Iragarkia
153. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 6a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
CABANILLAS
Oposizioa, lantaldeko ofizialaren plaza bat betetzeko
Cabanillasko Udaleko alkateak, uztailaren 24ko 2026-0085 Dekretuaren bidez, oposizio bat onetsi du, lantaldeko ofizialaren plaza bat betezko. Hona hemen deialdiaren oinarriak:
OINARRIAK
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio bidez hautatzea Cabanillasko Udaleko lantaldeko ofizialaren plaza beteko duena.
Plantilla organikoko plaza hau beteko deialdian:
PLAZAREN ZENBAKIA PLANTILLAN | LANPOSTUA | ARAUBIDEA | LANALDIAREN EHUNEKOA |
13 | LANTALDEKO OFIZIALA | LAN-KONTRATUDUN FINKOA | %100 |
1.2. Era berean, deialdi honen xedea da eratzea aldi baterako kontratazioetarako zerrenda bat, hautapen-prozesuan plazarik lortzen ez duten izangaiekin. Zerrenda hori erabiltzen ahalko da etorkizuneko aldi baterako kontratazioetara. Hori dena, jarraikiz deialdiaren 9. oinarriari.
1.3. Lanpostuak C mailako ordainsariak izanen ditu, jarraikiz Ordainsariei buruzko behin-behineko erregelamenduari, maila horretako eginkizunak baititu, eta izanen ditu, orobat, plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak.
1.4. Cabanillasko Udalak ezarriko ditu lanpostu horren lanaldiaren araubidea eta ordutegia. Zerbitzuaren beharretara egokituko dira beti, eta organo eskudunak noiznahi aldatzen ahalko ditu.
1.5. Oinarri hauetan ezarri ez den orotan, honako arau hauei jarraituko zaie: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 113/85 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; eta aplikatu beharreko gainerako arauak.
2. oinarria.–Eginkizunak.
Honako hauek izanen dira bete beharreko eginkizunak, besteak beste, aipamen hutsez eta bestelakoak baztertu gabe:
–Eginkizun orokorrak.
1. Parte hartzea, bere nagusiarekin batera, antolakuntza eta plangintza lanetan, berdeguneen eta zuhaitzen arloan, baita udal instalazio eta eraikinen arloan ere, bai udal plantillak egiten dituenean mantentze-lanak, bai enpresa kontratatuek egiten dituztenean, bete daitezen zerbitzuak ezarritako helburuak.
2. Lanerako jarraibideak ematea, eta horiek aplikatzeko azalpenak ematea; bere zerbitzuan egin beharreko lanak antolatzea, eta horretarako, lana banatzea bere agindupeko langileen artean, eta agindutako lanari osotasuna ematea.
3. Bere agindupeko langileak eta egindako lana berrikusteaz arduratzea.
4. Lan bakoitzerako materialak eta lanabes egokiak aukeratzea; materiala banatzeaz arduratzea.
5. Lanabesak, materialak eta jantziak berrikustea, eta egoera eta funtzionamendua egokiak direla zaintzea.
6. Larrialdietan erabakirik egokienak hartzea, zerbitzua kudeatzeari dagokionez.
7. Zailtasun ertaineko kalkulu aritmetikoak egitea, azalerak eta bolumenak kalkulatzea, beharrezko materialak, etab.
8. Planoak eta krokisak interpretatzea, neurketak egitea eta lanak zuinkatzea, jarraikiz nagusiek emandako jarraibide teknikoei.
9. Kalitate-irizpideak gauzatzea lanak egitean.
10. Lanaren xede den lantalde teknikoari informazioa eta aholkuak ematea, bai egiten diren gauza berrietan, bai mantentze-lanetan, eta, lanean, parte-hartzea eta elkarlana errazteko giroa sortzea.
11. Zuzendaritza teknikoari proposamenak egitea, funtzionamendua eta antolaketa hobetzea helburu.
12. Zerbitzuko gainerako langileekin elkarlanean aritzea, erabakiak hartzeko, lanaren xede diren kontuetan.
13. Eginkizunak autonomia frankoz betetzea, barnean dela norberak zuzenean egitea zereginak.
14. Hautemandako falten berri ematea berehalakoan bere nagusi hurrenari; harekin ariko da estu elkarlanean.
15. Bere gain hartzea betetzen direla prebentzio-prozedurak eta -arauak, loturik daudenak ikuskatzen dituen lan-sistema eta -egitekoekin. Horri dagokionez:
- Esleitutako materiala, ekipamendua eta lokalak mantendu beharko dira kontserbazio- eta funtzionamendu-egoera ezin hobean, eta debekatuta dago zerbitzutik kanpoko helburuetarako erabiltzea.
- Baldin desagertzen badira, edo galdu, hondatu, higatu edo hautsi, jantziak, ekipoak edo materiala, horren berri eman behar zaio nagusiari, idatziz, jakin dezan zein diren, eta hark erabakiko du beste zerbait egin behar den.
16. Bere gain hartzea lantokia garbi eta txukun egotea, eta nagusi hurrenari jakinaraztea baldin instalazioetan ikusten badu edozein gorabehera, akats edo huts.
17. Era guztietako lan-parteak eta txostenak betetzea, ematea eta/edo egitea, baldin gorabeherarik badago lanean, langileen artean eta berdeguneen, zuhaiztien eta instalazioen egoeran. Era berean, jarraipena egitea lan-aginduei eta egunero, astero, hilero edo erabakitzen den aldian behin egiten diren lanen alderdiei, baldin loturik badaude zerbitzuaren berezko zereginekin edo gaiekin edo nagusiak agindutako bestelako lanekin, betiere dagokienez zerbitzuaren eskumen-eremuko mailei eta kategoriei, eta horren berri ematea nagusi hurrenari, egin dezan dagokion espedientearen jarraipena.
18. Aldian behin, nagusiekin bilerak egitea, eta, beharrezkotzat jotzen bada, harremanak izatea Udaleko beste zerbitzu-arlo batzuekin, baita bestelako erakunde eta organizazioekin ere, baldin loturik badaude zerbitzuaren jarduerarekin, helburua izanik bere xedeak betetzea (hasierako bilerak, zuinketak, markatzeak, jarraipena egitea eta obrak hartzea).
19. Behar diren eragiketa lagungarriak egitea, aipatutako eginkizunak behar bezala betetzeko.
20. Zaintzea ongi erabiltzen direla esleitutako baliabide material eta ekonomikoak.
21. Nagusi hurrenari jakinaraztea egin beharreko lanari buruzko edozein ezohiko gorabehera.
22. Zerbitzuari atxikitako gainerako langileekin aritzea lana metatzen denean edo norbait kanpoan edo eri dagoenean.
23. Ezarritako xedeak eta helburuak lortzea eta erdiestea langileak ongi eta koordinaturik aritzea.
24. Gidatzea ibilgailuak eta/edo makinak, erabil daitezkeenak gidabaimenik gabe edo B motako gidabaimenarekin.
–Lorategietako eta parkeetako lantaldeen eginkizun espezifikoak.
1. Arlo honetan beharrezkoak diren lanabesak eta makinak erabiltzea.
2. Ikusitako edozein gorabeheraren berri ematea nagusi hurrenari (agente patogeno ohikoenak identifikatzea), eta, jasotako jarraibideetan oinarrituta, egitea egoki diren tratamendu fitosanitarioak edo prebentzio-jarduketak, laguntza emanez kontrol biologikoko jarduketa-planean.
3. Zuhaiztietako lantalde bati dagozkion eragiketa espezifikoez arduratzea.
4. Komunikatzeko bide egokiak ezartzea, koordina daitezen zenbait langilek zuhaitz berean egiten dituzten lanak.
5. Altueran lan bereziak egiteaz arduratzea (igogailu-plataforma).
6. Zuhaiztiari dagozkion lanak egitea, gainerako lankideekin batera.
7. Lanak behar bezala seinaleztatzea, bai oinezkoentzako bidean, bai galtzadan, eta lan horiek koordinatzea arduradun nagusiarekin eta udaltzaingoarekin, beharrezkoa bada.
8. Landareen izurrite eta gaixotasun ohikoenak ezagutzea.
9. Bere gain hartzea lorezaintzako makinen funtzionamenduaren ardura, eta haien funtzionamendua ezagutzea.
10. Erabiltzea lorezaintzako makina eta lanabes mota guztiak, eta lan mota bakoitzera egokitzea horiek.
–Ureztatzeko eginkizun espezifikoak.
1. Zaintzea ongi dabiltzala ureztatze-instalazioak eta horien mantentze-lanak (ihesak, matxurak, akatsak, funtzionamendu-arazoak, desegokitasunak eta beste edozein inguruabar, eragozten duena funtzionamendu egokia edo ur-gastu handiagoa eragiten duena), eta, horretarako, une oro edukitzea behar den informazioa, ematen diotena ikuskatzaileek, arduradun nagusiak, teknikariek edo buruzagitzak.
2. Buruaren, teknikarien edo arduradun nagusiaren aginduak eta jarraibideak helaraztea kontratetako arduradunei edo teknikariei, haiek hala adierazten dutenean.
3. Bere arloko aginduak ematea, beharrezkotzat jotzen duenean, ureztatze-sistemek behar bezala funtziona dezaten edo horien arazoak konpon daitezen. Zerbitzuaren eta kontrataren alderdi teknikoari berehala jakinarazi beharko dizkio gorabeherak, ahoz eta idatziz, jakinaren gainean egon dadin, eta lanak behar bezala koordina eta egin ditzan.
4. Zerbitzuaren funtzionamendu-bileretara joatea eta haietan parte hartzea (kontratak, zerbitzu propioa, gizarte-enplegua, lantegi-eskola, etab.).
5. Aldizkako bilerak egitea nagusi hurrenekin eta kontratekin, eta jarraipena egitea eguneko, asteko eta hileko plangintzei, baldintza-agirien arabera eta arduradun nagusiaren eta zerbitzuko teknikarien agindupean.
6. Aldian behin bilerak egitea obren arduradunekin, hitz egiteko berdeguneez eta haien ureztatze-instalazioez.
7. Obren jarraipenaz arduratzea, arduradunekin batera, eta akatsen berri eta ezkutuko anomalien berri ematea, ondoren zerbitzuak egin ditzan obra-amaierako txostena eta mantentze-lanak.
8. Ureztatze-instalazioen zuinketaz eta markatzeez arduratzea, behar den lekuetan.
9. Bere lan-eremuko txostenak egitea, baldin beharrezkotzat jotzen badituzte arduradun nagusiak, teknikariek eta/edo buruak, eta eskatzen badizkiote.
10. Berdeguneak birdiseinatzen eta birmoldatzen parte hartzea.
11. Zerbitzuak dituen ureztatze-programak erabiltzea. Ureztatze-sistema informatizatua kontrolatzea, eta bulegoko ureztatze zentralizatuak planifikatzea eta horiei jarraipena egitea.
12. Kontrolatzea ureztatze-inbentarioa egiten eta eguneratzen dela eta jarraipena egiten zaiola.
13. Ureztatze-instalazioen auditoriak eta inbentarioa egitea, zerbitzuko teknikariek gainbegiratuta.
14. Kontrolatzea eta ikuskatzea ureztatze-sarearen funtzionamendua eta mantentze-lanak.
15. Honako hauek kudeatzea eta ebaztea: ihesak, kanpoko erakundeekiko gorabeherak, Udalaren beste zerbitzu edo arlo batzuk, kontratak, etab.
16. Proposatzea ureztatzeei hasiera ematea, etetea, berrabiatzea eta bukatzea, bai eta ureztatze-denborak aldatzea ere.
17. Proposamenak egitea, ureztatze-sistemak eta horien erabilera hobetzeko.
18. Zerbitzuko ureztatze-materialaren biltegian, egitea izakinen inbentarioa, kontrola, jarraipena eta eguneratzea. Behar den denboraz, nagusi hurrenari jakinaraztea materiala behar dela, behar den denboran eta moduan hornitzeko.
19. Zerbitzuburuak ureztatzearen arloan egokitzat jotzen dituen zereginak egitea.
20. Herritarren kexen arretari dagokionez, kexei erantzutea, jarraipena egitea, kontrolatzea eta laguntza ematea.
–Biltegiko eginkizun espezifikoak.
1. Zerbitzuan eskuragarri dauden lanabesak egunero berrikustea eta erabiltzeko prest edukitzea.
2. Material-eskaerak kontrolatzea eta kudeatzea, eta nagusi hurrenarekin koordinatzea, behar bezala izapidetzeko.
3. Lanabesen eta materialaren biltegian, egitea izakinen inbentarioa, kontrola, jarraipena eta eguneratzea. Behar den denboraz, nagusi hurrenari jakinaraztea materiala behar dela, behar den denboran eta moduan eskuratzeko.
4. Banatzaileekin harremanetan jartzea.
5. Materialak eta lanabesak hartzea, eta egiaztatzea egoera onean daudela eta/edo egoki dabiltzala.
6. Nagusi hurrenari jakinaraztea zer behar dauden materialei eta/edo lanabesei dagokienez.
7. Nagusiei laguntzea, erabakiak hartu behar direnean eros daitezen makinak, lanabesak eta/edo materialak, dauden premien arabera.
3. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Lanpostua lortzeko lehiatzen direnek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
3.1. Espainiako nazionalitatea izatea.
Europar Batasuneko zuzenbideari jarraikiz, lanpostu publiko guztietan sar daitezke, orobat, Europar Batasuneko kide diren beste estatuetako nazionalitatea dutenek ere, espainiarrei eskatzen zaizkien baldintza beretan, salbu eta botere publikoan zuzenean edo zeharka parte-hartzea dakarten lanpostuetan eta Estatuaren edo administrazio publikoen interesak defendatzea helburu duten eginkizunetan.
Aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatuko zaie, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko nazionalitatea dutenen ezkontideei (baldin zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude), baita haien ondorengoei eta ezkontidearen ondorengoei ere (zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude), baldin eta ondorengoak hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, zaharragoak izanda ere, haien bizkar bizi badira.
Halaber, parte hartzeko eskubidea dute Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen aplikazio esparruan sartutako pertsonek, baldin herrialde horietan aplikatzekoa bada langileen joan-etorri askea.
Nafarroako administrazio publikoek finkatuko dute, nork bere eskumenen esparruan, zer plazatan ezin izanen diren sartu Europar Batasuneko gainerako estatuetako nazionalitatea dutenak.
Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.
Edukitzea gutxienez Batxilergo titulua, Lanbide Heziketako II. graduko titulua edo horien titulu baliokide bat, jarraikiz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 12. artikuluari (legegintzako foru dekretu horren bidez onesten da Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko erregelamendua).
Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
Ez egotea eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua, eta ez egotea inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua.
B1 motako gidabaimena edukitzea.
3.2. Salbu 4. oinarrian ezarritakoa, azterketa gainditu eta plaza eskuratzen duen izangaiak frogatu beharko ditu aurretik adierazitako betebeharrak, deialdi honen 8. oinarriak xedatzen duen eran eta epean. Hori guztia bete beharko da eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, hautapen prozesu osoan eta izendapen eguna arte bete ere.
4. oinarria.–Eskabideak.
4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak, Cabanillasko Udalari zuzenduak, aurkeztu beharko dira Cabanillasko Udalaren Erregistro Orokorrean, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako erregistro eta bulegoetatik edozeinetan, 20 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
4.2. Eskabideak deialdi honetako ereduari lotuko zaizkio (I. eranskina).
4.3. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:
a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.
b) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren fotokopia.
c) Eskatzen den titulazioaren fotokopia, edo beste agiri batena, zeinak frogatzen baitu hura erdiesteko moduan dagoela eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako.
4.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
4.5. Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.
4.6. Desgaitasun aitortua duten izangaiek, baldin eta denborak edo bitartekoak egokitzea behar badute proba egiteko, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta, hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, agiri bat aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana, legeen arabera desgaitasuna dutela frogatzeko (jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua).
5. oinarria.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.
5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Cabanillasko alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du. Zerrenda hori Udalaren iragarki-taulan eta, orobat, erabili ohi dituen hedabideetan argitaratuko da.
5.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo bost egun balioduneko epean, izangai baztertuek erreklamazioak egin ditzakete eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik baldin bada, idazkia aurkeztuz Cabanillasko Udaleko erregistro orokorrean.
5.3. Erreklamazioetarako epea bukatu eta erreklamazioen gaineko ebazpena emandakoan, Cabanillasko alkateak ebazpen bat emanen du, onesteko onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta argitaratuko da Cabanillasko Udalaren iragarki-taulan eta ohiko hedabideetan. Argitalpen horretan zehaztuko da probak non, noiz eta zein ordutan hasiko diren.
Gero, epaimahaiak udaletxeko iragarki-taulan jarriko ditu hurrengo probak egiteko egunak.
5.4. Funtzio Publikoan sartzeko Erregelamenduan ezarritakoarekin bat, oposizioa hasiko da deialdia argitaratzen den egunetik bi hilabeteren buruan, gutxienez.
6. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia: eraketa eta jarduketak.
6.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:
Izendapena:
–Epaimahaiburua: Raquel Paz Aperte, Cabanillasko Udaleko alkatea.
–Epaimahaikideak: izangaien behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean izendatuko dira.
–Epaimahaikide idazkaria: Francisco Javier Pérez Azagra, Cabanillasko Udaleko idazkaria.
6.2. Baldin gertatzen bada 39/2015 Legean abstentziorako jasotako arrazoiren bat, kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi, deialdia egin duen organoari.
6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Betiere, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo, bestela, haien ordezkoek.
6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak, eta berdinketarik suertatuz gero, epaimahaiburuak kalitateko botoa erabil dezake.
6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izaten ahalko du, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
7. oinarria.–Proben nondik norakoa.
–Oposizioaldia.
Oposizioaldian gehienez 100 puntu emanen dira, baremo honen arabera:
Oposizioa hasiko da behin iraganik, gutxienez, 5 egun, deialdi hau Udalaren iragarki-taulan argitaratzen denetik, eta, orobat, Udalaren ohiko hedabideetan argitaratzen denetik. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen alkatetzaren ebazpenarekin batean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan hasiko diren probak.
Gainerako proben iragarkiak soilik argitaratuko dira Cabanillasko Udalaren iragarki-taulan eta, behar denean, aurreko probak egin diren tokian.
Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiak agertu beharko du aldean duela nortasun agiri nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat, eta oposiziotik baztertuta geldituko da agertzen ez den izangaia.
Minusbaliotasun frogatua dutenentzat (baldin frogatzen badute organo eskudunaren ziurtagiri bidez), egokitu eginen dira ariketak egiteko denborak eta baliabideak, baldin eta eskabidean horixe eskatu badute.
Cabanillasko Udalaren iragarki-taulan iragarriko da zer egunetan eta zer ordutan irekiko diren gutun-azalak jendaurrean.
Lehenbiziko probaren kalifikazioa egin eta gero, epaimahaiak zerrenda bat argitaratuko du Cabanillasko Udalaren iragarki-taulan, non jasoko baitira ariketan lortutako kalifikazioak, bai eta lehiaketaldian lortutako puntuak ere.
Horren ondoren, iragarki-taulan adieraziko dira oposizioko bigarren ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, ariketa hori egin baino 48 ordu lehenago gutxienez.
–Lehenbiziko proba: galdera teoriko-praktiko batzuei erantzun beharko zaie idatziz, II. eranskineko gaiei buruz. 50 puntu emanen dira, eta gutxienez 25 puntu beharko dira proba gainditzeko.
Proban test moduko galderei erantzun beharko zaie, eta zenbait erantzunen artean bat aukeratu beharko da. Proba hasi baino lehen esanen du epaimahaiak zein den probaren gehieneko iraupena. Galdera horiek izanen dira deialdi honetako eranskineko gaiei buruzkoak. Oker erantzuten den galdera bakoitzagatik kenduko da zuzen erantzundako bati ematen zaion balioaren %33.
–Bigarren proba: praktikoa izanen da. Bi kasu praktiko edo gehiago argitu, egin edo gauzatu beharko dira, zerikusia dutenak deialdian zehaztutako lanpostuaren eginkizunekin, epaimahaiak ezartzen duen denboran. Horiek gauzatzeko beharrezko bitarteko guztiak jarriko dira izangaien eskura, halakorik behar izanez gero (ibilgailuak, makinak, lanabesak, objektuak, gauzak, tresnak eta materiala) eta ez da onartuko erabiltzea emandakoez bestelako bitartekorik. Epaimahaiak egin aurreko unean bertan planteatuko du aipatutako ariketa.
Ariketa honetan balioetsiko dira izangaiek frogatutako eta erakutsitako ezagutza profesionalak, bai eta bikaintasuna, trebetasuna eta zuzentasuna ere, lanak egitean.
Ariketak 50 puntu izanen ditu gehienez, eta bazterturik geldituko dira 25 puntu gutxienez eskuratzen ez dituzten izangaiak.
Bigarren ariketa hau eginen dute soilik aurreko proba gainditu dutenek.
Izangaietako batek ere ez baditu proba guztiak gainditzen, edo, gaindituta ere, ez badu kontratatua izan nahi, administrazio dei-egileak kontratatzen ahalko du probaren bat gainditu duen hurrengo izangaia, zorrotz jarraituz hautapen prozesuan lortutako puntuazio ordenari.
8. oinarria.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda, izendapen proposamena, kontratazioa eta agirien aurkezpena.
8.1. Hautaprobak bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio hurrenkeraren araberakoa, Cabanillasko Udalaren iragarki-taulan. Gero, zerrenda hori Cabanillasko Udaleko alkateari igorriko dio, eta, horrekin batera, probak puntuazio altuenarekin gainditu dituen izangaia kontratatzeko proposamena.
Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu, 45. artikuluan, urriaren 1eko 39/2015 Legeak (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).
Izendatutako izangaia hilabeteko epean jabetu beharko da plazaz, izendapena jakinarazten zaionetik hasita. Epe horretan plazaz jabetzen ez bada (salbu behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kasuetan), eskubide guztiak galduko ditu Cabanillasko Udaleko lan-kontratudun finko izateko.
Cabanillasko Udalean gordeko da probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio hurrenkeraren araberakoa, maila horretako ordezkapenak egin behar direnerako, harik eta plaza jabetzan betetzen den arte.
8.2. Proposatutako izangaiak jarraian aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko ditu Cabanillasko Udaleko Erregistro Orokorrean, kontratazio proposamena argitaratu eta hogeita hamar egun naturaleko epean:
a) NANaren fotokopia, edo agiri baliokide batena, baldin izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen baditu.
b) Deialdiaren 3. oinarrian eskatutako tituluaren kopia, edo titulua lortzeko azterketa eskubideak ordaindu izanaren agiriarena (deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen).
c) Medikuen Elkargo Ofizialak emandako osasun ziurtagiri ofiziala, erakusten duena ez duela akats fisiko nahiz psikikorik edo eritasunik, eragozten dionik betetzea Cabanillako lantaldeko arduradunaren berezko eginkizunak.
d) Desgaitasun bat duten izangaiek, gainera, aurkeztu beharko dute frogagiri bat, balorazio eta orientazio talde eskudunek egina, erakusten duena desgaitasuna bateragarria dela deialdiko lanpostuarekin.
e) Zinpeko deklarazioa, bere erantzukizunpekoa, adierazten duena ez dagoela desgaitua ez gabetua eginkizun publikoetarako eta ez dutela kendu inongo administrazio publikoren zerbitzutik.
f) Izangaiak nazionalitate espainiarrik ez badu, aurkeztu beharko du zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez duela diziplina zehapenik edo zigor penalik, eragozten dionik estatuko funtzio publikoan sartzea.
g) Europar Batasuneko herritarra izanez gero, bizileku-txartela.
h) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizitzeko eta lan egiteko baimena.
i) Familia-liburua, baldin herritarra sartzen bada 3.1.a) oinarriko bigarren paragrafoan.
j) B kategoriako gidabaimenaren kopia.
k) Cabanillasko Udalak eskatzen dituen gainerako agiriak.
8.3. Behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, proposatutako izangaiak ez baditu aipatutako epean agiri horiek aurkezten, ezin izanen da kontratatu, eta haren jarduketa guztiak baliogabetu eginen dira, alde batera utzi gabe eskabidean gezurra esateagatik egozten ahal zaion erantzukizuna.
Halakoetan, ulertuko da proposatzen dela kontratatzea puntuazio handiena duen hurrengo izangaia, eta, horrela, hurrenez hurren. Horiekin ere oinarri honetan ezarri bezala jokatuko da.
9. oinarria.–Kontratazio zerrenden kudeaketa.
9.1. Prozesuko probak gainditu dituzten izangaiek baizik ez dute eratuko zerrenda.
9.2. Deia:
Probak gainditurik, epaimahaiak proposatutako zerrendan azaltzen diren izangaiei deitzen ahalko zaie, deialdiaren xedeko lanpostuetan sortzen diren beharren arabera.
Izangaiei dei eginen zaie zerrenda bakoitzean dagoen lehentasun hurrenkeraren arabera. Aurrekoa gorabehera, langileei dei egiterakoan, aintzat hartuko da ezarria dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bateginean, zehazki, zazpigarren xedapen gehigarriko 3. apartatuan (maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera; lege horrek hizpide du administrazio publikoetan desgaitasun bat dutenek enplegua lortzea), eta sartuko dira Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean, eta bertan kidetuko dira.
9.3. Dei egiteko arau orokorrak:
1. Deiak egiteko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen jakinarazi beharko dute. Horrez gain, harremanetarako beste telefono batzuk edo helbide elektroniko bat eman ditzakete. Informazio hori etengabe eguneratua eduki beharko dute.
2. Oro har, telefonoz kontratu bat eskaintzeko, gutxienez hiru saiakera eginen dira izangai bakoitzarekin, hark jakinarazitako bideak erabiliz, eta deiak bi eguneko epean banatuz.
3. Dei bakoitzaren oharra jasoko da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik.
Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da, eta 13.4 apartatuan xedatutakoa aplikatuko zaio.
4. Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.
Izangaiekin harremanetan jartzerik izan ez bada, zerrendan zuten tokiari eutsiko diote.
5. Hiru hilabetekoak edo laburragoak izanen direla aurreikusten den kontratazioetan edo lanpostua premiaz bete behar eta arestian dei egiteko ezarritako bi eguneko epea itxaron ezin denetan, izangaiarekin harremanetan jartzea lortu ondoren lanean berehala hastea onartzen duen lehenengo izangaiari eskainiko zaizkio, bete behar izan gabe artikulu honen 2. apartatuan ezarritakoa.
6. Deia eginda kontratu bat onartzen dutenei ez zaie eskainiko zerrenda bereko beste lanposturik, kontratua indarrean den bitartean.
7. Lanaldi partzialeko aldi baterako kontratazioetan, ahaleginak eginen dira lanaldia osatzeko, zerbitzu berean sortzen diren beste behar batzuekin, kontratu berarekin egitea posible bada eta interesduna ados baldin badago.
Deietarako oro har ezarritakoa gorabehera, baldin izangai bat Udalean ari bada lanpostu batean, edo aritu bada, deialdi honen ondoriozko aldi baterako kontratu bat dela bide, eta baldin eta mota bereko lanpostu bat bete behar bada Udalean, kontratu hori bukatu eta hurrengo 12 hilabeteen barnean, administrazioak izangai horri berari eskainiko dio kontratua, betiere dagokion zerrendan libre badago dei egiten zaionean.
Kontratudunak kontratuari uko egiten ahalko dio iraupen luzeko beste bat hartzeko, baldin eta haren zerrendaren esparrukoa bada eta hari baldin badagokio hurrenkeraren arabera.
9.4. Uko egitea:
Izangai batek uko egiten baldin badio eskaini zaion lanpostuari, zerrendaren bukaerara igaroko da, salbu frogatzen badu honako egoera hauetako batean dagoela:
1. Uko egitera behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik.
2. Aldi baterako ezintasun egoeran egotea, edo lizentzia izatea ama izateagatik edo adoptatzeagatik.
3. Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, naturala nahiz adoptatua.
4. Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena, adina, istripua edo eritasuna dela kausa.
5. Izangaiaren ezkontza edo pareko egoera (jarraikiz uztailaren 3ko Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko 6/2000 Legeari), baldin lanpostuari uko egiten bazaio hori gertatu ondoko edo aurreko hamabost egun naturalen barnean.
Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek edo pareko egoeretan daudenek (kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko du egoera hori) zazpi egun naturaleko epea izanen dute, onartu gabeko lanpostua eskaintzen zaien egunetik hasita, hori frogatzeko, agiriekin eta modu frogagarrian. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.
Artikulu honetako lehen apartatuan aipatutako kasu guztietan, izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, behar diren agiriak aurkeztu beharko dituzte, adierazten dutenak uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.
9.5. Zerrendatik kanpo gelditzea:
Izangaiak honako kasu hauetan geldituko dira deia egiteko erabili den zerrendatik kanpo:
a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.
b) Sinatutako kontratuari uko egitea.
c) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.
10. oinarria.–Kontratazioa eta kontratuaren hasiera.
10.1. Cabanillasko Udaleko alkate udalburua izanen da organo eskuduna izangai proposatuaren kontratazioa sinatzeko, deialdi honen 1. oinarrian xedatutakoarekin bat. Betiere, izangaiak bete behar izan du aurreko oinarrietan ezarritakoa.
10.2. Bi hilabeteko probaldia ezartzen da, kontratazio egunetik hasita.
11. oinarria.–Errekurtsoak.
11.1. Errekurtso hauek para daitezke deialdi honen aurka, baita oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka ere:
a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio egoki den Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
11.2. Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
12. oinarria.–Datuen babesa.
Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:
–Cabanillasko Udala da parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.
–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
–Hona oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikatzekoa zaion lege-betebeharra betetzeko), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo, interesdunaren eskariz, kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).
–Datuak zer helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, eta, orobat, behar den denboran guztian, zehaztu ahal izateko deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
Datuen komunikazioa eginen da legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean direla iragarki-taulan eta gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz. Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.
Cabanillasen, 2026ko uztailaren 24an.–Alkatea, Raquel Paz Aperte.
I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA
Izen-deiturak: ……………..........……………………………………………………………………………., adinez nagusia, NANa: ………………….…….………, jaioteguna: …..………………………..…..………….…, jaioterria (herria): ………………….………., helbidea (kalea): …………………………………..……………………, zenbakia: ….....….., solairua: ……...… herria: ……….…....……………...., PK: ……………...........……., telefonoa: …………………………, helbide elektronikoa: …………………………………………….………..., zure aurrean agertu eta honako hau adierazten dut neure erantzukizunpean:
–Betetzen ditudala deialdi honetan eskatutako betebeharrak: deialdia, Cabanillasko Udaleko Alkatetzaren erabakiaren bidez onetsia, hautaketa egin dadin, eta gero lan-kontratudun finko gisa kontrata dadin izangai bat, lantaldeko arduradunaren plaza bat betetzeko, Cabanillasko Udalaren zerbitzukoa.
Ez dudala eritasunik edo akats fisikorik edo psikikorik lantaldeko ofizialaren lanpostuan aritzea eragozten didanik.
–Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.
–Ez naizela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik, eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.
–Badudala deialdiko 3. oinarrian adierazten den titulazioa.
–Behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
–Minusbaliotasuna dudala eta, beraz, erantsi dudan egokitzapena eskatzen dudala, adierazi ditudan arrazoiengatik.
–Ez dudala minusbaliotasunik.
Azaldutakoarekin bat,
ESKATZEN DUT:
Onartu nazatela honako honetan: deialdia, bete dadin lantaldeko arduradunaren plaza bat, Cabanillasko Udalaren zerbitzura aritzeko lan-kontratudun finko gisa.
Cabanillasen, 2026ko ............................................aren ........(e)an.
(sinadura)
Cabanillasko Udaleko alkate udalburua.
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Tresnak. Materialak. Zolatzea eta alikatatzea. Kofratuak eta paretak egitea. Obrak egoera onean zaintzea eta haiek mantentzeko lanak.
2. Obra txiki edo ertainetako makineria maneiatzea.
3. Oinarrizko ezagutza, lorezaintzari buruz eta aplikatzen zaizkion makina eta tresnen erabilerari buruz.
4. Pintura: motak, produktuak, tresnak eta aplikazioa.
5. Honako hauetan erabili beharreko materialak ezagutzea, eta tresnak trebetasunez erabiltzea: igeltserotza, zurgintza, margoketa, iturgintza eta lorezaintza. Orobat, bestelako mantentze-lan arruntetan erabili beharreko materialak ezagutzea, eta tresnak trebetasunez erabiltzea.
6. Laneko arriskuen prebentzioko arauen oinarrizko ezagutza. Segurtasun-neurriak. Norbera babesteko ekipamenduak.
7. Soldaduraren ezagutza eta doitze makineriaren oinarrizko maneiuaren ezagutza.
8. Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak eta diferentzialak.
9. Oinarrizko argiztapen-zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.
10. Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen gaineko mantentze-lanak: sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuituak betetzea eta airez purgatzea, galdara-gelak eta haien berezko elementuak.
11. Suteak detektatzeko eta itzaltzeko ekipamenduak.
12. Ulertzea eskema elektrikoak eta iturgintzakoak.
13. Makineria eta ibilgailuak maneiatu, mantendu eta konpontzea.
14. Eraikinen eta hiri-altzarien mantentze-lanak. Pintura.
15. Cabanillasko udalerriari buruzko kultura orokorra. Udalerriaren ezagutza: kaleak, alderdiak, eraikinak, instalazioak, udal zerbitzuak, udal antolaketa...
16. Idazketako eta ortografiako oinarrizko erregelak.
17. Oinarrizko matematika.
Iragarkiaren kodea: L2610398
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
