153. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ALESBES

Oposizio-lehiaketa, sukaldari plaza bat betetzeko, lan-araubide finkoan, Alesbesko Virgen del Portal egoitzan

Tokiko Gobernu Batzarrak, 2026ko ekainaren 4an egindako bilkuran, deialdi baten oinarriak onetsi zituen, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko sukaldari plaza bat, lan-araubide finkoan, Alesbesko Virgen del Portal egoitzan.

Hona hemen deialdiaren oinarriak:

OINARRIAK

1.–Xedea.

1.1. Deialdi bat iragartzen da, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko sukaldari plaza bat, lan-araubide finkoan, Alesbesko Virten del Portal egoitzan. Plazak 24 zenbakia du plantilla organikoan.

1.2. Izendapenak Alesbesko Virgen del Portal egoitzako lan-kontratudun finko bilakatuko du izendatua, ondorio guztietarako, plazaz jabetzen denetik aurrera; halaber, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko da, beharrezkoa bada, eta hartan alta emanen zaio.

1.3. Plazari D mailako oinarrizko ordainsariak dagozkio, hala baitago xedatuta, sukaldarientzat, egoitzaren hitzarmen kolektiboan. Era berean, plantilla organikoan ezarrita dauden osagarriak jasoko ditu, bai eta hitzarmen kolektiboaren bidez lortzen ahal direnak ere.

1.4. Lanaldia osoa izanen da, zerbitzuaren beharrei egokituko zaie, eta enpresako zuzendaritzak noiznahi aldatzen ahalko du, betiere lan-arloko arauak betez. Lanpostuaren lan baldintzak zentroko hitzarmen kolektiboan daude araututa. Lanaldia partziala izan daiteke, baldin zentroko okupazioak edo ordutegiek hala eskatzen badute.

1.5. Deialdiaren xede den lanpostuaren kategoriarako eta sukaldariaren lanpostuko zereginetarako egokiak diren lan eta eginkizunetan arituko da. Kontratatzen den langilea zuzenean ariko da zentroko zuzendaritzaren mende, eta haren zeregin nagusia izanen da agintzen zaizkion menuak prestatzea.

Besteak beste, eginkizun hauek bete beharko ditu:

–Menuak ezarritakoaren arabera prestatzea, betiere gizarte- eta osasun-arlotik edo nutrizio-arlotik idatziz ematen diren argibideetara egokituta. Dieten zaintza berezia.

–Prestatutako menuak daramatzaten gurdien muntaketa xedatzea sukaldeko langileen artean.

–Menuen kalitatea eta aurkezpena zaintzea.

–Kopurua medikuek agindutakoari egokitzea.

–Elikagaiak jasotzea eta biltegiratzea, kantitatea eta kalitatea gainbegiratuta.

–Eskaerak zerbitzu orokorren koordinatzaileari edo gobernantari aurkeztea, eta haiek kudeatzea, hala aurreikusita dagoenean.

–Bere nagusi hurrenarekin batera, elikagaien kudeaketaren ondoriozko datu ekonomikoak gainbegiratzea, hala aurreikusita dagoenean.

–Egunero zaintzea elikagaiak noiz iraungiko diren eta hozkailuetan zuzen banatzen direla, elikagai bakoitzaren ezaugarrien arabera eta osasun arloko agintaritzak ezarritako araudiaren arabera.

–Egunero prestatzen diren menuen laginak gordetzea, indarrean dagoen araudiarekin bat.

–Era berean, sukaldeko makinak eta tresnak garbi daudela gainbegiratzea.

–Gastronomiako instalazioen, ekipamenduen eta tresnen garbitasuna, mantentze-lanak eta ordena antolatzea, gainbegiratzea eta kontrolatzea.

–Garbiketa lanetan parte hartzea.

–Begiratzea sukaldeko tresnak eta makinak behar bezala erabiltzen direla eta egoera onean daudela.

–Zaborra kontrolatzea eta gainbegiratzea, indarrean dauden arauei jarraituz.

–Hondakinak zentroan zehaztutako tokira eramatea, hortik kanpora eraman ahal izateko.

–Otorduetan menuak platereratzea.

–Bere eremu funtzionalean kolaboratzea, talde teknikoak hala eskatuta, erabiltzaileek sukaldaritzari lotuta izaten ahal dituzten hezkuntza-premietan.

–Nagusiari jakinaraztea bere lanean ikusitako gorabeherak edo anomaliak.

–Begiratzea sukaldeko langile guztien uniformitatea zuzena dela eta higiene-neurri egokiak betetzen direla.

–Elikagaien higienea kontrolatzea eta erregistratzea, elikagaien kutsadura-arriskuak behatuz, ontziratzea eta manipulazioa kontuan izanik eta oinarri harturik APPCC prebentzio-sistema eta egindako eragiketak.

–Zaintza berezia alergenoak dituzten elikagaietan, indarrean dagoen legeriaren arabera.

1.6. Halaber, deialdi honen xedea da aldi baterako kontrataziorako zerrenda bat eratzea sartzeko hautapen-prozesuan plazarik eskuratzen ez duten izangaiekin, deialdiaren 10. oinarriari jarraikiz.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera.

Parte har dezakete, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edukitzea DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuaren titulua edo horien baliokide bat; edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez egotea, ezta diziplinako kaleratze bidez bidalia ere.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko adierazpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar dira aurreko baldintza horiek.

3.–Eskabideak.

3.1. Parte hartzeko eskabideak aurkezteko, hogeita hamar egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak izanen dira deialdi honetan (I. eranskina) argitaratutako ereduaren araberakoak, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Deialdian parte hartzeko eskaerak Alesbesko Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu behar dira, 11:30etik 14:00etara edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz.

3.2. Eskabideari erantsi beharreko dokumentazioa.

Eskabidea behar bezala bete, eta honako agiri hauek erantsi behar zaizkio:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

b) Aurreko 2.1 oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoa, jatorrizkoa edo fotokopia.

c) Lehiaketaldian baloratzekoak diren merezimenduen frogagiriak.

d) Denborak eta baliabideak egokitzeko, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori frogatu beharko dute, agiri hauetako baten kopiaren bidez:

–IMSERSOk edo autonomia-erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Desgaitasuna duten izangaiek eskatzen ahalko dute ariketak egiteko denborak eta moduak egokitzeko, hala behar izanez gero. Kasu horietan, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta beste orrialde batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, egoitzako buruak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta zerrenda argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da izangai onartuen behin betiko zerrenda.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, egoitzako buruak ebazpena emanen du, izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

Gerora, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Alesbesko Udalaren iragarki-taulan argitaraturik.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

Epaimahaiburua: Mari Carmen Segura Moreno, Virgen del Portal egoitza erakunde autonomoko burua, edo haren legezko ordezkoa.

Epaimahaikidea: Carolina Ansó López, Alesbesko Virgen del Portal egoitzako laguntzako teknikari koordinatzailea, edo haren legezko ordezkoa.

Epaimahaikidea: María Lafraya Fernández, Alesbesko Virgel del Portal egoitzako langileen legezko ordezkaria, edo haren legezko ordezkoa.

Epaimahaikidea: María Moreno Etayo edo haren legezko ordezkoa.

Epaimahaikide idazkaria: M.ª Ángeles Díaz Ramos, Alesbesko Udaleko idazkaria edo haren legezko ordezkoa.

5.2. Kalifikazio-epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Epaimahaia modu baliodunean eratzeko eta jarduteko, beharrezkoa izanen da bertan izatea hura osatzen duten kideen gehiengo osoa.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo deitzaileari horren berri emanen diote, baldin badaude urriaren 1eko 39/2015 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretako batean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Kalifikazio-epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Kalifikazio-epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du proba batzuetarako edo guztietarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez diote laguntza emanen kalifikazio-epaimahaiari.

6.–Hautapen prozesuaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, oposizioaldia lehenbizi eta lehiaketaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Oposizioaldia.

70 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta baztertzailea izanen da.

Ariketak, ziurrenik, 2026ko irailetik aurrera eginen dira.

Oposizioaldian, ariketa teoriko-praktiko bat egin beharko da; baztertzailea izanen da.

Proba teorikoa: deialdi honen II. eranskineko gai-zerrendari buruzko 35 galderari erantzun beharko zaie, 90 minutuan gehienez. Galdera bakoitzak lau erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena. Erreserbako beste 5 galdera gehituko dira. Gehienez, 70 puntu eskuratzen ahal dira. Erantzun zuzen bakoitzeko 2 puntu emanen dira, eta erantzun oker bakoitzeko, aldiz, 0,50 puntu kenduko. Zuriz uzten diren erantzunek ez dute ez punturik emanen ez kenduko. Bazterturik geldituko dira proban 35 puntu, gutxienez, lortzen ez dituzten izangaiak; hau da, gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez dutenak.

Proba hau egiteko ezin da inolako testurik kontsultatu, ez eta kalkulagailurik edo bestelako materialik erabili ere, ez bada bolaluma urdina edo beltza.

Ariketa bakoitza egiteko dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek proba egitera agertu beharko dute aldean daukatela nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat. Ezarritako moduan nor diren frogatzen ez dutenak edo aurretik zehaztutako egun, ordu eta tokian agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.

Hautaprobak egiteko, bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, eskabidean hala eskatu badute.

6.3. Lehiaketaldia.

Izangaiek alegatu dituzten merezimenduen balorazioa eginen da, oinarri honetan dagoen baremoaren arabera. Soilik baloratuko dira prozesuko lehenbiziko fasea –oposizioaldia, alegia– gainditu duten izangaiek aurkeztutako merezimenduak. Merezimendu horiek lotuta egon behar dute deialdi honen bidez bete nahi den lanpostuko eginkizunekin.

Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, eta gehienez ere 30 puntu emanen dira, baremo honen arabera:

6.3.1. Esperientzia. Gehienez ere hogei puntu.

–Egoitza edo eguneko zentro geriatriko publiko edo pribatu batean sukaldari gisa egindako zerbitzuak: 4 puntu urte bakoitzeko.

–Beste administrazio publiko batzuetan sukaldari gisa egindako zerbitzuak: 2 puntu urte bakoitzeko.

–Beste enpresa pribatu batzuetan sukaldari gisa egindako zerbitzuak: 1 puntu urte bakoitzeko.

Aurreko apartatuan ezarritako merezimenduak frogatzeko, izangaiak aurkeztu beharko ditu lan egindako administrazio publiko, erakunde edo enpresaren ziurtagiriak; merezimendu horiek kontatzeko, berriz, kontuan hartuko dira bai lan araubidean, bai lan-kontratu administratibo finko nahiz aldi baterakoarekin egindako zerbitzuak, bitarteko nahiz jabetzako lanpostuetan egindakoak.

Denbora-tarte berean administrazio publiko batean baino gehiagotan eman badira zerbitzuak, soilik baloratuko da aldi luzeena; eta datak bat badatoz, horietako bat bakarrik baloratuko da.

Urte kopuruak ez badu egiten zenbaki oso bat, dagokion proportzioan kalkulatuko da puntuazioa.

Lanaldia osoa ez bada, dagokion proportzioan kalkulatuko da, orobat.

Izangaiak zerbitzuak eman zituen administrazio publikoen, erakundeen edo enpresen ziurtagirietan, hauek jaso beharko dira: lan egindako denbora, zerbitzuen hasiera eta bukaera datak, betetako lanpostua eta lanaldiaren iraupena.

6.3.2. Prestakuntza osagarria. Gehienez ere hamar puntu.

–Sukaldaritzako eta gastronomiako erdi mailako teknikariaren titulua edukitzeagatik: 5 puntu.

–Lanpostuarekin zerikusia duten gaien arloko hobekuntza-ikastaroak (adibidez: sukaldaritza, dietak, elikagaien kutsadura, APPCC, laneko arriskuak eta berdintasuna) egiteagatik, jatorrizko tituluaren edo fotokopia konpultsatuaren bidez frogatuta: 1 puntu, prestakuntza ziurtatuko 10 orduko.

–Ez dira baloratuko 10 ordutik beherako ikastaroak.

6.3.3. Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak eta ikastaroak.

6.3.4. Epaimahaiak izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala egiaztatuak, baloratuko ditu, aurreko baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

6.3.5. Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

6.3.6. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina baldin aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

Aurkezten diren frogagiriek aipatu baremoaren aplikaziorako beharrezkoa den informazio guztia jaso beharko dute.

6.3.7. Merezimenduen balorazioa egin ondoren, epaimahaiak argitara emanen du izangai bakoitzak lortutako behin-behineko puntuazioa Alesbesko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun atarian, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du, argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek puntuazioaren edo merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten eta erreklamazioak egin ditzaten.

6.3.8. Epaimahaiak behin-behineko emaitzen aurka aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak argitaratuko dira Alesbeko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan.

7.–Emaitzak

7.1. Azken kalifikazioa kalkulatzeko, oposizioaldian lortutako puntuazioa eta lehiaketaldian lortutakoa batuko dira, betiere izangaiak oposizioaldiko ariketa gainditu badu.

Berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldian oro har puntuazio handiena lortu dutenen alde ebatziko da. Berdinketak jarraitzen badu, azterketako lehenbiziko 20 galderetan puntuaziorik handiena eskuratu duenaren alde eginen da. Oraindik ere berdinketa badago, kalifikazio-epaimahaiak berariazko zozketa publiko bakar bat eginen du hura ebazteko.

7.2. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukatu eta bietako puntuak batu ondotik, epaimahaiak prozesua gainditu duten pertsonen zerrenda argitaratuko du Alesbesko Udalaren iragarki-taulan. Zerrendan, oposizio-lehiaketan guztira lortu den kalifikazioa jasoko da, eskuratutako puntuazio osoaren arabera ordenaturik.

Emaitzak ebatzita, epaimahaiak puntuaziorik handiena lortu duen izangaia izendatzeko/kontratatzeko proposamena igorriko dio deialdia egin duen organoari, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.

Proposamen hori epaimahaiburuak argitaratuko du Alesbesko Udalaren iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

8.–Agiriak aurkeztea.

8.1. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamar egun balioduneko epearen barnean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalaren erregistro orokorrean:

–Deialdian eskatutako tituluaren jatorrizko agiria edo kopia autentikoa, edo hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

–Osasun ziurtagiri ofiziala, frogatzen duena interesdunak ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik lanpostuko eginkizunak betetzea. Proposatutako izangaiak desgaitasuna alegatu badu, deialdia egin duen entitateak lanpostuan bete beharreko eginkizunak betetzeko bateragarritasun txostena eskatuko dio Eskubide Sozialetako Departamentuko desgaitasunak baloratzeko arloari.

–Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela administrazio publiko batean jarduteko desgaiturik edo gabeturik, eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

–Lehiaketaldian alegatutako merezimenduak frogatzeko jatorrizko agiriak edo horien kopia autentifikatuak. Agiri horiek ez badira zehatzak edo bat ez badatoz lehenago aurkeztu eta lehiaketaldian baloratu zirenekin, izangaiaren aldeko izendapen proposamena baliorik gabe geldituko da automatikoki, eta deialditik baztertuko da.

–Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

8.2. Agiri horiek ez badira aurkezten adierazitako epean, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaia ezin izanen da izendatu, eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira, horrek deusetan galarazi gabe erantzukizuna eskatzeko aukera, eskabidean faltsukeria egiteagatik.

8.3. Aurreko apartatuan jasotako kasuan, gainditutakoen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko da plaza, aurreko apartatuetan adierazitako moduan.

9.–Izendapena eta kontratazioa.

9.1. Hautapen prozesua bukatu eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaiak aipatutako agiriak ekarri ondotik, egoitzako buruak haren izendapena ebatziko du, eta toki-erakunde honetako langile lan-kontratudun finko gisa kontratatuko du lanpostua betetzeko, eta plaza hutsa esleituko zaio.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berak izanen ditu, hala ezartzen baitu urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

9.2. Izendatzen den izangaiak kontratua sinatu beharko du, eta lanpostuan hasi, izendapenaren ebazpenean adierazitako egunean. Epe horretan, ezinbesteko arrazoiak salbu, karguaz jabetzen ez bada, Alesbesko Udaleko langile lan-kontratudun finkoa izateko eskubide guztiak galduko ditu.

10.–Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak.

10.1. Jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari, honako zerrenda hauek sortuko dira, aldi baterako kontrataziorako, hautapen prozesuan parte hartu ondotik plaza lortu ez duten izangaiekin:

a) Probak gainditu baina plazarik eskuratu ez duten izangaien zerrenda.

b) Lehen ariketan probaren gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.

10.2. Sartzeko hautapenaren epaimahaiak espedientea igorri ondoren, egoitzako buruak ebazpen bat emanen du, honako zerrenda hauek onesteko: batetik, probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen zerrenda, eta, bestetik, lehen ariketan probaren gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda argitaratuko da Alesbesko Udalaren iragarki-taulan eta haren egoitza elektronikoan.

Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren hurrenkera: oposizioa gaindituta ere plazarik lortu ez duten izangaien kasuan, hautapen-prozesuan lortutako puntuaziorik handienaren arabera; gainerako izangaien kasuan, lehen ariketan lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketarik gertatzen bada, deialdi honetan ezarritako irizpideak aplikatuko dira hura ebazteko.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela 2. oinarrian ezarritako baldintzak; izan ere, horiek frogatu beharko dituzte oinarri honetan adierazten den bezala.

10.3. Prozesuan lortutako azken puntuazioaren arabera ezarriko da zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.

10.4. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda erabiliko da deialdi honen oinarrietan ezarritakoaren arabera.

10.5. Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten ziurtagiriak, kontratua formalizatzen denean ekarri ere, kopiak aurkeztuta.

Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.

10.6. Sortzen diren beste behar batzuetarako deiak prozedura honen arabera eginen dira:

–Dei egiteko, zorrotz jarraituko zaio lehentasun ordenari, eta plazarik eskuratu gabe gainditu dutenek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aldean, deusetan galarazi gabe kontratua hobetzeko ezarritakoa.

–Dei egiten den unean zerrendetan lan egiteko prest daudenei eginen zaie dei, izangaiari eskaintzaren berri emanez, honako bitarteko hauek erabiliz, hurrenkera honetan eta eskuragarritasunaren arabera:

1. Telefono mugikorra.

2. Telefono finkoa.

3. Telefono mugikorrerako mezularitza (SMS).

4. Posta elektronikoko helbidea.

Horretarako, izangaiek adierazitako zenbaki eta helbideak erabiliko dira, eta haiek arduratu beharko dira etengabe eguneraturik edukitzeaz.

–Iraupen laburrekotzat hartzen diren kontratazioetan, egun berean bi saiakera eginen dira izangaiarekin harremana izateko, ordu desberdinetan, gutxienez ere ordubeteko tartearekin.

–Iraupen luzeko kontratazioetan, bi saiakera eginen dira harremana izateko, bi abisu eginez ordu desberdinetan (gutxienez bi orduko tartearekin), egun baliodun desberdinetan.

Bi kontratazio motetan, eta eskainitako kontratua egunean berean hasten bada edo hurrengo 24 orduetan, dei bakarra eginen da, izangaiak adierazitako komunikazio bitarteko guztien bidez.

Kontratazio unitateak egindako deien berri utziko du.

–Iraupen laburreko kontratazioetarako deietan izangaiari 24 ordu balioduneko epea emanen zaio erantzuteko, eta iraupen luzeko kontratazioetarako deietan bi egun baliodun, eta ulertuko da ezen, denbora hori igarotzen bada erantzunik gabe, eskaintzari uko egin zaiola bidezko arrazoirik gabe.

Premiazko kontratazioen kasuan, eskainitako kontratuaren hasiera hurrengo hiru egun naturalen barruan badago, ez zaio erantzuteko epe hori emanen, eta komunikazioa telefono mugikorraren eta finkoaren bidez eginen da.

–Ezinezkoa bada izangai batekin harremanetan jartzea arestian zehaztutakoari jarraikiz, hurrengoari deituko zaio, eta horrela jarraituko da postua bete arte. Halakoetan, lan eskaintza honen gaineko eskubide guztiak galduko dira.

–Baldin, ordenamendu juridikoan jasotako edozein bitartekoren bidez, aldi baterako kontratazio bat deusez deklaratzen bada, zerrendako dei hurrenkerari ez jarraitzeagatik, indarrean den kontratua deuseztatuko da, eta haren ordez kontratatuko da deitua izateko eskubide hobea duena, eta, hori dena, galarazi gabe antzinatasuna aitortzeko eskubidea, ezta, behar denean, bestelako ondorioetarako eskubidea ere.

–Deiak, erditzearen, adopzioaren edo harreraren lizentzia kasuetan: erditzearen, adopzioaren edo harreraren lizentzia hartzeko ezarrita dagoen epearen barruan aldi baterako kontratu bat sinatzeko deia jaso eta kontratua onartzen duten izangaiei lanpostu hori erreserbatuko zaie lanean benetan hasten diren arte, orduan sinatuko baitute kontratua.

Kontratua onartzen ahalko dute, bakar-bakarrik baldin eta, kontratuak ustez izanen duen iraupena ikusita, aukera badute lanpostuan benetan hasteko.

Lanpostuan sartuko dira erditzearen, adopzioaren edo harreraren lizentziarako ezarritako epea bukatzen den egunean, edo lehenago, interesdunak eskatzen badu, baina betiere erditu ondoren amarendako edo beste gurasokidearendako ezarritako nahitaezko atsedenaldia bukatuta.

Horrelakoetan, Administrazioan egindako zerbitzu gisa onartuko zaizkio, erditzea, adopzioa edo harrera gertatu izan ez balitz lanpostuan hasiko zatekeen egunetik, harik eta lanpostuan benetan hasten den egunera arte. Aldi hori onartuko zaio kontratua sinatzen baldin badu, eta ondorioak izanen ditu lanpostuan hasten den unetik aurrera.

–Deia egitean sor daitezkeen bestelako egoera bereziak: Haurdunaldiko bajagatik eta/edo erditzearen lizentziagatik langile bat ordezteko kontratatzen diren izangaiek kontratu bat baino gehiago pilatzen ahalko dituzte bata bestearen atzetik etenik gabe, langilea berriz ordeztu beharra baldin badago edoskitzearen ondoriozko arriskuagatik edo edoskitzealdiak metatzeagatik, edo oporrengatik, bai eta, aipatutako egoera horiek bukatu eta hamabost egun balioduneko epearen barrenean, ordezturiko langilea seme-alabak zaintzeko eszedentzia bereziaren egoerara igarotzen bada.

11.–Datuen babesa.

Izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie, jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):

–Alesbesko Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren helburua da deialdiko plaza hutsa betetzea, langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Honako hau da tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:

  • DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra).
  • DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudia aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Legez ezarritako kasuetan komunikatuko dira datuak, eta deialdian xedatutakoaren arabera argitaratuko.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, aurka egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetan, egoitza elektronikoaren bidez, edo datuak babesteko ordezkariaren helbidera joz (dpd@cendeadeVillafranca.es).

–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.

12.–Errekurtsoak.

12.1. 39/2015 Legearen 112. artikuluan aipatzen diren kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, egoitzako buruari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

12.2. Deialdi honen oinarrien aurka edo aplikatzeko egintzen aurka, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, errekurtso hauetako bat jar daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoaren arabera (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legea), bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hori guztia, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluarekin (lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa).

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

https://villafranca.sedipualba.es/firma/documento.aspx?csv=PFCAADAELNNDK2K7XU3A

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–Higieneari, garbiketari eta desinfekzioari buruzko arauak.

2.–Nutrizioa.

3.–Laneko arriskuen prebentzioa.

4.–Egoiliarraren elikadura.

5.–Dietetika.

6.–Eskaerak kudeatzea: albaranak eta fakturak.

7.–APPCC (Arriskuen azterketa eta kontrolgune kritikoena).

8.–31/1995 Legea, Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzkoa.

Alesbesen, 2026ko uztailaren 20an.–Alkatea, M.ª Carmen Segura Moreno.

Iragarkiaren kodea: L2610008