151. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

122C/2026 EBAZPENA, ekainaren 22koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dadila Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako langileen akordio kolektiboa aldatzeko erabakia.

Ikusi da Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako langileen akordio kolektiboa (kode zenbakia: 31100182132017) aldatzeko erabakiaren testua, zeina erregistroan sartu baitzen 2026ko martxoaren 30ean eta Udaleko eta sindikatu ordezkaritzak sinatu baitzuten 2025eko abenduaren 11n.

Funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen lan arloko agintaritzak akordioaren testuaren kontrol formalaren eskumena besterik ez du, Langileen Estatutuaren 85.3 artikuluan hitzarmen kolektiboetarako ezarritako gutxieneko edukia betetzen duela egiaztatzeko.

Aurrekoa gorabehera, ohartarazi behar da toki entitateak abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina) eta hura garatzeko erregelamenduen aplikazio-eremuaren mende daudela, eta horietan ezartzen diren arauak aginduzkoak eta ez gutxienetakoak dira.

Bat etorriz xedatuta dagoenarekin Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 84.3 artikuluan, bai eta Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta kontuan hartuta zer xedatzen den Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuan,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Agindua ematea Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskriba dadin Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako langileen akordio kolektiboa (kode zenbakia: 31100182132017) aldatzeko erabakia.

Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2026ko ekainaren 22an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

IRUÑEKO UDALEKO ETA HAREN ERAKUNDE AUTONOMOETAKO LANGILEEN AKORDIO KOLEKTIBOAREN 37. ARTIKULUAREN ALDAKETA

Iruñeko Udaleko Giza Baliabideen Zuzendaritzaren eta sindikatu ordezkaritzaren artean akordioa lortu ondoren, erabaki da Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako langileen 2017-2019 aldirako akordio kolektiboaren 37. artikulua aldatzea, eta honela idatzita geratuko da:

37. artikulua. Osasunaren zaintza.

1. Iruñeko Udalak bere zerbitzuan ari diren pertsonen osasun egoera aldian-aldian zainduko duela bermatuko du, lanak atxikiak dituen arriskuen arabera. Udaleko langileek eskubidea izanen dute, halaber, beren lanpostuari eta osasun egoerari buruz egiten diren azterketei buruzko informazio guztia izateko, egiten zaizkien azterketa, diagnostiko eta tratamenduen emaitzak barne. Halaber, eskubidea izanen dute emaitza horiek idatziz jasotzeko, eta beti errespetatu beharko da pertsonaren intimitaterako eta duintasunerako eskubidea, bai eta beren osasun egoerarekin lotutako informazio guztiaren konfidentzialtasuna ere.

2. Osasun azterketak.

a) Lanean hasi aurretik egin beharreko osasun azterketa alde batera utzi gabe, funtzionarioei aldizkako osasun azterketak eginen zaizkie, lanpostu bakoitzerako espezifikoak eta borondatezkoak; horiek nahitaezkoak izanen dira Udaltzaingoan, Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen 718/2003 Foru Dekretuaren 39. artikuluaren arabera. (2017ko 174. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 8koa. Akordioaren 21. orrialdea, 43tik).

Nahitaezkoak izanen dira, halaber, arrisku handiagoekin (altuerak, ibilgailuak gidatzea, zaratarekiko eta bibrazioekiko esposizioa) lotutako lan-jarduerak egiten dituzten langileen aldizkako osasun azterketak.

b) Osasunaren zaintza eta osasun azterketak, nagusiki, pertsona bakoitzak lantokian dituen arriskuen arabera eginen dira, eta haren berezitasunak kontuan hartuko dira. Azterketak beti egokitu beharko dira lortu nahi den helburura, hau da, jatorria lanean duten balizko kalteak goiz detektatzera eta bereziki sentikorrak diren pertsonak babestera.

c) Aldi baterako ezintasunagatik baja luzeak (6 hilabetetik gorakoak) dituzten langileei edo aldian behin baja horiek izaten dituztenei osasun azterketak egitera deituz gero, nahitaezkoa izanen da horiek egitea, kontingentzia arruntaren arazoak lanpostuan eraginik izan dezakeen baloratzeko.

Era berean, aurretik egindako aldizkako osasun azterketetan muga batzuekin gaitzat jo diren langileen aldizkako osasun-azterketak ere nahitaezkoak izanen dira.

Betebehar horretatik kanpo geratuko dira aurreko osasun azterketetan beren jatorrizko lanposturako muga batzuekin gaitzat jo diren langileak, baldin eta ondoren birkokapenen batzordeak birkokatu baditu. Halakoetan, suposatzen da langilea gai dela birkokatu den lanpostuko zeregin guztiak betetzeko.

d) Oro har, osasun azterketak gutxienez 2 urtean behin eginen dira. Aldizkakotasun hori alda daiteke irizpide medikoaren arabera, aldez aurreko azterketan objektibatutako lesioen tipologiaren arabera eta proposatutako muga eta egokitzapenen ezaugarrien arabera, halakorik balego.

e) Langileen artean osasuna sustatzeko asmoz, borondatezko azterketa orokorrak eginen dira azterketa espezifikoa egiteko unean.

Iragarkiaren kodea: F2609860