Iragarkia
153. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 6a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
123C/2026 EBAZPENA, ekainaren 23koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita Golf Gorraiz SA enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratzea, gordailutzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Azterturik Golf Gorraiz SA enpresaren hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31102410012025), zeina erregistro honetan sartu baitzen 2026ko ekainaren 22an, enpresaren eta sindikatuen ordezkariek 2026ko ekainaren 17an sinatua.
Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin,
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Golf Gorraiz SA enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode-zenbakia: 31102410012025).
Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2026ko ekainaren 23an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
GOLF GORRAIZ
2026-2027ko HITZARMEN KOLEKTIBOA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK.
1. artikulua. Eremu funtzionala eta pertsona eremua.
2. artikulua. Denbora-eremua.
3. artikulua. Aplikatu beharreko legeria.
4. artikulua. Desadostasunak konpontzea.
5. artikulua. Batzorde parekidea.
II. KAPITULUA.–LANBIDE SAILKAPENA.
6. artikulua. Arau orokorra.
7. artikulua. Kategoriak.
8. artikulua. Mailaz igotzea.
III. KAPITULUA.–LANALDIA, EGUTEGIA, OPORRAK.
9. artikulua. Urteko lanaldia, egutegia eta ordutegia.
10. artikulua. Orduen poltsa.
11. artikulua. Oporrak.
12. artikulua. Lizentzia ordainduak. Borondatezko eszedentzia.
IV. KAPITULUA.–ARAUBIDE EKONOMIKOA.
13. artikulua. Ordainsariak eta lansari igoerak.
14. artikulua. Aparteko orduak.
15. artikulua. Fideltasun eta antzinatasun plusa.
16. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.
17. artikulua. Onura sozialak.
18. artikulua. Bazkariaren dieta.
V. KAPITULUA.–SEGURTASUNA ETA HIGIENEA.
19. artikulua. Arau orokorra.
20. artikulua. Laneko ekipamendua.
VI. KAPITULUA.–LANGILEEN ORDEZKARIAK.
21. artikulua. Arau orokorra.
22. artikulua. Orduen kredituaren metaketa.
VII. KAPITULUA–PRESTAKUNTZA.
23. artikulua. Prestakuntza.
VIII. KAPITULUA.–DIZIPLINA ARAUBIDEA.
24. artikulua. Faltak.
25. artikulua. Falten mailakatzea.
26. artikulua. Falta arinak.
27. artikulua. Falta astunak.
28. artikulua. Falta oso astunak.
29. artikulua. Zehapenak.
30. artikulua. Zehapenen graduazioa.
31. artikulua. Preskripzioa.
I. ERANSKINA.–ZEREGINEN ZERRENDA. EGURALDI TXARRA DAGOENEAN LAN EGITEA.
II. ERANSKINA.–LAN ARAUDIA.
III. ERANSKINA.–SOLDATA-TAULAK.
IV. ERANSKINA.–HITZARMEN HONEN ERAGINPEKO BESTE LANGILE BATZUK.
V. ERANSKINA–BESTE GAI BATZUK.
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Eremu funtzionala eta pertsona eremua.
Hitzarmen hau aho batez izenpetzen dute enpresaren zuzendaritzak eta langileen ordezkariek (ELA sindikatuko 2 eta LAB sindikatuko 1), eta eragiten die Golf Gorraiz SA enpresan ofizial, greenworker eta peoi kategoriak dituzten langileei, hots, zeregin nagusia klubaren berdeguneen mantentze-lanak egitea dutenei.
Halaber, IV. eranskineko langileak ukituko ditu hitzarmen honek, han zehazten diren mugekin.
2. artikulua. Denbora-eremua.
Hitzarmen honek indarra izanen du sinatzen den egunetik 2027ko abenduaren 31ra arte. Ondorio ekonomikoak 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko dira.
Langileen Estatutuaren 85. artikuluan ezarritako ondorioetarako, bi alderdietako edozeinek hitzarmen hau espresuki salatzen ahalko du 2027ko uztailaren 1etik 2027ko urriaren 31ra. Hitzarmena salatzen ez bada, urteka luzatuko da.
3. artikulua. Aplikatu beharreko legeria.
Hitzarmen honetan aurreikusirik ez dagoen guztian Langileen Estatutuan eta lan arloan aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoari jarraituko zaio.
4. artikulua. Desadostasunak konpontzea.
Alderdien arteko desadostasunak Batzorde Paritariora igorriko dira.
Desadostasuna Batzorde Paritarioan konpontzen ez bada (desadostasun indibiduala izan edo kolektiboa izan), alderdiek men eginen diete Nafarroako Lan Auzitegian edo Nafarroako Gobernuko Lan Departamentuan adiskidetze eta bitartekotza faseetan gatazkak konpontzeko aurreikusitako prozedurei. Orobat, arbitrajearen irtenbidea har dezakete horretarako adostasuna badago.
5. artikulua. Batzorde Paritarioa.
Hitzarmeneko Batzorde Paritarioa eratzen da, zeina langileen eta enpresaren hiruna ordezkarik osatuko baitute.
1.–Batzorde Paritarioaren eginkizunak:
a) Haren esku jartzen diren gatazka indibidual eta kolektiboetan bitartekari, arbitraje eta adiskidetze-lana egitea.
b) Akordio guztien interpretazio lanak egitea.
c) Akordio guztien jarraipen lanak egitea.
d) Langileen Estatutuak edo beste arau batzuek ezartzen dizkiotenak.
2.–Batzorde Paritarioak denen intereseko arloetan hartzen dituen akordioak oinarrizko hitzarmen honen partetzat joko dira eta horiek ere bete beharrekoak izanen dira. Akordio horiek lan arloko agintaritzari igorriko zaizkio, erregistra ditzan.
3.–Funtzionamendu araudia:
a) Bilerak: Batzorde Paritarioa bilduko da esku hartzeko eskatzen zaionean.
b) Deialdiak: Batzorde Paritarioa biltzeko deia alderdi sinatzaileetako edozeinek eginen du, eta horretarako aski izanen da idatzizko komunikazio bat, eguneko gai zerrenda azalduko duena.
Batzorde Paritarioa bilduko da gaiaren garrantziaren arabera komeni den epearen barnean, baina deialdia egin eta hamabost eguneko epean gehienez.
Epe horretan batzordea biltzen ez bada, Batzorde Paritarioaren esku-hartzea bukatu dela ulertuko da eta interesdunak bidezko iruditzen zaizkion ekintzetara jotzen ahalko du.
Batzordea bildurik, erabakiak hartuko ditu gai-zerrendako gaien inguruan, bilkuran bidezko akordioak hartuz. Egokitzat hartzen bada, bilkura bertan behera geldi edo eten daiteke eta hurrengo hiru egun naturaleko epean jarraituko du. Gehieneko epe horretan gai-zerrendako gai guztiak jorratu ez badira eta haien gainean erabakirik hartu ez bada, ulertuko da Batzorde Paritarioaren esku-hartzea bukatu dela, eta interesdunak bidezko jotzen dituen ekintzetara jotzen ahalko du.
c) Quoruma. Aholkulariak: Batzordearen eraketa baliozkotzat joko da ordezkaritza bakoitzaren bi kide bertaratzen direnean.
Alderdiak bileretara joaten ahal dira bina aholkulari eramanda, gehienez.
d) Akordioen balioa: Batzordeak akordioak adosteko, edonola ere bi ordezkaritzetako bakoitzaren bi kideren aldeko botoa beharko da.
Bilera bakoitzaren akta eginen da eta bertaratzen diren kide guztiek sinatuko dute.
e) Helbidea: Batzorde Paritarioak enpresaren lokaletan izanen du jakinarazpen eta deialdietarako helbidea, Gorraitzen, Eguesibarren (Nafarroa).
II. KAPITULUA.–LANBIDE SAILKAPENA
6. artikulua. Arau orokorra.
Hitzarmen honek ukitzen dituen langileak hurrengo artikuluan adierazten diren kategorien arabera sailkatuko dira, haien ezagutzak, esperientzia, autonomia maila, erantzukizuna eta ekimena kontuan hartuta.
Enpresaren ezaugarri bereziak direla eta, berebiziko garrantzia du langileen balio-aniztasunak. Hori dela eta, langile guztiek une bakoitzean agintzen zaizkien eta I. eranskinean labur aipatzen diren zereginak egin beharko dituzte.
7. artikulua. Kategoriak.
a) Ofiziala. Langile honek ezin hobeki eta bere kabuz egiten ditu I. eranskineko zereginak, arduradunaren zuzendaritzapean, eta, hala behar denean, gerentearenean edo greenkeeperarenean.
b) Zelaiko langilea (greenworkerra). Lanbidea erabat kontrolatu gabe, I. eranskineko zereginak nahiko ongi eta nolabaiteko autonomiaz egiten dituen langilea da.
c) Peoia. I. eranskineko zereginak, prestakuntza berezirik behar ez dutenak, egiten dituen langilea da.
a) eta b) kategorietako langileek arauak ezarri eta beheragoko kategorietako langileei aginduak ematen ahalko dizkiete, gerenteak, greenkeeperrak edo arduradunak adierazten dutenean.
Plantillan, gutxienez, ofizial bat egonen da beti 5 kideko.
8. artikulua. Mailaz igotzea.
Kontratatzen diren langile berriak enpresaren beharrizanen eta langileek egiaztatzen dituzten prestakuntzaren eta esperientziaren arabera dagokien kategoriari atxikiko zaizkio.
6. artikuluko irizpideen arabera hasieran langilea kategoria zehatz bati atxikitzeari kalterik egin gabe, igoerak honela gertatuko dira:
–Peoia zelaiko langile bihurtuko da, lanean lau urte eman ondoren.
–Zelaiko langilea ofizial bihurtuko da, kategoria horretako lanak egiteko beharrezko ezagutzak eta prestakuntza dituela, enpresaren zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen badu edo aurreko artikuluaren azken paragrafoan aurreikusitako gutxienekoa betetzen ez bada. Zelaiko bi langilek edo gehiagok behar den prestakuntza baldin dute, antzinatasun handiena duena igoko da hurrengo kategoriara.
III. KAPITULUA.–LANALDIA, EGUTEGIA, OPORRAK
9. artikulua. Urteko lanaldia, egutegia eta ordutegia.
9.1. Urteko lanaldia. Urte osoko lanaldia 1.712 ordukoa izanen da. Horietatik, 50 ordu igandeetan eta jaiegunetan eginen dira, 5 orduko lanaldietan. Gainerakoak lanegunetan eginen dira. Urteko egutegian agertuko dira igandeetan eta jaiegunetan egin beharreko 50 orduak.
Behar izanez gero, igandeetan eta jaiegunetan 50 ordu baino gehiago egin behar badira, borondatezkoak izanen dira, eta zuzendaritzaren eta langilearen artean adostu beharko dira.
Igandeetan eta jaiegunetan 44 ordutik gora egiten diren orduek balio bikoitza izanen dute, eta horiek konpentsatzeko atseden orduak langileak erabakita emanen dira. Dena den, zerbitzua ez da langilerik gabe gelditzen ahalko atsedenaldiak batera hartu direlako.
Azaroaren erdialdetik martxoaren erdialdera (urte bakoitzeko egutegiaren arabera zehaztuko da aldia) ez da txandarik eginen igandeetan eta jaiegunetan, lehiaketarik egon ezean. Urteko orduen arabera alda daiteke. Urteko gainerako igandeetan eta jaiegunetan, berriz, txandak bete beharko dira.
Eguneko lanaldian ogitartekoa jateko 20 minutuko atsedenaldia, berreskuratu behar ez dena, dagoela ezarri da.
9.2. Lan egutegia. Enpresaren jarduerak ezartzen dituen premiak direla eta, eguneko lanaldiaren iraupena laneko egutegian banatuko da modu irregularrean, urteko hilabete guztietan.
Banaketa hau ezarri da:
–Urtarrila: egunero 7 ordu.
–Otsaila: egunero 7 ordu.
–Martxoa: egunero 7 ordu.
–Apirila: egunero 7,5 ordu.
–Maiatza: egunero 8 ordu.
–Ekaina: egunero 8 ordu.
–Uztaila: egunero 7 ordu.
–Abuztua: egunero 7 ordu.
–Iraila: egunero 7,5 ordu.
–Urria: egunero 7,5 ordu.
–Azaroa: egunero 7 ordu.
–Abendua: egunero 7 ordu.
Lanaldian beste edozein aldaketa egin nahi izanez gero, alderdiek hitzartu beharko dute. Hemen ezarritakoa Langileen Estatutuaren 34.2 artikuluaren babesean hitzartzen da, eta lanaldiaren %10 modu irregularrean banatzeko neurri osagarria ordeztu eta indarrik gabe uzten da.
Enpresak lana antolatuko du urtarrilaren 1ean eta abenduaren 25ean lan egin behar ez izateko.
Uztailaren 7an gutxienez pertsona batek lan egin beharko du. Boluntariorik ez badago, enpresak nahitaez izendatuko du, baina hurrengo urteetan txandakatuko da.
9.3. Lan ordutegia. Enpresaren beharrak eta kanpoko faktoreen mendekotasuna (adibidez, enpresaren jardueraren berezko lanak egiteko behar den argia) direla eta, lanaldia hasteko ordutegia malgua izanen da: goizeko 06:30etik 08:30era bitartean izaten ahalko da hasiera, eguzkiaren argiaren arabera, eta, beraz, lanaldia 14:00etatik 15:30era bitartean bukatuko da, hasteko orduaren eta hilaren arabera. Larunbatetako eta jaiegunetako txandetan edo lehiaketa zehatz batzuetan, lanaldiaren hasiera goizeko 06:00etan izaten ahal da.
Greenetan egin behar diren bi zulaketetan (bata udaberrian eta bestea udazkenean), langileek konpromisoa hartuko dute horietako bakoitzean 6 orduz lan egiteko arratsaldeko ordutegian. Lanordu horiek arruntzat joko dira urteko lanaldiaren kontaketari dagokionez, baina aparteko ordu gisa ordainduko dira.
Hileko nominarekin batera, lanaldiaren erregistroa emanen zaie langileei.
10. artikulua. Orduen poltsa.
Urte natural bakoitzean enpresak 50 orduko gehieneko poltsa izanen du, eta hori erabiltzen ahalko du eguraldi txarra edo antzeko zirkunstantziak direla-eta lan egin ezin denean.
Langileek zor dituzten orduak itzultzeko enpresaren premiak hartuko dira kontuan, eta %75eko proportzioan, hau da, itzuli beharreko ordu bakoitzaren 3/4 itzuliko dira, gutxienez 24 ordu lehenago abisatuta. Ordu horiek itzultzen ez badira, langile bakoitzaren orduen urteko zenbaketa orokorretik kenduko dira, %75eko proportzioan.
11. artikulua. Oporrak.
Langileek 30 egun naturaleko oporraldia izanen dute urte naturalean.
Langileak berak aukeratuko du noiz hartu oporrak, hurrengo baldintzak beteta:
–Maiatza eta ekaina jarduera handieneko hilabeteak dira eta, beraz, hilabete horietan ezin da oporrik hartu. Inguruabar bereziak direla eta norbaitek hilabete horietan eskatzen baditu oporrak, zuzendaritzak aztertuko du eskaera eta erabakiko du onartu behar den ala ez.
–Apirilean oporrak hartzen ahal dira, baina gehienez ere hamabostaldi eta kategoria bakoitzeko pertsona batek.
–15 egun uztailean eta abuztuan hartuko dira. Uztailean, gehienez ere kategoria bereko hiru pertsona egoten ahal dira oporretan hamabostaldi berean. Abuztuan, gehienez ere kategoria bereko bi pertsona egoten ahal dira oporretan hamabostaldi berean. Abuztuan, mantentze-lanetako buruak zehazten ahalko du, hala irizten badio, ea baldintzak betetzen diren pertsona bat gehiago egoteko oporretan.
–15 egun urteko gainerako hilabeteetan (irailetik martxora). Hamabostaldi eta kategoria bakoitzean pertsona bat bakarrik egoten ahal da oporretan. Abenduan, urtarrilean eta otsailean, gehienez ere kategoria bereko lau pertsona egoten ahal dira oporretan hamabostaldi berean.
Oporrak hartzeko egunak gutxienez hilabete lehenago jakinarazi beharko zaizkio enpresari, eta, nolanahi ere, martxoaren 1a baino lehen. Horretarako ezarritako epean ez badira eskatzen, enpresak esleituko du oporraldia. Enpresak, beranduenik, apirilaren 30ean erantzunen du. Erantzunik eman ezean, eskatutako opor egunak emandakotzat hartuko dira.
Oporrak urteko lehenengo lauhilekoan (urtarrila-apirila) hartu nahi dituzten langileek oporrak hartu baino bi hilabete lehenago eskatu beharko dituzte, eta enpresak hilabete bateko aurrerapenaz erantzunen du. Erantzunik eman ezean, eskatutako opor egunak emandakotzat hartuko dira.
12. artikulua. Lizentzia ordainduak. Borondatezko eszedentzia.
A) Lizentzia ordainduak.
Langileek baimen ordaindu berezi hauek izaten ahalko dituzte:
a) Ezkontza edo izatezko bikotea erregistratzean: 15 egun natural.
b) Bigarren mailara arteko odol- edo ezkontza-ahaideen gaixotasun larria: Langileen Estatutuan xedatutakoa beteko da. Langileen Estatutua aldatzen bada eta egungo idazketan jasotzen den egun kopurua murrizten bada, enpresan orain arte aplikatu denari jarraituko zaio (egutegiko 5 egun, langilea bizi den autonomia erkidegoan bada, eta egutegiko 6 egun, erkidegotik kanpo bada).
Bigarren mailara arteko odol- edo ezkontza-ahaideen heriotza: 5 egun natural, langilea bizi den autonomia erkidegoan gertatzen bada, eta 6 egun natural, erkidego horretatik kanpo gertatzen bada.
Hirugarren mailako odol-ahaideen edo ezkontza-ahaideen heriotza: egun natural bat edo bi, kontuan izanik autonomia erkidego berean edo beste batean den.
Langileen Estatutuaren 37.3.b eta b bis artikuluetan araututa dauden kasuetan, ez baldin badaude araututa b) atal honetan, Langileen Estatutuan xedatutakoa beteko da (aurreikusitako kasuak eta baimen-egunak). Langileen Estatutuak b) atal honetan adierazitakoa hobetzen duen guztian, Langileen Estatutua aplikatuko da.
Informazio emate hutsaren ondorioetarako, jarraian ematen da Langileen Estatutuaren egungo 37.3.b artikuluaren testua. Hitzarmena indarrean dagoen bitartean legezko manu hori aldatzen bada, testu berriari jarraikiko zaio:
Ezkontideak, izatezko bikotekideak edo bigarren mailara arteko odol- edo ezkontza-ahaideek (izatezko bikotekidearen odol-ahaideak barne) edo langilearekin etxe berean bizi den eta haren zaintza behar duen beste edozein pertsonak istripu edo eritasun larria baldin badute, ospitaleratu behar badituzte edo ospitaleratzerik ez baina etxean atseden hartzea eskatzen duen ebakuntza kirurgikoa baldin badute: bost egun.
c) Semearen edo alabaren jaiotza edo adopzioa: Langileen Estatutuan xedatutakoari jarraituko zaio.
d) Lanbide Heziketako, DBHko, Batxilergoko eta unibertsitateko ikasketak direla-eta langileak egin behar dituen azterketetara joateko behar den denbora, aurretik abisatuta eta ondoren justifikatuta.
e) Bizilekua aldatzea: 2 egun natural.
f) Nahitaezko eginbehar publiko eta pertsonal bat betetzeagatik, behar-beharrezkoa den denbora. Legez edo hitzarmen bidez ezarritako arau batean denbora jakin bat finkatua badago, arau horretan absentziaren iraupenari eta horren konpentsazio ekonomikoari buruz xedatuta dagoenari jarraituko zaio.
Goian aipatutako eginbehar hori betetzeagatik hiru hilabeteko aldian lanorduen ehuneko hogei baino gehiagotan ezin izan bada egin beharreko lana bete, enpresak eszedentzia egoerara pasa dezake langilea, Langileen Estatutuaren 46. artikuluko 1. apartatuan arautu den bezala. Langile batek kalte-ordaina kobratzen badu eginbeharren bat betetzeagatik edo karguren batean jardun beharragatik, diru kopuru hori bera deskontatuko zaio enpresak ordaintzen dion soldatatik.
g) Eginkizun sindikaletan edo langileen ordezkaritza-lanetan aritzeko denbora, legeetan ezarritakoari jarraikiz.
h) Bederatzi hilabetetik beherako seme edo alaba bati esnea emateko, langileek eskubidea dute lanetik ordubetez lekutzeko. Denbora hori bi zatitan banatzen ahal dute. Eskubide hori ohiko lanaldiaren ordu erdiko murrizketarekin ordezka dezakete, hala nahi izanez gero, helburu horretarako.
i) Legezko zaintza dela-eta, langileren batek bere kargura baldin badu hamabi urtetik beherako haurren bat edo ordaindutako lanik egiten ez duen eta desgaitasuna duen pertsona bat, eskubidea izanen du eguneko lanaldia murrizteko, soldata ere hein berean murriztuta, haren iraupenaren zortziren bat gutxienez eta erdia gehienez ere.
j) Norberaren edo ezkontidearen guraso, seme-alaba, biloba edo neba-arreben ezkontza: egun natural 1. Bi ezkontzaren gehieneko muga egonen da urte naturaleko, edo proportzionalki dagokiona lan-kontratuaren iraupena laburragoa bada.
k) 7 orduko 4 egun, norberaren aferetarako. Horietatik, bi egun azaroaren hasieratik otsailaren amaierara bitarte har daitezke soilik.
Aurreko paragrafoan jasotakoa errespetatuta, lau egun horietatik hiru egun osorik hartu beharko dira. Egun horietako bat zatika hartzen ahalko da, gutxieneko zatiak ordubetekoak direla.
l) Gehienez ere 10 ordu urtean, osasun sistema publikoko medikuengana joateko. Erabiltzen ahalko dira norberarentzat nahiz ezkontideari edo lehen mailako odol-ahaideei lagun egiteko.
Eta gehienez ere 10 ordu urtean, osasun sistema publikoko mediku espezialistarengana joateko. Erabiltzen ahalko dira norberarentzat nahiz ezkontideari edo lehen mailako odol-ahaideei lagun egiteko.
Muga horietarako, ez dira zenbatuko istripuen mutualitateak langileari berari laneko ordutegian emandako arreta-orduak, lan istripuen edo lanbide gaixotasunen ondoriozko kasuetan.
B) Borondatezko eszedentzia.
Langileen Estatutuan xedatutakoari jarraikiz arautuko da. Luzapen bakarra eskatzen ahal da, lau hilabeterako gutxienez, hasierako aldia gehienekoa ez bada. Baina hasierako aldia eta luzapena batuta ezin izanen da gainditu Langileen Estatutuan ezarritako gehieneko denbora.
IV. KAPITULUA.–ARAUBIDE EKONOMIKOA
13. artikulua. Ordainsariak.
a) Hitzarmen honek ukitzen dituen langileek III. eranskinean adierazten diren diru kopuruak jasoko dituzte hileko soldata gordin gisa. Honela kalkulatzen dira taulak:
- 2026. urterako: 2025eko soldata-taula gehi %3.
- 2027. urterako: 2026. urteko soldata-taula gehi Nafarroako 2026ko KPIa (%4 gehienez).
2026ko Nafarroako KPIa %4 baino handiagoa bada, diferentziala 2027ko soldata-taulari aplikatuko zaio, 2028ko hasierako soldata-taula ateratzeko (horrek esan nahi du ez dela atzerapenik ordainduko). Hori guztia 2028an negoziatzen denari kalterik egin gabe.
Fideltasun eta antzinatasun plusa hitzarmen kolektibo honen indarraldi osoan mantenduko da, taulan adierazitako zenbatekoekin.
Kopuru horiek zenbateko bereko hileko hamalau soldatatan ordainduko dira. Horietako bi uztaileko eta abenduko aparteko pagak izanen dira, sei hilean behin sortzen direnak eta uztaileko lehenbiziko astean eta abenduko lehenbiziko hamabostaldian, hurrenez hurren, jasotzen direnak. Gainerakoa hileko hamabi soldatatan jasoko da, oporrak barne.
Era berean, hileko hamalau soldatetan, langileek antzinatasunagatik dagokien zatia jasoko dute, III. eranskinaren arabera.
Hitzarmen honek irauten duen bitartean, langile guztiei III. eranskinean adierazten den urteko sari finko bat ordainduko zaie, honako kontzeptu hauek barnean hartzen dituena: laneko ekipoaren kontserbazioa eta toxikotasun, nekagarritasun eta arriskugarritasun plusa, zeina zenbateko orokor bat izanen baita, zehatz eta banan-banan zehazteko zailtasuna dela eta. Kopuru hori bi zatitan ordainduko da: erdia martxoaren 30ean eta beste erdia irailaren 30ean.
b) Hileko soldata, ekaineko apartekoa eta abenduko apartekoa, "peoi" kategoriarako taulan ageri dena, kontratuaren lehenengo urtean ari den peoiari dagokio. Kontratuaren bigarren urtean zenbateko horiei 75 euro gehituko zaizkie. Kontratuaren hirugarren urtean beste 75 euro gehituko zaizkie. Laugarren urtean ez dago hobekuntzarik.
14. artikulua. Aparteko orduak.
14.1. Aparteko orduak. Legez ezarririko mugak aintzat hartuta, enpresak eskatuta lanegunetan (astelehenetik larunbatera) norberaren borondatez egiten diren orduak dira aparteko orduak. Haien prezioa III. eranskinean jasotzen da.
14.2. Igande eta jaiegunetako orduak. Igande eta jaiegunetan egiten diren orduak dira, baldin eta hitzarmen honen 9.1 artikuluaren arabera egiten diren orduak gainditzen badituzte. Haien prezioa III. eranskinean jasotzen da. Erabaki da soberakineko ordu horiek ordu arrunt bihurtzea urtea bukatzean, urteko konputu osoa lortzeko. Bihurtze hori 2-1eko proportzioan eginen da (bi ordu arrunt soberakineko jai ordu bakoitzeko).
Langileek konpromisoa hartuko dute aparteko orduak egiteko, legeetan ezarririko mugen barnean.
Langile batek egutegian ez dagokion larunbat batean lan egiten badu baja medikoan dagoen beste bat ordezteko, aparteko orduen taulan agertzen den zenbatekoa gehi 3 euro kobratuko du lanordu bakoitzeko. Langile batek egutegian ez dagokion igande edo jaiegun batean lan egiten badu baja medikoan dagoen beste bat ordezteko, igande eta jaiegunetako orduen taulan agertzen den zenbatekoa gehi 5 euro kobratuko du lanordu bakoitzeko.
15. artikulua. Fideltasun eta antzinatasun plusa.
Hileko plusa sortuko da lanean emandako denboraren arabera, bi (2), sei (6), hamar (10), hamalau (14), hemezortzi (18), hogei (20), hogeita bi (22), hogeita lau (24), hogeita sei (26) eta hogeita zortzi (28) urte betetakoan. Hitzarmen honek indarra duen bitartean, haren zenbatekoa III. eranskin gisa gehitu diren tauletan adierazten dena izanen da.
Plus hori sortzen hasiko da langileak bere antzinatasuna betetzen duen egunetik, sortu eta hurrengo hileko nominan kobratuko dela.
16. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.
Gaixotasun arruntaren, lanbide gaixotasunaren eta laneko istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasunagatik entitate kudeatzaileak ematen dituen sariak kontuan hartu gabe eta ospitaleratzea behar denean bakarrik, enpresak osagarria ordainduko du, gaur egun indarrean dagoen zenbatekoan erregelamenduzko sariei batuta, hitzarmeneko lansariaren %100 bermatzen duena aipatzen den ospitaleratzeak eta geroko sendatze prozesuak irauten duten bitartean, baldin eta aldi baterako ezintasuneko egoerak jarraitzen badu.
Halaber, laneko istripuaren ondoriozko baja, ospitaleratzerik ez dakarrena, dagoenean, enpresak osagarria ordainduko dio langileari, gaur egun indarrean dauden erregelamenduzko sariei batuta, hitzarmeneko lansariaren %100 bermatzen duena, 365 egunean (urtebetea), gehienez.
Eritasun arruntaren eta lanez kanpoko istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasuna dagoenean, enpresak osagarria ordainduko du, gaur egun indarrean dauden Gizarte Segurantzaren konturako erregelamenduzko sariei batuta, hitzarmeneko lansariaren %90 bermatzen duena lehenbiziko bost (5) egunetan, eta %100 bajaren seigarren (6) egunetik aurrera.
Kasu bakoitzerako legez eskatzen den gutxieneko gabealdia ez betetzeagatik langileak ezin badu hartu aldi baterako ezintasuneko saririk, enpresak ez du zertan inolako osagarririk ordaindu.
Aldi baterako ezintasuneko egoerek ez dute murrizketarik ekarriko aparteko pagetan jaso beharreko diru kopuruari dagokionez.
17. artikulua. Onura sozialak.
Langileek 100 euro jasoko dituzte ezkontzen direnean eta beste 100 euro, seme-alabak jaiotzen direnean.
18. artikulua. Bazkariaren dieta.
Lanaren beharrizanak direla-eta enpresak langileei proposatzen dienean bertan bazkaltzeko, bazkaria emanen die. Bazkaltzera geratzen diren langileek zer jan aukeratzen ahalko dute, egun horretarako prestatutako menuaren arabera.
V. KAPITULUA.–SEGURTASUNA ETA HIGIENEA
19. artikulua. Arau orokorra.
Enpresak eta langileek zehatz bete beharko dituzte segurtasunaren eta higienearen arloan indarra duten xedapen guztiak. Enpresak urteroko osasun azterketa bermatuko die langileei, horiek hala nahi badute.
20. artikulua. Laneko ekipamendua.
Enpresak lana betetzeko beharrezko ekipamendu pertsonalak emanen dizkie langileei. Honakoa izanen da neguko arropa: parka iragazgaitza berogarriduna, praka iragazgaitz berogarridunak, lepo altuko jertsea, praka luzeak eta mendiko botak. Honakoa izanen da udako arropa: kirol-jertsea, kamisetak edo poloak, galtzak eta olanazko bota baxuak. Hasiera batean, enpresak konpromisoa hartzen du jantzi horiek emateko, langileen beharren arabera, baldin eta langileek irregulartasunik egiten ez badute ekipamendua zaintzeari dagokionez (axolagabetasuna, zabarkeriak, behin eta berriz desagertzea eta abar). Ildo horretan, langile bakoitza bere lan ekipoa zaindu, mantendu eta garbitzeaz arduratuko da, eta galtzen badu, langilea bera izanen da erantzulea. Ezin izanen dira erabili enpresak ematen dituen jantziak ez direnak.
VI. KAPITULUA.–LANGILEEN ORDEZKARIAK
21. artikulua. Arau orokorra.
Arlo honetan arau orokorretan xedatutakoari jarraituko zaio.
22. artikulua. Orduen kredituaren metaketa.
Langileen ordezkaritza gauzatzen duenak Langileen Estatutuan aintzatetsita duen orduen kreditua metatzen ahalko du bere alde hil batetik bestera, hurrengo mugak izanda:
–Metaketa ezin izanen da urte natural bakoitzetik kanpo luzatu.
–Hil natural batean beste bi hiletako orduak baino ezin izanen dira metatu.
–Apirilean, maiatzean eta ekainean ezin izanen da ordurik metatu.
VII. KAPITULUA.–PRESTAKUNTZA
23. artikulua. Prestakuntza.
Enpresa langileen prestakuntza jarduerak antolatzeaz arduratuko da, hala nola ikastaroak, beste zelai batzuetara eginen diren bisitak eta abar.
Prestakuntzak langile bakoitzaren urteko lanaldiaren 8 ordu hartuko ditu, gutxienez.
VIII. KAPITULUA.–DIZIPLINA ARAUBIDEA
24. artikulua. Faltak.
Enpresak zehatzen ahal ditu langileak, laneko betebeharrak ez betetzeagatik.
25. artikulua. Falten mailakatzea.
Langileak lanean edo lanaren ondorioz eginiko faltak honela sailkatuko dira, kontuan hartuz faltaren tamaina, garrantzia eta helburua: arina, astuna edo oso astuna.
Faltak hitzarmen honetan eta une bakoitzean indarra duen araudian xedatuarekin bat mailakatuko dira.
26. artikulua. Falta arinak.
Honako hauek dira falta arinak:
1. Hogeita hamar egun naturaleko epean lanera behin, bitan edo hirutan berandu iristea behar bezala justifikatu gabe.
2. Bidezko arrazoirik izan gabe lanera ez agertzea, hilabetean egun batez.
3. Bidezko arrazoirik gabe zerbitzua bertan behera uztea, nahiz eta denbora laburrean izan. Horren ondorioz, enpresari nolabaiteko kalterik sortzen bazaio edo lankideren batek istripuren bat izaten badu, falta hau astuntzat edo oso astuntzat hartzen ahal da, kaltearen edo istripuaren larritasunaren arabera.
4. Bidezko arrazoia izanik, lanera joan ez izanaren berri behar den epean ez ematea, non ez duen ezinezkoa izan zaiola frogatzen.
5. Behar bezain garaiz ez jakinaraztea bere kargura dituen familiakoen datuak eta datu pertsonalak aldatu direla, horrek enpresaren gainean eragina izan badezake atxikipen fiskalen edo enpresako beste betebehar batzuen ondorioetarako. Horrelakoetan fede txarrik bada eta/edo kaltea egiten bazaio enpresari, falta astuntzat hartuko da.
27. artikulua. Falta astunak.
Hauek dira falta astunak:
1. Justifikatu gabeko lautik seira bitarteko falta lanera berandu iristeagatik, hogeita hamar egun naturaleko epearen barnean.
2. Bidezko arrazoirik izan gabe lanera ez agertzea, hilabetean bi egunetan.
3. Enpresako instalaziotik joatea lanaldiaren erdian, arduradunak edo gerenteak baimenik eman ez badu.
4. Laneko aginduak edo jarraibideak ez betetzea, II. eranskinean zehaztutakoak barne, segurtasun eta higiene arauei buruz eta enpresaren laneko arriskuei aurrea hartzeko planean ezarritakoei buruz, bai eta lanean zuhurtziarik gabe edo zabarkeriaz aritzea, salbu eta horien ondorioz enpresari kalte larriak edo instalazioetan, makinetan eta, oro har, enpresaren ondasunetan matxurak sortzen direnean edo jendearentzat istripu arriskua dakarrenean, zeren horrelakoetan falta oso astuntzat hartuko baitira.
5. Publikoari arreta ematea behar diren zuzentasunik eta prestutasunik gabe, betiere jokabide horrek kalte berezirik ez badie ekartzen enpresari edo langileei; halakoetan falta oso astuntzat hartuko da.
6. Axolagabekeriaz zaintzea makinak, tresnak, lehengaiak, instalazioak eta gainerako gauzak, enpresaren dokumentuak barne.
7. Hordituta egotea laneko orduetan, edo horietatik kanpo, enpresaren uniformea jantziz gero. Inguruabarrok errepikatuz gero, falta oso astuntzat jotzen ahalko da, betiere ohartarazpenik edo zehapenik izan bada tartean.
8. Garbiketa eza, betiere tartean ohartarazpenik edo zehapenik badago eta langileen edo publikoaren arrazoizko kexa sortzeko adinakoa bada.
9. Baimenik gabe lan partikularrak egitea lanorduetan, edota enpresako tresnak, erremintak, makinak, ibilgailuak eta, oro har, enpresaren ondasunak lanetik kanpoko xedeetarako erabiltzea baimenik gabe, lanorduetatik kanpo bada ere.
10. Enpresako sekretuak, nahitaez isilpean gorde beharrekoak, haustea edo bortxatzea, enpresari kalte larririk eragiten ez zaionean.
11. Agindutako lanak gaizki egitea, pertsonei edo gauzei kalte egiten zaienean.
12. Beste langile batzuen fitxaketa txartelak erabiltzea, lanean daudela simulatzeko edo beste edozein helburu izanik.
13. Bi falta arin edo gehiago, desberdinak izanagatik ere, laurogeita hamar egun naturaleko epean, haiengatik zehapenak izan baldin badira.
28. artikulua. Falta oso astunak.
Falta oso astunak honako hauek dira:
1. Justifikatu gabeko sei faltatik gora lanera berandu iristeagatik, hogeita hamar egun naturaleko epearen barnean. Eta justifikatu gabeko hamabi falta berandu iristeagatik, ehun egun naturaleko epearen barnean.
2. Lanera hiru egun jarraian huts egitea edo bost egun tartekatutan hilabete batean, arrazoirik eman gabe.
3. Agindutako lanetan iruzur egitea, leialtasun eza edo konfiantza-abusua eta beste lankideei, enpresari edo beste edozein pertsonari ebastea eta lapurtzea, bai eta dolozko delitu izan daitekeen edozein jokamolde ere, enpresako lokaletan edo lanean beste edozein lekutan aritzean. Halaber, enpresaren instalazioetan, merkataritzarako edo industriarako negoziazioak egitea bere kasa edo beste norbaiten kontu, enpresak espresuki baimendu gabe.
4. Jarraian eta ohitura gisa, garbitasun eta txukuntasunik ez izatea, lankideengan edo bezeroengan arrazoizko arrangura sorrarazten duenean.
5. Gaixotasunaren edo istripuaren itxurak egitea, langilea horretaz baliatzen denean lanera ez joateko. Ulertuko da hala gertatzen dela aldi baterako ezintasuna duen langileak edozein motatako lanak egiten dituenean, bere kontura edo beste norbaiten kontura, edo baja luzatzea ekartzeko manipulazioa, engainua edo jokabide inkontsekuentea egiten denean.
6. Hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea, agintekeria, mespretxua edo errespetu falta larria nagusiei, lankideei eta menpekoei, edo haien ahaideei, bai eta bazkideei edo publikoari ere.
7. Enpresaren korrespondentzia edo isilpeko dokumentuen sekretua haustea edo nahitaez isilpean eduki beharreko datuak enpresakoa ez den bati erakustea.
8. Eraso fisikoa, ohiko liskarrak eta ika-mikak lankideekin, lantokian edo lanak betetzen ari direla.
9. Sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena eta laneko jazarpen psikologikoa.
10. Enpresaren material, lanabes, tresna, aparatu, instalazio, eraikin, altzari eta dokumentuak desagerrarazi, hondatu, suntsitu edo haustea.
11. Enpresari lehia desleiala egitea zenbait jardueraren bidez.
12. Segurtasun eta higienerako babes elementuak eta laneko arriskuei aurrea hartzeko planekoak ez erabiltzea, behin eta berriz, behar bezala ohartarazia izan arren.
13. Drogak kontsumitzea laneko orduetan, edo horietatik kanpo, enpresaren uniformea jantziz gero.
14. Lehenbiziko falta astuna egin ondoko zortzi hilabeteetan beste falta astun bat egitea, beste mota batekoa bada ere.
15. Langileen Estatutuaren 54.2 artikuluan hala aurreikusita daudenak.
29. artikulua. Zehapenak.
Enpresak du zehapenak jartzeko ahalmena, hitzarmen honetan eta lanaren arloan indarra duen araudian ezarritakoari jarraikiz.
Faltak langileari jakinaraziko zaizkio, hura noiz egin zen eta zehapena eragin duten egintzak adierazita; langileak hartu-agiria egin edo jakinarazpena sinatu beharko du.
Zehapenik ezartzen bada, hura langileen ordezkariei jakinaraziko zaie.
30. artikulua. Zehapenen graduazioa.
Enpresak, egindakoaren larria eta inguruabarrak kontuan hartuta, zehapen hauek jartzen ahal ditu:
–Falta arinengatik:
a. Hitzezko kargu-hartzea.
b. Idatzizko kargu hartzea.
c. Enplegu eta soldatarik gabe uztea gehienez bi egunez.
–Falta astunengatik:
a. Enplegu eta soldatarik gabe uztea hiru egunetik hamabostera bitarte.
–Falta oso astunengatik:
a. Enplegu eta soldata gabe uztea hamasei egunetik hirurogeira bitarte.
b. Diziplinazko kaleratzea.
31. artikulua. Preskripzioa.
Langileen faltek ondokoaren arabera preskribatuko dute, betiere enpresak hura gertatu zela jakiten duen egunetik hasita:
Falta arinetan, 10 egun. Falta astunetan, 20 egun. Falta oso astunetan, 60 egun. Eta kasu guztietan, hura egin eta sei hilabetera.
I. ERANSKINA.–ZEREGINEN ZERRENDA. EGURALDI TXARRA DAGOENEAN LAN EGITEA
–Zereginen zerrenda:
- Soropila moztea bateko eta besteko makinak erabiliz.
- Sastraka eta belar altuak kentzea, sasi-garbitzeko makina mekanikoez edo eskuz. Beharrezkoa denean, hondakinak biltzea.
- Traktorez, bestelako makinez edo eskuz ongarritzea.
- Makinazko edo eskuzko tratamendu fitosanitarioak.
- Soropila makinaz edo eskuz zulatzea.
- Zulaketaren ondoriozko lur biribilkiak biltzea, makinaz edo eskuz.
- Landare hondakinak garbitzea haize-makinaz, arrasteluz edo bestelako tresnez.
- Soropila eskarifikatzea, makinaz edo eskuz.
- Soropil gune hondatuak edo irregularrak konpontzea zohiak ateraz, materiala emanez edo hustuz, mailakatuz eta zohiak berriro jarriz.
- Greenetan "zulotxoak" konpontzea.
- Greenetan zuloak aldatzea horretarako dauden berariazko tresnen bidez.
- Kaleetan edo greenen aurreko guneetan ateratako belar zatiak konpontzea.
- Ereiteko lurrak prestatzea, eskuz edo ereiteko makinaz ereitea eta amaierako lanak egitea.
- Belar gaiztoak eskuz jorratzea.
- Zelaiko guneak birmoldatzea, hala nola irteerako plataformak, bunkerrak eta abar, zohiak ateraz, materialak emanez edo hustuz, zuinkatuz, mailakatuz eta amaiera egokia lortzeko behar diren gainerako lanak eginez.
- Bunker, irteerako gune, bide eta abarretako ezpondak arteztea eta berriro trazatzea, hondeatzeko makina txikiez edo eskuz.
- Zamalanetarako, zuloak egiteko, zangak egiteko edo lurrak hedatzeko eta materialak banatzeko zamagailu txikiak, paladun traktorea edo bestelako makinak erabiltzea.
- Bunkerrak arrastelatzea makinaz edo eskuz.
- Bunkerretan harea aldatzea edota berriro jartzea.
- Drainatze berriak egitea edo eraginkorrak ez diren drainatzeak konpontzea makinaz edo eskuz zangak eginez, tutuak, kutxatilak eta bestelako elementuak jarriz eta drainatzeko materiala emanez.
- Zuhaitzak, zuhaixkak eta bestelako landareak landatzea, makinaz edo eskuz zuloak egin ondoren.
- Zuhaitzak, zuhaixkak eta beste landare batzuk oro har mantentzea inausiz, adaxkak landatuz, ongarrituz, tratamenduak emanez, zurkaitzak eta euskarriak jarriz edo kenduz, txorkoak eginez, ureztatuz eta abar eginez.
- Material bateko zein besteko ertz-mugak jartzea parterreetan, bideetako ertzetan, txorkoetan eta beste gune batzuetan.
- Mota bateko eta besteko mantak, xafla geotestilak eta abar jartzea drainatzeko, materialak banantzeko, eguzkitik babesteko, belar gaiztoak kentzeko eta abarretarako.
- Bideak egitea, konpontzea edo berrelikatzea oinarrian agregakinak erabilita, makinak erabiliz edo eskuz.
- Hormigoizko bideak egitea eta/edo konpontzea teknika hauek erabiliz: zuinketa, artekatzea, kofratzea, sare elektrosoldatuak jartzea eta gero hormigoia zabaltzea eta talotxatzea (edo beste akabera mota batzuk ematea). Hormigoia kamioitik edo hormigoi makinatik bideraino garraiatzea, dumperrak edo beste ibilgailu batzuk erabiliz. Hormigoiaren hartze prozesua bukatuta ebakiak egitea, disko ebakitzaileak erabiliz.
- Hainbat gunetan trinkotze lanak egitea, zapaltzeko motorrezko makinen, alperren eta bestelako tresna moten bidez edo ura erabiliz.
- Hesietarako zutoinak jartzea makinaz edo eskuz zuloak eginez, behin-behineko euskarriak instalatzea eta, hormigoia edo beste material batzuk erabilita, zapata egitea.
- Hesiak konpontzea txarrantxak, sare metalikoak, alanbreak, grapak edo beste material batzuk erabiliz.
- Mota bateko eta besteko seinaleak, markak, kartelak, sokak, kateak, zurkaitzak eta gainerako tresnak egitea eta/edo jartzea, bai finkoak, bai aldi baterakoak, seinaleztatzeko, guneak babesteko edo beste zerbaitetarako.
- Kanpoko altzarietako elementuak jartzea, adibidez bankuak, paperontziak, bolak garbitzeko tokiak, saretoak eta abar.
- Hainbat lanetarako (besteak beste, zoladuretako konponketak, paramentuak, etab.) hormigoia edo morteroak egitea eta erabiltzea.
- Euste hormatxoak, trenkadak, zokaloak... altxatzea mortero eta harri, bloke edo adreiluen bidez. Gauza bera hormigoia erabiliz, behar diren kofratuak eginez.
- Eraikinetako paramentuak, zoladurak, altzarietako elementuak edo zelaiko seinaleztapena pintatzea, bernizatzea edo beste produktu batzuk ematea.
- Hainbat produktu nahastea eskuz, nahasgailuz, hormigoi-makinaz eta abarrez.
- Materialak eskuz edo ibilgailuetan garraiatzea. Ibilgailuetan, biltegietan eta abarretan, zenbait produkturen zamalanak egitea eskuz edo makinaz.
- Zelaiaren garbiketa orokorra: paperak, plastikoak, latak eta abar bildu eta paperontziak hustea. Behar denean, alde batzuen garbiketa espezifikoak egitea, hala nola lakuak, kanalak, erretenak...
- Makinentzako eta langileentzako instalazioak garbitzea, eta instalazioen barruan ordena mantentzea. Edukiontziak hustu eta hondakinak garraiatzea, konpost edukiontzietako landare hondakinak barne.
- Bideak edo beste azal mota batzuk erraztatzea eskuz edo ekortzeko makinez.
- Klubaren eraikinetan kristalak garbitzea.
- Makinak eta tresnak garbitzea.
- Bolak makinaz edo eskuz biltzea.
Aurreko puntu guztiak enpresaren instalazio guztietan (golf zelaia, kirol kluba eta abar) aplikatzen ahalko dira.
Zerrenda hori ez da itxia edo zehatza, egin ohi denaren erakusgarria baizik. Hori dela eta, beharbada egonen dira hemen aipatu ez diren zereginak, baita etorkizunean behar diren beste batzuk ere.
–Eguraldi txarra dagoenean lan egitea:
Zuzendaritzak edo mantentze-lanen arduradunak zehaztuko dute noiz dagoen eguraldi desegokia kanpoan lan egiteko. Horrelako egoeretan, barneko lanak eginen dira, hain zuzen ere, I. eranskineko zereginak edo sortzen diren beste batzuk egiteko (barnean egiten ahal direnak).
Aterpean lan egitea ere ezinezkoa denean, 2 orduko epea egonen da, lanaldia hasten denetik kontatuta, eguraldiak hobera noiz eginen esperoan egoteko. Ordu horietako bat enpresaren kontura izanen da; bestea, berriz, langileen kontura.
Eguraldi txarragatik lan egitea ezinezkoa izanen dela aldez aurretik ikusten bada, langileei telefonoz jakinaraziko zaie, lanera joan ez daitezen eta alferrikako joan-etorria saihesteko. Ez da zenbatuko, ez eta deus ordainduko ere, telefonozko jakinarazpena jaso ondoren lantokira joaten bada langilea.
II. ERANSKINA.–GOLF ZELAIKO LANGILEENTZAKO ARAUDIA
–Lanaldia hasten den ordu zehatzean langilea mantentze-lanetako nabean egonen da, laneko arropa jantzita, egin beharreko lanei buruzko jarraibideak hartzeko.
–Ezinbesteko arrazoi batengatik langile bat ezin bada bere lanpostuan egon lanaldia hasteko unean, jaiegunetako txandetan barne, horren berri eman beharko dio telefonoz mantentze-lanen buruari, ahalik eta lasterren, eta, betiere, hasteko ordua baino lehenago. Langile guztiek ezagutu behar dute sakelako telefono zenbakia (620 942 464). Telefono hori okupaturik badago, edo estaldurarik gabe edo, beste edozein arrazoirengatik, ez badago libre, langileak erantzungailuan mezua utzi beharko du, zergatik joanen den berandu edo zergatik ez den joanen azalduz.
–Fitxaketarako erlojuan fitxatzeko, lanerako arropa jantzia izan behar du langileak. Halaber, lanaldia bukatutakoan, lanerako arropa jantzia duela fitxatu behar du. Langileak debekatuta du berea ez den beste txartelen bat erabiltzea.
–Lanaldiaren barnean agindu zaizkion zereginez arduratuko da, eta lanaldia bukatzen denean ez da mantentze-lanetako nabera itzuliko harik eta bukatzeko ordua puntuan den arte (indarreko ordutegiaren arabera), non eta arduradunek ez dioten besterik agindu arrazoi bat edo beste dela kausa (adibidez, makinak garbitu beharra eta abar).
–Ogitartekoa jateko atsedena 09:30etik 09:50era eginen da. 20 minutuko tarte hori langileak lana eteten duenetik lanari berriz ekin arte zenbatuko da. Debekatuta dago klubeko jatetxean edo sukaldean sartzea hamaiketakoa jateko, bai jaiegunetan bai lanegunetan.
–Langile bakoitza sortzen duen zakarra kentzeaz arduratuko da, bai bidean dauden paperontzietakoren bat erabiliz, bai lanaldia bukatu arte berekin eramanez. Debekatuta dago zakarra zelaian inon uztea, baita mantentze-lanetako patioan uztea ere.
–Debekatuta dago lanaldian, jaiegunetako txandak barne, edari alkoholdunak edo estupefazienteak hartzea. Agerikoa denez, orobat debeku da lanaldia alkoholaren edo estupefazienteen eraginaren pean hastea.
–Berariaz debekatuta dago enpresaren ibilgailuak edo edozein makina mota erabiltzea lan jarduerari zuzenean eta berariaz lotuta ez dauden joan-etorriak egiteko.
–Zelaiko guneak mozteko eta bunkerrak arrastelatzeko, ordena berari jarraitu beharko zaio beti, bestelakoa adierazi ezean. Ordena horren arabera, 1. zulotik hasiko da eta hurrenez hurren jarraituko da, 18. zulora iritsi arte. Greenetako belarra mozteko ordena, berriz, honako hau izanen da, bestelakoa adierazi ezean: putting greena, 9, 1, 10, 2, 3, 4, 5, 6, 11, 12, 13, 8, 14, 15, 16, 17, 18, jokalekuko greena eta pitching greena.
–Nahitaez erabili behar dira enpresak langileei ematen dizkien jantziak. Ezin da erabili bestelako jantzirik bistara gelditzen bada, eta ezin da soina biluzik agerian utzi. Ezin da laneko arropa enpresatik kanpo jantzi, salbu eta langilea betetzen ari bada arduradunek edo maila goragokoek agindutako lanen bat. Era berean, langilea kasu bakoitzean agintzen diren babes-osagarriak erabiltzera behartuta egonen da.
–Makina edo tresnekin sortutako arazo teknikoak direla-eta langile batek agindutako lana bertan behera utzi behar badu, arduradunarekin edo greenkeeperrarekin harremanetan jarri beharko da, tailerreko irratiaren edo klubeko etxearen bidez, berriro jarraibideak jasotzeko. Haiekin harremanetan jartzea ezinezkoa bada, eta beste zeregin bat agindu ezean, langileak makinen nabea, patioa eta erabilera komuneko gelak (aldagelak, komunak...) garbitu beharko ditu, mekanikariak arazoa konpontzen duen bitartean.
–Mekanikariak zehazten ditu makinen erabilerari buruzko alderdi teknikoak. Haren jarraibideak aintzat hartuko dira beti, abiadurei, karga mugei eta makinen osotasunarekin eta iraunkortasunarekin zerikusia duen erabilerari buruzko beste edozein alderdiri dagokienez.
–Debekatuta dago bazkideei edo, oro har, jokalariei bola erabiliak zuzenean saltzea: langileek klubaren bidez baino ezin izanen dituzte zelaian aurkitzen dituzten bolak eman.
–Bolak biltzea praktika eremuan: lan istripuak ekiditeko, goizean praktika eremuko lehenbiziko erabiltzailea agertu orduko, langileak behartuta daude bolak eskuz hartzeari uztera eta eremu horretatik alde egitera. Langilea ezin da praktika eremuan sartu, bolak biltzeko prestatutako ibilgailuaren barnean ez badago. Orain argi proiektoreak daude eta, bolak biltzeaz arduratzen diren langileen lanaldiaren hasiera goizeko 06:00etara aurreratzen ahal da, egoerak hala eskatzen badu.
Enpresa arau horiek osatzen joanen da, beharrizanen arabera.
III. ERANSKINA.–2026ko SOLDATA-TAULA (eurotan)
(2025eko taula + %3)
–Oinarrizko soldata:
KATEGORIA | HILEKO SOLDATA | EKAINEKO | ABENDUKO | GUZTIRA |
Ofiziala | 1.897,00 | 1.897,00 | 1.897,00 | 26.558,00 |
Greenworkerra | 1.612,48 | 1.612,48 | 1.612,48 | 22.574,12 |
Peoia | 1.327,90 | 1.327,90 | 1.327,90 | 18.590,60 |
–13. artikuluko sari finkoa:
KATEGORIA | PREZIOA |
Ofiziala | 774,21 |
Greenworkerra | 658,07 |
Peoia | 541,96 |
–Aparteko orduak. Igande eta jaiegunetako orduak:
KATEGORIA | APARTEKO ORDUAK | IGANDE ETA JAIEGUNETAKO ORDUAK |
Ofiziala | 22,95 | 32,14 |
Greenworkerra | 19,49 | 27,33 |
Peoia | 16,08 | 22,48 |
–Fideltasuna eta antzinatasuna (hileko kopurua):
DENBORA | HILEKO KOPURUA |
2 URTE | 26,28 |
6 URTE | 72,93 |
10 URTE | 127,63 |
14 URTE | 176,89 |
18 URTE | 182,36 |
20 URTE | 272,89 |
22 URTE | 291,73 |
24 URTE | 356,71 |
26 URTE | 400,89 |
28 URTE | 462,72 |
IV. ERANSKINA.–HITZARMEN HONEN ERAGINPEKO BESTE LANGILE BATZUK
Hitzarmen honen barnean sartzen dira lanpostu hauek dituzten langileak, bakoitzak esleitua duen kategoriarekin:
–Eraikin eta instalazioetako mantentze-lanak.
–Sarreren kontrola.
–Mekanikaria.
Langile horiei etorkizunean hitzarmenerako ituntzen diren igoerak aplikatuko zaizkie, baita aldi baterako ezintasunaren osagarria eta ezkontzeagatik eta seme-alaben jaiotzengatik izaten diren onura sozialak ere.
Aitzitik, eta aurrekoa gorabehera, langile horiek beren egungo ordainsarien sistemari eutsiko diote, eta hitzarmeneko ordainsarien araubidea ez zaie aplikatuko (soldata-taula, sari finkoa, aparteko orduak eta fideltasun edo antzinatasun plusa).
Orobat, egungo lanaldia eta egungo egutegia eta ordutegia bereizgarri izaten jarraituko dute, eta hitzarmenean horri buruz xedatua ez zaie aplikatuko.
Asteburu eta jaiegunetan zelaiko mantentze-lanak egiteko (baita aste barruko errefortzuetarako ere) enpresak kontratatzen dituen pertsonei urteko lanaldiaren, egutegiaren eta ordutegiaren banaketari dagokionez haiekin berariaz adosten den araubidea aplikatuko zaie. Urteko gehieneko lanaldia, soldata eta gainerako gaiak hitzarmenaren arabera arautuko dira. Lanaldia honela banatuko da: legezko atsedenaldiak errespetatuko dira eta urteko benetako lanegunen kopurua ez da 250 baino handiagoa izanen.
V. ERANSKINA.–BESTE GAI BATZUK
1. Aurreraeragina.
Hitzarmen kolektiboak, salatu eta itundutako indarraldia bukatutakoan, indarrean jarraituko du beste batek ordeztu arte.
2. Hitzarmena ez betetzea.
Araudian aurreikusitako arbitrajearen mende jartzea borondatezkoa izanen da, eta, horretarako, alderdien berariazko adostasuna beharko da.
3. Eginkizun jakin batzuetarako konpromisoa.
Francisco José Goñi Gómez jaunak, Arkaitz Millán Solís jaunak eta María Ángeles Villanueva Lerindegui andreak honako eginkizun hauek ere izanen dituzte:
–Greenetako belarra mozteko makinen ebakitze-unitateen gorputzak aldatzea, alperren, verticuten, groomerren edo eskuilen aldaketa autonomoa egin ahal izateko.
–Ebakidura helikoidaleko unitateen oinarrizko doikuntza.
Enpresako zuzendaritzak prestakuntza ofiziala emanen die aitzinetik.
Lan horiek mekanikariak edo arduradunak egin ohi dituzte, eta adierazitako pertsonek egin beharko dituzte mekanikaria edo arduraduna golf zelaian ez dagoenean soil-soilik (oporrak, aldi baterako ezintasuna, eszedentzia edo baimenak direla eta).
4. Langilearen aldeko orduak.
Sortu eta hurrengo urtea bukatu baino lehen hartu beharko dira. Ordu horiek hartzeko, aldez aurretik jakinarazi beharko zaio mantentze-lanetako buruari, langile nahikoa ez izateagatik enpresari arazorik sor ez dakion.
Iragarkiaren kodea: F2609865
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
