAPITULUA.–DOKTORETZA ESKOLA

10. artikulua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan doktoretzako titulu ofizialak lortzera bideratutako ikasketak eta prozesu akademikoak antolatzeaz arduratzen den ikastegia da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Doktoretza Eskola. Doktoretza Eskolak Gobernu Kontseiluaren erabaki bidez onesten diren doktoretza-programen gaineko eskumena izanen du. Doktoretza Eskola bakarra izanen da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren doktoretza-eskaintza osoa bilduko du.

Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak onetsiko du Doktoretza Eskola sortzeko, aldatzeko edo kentzeko proposamena, hargatik eragotzi gabe etorkizunean bere kabuz edo beste doktoretza-eskola batzuekin edo beste unibertsitate edo unibertsitate-partzuergo batzuekin lankidetzan sortzen ahal dituenak.

11. artikulua.

Hauek dira Doktoretza Eskolaren eginkizunak:

a) Doktoretza-prestakuntzako eredu bat sortzea, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikerketako eta prestakuntzako estrategiarekin lerrokatua, doktoregaiek esparru egokia izan dezaten kalitatezko ikerketa egiteko.

b) Doktoretza-programak eta doktoretza-tesien defentsa-prozesuak kudeatzea.

c) Doktoregaien zeharkako prestakuntza bermatzea, etorkizunean haien laneratzea ahalbidetzeko.

d) Doktoretzako eta ikerketako prestakuntza bultzatzea.

e) Doktoregaien Espainiako eta nazioarteko mugikortasuna sustatzea, bai eta haien prestakuntzan esku hartzen duten zuzendariena eta tutoreena ere.

f) Administrazio publikoak, erakunde publikoak zein pribatuak, enpresak eta unibertsitateaz kanpoko beste entitate batzuk bere jardueretan inplikatzea, doktoretza hobeki bideratu dadin gizartearen beharretara.

g) Doktore egresatuen ibilbide profesionalaren jarraipena egitea.

h) Arau indardunek edo Estatutu hauek esleitzen dieten beste edozein eginkizun.

i) Dagozkion aurrekontua eta baliabide materialak administratzea, eta azpiegitura administratibo egokia izatea.

j) Bere Barne Erregelamendua prestatzea eta Gobernu Kontseiluari hura onesteko proposamena egitea.

k) Kalitatea ebaluatzeko eta Eskola eta haren programak egiaztatzeko ekimen guztiekin lankidetza estua izatea.

V. KAPITULUA.–IKERKETA-INSTITUTUAK

12. artikulua.

1. Ikerketa-institutuak honako xede hauek dituzten egiturak dira: ikerketa, garapena, aholkularitza eta berrikuntza zientifiko, tekniko, humanistiko, sozial edo arte-sorkuntzakoa, ikertzaileen prestakuntza eta ezagutzaren transferentzia.

2. Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluari dagokio ikerketa-institutuak sortzea, aldatzea edo kentzea.

3. Ikerketa-institutuak honelakoak izan daitezke:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoarenak.

b) Nafarroako Unibertsitate Publikoari atxikiak, publikoak edo pribatuak.

c) Mistoak, beste erakunde publiko zein pribatu batzuekin lankidetzan sortuak.

d) Unibertsitateartekoak, beste unibertsitate batzuekin lankidetzan sortuak.

4. Nafarroako Unibertsitate Publikoak zilegi izanen du ikerketa-institutuak sor daitezela bultzatzea beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin lankidetzan.

Institutu mistoak edo unibertsitateartekoak eratzeko, bai eta institutuak Nafarroako Unibertsitate Publikoari atxikitzeko, dagokion hitzarmena formalizatu beharko da. Hitzarmen horretan berariaz finkatuko dira ildo estrategikoak eta institutua finantzatzeko araubide partekatua, eta, hala badagokio, kanpoko finantzaketa. Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak onetsi beharko du hitzarmena.

13. artikulua.

1. Ikerketa-institutuek maila akademiko goreneko ikerketa –oinarrizkoa zein aplikatua– bultzatu eta sustatzen dute esparru jakin batean, diziplina anitzeko eta diziplinarteko ikuspegi batetik, modu esanguratsuan laguntzeko ezagutza sortzen edo gizartearen arazoak eta erronkak konpontzen.

2. Ikerketa-institutuek, beren eskumenen esparruan, honako eginkizun hauek dituzte:

a) Beren ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-planak antolatu, garatu eta ebaluatzea, ezagutzak transferitzea eta zientzia, teknika, kultura edo arte-sorkuntza zabaltzea.

b) Doktoretza Eskolarekin lankidetzan aritzea doktoregaien prestakuntzan.

c) Sailekin lankidetzan aritzea bi egiturei atxikitako langileen ikerketa-jarduera garatzeko.

d) Kontratuak eta hitzarmenak sustatzea pertsonekin eta entitate publiko zein pribatuekin, berariazko legerian eta Estatutu hauetan ezarritako moduan.

e) Beren jarduerak ingurune sozialean proiektatzea, eta kanpo-harremanak sustatzea eta kudeatzea.

f) Institutuetako kideen eta unibertsitateko komunitate osoaren metodoak eta ezagutzak eguneratu daitezela sustatzea.

g) Lankidetzan aritzea beste ikastegi eta ikerketa-institutu batzuekin eta Espainiako edo nazioarteko beste entitate publiko edo pribatu batzuekin, beren eskumenen esparruan.

h) Dagozkien aurrekontua eta baliabide materialak administratzea, eta azpiegitura administratibo egokia izatea.

i) Hauteskunde-prozesuak antolatu eta koordinatzea beren esparruaren barnean, Estatutu hauetan aurreikusitako moduan.

j) Institutuan ikerketari laguntzeko dauden zerbitzuen jarraipenean eta kontrolean parte hartzea, eta beste zerbitzu batzuk sortzeko proposamena egitea.

k) Institutuaren ikerketa-jarduerarekin loturik dauden ikerketari laguntzeko zerbitzuen jarraipenean eta kontrolean parte hartzea, eta beste zerbitzu batzuk sortzeko proposamena egitea.

l) Beren Barne Erregelamendua prestatzea eta Gobernu Kontseiluari hura onesteko proposamena egitea.

m) Estatutu hauek edo hura garatzeko arauek eta sorrera- edo atxikipen-hitzarmenek legearekin bat etorriz esleitzen dieten beste edozein eginkizun.

VI. KAPITULUA.–BESTE ZENTRO BATZUK

14. artikulua.

1. Irakaskuntza-zentroak, ikerketa-zentroak edo arte-sorkuntzakoak, publikoak zein pribatuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoari atxikitzen ahalko zaizkio dagokion hitzarmenaren bidez. Atxikipen horrek Nafarroako Foru Komunitatearen onespena beharko du. Proposamena Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak aurkeztuko du, Gizarte Kontseiluari jakinarazi ondoren.

2. Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluaren proposamenak atxikipen-hitzarmena jasoko du, eta hartan indarreko araudian eskatzen den gutxieneko edukia jasoko da, eta, nolanahi ere, honako eduki hauek: ikasketen eta, hala, badagokio, ikerketaren araubide akademikoa; irakasleen araubidea; gobernu-organoak; ikasleak sartzeko prozedurak; eta finantzaketa-sistemak. Nolanahi ere, Unibertsitatearen berezko kalitate-estandarrak bermatu beharko ditu.

3. Nafarroako Unibertsitate Publikoak berari atxikitako zentroetan eman beharreko irakaskuntza gainbegiratuko du, atxikipen-hitzarmenean aurreikusitako baldintzetan, eta, ondorio horietarako, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari dagokio zentro horietako irakasleei venia docendi ematea.

15. artikulua.

1. Ikasle egoitza nagusiak unibertsitate-zentroak dira. Unibertsitatean integratuta daude, ostatua ematen dute eta bertan bizi direnen kultura- eta zientzia-prestakuntza sustatzen dute, Estatutu hauen Atariko Tituluan jasotako printzipioekin bat etorriz.

2. Gobernu Kontseiluak onetsiko du ikasle egoitza nagusietako funtzionamendurako eta ikasleen onarpenerako araubidea.

3. Unibertsitateari atxikitzeko aukera izanen dute entitate edo erakunde publiko zein pribatuen mendeko ikasle egoitza nagusiek. Nolanahi ere, Gobernu Kontseiluari dagokio atxikipen hitzarmena onestea.

BIGARREN TITULUA.–UNIBERTSITATEKO GOBERNUA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

16. artikulua.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko gobernua eta administrazioa honako organo hauen bidez gauzatzen dira:

a) Kide anitzeko gobernu-organoak, eremu orokorrekoak: Gizarte Kontseilua, Gobernu Kontseilua eta Unibertsitateko Klaustroa.

b) Kide anitzeko gobernu-organoak, eremu partikularrekoak: ikastegiko kontseiluak, Doktoretza Eskolako Zuzendaritza Komitea, saileko kontseiluak eta ikerketa-institutuko kontseiluak.

c) Kide bakarreko gobernu-organoak, eremu orokorrekoak: errektorea, errektoreordeak, idazkari nagusia eta kudeatzailea.

d) Kide bakarreko gobernu-organoak, eremu partikularrekoak: ikastegietako, sailetako, Doktoretza Eskolako eta ikerketa-institutuetako zuzendariak.

2. Beren eskumenen esparruan, gobernu-organo orokorren erabakiak organo partikularrenen gainetik gailenduko dira beti, eta kide anitzeko organoenak kide bakarreko organoenen gainetik, indarrean dagoen legerian berariaz ezarritako kasuetan izan ezik.

3. Kide bakarreko gobernu-kargua da kide bakarreko gobernu-organo baten titularra den pertsonak betetzen duena.

4. Halaber, zilegi izanen da kide bakarreko gobernu-karguak ez diren kargu akademikoak izendatzea, hala nola idazkariak, dekanordeak, zuzendariordeak, dela fakultatekoak, eskolakoak, sailekoak, doktoretza-eskolakoak edo ikerketa-institutukoak, dela unibertsitateak esleituak dituen eskumenak garatzeko beharrezkoak diren beste batzuetakoak.

17. artikulua.

1. Kide bakarreko gobernu-organoei dagozkien eginkizunak betetzeko, organo horren kargua duen pertsonak arduraldi osoa izan beharko du Unibertsitatean, Legean jasotako salbuespenei kalterik egin gabe, eta inola ere ezin izanen du aldi berean bete organo horietako bat baino gehiagoren kargua.

2. Kargu akademikoei dagozkien eginkizunak betetzeko, kargu hori duen pertsonak arduraldi osoa izan beharko du Unibertsitatean, eta zilegi izanen du kargu horietako bat baino gehiago aldi berean betetzea.

3. Gobernu Kontseiluak ezarriko du erantzukizun akademikoak gauzatzeari loturiko bateraezintasun ekonomiko eta funtzionalen araubidea.

II. KAPITULUA.–KIDE ANITZEKO GOBERNU-ORGANOAK, EREMU OROKORREKOAK

1. ATALA.–GIZARTE KONTSEILUA

18. artikulua.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseilua gizarteak Unibertsitatean parte hartzeko eta ordezkatua izateko duen organoa da; lankidetzarako eta kontuak emateko gune bat da, non instituzioak, gizarte-erakundeak eta ekoizpen sarea Unibertsitatearekin erlazionatzen diren. Haren osaerak behar bezala islatu beharko du kokatuta dagoen gizarte-ingurunearen pluraltasuna.

2. Gizarte Kontseiluko berezko kideak errektorea, kudeatzailea eta idazkari nagusia dira, bai eta irakasleen eta ikertzaileen ordezkari bat eta teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat ere. Azken bi horiek Gobernu Kontseiluak aukeratuko ditu bere kideen artean.

Era berean, Gizarte Kontseiluko kide izanen da Ikasleen Kontseiluko ordezkari bat ere, organo horrek bere kideen artean aukeratua, edo, hala badagokio, foru araudiak ezartzen duen ordezkari kopurua.

3. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Gizarte Kontseiluaren eginkizunak indarreko araudian ezarritakoak izanen dira.

2. ATALA.–UNIBERTSITATEKO KLAUSTROA

19. artikulua.

1. Unibertsitateko Klaustroa unibertsitateko komunitateko ordezkaritza-organo gorena da.

2. Klaustroa 125 kidek osatzen dute guztira. Errektorea, idazkari nagusia eta kudeatzailea berezko kideak dira, eta klaustroko burua errektorea da. Haiez gain, unibertsitateko komunitateko taldeetako 122 ordezkari hautetsik osatzen dute; honela daude banatuak:

a) Unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten unibertsitateko irakaskidegoetako irakasleen eta irakasle kontratatu iraunkorren 63 ordezkari.

b) Ikertzaile iraunkor eta ez-iraunkorren eta prestakuntzako ikertzaileen 2 ordezkari.

c) Irakasle elkartuen eta ordezkoen 7 ordezkari; haietatik gutxienez hiruk irakasle elkartu izan beharko dute.

d) Irakasle eta ikertzaile kontratatu ez-iraunkorren 7 ordezkari.

e) Ikasleen 32 ordezkari, betiere ez badira prestakuntzan dauden irakasle eta ikertzaileak.

f) Teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen 11 ordezkari.

3. Klaustroko kide ez diren errektoreordeak bileretara joaten ahalko dira, hitzarekin baina botorik gabe.

20. artikulua.

1. Klaustroa gutxienez urtean behin bilduko da bilera arruntean, errektoreak horretarako deia egin ondoren.

2. Errektoreak Klaustroaren bilera berezirako deia eginen du bere ekimenez, Klaustroko kideen %30ek eskatuta edo Gobernu Kontseiluak eskatuta bere kideen gehiengo osoak hala erabaki ondoren. Bilera berezia egiteko eskaeran aztertu beharreko gaiak sartuko dira, deialdi berezia egitea justifikatzen dutenak alegia.

3. Klaustroaren bilera arruntak ezin izanen dira egin egutegi ofizialean azterketak egiteko erreserbatutako egunetan, salbu eta bertan behera uzten badira egun horietarako programatutako azterketak.

21. artikulua.

Hauek dira Klaustroaren eginkizunak:

a) Estatutuak egitea, onestea eta erreformatzea.

b) Errektorea hautatzeko deialdi berezia egitea, indarrean dagoen legerian xedatutakoaren arabera.

c) Bere Barne Erregelamendua prestatzea eta onestea. Erregelamendu horretan, gai hauek arautuko dira gutxienez: bileren araubidea, deialdia, gai-zerrenda egiteko modua, zuzenketak eta mozioak aurkezteko eta erabakiak hartzeko prozedurak eta baldintzak, eta haiek aldatzeko bidea.

d) Unibertsitateko komunitatearen arartekoa hautatu eta kargugabetzea, Estatutu hauen 121. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta haren funtzionamendurako erregelamendua onestea eta aldatzea.

e) Gobernu Kontseiluan izanen dituen ordezkariak aukeratzea.

f) Egoki jotzen dituen batzordeak sortzea eta haien kideak aukeratzea.

g) Ikastegien eta egituren erregelamendu orokorra egitea eta onestea.

h) Lege indardunek berariaz esleitzen dioten beste edozein eginkizun.

22. artikulua.

Klaustroa sei urtean behin berrituko da, salbu eta ikasleen ordezkarien eta ikertzaile iraunkor eta ez-iraunkorren eta prestakuntzako ikertzaileen ordezkarien kasuan, haiek bi urtean behin berrituko baitira.

23. artikulua.

1. 19.2 artikuluko a), b), c), d) eta f) apartatuetan aipatutako ordezkariak gehiengoz aukeratuko dira. Klaustroan ordezkariak dituen talde bakoitzean, hautesle bakoitzak, gehienez ere, bete beharreko postu kopuruaren ehuneko hirurogeita hamarri ematen ahalko dio botoa (zifra hori goragoko zenbaki osora biribilduko da). Boto gehien lortzen dituztenak izanen dira hautetsiak, betiere bete beharreko postuak kontuan hartuta.

2. Klaustroan ikasleen ordezkariak izanen direnak hautatzeko, zerrenda itxien sistema proportzionala erabiliko da. Zerrenden osaerak bat etorri beharko du, gutxienez, sektore horretan aukeratu beharreko klaustrokide kopuruarekin. Aurkeztutako zerrendetan postuak esleitzeko, sistema proportzionala erabiliko da.

3. ATALA.–GOBERNU KONTSEILUA

24. artikulua.

1. Gobernu Kontseilua Unibertsitatearen gobernu-organoa da, eta Unibertsitatearen erregelamenduak egiteko duen ahala erabiltzen du Estatutu hauek garatzeko, barne-antolamenduari eta -funtzionamenduari buruzko gainerako arauak onesteko eta unibertsitate-erakundeak esleituak dituen helburuak betetzeko beharrezkoak diren gainerako arauak onesteko.

2. Gobernu Kontseilua 39 kidek osatuko dute guztira. Berezko kideak dira Unibertsitateko errektorea, idazkari nagusia eta kudeatzailea.

3. Haiez gain, honako hauek izanen dira Gobernu Kontseiluko kideak:

a) Errektoreak unibertsitateko komunitateko kideen artetik izendatutako 10 kide.

b) Ikasleen Kontseiluko burua.

c) Klaustroak bere kideen artetik haututako 16 ordezkari; talde guztiek egon behar dute islatuak, banaketa honen arabera:

–Unibertsitateko irakaskidegoetako irakasleen eta irakasle kontratatu iraunkorren 4 ordezkari.

–Irakasle elkartuen 2 ordezkari.

–Ikertzaile kontratatu ez-iraunkorren 1 ordezkari.

–Aurreko apartatuetan sartzen ez diren irakasle eta ikertzaileen 2 ordezkari.

–Ikasleen 3 ordezkari.

–Teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen 4 ordezkari.

d) Fakultateko dekanoen eta eskolako zuzendarien 3 ordezkari, haiek beren artean aukeratuak. Haietako bat, gutxienez, irakaskuntza Tuterako campusean ematen duen fakultate edo eskola batekoa izan behar da.

e) Saileko zuzendarien 3 ordezkari, haiek beren artean aukeratuak.

f) Ikerketa-institutuetako zuzendarien 1 ordezkari, haiek beren artean aukeratua.

g) Unibertsitateko komunitatekoak ez diren Gizarte Kontseiluko 2 kide, Gizarte Kontseiluak aukeratuak.

25. artikulua.

1. Gobernu Kontseilua gutxienez hiru hilean behin bilduko da, eta, orobat, errektoreak erabakitzen duenean edo kontseilukideen gutxienez ehuneko 30ek eskatzen dutenean.

2. Gobernu Kontseilua sei urtean behin berrituko da, salbu eta ikasleen ordezkarien eta ikertzaile kontratatu ez-iraunkorren ordezkarien kasuan, zeinak bi urtean behin berrituko baitira, eta Ikasleen Kontseiluko buruaren kasuan, zeina kargua berritzean berrituko baita.

26. artikulua.

Hauek dira Gobernu Kontseiluaren eginkizunak:

a) Jarraibide orokorrak eta haiek aplikatzeko prozedurak onestea ikasketen antolamenduaren, ikerketaren, giza baliabideen eta baliabide ekonomikoen arloetan.

b) Unibertsitatearen plan estrategikoak sustatu eta onestea, Gobernu Taldeak proposatuta.

c) Gizarte Kontseiluari Urte Anitzeko Finantzaketa Plana proposatzea, onets dezan.

d) Gizarte Kontseiluari Unibertsitatearen eta haren mendeko entitateen urteko aurrekontuaren proiektua eta Unibertsitatearen urteko kontuak proposatzea, onets ditzan.

e) Unibertsitatearen irakaskuntza-programazioa onestea urtero.

f) Lanpostuen deialdia onestea, bai eta irakasle eta ikertzaileen lanpostuen zerrenda eta teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla organikoa ere.

g) Ikasketa-planak legez ezarritako prozeduraren arabera onestea, eta ekimenak abiaraztea plan horiek Gobernu Kontseiluak berak ikasketa-planen arloan onetsitako jarraibideetara egokitu daitezen.

h) Irakasleen eta teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen hautaketarako, kontrataziorako eta barne igoerarako irizpideak eta prozedurak ezartzea, bere eskumenen esparruan.

i) Unibertsitateko irakaskidegoetako irakasleen eta irakasle kontratatu iraunkorren lanpostuen sarbide lehiaketak ebatziko dituzten batzordeen osaera onestea.

j) Ikasketa ofizialetako kredituak aitortu eta transferitzeko baldintzak onestea, bai eta ikasketa eta titulu berekiak ezartzekoak ere, indarreko araudian xedatutakoaren arabera.

k) Ikaspostuen eskaintza eta ikasleak onartzeko prozedurak zehaztea, indarreko araudian xedatutakoaren arabera.

l) Irakasleen eta teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen jardueraren ebaluazioaren plangintza onestea, eta ebaluazio irizpideak ezartzea bere eskumenen esparruan.

m) Beste unibertsitate, erakunde eta zentro publiko edo pribatu batzuekin egindako lankidetza- eta truke-hitzarmenak onestea edo berrestea eta aldarrikatzea.

n) Bere Barne Erregelamendua onestea.

ñ) Ikastegien, sailen, ikerketa-institutuen eta Doktoretza Eskolaren erregelamenduek bete beharreko irizpide orokorrak prestatzea.

o) Ikastegien, sailen, ikerketa-institutuen, Doktoretza Eskolaren eta Ikasleen Kontseiluaren barne erregelamenduak onestea, bai eta beste edozein erregelamendu independente ere.

p) Egutegi akademikoa eta lanekoa onestea.

q) Unibertsitateko komunitatearen Genero Berdintasunerako Plana bultzatzea eta onestea.

r) Unibertsitateko komunitatearen inklusiorako eta diskriminaziorik ezerako plana onestea.

s) Unibertsitateko komunitatearen bizikidetza-arauak onestea.

t) Unibertsitateak kalitatearen arloan izanen dituen gidalerroak onestea eta hobekuntza-ekintzen jarraipena egitea, bai eta ikasketen, irakaskuntzaren, ikerketaren, transferentziaren eta kudeaketaren kalitate baldintzak betetzen direla zaintzea ere.

u) Unibertsitateko komunitateko kideen lan baldintzak zaintzea.

v) Ohorezko sariak ematea eta honoris causa doktoreen izendapena onestea.

w) Foru Komunitateari igortzea Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoan jasotzen diren gaiei buruzko proposamenak.

x) Unibertsitatearen egitura zehaztea, eta ikastegiak, sailak, Doktoretza Eskola, ikerketa-institutuak eta/edo Estatutu hauetako 5. artikuluan aipatutako egiturak sortu eta kendu daitezela proposatzea eta, hala badagokio, onestea.

y) Jarduera akademikoak kontrolatzeko mekanismoak zehaztea.

z) Hizkuntza Plangintzarako Batzordea sortzea.

aa) Klima Aldaketa Arintzeko Estrategia definitzea eta bultzatzea.

ab) Bere funtzionamendua hobetzeko beharrezkotzat jotzen dituen batzorde delegatuak sortzea.

ac) Lege indardunek esleitzen dioten beste edozein eginkizun.

III. KAPITULUA.–KIDE BAKARREKO ORGANOAK, EREMU OROKORREKOAK

1. ATALA.–ERREKTOREA

27. artikulua.

1. Errektorea Unibertsitateko agintari akademiko gorena da, eta hura ordezkatzen du.

2. Errektoreak Unibertsitatearen zuzendaritza, gobernua eta kudeaketa gauzatzen ditu, dagozkion kide anitzeko organoek onetsitako jarduketa-ildoak garatzen ditu eta haien erabakiak gauzatzen ditu.

28. artikulua.

1. Errektorea unibertsitateko komunitateak aukeratzen du, hurrengo apartatuetan aipatzen diren irakaskuntzako, ikerketako eta unibertsitate-kudeaketako esperientziako merezimenduak betetzen dituzten irakasleen artetik, eta irakasle iraunkorren eta teknikari eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langile funtzionarioen %10en babesa izan behar du gutxienez.

2. Errektorea unibertsitateko komunitateak aukeratzen du baldintza hauek betetzen dituzten irakasle eta ikertzaile doktoreen, unibertsitateko irakaskidegoetako funtzionarioen edo irakasle kontratatu iraunkorren artetik: Nafarroako Unibertsitate Publikoan lanaldi osoko benetako zerbitzuak ematen aritzea, gutxienez irakaslanaren hiru ebaluazio positibo eta ikerketaren hiru ebaluazio positibo izatea (azkena indarrean), Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak (ANECA) edo Nafarroako Foru Komunitateko dagokion agentziak emanak, eta gutxienez lau urteko esperientzia egiaztatua izatea, jarraitua edo ez, Estatutu hauetan jasotzen den Nafarroako Unibertsitate Publikoko kide bakarreko gobernu kargu batean.

Errektore izateko hautagaitza aurkezten dutenek hauteskundeetarako deialdia egiten den egunean bete beharko dituzte aurreko baldintza guztiak.

3. Agintaldia sei urtekoa izanen da, berriz aukeratua izateko aukerarik gabe; urtebetetik beherako agintaldiak ez dira kontuan hartuko hautagai gisa aurkezteko.

4. Errektorea ez badago, bere postua hutsik badago edo gaixorik badago, hark izendatzen duen errektoreordeak eginen du haren ordezkapena, eta, halakorik ezean, irakasle iraunkor gisa antzinatasun handiena duen errektoreordeak, errektoreordeen egitura eta eskumena zehazten dituen ebazpenak ezartzen duen lehentasun ordenaren arabera.

5. Bere agintaldian, errektorea ezin izanen da sustapen akademikoko ezein prozesutara aurkeztu, ezta sustapen-batzorde bateko kide izan ere.

29. artikulua.

1. Errektorea unibertsitateko komunitateak aukeratuko du, hautaketa zuzenaren eta sufragio unibertsal libre eta isilpekoaren bidez.

2. Errektorea aukeratzeko botoa haztatua izanen da, honako ehuneko hauen arabera:

a) Ehuneko 57 unibertsitateko irakaskidegoetako irakasleentzat eta Unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten irakasle kontratatu iraunkor doktoreentzat.

b) Ehuneko 22 ikasleentzat, betiere ez badira prestakuntzan dauden irakasle eta ikertzaileak.

c) Ehuneko 2 irakasle elkartuentzat.

d) Ehuneko 9 gainerako irakasle eta/edo ikertzaileentzat.

e) Ehuneko 10 teknikari eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileentzat.

3. Hauteskunde prozesu bakoitzean, Unibertsitatearen Hauteskunde Batzordeak boto-zenbaketa orokorra eginen du aldez aurretik Hauteskunde Erregelamenduan ezarritako prozeduraren arabera, eta haztapen koefizienteak aplikatuko dizkie talde bakoitzaren boto baliodunei, boto zuriei barne, Estatutu hauetan ezarritako ehunekoen arabera dagokien balioa emateko.

4. Bi hautagai baino gehiago aurkezten direnean, errektore izendatuko da lehen itzulian boto baliodunen erdiaren baino gehiagoren babesa lortzen duena, artikulu honetan aurreikusitako haztapenak egin eta aplikatu ondoren. Hautagaietako inork ez badu gehiengo hori erdiesten, bigarren bozketa bat eginen da, eta lehenbiziko bozketan aipatutako haztapenak kontuan hartu ondoren babes handiena lortu duten bi hautagaiak soilik aurkezten ahalko dira. Lehen itzulian bi hautagai soilik aurkezten badira edo bigarren itzulia egiten bada, haztapen horiek berak kontuan hartu ondoren botoen gehiengo soila lortzen duena izendatuko da hautetsi. Hautagai bakarra aurkezten bada, lehen itzulia besterik ez da eginen, eta hautagai hori errektore izendatuko da baldin eta boto baliodunen erdiaren baino gehiagoren babesa lortzen badu, artikulu honetan aurreikusitako haztapenak egin eta aplikatu ondoren.

30. artikulua.

1. Hauteskundeak egin eta hautagai hautetsia aldarrikatu ondoren, kargua uzten duen errektoreak jarduneko errektore gisa jarraituko du errektore berria karguaz jabetu arte.

Hauteskundeetarako deia egin eta hautagairik ez badago eta/edo hautagai batek ere ez badu lortzen hautetsi izateko behar den gutxienekoa, errektoreak jarduneko errektore gisa jarraituko du eta beste hauteskunde batzuetarako deia egin beharko du gehienez ere sei hilabeteko epean.

2. Errektoreak Estatutu hauetako 57. artikuluan adierazitako arrazoiengatik utziko du kargua, d) letran jasotako kasuan izan ezik, hori ez baitzaio aplikatuko. Horrez gain, Klaustroak hala erabakitzen duenean utziko du kargua, hurrengo artikuluan ezarritakoaren arabera.

3. Estatutu hauetako 57. artikuluaren a), c), e), f) eta g) letretan jasotako kasuetan, errektoreak izendatzen duen errektoreordeak ordezkatuko du bera, eta, halakorik ezean, irakasle iraunkor gisa antzinatasun handiena duen errektoreordeak, errektoreordeen egitura eta eskumenak zehazten dituen ebazpenak ezartzen duen lehentasun ordenaren arabera, betiere eginkizunen jarraitutasuna eta errektorea hautatzeko deialdia bermatze aldera.

31. artikulua.

1. Unibertsitateko Klaustroak errektorea aukeratzeko hauteskundeetarako deialdi berezia egitea proposatzen ahalko du kideen heren baten ekimenez, betiere kide horien gutxienez %30 unibertsitateko irakaskidegoetako irakasleak eta irakasle kontratatu iraunkorrak badira. Unibertsitatearen Erregistro Elektroniko Orokorrean aurkeztutako idazki baten bidez eginen dute proposamena, eta idazki horretan proposamena egin dutenen sinadurak agertu beharko dira, behar bezala egiaztatuak, bai eta ekimenaren justifikazioa ere.

2. Aurreko apartatuan adierazitako baldintzak betez ekimena aurkezteak deialdia hamabost egun balioduneko epean egitea ekarriko du.

3. Klaustroko Mahaiko kide bat izanen da –organo horrek erabakitzen duena– ekimena eztabaidatzeko eginen den Klaustroaren bileraren buru.

4. Proposamena egin duen pertsonetako baten defentsarekin hasiko da ekimenaren eztabaida, eta, ondoren, aldeko txanda bat eta kontrako txanda bat egonen dira. Kontrako txanda hitza lehenbizi hartu duen pertsonaren erantzunarekin bukatuko da. Errektoreari berariazko txanda bat emanen zaio parte hartzeko eta erantzuteko.

5. Eztabaida bukatutakoan, isilpeko bozketa eginen da, eta, ekimena onesteko, aldeko botoa eman beharko dute Klaustroa osatzen duten kide guztien bi herenek.

6. Ekimena onesteak berekin ekarriko du Klaustroak errektorea aukeratzeko hauteskundeetarako deia egitea, Klaustroa desegitea eta errektorea kargutik kentzea.

Ekimena onesten ez bada, sinatzaileek ezin izanen dute horrelako beste ekimen baten aurkezpenean parte hartu bozketa egin eta urtebete igaro arte.

7. Errektoreak berariaz uko eginez gero, bertan behera geldituko dira errektorea aukeratzeko hauteskundeetarako deialdi berezia egiteko ekimenaren izapidetzea eta bozketa.

32. artikulua.

Errektorearen eginkizunak dira:

a) Unibertsitatea gidatzea eta haren ordezkari izatea botere publikoen aurrean eta edozein pertsona edo entitate publiko zein pribaturen aurrean.

b) Administrazio- edo jurisdikzio-errekurtsoak jartzea, Gobernu Kontseiluari horren berri emanez, eta Unibertsitatearen ordezkari judizial eta administratiboa izatea era guztietako egintza edo negozio juridikoetan. Zilegi izanen du ordezkaritza hori gauzatzeko aginduak ematea.

c) Buru izatea parte hartzen duen Unibertsitatearen ekitaldietan, legezko lehentasunak salbuespen direla.

d) Gobernu Kontseilurako eta Klaustrorako deia egitea eta haietan buru izatea, bai eta haien eta Gizarte Kontseiluaren erabakiak betearaztea.

e) Zaintzea eta gainbegiratzea Unibertsitateko kide bakarreko organoei esleitutako eginkizunak eta kide anitzeko organoen erabakiak betetzen direla.

f) Unibertsitateko irakaskidegoetako lanpostuetara sartzeko lehiaketetarako deialdien oinarriak onestea, bai eta irakasle eta ikertzaileen, teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen lanpostuak betetzeko deialdienak ere.

g) Errektoreordeak, idazkari nagusia eta errektorearen, errektoreordeen eta idazkari nagusiaren beste laguntzaile batzuk izendatzea eta kargutik kentzea, eta Gobernu Kontseiluari horren berri ematea. Horrez gain, haien eginkizunak eta eskumenak zehaztea.

h) Kudeatzailea izendatzea eta kargutik kentzea Gizarte Kontseiluarekin bat etorriz, eta hura kargutik kentzea bere eskumenaren arabera.

i) Nafarroako Doktoretza Eskolako zuzendaria izendatzea eta kargutik kentzea.

j) Konfiantzazko edo aholkularitza bereziko behin-behineko langileak izendatzea; 20 izanen dira gehienez ere, eta ez dute inola ere gaindituko Nafarroako Foru Komunitateak Unibertsitateari buruz duen araudian ezarritako gehieneko kopurua.

k) Irakaskidegoetako irakasle lanpostuetarako eta irakasle kontratatu iraunkorren lanpostuetarako hautaketa-batzordeetako kideak izendatzea, bai eta erreklamazio batzordeetako kideak ere.

l) Dagozkien organoek izendatutako kide bakarreko gobernu-organoak izendatzea eta kargutik ken daitezela xedatzea, bai eta kide anitzeko organoetako kideak ere baldin eta ez badagokio Hauteskunde Batzordeari haiek izendatzea.

m) Unibertsitatean zerbitzuak ematen dituzten langile guztien buru gorena izatea, bai eta unibertsitateko komunitateko kide guztiena ere, eta, orobat, indarreko legeriak beste organo bati esleitzen ez dizkion diziplina-erabakiak hartzea eta beste organo batzuei berariaz esleitu ez zaizkien eskumenak bere gain hartzea.

n) Tituluak eta diplomak ematea.

ñ) Gastua baimentzea eta ordainketak egin daitezela agintzea, onetsitako aurrekontuaren barrenean.

o) Nafarroako Unibertsitate Publikoari dagozkion eta Unibertsitate Publikoko beste organo batzuei berariaz esleitu ez zaizkien eskumen guztiak gauzatzea.

p) Berari dagokion laguntza-unitateari atxikitako langileen zuzendaritza funtzionala betetzea, zuzenean edo unitate horretako arduradunari delegatuta.

q) Era guztietako kontratuak baimendu eta formalizatzea Unibertsitatearen izenean eta haren ordezkari gisa, kontratu horien izaera juridikoa edozein dela ere, eta, berariaz, unibertsitate-erakundearen kontratazio-organo gorena izateagatik egindakoak.

r) Unibertsitateak organo, entitate eta erakundeetan izanen dituen ordezkariak izendatzea, organo horietan halakorik behar bada.

s) Lege indardunek esleitzen dizkioten gainerako eskumen eta eginkizun guztiak betetzea.

2. ATALA.–GOBERNU TALDEA

33. artikulua.

1. Errektoreordeek errektoreari Unibertsitateko gobernuan laguntzeko eginkizuna dute. Esleitzen zaizkien jarduerak koordinatu eta gidatuko dituzte, eta errektorearen ordezkari izanen dira hala delegatzen zaienean. Halaber, haren ordezko izanen dira Estatutu hauetan ezarritako kasuetan.

2. Errektoreak izendatuko ditu errektoreordeak, Nafarroako Unibertsitate Publikoan zerbitzuak ematen dituzten unibertsitateko irakaskidegoetako funtzionarioen eta irakasle kontratatu iraunkorren artetik. Errektoreak hala xedatzen duenean utziko dute errektoreordeek kargua, bai eta Estatutu hauetako 57. artikuluan ezarritako arrazoiengatik ere, d) letran aurreikusitako kasuan izan ezik.

34. artikulua.

1. Idazkari nagusiak Unibertsitateko kide anitzeko gobernu-organoen –Gizarte Kontseilua salbu– egintza eta erabakien fede ematen du.

2. Idazkari nagusia Gobernu Kontseiluko eta Klaustroko idazkaria izanen da.

3. Idazkari nagusia errektoreak izendatuko du Unibertsitatean zerbitzuak ematen dituzten irakasle eta ikertzaile doktore funtzionarioen edo teknikari eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen artetik, betiere unibertsitate titulazioren bat badute.

Idazkari nagusiak Estatutu hauetako 57. artikuluan ezarritako arrazoiengatik utziko du kargua, d) letran aurreikusitako kasuan izan ezik.

4. Idazkari nagusiaren eginkizunak dira:

a) Unibertsitateko gobernu-organoen akten artetik legez dagozkionak egitea eta zaintzea.

b) Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluaren akta eta erabakien agiriak eta ziurtagiriak egitea, bai eta Unibertsitatearen dokumentazio ofizialean jasoak dauden egintza edo egitate guztiak ere.

c) Azterketen kalifikazio aktak jasotzea eta zaintzea.

d) Unibertsitatearen Artxibo Nagusia eta zigilu ofiziala zaintzea.

e) Unibertsitatearen ekitaldi solemneak antolatzea eta protokoloa betetzea.

f) Gobernu Kontseiluaren erabakiak eta errektorearen ebazpenak argitaratzea, hala badagokio.

g) Unibertsitatearen Erregistro Orokorraren zuzendaritza.

h) Unibertsitateko jardueren urteko memoria egitea.

i) Bere kargutik eratortzen diren edo lege indardunek esleitzen dizkioten gainerako eginkizun guztiak betetzea.

5. Idazkari nagusiak, bere eginkizunak betetzeko, zilegi izanen du idazkariorde nagusi baten laguntza izatea. Errektoreari dagokio idazkariorde nagusi hori izendatu eta kargutik kentzea, artikulu honen 3. apartatuan adierazitako moduan.

35. artikulua.

1. Kudeatzaileak Unibertsitateko zerbitzu administratiboak eta ekonomikoak antolatzeko ardura zuzena du, Unibertsitatearen gobernu-organoek ezarritako jarraibideen arabera betiere.

2. Kargua hartu ondoren, kudeatzaileak ezin izanen du irakaskuntza- edo ikerketa-lanik egin, eta lanaldi osoko arduraldia izanen du.

3. Kudeatzailearen eginkizunak dira:

a) Unibertsitateko zerbitzu administratiboak eta ekonomikoak kudeatzea.

b) Kudeatzailetzaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko esparru-dokumentu bat egitea.

c) Unibertsitatearen ondarea eta aurrekontua administratu eta kudeatzea, eta ondare horren inbentarioa egitea eta eguneratzea.

d) Urte anitzeko programazioaren proposamena eta aurrekontuen aurreproiektua egitea.

e) Unibertsitateko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen zuzendari organikoa izatea eta, hala badagokio, baita funtzionala ere, errektoreak delegatuta.

f) Lege indardunek esleitzen dioten beste edozein eginkizun.

4. Bere eginkizunak betetzeko, kudeatzaileak egitura organikoa izanen du, eta, hala badagokio, kudeatzaileordeen laguntza, zeinak errektoreak izendatuko baititu, kudeatzaileak proposatuta.

IV. KAPITULUA.–KIDE ANITZEKO ETA KIDE BAKARREKO ORGANOAK, EREMU PARTIKULARREKOAK

1. ATALA.–IKASTEGIKO KONTSEILUA ETA ZUZENDARITZA

36. artikulua.

1. Fakultateen eta eskolen ikastegiko kontseilua, 6.1 artikuluan jasoa, ikastegiaren gobernu-organo arrunta da, eta hark ematen dituen ikasketak antolatzeaz arduratzen da, bere eskumenen esparruan.

2. Honako hauek izanen dira ikastegiko kontseiluko kideak:

a) Dekanoa edo zuzendaria, zeina kontseiluburu izanen baita.

b) Ikastegiko idazkaria.

c) Ikastegian irakasten duten irakasleen bost ordezkari, unibertsitateko irakaskidegoetakoak edo irakasle kontratatu iraunkorren kategoriakoak, dekanoak edo zuzendariak izendatuak.

d) Ikastegian irakasten duten irakasleen lau ordezkari, unibertsitateko irakaskidegoetakoak edo irakasle kontratatu iraunkorren kategoriakoak, talde horietako irakasleek beren artean hautatuak.

e) Ikastegiko titulazioetan irakaskuntza-ehuneko handiena duen saileko zuzendaria. Ikastegian irakasten duten gainerako sailetako zuzendariak ere joaten ahal dira kontseilura, hitzarekin baina botorik gabe.

f) Aurreko apartatuetan aipatu ez diren eta ikastegian irakasten duten gainerako irakasleen bi ordezkari.

g) Ikastegiari atxikitako titulazioetako ikasleen bost delegatu, Ikasleen Kontseiluak izendatuak.

h) Ikastegiari esleitutako teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat. Ordezkari horrek ordezko bat izanen du, ikastegiari esleitutako langile kopuruak horretarako aukera ematen badu.

i) 2. apartatuko d) eta f) letretako ordezkariak aukeratzeko, ikastegian irakasten duten irakasleak eta ikertzaileak izanen dira hautesle eta hautagai.

3. Dekanordeak eta ikastegiko kontseiluko kide ez diren zuzendariordeak bileretara joaten ahalko dira, hitzarekin baina botorik gabe.

4. Ikastegiko kontseilua gutxienez hiru hilean behin bilduko da, eta, orobat, dekanoak edo zuzendariak erabakitzen duenean edo kontseilukideen ehuneko 30ek gutxienez eskatzen dutenean.

5. Ikastegiko kontseilua sei urtean behin berrituko da, salbu eta ikasleen ordezkarien kasuan, haiek urtero berrituko baitira.

37. artikulua.

Hauek dira ikastegiko kontseiluaren eskumenak:

a) Bere eskumeneko ikasketa bakoitzari buruzko urteko txostenak onestea, baita txosten horiek dakartzaten hobetzeko proposamenak ere.

b) Ikastegiko Plan Estrategikoa eta haren aldaketak onestea.

c) Bere titulazio eta zikloetan ikasleak onartzeko mugak proposatzea.

d) Ikastegiaren Barne Erregelamendua prestatzea, zeina Gobernu Kontseiluak onetsi beharko baitu.

e) Ikastegiko zuzendariak proposatuta, 7.b) artikuluan aipatutako jarraibide espezifikoak onestea, bai eta irakasgaien edukiak titulazioetara egokitzea ere, 7.c) artikuluan ezarritakoaren esparruan, eta, hala badagokio, programen desorekak konpontzea.

f) Ikasketa-planen memorien proposamenak egitea, bai eta haiek aldatzekoak ere. Gobernu Kontseiluak onetsi beharko ditu, araudiak ezarritako prozeduraren arabera.

g) Aukerako irakasgaien eskaintza proposatzea, Gobernu Kontseiluak onetsitako irakaskuntza-programazioko jarraibide orokorrekin bat.

h) Jarraibide horien barnean, ikasketa planetako irakasgaiak emateko ardura sailei esleitzea.

i) Ikasketak ezartzeko, aldatzeko edo kentzeko proposamenak egitea, bai eta ikasketekin zerikusia duten ikastegiak sortzekoak eta aldatzekoak ere.

j) Egoki jotzen dituen batzordeak sortzea, eta, hala badagokio, inplikaturiko sailei eskatzea batzorde horietarako ordezkariak izenda ditzatela.

38. artikulua.

1. Dekanoa edo zuzendaria fakultateko edo eskolako agintari gorena da, eta ikastegiaren zuzendaritza-lana eta kudeaketa arrunta dira haren eginkizunak.

2. Hautaketa zuzenaren eta sufragio aske eta isilpekoaren bidez aukeratzen da ikastegian irakasten duten unibertsitateko irakaskidegoetako funtzionarioen eta irakasle kontratu iraunkorren artetik, baldin eta gutxienez bost urteko antzinatasun metatua egiaztatzen badute unibertsitate publiko honen eta/edo beste baten artean kategoria horietan.

3. Kasuan kasuko ikastegian emandako titulazioetan matrikulatutako ikasleak eta ikastegian irakasten duten irakasleak eta/edo ikertzaileak izanen dira hautesleak. Dekanoa edo zuzendaria aukeratzeko botoa haztatua izanen da, honako ehuneko hauen arabera:

a) Ehuneko 57 unibertsitateko irakaskidegoetako irakasleentzat eta irakasle kontratatu iraunkorrentzat.

b) Ehuneko 22 ikasleentzat.

c) Ehuneko 21 gainerako irakasle eta/edo ikertzaileentzat.

4. Hauteskunde prozesu bakoitzean, ikastegiaren Hauteskunde Batzordeak boto-zenbaketa orokorra eginen du aldez aurretik Hauteskunde Erregelamenduan ezarritako prozeduraren arabera, eta haztapen koefizienteak aplikatuko dizkie talde bakoitzak emandako boto baliodunei, boto zuriei barne, Estatutu hauetan aurreikusitako ehunekoen arabera dagokien balioa emateko.

5. Bi hautagai baino gehiago aurkezten direnean, dekano edo zuzendari izendatuko da lehen itzulian boto baliodunen erdiaren baino gehiagoren babesa lortzen duena, artikulu honetan aurreikusitako haztapenak egin eta aplikatu ondoren. Hautagaietako inork ez badu gehiengo hori erdiesten, bigarren bozketa bat eginen da, eta lehenbiziko bozketan aipatutako haztapenak kontuan hartu ondoren babes handiena lortu duten bi hautagaiak soilik aurkezten ahalko dira. Lehen itzulian bi hautagai soilik aurkezten badira edo bigarren itzulia egiten bada, haztapen horiek berak kontuan hartu ondoren botoen gehiengo soila lortzen duena izendatuko da hautetsi. Hautagai bakarra aurkezten bada, lehen itzulia besterik ez da eginen, eta hautagai hori dekano edo zuzendari izendatuko da baldin eta boto baliodunen erdiaren baino gehiagoren babesa lortzen badu, artikulu honetan aurreikusitako haztapenak egin eta aplikatu ondoren.

6. Hautagairik ez badago, edo hautagaiek behar adina boto biltzen ez badituzte, errektoreak Unibertsitatearekin lotura iraunkorra duen irakasle doktore bati esleituko dizkio zuzendaritza-eginkizunak, eta horren berri emanen dio Gobernu Kontseiluari.

7. Agintaldia sei urtekoa izanen da, berriz aukeratua izateko aukerarik gabe.

39. artikulua.

Dekanoaren edo zuzendariaren eginkizunak dira:

a) Ikastegiaren ordezkari izatea.

b) Errektoreari proposatzea lagunduko dion zuzendaritza-taldeko kideak izenda ditzala.

c) Ikastegiko jarduerak gidatu eta koordinatzea, bai eta haren administrazioaren eta aurrekontuen kudeaketa ere.

d) Ikastegiko kontseilurako deia egin eta haren buru izatea, bai eta haren erabakiak bete eta betearaztea ere.

e) Ikastegiari atxikitako teknikari eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen zuzendaritza funtzionala betetzea, langile horien lanbide-eskumenak galarazi gabe.

f) Ikastegiak ematen dituen ikasketak antolatzea, eta eskolako ordutegiak eta azterketen egutegia finkatzea.

g) Ikastegiko irakaskuntza betetzen dela kontrolatzea.

h) Estatutu hauetako 7.b) artikuluan aipatzen diren jarraibide espezifikoak proposatzea, eta ikastegiko titulazioetako irakasgaien programen edukiak koordinatzea. Koordinazio horrek, gutxienez, irakaskuntzako metodologia, gai-zerrenda eta ebaluazioa bilduko ditu.

i) Irakaskuntzaren kalitatea etengabe hobetzen saiatzea, eta horretarako beharrezkoak diren neurriak proposatzea sailei.

j) Lege indardunek ikastegiari esleitzen dizkioten beste eginkizun guztiak, betiere Estatutu hauetan ikastegiko kontseiluari esleitzen ez bazaizkio.

k) Lege indardunek esleitzen dioten beste edozein eginkizun.

40. artikulua.

1. Ikastegiaren zuzendaritza-taldeak ikastegiko zuzendaritzako eta kudeaketa arrunteko lanetan lagunduko dio dekanoari edo zuzendariari.

2. Hauek osatuko dute: dekanoak edo zuzendariak, zeina buru izanen baita, ikastegiaren idazkariak eta dekanordeek edo zuzendariordeek.

3. Dekanorde edo zuzendariorde bat egon daiteke ikastegiaren eskumeneko titulazio edo titulazio-talde bakoitzeko. Haien kopurua eta ikastegiaren zuzendaritza-taldeari lagunduko dioten baliabide administratiboak Gobernu Kontseiluak ezarriko ditu.

2. ATALA.–SAILEKO KONTSEILUA ETA ZUZENDARITZA

41. artikulua.

1. Saileko kontseilua sailaren kide anitzeko gobernu-organoa da, eta honako hauek osatzen dute:

a) Honako kategoria hauetakoak diren saileko kide guztiak: unibertsitateko irakaskidegoetako irakasle funtzionarioak, irakasle kontratatu iraunkorrak eta irakasle nabarmenak.

b) Laguntzaile doktore kategoriako langile guztiak.

c) Irakasle elkartuen eta/edo saileko ordezko irakasleen lau ordezkari.

d) Sailak ematen dituen graduko eta masterreko ikasketetako delegatuen, delegatuordeen eta klaustrokideen zenbait ordezkari; haien kopurua saileko kontseiluaren osaera osoaren ehuneko 25en baliokidea izanen da, Ikasleen Kontseiluaren Erregelamenduan araututako baldintzetan.

e) Sailari esleitutako teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat. Ordezkari horrek ordezko bat izanen du, baldin eta langile nahikoa badago.

2. Saileko idazkaria izanen da kontseiluko idazkaria. Kontseiluko kide ez bada, hitzarekin baina botorik gabe joanen da bileretara.

3. Saileko kontseilua gutxienez hiru hilean behin bilduko da, eta, orobat, zuzendariak erabakitzen duenean edo kontseilukideen ehuneko 30ek gutxienez eskatzen dutenean.

4. Saileko kontseilua sei urtean behin berrituko da, salbu eta ikasleen ordezkarien kasuan, haiek urtero berrituko baitira. Ikasleen ordezkariak partzialki berritu behar badira, ordezkari kopurua kalkulatzeko, erreferentziatzat hartuko da kontseiluak nolako osaera zuen sei urteko agintaldia amaitu eta zuzendaria aukeratzeko hauteskundeak egin ondoren saileko kontseilua eratu zen egunean.

42. artikulua.

Hauek dira saileko kontseiluaren eskumenak:

a) Saileko zuzendaria aukeratzea eta hura kargugabetzeko proposamena egitea.

b) Sailaren irakaskuntza-jardueren urteko txostena eta irakaskuntza-planak onestea.

c) Sailaren Plan Estrategikoa eta haren aldaketak onestea.

d) Saileko kideen ikerketa-lana sustatzea eta bideratzen laguntzea.

e) Irakaskuntza Antolatzeko Plana onestea.

f) Irakasleen eta ikertzaileen zer lanpostu behar diren zehaztea eta finkatutako bideak erabiliz bete daitezela eskatzea, eta, orobat, teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen zer lanpostu behar diren proposatzea.

g) Estatutu hauek finkatzen duten esparruan, unibertsitateko irakaskidegoetako irakasle lanpostuak eskuratzeko lehiaketak ebatziko dituzten batzordeetako kideak proposatzea.

h) Aurrekontu eta baliabideen esleipena banatzea, Barne Erregelamenduan xedatutakoaren arabera.

i) Sailaren Barne Erregelamendua prestatzea, zeina Gobernu Kontseiluak onetsi beharko baitu.

j) Gobernu Kontseiluari proposamenak igortzea sailak sortu, aldatu, fusionatu, banatu edo kentzeari buruz, hori guztia Estatutu hauetako 8.3 artikuluaren esparruan.

k) Egoki jotzen dituen batzordeak sortzea eta haien kideak aukeratzea.

43. artikulua.

1. Sailaren zuzendaritza-taldeak saileko zuzendaritzako, koordinazioko eta kudeaketa arrunteko lanetan lagunduko dio zuzendariari.

2. Hauek osatuko dute: zuzendariak, zeina buru izanen baita, idazkariak eta zuzendariordeek.

3. Zuzendariorde kopurua eta zuzendaritza-taldeari lagunduko dioten baliabide administratiboak Gobernu Kontseiluak ezarriko ditu.

4. Zuzendariak errektoreari proposatuko dio gobernu taldeko kideak izenda ditzala saileko kideen artetik.

44. artikulua.

1. Saileko zuzendaria saileko agintari gorena da. Hala, gobernu arrunta gauzatuko du, saileko kontseiluaren bileretako buru izanen da eta haren erabakiak beteko ditu.

2. Zuzendaria saileko kontseiluak aukeratuko du saileko kide diren unibertsitateko irakaskidegoetako irakasleen eta irakasle kontratatu iraunkorren artetik.

3. Saileko zuzendariak, hautatua izateko, saileko kontseiluko kideen gehiengo absolutua beharko du. Gehiengo hori hautagai bakar batek ere lortzen ez badu, hurrenez hurreneko bozketak eginen dira boto gehien lortu duten bi hautagaien artetik, halakorik bada, eta gehiengo soila lortzen duena izanen da hautatua. Hautagai bakarra baldin badago, lehen bozketan izanen da hautatua, baldin eta aldeko botoak erroldatuen erdiak baino gehiago badira, edo bigarren bozketan, aldeko botoak kontrako botoak baino gehiago badira.

4. Hautagairik ez badago, edo hautagaiek behar adina boto biltzen ez badituzte, errektoreak Unibertsitatean ari den unibertsitateko irakaskidegoetako irakasle bati edo irakasle kontratatu iraunkor bati esleituko dizkio zuzendaritza-eginkizunak, eta horren berri emanen dio Gobernu Kontseiluari.

5. Agintaldia sei urtekoa izanen da, berriz aukeratua izateko aukerarik gabe.

45. artikulua.

Saileko zuzendariaren eginkizunak dira:

a) Sailaren ordezkari izatea.

b) Errektoreari proposatzea lagunduko dion zuzendaritza-taldeko kideak izenda ditzala.

c) Saileko irakaskuntzako eta ikerketako jarduerak koordinatzea.

d) Saileko kontseilurako deia egin eta haren buru izatea, bai eta haren erabakiak bete eta betearaztea ere.

e) Saileko langileen eskaerak zein iradokizunak jaso eta bideratzea.

f) Saileko administrazioaren eta aurrekontuen kudeaketa gidatzea.

g) Sailari atxikitako teknikari eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen zuzendaritza funtzionala betetzea, langile horien lanbide-eskumenak galarazi gabe.

h) Idazkariarekin batera, sailaren urteko txostena egitea.

i) Irakaskuntzako eta ikerketako eginbeharrak bete daitezen zaintzea.

j) Hurrengo ikasturtean emanen diren irakasgaien programak ikastegietara bidaltzea. Programetan, gutxienez ere, hauek jasoko dira: helburuak, gai-zerrenda, irakaskuntzako eta laneko metodologia, ebaluazio sistema eta erreferentzia bibliografikoak.

k) Bere eskumenen esparruan, prestakuntzako langileei, lankideei eta bisitariei baimena ematea sailean egon daitezen eta hango baliabideak erabil ditzaten, Nafarroako Unibertsitate Publikoko langile izan gabe ere irakasteko edo ikertzeko lanetan aritzen direnean.

l) Lege indardunek sailari esleitzen dizkioten beste eskumen guztiak, betiere Estatutu hauetan saileko kontseiluari esleitzen ez bazaizkio.

3. ATALA.–DOKTORETZA ESKOLAKO ZUZENDARITZA KOMITEA ETA ZUZENDARITZA

46. artikulua.

1. Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak doktoretzako ikasketen araudia onetsiko du, bai eta Doktoretza Eskolaren funtzionamendua arautuko duen erregelamendua ere, eta gobernu-organoen eta dagozkien karguen eskumenak eta eginkizunak zehaztuko ditu.

2. Nafarroako Doktoretza Eskola organo hauetan egituratzen da:

a) Zuzendaritza Komitea.

b) Eskolako zuzendaria.

3. Gainera, eskolak idazkari bat eta/edo beharrezkoa izanez gero izendatuko diren zuzendariordeak izanen ditu, zeinak zuzendariari bere eginkizunak betetzen lagunduko baitiote.

Doktoretza Eskolaren funtzionamenduari buruzko araudiak ezarriko ditu kargu horiek betetzeko eskatzen diren baldintzak, eta, orobat, haien eginkizunak zehaztuko ditu.

47. artikulua.

1. Doktoretza Eskolaren Zuzendaritza Komitea, bere eskumenen esparruan, doktoretzako prestakuntzaren plangintzaz, programazioaz eta antolamenduaz arduratzen den gobernu-organo arrunta da.

2. Hauek dira Doktoretza Eskolaren Zuzendaritza Komitearen eginkizunak, besteak beste:

a) Gobernu Kontseiluari proposatzea Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretzako ikasketa ofizialen jarraibide orokorrak, eztabaidatu eta onets ditzan.

b) Doktoretza-programen proposamenak aztertzea, kasu bakoitzean honako hauek aztertuz: bideragarritasun akademikoa eta ekonomikoa, aukera estrategikoa, indarrean dagoen araudiarekiko egokitasuna eta programaren kalitate akademikoa.

c) Gobernu Kontseiluan onetsi beharreko doktoretza-programak proposatzea, ondoren erakunde eskudunek egiaztatu eta baimendu ditzaten.

d) Txostenak egitea beste instituzio edo erakunde publiko zein pribatu batzuekin egindako lankidetza-akordioei buruz, bere ekimenez edo Programaren Batzorde Akademikoak proposatuta.

e) Unibertsitateko doktoretza-araudian zehaztutako doktoregaiak erakartzeko, onartzeko, matrikulatzeko, ikasketetan irauteko eta ikasketak bukatzeko administrazio- eta antolaketa-prozedurak ezartzea.

f) Neurriak hartzea doktoretza-programetan sartzen diren ikasleek behar den aholkularitza izan dezaten programa horietan erabat integratzeko beharrezkoak dituzten alderdi guztiei buruz.

g) Doktoretza-programetako batzorde akademikoek proposatutako tesi-konpromisoak eta kotutoretzak onartzea, haiek betetzen direla zaintzea eta doktoregaiek jasotako prestakuntzaren kalitatea gainbegiratzea.

h) Kalitatezko ikerketa zientifikoarekin eta aplikatzekoa den araudian deskribatutakoekin lotutako konpetentziak eta trebetasunak eskuratzeko egokiak diren prestakuntza-jarduerak antolatzea eta gainbegiratzea, eta haien arteko interakzioa eta diziplinarteko elkarrizketa sustatzea.

i) Prestakuntza-jarduerak antolatzea doktoretza-tesien tutore eta zuzendari direnentzat.

j) Doktoretza-tesien defentsak baimentzea, eta tesien epaimahaiak osatuko dituzten kideak eta kanpoko ikuskatzaileak izendatzea.

k) Eskolaren ardurapeko doktoretza-programen akreditazioaren egiaztapenari, jarraipenari eta berritzeari buruzko eskakizunen ondoriozko prozesuak zehaztu eta administratzea.

l) Eskolaren eta doktoretzako ikasketen funtzionamendua arautu behar duen jardunbide egokien kodea onestea.

m) Eskolaren Barne Erregelamendua prestatzea, zeina Gobernu Kontseiluak onetsi beharko baitu.

n) Aplikatzekoa den araudiak esleitzen dion beste edozein eginkizun.

48. artikulua.

1. Honako hauek izanen dira Doktoretza Eskolaren Zuzendaritza Komiteko kideak:

a) Zuzendaria, zeina buru izanen baita.

b) Eskolako idazkaria.

c) Zuzendariordeak, halakorik badago.

d) Eskolaren eskumenekoak diren doktoretza-programen koordinatzaileak.

e) Unibertsitateko ikerketa-institutuetako zuzendariak.

f) Kanpoko beste entitate batzuetako gehienez ere hiru ordezkari, Gobernu Kontseiluak izendatuak Doktoretza Eskolako zuzendariaren proposamenez. Sei urteko agintaldia izanen dute.

g) Doktoretzako ikasketetan matrikulatutako ikasleen zenbait ordezkari, Ikasleen Kontseiluak hautatuak. Ordezkari kopurua organoa osatzen duten kideen gutxienez %25era iristeko behar dena izanen da.

h) Doktoretza Eskolari atxikitako teknikari eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat. Ordezkari horren agintaldia sei urtekoa izanen da, eta ordezko bat izanen du.

2. Ikasleen ordezkariak hiru urtean behin berrituko dira.

3. Gobernu Kontseiluak ezarriko ditu Doktoretza Eskolako gobernu-organoetan parte hartzeko eskakizun akademikoak eta ikerketako merezimenduak.

49. artikulua.

Doktoretza Eskolako zuzendaria organo horretako agintari gorena da. Errektoreak izendatuko du Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak (ANECA) edo Nafarroako Foru Komunitateko dagokion agentziak aitortutako ikerketa-jarduerako hiru aldi (azkena indarrean) dituzten ikertzaile prestigiodunen artetik.

4. ATALA.–IKERKETA-INSTITUTUKO KONTSEILUA ETA ZUZENDARITZA

50. artikulua.

1. Ikerketa-institutuak organo hauetan egituratzen dira:

a) Institutuko Kontseilua.

b) Institutuko zuzendaria.

2. Institutuko Kontseilua institutuaren gobernu-organoa da, eta honako hauek izanen dira kideak:

a) Gobernu Kontseiluak onetsitako araudiari jarraikiz institutuari atxikitako ikertzaile doktore guztiak.

b) Unibertsitateko doktoretza-programaren batean matrikulatuta dauden eta tutore edo zuzendari gisa institutuari atxikitako ikertzaile bat duten ikasleen kopuru jakin bat, zeina Kontseiluko kide guztien %25 izanen baita.

Institutuko Kontseiluko ikasleak 3 urtean behin aukeratuko dira Unibertsitateko doktoretza-programa batean matrikulatuta dauden eta tutore edo zuzendari gisa institutuari atxikitako ikertzaile bat duten ikasleen artetik.

3. Hauek dira Institutuko Kontseiluaren eginkizunak:

a) Errektoreari proposatzea institutuko zuzendaria izendatu eta kargutik kendu dezala.

b) Onestea institutuko kideak atxiki edo desatxiki daitezela.

c) Plan Estrategikoa eta haren ondoriozko urteko jarduketa-plana onestea, bai eta jardueren memoria ere.

d) Institutuaren esparruan egiten diren ikerketa-lerroak onestea.

e) Institutuko kideen arteko elkarrizketa eta ideia trukea sustatzea modu aktiboan.

f) Ahalik eta eraginkortasun handienarekin antolatzea, partekatzea eta kudeatzea institutuko ikertzaileek erabiltzen dituzten azpiegiturak eta ekipamenduak.

g) Ekoizpen sarearekin eta gizartearekin lankidetza sustatzea eta horretarako bideak sortzea.

h) Ikertzaileen prestakuntzari laguntzea, ikuspegi irekia eta diziplina anitzekoa emanez.

i) Entzute handiko ikertzaileak erakartzea institutuaren jardueretan parte hartzeko edo aholkulari gisa aritzeko.

j) Beren lana eta emaitzak zabaldu eta dibulgatzea, bai esparru akademiko espezializatuetan, bai gizartean.

k) Aplikatzekoa den araudiak esleitzen dion beste edozein eginkizun.

3. Gobernu Kontseiluak erabakitako arauak aplikatuko zaizkio Ikerketa Institutuaren Kontseiluari.

51. artikulua.

1. Zuzendaria ikerketa-institutuko agintari gorena da. Zuzendaria errektoreak izendatuko du, Institutuko Kontseiluak proposatuta, institutuko irakasle funtzionarioen edo langile kontratatu iraunkorren artetik. Egiaztatu beharko du ikerketa-jardueraren hiru ebaluazio positibo dituela gutxienez ere, azkena indarrean. Agintaldiak sei urte iraunen du gehienez, eta ezin izanen da berritu. Zilegi da zuzendaria kargutik kentzea, Kontseiluak hala proposatzen badu.

2. Ikerketa-institutuak idazkari bat eta/edo beharrezkoa izanez gero izendatuko diren zuzendariordeak izanen ditu, zeinak zuzendariari bere eginkizunak betetzen lagunduko baitiote.

Instituturen funtzionamenduari buruzko araudiak ezarriko ditu kargu horiek betetzeko eskatzen diren baldintzak, eta, orobat, haien eginkizunak zehaztuko ditu.

3. Nafarroako Unibertsitate Publikoari atxikitako ikerketa-institutuetan atxikipen hitzarmenean xedatutakoa beteko da.

HIRUGARREN TITULUA.–HAUTESKUNDE ARAUBIDEA

I. KAPITULUA.–GOBERNU ORGANOAK HAUTATZEA ETA KARGUGABETZEA

52. artikulua.

1. Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoan, Estatutu hauetan eta Unibertsitateko Hauteskunde Erregelamenduan ezarritakoaren arabera hautatuko dira unibertsitateko komunitateko sektoreek Klaustroan, ikastegiko kontseiluetan, saileko kontseiluetan eta ikerketa-institutuetan izanen dituzten ordezkariak, bai eta gainerako gobernu- eta ordezkaritza-organoak ere.

2. Gobernu-organoetarako hauteskundeetan, bete beharreko postuen kopurua hirutik gorakoa bada eta postu horietarako pertsonak gehiengoz aukeratzen badira hautagaiei zuzeneko botoa emanez, hautesle bakoitzak botoa ematen ahalko dio bete beharreko postu kopuruaren ehuneko jakin bati gehienez, hain zuzen Klaustroari buruzko 23. artikuluan ezarrita dagoenari. Ehuneko hori aplikatuta ateratzen den zenbakia osoa ez bada, goragoko zenbaki osora biribilduko da.

3. Halaber, Estatutu hauen babesean eratzen diren batzordeetako kideak Unibertsitateko Hauteskunde Erregelamenduan aurreikusitako moduan aukeratuko dira.

4. Gobernu Kontseiluari dagokio aurreko paragrafoetan aipatutako hautaketa-prozesuak arautuko dituen Hauteskunde Erregelamendua onestea. Prozesu horietan, Estatutu hauetan aurreikusitako kide anitzeko gobernu-organoen osaera orekatua bermatzeko neurriak jasoko dira, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako 3/2007 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera.

53. artikulua.

1. Sufragio aktiborako eskubidea izanen dute hauteskundeetarako deialdia egiten den egunean Nafarroako Unibertsitate Publikoan zerbitzuak ematen dituzten pertsona guztiek, bai eta egun horretan Espainia osoa balio duten titulu ofizialak lortzeko ikasketetan matrikulatuta dauden ikasleek ere.

2. Sufragio pasiborako eskubidea izanen dute aurreko egoeran daudenek, baldin eta Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoan eta Estatutu hauetan eskatutako gainerako baldintzak betetzen badituzte.

3. Artikulu honen lehenbiziko apartatuan aipaturikoak ez diren beste ikasketa batzuk egiten dituzten ikasleek sufragio aktiborako eta pasiborako eskubidea izanen dute Gobernu Kontseiluak helburu horretarako onesten duen araudiak ezartzen dituen baldintzetan eta betekizunekin.

4. Sufragiorako eskubidea pertsonala eta besterenezina da, eta ezin da delegatu. Hauteskunde Erregelamenduak posta bidezko botoa edo botoa aldez aurretik emateko beste modu batzuk arautzen ahalko ditu.

5. Unibertsitateko kide bat bi taldetakoa edo gehiagokoa bada, hauteskunde-prozesu bakoitzean haietako batean bakarrik izaten ahalko da hautesle eta hautagai, Hauteskunde Erregelamenduan xedatutakoaren arabera.

54. artikulua.

1. Unibertsitateko taldeek kide anitzeko organoetan izanen dituzten ordezkariak aukeratzeko hauteskundeetarako deialdia egitea organo horietako buruei dagokie. Hauteskunde Erregelamenduan zehazten den epean eta moduan egin beharko dute deialdia.

2. Kide bakarreko gobernu-organoen kasuan, kargua uzten duen titularrak eginen du hauteskundeetarako deialdia, Hauteskunde Erregelamenduan zehazten den epean eta moduan.

55. artikulua.

1. Unibertsitateko kide anitzeko organoetako kideek honako arrazoi hauengatik utziko dute kargua:

a) Judizialki aitortutako ezintasunagatik.

b) Agintaldia amaitzeagatik.

c) Berariaz uko egiteagatik.

d) Aukeratua izan zen taldekoa izateari uzteagatik.

e) Ordezkari den organoko kide izateari uzteagatik, legean aurreikusitako kasuetan izan ezik.

f) Izendatuak edo hautatuak izan ziren kargua uzteagatik.

g) Hiltzeagatik.

h) Arau indardunetan aurreikusitako beste edozein arrazoirengatik.

2. Ikaslea ez den ordezkari batek bere eginkizunak uzten dituenean, hautatua izan zen hauteskundeetan boto gehien lortu zuen hurrengo kideak ordezkatuko du. Ezinezkoa bada prozedura horri jarraitzea, hauteskunde partzialetarako deialdia eginen da postu hutsa betetzeko. Bi kasuetan, ordeztutako ordezkariari legokiokeen agintaldia amaitu arte iraunen du agintaldiak.

3. Kargua uzteko arrazoia b) eta c) letretan aurreikusitakoetako bat edo antzeko beste bat bada, ukitutako pertsonak bere eginkizunak betetzen jarraituko du haren ordezkoa izendatu edo hautatu arte.

4. Ikasleen ordezkari batek Klaustroko kide izateari uzten badio, hautatu zuten zerrendako hurrengo kideak ordezkatuko du, halakorik balego. Halakorik ez badago, ez da beste inor hautatuko agintaldi hori amaitu arte.

5. Ikasleen ordezkari batek Klaustroa ez den kide anitzeko organo bateko kide izateari uzten badio, hautatua izan zen hauteskundeetan boto gehien lortu zuen hurrengo kideak ordezkatuko du. Ezinezkoa bada prozedura horri jarraitzea, Hauteskunde Erregelamenduan ezarritakoari jarraituko zaio.

6. Unibertsitateko Hauteskunde Erregelamenduak kide anitzeko organoetako kideen ordezkapenak eta lanpostu hutsak betetzeko araubidea ezarriko du.

56. artikulua.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko hauteskunde-prozesuak antolatzea, kontrolatzea, haien emaitzak aldarrikatzea eta ebaztea Unibertsitateko Hauteskunde Batzorde Nagusiari eta Hauteskunde Batzorde Lokalei dagokie, Hauteskunde Erregelamenduan xedatutakoaren arabera.

2. Honako hauek izanen dira Hauteskunde Batzorde Nagusiko kideak:

a) Unibertsitateko idazkari nagusia, zeina batzordeburu izanen baita.

b) Unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten irakasle doktoreen bi ordezkari, zozketa bidez izendatuak.

c) Aurreko kategoriakoak ez diren irakasle eta ikertzaileen ordezkari bat, zozketa bidez izendatua.

d) Ikasleen ordezkari bat, haien klaustrokideen artean zozketa bidez izendatua.

e) Teknikari eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, Unibertsitatean etenik gabe sei hilabetez zerbitzuak eman dituzten langileen artean zozketa bidez izendatua.

f) Unibertsitateko zerbitzu juridikoen administrari arduraduna, zeina Batzordeko idazkaria izanen baita eta hitzarekin baina botorik gabe parte hartuko baitu.

3. Hauteskunde Batzorde Lokalak fakultatekoak, eskolakoak, sailekoak eta ikerketa-institutukoak izan daitezke.

4. Fakultateko edo eskolako Hauteskunde Batzordeak honako hauek osatuko dituzte: dekanoa edo zuzendaria, zeina batzordeburu izanen baita, dekanorde edo zuzendariorde bat eta ikastegiko idazkaria.

5. Saileko eta ikerketa-institutuko Hauteskunde-Batzordeak honako hauek osatuko dituzte: zuzendaria, zeina batzordeburu izanen baita; zuzendariorde bat, zuzendariak izendatua; eta saileko edo ikerketa-institutuko idazkaria.

6. Hauteskunde Batzordearen kide bakoitzeko ordezkari bat izendatuko da gutxienez, Hauteskunde Erregelamenduan ezarritako prozeduraren arabera.

7. Baldin eta Hauteskunde Batzorde bateko kide bat hautagai aurkezten bada Batzordearen eskumena den hauteskunde prozesu batean, ezin izanen da Batzordean aritu prozesuak dirauen bitartean, eta bateraezintasun edo abstentzio auzirik ez duen ordezko bat arituko da haren ordez.

8. Hauteskunde Batzorde Nagusiaren agintaldia sei urtekoa izanen da, salbu eta ikasleen ordezkarien kasuan, haien agintaldia bi urtekoa izanen baita. Postu hutsak betetzeko, batzordekideak aukeratzeko ezarritako prozedura bete beharko da.

9. Unibertsitateko Hauteskunde Erregelamenduak esleitzen dizkion eginkizunez gain, honako hauek dira Hauteskunde Batzorde Nagusiaren eskumenak:

a) Hauteskunde araudia interpretatzeko irizpideak bateratzea.

b) Klaustroa, Gobernu Kontseilua eta errektorea aukeratzeko prozesuak antolatzea, kontrolatzea, haien emaitzak aldarrikatzea eta aurkaratzeak ebaztea.

c) Hauteskunde Batzorde Lokalak erabakia hartu ondoren, halako batzordeen eskumeneko prozesuei dagokienez planteatzen diren gaien berri izatea errekurtso-bidean.

10. Hauteskunde Batzorde Lokalek Unibertsitateko Hauteskunde Batzorde Nagusiaren antzeko eskumenak dituzte, betiere hauteskundeen eremua fakultatera, eskolara, sailera edo ikerketa-institutura mugatzen bada. Hauteskunde Batzorde Lokalek ematen dituzten behin betiko egintza edo erabakien aurka zilegi da errekurtsoa aurkeztea, Hauteskunde Batzorde Nagusiari zuzendua, Hauteskunde Erregelamenduan aurreikusitakoaren arabera.

11. Hauteskunde mahaiko kide izateari ezin zaio uko egin, salbu eta horretarako arrazoi justua badago eta hura alegatu duenak behar bezala egiaztatzen badu.

57. artikulua.

1. Eremu partikularreko kide bakarreko gobernu-organoetako titularrek honako arrazoi hauengatik utziko dute kargua:

a) Judizialki aitortutako ezintasunagatik.

b) Agintaldia amaitzeagatik.

c) Berariaz uko egiteagatik.

d) Zentsura mozio bat onetsia izateagatik, Estatutu hauetako 58. eta 59. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.

e) Unibertsitateko komunitateko, edo, hala badagokio, dagokion saileko, institutuko edo ikastegiko kide izateari uzteagatik.

f) Hiltzeagatik.

g) Arau indardunetan aurreikusitako beste edozein arrazoirengatik.

2. Kargua uzteko arrazoia b) eta c) letretan aurreikusitakoetako bat edo antzeko beste bat bada, ukitutako pertsonak bere eginkizunak betetzen jarraituko du haren ordezkoa izendatu edo hautatu arte. Gehienez ere sei hilabeteko epean egin beharko da hori, salbu eta errektoreak hurrengo apartatuan aurreikusitako erabakietako bat hartzen badu.

Kide bakarreko gobernu-organo izatearen baldintzarik ez duten karguak direnean ere aplikatuko da xedapen hau, Estatutu hauetako 16.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

3. Kargua uztearen arrazoiak ikastegiko dekanoari edo zuzendariari edo saileko edo ikerketa-institutuko zuzendari bati eragiten badio, pertsona horrek jarduneko kargudun gisa jarraitzen ahalko du dagokion hauteskunde prozesua ebatzi arte, edo, bestela, izendatzen duen dekanordeak edo zuzendariordeak ordezkatzen ahalko du, halakorik badago, edo, halakorik ezean, irakasle iraunkor gisa antzinatasun handiena duenak.

Jardunean den ikastegiko dekanoak edo zuzendariak edo saileko edo ikerketa-institutuko zuzendariak eginen du hauteskundeetarako deialdia, Hauteskunde Erregelamenduan ezarritako prozeduraren arabera. Ordezkatuaren agintaldia amaitu arte gelditzen den denborarako izanen du agintaldia aukeratutako pertsonak.

58. artikulua.

1. Ikastegiko kontseiluek aukera dute zentsura-mozio bat onetsiz beren dekanoak edo zuzendariak kargugabetzeko, dagokion kide anitzeko organoko kideen ehuneko 30ek proposatuta. Unibertsitatearen Erregistro Elektroniko Orokorrean aurkeztutako idazki baten bidez abiaraziko dute mozioa, eta idazki horretan mozioa proposatu dutenen sinadurak agertu beharko dira, behar bezala egiaztatuak, bai eta ekimenaren justifikazioa ere.

2. Aurreko apartatuan adierazitako baldintzak beteta ekimena aurkeztuz gero, dagokion kide anitzeko organoak deialdia eginen du berehala hamabost egun balioduneko epean mozioa eztabaidatu eta bozkatzeko.

3. Ekimena onesteko, dagokion kide anitzeko organoko kideen gehiengo osoak aldeko botoa eman beharko du.

4. Ekimena onetsiz gero, dekano edo zuzendari berri bat aukeratu beharko da, Estatutu hauetan aurreikusitakoarekin bat etorriz. Kargugabeturiko pertsonari gelditzen zaion aldirako aukeratuko da dekano edo zuzendari berria.

5. Zentsura-mozioa ez bada iristen artikulu honetako 3. apartatutan aurreikusitako gehiengora, haren sinatzaileek ezin izanen dute beste bat aurkeztu bozketa egiten denetik urtebete igaro arte.

59. artikulua.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko saileko eta ikerketa-institutuko kontseiluek aukera dute haiek aukeratutako zuzendariak kargugabetzeko zentsura-mozio bat onetsiz.

2. Zentsura-mozioa Unibertsitatearen Erregistro Elektroniko Orokorrean aurkeztu beharko dute saileko kontseilua osatzen dutenen %30ek gutxienez, eta, gainera, hautagai bat eta hura hautatua izanez gero garatuko lukeen unibertsitate-politikaren lerro espezifikoen programa aurkeztu beharko dituzte.

3. Zentsura-mozioa aurkeztu ondoren, hamabost eta hogeita hamar egun baliodun bitarteko epean eztabaidatu eta bozkatuko da.

4. Zentsura-mozioa onesteko, saileko kontseiluko kideen gehiengo osoak aldeko botoa eman beharko du.

5. Zentsura-mozioa onesten bada, automatikoki aldarrikatuko da mozioa sinatu zutenek proposatutako hautagaia.

6. Zentsura-mozioa ez bada iristen artikulu honetako 4. apartatutan aurreikusitako gehiengora, haren sinatzaileek ezin izanen dute beste bat aurkeztu bozketa egiten denetik urtebete igaro arte.

LAUGARREN TITULUA.–JARDUERA AKADEMIKOAK ETA UNIBERTSITATE ZABALPENA

I. KAPITULUA.–IKASKETAK

60. artikulua.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak fakultateen, eskolen, beste ikastegi batzuen eta Gobernu Kontseiluak zehazten dituen egituren bidez antolatuko ditu bere ikasketak.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaskuntza honako hauen inguruan antolatuko da:

a) Espainia osoan balio duten graduko, masterreko eta doktoretzako titulu ofizialak lortzeko ikasketak.

b) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren titulu berekiak lortzeko ikasketak; titulu horiek unibertsitate-titulu ofizialez bestelakoak izanen dira, eta Gobernu Kontseiluak ezarriko du haien araubidea.

c) Prestakuntza jarraitura bideratutako ikasketak; zenbait modalitatetakoak izan daitezke, hala nola mikrokredentzialak, mikromoduluak edo iraupen laburreko beste programa batzuk, Gobernu Kontseiluak horretarako onesten duen araudiaren arabera.

3. Aurreko apartatuko b) eta c) letretan aipatzen diren ikasketak finantzatzeko, berek sortzen dituzten diru-sarrerak erabiliko dira, eta ikasketa horiek beste unibertsitate batzuekin edo beste erakunde edo entitate batzuekin lankidetzan ematen ahalko dira, horretarako ezartzen diren hitzarmenen arabera.

4. Irakaskuntza, ahal dela, modalitate presentzialean emanen da; salbuespen gisa, ikasgai batzuk modalitate hibridoan edo birtualean ematen ahalko dira, Gobernu Kontseiluak horretarako ezartzen dituen irizpideen arabera.

61. artikulua.

1. Sailek, esleitzen dituzten irakasleen bidez, atxiki zaizkien ikasketa-planetako moduluak, ikasgaiak edo irakasgaiak emateko erantzukizuna izanen dute, Gobernu Kontseiluak ikastegiko kontseiluen proposamenez onetsitako jarraibideekin eta ikasketa-planekin bat.

2. Sailek, beren irakasleen bitartez, parte hartzen duten doktoretza-programetan esleitzen zaizkien modulu, ikasgai edo irakasgaiak emanen dituzte. Halaber, unibertsitate-zabalpeneko jardueretan parte hartzen ahalko dute horretarako gaitasuna eta baliabideak badituzte.

3. Ikasketak emateko erantzukizuna ezin bada gauzatu, Gobernu Kontseiluak haiek garatzeko eta emateko aukera emanen duten arauak ezarriko ditu.

62. artikulua.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak Ikasketa Batzorde bat izanen du, zeinak aholku emanen baitu Nafarroako Unibertsitate Publikoaren graduko eta graduondoko ikasketa ofizialei eta ikasketa berekiei eragiten dieten gai guztiei buruz. Haren eginkizun nagusia izanen da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eskaintza akademikoaren koherentzia globala zaintzea eta emandako tituluen ikasketa-planak egokitzea.

2. Ikasketa Batzordeak kide hauek izanen ditu gutxienez:

a) Ikasketen arloan eskumena duen errektoreordea, zeina batzordeburu izanen baita.

b) Titulu berekien arloan eskumena duen errektoreordea, edo hark eskuordetutako pertsona.

c) Tituluen Kudeaketaren eta Kalitatearen Arloko zuzendaria, Ikasketen arloan eskumena duen Errektoreordetzakoa.

d) Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikastegietako dekanoak eta zuzendariak.

e) Nafarroako Doktoretza Eskolako zuzendaria.

f) Ikasleen Kontseiluko burua, edo hark eskuordetzen duen organo horretako pertsona.

g) Kalitatearen arloan eskumena duen unitateko arduraduna, hitzarekin baina botorik gabe.

h) Irakaskuntza Zerbitzuko arduraduna, hitzarekin baina botorik gabe, zeina Batzordeko idazkaria izanen baita.

Errektoreak zilegi izanen du, Gobernu Kontseiluari jakinaraziz gero, beste kide batzuk izendatzea, kasu bakoitzean Batzordeak hobeki funtzionatzeko beharrezkoak direla uste badu.

63. artikulua.

1. Ikasketa Batzordea kontsultarako organoa da, eta eginkizun hauek ditu:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren titulazioen mapa aztertzea, gainbegiratzea eta hari buruzko diagnostikoak egitea, titulu ofizialenak eta ez-ofizialenak barne.

b) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikasketak diseinatu, prestatu eta ezartzeko emandako jarraibideak bete daitezen zaintzea.

c) Ikasketa-plan berriak zehazteko osatzen diren lantaldeak koordinatzea eta behar bezala funtziona dezaten zaintzea, bai eta sor daitezkeen zailtasunak konpontzea ere.

d) Tituluei eta ikasketa-planei buruz beste erakunde edo entitate publiko zein pribatu batzuekin egindako lankidetza-akordioak baloratzea.

e) Gobernu Kontseiluak esleitzen dion beste edozein eginkizun.

2. Ikasketa Batzordeak honako gai hauek aztertu beharko ditu Gobernu Kontseiluari bidali aurretik:

a) Titulu ofizialak eta ikasketa berekiak ezartzeko, aldatzeko eta kentzeko proposamenak.

b) Graduko, unibertsitate masterreko eta doktoretzako titulu ofizialak lortzera bideratutako ikasketak eta ikasketa berekiak arautuko dituzten arauetarako proposamenak.

c) Graduko eta unibertsitate masterreko tituluen eta sarbide berriko ikaspostuen urteko eskaintzaren proposamena.

d) Ikasketa berekien urteko eskaintzaren proposamena.

e) Ikasturte bakoitzeko egutegi akademikoaren proposamena.

f) Gobernu Kontseiluak eskatzen dion beste edozein.

3. Ikasketa Batzordeak azpibatzordeak eratzen ahalko ditu bere barnean, bere eskumeneko gai espezifikoak aztertzeko.

64. artikulua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko matrikulazioa eta deialdien araubidea graduko eta masterreko ikasketen arauetan zehaztuko dira, zeinak Gobernu Kontseiluak onetsiko baititu. Arau horiek egiteko, ikastegiei entzunen zaie beti.

65. artikulua.

Irakaslanaren erantzukizunaren berezko betebeharra da modulu, ikasgai edo irakasgai bakoitzari esleitutako irakasleek irakaskuntza-jarduerak garatzea. Sailek bitartekoak jarriko dituzte jarduera horiek kalterik izan ez dezaten baldin eta, arrazoi larri edo ezohikoren batengatik, irakasleren batek ezin badu lan hori egin.

66. artikulua.

1. Beste unibertsitate batzuetatik, beste ikastegi batzuetatik edo Nafarroako Unibertsitate Publikoko beste titulazio batzuetatik etorritako ikasleek zilegi izanen dute beste ikasketa ofizial batzuetan gainditutako kredituak aitortzeko edo transferitzeko eskatzea.

2. Goi-mailako beste ikasketa ofizial batzuetan edo beste titulu batzuk lortzera bideratutako unibertsitate-ikasketetan egindako kredituak ere aitortzen ahalko dira, bai eta indarreko araudiaren arabera egiaztatutako lan- eta lanbide-esperientzia ere.

3. Kredituak aitortzeko eta transferitzeko prozedura Unibertsitateak horretarako prestatzen duen araudian ezarriko da.

II. KAPITULUA.–DOKTORETZA

67. artikulua.

1. Doktoretza unibertsitateko ikasketa ofizialen hirugarren zikloa da, eta kalitatezko ikerketa zientifikoarekin lotutako konpetentziak eta trebetasunak eskuratzea du helburu.

2. Doktoretza-programek ikerketaren arloko prestakuntzako alderdi antolatuak jasoko dituzte, baina ECTS kredituetan egituratu beharrik gabe.

3. Gainera, doktore titulua lortzeko, beharrezkoa izanen da doktoretza-tesi bat egitea, zeinean ikerketa-lan original bat egin beharko baita.

68. artikulua.

1. Doktoretza-tesia egiteko, konpromiso bat formalizatuko da doktoregaiaren, haren zuzendariaren eta Unibertsitatearen artean, tesia egiteko oinarrizko baldintzak finkatzeko, aplikatzekoa den araudian ezarritakoaren arabera.

2. Doktoretza Nafarroako Unibertsitate Publikoak onetsitako doktoretza-programetako baten barnean eginen da.

3. Zilegi izanen da beste unibertsitate batzuekin doktoretza-programa bateratuak garatzea, eta horretarako hitzarmenak sinatuko dira.

III. KAPITULUA.–IKERKETA ETA EZAGUTZAREN TRANSFERENTZIA

69. artikulua.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren funtsezko eginkizunetako bat ikerketa da, irakaskuntzaren oinarri eta gizartearen aurrerabiderako bitarteko baita, bai eta ikerketaren emaitzak gizarteari transferitzearen bidez herritarren bizi kalitatea hobetzeko tresna ere. Horretarako, Unibertsitateak funtsezko eginkizuntzat jotzen du ikerketaren eta ezagutzaren transferentzia bultzatu eta garatzea eta ikertzaileak prestatzea, oinarrizko ikerketa zein ikerketa bideratua aintzat hartuta.

2. Ikerketa ikertzeko gaitasuna aitortua duten langileen eskubidea eta betebeharra da, unibertsitate-erakundearekin lotzen dituen harreman juridikoaren arabera. Unibertsitateak ikerketarako askatasuna aitortzen eta bermatzen du, eta ikerketa-gaitasuna aitortua duten irakasle eta ikertzaileen ikerketa-arduraldia bultzatu eta lagunduko du.

3. Unibertsitateak kalitatezko ikerketarako, garapenerako eta berrikuntzarako jarduerak eta ekimenak babestuko ditu, eta horretarako azpiegitura eta oinarrizko zerbitzuak emanen ditu.

4. Unibertsitateak aktiboki sustatuko du Zientzia Irekia, ikertzea eta ikerketa hori zabaltzea bermatuko duten argitalpen zientifiko, datu, kode eta metodologietarako sarbide irekia emanez.

5. Unibertsitateak garatzen duen ikerketaren emaitzen balorizazioa sustatuko du, eta, bereziki, ikerketa-jardueratik sortutako enpresak sortzea edo haietan parte hartzea bultzatuko du.

6. Gobernu Kontseiluak Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileek ezagutzan oinarritutako enpresak sortzeko araudia onetsiko du. Araudiak zehaztuko ditu, gutxienez, langile horiek eszedentzia-egoeraz eta bateraezintasun-araubideaz baliatu ahal izateko betekizunak eta, hala badagokio, sortutako enpresaren kapitalean Unibertsitateak parte hartzeko baldintzak.

70. artikulua.

1. Ikerketaz arduratzen diren unitateak dira ikerketa-institutuak eta ikertzeko helburuz eratzen diren bestelako entitate edo egitura espezifikoak, hala nola ikerketa-taldeak. Nafarroako Unibertsitate Publikoak unitate horietan ikerketa-jarduerak egin daitezen bultzatu eta ziurtatuko du, eta, horretarako, beharrezkoak diren antolaketa-, aurrekontu- eta kontratazio-neurriak hartuko ditu. Ikerketa-institutuak arduratuko dira beren kideen ikerketa-karrera sustatzeaz, eta emakumeen eta gizonen arteko presentzia orekatua sustatuko dute eremu bakoitzean.

2. Halaber, Unibertsitateak sustatuko du bere ikertzaileek beste entitate edo zentro misto batzuetan parte har dezatela baldin eta erakunde edo zentro horien ikerketa-helburuak ikertzaile horien lehentasunezko ikerketa-ildoak bultzatzeko aukera ematen badute. Horretarako, behar diren hitzarmenak formalizatuko dira. Gobernu Kontseiluak arautuko ditu ikertzaileek entitate edo zentro horietan parte hartzeko baldintzak.

71. artikulua.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak Ikerketa Batzorde bat izanen du; batzorde horrek proposamenak eginen ditu eta aholku emanen du Unibertsitatearen ikerketa, ezagutzaren transferentzia eta dibulgazio zientifikoa sustatzeko politikei buruz.

2. Honako hauek izanen dira Ikerketa Batzordeko kideak: errektorea edo hark eskuordetzen duen errektoreordea, zeina buru izanen baita; ikerketa-institutuetako zuzendariak; eta bost batzordekide, Gobernu Kontseiluak Unibertsitateko errektorearen proposamenez izendatuak lotura iraunkorra duten irakasle doktoreen artetik eta jakintza-arlo guztietako ordezkaritza zabalena bilatuz. Ikerketa Zerbitzuko funtzionario bat izanen da idazkaria. Ikerketa Zerbitzuko buruak izendatuko du, eta hitzarekin baina botorik gabe jardunen du.

3. Ikerketa Batzordeko kide izateko, ikerketa-jardueraren bi ebaluazio positibo izan beharko dira gutxienez (azkena indarrean).

4. Gobernu Kontseiluak izendatutako batzordekideen agintaldia sei urtekoa izanen da.

5. Hiru urtean behin, Gobernu Kontseiluak izendatutako batzordekideen erdiak berrituko dira, Barne Erregelamenduak ezartzen duen moduan.

72. artikulua.

Ikerketa Batzordea kontsultarako organoa da, eta eginkizun hauek ditu:

a) Ikerketaren, ezagutzaren transferentziaren eta dibulgazio zientifikoaren politikari buruzko jarraibideak proposatzea, Plan Estrategikoaren esparruan.

b) Ikerketa sustatzeko programa berekiak, langileen ikerketa jarduerak bultzatuko dituztenak, proposatzea.

c) Ikerketa-kontratuen eta -laguntzen deialdia eta esleipena proposatzea.

d) Gobernu Kontseiluak edo ikerketaren arloan eskumena duen Errektoreordetzak eskatuta, Unibertsitateko institutu, talde eta ikertzaileen ikerketa-jardueraren jarraipena eta ebaluazioa gauzatzeko jarduerak egitea eta enkargatzea.

e) Ikerketa jarduera aintzatesteko sariak ezarri eta ematea proposatzea.

f) Institutuak eta/edo ikerketa-taldeak aitortzeari buruzko araudia proposatzea.

g) Ikerketa-institutuak eta/edo ikerketako zentro mistoak sortzeari buruzko txostenak egitea.

h) Gobernu Kontseiluari aholku ematea ikerketaren garapena sustatzeko eta kontrolatzeko plangintzaren, koordinazioaren eta proposamenen arloan.

i) Unibertsitatearen argitalpen zientifikoei eta zabaltzeko eta hedatzeko beste material batzuei buruzko aholku ematea.

j) Ikerketari laguntzeko unibertsitate azpiegitura eskuratu eta erabiltzeari buruzko aholku ematea.

k) Unibertsitatearen ikerketa bultzatzeko tresnen ondorioen jarraipena eta ebaluazioa egitea.

l) Barne araubideko erregelamendua egitea.

m) Estatutuek edo Gobernu Kontseiluak esleitzen dioten beste edozein eginkizun.

73. artikulua.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak bultzatuko du pertsona, unibertsitate edo entitate publiko zein pribatuekin kontratazioak egitea lan zientifikoak, teknikoak edo artistikoak eta espezializazioko ikasketak edo berariazko prestakuntza-jarduerak burutzeko.

2. Aurreko apartatuan aipatzen diren jardueren kontratazioa ikertzeko gaitasuna duten irakasle eta ikertzaileek egin beharko dute, ezagutzaren transferentziarako zerbitzuen bidez.

3. Gobernu Kontseiluak erregelamendu bat onetsiko du, eta hartan jasoko dira baimenari, kontratatutako jarduerari, Unibertsitatearen izenaren eta sinboloen erabilerari, aurrekontuari eta eragin ekonomikoari dagokienez kontratuek bete behar dituzten prozedura eta irizpide orokorrak. Irizpide horien barnean, eta Gobernu Kontseiluak zehazten duenaren arabera, honako hauek sinatuko dituzte kontratuak:

a) Errektorea, Unibertsitatearen izenean.

b) Transferentziaren arloan eskumena duen errektoreordea.

c) Ikertzaile nagusia.

4. Nafarroako Unibertsitate Publikoak Kontratuen Erregistro Berezia izanen du, eta hartan artikulu honetan aipatzen diren kontratuak gordailutu beharko dira.

5. Aurreko apartatuetan aipatutako kontratuetarako bateragarritasuna ukatu eginen da indarreko legerian jasotako arrazoiren bat gertatzen bada edo Unibertsitatearentzat kaltegarria izan badaiteke.

6. Ikerketa-kontratuen garapenean eskuratzen diren ondasunak Unibertsitatearen ondarearen parte izatera igaroko dira, salbu eta kontratuetan kontrakoa xedatzen bada.

74. artikulua.

1. Irakasleek, ikasleek edo ikertzaileek Unibertsitatean garatutako ikerketa-eginkizunaren ondorioz egindako asmakizunen titulartasuna Unibertsitateari dagokio.

2. Irakasleek, ikasleek edo ikertzaileek asmakizunen bat egiten badute erakunde pribatu edo publiko batekin egindako kontratu baten ondorioz, kontratuak zehaztu beharko ditu, batetik, alde kontratugileetako zeini dagokion asmakizun horren titulartasuna, eta, bestetik, merkataritzaren arloko erabilera- eta ustiapen-eskubideei eta lortutako etekinen banaketari buruzko alderdi guztiak.

3. Baldin eta erakunde publiko edo pribatuekin egindako kontratu bati loturik dagoen ikerketa batean ez bazaie haiei esleitu asmakizunaren titulartasuna, titulartasun hori Unibertsitatearena izanen da.

4. Asmakizun ororen egileek idatziz eman beharko diote haren berri Unibertsitateari, eta hiru hilabeteko epean edo, hala badagokio, araudiak ezartzen duen epean, Unibertsitateak jakinaraziko die zer konpromiso hartzen duen, hots, zer eremu geografiko eta funtzionaletan mantenduko dituen asmakizunaren eskubideak. Patentatu daitekeen ikerketa baten emaitza ezin izanen da argitaratu epe hori igaro edo patente-eskaera aurkeztu baino lehen.

5. Nolanahi ere, egileak eskubidea izanen du aurreko apartatuetako asmakizunen eskubideak ustiatu edo lagatzeagatik Unibertsitateak lortzen dituen etekinetan parte hartzeko. Gobernu Kontseiluak egileari edo asmatzaileari dagokion proportzioa arautuko du, eta ezin izanen da %40tik beherakoa izan. Gobernu Kontseiluak arautuko du zer prozedurari jarraituko zaion Unibertsitateak bere gain hartuko dituen patenteen eskaerak eta luzapenak izapidetzeari eta, hala badagokio, titulartasuna edo ustiapen eskubideak hirugarrenei lagatzeari buruzko erabakiak hartzeko. Halaber, berak arautuko du nola banatuko diren patenteen etekinak egileen artean eta zein izanen diren itzulkinak Unibertsitatean banatzeko irizpideak.

6. Baldin eta Unibertsitateak ez badu mantentzen eskubideen titulartasuna herrialde edo aldi batzuetan, egileek edo asmatzaileek zilegi izanen dute haietan patente-eskaera aurkeztea.

7. Egileak etekinak lortzen baditu aurreko puntuan sartutako asmakizun bat ustiatzearen ondorioz, Unibertsitateak etekin horien ehuneko 30 jasotzeko eskubidea izanen du.

8. Araudi hau jabetza industrial motaren bat izan dezakeen edozein emaitzari aplikatuko zaio.

IV. KAPITULUA.–KALITATEA

75. artikulua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak irakaskuntza- eta ikerketa-zerbitzuen kalitatea ziurtatuko du, bai eta gizarteari eskaintzen dizkion bestelako zerbitzuena ere. Horretarako, jarduera akademikoak eta kudeaketakoak ebaluatuko dira etengabeko hobekuntzako prozesuak zehazteko; prozesu horiek Gobernu Kontseiluak kalitatearen arloan onesten dituen gidalerroetan jasoko dira, beste erakunde batzuei esleitutako eskumenak eragotzi gabe.

76. artikulua.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Kalitate Batzordea da irakaskuntzaren, ikerketaren eta ezagutzaren transferentziaren kalitaterako ekintzen aholkularitza, proposamena eta jarraipena egiteko organo arrunta. Batzorde horrek ikastegietako eta Doktoretza Eskolako Kalitatearen Berme Batzordeek egiten dituzten jarduerak koordinatuko ditu, bereziki ikastegien eta tituluen aldizkako egiaztapena ziurtatzera bideratutakoak; beste edozein organo, unibertsitate-egitura edo batzorderi esleitutako kalitatearen arloko beste jarduera batzuk ere koordinatzen ahalko ditu.

2. Kalitate Batzordearen osaera Gobernu Kontseiluak zehaztuko du. Nolanahi ere, honako hauek izanen dira, gutxienez, Gobernu Kontseiluko kideak:

a) Errektorea edo hark eskuordetutako errektoreordea, zeina batzordeburua izanen baita.

b) Doktoretza Eskolako eta ikastegietako dekanoak eta zuzendariak, ikastegietako kalitate batzordeetako buru diren aldetik.

c) Gizarte Kontseiluko burua edo hark eskuordetutako pertsona.

d) Unibertsitatearen kalitatearekin lotutako prozesuetan aholkuak eta laguntza ematen dituen unitate administratiboko arduraduna.

e) Ikasleen Kontseiluko burua edo hark eskuordetutako pertsona.

77. artikulua.

Hauek dira Kalitate Batzordearen eginkizunak:

a) Unibertsitatearen kalitate arloko politikari eta helburuei buruzko jarraibideak proposatzea Gobernu Kontseiluari.

b) Kalitatea hobetzeko ekimenen eta pizgarrien berri ematea Gizarte Kontseiluari eta Unibertsitateko gobernu-organoei.

c) Gobernu Kontseiluari kalitatearen ebaluaziorako eta etengabeko hobekuntzarako metodoak eta tresnak proposatzea, Gobernu Kontseiluak berak kalitatearen arloan onetsitako jarraibideetan ezarritako moduan.

d) Organo egokiei jakinaraztea eta, hala denean, agindutako kalitate arloko jardueren prozesuak eta emaitzak balioztatzea.

e) Kalitate arloko jardueraren emaitzen urteko txostena onestea, Gobernu Kontseiluari eta Gizarte Kontseiluari bidaliko zaiena.

f) Barne araubideko erregelamendua egitea, Gobernu Kontseiluak onetsiko duena.

g) Gobernu Kontseiluak ezartzen duen beste edozein eginkizun.

V. KAPITULUA.–UNIBERTSITATEKO BIZITZA ETA GIZARTEA

78. artikulua.

1. Unibertsitateak unibertsitateko komunitateko kide guztiei eta, oro har, gizarteari zuzendutako jarduerak garatuko ditu, pentsamendu kritikoa sortzen eta zabaltzen eta kultura, zientzia eta teknika dibulgatzen laguntzeko.

2. Unibertsitate eredu osasungarria sustatuko da, unibertsitateko komunitatearen ongizate fisiko, mental eta sozialari lagunduko dioten jardueren bidez.

3. Unibertsitateak gizarte-sarearekiko loturak ezarriko ditu garapenerako lankidetzako ekintzak gauzatzeko, gizartea eta kultura eraldatzeko, garapen jasangarrirako, ohitura eta forma kultural kritiko, parte-hartzaile eta solidarioak sortu eta zabaltzeko, eta prestakuntza jarraitu irekia eta askotarikoa emateko.

4. Unibertsitateak herritarren zientzia sustatuko du ezagutzaren trukeari laguntzeko modu gisa.

BOSGARREN TITULUA.–UNIBERTSITATEKO KOMUNITATEA

79. artikulua.

1. Unibertsitateko komunitateko kideak dira irakasle eta ikertzaileak, teknikariak eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak eta ikasleak.

2. Unibertsitateko komunitatea osatzen dutenek nahitaez errespetatu eta bete behar dituzte aplikatzekoa den unibertsitateko araudi orokorra eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko araudi espezifikoa, bai eta agintari akademiko eta administratiboen jarraibide eta aginduak ere.

3. Unibertsitateko komunitateak Nafarroako Unibertsitate Publikoko elkarbizitza-arauak errespetatu behar ditu, alde batetik, erakundea askatasuneko, berdintasuneko, errespetuzko eta dibertsitatearekiko tolerantziako esparrua izan dadin, eta, bestetik, unibertsitateko komunitateko kideen artean edozein motatako diskriminazioa, jazarpena eta indarkeria prebenitu, zuzendu eta ezabatzeko bokazioa egon dadin, aplikatzekoa den legedian ezarritakoa betez.

I. KAPITULUA.–IRAKASLE ETA IKERTZAILEAK

80. artikulua.

1. Unibertsitateko irakaskidegoetako irakasle funtzionarioek eta lan araubidean kontrataturiko irakasle eta ikertzaileek osatuko dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileen taldea.

2. Irakasle funtzionarioak irakaskidego hauetakoak izanen dira:

a) Unibertsitateko katedradunak.

b) Unibertsitateko irakasle titularrak.

3. Unibertsitateak aukera izanen du irakasle kontratatu iraunkorren kategoriako lan araubideko lanpostuak hornitu eta deitzeko. Kontrataziorako, doktore titulua eta behar den akreditazioa dutenak izanen dira hautagaiak, betiere kontratu finko eta mugagabea eta arduraldi osoko lana badute. Kontratuaren helburua irakaskuntzari, ikerketari eta ezagutza transferitzeari eta trukatzeari loturiko zereginak betetzea da, eta, beharrezkoa balitz, baita Unibertsitateko gobernu eginkizunak betetzea ere.

4. Lan araubidean kontrataturiko gainerako langile eta/edo ikertzaileek unibertsitatearen eremuko lan modalitate espezifikoak izanen dituzte: irakasle laguntzaile doktorea, irakasle elkartua, irakasle nabarmena, irakasle bisitaria, irakasle ordezkoa edo aplikatzekoa den unibertsitateko araudian jasotzen den beste edozein figura.

Halaber, Unibertsitateak aukera izanen du ikertzaileak lan araubidean kontratatzeko, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legean eta aplikatzekoa den lan arloko legerian araututako kontratu figura iraunkor edo aldi baterakoak erabiliz.

5. Unibertsitateak aukera izanen du osasun erakundeetako osasun laguntzako eta osasun publikoko zerbitzuei loturiko unibertsitateko irakaskidegoetako lanpostuak hornitu eta deitzeko, bai eta osasun laguntzako irakasle elkartuak lan araubidean kontratatzeko osasun laguntza klinikoaren eta osasun publikoaren arloko jakintza-eremuetan, aplikatzekoa den araudian ezarritakoari jarraikiz. Unibertsitateak, horretarako, aukera izanen du osasun erakundeekin itunak egiteko, behar den araudiari jarraikiz.

81. artikulua.

Gobernu Kontseiluak onetsiko du lanpostuen zerrenda, eta baita lanpostu kopurua handitzeko, gutxitzeko edo haien izendapena aldatzeko aldaketak ere, kontuan harturik Nafarroako Unibertsitate Publikoko gobernu taldeak ezartzen duen estrategiatik eratorritako beharrak, eta irakaskuntzako politika orokorren jarraibideetan ezarritakoari jarraikiz, edo, bestela, irakasle eta ikertzaileen lanpostuak hornitzeko prozedurak arautzen dituen antzeko xedapen bati jarraikiz. Dena dela, horrek ez die eraginen Unibertsitateko aurrekontuen garapen, exekuzio eta kontrol arauei.

82. artikulua.

Irakasle eta ikertzaileek, irakasle funtzionario edo kontratatuen berezko eskubideak ez ezik, hauek ere badituzte:

a) Katedra- eta ikerketa-askatasunez jardutea. Muga bakarrak Konstituzioa eta legeak izanen dira, bai eta ikasketen plangintza akademikoaren eta antolaketaren ondoriozkoak ere.

b) Irakaskuntzako, ikerketako, transferentziako eta kudeaketa akademikoko zereginak garatzeko instalazio eta bitarteko egokiak edukitzea, bai eta gainerako kultur eta kirol jarduerak segurtasun eta osasun baldintzetan egiteko instalazio eta bitartekoak ere.

c) Bere lana hobetzeko prestakuntza profesional eta akademikoa jasotzea, bai eta karrera profesionala garatzeko beharrezko bitartekoak ere.

d) Ebaluatua izatea eta ebaluazioaren emaitzak ezagutzea, bai eta bere jardueraren ebaluazio prozesuetan parte hartzea ere.

e) Eskura izatea Unibertsitateko komunitatearen intereseko gaiei buruzko informazioa, eta baita, bereziki, Unibertsitateko gobernu-organoek hartzen dituzten erabakiak ere, baldin eta eragiten badiete.

f) "Nafarroako Unibertsitate Publikoa" izendapena erabiltzea, bere jarduera zientifikoan hari ematen baitio zerbitzu.

g) Indarrean den legedian eta Unibertsitatearen hitzarmen kolektiboan aitortzen direnak.

83. artikulua.

Irakasle eta ikertzaileek, legeek ezarritako betebeharrak ez ezik, hauek ere badituzte:

a) Arduraz betetzea beren irakaskuntzako, ikerketako eta kudeaketako lana.

b) Prestakuntza iraunkorra egitea bere irakaskuntzako, ikerketako, transferentziako eta kudeaketako jarduna hobetzeko.

c) Errendimendua ebaluatzeko organo eskudunek ezartzen dituzten prozedura eta ebaluazio sistemei jarraitzea, eta bere irakaskuntza- eta ikerketa-jardueren berri ematea hala eskatzen badiote Unibertsitateko gobernu- eta ordezkaritza-organoek, betiere beren eskumenen arloan.

d) Kide anitzeko organoen eta kide den batzordeen bilera eta jardueretan parte hartzea.

e) Unibertsitatearen ondarea errespetatzea eta behar bezala erabiltzea haren instalazioak, ondasunak, baliabideak, izena eta irudia.

f) Plagioa saihestea, bai eta hirugarrenen lan zientifiko eta teknologikoen egiletzaz bidegabe jabetzea ere.

g) Nafarroako Unibertsitate Publikoari zerbitzu ematen dionez gero, hari jakinaraztea babes juridikoaren beharra izan dezaketen aurkikuntza eta emaitzak, eta bere ikerlanen emaitzak babestu eta transferitzeko prozesuetan laguntzea.

h) "Nafarroako Unibertsitate Publikoa" izendapena erabiltzea bere jarduera zientifikoan, hari ematen baitio zerbitzu, barne araudiarekin bat etorriz.

i) Datuen babesaren arloan aplikatzekoa den araudia betetzea, bai eta konfidentzialtasun betebeharra ere.

j) Unibertsitateari jakinaraztea bere irakaskuntza-, ikerketa- edo kudeaketa-lanari loturik duen edozein interes gatazka, halakorik baldin badu.

k) Jardunbide etiko aitortuei, bere diziplinei dagozkien printzipio etikoei eta ikerkuntzaren zintzotasunari adi egotea, bai eta aplikatzekoak diren zenbait kode deontologikotan jasotzen diren arau etikoei ere.

84. artikulua.

Oro har, lotura iraunkorra duten irakasle eta ikertzaileak haiek atxiki behar diren sailean eta/edo ikerketa-institutuan integratuko dira, beren lanpostua atxikitzen zaion jakintza-arloaren, edo, hala badagokio, jakintza-eremuaren edo espezialitatearen arabera, lanpostuen zerrendan ezarritakoari jarraikiz.

Irakasle eta ikertzaile ez-iraunkorrak haiek atxiki behar diren sailean eta/edo ikerketa-institutuan integratuko dira, lanpostuaren deialdian ezarritakoaren arabera.

Aurreko apartatuetan ezarritakoak ez du eragotziko irakasle eta ikertzaileak unibertsitate egiturari atxikitzeko Gobernu Kontseiluaren irizpideak onesteko duen eskumena.

85. artikulua.

1. Gobernu Kontseiluak onetsiko ditu unibertsitateko irakaskidegoetako lanpostuak hautatu eta betetzeko deialdiak gidatu behar dituzten arauak, eta lehiaketetako balorazio irizpide orokorrak eta epeak ezarriko ditu.

2. Gobernu Kontseiluari dagokio onetsiak dauden eta aurrekontuetako gastuen egoeran hornituak dauden unibertsitateko irakaskidegoetako lanpostuetara sartzeko lehiaketen deialdiei buruzko erabakiak hartzea, bai eta sarbide lehiaketetako batzordeen parte izan behar duten kideak hautatzea ere.

3. Unibertsitateko errektoreak edo hark eskuordetzen duen organoak onetsi beharko ditu hautaketa-deialdiak eta haien oinarriak, eta, gutxienez, informazio hau izan beharko dute: lanpostu bakoitzaren ezaugarriak; lehiaketen epeak, baldintzak eta garapen faseak; esleipenerako irizpide orokorrak; eta sarbide lehiaketa ebatziko duen batzordearen izendapena.

4. Gehienez ere lau hilabete igaroko dira onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratzen denetik lehiaketaren ebazpena argitaratzen den arte, epe hori ez bada luzatzen ezinbesteko arrazoiren batengatik, luzapenezko inpugnazioengatik edo errektoreak onartutako bidezko beste arrazoiren batengatik.

5. Hiru kidek osatuko dituzte aipaturiko lehiaketak ebatziko dituzten batzordeak. Gutxienez haietako bi Nafarroako Unibertsitate Publikotik kanpokoak izan beharko dira, zozketa publiko baten bidez aukeratuak, Gobernu Kontseiluak ezartzen dituen baldintza eta prozedurei jarraikiz.

6. Sarbide batzordeko kide guztiek bete beharko dituzte baldintza hauek: irakaskuntzako eta ikerketako eskumen osoa izan, lehiaketaren xede den lanpostuaren maila bereko, baliokideko edo altuagokoa izan, eta batzorde horietako kide izateko legez ezarritako beste baldintza guztiak bete. Batzordea osatzen dutenen curriculumak jendaurrean jarri beharko dira. Batzordearen eraketan emakumeen eta gizonen arteko osaera orekatua bilatuko da, salbu eta ezin denean arrazoi justifikatu, objektibo eta behar bezala egiaztatuak daudelako.

Edonola ere, irakasle iraunkorren lanpostuen batzordeko kideek ikerketako seiurteko bat eta irakaskuntzako bosturteko bat dituztela egiaztatu beharko dute.

7. Sarbide lehiaketen deialdiak araudian ezarritako baldintzetan komunikatu beharko dira.

86. artikulua.

1. Sarbide lehiaketen batzordeek, hala badagokio, lehiaketako hautagaien irakaskuntzako eta ikerketako esperientziaren balorazioa egin beharko dute, eta, hartan, kontuan hartu beharko dute hautagaiek nolako esperientzia duten ezagutzaren transferentzian eta trukean eta zer ikasketa-, irakaskuntza- eta ikerketa-historia duten, bai eta zer irakaskuntza- eta ikerketa-proiektu ere; halaber, egiaztatu beharko dute hautagaiek gaitasuna dutela beren arlo edo espezialitateko gaiei buruz jendaurreko azalpenak eta eztabaidak egiteko. Horrez gain, kontuan hartuko da hautagaiek zer jardun izan duten kudeaketa akademikoaren arloan, nolako kalitatea duten haiek egindako lanek eta nola egokitzen diren egin beharreko zereginetara.

2. Edonola ere, erabakiek hautagai bakoitzaren balorazio indibidual eta arrazoitua izanen dute, non zenbakizko puntuazioa esleitu behar zaion hautagaiari, ebaluatu den arloen arabera xehatua. Zilegi izanen da, halaber, Batzordeak proposatzea deitutako lanpostua ez dadila bete, eta, hala, prozesua bukatzea.

3. Gobernu Kontseiluaren araudian eta kasuan kasuko deialdiaren oinarrietan ezarritakoaren araberakoa izanen da Batzordearen jarduna.

87. artikulua.

1. Batzordearen proposamenaren kontra, lehiaketarako onartzen diren pertsonek zilegi izanen dute erreklamazioa aurkezteko errektorearen aurrean. Erreklamazioa tramitera onartuz gero, izendapen guztiak eten eginen dira behin betiko ebazpena eman arte.

2. Gobernu Kontseiluak Erreklamazio Batzordeak izendatuko ditu; haren kideak Unibertsitateko zazpi katedradun izanen dira, zenbait jakintza-arlotakoak, esperientzia handikoak irakaskuntzan, ikerketan eta kudeaketan eta Gobernu Kontseiluaren buruak eta idazkariak berariaz izendatuak. Erreklamazio Batzordearen agintaldia sei urtekoa izanen da, eta hiru urtetik behin berrituko da partzialki.

3. Erreklamazioak legez ezarritako epean ebatzi beharko ditu Batzordeak.

4. Erreklamazio Batzordearen ebazpena loteslea izanen da errektorearentzat, arrazoitua izan beharko da, eta kontrako botoak jaso beharko ditu, halakorik baldin bada.

88. artikulua.

1. Unibertsitateak aukera izanen du irakasle eta ikertzaileak lan araubidean kontratatzeko, Estatutu hauen 80. artikuluaren 3., 4. eta 5. apartatuetan jasotako modalitateetan.

2. Unibertsitateak zilegi izanen du irakasle laguntzaile doktoreak kontratatzea doktore titulua dutenen artean, indarrean den araudiaren arabera. Kontratua aldi baterako izanen da, sei urtekoa eta arduraldi osokoa, eta haren ebaluazioa egin beharko da hiru urteren buruan. Irakasle laguntzaile doktoreek indarrean dauden araudiaren arabera egin beharko dute beren irakaslana, eta irakaslan horrek bateragarria izan beharko du etorkizunean akreditazioa lortzeko egin behar dituzten ikerketa-zereginekin.

3. Unibertsitateak zilegi izanen du irakasle elkartuak kontratatzea beren jarduera nagusia unibertsitateko jarduera akademikotik kanpo egiten duten eta gaitasun aitortua duten espezialisten eta profesionalen artean, baldin eta haien arlo profesionalarekin loturiko berariazko irakaskuntza-beharrak baditu. Kontratu mugagabea izanen dute, arduraldi partzialekoa, eta bateragarria izan beharko da haien jarduera profesional nagusiarekin.

Irakasle elkartuek irakaskuntzako jarduerak bakarrik eginen dituzte, arduraldi partzialean, kontratuan ezarritako denboran, indarrean den araudiak ikasturte horretarako ezarritako gehieneko eskola-orduekin.

Irakasle elkartuak lanpostua esleitzea eragin zuen eremu profesionalaren barrenean egiten jarraitu beharko du bere jarduera profesionala.

4. Unibertsitateak aukera izanen du irakasle ordezkoak kontratatzeko, baldin eta lanpostu erreserbarako eskubidea duen irakasle eta ikertzaile batek aldi baterako uzten badio Unibertsitatean zerbitzuak emateari baimen edo lizentzia bat hartu duelako edo zerbitzu aktibokoa ez den egoera administratibo batean dagoelako –iraupen luzeko baja medikoak barne–, edo Unibertsitateak arauturiko edozein arrazoirengatik irakaslanaren murrizketa dakarren egoeraren batean dagoelako. Ordezko irakasleak soilik irakaslana eginen du; ezin izanen du gainditu ordeztutako irakasleari esleitutako irakaslana, eta ezin izanen ditu egin bestelako jarduera unibertsitarioak Unibertsitatean, hala nola ikerketa edo kudeaketako eta koordinazioko egiturazko eginkizunak, salbu eta irakaslanarekin lotura zuzena badute.

5. Nafarroako Unibertsitate Publikoak zilegi du irakasle bisitariak kontratatzea. Modalitate horretan, beste unibertsitate edo ikerketa-zentro batzuetako irakasle eta ikertzaileak sartzen dira, Espainiakoak zein atzerrikoak, ikastegi unibertsitarioen jardunari ekarpen esanguratsua egiten ahal diotenak. Gobernu Kontseiluak arautuko ditu zein diren modalitate horretako kontratua zuzenean eta lehiaketa publikorik gabe formalizatzeko baldintzak, eskakizunak eta prozedura. Irakasle bisitarien kontratuak bi urte iraunen du gehienez ere. Ezin izanen da ez luzatu ez berritu, eta arduraldi partzialekoa edo osokoa izanen da, bi aldeek zer adosten duten.

6. Unibertsitateak zilegi izanen du irakasleak eta ikertzaileak irakasle nabarmen gisa kontratatzea beren ibilbide akademikoa edo ikerketakoa atzerrian egiten ari direnak, izan Espainiakoak zein atzerrikoak, aplikatzekoa den araudian ezarritakoari jarraikiz.

7. Unibertsitateak zilegi izanen du ikertzaile nabarmenak kontratatzea, aplikatzekoa den legediaren arabera.

89. artikulua.

1. Gobernu Kontseiluak arautuko ditu lan zuzenbideari loturiko irakasle eta ikertzaileak hautatu eta kontratatzeko prozesuak, bai eta balorazio irizpide orokorrak ere. Prozesu horiek lehiaketa publiko bidez egin beharko dira, berdintasunaren, merezimenduaren eta gaitasunaren printzipioei jarraikiz, Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoan ezarritakoaren arabera. Salbuespena izanen dira irakasle bisitariak, irakasle nabarmenak, irakasle emerituak eta ikertzaile nabarmenak hautatu eta kontratatzeko prozesuak.

2. Edonola ere, lehiaketa publiko bidez egin behar diren kontratazioetan, hauek hartuko dira kontuan:

a) Lehiaketaren deialdia Nafarroako Unibertsitate Publikoak eginen du, Gobernu Kontseiluak ezarritako xedapenei jarraikiz eta hark arauz ezarritako baldintzetan. Deialdia behar besteko denboraz emanen zaio aditzera Unibertsitateen gaietan eskumena duen ministerioak irakasle eta ikertzaileen lehiaketetarako duen erregistro publikoari.

b) Lehiaketen deialdian hauek agertu behar dute: lanpostuaren izena, jakintza-arloa, jakintza-eremua edo espezialitatea, lanpostua unibertsitateko zer egiturari dagoen atxikia, kontratuaren iraupen zehatza eta arduraldiaren araubidea, lehiaketen epeak, baldintzak eta garapen faseak eta behar den araudiak ezartzen dituen beste baldintza guztiak.

c) Irakasle kontratatu iraunkorren balorazioa egiteko, unibertsitateko irakaskidegoetako lanpostuen baloraziorako erabiltzen diren jarraibide berak erabiliko dira (85., 86. eta 87. artikuluak).

d) Gainerako lanpostuetarako, Gobernu Kontseiluak izendaturikoak izanen dira hautaketa-batzordeak, eta hautaketa-prozesu horiek arautzen dituen erregelamenduan ezarritako irizpideei jarraikiz jardunen dute.

e) Hautaketa-batzordeko kide guztiek bete beharko dituzte baldintza hauek: irakaskuntzako eta ikerketako gaitasun osoa izatea lehiaketaren xede den lanpostuan, lehiaketaren xede den lanpostuaren kategoria bera, baliokidea edo altuagoa izatea eta batzorde horietako kide izateko legez ezarritako beste baldintza guztiak betetzea.

f) Langileak aukeratzean Konstituzioko berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak errespetatuko dira.

g) Edonola ere, erabakiek hautagai bakoitzaren balorazio indibidual eta arrazoitua izanen dute, non zenbakizko puntuazioa esleitu behar zaion hautagaiari, ebaluatu den arloen arabera xehatua.

3. Lehiaketaren hautaketa-batzordeak egindako kontratazio proposamenaren kontra, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea Unibertsitateko errektoreari zuzendua, hilabeteko epean.

90. artikulua.

Irakasle kontratuek aplikatzekoa zaien hitzarmen kolektiboko ordainsari eta osagarriak eta Foru Komunitatean jasoriko beste edozein osagarri jasoko dituzte, beren arduraldiaren arabera. Edonola ere, ezin izanen dituzte gainditu Nafarroako Foru Komunitateak ezarritako ordainsari maximoak, Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoaren 87. artikuluari loturik 57.6 artikuluak ematen dizkion eskumenak baliatuz ezarritakoak.

91. artikulua.

Unibertsitateak zilegi izanen du irakasle emerituak izendatzea Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakaskuntzako, ikerketako eta ezagutzaren transferentziako edo trukeko eta berrikuntzako zerbitzu nabarmenak eman dituzten irakasle eta ikertzaile erretiratuen artean (funtzionarioak edo kontratatuak izan), Gobernu Kontseiluak ezartzen dituen baldintzei, jarduteko betekizunei eta iraupenari jarraikiz.

92. artikulua.

Unibertsitateak zilegi izanen du ohorezko lankideak aldi baterako izendatzea, indarrean den legediari jarraikiz, aldian behin eskola magistralak emateko helburuz eta jabetza intelektualeko eskubideen ondoriozko ordainsariak bakarrik emanez, norberaren edo besteren konturako jarduera ordaindu nagusi bat egiten duten espezialisten artetik, Gobernu Kontseiluak arauz ezarritako baldintzetan. Ohorezko lankideek ezin izanen dute kontratu loturarik izan Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin.

Halaber, zilegi izanen du ohorezko irakasleak izendatzea, aldi baterako eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ordainsaririk jaso gabe, irakaskidegoetako langile edo langile kontratatu iraunkor erretiratuen artetik, Gobernu Kontseiluak arauz ezarritako baldintzetan, baldin eta pertsona horiek, duten esperientzia eta kualifikazioaren eraginez, ekarpen eraginkorra egin badezakete irakaskuntzari eta ikerketari loturiko zereginetan.

93. artikulua.

1. Errektorea erabat salbuetsirik egonen da irakaskuntzako eta ikasleei laguntzeko betebeharretatik.

2. Gobernu Taldea osatzen dutenak, agintaldi osoa bukatu ondoren eta ezagutzak eguneratzearren, irakaskuntzako zereginetatik kanpo egoten ahalko dira, haiek hala eskatuz gero; errektorea gehienez ere urtebetez egonen da egoera horretan, eta gainerako kideak, berriz, gehienez ere sei hilabetez. Denbora horretan zehar beren lanpostuko ordainsari guztiak jasotzeko eskubidea izanen dute.

3. Gobernu Kontseiluak erabakiko du, bere eskumenen esparruan, kide bakarreko gobernu-organoetako kideek izanen duten kudeaketa-arduraldia, behar den jardueraren arabera.

4. Errektoreak, bere eskumenen eremuan, zilegi izanen du unibertsitateko beste kargu akademiko batzuk izendatzea eta haien arduraldia eta ordainsaria parekatzea kide bakarreko gobernu-organoetako beste kargu batzuenekin edo indarrean den araudian jasotzen diren kargu akademikoenekin.

94. artikulua.

1. Arduraldi osoa duten irakasle eta ikertzaileen ezagutzak eta garapen profesionala indartzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoak lizentzia akademikoak emanen ditu estatuko edo atzerriko unibertsitate, institutu edo zentro bati loturiko irakaskuntza- edo ikerketa-jarduerak egiteko, aurrekontu eskuragarrien barrenean; hala ere, irakaskuntza ziurtatua egon beharko da plantilla handitu beharrik gabe.

2. Artikulu honetan jasotzen den lizentzien araubidea Gobernu Kontseiluak onetsiko du, berak ezarriko baititu lizentziak emateko eskakizunak eta baldintzak, organo eskuduna eta haiek emateko prozedura.

3. Edonola ere, etenik gabe egin beharko da harrera-zentroko edo -zentroetako egonaldia, eta, justifikatutako arrazoi bat izan ezean, mugikortasun geografikoa ekarri behar du berekin.

95. artikulua.

1. Lotura iraunkorra eta arduraldi osoa duten irakasle eta ikertzaile doktoreek aukera izanen dute, unibertsitate publikoetan lanaldi osoko lanean etenik gabeko sei urte eman ondoren, urte sabatiko baterako lizentzia izateko, lizentzia horiek esleitzeko Gobernu Kontseiluak ezarritako araubide eta prozedurei jarraikiz. Lizentzia horrek irauten duen denboran, langile horiek erabat salbuetsiak egonen dira irakaskuntzako betebeharretatik, eta ikerketako lanak eta/edo irakaskuntza hobetzeko lanak eginen dituzte estatuko edo atzerriko unibertsitate, institutu edo zentro batean.

2. Urte sabatiko baten lizentziak ikasturte bat iraunen du, eta ez du inola ere berekin ekarriko irakasle iraunkorren plantilla handitzea. Hura ematea Gobernu Kontseiluari dagokio, behar den unibertsitateko egiturari entzun ondoren.

3. Edonola ere, etenik gabe egin beharko da harrera-zentroko edo -zentroetako egonaldia, eta mugikortasun geografikoa eta akademikoa ekarri behar ditu berekin, baita bizilekuaren aldaketa ere.

4. Aldi sabatikoan zehar, Legeak baimentzen dituen ordainsariak jasotzeko eskubidea izanen dute langileek.

96. artikulua.

Errektoreak zerbitzu eginkizunak ematen ahalko dizkie unibertsitateko irakaskidegoetako irakasleei, ikasturte baterako, hari dagokion unibertsitate egiturari entzun ondoren, indarrean den araudiari jarraikiz.

97. artikulua.

Hauek dira irakasle eta ikertzaileen ordezkaritza-organoak: Irakasle eta Ikertzaileen Batzordea funtzionarioentzat eta Enpresa Batzordea lan araubideko langileentzat. Haien eginkizunak eta haiei aplikatzekoak zaizkien bermeak behar den araudian ezarritakoak izanen dira.

II. KAPITULUA.–IKASLEAK

98. artikulua.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleak izanen dira hartan matrikulaturiko pertsona guztiak. Unibertsitateko organoetan parte hartu eta ordezkaritza-lanak betetzeko, ikasletzat hartuko dira soilik Espainia osoan balio duten titulu ofizialak lortzeko ikasketetan matrikulatuak daudenak.

2. Artikulu honen lehenbiziko apartatuan aipaturikoak ez diren beste ikasketa batzuk egiten dituzten ikasleek Unibertsitateko organoetan parte hartu eta ordezkaritza-lanak betetzeko eskubidea izanen dute hala ezartzen duten organoetan, Gobernu Kontseiluak helburu horretarako onesten duen araudiak ezartzen dituen baldintzetan.

3. Gobernu Kontseiluak zilegi izanen du ikasleen beste egoera batzuetan aplikatzekoa den araudia onestea.

99. artikulua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleen eskubideak dira:

a) Prestakuntza integrala eta irakaskuntza kritiko kalitatezko, zorrotz, eguneratu eta didaktikoki egokia jasotzea.

b) Matrikulazioaren aurretik, titulazio bakoitzaren eskaintza eta programazioa ezagutzea, bai eta irakasgaien programak eta ordutegiak, deialdi ofizialen egunak eta ebaluazio irizpide orokorrak ere.

c) Ikasleen ezagutzen egiaztapena arautzen duten Unibertsitateko arauen berri izatea, bai eta kalifikazioen eta haien berrikuspenaren berri ere, prozedura eraginkor eta partikularizatu baten bidez, kalifikazioak akta ofizialetan sartu aurretik.

d) Instalazio egokiak izatea, ikasketak gorabeherarik gabe egiteko aukera ematen dutenak.

e) Balioetako prestakuntzara, kulturara, kirolera, elkarbizitza sozialera eta gaitasun kritikoen garapenera bideraturiko eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzea.

f) Unibertsitateko ordezkaritza- eta gobernu-organoetan parte hartzea, Estatutu hauetan ezarritako baldintzetan.

g) Eskura izatea bekei eta ikasteko laguntzei buruzko informazioa, bai eta haien interes zuzenekoa den beste edozeini buruzkoa ere, gardentasun printzipioari jarraikiz.

h) Behar diren bitartekoak izatea elkartzeko eskubidea behar bezala bete dezaten, Unibertsitateak dituen baliabideen barrenean.

i) Irakaskuntza ebaluatzeko prozesuetan parte hartzea.

j) Lanuzte akademikoko deialdia egitea, gai horretako araudiari jarraikiz.

k) Arreta jasotzea ikasketak bizitza akademikoarekin eta lanarekin errazago uztartzeko, araudi akademikoak ezarritako baldintzetan.

l) Orientazio akademikoa eta psikopedagogikoa izatea.

m) Prestakuntza irisgarria jasotzea.

100. artikulua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleen betebeharrak dira:

a) Bere egoera unibertsitarioari berez dagokion lan akademikoa egitea, behar den probetxuz.

b) Unibertsitatearen ondarea errespetatzea eta behar bezala erabiltzea haren instalazioak, ondasunak eta baliabideak.

c) Karguren baterako hautatu edo izendatu badituzte, arduraz betetzea kargu hori.

d) Unibertsitateko komunitateko gainerako kideekin lankidetzan aritzea Unibertsitateak behar bezala funtziona dezan eta haren zerbitzuek hobera egin dezaten.

e) Elkarbizitza-araudi bat betetzea behar den araudiari jarraikiz.

f) Jarrera etikoei buruzko jarraibideak betetzea, behar den araudiak ezarriak.

101. artikulua.

1. Ikasleen Kontseilua izanen da Unibertsitatean ikasleek eztabaidarako, kontsultarako eta ordezkaritzarako izanen duten organoa, eta errektoreordetza eskudunaren mendekoa izanen da organikoki.

2. Unibertsitateko Klaustroan ikasleek dituzten ordezkariek eta Unibertsitateko talde-delegatuek osatuko dute Ikasleen Kontseilua.

3. Ikasleen Kontseiluak, gutxienez, buru bat eta idazkari bat izanen ditu, bai eta Batzorde Iraunkor bat ere.

4. Kontseiluak, gutxienez, bilera arrunt bat eginen du urtean, burua eta Batzorde Iraunkorreko kideak hautatzeko.

102. artikulua.

1. Ikasleen Kontseiluko burua da, bere eskumenen eremuan, ikasleek edozein instantziaren aurrean duten ordezkari gorena. Kontseiluko idazkariaren eginkizuna izanen da buruari laguntzea eta bileren aktak gordetzea.

2. Artikulu honetan ageri diren ordezkarien agintaldiek ikasturte bateko iraupena izanen dute.

3. Zilegi izanen da Ikasleen Kontseiluak ordezkari hautetsiak kargutik kentzea, haiek hautatu zituen taldearen heren batek proposaturik, horretarako deitutako bileran dauden kideen gehiengo osoaren onespenez.

103. artikulua.

1. Unibertsitateak, bere aukeren barrenean, behar diren bitartekoak emanen dizkio Ikasleen Kontseiluari.

2. Behar den araudian jaso eta babestu beharko da ikasleek Unibertsitateko eta unibertsitatearteko eremuko eta eremu instituzionaleko ordezkaritza-jardueretan duten parte-hartzea.

104. artikulua.

Ikasleen Kontseiluari dagozkio eskumen hauek:

a) Bere eraketa eta funtzionamendua arautzen dituen erregelamendua egitea, Gobernu Kontseiluak onets dezan.

b) Unibertsitateko ikasleengandik etorritako ekimenak bideratzea, eztabaidatzea, proposatzea, eta, hala badagokio, gauzatzea, aurreko letran aipatzen den erregelamenduan ezartzen diren bide unibertsitarioei jarraikiz.

c) Unibertsitateko komunitatearengan eragina duen informazioa biltzea eta ikasleei transmititzea.

d) Eman zaizkion baliabide eta bitartekoak kudeatzea.

e) Unibertsitateko zerbitzuen ebaluazio prozesuetan parte hartzea.

f) Bere ordezkariak aukeratzea behar den organo unibertsitarioetarako.

g) Bere erregelamenduan ezartzen denari jarraikiz, ikastegiko kontseiluetan eta saileko kontseiluetan parte hartuko duten ikasleak hautatzea.

h) Bere erregelamenduan ezartzen denari jarraikiz, beste instituzio edo erakunde batzuek behar dituzten Ikasleen Kontseiluko ordezkariak aukeratzea.

105. artikulua.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko gradu eta master ofizialetako irakaskuntza antolatzen den irakaskuntza-talde bakoitzak delegatu bat izanen du, eta, gehienez, bi delegatuorde.

2. Ikasleen Kontseiluari entzun ondoren Gobernu Kontseiluak onesten duen erregelamenduak ezarriko du ordezkaritza hori hautatzeko modua.

106. artikulua.

1. Hauek dira taldeko delegatuaren eginkizunak:

a) Bere taldea ordezkatzea Ikasleen Kontseiluan eta hautatua dagoen unibertsitateko organoetan, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetan eta Hauteskunde Erregelamenduan ezarritako baldintzetan.

b) Informazioa ematea eta mezuak transmititzea ikasleen eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko edozein organoren arteko harremana behar bezalakoa izan dadin.

c) Unibertsitateko gobernu- eta ordezkaritza-organoetako ikasleen ordezkariei helaraztea gobernu-organoei bidali beharreko proposamenak, eskaerak eta kexak.

d) Bere taldeko ikasleen proposamenak, eskaerak eta kexak azaltzea irakasleen aurrean.

e) Bere taldeko ikasleak bilera batera deitzea bere funtzioa betetzeko behar beste aldiz, irakaskuntzako programazioa ahal bezainbeste errespetatuz.

f) Deitua dagoen bileretara joatea, bere karguari dagozkion eginkizunak errazago bete daitezen.

g) Unibertsitateak legez enkargatuak dituen helburuen garapen eta kalitateari ekarpena egitea.

h) Ikasleen Kontseiluaren ustez ikasleentzat jakingarria den informazioa bere taldeko kideen artean zabaltzea.

i) Bere ordezkaritza-agintaldia betetzeko behar diren beste edozein eginkizun.

2. Taldeko delegatuak zilegi izanen du delegatuordeen esku uztea artikulu honen d) letratik i) letrara jasotzen diren eginkizunak, gai hori arautzen duen araudiari jarraikiz.

107. artikulua.

1. Ikasleek unibertsitate zabalpeneko jardueretan parte hartzea babestuko du Unibertsitateak, balio akademikoa emanez eta halakoak ebaluazio- eta irakaskuntza-jarduerekin ongi uztar daitezen zainduz.

2. Zilegi izanen da Unibertsitateak, Gobernu Kontseiluak onetsitako araudian ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleen elkarte gisa aitortzea parte-hartzearen, ordezkaritzaren, elkarbizitzaren, pluralismoaren eta gobernantza demokratikoaren printzipioei jarraikiz eratzen eta erregistratzen diren elkarte guztiak, betiere helburu badituzte goi mailako hezkuntza, kulturaren sustapena, ondare kultural eta unibertsitarioen defentsa, garapen zientifiko, kultural eta artistikoa eta jarduera profesionalak betetzeko prestakuntza, edo antzekoak.

3. Aitorpen hori ezinbesteko baldintza izanen da Unibertsitateak ezartzen dituen laguntza ekonomiko eta materialen araubidera sartzeko.

III. KAPITULUA.–TEKNIKARIAK ETA KUDEAKETAKO ETA ADMINISTRAZIOKO ETA ZERBITZUETAKO LANGILEAK

108. artikulua.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikari eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen eginkizuna da Unibertsitatean funtzio tekniko, administratibo eta kudeaketakoak betetzea, bai eta Unibertsitateko eginkizunak garatzeko aholkuak eta laguntza ematea ere, beren eskumenen esparruan.

2. Talde horretako langile funtzionarioek eta ahal dela administrazio araubidean kontratutako langileek eta behin-behineko langileek osatzen dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen taldea, funtzio publikoko foru araudiari jarraikiz, bai eta indarrean den legedian jasoak dauden egoeretan Nafarroako Unibertsitate Publikoan zerbitzuak ematen dituzten beste administrazio publiko batzuetako langileek ere.

109. artikulua.

1. Funtzio publikoari buruzko Nafarroako Foru Komunitateko araudiak arautuko ditu teknikari eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak, kalterik eragin gabe Unibertsitateko esparruan ezartzen diren berezitasunei.

2. Funtzionarioen plantilla organikoaren lanpostu hutsak aldi baterako betetzeko, eta, hala badagokio, aldi baterako beharrak betetzeko kontrataziorako, funtzio publikoa arautzen duen foru araudian jasotakoari jarraituko zaio, eta zuzenbide administratiboari loturiko kontratazioa baliatuko da horretarako, salbu eta behar bezala justifikatutako kasuetan.

110. artikulua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen eskubideak dira, legeak aitortzen dituen beste batzuez gain, hauek:

a) Unibertsitateko gobernu- eta ordezkaritza-organoetan parte hartzea, Estatutu hauetan xedatutakoari jarraikiz.

b) Beren lan baldintzak ezartzea beren ordezkaritza-organoen bidez, Unibertsitateko zuzendaritza-organoekin batera.

c) Beren lanpostuak zer eginkizun dituen jakitea eta informazio eta bitarteko egokiak izatea haiek betetzeko.

d) Beren trebetasunak lantzeko prestakuntza jasotzea, bai eta lan ibilbidea garatzeko behar dituzten bitartekoak ere, beren jarduera unibertsitarioan edo espezializazio eremuan.

e) Unibertsitateko instalazio eta zerbitzuak erabiltzea, beren xedeei jarraikiz eta haien arauak betez.

f) Eskura izatea Unibertsitateko komunitatearen intereseko gaiei buruzko informazioa, eta baita, bereziki, Unibertsitateko gobernu-organoek hartzen dituzten erabakiak ere, baldin eta eragiten badiete.

g) Beren jardun profesionala ebaluatzeko egiten diren prozesuetan entzunak izatea, eta beren ebaluazioaren emaitzak zein diren jakitea.

111. artikulua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen betebeharrak dira, legeak ezartzen dituen beste batzuez gain, hauek:

a) Modu eraginkorrean betetzea beren lanpostuari esleituriko eginkizunak, bai eta Unibertsitatearekin duten harremanetik sortuak diren beste batzuk ere.

b) Eskatu zaizkion eginkizunak betetzeko prestakuntza eta hobekuntza jasotzea, helburu horietarako ezarritako jardueretan parte hartzearen bidez.

c) Nafarroako Unibertsitate Publikoa hobetzen laguntzea, Unibertsitateak bere xedeak bete ditzan eta zerbitzu publiko gisa hobeki funtziona dezan.

d) Unibertsitatearen ondarea errespetatzea eta haren kontserbazioa zaintzea.

e) Karguren baterako hautatu edo izendatu badituzte, arduraz betetzea kargu horiek.

f) Datuen babesaren eta konfidentzialtasunaren arloan aplikatzekoa den araudia betetzea.

g) Nagusiek eta agintari akademikoek emandako jarraibideei adi egotea.

h) Unibertsitateari jakinaraztea haiek ematen dituzten zerbitzuei buruz duten edozein interes gatazka, halakorik baldin badute.

112. artikulua.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak zilegi izanen du, foru araudiari jarraikiz, sistema bat ezartzea teknikari eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen lanaren ebaluazioa egiteko, haien jardun profesionala, errendimendua eta emaitzen lorpena neurtu eta baloratzearren.

2. Lana ebaluatzeko ereduaren oinarrian gardentasun eta publizitatearen, objektibotasun eta fidagarritasunaren, inpartzialtasun eta diskriminaziorik ezaren eta parte-hartzearen printzipioak egonen dira, eta langile publikoen eskubideei kalterik eragin gabe aplikatuko dira.

3. Lana ebaluatzeko sistema Unibertsitatearen plangintza estrategikotik abiatuko da, eta zerbitzuen kudeaketa eta kalitatea hobetzera, errendimendua eta garapena hobetzera eta langileen garapen profesionalera bideratuko da, eta langileen motibazioa sustatuko da, haiek aurrez ezarritako xede batzuetan inplikatuz

4. Unibertsitateak berariazko arauak ezartzen ahalko ditu honako hauei buruz: ebaluazioa egiteko prozedura eta maiztasuna eta hartaz arduratuko diren organoen funtzionamendua, bai eta ebaluazioaren emaitzak nolako eragina izanen duen lan ibilbidean, prestakuntzan eta mugikortasunean, lanpostuak betetzean eta ordainsari osagarrietan.

113. artikulua.

1. Teknikariek eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileek eskubidea izanen dute sustapen profesionalerako, foru araudian ezarritakoari jarraikiz.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoak zilegi izanen du, araudi horretan ezarritakoari jarraikiz eta ordezkari sindikalek aldez aurretik negoziatu ondoren, bere funtzionarioak sailkapen maila batetik bestera igotzeko sustapen prozesuen deialdiak egitea eta haien ezaugarriak arautzea, parte-hartzearen pizgarri moduan.

Sustapen prozesuek –berdintasunaren, merezimenduaren eta gaitasunaren printzipio konstituzionalak bermatuko dituzte– ezin dute handitu teknikari eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langile izateko lanpostuen kopuru totala.

3. Halaber, funtzio publikoaren foru arauen esparruan, Nafarroako Unibertsitate Publikoak zilegi izanen du ibilbide profesional ordainduko sistema bat garatzea teknikari eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileentzat, gardentasunaren eta berdintasun efektiboaren printzipioak bermatuz eta Unibertsitatearen beharretara egokituta.

114. artikulua.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoan zerbitzuak ematen dituzten funtzionarioak Nafarroako foru araudian eskatzen den titulu mailaren arabera egituratuko dira.

2. Teknikari eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen taldeko kide bat ere ezin izanen da behartua izan bere mailari edo talde profesionalari ez dagozkion eginkizunak betetzera.

Kategoria edo maila altuagoko lanpostu bati dagozkion erantzukizunak eskatzen bazaizkio, eginkizun eta ordainsari berriak indarrean den legedian xedatutakoaren arabera esleituko dira.

115. artikulua.

1. Plantilla organikoaren onespena eta aldaketa Gobernu Kontseiluari dagokio, Kudeatzailetzak proposaturik; izan ere, plantilla organikoa Kudeatzailetzak prestatuko du, ordezkaritza-organoei entzun ondoren, eta egitura unibertsitarioek azaldutako irakaskuntzako, ikerketako eta kudeaketako beharrekin lotura estuan.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoak plantilla-egiturari buruzko dokumentu propioa egin eta onetsiko du, eta bertan agertu beharko dira lanpostuen zenbakia eta izena, lanpostua eskuratzeko eta betetzeko titulazio maila eta gainerako eskakizunak, langileek bete beharko dituzten eginkizunen arabera, bai eta ordainsari osagarriak ere, zeinak, analogiaz, parekagarriak izanen baitira Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko lanpostu baliokideekin.

3. Plantilla organikoa Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoetan aplikatzekoak diren funtzio publikoaren arloko foru araudiak ezarritako xedapenetan jasoa dagoenari jarraikiz onetsi eta argitaratuko da.

116. artikulua.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak hautatuko ditu, bere autonomia gauzatuz, bere teknikariak eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako bere langileak, berdintasunaren, merezimenduaren eta gaitasunaren printzipioak bermatuz, bai eta publizitatearena, lehiakortasunarena eta gardentasunarena ere.

2. Plantilla organikoan ageri diren lanpostu hutsen hautaketa-prozesuen deialdia errektoreak eginen du, eta hark aginduko du haren argitalpena Espainiako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

117. artikulua.

Bost kidek osatuko dituzte funtzionarioen egiturari dagozkion lanpostuen hautaketa-batzordeak –haien ebazpenak publikoak izanen dira–. Kide horiek karrerako funtzionarioak izan beharko dira, eta lanpostuaren maila bereko edo altuagoko titulua izan beharko dute, funtzio publikoaren arloan sartzeko foru arauei eta Gobernu Kontseiluak onesten dituen xedapenei jarraikiz.

Ahal dela, kideetako bat Unibertsitatetik kanpokoa izanen da, Nafarroako administrazio publikoetakoa edo Espainiako beste unibertsitate publikoren batekoa.

118. artikulua.

Lanpostu hutsak betetzera eta Unibertsitateko maila baxuagoetako funtzionarioen sustapena egitera begira, erreserban gordeko da lanpostu kopuru osoaren gainean Gobernu Kontseiluak indarrean den araudiaren arabera ezartzen duen ehunekoa.

119. artikulua.

Teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkaritza-organoak aplikatzekoa den araudiak ezartzen dituenak izanen dira, eta beren eskumen esparruan beteko dituzte beren eginkizunak.

IV. KAPITULUA.–UNIBERTSITATEKO KOMUNITATEAREN ARARTEKOA

120. artikulua.

Unibertsitateko komunitatearen arartekoa Klaustroaren goi komisarioa da, eta haren mandatua Unibertsitateko komunitateko kide guztien eskubideak defendatzea eta babestea eta Estatutu hauetan xedatutakoa betetzea da. Horretarako, Unibertsitateko jarduera akademikoa eta administratiboa gainbegiratu dezake, bai eta interesdunei gomendioak egin ere.

Unibertsitateak beharrezko bitartekoak jarriko ditu hark bere eginkizunak bete ditzan.

121. artikulua.

1. Unibertsitateko komunitateko arartekoa Klaustroak aukeratuko du irakasle eta ikertzaileen taldeko edo teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen taldeko kide iraunkorren artean, bere Barne Erregelamenduan ezarritako prozedurari jarraikiz, bertaratu diren kideen hiru bosteneko gehiengoz.

2. Agintaldia sei urtekoa izanen da, berriz aukeratua izateko aukerarik gabe.

3. Berak eskatuta kenduko da kargutik, edo Klaustroaren erabakiz, lehenbiziko paragrafoan jasoa dagoen gehiengo berberaz hartutako erabaki batez hain zuzen, baldin eta kausa hauetakoren bat baldin badago: betebeharrak ez betetzea edo eskubideak urratzea dakarten jarduketak.

122. artikulua.

1. Unibertsitateko komunitatearen arartekoa ez da aginduzko mandatuaren mendekoa izanen, ezta inongo agintari akademikoren, gobernu organoren edo unibertsitateko komunitateko beste edozein kideren jarraibideen mendekoa ere.

2. Ofizioz edo alde batek eskatuta jardunen du, eta hark jarduteko eskaerak ez dira inolako formalitateren mende egonen, salbu eta artikulu honen 4. apartatuan jasoa dagoen erregelamenduaren ondoriozkoak.

3. Sarbidea izanen du Nafarroako Unibertsitate Publikoaren edozein barne dokumentutara. Unibertsitateko komunitatea osatzen dutenek nahitaez erantzun beharko dituzte hark bere eginkizunak betetzeko egiten dizkien demanda eta eskakizunei.

4. Klaustroak onetsiko ditu, bere ekimenez edo unibertsitateko komunitatearen arartekoak proposaturik, erakundearen funtzionamendu erregelamendua eta haren erreformak.

5. Unibertsitateko komunitatearen arartekoak urteroko txosten bat eginen du, Klaustroaren aurrean aurkeztuko dena.

V. KAPITULUA.–EUSKARA UNIBERTSITATEAN

123. artikulua.

1. Euskara eta gaztelania Nafarroako berezko hizkuntzak dira, eta, beraz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kide guztiek dute biak jakiteko eta erabiltzeko eskubidea, hurrengo artikuluan ezarritako baldintzetan.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoko euskararen erabilera administratiboak organo eskudunek emandako hizkuntza-jarraibideak hartuko ditu erreferentziatzat, indarrean den araudiaren arabera.

124. artikulua.

1. Unibertsitateko komunitate osoak ditu eskubide hauek:

a) Foru Komunitateko berezko edozein hizkuntzatan zuzentzeko unibertsitateko gobernu-organoetara eta zerbitzu administratiboetara.

b) Nafarroako berezko edozein hizkuntzatan mintzatzeko Unibertsitateko bileretan.

c) Unibertsitateak euskaraz ematen dituen irakasgaietan, ikasketak euskaraz jaso eta emateko eskubidea, bai eta lanak, azterketak edo probak euskaraz egitekoa ere, legeak ezartzen dituen baldintzetan.

2. Unibertsitateko organo guztiek betebeharra dute eskubide horiek betetzen direla bermatzeko, beren eskumen esparruetan. Helburu horretarako, behar diren baliabideak emanen ditu Unibertsitateak.

125. artikulua.

1. Gobernu Kontseiluak arautuko du, Hizkuntza Plangintzarako Batzordeak proposaturik, jarduera akademikoetan euskarak izan behar duen erabilerari buruzko plangintza. Plangintza hori urte anitzekoa izanen den neurrian, Gizarte Kontseiluak onetsi beharko du.

2. Unibertsitateak, euskarazko jarduera akademikoak garatzeko, eskaera eta behar sozialak –kontrastatuak– hartuko ditu kontuan.

126. artikulua.

1. Unibertsitateak politika bat garatuko du irakasleei eta teknikariei eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileei prestakuntza emateko eta haiek kontratatzeko, euskarazko irakaskuntza ezartzeko eta euskara administrazioko eta laneko harremanetan erabiltzen dela bermatzeko, Legeak ezartzen duen esparruan.

2. Unibertsitateak ezarriko du irakasleen, eta, hala badagokio, ikertzaileen eta teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen zer lanpostutarako den nahitaezkoa euskara jakitea.

3. Euskara jakitea nahitaezkoa ez den lehiaketetan, Gobernu Kontseiluak lanpostu horren ezaugarrien arabera erabakiko du hizkuntza horren ezagutza baloratzea, indarrean den araudiak ezartzen dituen baldintzetan.

127. artikulua.

Unibertsitatea ahaleginduko da gaztelania eta euskara erabiltzen barne nahiz kanpo erabilerarako dokumentu administratiboetan, eta bermatuko du bi hizkuntza horiek erabiltzen direla inprimakietan, paperen idazpuruetan, irudiarekin eta barneko eta kanpoko errotulazioarekin zerikusia duten jarduketetan, publizitatean eta sustapenean eta Foru Komunitatean dauden administrazio publikoekiko eta esparru horretako beste batzuekiko harreman instituzionaletan, indarrean den araudiarekin bat etorriz.

128. artikulua.

Hizkuntza-plangintzara begira, euskararen arloan lan egiten duten erakunde publiko eta pribatuekiko harremanak ezartzen ahaleginduko da Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

129. artikulua.

Hizkuntza Plangintzarako Batzordea, kontsultarako organoa den aldetik, eginkizun hauek ditu:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko eremuetan euskararen erabilera sustatzera bideratutako hizkuntza-plangintzako neurriak sortu eta proposatzea.

b) Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleen euskarazko prestakuntza akademikoa erraztera bideraturiko proposamenak egitea.

c) Nafarroako Unibertsitate Publikoko gobernu-organoek onetsitako hizkuntza-plangintzarako neurrien segimendua egitea.

d) Unibertsitateko gobernu-organoei hizkuntza-plangintzaren arloko aholkuak ematea.

e) Irakasle eta ikertzaileen eta teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen hizkuntza-prestakuntza sustatzeko proposamenak egitea.

f) Euskararen arloan, Estatutuetan eta indarrean diren beste araudi batzuetan ezarritakoa bete dadila zaintzea, bai eta Unibertsitateko gobernu-organoetan onetsitakoa ere.

g) Administrazioko eta laneko harremanetan euskara erabil dadila zaintzea eta hizkuntza-eskakizunak ezar daitezela proposatzea.

h) Euskarazko irakaskuntzarako materialen sorkuntza bultzatzea.

i) Euskararen presentzia zaintzea besteak beste Unibertsitateko irudi instituzionalean, argitalpenetan, barneko eta kanpoko dokumentazio administratiboan eta publizitatean.

j) Euskararen eta hizkuntza-plangintzaren arloan, beste erakunde eta instituzio batzuekin harremanak ezartzea.

k) Unibertsitate zabalpeneko jarduketak proposatzea Nafarroako Foru Komunitateko euskararen hezkuntza-eremuan.

l) Euskararen ezagutza eta erabilera sustatzea, bai eta hari buruzko jarrera positiboak ere.

m) Hizkuntza-plangintzarekin loturiko ikerketa soziolinguistikoak periodikoki egin daitezela sustatzea.

n) Batzordearen Barne Erregelamendua prestatzea, zeina Gobernu Kontseiluaren erabaki batez onetsiko baita.

ñ) Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak esleitzen dion beste edozein eginkizun.

130. artikulua.

Euskararako Unitate Teknikoa Hizkuntza Plangintzari laguntzeko tresna teknikoa da, eta haren eginkizunak izanen dira itzulpenak egitea, administrazioko dokumentuetan euskara behar bezala erabiltzen dela zaintzea, gobernu-organoei euskararen arloko aholkuak ematea eta esleitzen ahal zaizkion beste zenbait.

SEIGARREN TITULUA.–UNIBERTSITATEKO KOMUNITATEARENTZAKO ZERBITZUAK

131. artikulua.

1. Unibertsitateko irakaskuntzari, ikerketari, ezagutzaren transferentziari eta unibertsitate zabalpenari laguntzeko behar diren unitate administratiboak sortu, antolatu eta mantenduko ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoak, baita unibertsitateko komunitateari arreta emateko zerbitzuetarako behar direnak ere, komunitateko kideek beren eginkizunak hobeki bete ditzaten.

2. Unibertsitateak berdintasunerako eta dibertsitaterako unitateak izan beharko ditu, biak batera edo bereizita osatzen ahalko direnak, bai eta zerbitzuen ikuskaritzarako unitateak ere; halaber, osasun zerbitzuak, laguntza psikologiko eta pedagogikorako zerbitzuak eta orientazio profesionalerako zerbitzuak izanen ditu, unibertsitateko komunitateari zuzenduak.

3. Berdintasunerako unitatea arduratuko da gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna Unibertsitateko politiketan modu transbertsalean ezartzeari buruzko aholkularitzaz, koordinazioaz eta ebaluazioaz, bai eta genero ikuspegia Unibertsitatearen jarduera eta eginkizun guztietan txertatzeaz ere.

4. Dibertsitaterako unitatea arduratuko da Unibertsitatearen jarduera eta eginkizun guztietan inklusiorako eta diskriminazioaren aurkako unibertsitate politikak proposatu eta koordinatzeaz, baita desgaitasunari arreta eskaintzeko politikak ere.

5. Ikuskapenerako unitatearen eginkizuna hau izanen da: unibertsitate-erakundeak ematen dituen zerbitzuen funtzionamendua egokia dela zaintzea, bai eta erakundea arautzen duten legeen eta arauen araberakoa dela ere.

6. Unitate horien funtzionamendu araubidea Gobernu Kontseiluak arautuko du, eta berdintasunerako, dibertsitaterako edo desgaitasunari arreta emateko planak sortu eta onesteko prozedura zehaztuko du, aplikatzekoa den araudiaren esparruan.

132. artikulua.

Unibertsitateak, eskumena duten gobernu-organoek zehaztutako jarraibideen arabera, gutxienez zerbitzu unibertsitario hauek ematen dituzten unitate administratiboen antolaketa eta funtzionamendua ziurtatuko ditu:

a) Unibertsitatearen kudeaketa akademikoa, ekonomikoa, administratiboa eta giza baliabideena, bai eta kalitatearen kudeaketa ere.

b) Unibertsitatearen jarduera akademiko eta kudeaketakoaren funtzionamendurako baliabide informatiko egokien eskuragarritasuna, funtzionamendua eta eguneratzea.

c) Jarduera akademikoak eta kudeaketakoak eraginkortasunez egiteko behar diren informazio zientifiko, tekniko eta profesionaleko baliabideak eskuratzeko eta zabaltzeko sistema.

d) Ikerketari eta ezagutzaren transferentziari laguntzea eta haiek kudeatzea, finantzaketa-iturri publikoak edo pribatuak lortzea erraztuz eta arlo horretako kanpoko entitateekin bitartekotza eginez.

e) Unibertsitate zabalpeneko jarduerei laguntzea eta haiek kudeatzea, kulturako eta kiroletako jarduerak barne, eta eginkizun horiei dagokienez gizartearekin lankidetzan aritzeko bideak irekitzea.

f) Interesgarritzat jotzen diren lan zientifiko, tekniko edo artistikoen mota guztietako edizioak programatu eta egitea, dela euskaraz, dela gaztelaniaz dela beste edozein hizkuntzatan eta euskarri materialetan.

g) Unibertsitatearenak diren dokumentu guztien zaintza integratua eta haien sarbidearen kudeaketa, edozein dela ere dokumentuen mota, garaia eta euskarri materiala.

h) Hizkuntzak ikasteko eta hobetzeko jarduerei laguntzea eta haiek kudeatzea.

i) Unibertsitateko komunitateari arreta emateko zerbitzuak, hala nola gizarte zerbitzuak eta orientazio profesionalerako zerbitzuak.

133. artikulua.

1. Unibertsitateko zerbitzuak emateaz arduratzen diren unitate administratiboak errektorearen ebazpen baten bidez sortu, aldatu edo kenduko dira, kudeatzaileak hala proposatuta.

2. Unibertsitateko zerbitzuak ematen dituzten unitate administratiboak sortzearren errektoreak ematen dituen ebazpenetan jasoko da unitateei zer baliabide pertsonal eta material esleitu behar zaizkien beren jarduerak garatzeko, alde batera utzi gabe Gizarte Kontseiluak aurrekontuen arloan dituen eskumenak.

134. artikulua.

1. Unibertsitateko zerbitzuak emateaz arduratzen diren unitate administratiboak Kudeatzailetzaren mende egonen dira organikoki, eta funtzionalki, berriz, errektoreak zehazten dituen gobernu-organoen mende, salbu eta 135. artikuluaren arabera ezartzen diren egoeretan.

2. Errektoreak zer jarraibide estrategiko zehazten dituen, haiei jarraikiz beteko dituzte unitate administratiboek beren jarduerak; horretarako, errektoreordeen, Idazkaritza Nagusiaren eta Kudeatzailetzaren laguntza izanen dute, bai eta Unibertsitateko gainerako gobernu-organoena ere, haietako bakoitzaren eskumenen arabera.

3. Unibertsitateko zerbitzuak emateaz arduratzen den unitate administratibo bakoitzak zuzendaritza bakarra izanen du, eta hura arduratuko da unitatearen kudeaketaz eta funtzionamenduaz. Unibertsitateko teknikariak arduratuko dira zuzendaritzaz eta lan teknikoak eta administratiboak egiteaz, betiere profesionaltasun-, kualifikazio- eta esperientzia-irizpideen arabera; hala ere, beste administrazio publiko batzuetako langileak ere arduratzen ahalko dira, indarrean dagoen legerian aurreikusitako egoeren arabera.

4. Unibertsitateko zerbitzuak emateaz arduratzen den unitate administratibo bakoitzak bere arloko baliabide eta jarduera guztien gaineko eskumena izanen du.

135. artikulua.

Unibertsitateko zenbait zerbitzu unibertsitateko entitate instrumentalen bidez ematen ahalko dira. Halaber, beste entitate batzuen bidez ematen ahalko dira, betiere errektoreak sinatutako hitzarmenen edo kontratuen bidez –hitzarmenen kasuan, Gobernu Kontseiluak ere berretsi beharko ditu–.

ZAZPIGARREN TITULUA.–ARAUBIDE EKONOMIKO ETA FINANTZARIOA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

136. artikulua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak autonomia ekonomiko eta finantzarioa du, eta haren jarduera ekonomiko eta finantzarioa honako hauetan ezarritakoaren arabera arautuko da: Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoa, Nafarroako Foru Komunitateko sektore publikoan aplikatzekoa den finantza- eta aurrekontu-legeria, Estatutu hauek eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

137. artikulua.

1. Gobernu Kontseiluak zer ildo estrategiko zehazten dituen urte anitzeko programazioa garatzearren, ildo horien esparruan eginen dira Unibertsitateko aurrekontuak.

2. Helburuen eta jardueren plangintza eraginkorra izan dadin, Foru Komunitatearekiko finantzaketa-hitzarmen batek edo Unibertsitatearen finantzaketari buruz ezar daitekeen lege batek babestuko du urte anitzeko programazioa.

II. KAPITULUA.–KUDEAKETA EKONOMIKO ETA FINANTZARIOA

138. artikulua.

1. Unibertsitatearen aurrekontua publikoa, bakarra eta orekatua izanen da. Baimendutako gastu guztiak hartuko ditu barne, bai eta, Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoaren 57. artikuluan ezarritakoaren arabera, Unibertsitateak urte natural bakoitzean izanen dituen diru-sarreren estimazioa ere.

2. Kontuak emateari dagokionez eta kudeaketa ekonomiko-finantzarioaren gardentasunari dagokionez, aurrekontuaren egitura, kontabilitate sistema eta urteko kontuak biltzen dituzten dokumentuak egokitu beharko zaizkie, alde batetik, sektore publikorako oro har ezartzen diren arauei, eta, bestetik, Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoaren 57. artikuluan ezarritakoaren arabera Foru Komunitateak modu espezifikoagoan ezartzen ahal dituen arauei.

3. Artikulu honetako 2. apartatuan xedatutakoa alde batera utzi gabe, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aurrekontuaren egituraren eta hura betearazteko oinarrien helburua izanen da Unibertsitatearen kudeaketa ekonomikoa ahalik eta eraginkorrena eta efizienteena izatea.

4. Urte anitzeko programazioa dagoenean, programa zenbateraino bete den ebaluatuko da aurrekontuarekin batera. Urte anitzeko programazioan aurreikusitako kredituak aurrekontua onestean baimenduko dira.

5. Kudeatzailetzak eginen du aurrekontuaren aurreproiektua, eta hartan jasoko da Foru Komunitateari eskatuko zaion finantzaketaren zenbatekoa. Finantzaketaren zenbatekoak aurreikusten eta zehazten dituen finantzaketa-hitzarmen edo -legerik ez badago, errektoreak txosten bat igorriko dio Foru Komunitateko Gobernuari, hirugarren hiruhilekoa amaitu aurretik, eskatutako zenbatekoa zehazteko.

6. Eskatutako finantzaketa zehaztu ondoren, Gobernu Kontseiluak aurrekontu-proiektua onetsiko du, eta, hala badagokio, baita urte anitzeko programazioa ere, eta Gizarte Kontseiluari igorriko dio, onets dezan. Gizarte Kontseiluak onetsi eta gero, Foru Komunitateko Gobernuari bidaliko zaio.

7. Kudeatzailetzak, araudiarekin bat etorriz, aurrekontuak betearazteko eta likidatzeko eskatzen zaizkion kontabilitate-dokumentuak prestatuko ditu, hau da, Gobernu Kontseiluak proposatuta Gizarte Kontseiluak onetsi behar dituenak.

139. artikulua.

Errektoreak, Gobernu Kontseiluak baimena eman eta gero, kreditu eragiketak hitzartzen ahalko ditu. Aurrekontuaren indarraldia gainditzen duten eragiketek Gizarte Kontseiluaren aldeko txostena izan beharko dute, eta Foru Komunitateak emanen du azken onespena.

140. artikulua.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere kudeaketa ekonomiko eta finantzarioaren barneko ikuskaritza ziurtatuko du, eta, horretarako, dagozkion prozedurak, ebaluazioak eta kontrolak eginen ditu.

2. Barneko kontrolaz arduratzen den organoak autonomia izanen du bere lanean aritzeko, eta Unibertsitateko Gobernu Kontseiluaren mende egonen da.

3. Barneko ikuskaritza hori teknikari espezializatuek eginen dute, eta kudeaketa ekonomiko eta finantzarioaren etengabeko ebaluazioa eta kontrola ziurtatuko dute.

4. Nafarroako Unibertsitate Publikoak, halaber, kanpoko ikuskaritzak egiteko eskatzen ahalko du bere kudeaketa ekonomikoa ebaluatu eta kontrolatzeko. Kanpoko ikuskaritza bat egiten bada, Gizarte Kontseiluak eta Gobernu Kontseiluak berariaz ezagutu beharko dituzte haren emaitzak.

III. KAPITULUA.–MATRIKULEN, ZERBITZUEN ETA KONTRATUEN ONDORIOZKO DIRU-SARRERAK

141. artikulua.

1. Ikasketa berekien, etengabeko prestakuntzaren, unibertsitate zabalpeneko jardueren eta gainerako zerbitzuen prezioak indarrean dagoen araudiaren arabera finkatuko dira, kostuei eta zerbitzuaren eskaerari bereziki erreparatuta. Salbuespen gisa, justifikatutako beharrak direla-eta, errektoreak prezio horiek behin-behinean ezartzen ahalko ditu, eta Gobernu Kontseiluari jakinaraziko dizkio.

2. Unibertsitateko entitate edo fundazioek hitzarmen bidez emandako zerbitzuen kasuan, entitate edo fundazio horiek zerbitzuen prezioak jasotzen ahalko dituzte, hitzarmenean nahitaez aurreikusita egon beharko duten kontrol- eta likidazio-prozeduren arabera.

IV. KAPITULUA.–UNIBERTSITATEAREN ONDAREA

142. artikulua.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ondarea haren ondasun, eskubide eta akzioek osatzen dute, bai eta ordenamendu juridikoaren aurreikuspenen arabera Unibertsitateak eskura ditzakeen beste ondasun, eskubide eta akzioek ere.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere gain hartzen du Nafarroako Foru Komunitateko jabari publikoko ondasunen titulartasuna baldin eta bere eginkizunak betetzeari atxikita badaude, bai eta etorkizunean Estatuak, Nafarroako Foru Komunitateak edo toki-korporazioek eginkizun horietarako bideratzen dituztenena ere.

3. Nafarroako Unibertsitate Publikoak eguneratuta izanen du bere ondarearen inbentarioa.

143. artikulua.

1. Gizarte Kontseiluaren ardura izanen da, Gobernu Kontseiluak proposamena egin eta gero, jabari publikoko ondasunen desafektazioa egitea, bai eta peritu tasazioaren arabera Gizarte Kontseilua arautzen duen legean ezarritako zenbatekoa gainditzen duten ondare-ondasunak besterentzea, trukatzea edo lagatzea ere.

2. Errektorearen ardura izanen da, Kudeatzailetzak proposatuta eta Gobernu Kontseiluari horren berri emanda, ondare-ondasunen besterentzeak erabakitzea baldin eta ondasun horien balioa, peritu tasazioa egin ondoren, 1. apartatuan aipatutako zenbatekoa baino txikiagoa bada.

V. KAPITULUA.–UNIBERTSITATEKO SEKTORE PUBLIKOA

144. artikulua.

1. Unibertsitateak, bere kabuz edo beste entitate batzuekin lankidetzan, edozein motatako pertsona juridikoak sortzen ahalko ditu, aplikatu beharreko legeria orokorraren arabera. Onespena Gizarte Kontseiluak emanen du, Gobernu Kontseiluak proposatuta. Gizarte Kontseiluak alderdi ekonomiko eta finantzarioak aztertuko ditu, ez besterik, eta ez du eskurik hartuko gainerakoetan, hau da, sortu beharreko entitatearen helburuan eta gobernuaren edo administrazioaren antolamenduan.

2. Aurreko entitateei Unibertsitatearen aurrekontuen kargura egiten zaizkien ekarpenak –fundazio-zuzkidura, kapital sozialerako ekarpenak edo bestelakoak– Foru Komunitateak helburu horretarako ezartzen dituen arauen mende egonen dira.

3. Baldin eta NUPek gehiengo partaidetza badu entitate baten kapitalean edo ondare-funtsean, entitate hori behartuta egonen da kontuak Unibertsitatearen epe eta prozedura berberetan ematera. Horretarako, 140. artikuluan jasotako barneko auditoretzako prozeduren mende jartzen ahalko ditu Unibertsitateak entitate horiek.

4. Baldin eta NUPek gehiengo partaidetza badu entitate juridiko-pribatu baten kapital sozialean edo ondare-funtsean, entitate horiek berdintasunaren, merezimenduaren eta gaitasunaren printzipioak bermatuko dituzte langileak aukeratzean, bai eta publikotasunaren printzipioa ere.

145. artikulua.

1. Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoaren 63. artikuluaren babesean Unibertsitateak sortzen dituen entitateen fundazio-zuzkidura edo kapital sozialerako ekarpena honako irizpide hauen mende egonen dira:

a) Berariazko zuzkidura izanen dute Unibertsitatearen aurrekontuetan.

b) Ezin izanen zaizkie Unibertsitateko jabari publikoko ondasunak gehitu, salbu eta emakida edo erabilera-lagapen araubidean egiten bada; kasu horretan, erabakian ezarriko da iraupena eta noiz itzuliko zaizkion Unibertsitateari.

c) Unibertsitatearen ekarpena fundazio-zuzkiduraren edo kapital sozialaren %51 baino handiagoa denean, Foru Komunitatearen baimena beharko da, salbu eta komunitatearen organoren bat entitatearen patronatuko kide edo gobernu-organo arrunteko kide bada.

2. Unibertsitateak fundazio-zuzkidurak edo kapital sozialerako ekarpenak handitu nahi baditu, ezinbestekoa izanen da aurreko paragrafoan adierazitako baldintza berberak betetzea.

3. Ez dira kapitalerako ekarpentzat hartuko Unibertsitatearekin sinaturiko hitzarmen edo kontratuen ondorioz fundazio edo sozietate zibil edo merkataritzakoei ematen zaizkien dirulaguntzak, transferentzia arruntak, ondasun-ekarpenak edo zerbitzu akademiko, administratibo edo kudeaketakoen prestazioak, ez eta etorkizunean sortzen diren edo Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoaren aurretik sortu ziren entitateei ematen zaizkienak ere.

ZORTZIGARREN TITULUA.–ARAUBIDE JURIDIKO-ADMINISTRATIBOA

146. artikulua.

Honako hauek arautuko dute Nafarroako Unibertsitate Publikoaren jarduera: administrazio publikoetan aplikatzekoak diren araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen arauek, unibertsitateko legerian aurreikusitako prozedura berezien arauek, eta Estatutu hauetan eta haiek garatzeko erregelamenduetan ezarritako prozedura propioen arauek.

147. artikulua.

1. Unibertsitateko kide anitzeko gobernu-organoek hartzen dituzten erabaki guztiek erabaki izaera izanen dute, eta kide bakarreko organoek hartzen dituztenek, berriz, ebazpen izaera.

2. Errektorearen ebazpenak eta Klaustroaren, Gobernu Kontseiluaren eta Gizarte Kontseiluaren erabakiak administrazioarekiko auzien jurisdikzioan aurkaratzen ahalko dira zuzenean.

3. Administrazio bidea agortzen dute eta zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan aurkaratzen ahalko dira Hauteskunde Batzorde Nagusiaren erabaki hauek: tokiko hauteskunde batzordeek egindako hautagai hautetsien behin betiko aldarrikapenaren aurkako erreklamazioak ebazten dituzten erabakiek eta Hauteskunde Batzorde Nagusiaren eskumeneko hauteskunde prozesuetako hautagai hautetsien behin-behineko aldarrikapenaren aurkako errekurtsoak ebazten dituzten erabakiek.

4. Gainerako gobernu-organoen ebazpenen edo erabakien aurka errektoreari zuzendutako errekurtsoa aurkezten ahalko da, salbu eta administrazio bidea agortzen badu erabaki edo ebazpen horrek.

5. Egoitza elektroniko ofizialak iragarki ohol elektroniko bat izanen du, eta, hartan, administrazio egintza orokorrak argitaratuko dira, araudiak ezarritakoaren arabera, ezertan galarazi gabe autonomia erkidegoko edo estatuko araudiak eta Estatutu hauek publizitatea emateko beste bideren bat eskatzea.

6. Egoitza elektroniko ofizialaren bidez sartuko da Unibertsitateko Erregistro Elektroniko Orokorrera.

7. Gobernu-organoek emandako ebazpenak, erabakiak eta, azken batean, administrazio egintzak Unibertsitatearen egoitza elektronikoan argitaratzea izanen da, legez ezarritako ondorio guztietarako, erabakiaren hartzaile diren interesdunei jakinarazteko modua, interesdun horiek unibertsitateko komunitatekoak izan nahiz hirugarrenak izan.

148. artikulua.

Errektoreak, egokitzat jotzen duenean, defentsa juridikoa eta babes prozesala agintzen ahalko die Nafarroako Unibertsitate Publikoan arlo juridikoaren eskumena duen zerbitzuaren kanpoko abokatuei, eta horren berri emanen dio Gobernu Kontseiluari.

BEDERATZIGARREN TITULUA.–ESTATUTUEN ERREFORMA

149. artikulua.

1. Estatutuak erreformatzeko ekimena errektoreari, Gobernu Kontseiluari edo Klaustroko kideen %30i dagokie.

2. Erreforma egiteko proposamena formalki aurkeztuko zaio Klaustroko Mahaiari. Proposamen horrek arrazoitua izan beharko du, eta, hala badagokio, hura sinatzen duten klaustrokideen sinadurekin batera aurkeztu beharko da, eta proposatutako ordezko testua jaso beharko du, salbu eta eskatzen den erreforma erabatekoa bada; kasu horretan, Klaustroari dagokio hura idaztea.

3. Klaustroko Mahaiari dagokio Estatutuak erreformatzeko proposamenak tramitera onartzea, aurreko apartatuetan xedatutakoaren arabera; halaber, aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, erreforma partzial edo oso gisa kalifikatu beharko du, edo, bestela, hautazko edo beharrezko erreforma gisa, artikulu honetako 6. apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako.

4. Klaustroko Mahaiak klaustrokideei emanen die Estatutuak erreformatzeko proposamenaren berri erreformari buruzko eztabaida egin eta bozketa egiteko bilkura egin baino hilabete lehenago gutxienez.

5. Hori horrela, erreformatzeko proposamenaren bilkura egiteko, aurreko apartatuan xedatutakoa bete eta hurrengo hilabetearen barnean deituko zaie klaustrokideei.

6. Estatutuak erreformatzeko proiektua onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Klaustroari dagokio, eta hura osatzen dutenen hiru bostenen aldeko botoa beharko da, salbu eta helburua bada Estatutuak egokitzea haiek indarrean jarri ondoren aldarrikatutako lege- edo erregelamendu-xedapenetara; kasu horretan, nahikoa izanen da bertaratutako klaustrokideen gehiengoak aldeko botoa ematea.

7. Erreformatzeko proposamenak Estatutu hauetan eskatutako gehiengoa lortzen ez badu, sei hilabeteko epea igaro arte ez da berriz egiten ahalko.

8. Ez da Estatutuak erreformatzeko proposamenik aurkezten ahalko Klaustroaren agintaldia amaitu aurreko hiru hilabeteetan.

9. Klaustroaren Barne Erregelamenduak garatuko du Estatutuak erreformatzeari buruzko prozedura, artikulu honetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Xedapen gehigarri bakarra.

Estatutuak indarrean jarri diren egunean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egitura honako hauek osatzen dute: Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea; Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea; Zientzia Juridikoen Fakultatea; Osasun Zientzien Fakultatea; Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoa; Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoa; Nafarroako Doktoretza Eskola (NADOE); Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Saila; Zientzien Saila; Osasun Zientzien Saila; Giza eta Hezkuntza Zientzien Saila; Zuzenbide Saila; Ekonomia Saila; Estatistika, Informatika eta Matematika Saila; Enpresen Kudeaketa Saila; Ingeniaritza Saila; Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saila; Soziologiako eta Gizarte Laneko Saila; Smart Cities Institutua (ISC); Institute for Advanced Materials and Mathematics (InaMat2); Institute for Advanced Research in Business and Economics (INARBE); Institute for Sustainability & Food Chain Innovation (ISFOOD); Institute for Advanced Social Research (I-COMMUNITAS); eta Institute for Multidisciplinary Applied Biology Research (IMAB).

Lehenbiziko xedapen iragankorra.–Unibertsitateko araudia egokitzea.

Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoaren xedapen iragankorrak alde batera utzi gabe, Estatutu hauek indarrean jarri ondoren, Klaustroak eta Gobernu Kontseiluak onetsiko dituzte erregelamenduen egokitzapena eta aldaketa, beharrezkoa balitz halakorik egitea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan egun indarrean dagoen araudia eguneratu arte, aplikatzekoa izaten jarraituko du araudiak, betiere ez badoa Estatutu hauen eta aplikatzekoak diren arauen aurka.

Bigarren xedapen iragankorra.–Klaustro berria aukeratzea.

Klaustro berriaren hautaketa gehienez urtebeteko epean egin beharko da, Estatutu hauek indarrean jartzen direnetik kontatzen hasita.

Hirugarren xedapen iragankorra.–Gobernu Kontseilu berria eratzea.

Klaustroko hauteskundeak egin eta gehienez hiru hilabeteko epean eratu beharko da Gobernu Kontseilu berria.

Laugarren xedapen iragankorra.–Ikastegietako kontseiluak berritzea.

Kontrako legezko agindurik ezean, ikastegiko kontseiluek beren eginkizunak betetzen jarraituko dute harik eta zuzendariaren edo dekanoaren agintaldia amaitzen den arte. Agintaldi hori amaitzen denean, beharrezkoa izanen da hauteskundeak egitea, bat etorriz Estatutu hauetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoarekin.

Ikasleen ordezkaritzari dagokionez, aurreko Estatutuetan zehaztutako araubidea aplikatuko da harik eta ikastegiko zuzendari edo dekano berria aukeratzen den arte.

Bosgarren xedapen iragankorra.–Saileko kontseiluak berritzea.

Saileko kontseilu berriak gehienez ere sei hilabeteko epean eratu beharko dira, Estatutu hauek indarrean jartzen direnetik kontatzen hasita.

Seigarren xedapen iragankorra.

Estatutu hauek indarrean jarri eta gehienez ere sei hilabeteko epean, Ikasleen Kontseiluko Batzorde Iraunkorrak Ikasleen Kontseiluaren Barne Erregelamenduaren proiektua aurkeztuko du, Gobernu Kontseiluak onets dezan.

Zazpigarren xedapen iragankorra.

Unibertsitate eskolako irakasle titularrak eta irakasle kontratatu doktoreak unibertsitateko komunitateko kidetzat hartuko dira, eta beren eskubide guztiei eutsiko diete; halaber, irakaskuntzarako eta, hala badagokie, ikerketarako, ezagutzaren transferentzia eta trukerako eta berrikuntzarako ahalmen osoa gordeko dute. Era berean, saileko kontseiluetako kide izaten jarraituko dute.

Zortzigarren xedapen iragankorra.–Beste egokitzapen batzuk.

Gobernu Kontseiluak beharrezkoak diren arau edo erabakiak hartuko ditu xedapen hauetan aurreikusten ez diren egoera iragankorrak ebazteko.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Estatutu hauek indarrean jartzen direnetik aurrera, indarrik gabe geldituko dira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aurreko Estatutuak, 2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsi eta Nafarroako Gobernuak 2011ko martxoaren 21ean hartutako erabaki baten bidez aldatu zirenak, bai eta Estatutu hauetan ezarritakoaren aurka doazen xedapen guztiak ere.

Azken xedapen bakarra.

Estatutu hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren egunean bertan jarriko dira indarrean.

Iragarkiaren kodea: F2609486