153. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2026ko uztailaren 22an hartua, zeinaren bidez iraungitzen baita "Ebroko Ardatza NA-134 errepidean, Mendabiako, Lodosako, Andosillako, Azagrako, Milagroko, Valtierrako eta Arguedasko saihesbideak egiteko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala", Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua.

2007ko maiatzaren 28ko Erabakiaren bidez, Nafarroako Gobernuak "Ebroko Ardatza NA-134 errepidean, Mendabiako, Lodosako, Andosillako, Azagrako, Milagroko, Valtierrako eta Arguedasko saihesbideak egiteko Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala" onetsi zuen, Azagrako saihesbideari dagokiona izan ezik. Erabaki hori 2007ko 76. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 20koan, eta Azagrako saihesbideari dagokionez, honako hau jasotzen du: "Inguruabar horiek ikusirik, gomendagarria da saihesbide honen inguruan hartu beharreko erabakia geroratzea, 1. aukera hautatzeak ingurumenaren aldetik eta, bereziki, ikuspuntu hidraulikotik nolako ondorioak izanen lituzkeen jakin arte. Bestalde, azkenean 1. aukera hautatzen bada, haren diseinua berrikusi egin behar litzateke, herrira gehiago hurbilduz, eta horrek ez du eraginik izan behar berriki egindako araztegian". Horrenbestez, hauxe ezartzen du: "2. Ebroko Ardatza NA-134 errepidean Mendabiako, Lodosako, Andosillako, Azagrako, Milagroko, Valtierrako eta Arguedasko saihesbideak egiteko Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, onestea, Azagrako saihesbideari dagokion zatian izan ezik; hori guztia, erabaki honen azalpen zatiko II. atalean aukeratzeko proposatzen diren alternatibekin bat."

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 46.2 artikuluak ezartzen du zein kasutan erabaki daitekeen udalez gaindiko plan sektorialak iraungitzea; besteak beste, kasu honetan: "Haren exekuzioa amaitu izatea eta haren xedea bete izatea. Hala bada, proiektua udal planeamenduan sartuko da, baina sartze horrek ez du ekarriko proiektu sektorialaren edukiaren funtsa aldatzea. Sartze hori udal plan orokorraren aldaketa baten bidez egiten ahalko da, Nafarroako Gobernuak baimena emanda, edo udal plan orokorraren berrikuspen baten barrenean".

Gaur egun, onetsitako bost saihesbideak gauzatu egin dira, dagozkien eraikuntza-proiektuak eta obrek ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzeko espedienteak onetsi ondoren.

Egindako saihesbideen trazadurak, tarte batzuetan, aski desberdinak dira onetsitako UGPSan jasotako trazadurekin alderatuta.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 46.2 artikuluan jasotako iraungitze-kasu hori kontuan hartuta, komenigarritzat jotzen da UGPSa iraungitzea, jarduketarik jasan ez duten lurzoruak askatzeko eta, horrela, lurzoru horietan etorkizuneko jarduketak ahalbidetzeko eta ez baldintzatzeko.

UGPSaren iraungitzea onetsiz gero, ez da beharrezkoa izanen haren aurreikuspenek ukitutako udalerrien udal plangintzan sartzea; izan ere, saihesbideak eginak daudenez, saihesbide horien trazadurek ukitutako lurzoruak errepideei buruzko foru legediak babesten ditu, zein den ere lurralde edo hirigintza plangintza.

Aurrekoa gorabehera, 2005ean onetsitako Mendabiako Udal Plan Orokorrean, azpiegituretarako gorde beharreko lurzoru urbanizaezin gisa sailkatzen dira UGPSaren tramitean jendaurrean jarri ziren Mendabiako saihesbidearen trazadurarako alternatibek ukitutako lurzoruak.

UGPS horren Hirigintza Arau Orokorren 41. eta 47. artikuluen arabera, kalifikazio hori "balizko saihesbideetarako aurreikusitako lursailei" dagokie, eta horietarako ezarritako babes araubideak, eraikuntza-jarduerei dagokienez, obra hauek baimentzea baino ez du aurreikusten: "aurreikusitako azpiegitura edo instalazioa egikaritzeko obrak eta hura egikaritzeko, kontserbatzeko eta zerbitzu emateko beharrezkoak direnak". Gainerako guztiak debekatzen ditu.

Horregatik, kasua bada, iraungitzearekin batera, Mendabiako Udalari gomendio bat egin behar zaio, alegia, Udal Plan Orokorrean jasotako bide-aurreikuspenak eguneratu ditzala, jarduketarik jasan ez duten lurzoruak bide-aurreikuspen zaharkituetatik erabat askatzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Iraungitzea "Ebroko Ardatza NA-134 errepidean, Mendabiako, Lodosako, Andosillako, Azagrako, Milagroko, Valtierrako eta Arguedasko saihesbideak egiteko Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala", Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua.

2. Mendabiako Udalari gomendatzea Udal Plan Orokorrean jasotako bide-aurreikuspenak eguneratu ditzala gauzatutako errealitatera egokitzeko.

3. Adieraztea eremu horretan sektoreko legeria aplikatuko dela: zehazki, errepideei buruzko foru legeria, eta, subsidiarioki, indarrean dauden lurralde eta hirigintza antolamendurako tresnen hirigintza antolamenduko determinazioak.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari eta Mendabiako, Lodosako, Andosillako, San Adriángo, Azagrako, Funesko, Milagroko, Valtierrako eta Arguedasko udalei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Adieraztea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2026ko uztailaren 22an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2610226