153. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1872/2026 EBAZPENA, 2026ko uztailaren 28koa, Jaime Brunet Fundazioko buruak emana. Haren bidez, Giza Eskubideen eta Garapenerako Lankidetzaren 2026ko Jaime Brunet Unibertsitate Sariaren deialdia egiten da.

Aurrekariak:

Giza Eskubideak Sustatzeko Jaime Brunet Saria 1998. urteaz geroztik ematen da, eta giza eskubideak defendatzen dituzten gizabanako eta erakundeen ibilbide aparta saritu du beti.

Bestalde, Jaime Brunetek berak ildo horretako ikerketa lanak nabarmentzeko interesa zeukan. Eta, gainera, Jaime Brunet Fundazioaren Estatutuek beste sari batzuk antolatzeko eta testamentugileak ezarritako helburuekin bat datozen beste jarduera batzuk garatzeko aukera jasotzen dute espresuki.

Gogoeta horiek eta Fundazioak Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin duen harremana kontuan hartuta, Fundazioaren Patronatuak erabaki du sari bat ezartzea unibertsitateko ikasle baten lana urtero saritzeko. Lan horrek lehen aipatutako gaiak jorratu behar ditu, (Gradu eta Master) Ikasketen Amaierako Lanen testuinguruan. Hartara, giza eskubideen egoerari eta babesari buruzko interesa pizteaz gainera, eskubide horien inguruko salaketak egitea eta haiek hobetzeko elkarlanean aritzea ere bultzatzen da, bai eta unibertsitate ikasketak bukatzen dituzten gazteen ahalegina saritu ere.

Hautagaiak:

1. Saria jasotzeko aukera izanen dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gradu edo Masterreko edozein titulaziotako ikasleen Ikasketen Amaierako Lanek, esparru hauei buruzko gaiak aztergai badauzkate:

1.1. Giza eskubideen defentsa eta babesa.

1.2. Eskubide horien bermea hobetzeko diren tresnen edo mekanismoen garapena.

1.3. Garapenerako lankidetzari buruzko gaietan proposamenak eta aurrerapenak abian jartzea. Horretan biltzen dira aurrerapen ekonomiko eta sozial global, iraunkor eta orekatua sustatzera bideratuta dagoen jarduera multzoa.

1.4. Egoera ahulean dauden –edo egoteko arriskua duten– pertsonen bizimodua aztertzera, ebaluatzera edo hobetzera bideratutako azterlanak. Aipatzekoak dira mota guztietako oinarrizko azpiegituretarako sarbideari buruzko gaiak: teknologikoak, naturalak, osasun arlokoak, etab.

1.5. Arraza, erlijioa edo sexua dela-eta, haurrak izateagatik, aukera politiko edo jatorri sozialagatik, desgaitasunagatik, gosea, indarkeria, gerra edo gaixotasuna pairatzeagatik bereizkeria jasan eta beren oinarrizko eskubideak arriskuan dituzten pertsonen egoera hobetzera bideratutako azterlanak.

2. Lan horien ikuspuntuak, hortaz, era askotakoak izan daitezke: juridikoa, ekonomikoa, osasunaren arlokoa, soziala, eta zientifiko/teknologikoa.

Prozedura:

1. Sariaren deialdia urtero eginen da. Lanek 2025ko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitartean defendatuak izan behar dute, eta fakultate edo ikastegi bakoitzean entregatuko dira. Horretarako, fakultate eta ikastegiek lanak jasotzeko epe bat ezarriko dute. Lanak paperean zein posta elektronikoz aurkez daitezke. Ikastegiak hasierako balioespena eta lehen hautaketa bat eginen du, eta Brunet Fundaziora helaraziko ditu beren ustez sarituak izan daitezkeenak, 2026ko urriaren 31 baino lehen. Fakultate edo ikastegi bakoitzak 3 lan aurkeztuko ditu, gehienez ere.

2. Lan bat proposatzen duen ikasleak espresuki justifikatu beharko du bere azterlanak lotura duela eta ekarpena egiten diela sariari dagozkion gaiei, eta, horretarako, aldez aurreko idatzizko autoebaluazio bat erantsiko du.

Lanen balioespena:

1. Lanek GAL edo MAL batean eskatzen diren baldintza guztiak bete behar dituzte, eta beren fakultatean edo ikastegian dagokion ebaluazioa gainditua izan behar dute, arautegian ezarrita dauden bitartekoen arabera.

2. Fundazioaren Patronatuak izendatutako ebaluazio batzorde batek erabakiko du saria zer lani eman, eta kanpoko ebaluatzaileak hartzeko aukera izanen du.

3. Saria 2.000 euro eta ziurtagiri bat izanen da (lanaren zuzendaritza akademikoak ere ziurtagiri bat jasoko du). Saria eman gabe uzteko aukera ere badago. Aipatutako kopuruari dagokionez, arauzko atxikipenak eginen dira zerga-ondorioetarako.

Publizitatea eta banaketa:

1. Urte bakoitzeko abenduan emanen da saria jakitera.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatutako ekitaldi batean emanen da saria. Saridunak ez badu ekitaldian parte hartzen, ez zaio saria emanen.

Argibide gehiago:

Brunet Fundazioa-Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

Arrosadiko Campusa.

31006 - Iruñea, Nafarroa (Espainia).

Telefonoa: 948169103.

Faxa: 948169004.

E-posta: fundacion.brunet@unavarra.es

Internet:

www.unavarra.es/conocerlauniversidad/jaime-brunet-fundazioa

Iruñean, 2026ko uztailaren 28an.–Jaime Brunet Fundazioko burua, Ramón Gonzalo García.

Iragarkiaren kodea: F2610601