Iragarkia
153. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 6a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
430/2026 EBAZPENA, uztailaren 1ekoa, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez Nafarroako XL. Kirol Jokoetarako deialdia egiten baita eta txapelketaren nondik norakoa arautzen duten oinarrizko irizpideak eta kirol federazioekin hitzartu beharreko lankidetza-hitzarmenen testua onesten baitira, baita egin beharreko jarduerari aurre egiteko gastua ere.
Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak, 44.14 artikuluan, erabateko eskumena esleitzen dio Nafarroako Foru Komunitateari kirol sustapenaren eta aisialdiaren erabilera egokiaren arloan.
Urtarrilaren 24ko 335/1986 Errege Dekretuaren bitartez, kirolaren arloko eginkizun eta zerbitzuak eskualdatu ziren Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera. Foru Komunitateari esleitu zaizkion eginkizunen artean dago, espresuki aipatua, eskolako kirol jarduerak sustatzea eta antolatzea.
Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 3. artikuluan jasotzen da zer helburu dituen Nafarroako administrazio publikoen kirol politikak; horien artean, hauek nabarmentzen dira:
a) Erraztasunak ematea pertsona guztiek kirol jarduerak egiteko aukera izan dezaten. Lehentasuna emanen zaio guztientzako kirola sustatzeari, arreta berezia jarriz aisia betetzeko kirol-jarduera fisikoetan, kirola modu jarraian egin ahal izateko, atsegin hartuz, jostatuz eta osasuna hobetuz.
b) Begiratzea batez ere adingabeentzat diren edo adingabeek parte hartzekoak diren kirol jardueren helburua izan dadila pertsonaren garapen harmonikoa eta orekatua lortzea, eta jarduera horiek haurraren edo gaztearen egoera fisikora, gaitasunetara eta premietara egokitu daitezela. Gorputz hezkuntza eta kirola bultzatu, ezarri eta garatuko da hezkuntzako maila, gradu eta modalitate guztietan, eta eskola adineko kirola sustatuko da ariketa fisikoa eta kirol jarduera bultzatuz, bai jolas gisakoa, bai lehia gisakoa.
c) Oinarrizko kirola eskola garaitik sustatzea beste edozein kirol jardueraren gainetik, hori baita gakoa Nafarroako kirola maila guztietan gara dadin.
Orobat, aipatu foru legearen 6.2.g) artikuluan ageri denez, Foru Komunitateko kirol administrazioaren eskumena da Nafarroako kirol txapelketa ofizialak antolatzea nahitaezko eskolatze adinean dauden kirolarientzat, edo haiek antolatzeko baimena ematea; eta 14.1 artikuluan, berriz, ezartzen da ezen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren betebeharra dela eskola-umeentzako kirola sustatzeko programak egitea, lankidetzan jardunez toki entitateekin, Nafarroako kirol entitateekin eta, hala balegokio, beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin, hala nola kirol federazioekin.
Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretuak Kirola Sustatzeko Atalari –Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzaren barnean dagoenari– esleitzen dio Nafarroako Kirol Jokoak bultzatu, koordinatu, kudeatu eta gainbegiratzeko eginkizuna, gehienbat eskola-umeentzako kirol programa gisa eta kirolaren balio hezitzaileak sustatzeko, kiroltasuna bereziki, Nafarroako kirol federazioekin eta toki entitateekin elkarlanean.
Horregatik guztiagatik, programaren xedea da kirol jarduera sustatzea eskola-adineko haurren artean, zehazki, Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroan inskribatuta dauden kirol klubetako kide diren eta Nafarroan eskolatuta dauden edo bertan bizi diren haurren artean. Deialdiko kirol modalitate eta kategorietan (kimuak, haurrak, kadeteak, gazteak) txapeldunak nor diren erabakitzen duen txapelketa ofizial bakarra da.
Azken hogeita hemeretzi edizioetan parte-hartze librea bermatu da beti. Haren antolaketan elkarlanean aritzen dira Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutua eta edizioan parte hartzen duten modalitateetako Nafarroako kirol federazioak.
Programaren XL. edizioa egiteko bideratutako gastu zenbatekoa, guztira, 1.720.000 eurokoa da. Dena den, ez da kopuru hori osorik baimentzea proposatzen; izan ere, horren zati bat erreserbatua dago zerbitzuak emateko kontratuetarako, zeinak dagoeneko adjudikatuta eta indarrean baitaude. Kontratu horiek programaren garapenari lotuta daude, eta horien bidez kudeatuko dira autobus garraioa, parte-hartzaileendako istripu-asegurua, garaikurren, dominen eta txapelen hornidura, kirol finalen emisioa, eta programaren memoriaren edizio digitala.
Hortaz, Nafarroako Gobernuak, 2026ko ekainaren 24an hartutako erabaki baten bidez, baimena eman dio Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari urte anitzeko gastu-konpromisoa hartzeko, 1.316.013,52 eurokoa, kirol federazioen antolakuntza gastuetarako. Gastu hori aurrekontu partida honen kargura eginen da: A50002 A5100 2269 336102, eta honela banatuko da:
- 369.687 euro 2026ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Nafarroako Kirol Jokoak" izeneko aurrekontuko partidaren kargura.
- 946.332,52 euro 2027ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako gaitzen den aurrekontuko partida baliokidearen kargura.
Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretuak eskuordetu dizkidan ahalmenekin bat,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako XL. Kirol Jokoen deialdia onestea, bai eta lehiaketa arautzen duten oinarrizko irizpideak ere, ebazpen honen I. eranskineko araudiaren arabera.
2. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren eta Nafarroako kirol federazioen artean sinatu beharreko lankidetza-hitzarmenaren eredua onestea, zeina ebazpen honen II. eranskinean jasota baitago.
3. 369.687 euroko gastua baimentzea kirol federazioen antolaketa gastuetarako, Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorretako "Nafarroako Kirol Jokoak" izeneko A50002 A5100 2269 336102 partidaren kargura.
4. 946.326,52 euroko gastua baimentzea kirol federazioen antolaketa gastuetarako Nafarroako Gobernuaren "Nafarroako Kirol Jokoak" izeneko A50002-A5100-2269-336102 partida ekonomikoan edo Nafarroako Gobernuaren 2027rako aurrekontuetako partida baliokidean edo baliokideetan.
5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten. Aditzera ematen da ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren kontra bidezkoa dela gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Ebazpen honek Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak sinatu eta biharamunean hartuko du indarra, horrek galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau igortzea Kirola Sustatzeko Atalera, Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzara, Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta haren barneko Gai Ekonomiko-Administratiboak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko uztailaren 1ean.–Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Jorge Aguirre Oviedo.
I. ERANSKINA.–NAFARROAKO KIROL JOKOEN ARAUDIA, 2026-2027
1.–Sarrera eta lege esparrua.
Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren (NKJFI) bitartez, Nafarroako Kirol Jokoen (NKJ) XL. edizioa antolatu du 2026-2027 ikasturterako. Joko horiek dira eskola adineko (kimuak, haurrak, kadeteak, gazteak) kirolarientzat Nafarroan dagoen txapelketa ofizial bakarra. Kirol federazioek eskaintzen duten beste edozein kirol jarduerak NKJFIren oniritzia beharko du.
Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuari dagokio programa antolatzea, NKJFIren bitartez, eta Nafarroako kirol federazioekin eta toki entitateekin batera, hala ezarrita baitago azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretuan eta Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 3., 6. eta 14. artikuluetan. Araudi orokor honek parte hartzeko eta antolatzeko oinarrizko irizpideak ezartzen ditu.
2.–Aplikazio-eremua.
Nafarroako Kirol Jokoak Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan eginen dira eta, oro har, eskola ordutegitik kanpo, nagusiki larunbat goizetan.
3.–Programaren helburuak.
Programak helburu hauek ditu:
Aukera ematea Nafarroako herritar guztiei deialdiko kategorietan eta modalitateetan kirola egiteko, hezibiderako izaera eta kirolaren balioen sustapena nabarmenduta, kirol entitateetako babes arloko ordezkarien koordinazioaren eta gainbegiratzearen bitartez.
Kirol jarduera inklusiboa bultzatzea, parte-hartzaileak arrazoi hauengatik diskriminatu gabe: sexua, etnia, ideologia, dibertsitate funtzionala edo kognitiboa, erlijioa, errendimendu maila, sexu orientazioa, genero adierazpena eta sexu edo genero identitatea.
Askotariko kirol jarduera fisikoak eskaintzea, emakumeen kirola sustatzen dutenak eta berdintasun irizpideekin antolatzen direnak.
Gutxi errotutako modalitateak edo jolas izaera dutenak bultzatzea adin horietan.
Lehiaketa proba eta kirol jarduera mistoak eta inklusiboak egin daitezen sustatzea.
Joko garbia, errespetua, inklusioa, berdintasuna, hobetu nahia eta laguntasuna erakusten duten portaera eta keinuak sustatzea eta saritzea, bai eta kirol praktikarako testuinguru seguruak ere.
4.–NKJFIren eta kirol federazioen arteko koordinazioa.
Nafarroako Kirol Jokoen antolaketa NKJFIri dagokio, eta hark Nafarroako kirol federazioen esku uzten du antolaketa orokorra. Horregatik, beharrezkoa da NKJFIren eta parte hartzen duten kirol federazio guztien arteko koordinazioa.
a) Lankidetza-hitzarmena.
NKJFIk lankidetza-hitzarmena sinatuko du (II. eranskinean jasoa dagoena) federazio bakoitzarekin, NKJ programa behar bezala antolatzen dela bermatzeko. Hitzarmenean, lankidetzaren baldintza legalak, teknikoak eta ekonomikoak eta alderdien erantzukizunak ezartzen dira, kudeaketan gardentasuna eta eraginkortasuna bermatzeko. Ezinbestekoa da bi alderdiek hitzarmena sinatzea NKJ programan parte hartzeko.
Kirol programan, erregelamenduan edo jardueraren egutegian egiten den aldaketa oro, NKJFIri jakinarazi beharko zaio, helbide elektroniko honen bidez: jdn@navarra.es. Gainera, hitzarmenean aurreikusia ez dagoen aparteko gastua badakar aldaketa horrek, hura egin aurreko fakturazio aldian igorri beharko da eskaera, NKJFIren web-orrian dagoen eredua erabiliz (https://www.deportenavarra.es/eu/federazioentzako-dokumentazioa), eta NKJFIren oniritzia beharko du egin aurretik.
NKJFIri finalen berri emanen zaio posta elektronikoz, jdn@navarra.es helbidera idatzita, NKJFIren web-orrian eskura jarritako eskabidea betez (https://www.deportenavarra.es/eu/federazioentzako-dokumentazioa).
b) Antolaketa eta jarraipen batzordeak.
Antolaketa batzordea: batzorde bakarra egonen da modalitate guztietarako, eta zainduko du programa behar bezala egiten dela. Hauek osatuko dute:
–NKJFIko ordezkariak: Kirola Sustatzeko Ataleko burua, Nafarroako Kirol Jokoen Bulegoko burua eta Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzako bi teknikari.
–Federazioetako ordezkariak: banakako kirolen ordezkari bat eta taldekako kirolen beste bat, biak ala biak federazioek proposaturik.
–Toki entitateen bi ordezkari, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak proposaturik.
Antolaketa batzordeak behin gutxienez bildu beharko du programaren edizioan zehar.
Jarraipen batzordea: bat modalitate bakoitzeko, hauek osatuta:
NKJFIko ordezkariak: Kirola Sustatzeko Ataleko burua, Nafarroako Kirol Jokoen Bulegoko burua, Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzako teknikariak, eta dagokion federazioko bi kide (NKJ programaren koordinazio arduraduna eta federazioak aukeratutako beste bat).
Batzordea behar bestetan elkartuko da, egoerak eskatzen duenean eta alderdietako edozeinek eskatzen duenean.
–Besteak beste, ondoko eginkizunak izanen dituzte:
- Bere modalitatearen antolaketa orokorra, garapena eta ebaluazioa begiratzea.
- Kirol federazioek proposatutako lehiatzeko sistema, arautegi teknikoa eta diziplinakoa onestea, eta programan kiroltasunez jarduten dela eta kirol legeari garrantzia ematen zaiola bermatzea.
- Diziplinaren kontra gertatzen ahal diren salbuespenezko ekintzak aztertzea, eta, komenigarri baderitzote, kasu horietan izan litezkeen kirol zehapenak betetzeko alternatibak proposatzea diziplina batzordeei.
- Partidak jokaleku neutral batean jokatzeko baimena ematea.
- Sortzen diren arazo nagusiak konpontzea.
c) Kirol proiektua eta bukaerako memoria.
Kirol federazioek honako hauek aurkeztu behar dituzte:
Kirol proiektua, txapelketa hasi baino 20 egun lehenago, gutxienez. Proiektuko aldaketei eta/edo hobekuntzei oniritzia emateko, bilera bat lotu beharko da, behar adina denborarekin, aldaketak egitea bideragarria den aztertzeko.
Bukaerako memoria, txapelketa bukatu ondoko 30 egunen barnean.
NKJFIk proiektua eta bukaerako memoria egiteko ereduak jarriko ditu federazioen esku, NKJFIren web-orrian: https://www.deportenavarra.es/eu/federazioentzako-dokumentazioa.
Jardunaldi guztiak Nafarroako Kirol Jokoen XL. edizioari dagokion aldian egin behar dira.
d) Balioak sustatzea.
Nafarroako Kirol Jokoak adingabekoei zuzendutako kirol jarduera izaki, hezkuntzaren eta prestakuntzaren alderdia haien oinarrizko zutabea izanen da. Kiroleko eragile guztiek (federazioek, klubek, teknikariek, arbitroek, familiek) lankidetzan jardun beharko dute kirolaren balioak sustatzeko eta kiroleko indarkeria prebenitzeko.
Parte hartzen duten kirol federazioek konpromisoa hartuko dute lankidetzan aritzeko NKJFIk helburu horiek lortzeko bultzatzen dituen ekintza, plan eta kanpaina orotan. Hori horrela, hitzarmenak klausula batean jasoko du federazio bakoitzak Nafarroako Kirol Jokoetan balioak sustatzeko konpromisoa hartzen duela, jarraian azaltzen diren printzipio gidariak, neurriak eta ekintzak barne.
–Printzipio gidariak:
- Errespetua, berdintasuna, ahalegina, inklusioa, lankidetza, joko garbia eta kiroltasuna sustatzea parte-hartzaileen artean.
- Kirol ingurune seguru, irisgarri, inklusibo eta indarkeriarik eta diskriminaziorik gabeak bermatzea.
- Kirolaren rola indartzea, gizartea eraldatzeko tresna den aldetik, kohesioa, aukera berdintasuna eta erresilientzia bultzatzeko.
–Federazioek konpromiso hauek hartuko dituzte:
- Babes arloko ordezkaria izendatzea eta harekin elkarlanean aritzea, eta klub bakoitzaren zerrenda bidaltzea NKJFIri.
- Konpromiso hau kiroleko eragile guztiei hedatzea: teknikariei, arbitroei, kirolariei eta familiei.
- Bultzatzea neskak kirolean has daitezela eta presentzia izan, parte hartu eta jarrai dezatela.
- Kirol jarduera misto eta inklusiboa sustatzea.
- Jarraipen batzordeekin lankidetzan aritzea, programaren printzipioen aurka doazen jokabideak kudeatzeko.
- Aktiboki parte hartzea NKJFIk kirolaren balioak sustatzeko eta indarkeriari aurre hartzeko sustatzen dituen kanpaina, ekintza, plan eta prestakuntzetan.
–Besteak beste, ekintza hauek eginen dituzte:
- NKJFIk kirolaren balioak sustatzeko antolatzen duen kanpaina zabaltzen eta sustatzen laguntzea.
- Kirolaren balioen Nagus sarietarako hautagaiak proposatzea. Sari horien bidez jokabide eredugarriak aintzatetsiko dira, bai banakakoak bai kolektiboak.
- Programaren testuinguruan sortzen diren jokabide bortitzak monitorizatzea eta NKJFIri horien berri ematea.
Hitzarmena sinatzen duen erakundeak onartuko du ezen, konpromiso honetan behin eta berriz huts eginez gero edo ez-betetzea larria bada, NKJFIk zehapenak proposatzen ahal dituela, bai eta programatik kanpo uztea ere.
e) Kirol ingurune seguruak.
NKJFIrekin lankidetzan Nafarroako Kirol Jokoetan parte hartzen duten federazioek eta klubek bete beharko dute Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoan xedatutakoa.
Kirol ingurune seguruak bermatzeko, betebehar hauek izanen dituzte federazioek:
–Babes arloko ordezkaria izendatzea.
–Klub guztietako babes arloko ordezkariei buruzko informazioa biltzea, eta informazio hori NKJFIri helaraztea, hark eskatzen duen bitartekoen bidez, denboraldia hasi aurretik. Federazioek ez diete utziko taldeei edo kirolariei programan izena ematen, dena delako klubak izendatu gabe badu babes arloko ordezkaria. Programa hasi ondoren babes arloko ordezkaria aldatzen bada, NKJFIri jakinarazi beharko dio federazioak.
–Argitara ematea eta aplikatzea Nafarroako Foru Komunitatean kirolaren eta aisialdiaren esparruan haur eta nerabeen aurkako indarkeriaren aurrean jarduteko protokoloa, NKJFIko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 8ko 84/2023 Ebazpenaren bidez onetsi zena. Informazioa jdn@navarra.es helbidera bidaliko da.
Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 57. artikuluan xedatutakoarekin bat, adingabeekin ohiko harremana izatea eskatzen duen edozein lanbide, ofizio eta jardueratan sartzeko eta aritzeko, ezinbestekoa izanen da epai irmo bidez kondenatua ez izatea Zigor Kodearen azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren VIII. tituluan tipifikatutako sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako edozein deliturengatik eta Zigor Kodearen VII bis tituluan tipifikatutako gizakien salerosketaren edozein deliturengatik. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzeko. Parte hartzen duten federazioek bermatu beharko dute federazioetako pertsona guztiek edo haiek kontratatutakoek, NKJ programarekin lotura duten eginkizunak badituzte eta adingabeekin harremana badute, badutela Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa. Federazioak ez du baimenduko inolako talderen izen-ematea edo parte hartzea, parte hartzen duen klubak betebehar hori betetzen ez duen bitartean.
Gainera, partidak/jardunaldiak eten eta/edo bertan behera uzten ahalko dira, kirola errespetuz eta segurtasunez egiteko baldintza egokirik ez badago. Halakoetan, araudi honen 9.a) atalean ezartzen den moduan, federazioek modu argi eta zehatzean ezarri beharko dute beren araudiaren barnean zein den jokoa eteteko/bertan behera uzteko prozedura, neurri horiek betearazteko aginpidea duen pertsona edo pertsonak adieraziz (arbitroak, joko-eremuaren barneko balioen ordezkariak, eta/edo babes arloko ordezkariak, besteak beste).
NKJFIk indarkeria prebenitzeko prestakuntza espezifikoa eskainiko die teknikariei eta klubetako arduradunei.
–Babes arloko ordezkaria:
Federazio eta klub bakoitzak izendatu behar du berea, kirol jardueran adingabeen segurtasuna eta babesa berma ditzan, Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko 8/2021 Lege Organikoak agintzen baitu. Gerta litezkeen arrisku egoerak prebenitzeko, detektatzeko eta horietan esku hartzeko protokoloak aplikatzeaz arduratuko da, bai eta antolatzaileen, taldeen eta familien arteko solaskide gisa jarduteaz ere, babesaren arloan.
Babes arloko ordezkariak jaso beharko ditu bai gorabeherak edo gatazkak, bai kiroltasunaren keinu eredugarriak eta/edo tratu onak, eta ondoren horiek posta elektronikoz jakinarazi beharko dira jdn@navarra.es eta/edo mediaciondeportiva@navarra.es helbideak erabiliz.
Babes arloko ordezkariak jasotzen dituen jokabide eredugarriak eta/edo tratu onak kirolaren balioen Nagus sarietan kontuan hartu eta aintzatesten ahalko dira.
Gorabeherak argi eta garbi kiroltasunaren aurkakoak badira edo, aitzitik, kiroltasun jokabide eredugarriak izan badira, jakinarazpen hori dena delako gertakaria izan eta gehienez ere 48 orduan eginen da.
–Joko-eremuaren barneko balioen ordezkariak:
NKJFIk akreditatutako pertsona, zainduko duena lehiatu bitartean betetzen direla programaren printzipio gidariak. Akreditatzeko unean, aintzat hartuko da sexu delituen ziurtagiri negatiboa eta kirol arloko prestakuntza izatea, eta NKJFIren Balioen Gida aplikatzeko konpromisoa hartzea.
Behatzaile aktiboa izanen da, prebentziotik esku hartuko du printzipio horien aurka doazen jokabideen aurrean, eta aktetan jasoko ditu gorabeherak eta jokabide eredugarriak, eta ondoren Kirol Jokoen Bulegoari igorriko dizkio aztertu eta, bidezkoa bada, neurriak har ditzan. Norbait programan sartu ahal izateko, dagokion federazioak proposamena egin beharko du, eta ondoren NKJFIren oniritzia jaso.
5.–Antolaketari buruzko alderdiak.
Nafarroako XL. Kirol Jokoen jarduerak 2026ko irailaren 1etik 2027ko abuztuaren 31ra bitartean eginen dira, betiere egutegia kirol modalitate bakoitzaren ezaugarrietara egokituta.
a) Irekiera jardunaldia.
Irekiera ekitaldia, ahal dela, goizez eginen da, iraileko edo urriko larunbat batean. Jardunaldi horren egoitza txandakakoa izanen da eta urtero erabakiko da, ikusita non dauden eskura kirol instalazio egokiak eta parte hartzen duten modalitateak har ditzaketen. Hori guztia, programaren izaera egituratzailea, hezitzailea eta lurraldeari lotua indartzeko.
Ezinbestekoa izanen da modalitate guztiak erakusteko desfilea egitea, eta, orobat, lehiaketa eta/edo erakusketa jardunaldiak antolatzea.
b) Kirol instalazioak.
Parte hartzen duten erakunde guztiek (kirol federazioak, klubak eta toki entitateak) programan lagunduko dute, programa garatzeko behar diren instalazioen erabilera erraztuz.
Instalazioek kasuan kasuko kirol modalitatea egiteko behar diren ezaugarriak izan beharko dituzte eta osasun agintarien eta NKJFIkoen arauetan xedatutakoa bete beharko dute.
Parte hartzen duten taldeen eta kirolarien erantzukizuna izanen da instalazioak behar bezala erabiltzea. Aintzat hartuko dira instalazioko erabilera-araudia, baita probaren egunean espazioa zaintzeaz arduratzen diren langileek emandako jarraibideak ere.
c) Joan-etorriak.
NKJFIk joan-etorrien programa zehaztuko du, ahal den neurrian egokitua kirol modalitate bakoitzaren ezaugarri eta inguruabarretara.
Parte-hartzaileek NKJ programan izena ematen duten unean, federazioek aditzera emanen diete joan-etorrien programa hori dagoela, baina ohartarazita ez dela programan parte hartzeak nahitaez ematen duen eskubide bat.
Federazioek aurkezten dituzten garraio-eskaerek baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Gutxienez 30 kirolari bakarkako kiroletarako.
–Gutxienez 3 talde taldeko kiroletarako.
–Gutxienez 50 kilometroko joan-etorria egitea, joateko eta itzultzeko bidaia kontuan hartuta.
Garraio zerbitzua, oro har, 55 plazako autobusetan eginen da.
Plaza gehiago beharko direla aurreikusten bada, garraio eskaerei erantzunen zaie baldin eta:
–Eskatzen den ibilbidean zerbitzua ematen duen enpresak eskatutako plaza kopurua duten autobusak izatea.
–Nafarroako Kirol Jokoen Bulegoak, irizpide teknikoak eta ekonomikoak kontuan izanik, bideragarritzat jotzea bidaia hori programatzea.
Nafarroako Kirol Jokoen garraio zerbitzua erabiltzeko, zehaztapen hauek bete beharko dira:
1.–Talde bakoitzarekin gutxienez arduradun bat joan behar da, bidaia guztian, adinez nagusia eta klubak akreditatua.
2.–Taldeek, nahitaez, joan-etorrietarako ezarritako planaren gaineko informazioa kontsultatu behar dute astero, Interneten gaitutako kontsulta bidea erabilita:
https://administracionelectronica.navarra.es/TransporteDeportistas.Internet/
Oro har, joan-etorrien plana asteazkeneko 15:00etatik aurrera kontsultatzen ahalko da. Gainera, berriz ere kontsultatu beharko dute ostiraleko 15:00etatik aurrera, ordura arte aldaketak izan baititzake.
3.–Bai joateko bai itzultzeko erabili beharko da zerbitzua.
4.–Zerbitzua erabiltzea aurreikusia zuen talde batek ez erabiltzea erabakitzen badu, kasuan kasuko federazioari jakinarazi beharko dio, kirol jarduera egiteko finkatua dagoen eguna baino bost egun lehenago, gutxienez ere.
5.–Programaren kudeatzaileek neurri gehigarriak ezartzen ahalko dituzte zerbitzuak behar bezala funtziona dezan.
6.–Ez-betetzeak: honako egoera hauek ez-betetzetzat hartuko dira:
–Kirol jarduera egiteko finkatua dagoen eguna baino lehenago, bost egun baino gutxiagorekin jakinaraztea ez dela erabiliko garraio zerbitzua, ez bada arrazoi justifikatu bategatik.
–Joateko autobusa erabiltzea, baina itzultzekoa ez.
–Ez erabiltzea programatutako autobusa, ez bada arrazoi justifikatu bategatik.
–Kalteak eragitea zerbitzua egiten duen ibilgailuan.
–Zerbitzua egiten den bitartean errespetu falta larriz jokatzea ibilgailuaren gidariarekin edo gainerako bidaiariekin.
Horiek horrela, talde batek aurreko ez-betetzeetako bat egiten badu, NKJ programaren jarraipen batzordeak taldearen alegazioak baloratu ondoren, garraio antolatua erabiltzeko eskubidea galtzen ahalko du, bai eta ibilgailu partikularretan egindako joan-etorriengatiko kalte-ordaina (hurrengo paragrafoetan azaltzen dena) ere.
7.–Kirol egokituetarako egindako joan-etorriek trataera berezia izanen dute, programaren beharrekin bat, eta NKJFIk oniritzia eman ostean.
Taldeen garraio eskaerei ezin zaienean aipatu programaren barnean erantzun, kalte-ordaina ordaintzen ahalko zaie ibilgailu partikularretan egindako joan-etorriengatik, baina baimendutako kirol modalitateetarako baino ez. Halakoetan, 0,12 euro/km ordainduko da, betiere 50 km baino gehiagoko joan-etorria bada (joateko bidaia eta itzultzeko bidaia batuta).
NKJFIk federazioari ordainduko dio ibilgailu partikularretan egindako joan-etorriengatik behar bezala justifikatutako zenbatekoa, eta federazioa arduratuko da klub bakoitzari dagokion zenbatekoa helarazteaz.
Programan ez dira sartzen arbitroen joan-etorrien gastuak, ezta kirol federazioetako teknikarienak eta kargudunenak ere. Hala ere, horiek NKJFIk antolatutako garraio-zerbitzua erabiltzen ahalko dute, aldez aurretik eskaera egiten badute, eta baldin programatutako autobusetan plaza libreak badaude, edo teknikariren bat bidaiako arduraduna ere bada. Halakoetan, NKJFIren oniritzia beharko da.
d) Garaikurrak, dominak, txapelak eta aitortzak.
NKJFIk erabakiko du zenbat eta nolako garaikur, domina eta txapel emanen diren Nafarroako Kirol Jokoen finaletan, baita protokoloa eta haien berariazko dekorazioa ere. Federazioek behar dituztenak eskatuko dizkiote NKJFIri posta elektroniko bidez (jdn@navarra.es) eta ezarritako ereduari jarraituz, haiek eman baino 20 egun lehenago gutxienez. Hau da erabili beharreko eredua: https://www.deportenavarra.es/eu/federazioentzako-trofeoak-eta-dominak-eskatzea.
Oro har:
Taldekako modalitateetan lehenbiziko kategoriako lehenbiziko hiru talde sailkatuei emanen zaizkie garaikurrak eta dominak. Salbuespen kasuetan, NKJFIk baimena emanez gero, laugarren sailkatutako taldeei ere ematen ahalko zaizkie.
Banakako modalitateetan, kategoria eta modalitate bakoitzeko lehenbiziko hiru kirolariei emanen zaizkie dominak. Salbuespen kasuetan, NKJFIk baimena emanez gero, laugarren sailkatutako kirolariei ere ematen ahalko zaizkie.
Kontuan hartuko dira modalitateetako berezitasunak. Esate baterako, pilotan eta herri kiroletan, txapelak emanen dira.
Aurreikusitako kirol programa bukatu ez arren, eskatzen ahalko da dominak ematea. Horretarako, lehenago txosten bat aurkeztu beharko da, zehazten duena programan aurreikusitako guztietatik zenbat jardunaldi egin diren eta podiuma erabakitzeko zer araudi erabili den. Klubek eta NKJFIk oniritzia eman beharko diote.
e) Osasun laguntza eta aseguruak.
Federazioek lauki bat jarriko dute izena emateko orrian, parte-hartzailearen aseguru mota adierazi ahal izateko (Gizarte Segurantza, MUFACE, etab.).
Edozein modalitatetako parte-hartzaileek kirol praktika horren ondorioz osasun laguntza behar izanez gero, norberak duen osasun asegurura jo beharko dute, oro har.
Gizarte Segurantzakoak diren parte-hartzaileek kirol praktika horren ondorioz osasun laguntza behar izanez gero, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak emanen die (maiatzaren 15eko 64/2003 FA).
Aseguru erregimen bereziren batekoak (MUFACE, MUGEJU, ISFAS eta beste batzuk) diren parte-hartzaileen osasun laguntzari dagokionez, parte-hartzaileek egiaztatu beharko dute beren polizak osasun laguntza emanen diela kirol arloko istripuren bat edukitzen badute. Beren polizak ez badu era horretako osasun laguntzarik ematen, kontratatu beharko dute egokien iruditzen zaien moduan.
NKJ programak arautzen dituen araudi honetan ezarritako osasun laguntzak eta istripu-aseguruak Nafarroako Kirol Jokoen parte-hartzea besterik ez dute estaltzen. NKJ programan parte hartzen duten kirolariek beste lehiaketa batzuetan parte hartzen badute, beste parte-hartze horretan osasun laguntzaren eta kirol arloko istripuen gastuak estaltzen dituen aseguru bat eduki beharko dute.
Ospitaleetako arreta zerbitzuen aurrefakturazioak saihesteko, federazioek eta klubek osasun laguntzarako prozedurari buruzko informazioa eman beharko diete parte-hartzaileei, haien familiei edo legezko ordezkariei. Horretarako, zuzeneko sarbide bat izanen dute beren web-orrietako hasierako pantailan, Nafarroako Kirol Jokoetako osasun laguntzaren berri emateko, eta toki horretan argi eta garbi adieraziko da parte-hartzaileek zer egin behar duten istripua izanez gero.
Kirol praktikaren ondorioz ospitale zerbitzuak erabiltzen dituzten parte-hartzaileek, osasun zentrora iristen direnean, frogatu beharko dute NKJ programako parte-hartzaile direla, inskripzio-orria edo federazioak parte hartzeko aurkeztu duen gaikuntza erakutsiz.
NKJFIk istripuetarako aseguru poliza izanen du kontratatua, istripuen ondoriozko heriotza eta/edo galera anatomikoak zein funtzionalak estaltzeko. Programatutako jardueraren ondoriozko erantzukizun zibila sartuta dago Nafarroako Gobernuak ezarritako erantzukizun zibilaren estaldura orokorrean (Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legearen 67. artikulua).
Nafarroako Kirol Jokoetan parte hartzen duten kirolariei osasun azterketak egiteko betebeharra ezartzen ahal du federazioak, NKJFIren aldez aurreko oniritziarekin, baldin eta kirol federazioaren batzar nagusiak neurria onesten badu.
f) Datuen babesa.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin bat (Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra), antolakuntzak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu datuen isilpeko tratamendua bermatzeko.
Erregelamendu horren 13. artikuluaren arabera, izena emateko orrietan datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa jaso beharko da, eta adierazi datu pertsonalen arduraduna NKJFIko zuzendari kudeatzailea dela, eta horien tratamendu-eragilea, berriz, kasuan kasuko federazioa. Horretaz gain, honako hau ere jaso behar da: datu-bilketaren helburua, legitimazioa, hartzaileak, eskubideak eta informazio gehigarria kontsultatzeko esteka bat, II. eranskineko hamazazpigarren klausulan ezarritakoari jarraikiz.
g) Zabalkundea eta komunikazioa.
Nafarroako Kirol Jokoen modalitate guztiak zabaldu eta ezagutzera emateko, antolakuntzak, kirol jarduerak egiten diren bitartean, bideo grabaketak edo argazkiak egiteko beharrezkoak diren baliabideak jartzen ahalko ditu, eta ondoren NKJFIren eta federazioaren web-orrian eta sare sozialetan argitaratzen ahalko dira, baita Nafarroako Gobernuaren beste hedabide korporatibo batzuetan ere. Nafarroako Kirol Jokoetan izena ematean, federazioek parte-hartzaileei jakinarazi beharko diete irudiak hartu eta zabalduko direla.
NKJ programaren gaineko informazio eta komunikazio guztietan programaren logotipoak erabiliko dira; halaber, antolatzaileak eta laguntzaileak adieraziko dira.
Programan parte hartzen duten federazioek konpromisoa hartzen dute NKJFIk zehaztutako marka erabiltzeko paperetan, karteletan, hedabideetan eta/edo publizitateko euskarrietan eta instalazioetan, programari erreferentzia eginez betiere, batez ere finalak jokatzen direnean.
Nafarroa 2027ko Kirolaren Europako Eskualdea izendatu dutenez, edizio honetan aipamen horren logotipo ofiziala ere erabili beharko da programako komunikazioetan: https://www.deportenavarra.es/eu/logotipoak.
Parte hartzen duten federazioek, eskura dituzten baliabideen arabera, pertsona guztien hizkuntza eskubideak kontuan hartuko dituzte, indarrean dagoen araudi sektorialaren arabera. Bereziki, idatzizko komunikazioei eta Nafarroako Kirol Jokoen dokumentazioari dagokienez (izena emateko orriak eta lehiaketa araudiak).
Era berean, komunikazio eta izapide guztietan hizkera inklusiboa eta genero ikuspegia erabiliko dira. Federazioek hizkera inklusiboz idatzi beharko dituzte Nafarroako Kirol Jokoei buruzko aktak.
6.–Kategoriak eta modalitateak.
NKJ programan Nafarroan eskolaturik dauden edo bertan bizi diren kirolariek hartzen ahalko dute parte, baldin eta Nafarroako Kirolaren Erregistroan (kirol entitateen atalean) inskribatuta dagoen kirol klub bateko kideak badira.
a) Kategoriak.
"Ki" Kimuak: 11-12 urte. 2015-2016 urteetan jaioak.
"H" Haurrak: 13-14 urte. 2013-2014 urteetan jaioak.
"K" Kadeteak: 15-16 urte. 2011-2012 urteetan jaioak.
"G" Gazteak: 17-18 urte. 2009-2010 urteetan jaioak.
Gazte kategoriarako, beharrezkoa izanen da eskaera egitea eta, antolaketa batzordeak balorazioa egin ondoren, Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzak oniritzia ematea.
Aipatu adin eta kategoriak modalitateen ezaugarrien eta arauen arabera aldatzen ahal dira, betiere NKJFIri jakinarazten bazaio eta haren oniritzia jasotzen bada.
"B" Benjaminak: 8, 9 eta 10 urteko haurrak (2017, 2018 eta 2019. urteetan jaioak). Kategoria hau sartzen ahalko da, NKJFIren oniritziarekin, baldin eta kirolean hasteko proiektu bat aurkezten bada, parte-hartzaileen garapen pertsonal eta sozialean oinarritua eta bat datorrena helburu espezifiko hauekin:
–Mugimendu egoera berriei erreparatzea eta mugimendurako oinarrizko trebeziak garatzea.
–Abilezia sozialak eta balioak garatzea, hala nola errespetua, zintzotasuna, joko garbia, laguntasuna eta hobetu nahia.
–Kirolaren alderdi ludikoa sustatzea, ahaleginari garrantzi handiagoa emanez emaitzari baino.
Azaldutako helburuak kontuan hartuta, honako hau proposatzen da:
–Jokoaren araudia egokitzea (joko-eremua, iraupena, taldekideen/aurkarien kopurua, materiala, arauak).
–Kirolaren balioak, alderdi ludikoa, berdintasunezko parte-hartzea eta ekitatea sustatzera bideratutako ekintzak ezartzea.
Gainera, kategoria horretako jarduerak eskualdeka antolatuko dira, hurbiltasun geografikoaren arabera. Hortaz, ez da joan-etorrietarako gasturik aurreikusi. Salbuespen gisa, autobusez programatutako joan-etorriak erabil daitezke, baldin eta horrek ez badakar aldaketarik programazioan eta kostua handitzerik ere ez badakar. Kategoria horretan ez da argitaratuko emaitzarik, ezta sailkapenik ere.
Oro har, Nafarroako Kirol Jokoetan ez du parte hartuko 2019. urtea baino beranduago jaiotako kirolaririk. Halere, NKJFIk salbuespenak ezar ditzake arau horretan, kasuan kasuko federazioak eskaera arrazoitu bat egin ondoren.
Salbuespeneko arrazoiengatik ezin badira programatutako kirol jarduera guztiak egin, lehentasuna emanen zaie haur eta kadete kategorietakoei.
Talde mistoek parte hartzen ahalko dute, inguruabarrengatik komeni bada.
Era berean, desgaitasunen bat duten eskola-umeek aukera izanen dute adinez dagokien kategoria baino beheragoko batean parte hartzeko, baldin eta horrek dena delako txapelketara egokitzen eta hartan parte hartzen laguntzen badu; horretarako, aurrez eskaera egin beharko da, eta NKJFIren oniritzia jaso.
NKJFIk bere gain har dezake federazioek baimenak edo lizentziak emateko duten eskumena, baldin eta kirol federazioek, beren arautegi teknikoetan oinarriturik, eragozten badute araudi honetan programan parte hartzeko ezarritako baldintzak betetzen dituzten kirolari eskatzaileek izena ematea.
Araudi orokorrean jaso ez diren alderdietan, kasuan kasuko federazioen arautegi teknikoei jarraituko zaie.
b) Modalitateak.
1. Urpeko jarduerak (igeriketa hegalekin).
2. Xakea.
3. Atletismoa (krosa, pista estalia eta aire zabala).
4. Automobilismoa (kartinga).
5. Badmintona.
6. Saskibaloia (3x3 eta 5x5).
7. Eskubaloia (pista eta hondartza).
8. Beisbola (beisbola eta softbola).
9. Txirrindularitza (BTTa, errepidea eta pista).
10. Kirol egokituak (herri kirolak, jaurtiketak, saskibaloia, boccia, goalball-a, aretoko futbola, atletismoa, igeriketa, golfa eta floor curling-a).
11. Neguko kirolak (iraupen-eskia eta roller eskia)
12. Mendiko kirolak eta eskalada (orientazioa, martxa arautuak, eskalada eta mendiko lasterketak).
13. Eskrima (floretea eta ezpata).
14. Futbola (zelaiko futbola eta aretoko futbola).
15. Gimnastika (emakumezkoen gimnastika artistikoa, gizonezkoen gimnastika artistikoa, gimnastika erritmikoa eta parkour-a).
16. Golfa (pitch and putt-a eta zelaia).
17. Halterofilia.
18. Herri kirolak (proba konbinatua, sokatira eta trontza).
19. Hipika (heziera klasikoa eta jauziak).
20. Judoa eta gisako kirolak.
21. Karatea (kumitea eta kata).
22. Kick-boxing-a (kick-light-a).
23. Borroka (borroka eta grappling-a).
24. Igeriketa (igeriketa, waterpoloa eta igeriketa artistikoa).
25. Padela.
26. Irristaketa (abiadura, artistikoa eta hockeya).
27. Pilota (esku-pilota, zesta, erremontea, gomazko paleta, larruzko paleta, pala motza, trinketa, frontballa eta frontenisa).
28. Arrantza (coup erako arrantza eta hondoko arrantza).
29. Piraguismoa (kayaka eta kanoa).
30. Arrauna (iola eta arraun olinpikoa).
31. Errugbia.
32. Taekwondoa (borroka eta poomsae teknika).
33. Tenisa.
34. Mahai-tenisa.
35. Arku-tiroa (aretoa, aire zabala eta zelaia).
36. Triatloia (triatloia, duatloia, akuatloia).
37. Bela (optimist-a eta windsurfa).
38. Boleibola.
Federazioek kirol ingurune irisgarri eta inklusiboak sustatu beharko dituzte, eta jardunaldietan modalitate egokituen eta mistoen presentzia erraztu.
Modalitateak edo kategoriak aldatzen ahalko dira, edo beste batzuk sartu, hala gomendatzen duten inguruabarrak daudenean. Aldez aurretik eskatu beharko da, eta NKJFIk baimendu beharko du.
c) Parte-hartzea.
Taldekako kiroletan, NKJFIk baimena ematen ahalko du Nafarroako Kirol Jokoetan izena emateko baldintzak betetzen ez dituzten kirolariek parte hartzeko, baldin eta beste herri batzuekiko eskualde mugakideetan kokatutako Nafarroako klubetakoak badira eta, honela, klub horiek parte hartzen laguntzen bada. Klubak inguruabar horren berri eman beharko dio federazioari, ondoren federazioak izena emateko eskaera arrazoitua egin diezaion NKJFIri. NKJFIk parte-hartzea baimentzen badu, federazioak, programan izena eman aurretik, parte-hartzaile horiei osasun arretarako eta istripuetarako asegurua eskatu beharko die, hau da, kirol lesio edo istripurik izanez gero haiek artatzeaz arduratuko den asegurua.
Banakako kiroletan, NKJFIk baimena ematen ahalko du Nafarroako Kirol Jokoetan izena emateko baldintzak betetzen ez dituzten kirolariek parte hartzeko, baldin eta beste herri batzuekiko eskualde mugakideetan kokatutako Nafarroako klubetakoak badira. Klubak inguruabar horren berri eman beharko dio federazioari, ondoren federazioak izena emateko eskaera arrazoitua egin diezaion NKJFIri. NKJFIk parte-hartzea baimentzen badu, federazioak, programan izena-eman aurretik, parte-hartzaile horiei osasun arretarako eta istripuetarako asegurua eskatu beharko die, hau da, kirol lesio edo istripurik izanez gero haiek artatzeaz arduratuko den asegurua.
Parte-hartzaileei dagozkien kategorian eta adinean emanen da izena Nafarroako Kirol Jokoetan. Talde batek kirol maila aparta badu eta aurreko denboraldian bere adinekoen liga irabazi badu, urtebete zaharragoen lehiaketako multzo batean izena ematea eskatzen ahalko du. Neurri hori onartzen zaien taldeek, hurrengo denboraldietan, urtebete zaharragoen multzo bateko taldeekin lehiatzen jarraitzen ahalko dute, sailkapenean edozein postu lortuta ere. Federazioak, klubak eskatuta, txosten arrazoitua igorriko dio NKJFIri neurri hori eskatzeko edo berritzeko. NKJFIk txostena aztertuko du neurria aplikatzea/berritzea egokia den erabakitzeko eta, horren arabera, oniritzia ala ezezkoa emanen du.
Lehiaketa araudiek neurriak jaso beharko dituzte kirolariek gutxieneko parte-hartzea izanen dutela ziurtatzeko. Benjamin kategorian, gainera, kirolean hasteko proiektuan jaso beharko da alderdi hau.
Kimu, haur eta kadete kategorietan, onartzen ahalko da kategoriari dagokion adina baino urte bat zaharragoak diren kirolariak inskribatzea, baldin eta klubak ezin baditu sartu dagokien adineko talde batean. Klubaren eskaerarekin batera, idazki sinatu bat aurkeztu beharko da, taldeak edozein sailkapenetan sartzeari berariaz uko egiten diola adierazten duena. 8ko futboleko kimuen eta 11ko futboleko haurren kategorietan, joko-eremuan ezin izanen dira aldi berean egon kategoriari dagokiona baino urte bat zaharragoak diren 3 kirolari baino gehiago. 11ko futboleko kadeteen kategorian, joko-eremuan ezin izanen dira aldi berean egon urte bat zaharragoak diren 2 kirolari baino gehiago.
Aretoko futboleko, saskibaloiko eta eskubaloiko modalitateetan eta, irizpide berari jarraituz, taldekako beste kirol batzuetan ere, joko-eremuan ezin izanen dira aldi berean egon kategoriari dagokiona baino urte bat zaharragoak diren 2 kirolari baino gehiago. Klubak frogatu beharko du kirolari horiek aurreko edizioan taldeko kide zirela.
Filialtasun hitzarmenak dituzten klubek aukera izanen dute beren taldeekin kategoria/multzo berean parte hartzeko eta elkarren aurka jokatzeko, baldin eta eremu geografiko bereko kategorian multzo bat baino gehiago ez badago. Hala ere, gertatuko balitz multzo/kategoria berean egotea, jokoan modu independentean funtzionatuko dute, eta, hortaz, klub babesleak ezin izanen ditu klub filialeko jokalariak bere taldeko zerrendan sartu txapelketan zehar. Federazioak horren berri emanen dio NKJFIri, eta bi taldeetako jokalarien zerrendak kontrolatuko ditu: talde filialekoa eta talde babeslekoa.
Lehiaketa hasi ondoren, kirolariak klubez aldatzea onartuko da salbuespenezko inguruabarrak gertatzen baldin badira, eta izena emateko epea irekita badago eta talde hartzailea kirol maila berekoa bada.
7.–Izena ematea eta tasak.
Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen ondorioetarako, federazioak elkarte gisa antolatutako erakunde pribatuak dira, irabazi-asmorik gabekoak, haiei berez dagozkien eginkizunak izateaz gainera, eskuordetzaren ondorioz, Nafarroako txapelketa ofizial ez-profesionaletan parte hartzeko lizentziak edo gaikuntzak emateaz ere arduratzen direnak, Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioarekin koordinatuta eta haren babespean.
Kontuan harturik Nafarroako Kirol Jokoak direla deialdi honetan agertzen diren modalitateetako Nafarroako txapeldunak erabakitzeko Nafarroako txapelketa ofizial bakarra, eta haietan parte hartzeko beharrezkoa dela Nafarroako Kirol Jokoetan kasuan kasuko lizentzia edo gaikuntza edukitzea, gaikuntza hori emateko tasak kirol federazioei ordaindu beharko dizkiete parte-hartzaileek (behin baizik ez).
a) Izena emateko prozedura.
Federazioek Nafarroako Kirol Jokoetan izena emateko prozedurak ezarriko dituzte.
Lizentzia edo gaikuntza federazio bakoitzak ezarriko duen eran lortuko da, eta NKJFIren oniritzia izan beharko du.
Klubek bakoitzaren federazioan eginen dituzte izen-emateak, horretarako ezarritako prozedurei jarraituz. Gutxienez, honako hauek jaso beharko dituzte:
Programan parte hartuko duten parte-hartzaile guztiei buruzko datuak, federazioak horretarako prestatutako inprimakietan eskatzen direnak. Hauen datuak ere jasoko dira: kirolariak, ordezkariak, teknikariak, arbitroak eta gainerako langileak.
Kirolariek izena emateko tasen ordainketa.
Teknikarien, arbitroen eta gainerako langileen (besteak beste, joko-eremuaren barneko balioen ordezkariak) Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa. Programan parte hartzen duten klubek egiaztatu eta gorde behar dute ziurtagiri hori. Ez da onartuko taldeak izena ematea, betekizun hori bete ezean.
Klubak izendatutako babes arloko ordezkariaren datuak. Federazioek ez diete kirolariei izena ematen utziko, harik eta haien klubak babes arloko ordezkaria izendatua duen arte.
Gainera, bete beharko dute Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduari buruz (Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra) araudi honetako 4.f) puntuan ezarritakoa.
b) Izena emateko tasak.
Hauek dira tasak:
5 euro kirolari bakoitzeko, 3 jardunaldi edo gutxiagoko modalitateetan.
7 euro kirolari bakoitzeko, 3 jardunaldi baino gehiagoko modalitateetan.
Arbitroek, ordezkariek eta teknikariek ez dute tasarik ordainduko.
Modalitate bakoitzean izena emateko epea bukaturik, federazioek ziurtagiri bat bidali beharko diote NKJFIri, federazioaren idazkariak sinatua eta lehendakariaren oniritzia duena. Bertan, bi datu hauek agertuko dira: zenbat kirolarik hartuko duten parte, sexuaren arabera banakatuta, eta guztira zenbat diru ordaindu duten programan parte hartzeko gaikuntza lortzeko tasetan.
Tasa honek Nafarroako Kirol Jokoetan parte hartzeko bidea bakarrik ematen du, eta ez du baliorik izanen beste edozein kirol jarduera federatutan parte hartzeko. Behin txapelketa hasita, kirol programa bertan behera uzten bada edo aldatzen bada, tasak ez zaizkie parte-hartzaileei itzuliko.
Izena emateko gastuak ez dira izanen Nafarroako Kirol Jokoen araudiak ezartzen dituenak baino handiagoak. Salbuespenak egiteko, aldez aurretik eskatu beharko da.
c) Gordailuak.
Federazioek gordailuak eskatzen ahalko dituzte urteko egutegia edo kanporatze koadroak dituzten modalitateetan, kirolariek ez dezaten goizegi utzi txapelketa, horrek gorabeherak eta aldaketak egin beharra ekarriko lukeelako. Klub batek bi talde baino gehiago baditu kirol modalitate berean, ezarritako kopuruaren bikoitza ordainduko du.
Klubek ordaindu beharreko gordailuen zenbatekoak erantsi den taulan ezarritakoak dira, non ez dituen NKJFIk aldatzen.
(2026-2027 eguneraketa).
KIROL MODALITATEAK | GORDAILUA |
5x5 saskibaloia | 100 euro; 200 euro 3 talde edo gehiago badira |
Eskubaloia | 90 euro; 180 euro 3 talde edo gehiago badira |
Aretoko futbola | 90 euro |
Zelaiko futbola | 90 euro |
Emakumezkoen 8ko futbola | 90 euro |
Herri kirolak | 90 euro |
Arauzko zehapenen ondorioz gordailua osorik galduz gero, berehala berritu beharko da zehatutako taldeak txapelketan jarraitu ahal izateko. Txapelketa amaiturik, federazioek itzulketa egitea erabaki eta gordailua itzuliko diete klubei, araudiari jarraituz erabakitzen diren kopuruak deskontatu ondoren.
d) Arbitraje tarifa.
NKJFIk eta parte hartzen duen federazio bakoitzak sinatutako hitzarmenetan, tarifa batzuk ezartzen dira arbitraje kontzeptuengatik. Nafarroako Kirol Jokoetako arbitrajea kasuan kasuko federazioko arbitroen batzordeko arbitro ofizialek egiten dutenean eta kostuak hitzarmenean ezarritako tarifa baino handiagoak direnean, federazioak kostuaren diferentzia kobratzen ahal die klubei, zati berdinetan, federazioaren batzar nagusiak hala onetsi badu.
8.–Fakturazioa eta ordainketa.
NKJFIk bere gain hartuko du egitekoa den jardueraren kostua, lankidetza-hitzarmenean zehazten den moduan eta zenbatekoan.
NKJFIren diru-ekarpenak ordaintzeko, aurretik, federazioak faktura elektronikoa (FACe) aurkeztu beharko du, kontzeptu bakoitzagatik egindako gastuak sartuta, betiere zer aldiri dagozkion adierazita. Eranskin bat gehituko da, eta, hartan, fakturaren hurrenkera berean, ordaindu beharreko kontzeptuak zehaztu eta justifikatuko dira, atal honen b) letran adierazitako moduan.
a) Epeak.
NKJFIk jarduera aldien araberako ordainketak eginen ditu. Aldi bakoitzaren zenbatekoa zehazteko ebazpen bat emanen da, bost guztira, denbora tarte hauetarako: urria-abendua, urtarrila-otsaila, martxoa-apirila, maiatza-ekaina eta uztaila-iraila.
Dena den, kirolariek abenduan auto partikularretan egiten dituzten joan-etorrien gastuak urtarrila-otsaila fakturazio aldian ordaintzen ahalko dira.
Kudeaketa eraginkorragoa izan dadin, federazioek faktura elektronikoak (FACe) aurkeztu behar dituzte hurrengo hilaren 10a baino lehen, iraila-abendua eta uztaila-abuztua aldietan izan ezik, orduan aldiko azken kirol jardunaldia egin eta berehala aurkeztu beharko delako.
Federazioren batek fakturak garaiz eta behar den moduan aurkezten ez baditu, faktura horiek ez dira sartuko aldi horretako gastuak ordaintzeko ebazpenean. Gastuak ordaintzeko hurrengo ebazpenean sartuko dira, aurrekontuko ekitaldi eta programaren edizio berekoak baldin badira.
b) Ordain daitezkeen kontzeptuak eta fakturazioa.
Kontzeptu hauengatik eginen dira ordainketak:
Partida edo jardunaldi arrunta antolatu eta egiteagatik.
Finalak antolatu eta egiteagatik.
Osasun zerbitzuengatik (anbulantzia, osasun langileak).
Materiala garraiatzeko eta pistak muntatzeko zerbitzuengatik.
Irekiera jardunaldian partida/jardunaldia edo erakustaldia antolatu eta egiteagatik.
Kirolarien joan-etorriak auto partikularretan egiteagatik (baimendutako kasuetan baino ez, araudiari jarraikiz).
Programan parte hartzen duten federazioetako joko-eremuaren barneko balioen ordezkariak bertaratzeagatik, betiere NKJFIrekin adostuta (programaren koordinatzaileak izendatutatako ordezkariak bertaratzeagatik sortutako gastuak sartuko dira, bai eta joan-etorriei lotutakoak ere, aurretiaz adostutako prezioan).
Eranskin bat gehituko da, eta, hartan, fakturaren hurrenkera berean, ordaindu beharreko kontzeptuak zehaztu eta justifikatuko dira, honela:
Partida edo jardunaldi arruntak antolatu eta egitea: partida edo jardunaldi kopurua, eta partidak non eta noiz jokatu diren, programan parte hartu duten kategorien arabera, kirol federazio bakoitzaren hitzarmenean jasotako gastuei dagokienez.
Finalak antolatu eta egitea: finalak zein tokitan eta egunetan jokatu diren adierazita.
Osasun zerbitzuak: zerbitzuaren xedea eta egunak, anbulantzien zerbitzua eman duten pertsonak edo entitatea, edo jardueran parte hartu duten osasun langileak, zerbitzuaren kostua eta dagokion fakturaren zenbakia.
Materiala garraiatzeko eta pistak muntatzeko zerbitzuak: zerbitzuaren xedea eta egunak, zerbitzua eman duten pertsonak edo entitatea, zerbitzuaren kostua eta dagokion fakturaren zenbakia.
Kirolariek auto partikularretan egindako joan-etorriak: jardunaldi bakoitzean auto partikularretan mugitu diren taldeak, bakoitzak egin duen kilometro kopurua xehaturik.
Aparteko edo aurreikusi gabeko gastuak, honako hauek zehaztuta: gastuaren xedea, zerbitzua edo hornidura egin duten pertsonak edo entitatea, zerbitzuaren edo horniduraren kostua eta dagokion fakturaren zenbakia. Nahitaezkoa izanen da NKJFIren aldez aurreko oniritzia. Aurretiazko eskaera (https://www.deportenavarra.es/eu/federazioentzako-dokumentazioa) eta NKJFIren oniritzia.
Fakturan sartutako kontzeptu bakoitzari buruzko ordainagiriak aurkeztu beharko ditu federazioak. Honako hauek onartuko dira: bankuko frogagiriak; "ordaindua" zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatu eta zigilatuak; fakturari erantsitako erosketa-tiketa, edo beste edozein agiri, dagokion faktura ordaindu dela frogatzen duena, edo kontratua osorik edo partez egin dela frogatzen duen balio bereko agiri bat. Hurrengo fakturazio aldiko fakturarekin eta eranskinekin batera aurkeztu beharko dira, salbu eta Nafarroako Kirol Jokoen azken faktura denean, kasu horretan federazioek gehienez ere hilabeteko epean aurkeztu beharko baitituzte, NKJFIk federazioari dagokion ordainketa egiten dionetik.
Autobusean antolatutako garraioa zuzenean ordainduko die NKJFIk zerbitzu hori ematen duten enpresei, zerbitzuaren lizitazio publikotik aurrera, haren emaitzaren arabera.
Garaikur, domina eta txapelen gastua zuzenean ordainduko die NKJFIk zerbitzua ematen duten enpresei, hornidura esleitzen denetik aurrera, haren lizitazio publikoaren emaitzaren arabera.
Programa abian jarri eta ohiz kanpoko eta kirol federazioekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik bertan behera utzi beharko balitz, NKJFIk administrazio eta kudeaketako gastuei dagokien partea –hitzarmenean edo partida edo jardunaldi bakoitzeko gastuen xehakapenean ezarritakoa– ordaintzen ahalko dio federazioari. Ukitutako federazioak NKJFIri eskatu behar dio, arrazoiak emanez, bertan behera utzitako jardunaldien administrazio eta kudeaketa gastuen konpentsazioa. Programaren kudeatzaileek aurkeztu diren eskaerak eta ordaindu beharreko zenbatekoak baloratuko dituzte.
XL. edizioko modalitateetan aurreikusitako programazioa gauzatu ahal izateko, federazio batek aurreikusitako jarduera bukatu badu eta ez badu agortu federazio horri hasieran emandako kreditua eta programaren gastu orokorretarako (garraioa, asegurua, garaikurrak, dominak, txapelak eta memoria) esleitutakoa, beharrezkoa baldin bada, erabili gabeko diru kopurua aplikatzen ahalko da programan parte hartzen duen beste edozein kirol federaziok egindako jardueraren gastuak finantzatzeko, baldin eta federazio horiek egindako gastuak hasiera batean esleitu zitzaizkienak baino handiagoak badira eta federazio horiek NKJ programa garatzeko beharrezkoak diren gastuetarako bada, edo, bestela, modalitate jakin bati esleitu ezin zaizkion bestelako gastu orokorretarako. Kasu horretan, NKJFIk zuzenean ordainduko dizkio zerbitzu emaileari.
9.–Lehiaketa araudia.
Lehiaketa araudia federazio bakoitzaren arautegi teknikoetan oinarrituko da, parte-hartzaileen adinera egokituta, eta jarraipen batzordeak baimendu behar du.
a) Partidak.
Ez da partidarik jokatu gabe geldituko. Bi taldeak aurkezten badira eta instalazioek arauzko baldintzak eta segurtasunekoak betetzen badituzte, taldeek ezin dute ezer alegatu partida ez jokatzeko. Talderen batek partida jokatzeari uko eginez gero, ez agertutzat jotzen ahalko da.
Partida bakoitza hurrengoa hasteko ezarritako orduan bukatuko da, baldin eta gero beste talde batek erabili beharreko kirol eremu berean jokatzen bada.
Eten eta/edo bertan behera uzten ahalko dira, kirola errespetuz eta segurtasunez egiteko baldintza egokirik ez badago. Halakoetan, federazioek modu argi eta zehatzean ezarri beharko dute beren araudiaren barnean zein den jokoa eteteko/bertan behera uzteko prozedura, neurri horiek betearazteko aginpidea duen pertsona edo pertsonak adieraziz (arbitroak, joko-eremuaren barneko balioen ordezkariak, babes arloko ordezkariak...).
b) Atzeratzea.
Partida bat atzeratzeko, idatziz eskatu beharko da hura jokatu baino sei egun lehenago gutxienez. Bi kluben adostasun idatzia beharko da, ordezko data, tokia, ordua eta instalazioa zehaztuta, eta kirol federazioko organo eskudunak onartu beharko du. NKJFIk bertan behera utz dezake programatutako jardunaldi bat guztiz edo zati batean, ezinbesteko arrazoiak direla eta. Halakoetan, parte-hartzaileei jakinarazi beharko die dagozkien kirol federazioen bitartez.
Federazioak parte hartzen duten klubei jakinaraziko die zein den, eguraldi txarra bada, segituko den protokoloa.
Federazioak aurreikusita izanen du partidak bertan behera uzteko aukera, salbuespenezko inguruabarren ondorioz, bai eta haien tratamendua ere, kirol antolaketaren eta sailkapenaren ondorioetarako.
c) Emaitzak eta gorabeherak jakinaraztea.
Nafarroako Kirol Jokoen arautegi teknikoan araututa izan ezean, arbitro federaturik ez badago, etxean jokatzen duen taldeak kasuan kasuko kirol federazioari jakinaraziko dio partidaren emaitza, jokatzen denetik gehienez ere 48 orduko epean. Ez betetzeak zehapena ekarriko du, arau hauen e) atalean (Kirol diziplina) modalitate bakoitzerako ezarritakoarekin bat; errepikatzen bada, txapelketatik kanporatzea ere ekar dezake.
Klubeko babes arloko ordezkariak jaso beharko ditu bai gorabeherak edo gatazkak, bai kiroltasunaren keinu eredugarriak; ondoren horiek posta elektronikoz jakinarazi behar zaizkio NKJFIko Kirol Jokoen Bulegoari (jdn@navarra.es) eta/edo NKJFIko Bitartekaritza Bulegoari (mediaciondeportiva@navarra.es).
Gorabeherak argi eta garbi kiroltasunaren aurkakoak badira edo, aitzitik, kiroltasun jokabide eredugarriak izan badira, jakinarazpen hori dena delako gertakaria izan eta gehienez ere 48 orduan eginen da.
Ahal den orotan, aktetan toki bat gordeko da oharrak jasotzeko teknikarien, kirolarien eta ikusleen gorabehera edo gatazkei buruz, baita kiroltasunaren keinu eredugarriei buruz ere.
d) Eskola-umeen selekzio autonomikoek Espainiako txapelketetan (CESA) parte hartzea.
Eskola-umeen selekzio autonomikoek Kirolaren Kontseilu Nagusiak (KKN) antolatzen dituen Espainiako txapelketetan izena eman eta parte hartzeko, txapelketen deialdian ezarri bezala jokatu beharko dute federazioek, eta NKJFIren oniritzia izanik.
Eskola-umeen selekzio autonomikoetan parte hartzeko hautaketa irizpideak Nafarroako Kirol Jokoen arautegi teknikoetan jasoko dira, denboraldia hasi aurretik, eta ezin izanen dira aldatu denboraldi osoan. Irizpide horiek batzar orokorretan onetsi beharko dira, eta kasuan kasuko federazioaren web-orrian argitaratuta izan.
Kirolaren Kontseilu Nagusiak antolatzen dituen txapelketetan parte hartzearen ondoriozko gastuak kirol federazioentzako dirulaguntzen deialdiaren bidez finantzatuko dira.
Nafarroako Kirol Jokoak arautzen dituen araudi honetan ezarritako osasun laguntzak eta istripu-aseguruak Nafarroako Kirol Jokoen parte-hartzea besterik ez dute estaltzen.
Nafarroako Kirol Jokoetan txapelketa antolatzeaz gainera, Nafarroakoa baino eremu handiagoko txapelketetan ere –kirolari gisa, klub gisa edo selekzio gisa– parte hartzen duten federazioek zehaztu beharko dute beren arautegietan zein diren txapelketa horietan parte hartuko duten kirolariak hautatzeko irizpideak, baita txapelketarako egunak aurreikusi ere, kasuan kasuko deialdiaren arabera.
e) Kirol diziplina.
Programaren izaera hezigarria kontuan hartuta, kirol federazio bakoitzeko diziplina batzordeek irizpide hezigarriak, prebentziokoak eta, behar izanez gero, errestauratiboak aplikatuz ezarriko dituzte zehapenak.
Kontuan hartu beharko dira araua urratu duen kirolariak ordain gisa egiten ahalko lituzkeen ekintza posibleak. Zehapenak ez dira inoiz ekonomikoak izanen, salbu eta egindako hutsegite edo arau-hausteak eragindako gastuak konpentsatu behar direnean, kasu horretan zehapenaren dirua sortutako kalteak ordaintzeko bideratuko baita. Ahal dela saihestu eginen dira lehiaketatik behin betiko kanporatzea lekarketen zehapenak.
Ikusten bada talde edo klub batek behin eta berriz dituela kiroltasunaren aurkako jokabideak, haren federazioko jarraipen batzordea bilduko da, egoki irizten dizkion neurriak ezartzeko (hezigarriak, ordaingarriak edo zuzentzaileak). Ukitutako talde edo klubak nahitaez bete beharko ditu neurriok. Bete ezean, NKJFIk beste neurri batzuk ezartzen ahal dizkie, bai eta programatik kanporatzea erabaki ere. Halaber, programako modalitateren batean halakorik gertatzen bada, jarraipena egiten ahalko zaio joko-eremuaren barneko balioen ordezkarien programaren barnean.
10.–Kalitatea.
NKJFIk zuzeneko edo zeharkako parte-hartzaile guztien lankidetza eskatzen du, programa etengabe hobetzeko.
Iradokizunak eta erreklamazioak egiteko bide hauek jarri dira:
–Posta elektronikoa: jdn@navarra.es.
–Web-orria: https://www.deportenavarra.es eta https://www.deportenavarra.es/eu.
–Ebaluaziorako galdetegia.
11.–Ingurumen kudeaketa eta jasangarritasuna.
Begiratuko da, antolatzen diren kirol ekitaldietan, Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Plana betetzen dela, baita Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legea ere.
Era berean, hondakinak prebenitzeko, bereizteko eta kudeatzeko neurriak bete beharko dira, bai eta Ekitaldi Publikoei eta Jasangarritasunari buruzko apirilaren 17ko 36/2024 Foru Dekretuan ezarritako komunikazio eta sentsibilizazio neurriak ere. Adibide gisa, ingurumen jasangarritasuneko neurri horietako batzuk adierazten ditugu:
Ez da baimenduko edariak (ura barne) doan banatzeko erabilera bakarreko ontzirik. Edariak salduz gero, erabilera bakarreko ontzietarako alternatibak ezarriko dira.
Beti eskainiko da txorrotako ura duen ontzi bat, bai eta edalontzi berrerabilgarriak ere, edo botila berrerabilgarriak ura kontsumitzeko, doan.
Ezin izanen da erabilera bakarreko edalontzirik saldu eta banatu. Ontzi berrerabilgarriek UNE-EN 13429:2005 arauaren baldintzak bete beharko dituzte, eta, gainera, behar diren bitartekoak jarri beharko dira berreskuratu eta ondoren garbitu eginen direla bermatzeko.
Ezin izanen da erabilera bakarreko plastikozko ontzirik erabili elikagaietarako, salbu eta UNE-EN 13432:2001 arauaren baldintzak betetzen dituen material biodegradagarriz edo konpostagarriz eginak daudenak.
Erabiltzen den baxera berrerabilgarria izan beharko da, edo, hori ezinezkoa bada, UNE-EN 13432:2001 arauaren baldintzak betetzen dituen material biodegradagarriz edo konpostagarriz egina, edalontziak izan ezik, horiek berrerabilgarriak izan beharko baitira.
Hondakinak uzteko eremuak jarri beharko dira edukiontzi egokiekin, kasuan kasuko toki entitateekin bat etorriz. Gutxienez honako hondakin-frakzio hauek bereizteko aukera eman beharko da: materia organikoa, ontzi arinak (edo ontzi eta materialak, sistema hori duten entitateetan).
II. ERANSKINA.–LANKIDETZA-HITZARMENA, NAFARROAKO GOBERNUAREN NAFARROAKO KIROLAREN ETA JARDUERA FISIKOAREN INSTITUTUAREN (NKJFI) ETA NAFARROAKO ...................................... FEDERAZIOAREN ARTEKOA. NAFARROAKO KIROL JOKOEN (NKJ) XL. EDIZIOA ANTOLATZEKO
Iruñean, ...................(e)ko ................aren ..............(e)(a)n.
BILDU DIRA:
Alde batetik, Jorge Aguirre Oviedo, Nafarroako Gobernuaren NKJFIko zuzendari kudeatzailea (IFKa: Q-31-50025-I).
Eta, bestetik, .................................................. jauna/andrea, Nafarroako .................................... Federazioko lehendakaria (IFKa: ................................).
Beren karguak ematen dizkien eskumenez baliaturik, eta dokumentu hau formalizatzeko behar adina ahalmen aitorturik elkarri,
ADIERAZTEN DUTE:
1. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.14 artikuluak Nafarroako Foru Komunitateari erabateko eskumena esleitzen dio kirola sustatzearen eta aisialdia egoki erabiltzearen arloetan.
Urtarrilaren 24ko 335/1986 Errege Dekretuaren bitartez, kirolaren arloko eginkizun eta zerbitzuak eskualdatu ziren Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera. Foru Komunitateari esleitu zaizkion eginkizunetako bat, espresuki aipatua, eskolako kirol jardueraren sustapena eta antolaketa da.
Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak kirol politikaren helburuak aipatzen ditu 3.s artikuluan; besteak beste, oinarrizko kirola bultzatzea eskola mailetatik hasita, beste edozein kirol praktikaren aurretik, funtsezko gunetzat jotzen baita kirolak Nafarroan aurrera eginen badu maila guztietan.
Orobat, aipatu foru legearen 6.2.g artikuluan ageri denez, Foru Komunitateko kirol administrazioaren eskumena da Nafarroako kirol txapelketa ofizialak antolatzea nahitaezko eskolatze adinean dauden kirolarientzat, edo haiek antolatzeko baimena ematea.
2. NKJFIren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretuak ezartzen du Nafarroako Gobernuari kirol arloan dagozkion eskumenak erakunde autonomo horrek gauzatuko dituela, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko titularraren planifikazioaren, zuzendaritzaren eta babesaren pean, eta estatutuek berek ezartzen duten irispidearekin. Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzaren eginkizunak dira, besteak beste, Nafarroako kirol txapelketa ofizialak antolatzea nahitaezko eskolatze adinean dauden kirolarientzat edo haiek antolatzeko baimena ematea, eta jarduera fisikoa eta kirola egitea bultzatzea, aisialdirako aukerak eta ohitura osasungarriak diren aldetik.
3. Nafarroako XL. Kirol Jokoek Foru Komunitatearen esparruan txapelketa ofizial gisa biltzen dituzte joko horietan sarturiko jarduera eta kirolak, kimu, haur, kadete eta gazte kategorietan, oro har, eskola ordutegitik kanpo. Aurreko edizioetan halaxe egin da, eta oinarrizko esparrua finkaturik dago dagoeneko. Hala, joko hauetan egiten dena kirola denez gero, kirol federazioek hartu behar dute parte, esleituak dituzten eginkizunak betez.
Nafarroako Kirol Jokoen antolaketa Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuari dagokio, NKJFIren bidez, kirol federazioekin batera, haien esku utzi baita antolaketa orokorra.
Ondorio horietarako, eta azaldutakoarekin bat, honako hitzarmen hau ezartzen dute, klausula hauei jarraikiz:
KLAUSULAK
Lehena.– Nafarroako ................................................................ Federazioak oso-osorik onartzen ditu Nafarroako XL. Kirol Jokoen deialdia eta araudia, NKJFIko zuzendari kudeatzailearen .............................................................. Ebazpenaren bidez onetsitakoak, hitzarmen honen parte baitira, eta bere gain hartzen ditu aipatu deialdian programatutako txapelketak egiteko beharrezkoak diren lanak.
Bigarrena.–NKJFIk bere gain hartuko du egitekoa den jardueraren kostua, NKJFIren eta federazioaren arteko berariazko lankidetza-hitzarmenean zehazten den moduan eta zenbatekoan. Kontzeptu hauengatik eginen dira ordainketak:
EGIN BEHARREKO JARDUERA | KOSTUA JARDUNALDI BAKOITZEKO (euro jardunaldi bakoitzeko) |
Partida edo jardunaldi arrunta antolatu eta egiteagatik euro jardunaldi bakoitzeko | euro jardunaldi bakoitzeko |
Finala(k) antolatu eta egiteagatik euro jardunaldi bakoitzeko | euro jardunaldi bakoitzeko |
Osasun zerbitzuengatik (anbulantzia, osasun langileak) euro jardunaldi bakoitzeko | euro jardunaldi bakoitzeko |
Materiala garraiatzeko eta pistak muntatzeko zerbitzuengatik euro jardunaldi bakoitzeko | euro jardunaldi bakoitzeko |
Kirolariek auto partikularretan egiten dituzten joan-etorriengatik (0,12 zentimo kilometroko, eta 50 kilometrotik aurrera). | euro jardunaldi bakoitzeko |
Balioen ordezkaria izateagatik euro jardunaldi bakoitzeko | euro jardunaldi bakoitzeko |
Nafarroako Kirol Jokoen irekiera jardunaldia antolatu eta egiteagatik euro jardunaldi bakoitzeko | euro jardunaldi bakoitzeko |
Gastua egotzita duen kontzeptu bakoitzari aplikatu zaizkion zenbatekoak hitzarmen honi erantsitako dokumentuan justifikatzen dira.
Beste gastu orokor batzuk:
–Autobusean antolatutako garraioa zuzenean ordainduko die NKJFIk zerbitzu hori ematen duten enpresei, zerbitzuaren lizitazio publikotik aurrera, haren emaitzaren arabera.
–Garaikur, domina, txapel eta aitortzen gastua zuzenean ordainduko die NKJFIk zerbitzua ematen duten enpresei, hornidura esleitzen denetik aurrera, haren lizitazio publikoaren emaitzaren arabera.
–Finaletako emankizunen gastuak zuzenean ordainduko dizkie NKJFIk zerbitzu hori ematen duten enpresei, zerbitzuaren lizitazio publikotik aurrera, haren emaitzaren arabera.
NKJFIk jarduera aldien araberako ordainketak eginen ditu. Aldi bakoitzaren zenbatekoa zehazteko ebazpen bat emanen da, bost guztira, denbora tarte hauetarako: urria-abendua, urtarrila-otsaila, martxoa-apirila, maiatza-ekaina eta uztaila-iraila.
Kudeaketa teknikoa eta ekonomiko-administratiboa hobe egiteko, kirolariek abenduan zehar auto partikularretan egiten dituzten joan-etorrien gastuak urtarrila-otsaila aldian ordaintzen ahalko dira, nahiz eta berez iraila-abendua fakturazio aldikoak izan.
Autobus garraio antolatua.
NKJFIren konpromisoak:
1. Parte-hartzaile guztiei erraztea joan-etorriak garraio antolatuan egiteko aukera, Nafarroako Kirol Jokoen deialdian ezarritako baldintzetan.
2. Oro har, asteko bidaien plangintza astearteetako 14:00etarako prestatzea. Behin-behineko planak interesdunen eskura izanen dira (Internetez kontsultatzen ahalko dira), garraio enpresek baieztatu ondoren.
3. Oro har, astero, bidaia planak ostegunetako 14:00etatik aurrera bihurtuko dira behin betiko.
Bidaiekin loturiko kontsultak egiteko, Interneteko esteka hau erabiliko da:
https://www.deportenavarra.es/eu/nafarroako-kirol-jokoen-autobusak
Kirol federazioen konpromisoak:
1. Txapelketaren egutegiak prestatzea, joan-etorrietan autobusak nola aprobetxatu kontuan hartuta.
2. Zein astetan egitekoa den jarduera, haren aurreko ostiralean aurkeztea modalitate bakoitzerako aurreikusita dauden joan-etorrien proposamena.
3. Taldeei eta klubei azaltzea nola kontsultatu bidaiak eta nahitaezkoa dela ostiraletan, 15:00etatik aurrera, azkenekoz kontsultatzea.
4. NKJFIrekin eta klubetako arduradunekin lan egitea, autobusez egiten diren joan-etorrietan parte-hartzaileen jokaera egokia izan dadin eta, gorabeherak izanez gero, behar bezala ebatz daitezen, NKJFIko arduradunei horien berri emanda. Gorabeherak larriak izanez gero, berehala jakinarazi beharko dira.
Hirugarrena.–Garaikurren, dominen eta txapelen eskaera posta elektronikoz (jdn@navarra.es) eginen zaio NKJFIri, ezarritako eredua erabiliz (https://www.deportenavarra.es/eu/federazioentzako-trofeoak-eta-dominak-eskatzea), haiek banatu baino 20 egun lehenago gutxienez. Garaikurra, domina edo/eta txapela emanen zaizkie kategoria, sexu eta espezialitate bakoitzeko lehen hiru sailkatuei, Nafarroako Kirol Jokoen deialdian ezarritako baldintzetan, ondoren zehaztu bezala:
KIROL MODALITATEA | ESPEZIALITATEA | KATEGORIAK | GARAIKURRA | DOMINA | POSTUAK |
Laugarrena.–NKJFIren diru-ekarpenak ordaintzeko, federazioak aurretik aurkeztu beharko du faktura elektronikoa (FACe), aurkeztutako gastuen aldian egindako kirol probak sartuta. Aparteko gastuak edo aurreikusi gabeak ordain daitezke, beharrezkoak edo ezinbestekoak badira jarduera egiteko, aldez aurretik eskaera (https://www.deportenavarra.es/eu/federazioentzako-dokumentazioa) erregistro bidez eginda, jdn@navarra.es helbidera zuzenduta.
Fakturetan argi azalduko da zer kopuru ordaindu behar den kontzeptu bakoitzarengatik, baita zer aldiri dagozkion ere.
Eranskin bat gehituko da, eta, hartan, fakturaren hurrenkera berean, ordaindu beharreko kontzeptuak zehaztu eta justifikatuko dira, honela:
Partida edo jardunaldiak: tokia eta egunak, programan parte hartzen duten kategorien arabera.
Finalak: tokia eta eguna.
Osasun-laguntza zerbitzuak, hauek adierazita: zerbitzuaren xedea eta egunak, zerbitzua eman duten entitatea edo pertsonak, zerbitzuaren kostua eta fakturaren zenbakia. Zerbitzua eman duen entitatearen edo pertsonaren faktura erantsiko da.
Materiala garraiatzeko eta pistak muntatzeko zerbitzuak, hauek adierazita: zerbitzuaren xedea eta egunak, zerbitzua eman duten pertsonak edo entitatea, zerbitzuaren kostua eta dagokion fakturaren zenbakia. Zerbitzua eman duen entitatearen edo pertsonaren faktura erantsiko da.
Auto partikularretan egindako joan-etorriak: jardunaldia, taldeak, km kopurua eta km/talde erlazioa.
Joko-eremuaren barneko balioen ordezkaria izateagatik, programan parte hartzen duten federazioetan.
Irekiera jardunaldia: tokia, eguna eta bertaratzearen arrazoia.
Aparteko gastuak edo aurreikusi gabekoak, hauek zehaztuta: xedea, zerbitzua edo hornidura egin duten pertsonak edo entitatea eta kostua. Zerbitzua edo hornidura egin duen entitatearen edo pertsonaren faktura erantsiko da –arauaren 8.b) atalean zehaztutako baldintzetan–.
Fakturan sartutako kontzeptu bakoitzari buruzko ordainagiriak aurkeztu beharko ditu federazioak. Honako hauek onartuko dira: bankuko frogagiriak; "ordaindua" zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatu eta zigilatuak; fakturari erantsitako erosketa-tiketa, edo beste edozein agiri, dagokion faktura ordaindu dela frogatzen duena, edo kontratua osorik edo partez egin dela frogatzen duen balio bereko agiri bat. Agiri horiek gehienez ere hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, NKJFIk federazioari dagokion ordainketa egiten dionetik hasita, edo, bestela, txapelketaren hurrengo aldiari dagozkion eranskinekin eta fakturarekin batera.
Bosgarrena.–Diru-sarrerak.
Taldekako kiroletan, taldeen zerrenda, guztira izena emanda dauden kirolarien kopurua eta programan parte hartzeko gaikuntza lortzeko tasetan ordaindutako diru-zenbateko guztia, kirol modalitate horretan izena emateko epea behin bukatuta.
Banakako kiroletan, guztira parte hartzen duten kirolarien kopurua eta programan parte hartzeko gaikuntza lortzeko tasetan ordaindutako diru-zenbateko guztia, kirol modalitate horretan izena emateko epea behin bukatuta.
Nafarroako Kirol Jokoen araudia ez betetzeagatik modalitate guztietan jarritako zehapen ekonomikoen ondoriozko diru-sarrera guztiak, halakorik balitz, behin jarduera bukatuta.
Modalitate bakoitzean izena emateko epea bukaturik, Nafarroako Kirol Jokoetan parte hartzen duten kirol federazioek ziurtagiri bat bidali beharko dute NKJFIra, kirol federazio bakoitzaren idazkariak sinatua eta lehendakariaren oniritzia duena. Bertan, bi datu hauek agertuko dira: guztira zenbat kirolarik hartzen duten parte eta programan parte hartzeko gaikuntza lortzeko tasetan ordaindu duten diru-zenbateko guztia.
Kirol federazioek diru kopuru osoa sartu beharko dute Nafarroako Foru Ogasunean, betiere Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzak egiaztatu eta baliozkotu ondoren. Horretarako, NKJFIk ordainketa-gutun bat igorriko die, sartu beharreko diru kopurua adierazia duena.
Nafarroako Kirol Jokoen programan parte hartzen duten kirol federazioek, jarduera bukatutakoan, prozedura bera segituko dute Nafarroako Kirol Jokoen araudia ez betetzeagatiko zehapen ekonomikoen ondoriozko diru-sarrerekin, halakorik izan bada.
Seigarrena.–Kirol programa.
KIROL MODALITATEAK | ESPEZIALITATEA | KATEGORIAK | JAIOTZE URTEA | EGUTEGI OROKORRA |
Arautegia: hitzarmen honi eranskin gisa gehitutako arautegi partikularra aplikatuz gauzatuko da kirol jarduera. Edonola ere, txapelketa hasi baino 20 egun lehenago gutxienez, garatu beharreko kirol proiektua aurkeztu beharko dute, honako hauek zehazten dituela: programaren helburuak (araudian zehaztuta daudenak), arautegi teknikoa, txapelketaren araudia, izena emateko epeak, egutegia, kategoriak/adinak eta kirol espezialitateak. Bereziki zainduko da sustatzen direla kirol balioak eta emakumeen kirola, eta genero-berdintasunaren araberako parametroak aintzat hartuz antolatuta egotea.
NKJFIk proiektuaren eta memoriaren ereduak eskura jarriko ditu, kirol federazioek erabil ditzaten.
(https://www.deportenavarra.es/eu/federazioentzako-dokumentazioa).
Jardunaldi guztiak Nafarroako Kirol Jokoen XL. edizioari dagokion aldian egin behar dira.
Programa alda daiteke deialdian ezarritako kategoriei dagokienez, modalitateei eta egin beharreko jarduerei dagokienez, txapelketarako hasieran programatutako iraupenari dagokionez, jardunaldi kopuruari dagokionez edo, federazioekin Nafarroako XL. Kirol Jokoetarako konprometituriko aurrekontu kredituaren arabera, sartuko diren gastu kontzeptuei dagokienez, NKJFIk oniritzia eman ondoren.
Une batean jardueraren bat bertan behera utzi beharra bada, geroago berreskuratzen ahalko da NKJFIren oniritziarekin, baldin eta aurrekontuko urte berean egiten bada, eta 2026ko irailaren 1etik 2027ko abuztuaren 31ra bitarte.
Betiere, NKJFIren diru-ekarpenak ez du subrogaziorik ekarriko Nafarroako XL. Kirol Jokoen ondoriozko inolako betebeharretan.
Zazpigarrena.–Federazioek konpromisoa hartzen dute NKJFIk jarritako dirua ezarritako xedeetarako erabiltzeko, eta institutu horrek egin nahi dituen egiaztapenak onartu eta errazteko.
Zortzigarrena.–Pertsona guztien hizkuntza eskubideak bermatze aldera, parte hartzen duten kirol federazioak, eskura dituzten baliabideen arabera, saiatuko dira pertsona guztien hizkuntza eskubideak bermatzen, indarrean den araudi sektorialaren arabera, oinarri hartuta Nafarroako administrazio publikoetan Nafarroako berezko hizkuntzen erabilera arautzen duen indarreko araudia eta azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretua, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren Estatutuak onesten dituena. Aurrekoa bereziki aintzat hartuko da idatzizko komunikazioei eta Nafarroako Kirol Jokoen dokumentazioari dagokienez (izena emateko orriak eta lehiaketaren araudiak).
Era berean, komunikazio eta izapide guztietan hizkera inklusiboa eta genero ikuspegia erabiliko dira. NKJko aktek hizkera inklusiboan idatzita egon beharko dute.
Bederatzigarrena.–Kirol programak sortzen duen informazio guztia hedabideetan publizitate bidez zabaltzeko eskumen osoa NKJFIri dagokio.
Federazioek konpromisoa hartzen dute jardunaldi bakoitzeko txapelketako emaitzei, sailkapenei eta jokatzeko toki-egunei buruzko datuak emateko, ezartzen den prozeduraren bidez eta maiztasunez, bai eta argi eta garbi kiroltasunaren aurkakoak diren gorabeherak ere, jdn@navarra.es helbidea erabiliz, jardunaldi bakoitza egin eta ondoko astelehenean, 20:00ak baino lehen, Nafarroako Kirol Jokoek sortzen duten informazio guztia bideratu ahal izateko.
Hamargarrena.–Federazioek erabili beharko dituzte Nafarroako Gobernuko logotipo ofizialak (4/2016 Foru Dekretua, partez aldatu zena 8/2020 Foru Dekretuaren bidez), NKJFIren logotipo ofizialak eta, orobat, NKJ programari dagozkionak, besteak beste, paperetan, karteletan, hedabideetan eta/edo publizitate euskarrietan eta instalazioetan. Gainera, Nafarroako Kirol Jokoen irudian kirol modalitate bakoitza adierazteko dauden diseinu eta marrazkiak erabili nahi izanez gero (dela orokorrak, dela propio egindakoak), baimena eskatu beharko diote NKJFIri.
Nafarroa 2027ko Kirolaren Europako Eskualdea izendatu dutenez, edizio honetan aipamen horren logotipo ofiziala ere erabili beharko da programako komunikazioetan (https://www.deportenavarra.es/eu/logotipoak).
Federazioek diseinu horiek erabiltzen badituzte NKJFIren aldez aurreko baimenik gabe, institutuak ahalmena izanen du hitzarmen hau suntsiarazteko, dagokiokeen kalte-ordaina galarazi gabe.
Hamaikagarrena.–Federazioek partaidetza inklusiboa ahalbidetu beharko dute, parte-hartzaileak honako arrazoi hauengatik diskriminatu gabe: sexua, etnia, ideologia, dibertsitate funtzionala edo kognitiboa, erlijioa, errendimendu maila, sexu-orientazioa, genero adierazpena eta sexu edo genero identitatea.
Zehazki, eskola-ume guztien parte-hartzea baimendu eta sustatu beharra dago, salbuespenik gabe, eta neurriak aurreikusi desgaitasunen bat duten eskola-umeen integrazioa sustatzeko, egokitzapen bat behar badute zein ez. Modu berean, onar daiteke desgaitasunen bat duten eskola-umeek parte hartzea adinez dagokien kategoria baino txikiagoa den batean, horrela errazten bada txapelketa horretan sartzea, betiere NKJFIk baimena eman ondoren.
NKJ programan izanen duen parte-hartzearen karietara, hitzarmena sinatzen duen federazioak adierazten du kirol programa honen balio hezitzaile, sozial eta etikoak sustatzeko konpromisoa hartzen duela, eta printzipio, neurri eta ekintza hauek betetzeko obligazioa onartzen duela:
1. Printzipio gidariak:
Errespetua, berdintasuna, ahalegina, inklusioa, lankidetza, joko garbia eta kiroltasuna sustatzea parte-hartzaileen artean.
Kirol ingurune seguru, irisgarri, inklusibo eta indarkeriarik eta diskriminaziorik gabeak bermatzea.
Kirolaren rola indartzea, gizartea eraldatzeko tresna den aldetik, kohesioa, aukera berdintasuna eta erresilientzia bultzatzeko.
2. Aplikazio neurriak:
Babes arloko ordezkaria izendatzea eta harekin elkarlanean aritzea.
Konpromiso hau kiroleko eragile guztiei hedatzea: klubei, teknikariei, arbitroei, kirolariei eta familiei.
Bultzatzea neskak kirolean has daitezela eta presentzia izan, parte hartu eta jarrai dezatela.
Kirol jarduera misto eta inklusiboa sustatzea.
Jarraipen batzordeekin lankidetzan aritzea, programaren printzipioen aurka doazen jokabideak kudeatzeko.
Aktiboki parte hartzea NKJFIk kirolaren balioak sustatzeko eta indarkeriari aurre hartzeko sustatzen dituen kanpaina, ekintza, material eta prestakuntzetan.
3. Ekintzak:
NKJFIk kirolaren balioak sustatzeko antolatzen duen kanpaina zabaltzen eta sustatzen laguntzea.
Kirolaren balioen Nagus sarietan parte hartzea. Sari horien bidez, jokabide eredugarriak aintzatetsiko dira.
Programaren testuinguruan sortzen diren jokabide bortitzak monitorizatzea eta NKJFIri horien berri ematea.
Hitzarmena sinatzen duen erakundeak onartzen du ezen, konpromiso honetan behin eta berriz huts eginez gero edo ez-betetzea larria bada, NKJFIk zehapenak proposatzen ahal dituela, bai eta programatik kanpo uztea ere.
Hamabigarrena.–Federazioek hitzarmen honen klausuletan ezarritakoa betetzen ez badute, NKJFIk ahalmena izanen du hitzarmena alde bakarretik suntsiarazteko, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.
Hamahirugarrena.–Antolaketa batzorde bakarra izendatuko da modalitate guztietarako:
–NKJFIko ordezkariak: Kirola Sustatzeko Ataleko burua, Nafarroako Kirol Jokoen Bulegoko burua eta Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzako bi teknikari.
–Federazioetako ordezkariak: banakako kirolen ordezkari bat eta taldekako kirolen beste bat, biak ala biak federazioek proposaturik.
–Toki entitateen bi ordezkari, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak proposaturik.
Eginkizunak:
- Nafarroako Kirol Jokoen antolaketa orokorra begiratzea.
- Jokoen araudia prestatzen laguntzea.
- Nafarroako Kirol Jokoen antolamenduaren alderdi orokorrei buruzko erabakiak hartzea.
Hamalaugarrena.–Federazio bakoitzean jarraipen batzorde bat sortuko da, honako kide hauek osatuko dutena:
Nafarroako........................................... Kirol Federazioaren ordezkariak:
Nafarroako ........................................... Kirol Federazioan Nafarroako Kirol Jokoak koordinatzeko arduraduna.
Nafarroako........................................... Kirol Federazioko ............................................................... (adierazi kargua/postua).
NKJFIko ordezkariak:
–Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Ataleko burua.
–Kirol Jokoen Bulegoko burua.
–Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzako teknikariak.
Eginkizunak:
- Bere modalitatearen antolaketa orokorra, garapena eta ebaluazioa begiratzea.
- Federazioek proposatutako lehiatzeko sistema, arautegi teknikoa eta diziplinakoa onestea, eta programan kiroltasunez jarduten dela eta kiroltasunari garrantzia ematen zaiola bermatzea.
- Diziplinaren kontra gertatzen ahal diren salbuespenezko ekintzak aztertzea, eta, komenigarri baderitzote, kasu horietan izan litezkeen kirol zehapenak betetzeko alternatibak proposatzea diziplina batzordeei.
- Partidak jokaleku neutral batean jokatzeko baimena ematea.
- Sortzen diren arazo nagusiak konpontzea.
- Behar bestetan elkartuko da, egoerak eskatzen duenean eta alderdietako edozeinek eskatzen duenean.
Hamabosgarrena.–Federazioak adierazten du Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa dutela federazioko kideak edo federazioak kontratatutakoak izanik NKJ programarekin lotutako eginkizunak betetzen dituzten eta adingabeekin harremanetan daudenek, bat etorriz Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 57. artikuluan xedatutakoarekin. Orobat, federazioak konpromisoa hartzen du NKJ programan parte hartzen duten klubei arau hori betetzen dutela dioen erantzukizunpeko adierazpena eskatzeko, eta ez uzteko ez izena ematen ez parte hartzen behar den erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez duten klubei.
Hamaseigarrena.–Kirol ingurune seguruak bermatzeko, konpromiso hauek hartzen ditu federazioak:
Babes arloko ordezkaria izendatzea.
Klub guztietako babes arloko ordezkariei buruzko informazioa biltzea, eta informazio hori NKJFIri helaraztea, hark eskatzen duen bitartekoen bidez, denboraldia hasi aurretik. Kirol federazioek ez diete utziko klubetako talde edo kirolariei NKJ programan izena ematen, dena delako klubak izendatu gabe badu babes arloko ordezkaria. Gainera, programa hasi ondoren babes arloko ordezkaria aldatzen bada, NKJFIri jakinarazi beharko dio federazioak.
Argitara ematea eta aplikatzea Nafarroako Foru Komunitatean kirolaren eta aisialdiaren esparruan haur eta nerabeen aurkako indarkeriaren aurrean jarduteko protokoloa, NKJFIko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 8ko 84/2023 Ebazpenaren bidez onetsi zena. Kirol federazioak ezarriko du haur eta nerabeen aurkako indarkeriaren aurrean jarduteko protokoloa, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 8ko 84/2023 Ebazpenaren bidez onetsitakoa, Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoa betez.
Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, kirol federazioak honako hau izendatzen du federazioko babes arloko ordezkari:
JAUN/ANDREA (izen eta abizenak) | HELBIDE ELEKTRONIKOA | TELEFONOA |
Federazio eta klub bakoitzak izendatu behar du bere babes arloko ordezkaria, kirol jardueran adingabeen segurtasuna eta babesa berma ditzan, Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoak agintzen baitu. Gerta litezkeen arrisku egoerak prebenitzeko, detektatzeko eta horietan esku hartzeko protokoloak aplikatzeaz arduratuko da, bai eta antolatzaileen, taldeen eta familien arteko solaskide gisa jarduteaz ere, babesaren arloan.
Babes arloko ordezkariak jaso beharko ditu bai gorabeherak edo gatazkak, bai kiroltasunaren keinu eredugarriak; ondoren horiek posta elektronikoz jakinarazi behar zaizkio NKJFIko Kirol Jokoen Bulegoari (jdn@navarra.es) eta NKJFIko Bitartekaritza Bulegoari (mediaciondeportiva@navarra.es).
Jokabide eredugarriak kirolaren balioen Nagus sarietan kontuan hartu eta aintzatesten ahalko dira.
Gorabeherak argi eta garbi kiroltasunaren aurkakoak badira edo, aitzitik, kiroltasun jokabide eredugarriak izan badira, dena delako gertakaria izan eta gehienez ere 48 orduan jakinarazi behar zaizkio NKJFIko Kirol Jokoen Bulegoari (jdn@navarra.es) eta NKJFIko Bitartekaritza Bulegoari (mediaciondeportiva@navarra.es).
Hamazazpigarrena.–Federazioak konpromisoa hartzen du NKJ programako izen-emateak kudeatzean Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) ezarritakoa betetzeko; antolakuntzak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu datuen isilpeko tratamendua bermatzeko. NKJFIk bertan parte hartzen duten kirol federazioen esku uzten du Nafarroako Kirol Jokoen antolaketa. Hori horrela, Nafarroako ............................................................................................................. Federazioa da Nafarroako Kirol Jokoekin zerikusia duten datu pertsonalen "tratamendu-eragilea". Eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutua da "tratamenduaren arduraduna".
1.–Kontratuaren xedea.
Klausula hauen bidez, ezartzen da zer baldintzatan gaitzen den Nafarroako ................................................................................................... Federazioa (tratamendu-eragilea) tratamendua egiteko Nafarroako XL. Kirol Jokoak antolatu eta egitearen ondoriozko datu pertsonalei, NKJFIren kontura (tratamenduaren arduraduna).
Federazioak tratamendua eginen die, ezinbestekoa den heinean, NKJFIren ardurako datu pertsonalei, hura baita programaren titularra.
Halaber, baldintza hauekin honako hauetan ezarritakoa bete gogo da, tratamenduaren arduradunaren eta tratamendu-eragilearen betebeharrak zehazteko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 28. artikulua (Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituen Erregelamendua, zeinaren bidez indargabetzen baita 95/46/EE Zuzentaraua, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra –hemendik aurrera DBEO–), eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 28. artikulua (Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Lege Organikoa –hemendik aurrera DPBEDBLO–).
Tratamendua honako hau izanen da: programan parte hartzen duten adingabeen datu pertsonalak bildu eta tratatuko dira, haiek lehiaketan izena emateari eta parte hartzeari buruzko alderdi guztiak kudeatzeko, lehiaketa amaitu arte; era berean, irudiak eta bideoak bildu eta tratatuko dira, datuen tratamenduaren arduradunaren eta tratamendu-eragilearen web-orrietan, sare sozialetan eta gainerako hedabideetan argitaratzeko, programa zabaltzeko eta ezagutzera emateko, interes publikokoa baita, sustatzen dituelako, besteak beste, kirol inklusiboa, emakumeek kirolean parte hartzea eta, oinarriko kiroletik hasita, balioetan eta joko garbian oinarritutako heziketa. Nafarroako Kirol Jokoetan izena ematean, tratamendu-eragileak parte-hartzaileei jakinarazi beharko die irudiak hartu eta zabalduko direla. Irudi horiek ez zaizkie hirugarrenei komunikatuko, ezta lagako ere.
NKJFIk, tratamenduaren arduraduna den aldetik, enkargatzen dio NKJ programan parte hartzen duen kirol federazioari, bere kontura egiteko datu pertsonalen tratamendua, adierazitako zerbitzua emateko beharrezkoa den heinean.
Ukitutako informazioaren identifikazioa eta bermeen aitorpena.
Federazioak parte-hartzaileen datu pertsonalak (adingabe parte-hartzaileak, teknikariak, arbitroak, arduradunak, etab.) bildu eta tratatuko ditu, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren kontura, hura baita tratamenduaren arduraduna.
Federazioak datu pertsonalak, identifikaziokoak, osasun arlokoak edo beste edozein motatakoak tratatuko ditu, ezinbestekoak badira programan izena emateko eta parte hartzeko kudeaketan. Ildo horretan, tratamenduko datuak egokiak, bidezkoak eta behar denera mugatuak izanen dira, adierazitako xedeei dagokienez.
Federazioak adierazten du gaitasuna duela behar adinako bermeak emateko, teknikaren eta antolaketaren aldetik neurri egokiak aplikatuta, datu pertsonalen tratamenduak DBEOren eta DPBEDBLOren betekizunak bete ditzan, eta konpromisoa hartzen du interesdunen eskubideen babesa bermatzeko.
Ez da datuen nazioarteko transferentziarik aurreikusten.
Zerbitzu-emailearen betebeharrak, tratamendu-eragilea den aldetik.
Federazioak konpromisoa hartzen du datuak babesteari buruzko Europako eta Espainiako araudian xedatutakoa betetzeko, eta honako hau hartzen du bere gain:
Datuak erabili eta komunikatzeko jarraibideak.
Federazioak enkargu honen xede den helbururako bakarrik (Nafarroako XL. Kirol Jokoak antolatu eta egitea) erabiliko ditu tratamenduaren xedeko datu pertsonalak, edo tratamenduan sartzeko biltzen dituenak. Datuak ezin ditu inola ere erabili bere helburuetarako.
Datuak tratamenduaren arduradunaren (NKJFI) jarraibideen arabera tratatzea. Tratamendu-eragileak uste badu jarraibideren batek urratzen duela DBEO, DPBEDBLO edo Europar Batasuneko edo estatu kideetako datuen babesaren arloko beste edozein xedapen, tratamendu-eragileak horren berri emanen dio berehala tratamenduaren arduradunari.
Federazioak konpromisoa hartzen du tratamenduaren arduradunak emandako informazioa ez kopiatzeko ez erreproduzitzeko, non ez den beharrezkoa hura tratatzea enkargu honetan aurreikusitako helburuetarako.
Federazioak ez dizkie datuak hirugarrenei jakinaraziko, izan pertsonak edo entitateak, salbu eta tratamenduaren arduradunaren berariazko baimena dutenei edo legean aurreikusitako kasuetan. Azpikontratatutako hirugarrenei lagatzea agiri honen beste atal batean dago araututa.
Federazioak etengabe eutsiko dio tratamendu honen xedeko datu pertsonalen sekretuari. Betebehar hori konplitzen jarraitu behar da programa antolatu eta gauzatzearren alderdien arteko elkarlana bukatu ondoren ere.
Federazioak arduradunaren eskura jarriko du behar den informazio guztia DBEOn ezarritako betebehar guztiak konplitzen direla frogatzeko eta arduradunak edo arduradun horrek baimendutako beste auditore batek auditoretzak egiten uzteko eta laguntzeko, ikuskapenak barne. Orobat, eragileak segituan jakinaraziko dio arduradunari, bere iritziz, jarraibide batek urratzen baditu DBEO edo Europan edo Espainian datuak babestearen arloan indarra duten beste xedapen batzuk.
Tratamendu-eragilearen segurtasun neurriak.
Federazioak segurtasun neurri egokiak hartu ditu informazioaren konfidentzialtasuna, osotasuna eta eskuragarritasuna bermatzeko, baita tratamendu sistemen erresilientzia egonkorra bermatzeko ere, gorabehera fisiko edo tekniko bat gertatuz gero.
Gutxieneko neurri hauek daude etengabe:
Langileak: badago zerbitzua emateko informaziora sarbidea dutenen zerrenda eguneratua.
Euskarriak: badago euskarrietara sarbidea duten arduradunen zerrenda eguneratua.
Euskarrien lekualdaketa: euskarriak lekualdatzen badira eragilearen eta arduradunaren instalazioen artean edo alderantziz, etiketatze sistema sentikorra, zifratua, enkriptatua edo pasahitz bidez babestua erabiliko da, eta baimenduta ez daudenek ireki, eskuratu edo manipulatzea eragozteko mekanismoak erabiliko dira euskarri mota guztien garraioan.
Informazioa posta elektronikoz edo antzeko bidez bidaltzea: informazioa zifratua egonen da, eta kodea beste bide batetik bidaliko da.
Gorabeherak: datu pertsonalekin gertatutako edozein gorabeheraren berri emanen zaio segituan tratamenduaren arduradunari (Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutua), 24 orduko epean gehienez ere.
Babes kopiak: kontratatu den zerbitzuagatik datuak bildu behar badira parte hartzen duen kirol federazioaren sistemetan, prozedura arautu baten bidez bermatuko da segurtasun kopiak eginen direla eta haien kalitatea aldian behin egiaztatuko dela mekanismo batzuen bidez.
Federazioak adierazten du baduela sistema bat etengabe egiaztatu, ebaluatu eta berrikusten dituena erakundean hartutako segurtasun neurriak, zerbitzua behar bezala emateko NKJFIri.
Komunikazioa beste tratamendu-eragile batzuei/azpikontratatuei.
Federazioak ezin dizkie datuak jakinarazi beste tratamendu-eragile batzuei (hirugarren enpresak edo erakundeak), ez badu tratamenduaren arduradunaren berariazko baimenik.
Halakoetan (baimena ematen bada bigarren tratamendu-eragile baterako), tratamenduaren arduradunaren jarraibideak betez egin beharko da tratamendu hori.
Ez dago baimenduta beste enpresa batzuk azpikontratatzea NKJFIren berariazko baimenik gabe. Beharrezkoa bada, federazioak 3 hilabete lehenago eskatuko du baimen hori.
Federazioak datu pertsonalak hirugarren herrialde batera edo nazioarteko erakunde bati transferitu behar badizkio, federazioak horren berri emanen dio tratamenduaren arduradunari, eta baimena eskatu horretarako.
Interesdunen eskubideak.
Federazioak konpromisoa hartzen du tratamenduaren arduradunari honako eskubide hauei erantzuten laguntzeko:
1.–Datuak eskuratu, zuzendu, ezabatu eta aurka egitea.
2.–Tratamendua mugatzea.
3.–Datuak eramatea.
4.–Banakako erabaki automatizatuen xede ez izatea (profilen prestaketa barne).
Ukitutako pertsonek datuak eskuratu, zuzendu, ezabatu eta aurka egiteko, tratamendua mugatzeko, datuak eramateko eta banakako erabaki automatizatuen xede ez izateko eskubideak gauzatzen dituztenean dagokion federazioaren aurrean, hark posta elektroniko bidez jakinarazi behar dio NKJFIri, segituan eta atzerapenik gabe.
Datuen segurtasunaren urraketen jakinarazpena.
Federazioak atzerapenik gabe emanen dio NKJFIri tratatutako datuen segurtasunean izandako edozein gorabeheraren berri, DBEOk tratamenduaren arduradunari emandako gehieneko epea iragan baino lehen.
Federazioak garrantzizko informazio guztia aurkeztuko du gorabeheraren dokumentazio eta komunikaziorako, eta sostengua eta laguntza emanen dio NKJFIri segurtasun urraketa norainokoa izan den identifikatzen eta ebaluatzen laguntzeko, NKJFIk behar den epean eta moduan egin diezazkien komunikazioak Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari eta CCN-CERTi.
Harremana/enkargua amaitzea.
Nafarroako XL. Kirol Jokoak amaituta, honako hau eginen du federazioak, NKJFIk eskatuta:
NKJFIri itzultzea datu pertsonalak eta, bidezkoa bada, horiek jasota dauden euskarriak. Itzultze horrek berekin dakar federazioak erabilitako ekipo informatikoetan dauden datu guztiak ezabatzea.
Datuak suntsitzea, zerbitzua emandakoan. Datuak suntsitu ondoren, federazioak horiek suntsitu dituela egiaztatu behar du idatziz, eta ziurtagiria eman behar dio NKJFIri.
Dena den, federazio parte-hartzaileak kopia bat gorde dezake, datuak behar bezala blokeatuta dituena, programa antolatu eta gauzatzearen ondoriozko erantzukizunak dauden bitartean.
Hemezortzigarrena.–NKJFIko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu hitzarmen hau gauzatzearen ondoriozko gorabehera guztiak eta klausula hauek interpretatzean sortzen diren desadostasunak. NKJFIko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren aurka bidezko izanen da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
NAFARROAKO KIROLAREN ETA JARDUERA | NAFARROAKO ..................................................... FEDERAZIOKO LEHENDAKARIA |
Iragarkiaren kodea: F2609625
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
