153. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CORTES

Herri-lurren desafektazioa (katastroko 10. poligonoko 113. lurzatiko C azpilurzatia), erabilera lagatzeko Unión Montaribe SCA enpresari. Katastroko 10. poligonoko 112. eta 113. lurzatietan ezarrita dagoen abeltzaintzako ustiategirako erabiliko dira

Nafarroako Foru Diputazioak 1975eko irailaren 26an hartutako erabaki baten bidez, baimena eman zion Cortesko Udalari, zuzenean besterentzeko Sociedad Cooperativa Agropecuaria Unión Montaribe sozietateari herri-lurren 65.105,00 m², abeltzaintzako instalazioak eraikitzeko. Herri-lur horiek Atalaya alderdian daude.

Salmenta hori publiko bilakatu zen Cortesko Udalak Unión Montaribe Sociedad Cooperativa Agropecuaria sozietatearen alde egiletsitako eskrituraren bidez (landa-finkaren banantze- eta salerosketa-eskritura), Juan José López Burniol Tuterako notarioaren aurrean, 1976ko abenduaren 16an (protokoloko 1399 zenbakia).

Azaroaren 23ko 393/1992 Foru Dekretuaren bidez (1992ko 151. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 16an), Udalaren herri-lurretako lurzati baten parte bat onura publikokoa zela deklaratu zen, ondoren zuzenean saltzeko Unión Montariberi, bere abeltzaintzako ustiategia handitu nahi baitzuen.

Zehazki, desafektatutako lurzatia izan zen katastroko 10. poligonoko 107. lurzatiaren parte bat, Atalaya alderdian.

Erabaki eta dekretu bidez besterendutako azalera, gaur egun, 10. poligonoko 112. lurzatia da. Osotara, 72.306,77 m² ditu, eta katastroan Unión Montariberen izenean dago jasota.

Otsailaren 15eko 54/1993 Foru Dekretuaren bidez (1993ko 25. Nafarroako Aldizkarian argitaratu zen, otsailaren 26an), Cortesko Udalaren herri-lurretako lurzati baten parte bat (katastroko 10. poligonoko 90. lurzatia, Atalaya alderdian) onura publikokoa zela deklaratu zen, ondoren haren erabilera lagatzeko Union Montaribe enpresari. Xedea zen araztegi bat instalatzea, enpresa horrek lurzati mugakideetan zuen abeltzaintzako ustiategirako beharrezko osagarri gisa. Izan ere, bertan tratatu nahi zituen ustiategian sortutako hondakin-urak eta simaurrak.

Herri-lurren azalera hori, gaur egun, katastroko 10. poligonoko 113. lurzatiko C azpieremua da, eta 30.565,01 metro koadro ditu.

Herri-lurren azalera hori da, hain zuzen, baldintza-agiri honen xedea.

Nafarroako Gobernuak 2009ko urriaren 19an hartutako erabaki baten bidez, onetsi zen Cortesko Udalaren herri-lurretatik 37.800,00 metro koadro desafektatzea (10. poligonoko 87. eta 11. lurzatien azalera guztia, Atalaya alderdian), ondoren erabilera lagatzeko Cortesko Unión Montaribe Sociedad Cooperativa Agropecuaria sozietateari.

Unión Montaribe SCAk jarraitzen du abeltzaintzan lanean lurzati horietan guztietan. Gestiona 742/2026 deritzon espedientean jasota dago izapidetzen ari dela ingurumen baimen bateratuan aldaketa funtsezko bat egiteko espedientea. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ere hori bera esan dio Udalari.

Katastroko 10. poligonoko 113. lurzatiko C azpieremua 30 urterako laga zen, luzatzeko aukerarik gabe, hala xedatuta baitago herri-lurren desafektazioa arautu zuen baldintza-agirian. Epe hori, bada, 2023ko otsailaren 15ean amaitu zen, eta, hortaz, beharrezkoa da egoera erregularizatzea. Horretarako, dagokion desafektazio-espedientea izapidetu behar da, azpilurzati horren erabilera berriro lagatzeko Unión Montaribe SCAri. Modu horretan, Cortesko udalerrian 1977az geroztik egiten duen jarduerari eutsiko dio (jarduera horretarako ingurumen-baimen integratua eman zitzaion Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 17ko 1813/2010 Ebazpenaren bidez).

Bat etor daitezen desafektazio hau eta 10. poligonoko 87. eta 11. lurzatietarako baimendutakoa (haren xedea abeltzaintzako jarduera berari lotuta dago) komeni da desafektazio-aldiak 2039ko urriaren 19ra arte irautea, luzatzeko aukerekin. Halaxe dago ezarrita espedienteari erantsi zaion baldintza-agirian.

Espedientean jasota dago idazkariaren aldeko txostena (2026-0025 txostena, 2026ko maiatzaren 28koa). Jasota dago, orobat, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herri-lurren Informazio Batzordearen aldeko txostena, 2026ko maiatzaren 28koa.

Horiek guztiak horrela, eta bat etorriz Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 47.2 i) artikuluan kide anitzeko organo honi aitortzen zaion eskumena,

ERABAKITZEN DA, aho batez:

Lehenbizikoa.–Hasiera batez onestea Cortesko Udalaren herri-lurretako 30.565,01 m² desafektatzea (Cortesko katastroko 10. poligonoko 113. lurzatiko C azpilurzatia), haren erabilera lagatzeko Unión Montaribe SCA enpresari. Lur horiek erabiliko ditu Cortesko katastroko 10. poligonoko 112. eta 113. lurzatietan ezarria duen abeltzaintzako ustiategia mantentzeko eta garatzeko.

Bigarrena.–Hasiera batez onestea erabileraren lagapena arautzen duen baldintza-agiria. Agiri horretan dago mugatuta zein den desafektatuko den azalera.

Hirugarrena.–Jendaurrean jartzea erabaki hau eta baldintza-agiria, iragarkia jarriz Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta hilabetez paratuta udal honen iragarki-taulan eta webgunean, alegazioak, erreklamazioak nahiz iradokizunak aurkez daitezen.

Erabaki hau behin betikoa bihurtuko da, baldin jendaurreko aldian inork ez badu alegaziorik nahiz erreklamaziorik aurkezten. Hala, espediente osoa igorriko da Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalera, dagokion foru dekretuaren bidez onesteko.

Cortesen, 2026ko uztailaren 20an.–Alkate udalburua, María Concepción Ausejo Gómez.

Baldintza-agiria Cortesko Udalaren egoitza elektronikoan ikusten ahal da:

https://cortes.sedelectronica.es/preview-document/5532d1d2-0b92-4186-becb-aff49db3d54e/

Iragarkiaren kodea: L2610137