151. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

121C/2026 EBAZPENA, ekainaren 22koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita Iruñeko Udaleko lan ez-presentziala eta telelana arautzeko akordioa erregistratzea, gordailutzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Azterturik Iruñeko Udalean lan ez-presentziala eta telelana arautzeko akordioa (kode-zenbakia: 31100342122026), zeina erregistro honetan 2026ko ekainaren 17an sartu baitzen, Udaleko langileen ordezkarien gehiengoak 2026ko apirilaren 30ean onartu ondotik, bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 84.3 artikuluan xedatutakoarekin,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2026ko uztailaren 22an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

IRUÑEKO UDALEAN LAN EZ-PRESENTZIALA EDO TELELANA ARAUTZEKO AKORDIOA

Lanaren antolamenduan aurrerapenak izan dira teknologia berriei esker, eta modernizatu egin da; hala, antolamendua handiagoa izaten ahal da eta lanarekiko gogobetetze-maila areagotu. Horrekin guztiarekin, zerbitzu publikoen prestazioa efikazagoa da. Telelanak, era berean, dauden baliabideak modu jasangarriagoan erabiltzeko aukera ematen du, eta ingurumena babesten. 2021eko apirilean Udalaren osoko bilkurak onetsi zuen Iruñeko 2030erako Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako Estrategiak, "3.8 ekintza. Lan-mugikortasunaren plangintza eta kudeaketa" atalean, telelanaren sustapena jasotzen du hiri-mugikortasunari lotutako kontsumo energetikoa eta karbono-aztarna murrizteko neurri gisa.

251/1993 LFDk Nafarroako administrazio publikoei eskatzen die kontziliazio- eta erantzunkidetasun-neurri batzuk garatzeko bizitza pertsonalari, familiari eta lanari dagokienez. Horietako neurri bat da, hain zuzen, telelana, zerbitzu-prestazioa bateragarria denean lantokietan bertan egotea eskatzen ez duen lanaldi-modalitate batekin. Halaber, Iruñeko Udalaren Barneko Berdintasun Planak telelana zehazten du bizitza pertsonala eta profesionala uztartzeko neurri gisa.

1.–Xedea eta zehaztapena.

1.1. Telelana da zerbitzuak urrutitik emateko modalitate bat, zeinaren bidez Iruñeko Udalaren zerbitzuko langileek beren lanpostuei dagozkien eginkizunak betetzen baitituzte Administrazioaren egoitzetatik kanpo, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriekin, Udalaren sarera konektaturiko ordenagailu bat erabiliz, inola ere ezin gainditu delarik asteko lan-jardunaldiaren %40. Adibidea: bost eguneko astean, lan ez-presentzialeko bi egun egiten ahalko dira gehienez.

1.2. Hauek dira telelanaren helburuak:

–Lanaren antolaketa hobetzea Iruñeko Udalean.

–Lana eta familiako bizitza uztartzeko tresna bat eskaintzea.

–Ordu-malgutasunaren bidez lan-emaitzetan zentraturiko helburuak ezartzea, eta autonomia handiagoa ematea lan-jarduera antolatzeko garaian, zerbitzuen kalitatea gutxiagotu gabe.

–Langile publikoen lan-baldintzak eta kondizio pertsonalak hobetzea, eta langileen konpromisoa eta motibazio-maila areagotzea.

–Ingurumen-inpaktua hobetzea, lan-jardunbide jasangarriak sustatuz.

–Lan-absentismoa jaistea.

–Lanerako mugikortasuna hobetzea, joan-etorriak murriztuz; batez ere, haiek zailtzen dituzten osasun-alderdiak eta desgaitasunak daudenean.

2.–Aplikazio-eremua.

Akordio hau aplikatuko zaie Iruñeko Udalean eta Hirigintza Gerentzia erakunde autonomoan zerbitzuak egiten dituzten langileei, haien lan-harremanaren izaera juridikoa edozein izanik ere, baldin eta betetzen duten lanpostua telelanaren modalitaterako egokia bada, akordio honetan xedaturikoaren arabera.

Ez dira aplikazio-eremuan sartuko Iruñeko Udaleko Haur Eskolen erakunde autonomoko langileak.

3.–Oinarrizko printzipioak.

Telelana borondatezkoa izanen da modalitatearen aplikazio-eremuko langileentzat. Laneko arriskuen prebentzioan, pribatutasunean eta datuen babes eta konfidentzialtasunean exijitzen diren baldintzak bermatuko dira. Telelana itzulgarria da, eta langileak edozein unetan eskatzen ahalko du modalitate presentzialera itzultzea.

Telelana bateragarria da lanaldi-murrizketarekin, lanaldi presentzialeko udal-langileek dituzten baldintza beretan.

Telelangilearen izaerak zerbitzuak modalitate ez-presentzialean egiteko eman den aldi osoan irauten du, eta langileak bere lanpostua modalitate horretan betetzen duen bitartean.

Telelana ematen zaien langileek lanaldia erabat zerbitzu presentzialen bidez egiten duten langileen legezko eskubide eta betebehar berberak izanen dituzte.

Bereziki:

–Lan-karga eta jardueraren emaitza neurtzeko irizpideak kasuan kasuko zerbitzuan era presentzialean lan egiten duten langileen berberak izanen dira.

Ez dute inolako aldaketarik izanen ordainsarietan, eta ez zaizkie gutxituko prestakuntzarako, gizarte-ekintzarako eta lanbide-sustapenerako aukerak, ez eta erabat modu presentzialean diharduten langileei dagozkien bestelako eskubideak ere.

3.1. Telelangilearen eskubide espezifikoak:

–Intimitaterako eskubidea eta gailu digitalen erabilera lan-eremuan.

–Intimitaterako eskubidea lantokian irudia eta soinua grabatzeko gailuen aurrean.

–Telelanari buruzko prestakuntza jasotzeko eskubidea.

–Deskonexio digitalerako eskubidea lan-eremuan.

–Atsedenerako eta ezarritako lanaldia ez gainditzeko eskubidea.

3.2. Telelangilearen betebehar espezifikoak:

–Legez ezarritako lanaldia betetzea.

–Agindutako lana egoki eta arduraz egitea.

–Lanaldian zehar aurkitzeko moduan egotea, telematikoki edo telefonoaren bidez.

–Laneko segurtasunaren eta osasunaren alorrean indarrean dagoen araudia betetzea, eta Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak gomendatzen dituen prebentzio neurriak eta neurri zuzentzaileak hartzea.

–Horretarako, Zerbitzu horrek telelanaren arriskuen ebaluazioa emanen dio telelanean ari den langileari, baita segurtasunari eta lan-osasunari buruzko informazioa eta prestakuntza beharrezkoa ere, laneko arriskuak saihesteko eta minimizatzeko. Halaber, Prebentzio Zerbitzuak laguntza eta aholkularitza emanen du, langileak eskatzen duenean.

–Datu pertsonalak babesteari buruzko araudia eta datu horien konfidentzialtasuna betetzea.

4.–Lanpostuen eskakizunak.

4.1. Lantokitik kanpo modu efikazean egiten ahal diren funtzioak dituzten lanpostuetara soilik orientatzen da lan ez-presentziala, eta ez dira okerragoak izanen ez emandako zerbitzua, ez lantaldearen koordinazioa.

4.2. Ez dira lan ez-presentzialeko modalitatean gauzatzen ahalko egiteko eta funtzio hauek dituzten lanpostuak:

–Funtzio nagusitzat jendaurreko zuzeneko arreta presentziala duten lanpostuak, zerbitzuak ematen dituzten ordutegian.

–Lanpostuaren eduki nagusiaren parte gisa lanpostutik kanpoko presentzia eskatzen duten lanpostuak. Lanpostu horietan, alorretako zuzendaritzek baloratuko dute lan administratiboaren ehunekoa bateragarria izaten ahal den telelanaren modalitatearekin.

–Antolamendua, produkzioa eta bestelako alderdi batzuk kontuan hartuz, alorreko zuzendaritzaren iritziz lan ez-presentzialerako egokiak ez diren lanpostuak.

–Lanpostuaren funtzioetarako tresna informatikorik erabiltzen ez duten lanpostuak eta bulegotik atera ezin den materiala eta dokumentazioa erabili behar duten lanpostuak.

–Oro har, funtzioak betetzeko langilea fisikoki bere lanpostuan egotea beharrezkoa duten lanpostuak.

Nolanahi ere, Udalak beti bermatuko du zerbitzuaren beharrak gainerako langileen bidez estaltzen direla.

5.–Sartzeko baldintzak.

Oro har, zerbitzua urrutitik eta telelanaren modalitatean emateko baldintza hauek bete beharko dituzte langileek:

a) Zerbitzuak benetan eta etengabe ematea dakarren administrazio- edo lan-egoeran egotea.

b) Esleitutako lanpostu espezifikoaren edukia eta funtzionamendua ezagutzea. Horretarako, eskaera egin aurreko urtean hiru hilabetez (gutxienez) lanpostuari dagozkion funtzioak egiazki bete beharko dira.

c) Telelanaren modalitatean egiteko moduko lanpostu batean aritzea, akordio honen 4.2 apartatuko bazterketa-irizpideen arabera.

d) Eskura izatea sistema informatikoak eta komunikaziokoak, definitzen diren ezaugarriekin, zerbitzu-ematea modalitate horretan hasten den egunean.

Telelangileak Internet-konexio bat izan beharko du gutxienez 10 Mb/s-ko banda-zabalera simetrikoa duena. Halaber, bermatuko du badituela bere funtzioak modalitate ez-presentzialean modu efizientean egiteko instalazioak eta lanerako espazioa. Ez da baimentzen erabilera publikoko wifi-sare irekien bidez konektatzea.

Udalak baliabide hauek emanen ditu:

–Funtzioak telelanaren bidez egiteko behar den softwarea: urrutiko kontrol bidezko sarbiderako tresnak, zibersegurtasunekoak, bulegotikakoak, etab.

–Udalean erabiltzen diren aplikazio informatikoetarako sarbidea, bai eta dagokion zerbitzuan erabiltzen diren aplikazio informatiko espezifikoetarako sarbidea ere.

–Aurreko bi puntuetako baliabideen funtzionamenduak eta arazo-konponketak eskatzen duten laguntza teknikoa.

Telelanean diharduenaren ardura da bere lana urrutitik egiteko jartzen dituen ekipamenduek behar den gisan funtziona dezatela; sistema horiek ongi funtzionatzen ez badute, presentzialki lan egiten hasi beharko du.

e) Telelana eginen den tokian laneko segurtasunari eta osasunari buruz indarrean dagoen araudia betetzeko konpromisoa hartzea.

f) Zerbitzua behar den gisan emanen dela bermatzea.

Artikulu honetan ezartzen diren baldintzak bete beharko dira zerbitzua modalitate ez-presentzialean ematen den denbora guztian.

6.–Lan ez-presentzialaren edo telelanaren araubidean sartzeko prozedura.

6.1. Lan ez-presentziala egiteko eskaera bat bidali beharko zaio, posta elektroniko bidez, zuzeneko arduradunari, idazkaritza teknikoari eta alorreko zuzendaritzari, hilabeteko aurrerapenarekin.

6.2. Eskaera gehienez ere urtebeterako eginen da, eta tazituki luzatuko da emandakoaren iraupen bereko aldietan, baldin eta bi alderdietako batek ere ez badu espresuki atzera botatzen.

6.3. Eskaeran alderdi hauek adierazi beharko dira:

–Langilea telelanean gehienez arituko den gehieneko denbora-ehunekoa (inola ere ez da izaten ahalko asteko lanaldiaren %40 baino gehiago); adierazi beharko da lan-modalitate horretan eginen den ordutegi zehatza. Adierazitako ordutegi zehatz hori malgua izaten ahalko da, arduradunak ontzat ematen badu, eta aurreikusi gabeko premien arabera (bai zerbitzuari dagozkionak, bai telelanean diharduenarenak), betiere zerbitzuaren premia presentzialak bermatzen badira.

–Eskatzen den telelana zein datatan hasiko den eta zein datatan burutuko den.

–Langileak eskura dituen ekipamendu eta baliabideak.

–Laneko arriskuak autoebaluatzeko dokumentua, Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak igorria, behar den gisan betea eta sinatua.

–Dagokionean, argudiatutako eta baimenaren lehentasunezko irizpidetzat jotako inguruabarrak ziurtatzeko dokumentua(k).

6.4. Baldin eta zerbitzu bateko pertsona batek baino gehiagok betetzen badituzte beren funtzioak telelanaren bidez, edo hori eskatzen badute, lanaldi presentzialaren banaketa zehaztuko da eta beharrezkotzat jotzen diren txandakatzeak ezarriko dira, zerbitzu publikoa modu eraginkorrean emanen dela bermatzeko. Ondorio horietarako, zerbitzu bakoitzean eguneko gutxienez aritu beharreko langile presentzialen kopurua ezartzen ahalko dute alorretako zuzendaritzek. Baimentzen ahal direnak baino eskaera gehiago baldin badaude, baremo honen arabera puntuazio altuena duten pertsonak nagusituko dira.

a) Genero-indarkeriaren biktima diren langileak - 6 puntu.

b) Familia eta lana bateragarri egiteko arrazoiak - 4 puntu.

–Beren ardurapean hamabi urte bitarteko adingabeak dituzten langileak (edo adin hori betetzen duten lehen hezkuntzako ikasturtea burutu arte).

–75 urtetik gorako adinekoak, desgaitasunen bat duten pertsonak edo gaixotasun larriren bat duten ahaideak zaintzen dituzten langileak.

–Adingabekoak zuzeneko zaintzapean dituzten guraso bakarreko familietako langileak.

Zaintzen diren adingabekoekiko familia-harremanak barne hartuko ditu bigarren maila bitarteko odolkidetasuna, ahaidetasuna eta zaintza edo harrera, adingabekoa langile publikoarena edo haren ezkontide, izatezko bikotekide edo bizikidearena izan.

c) Osasunarekin zerikusia duten alderdiak - 2 puntu.

Gaixotasun edo egoera psikofisiko nabari bat jasatea, zerbitzua modalitate ez-presentzialean egiteak hobetzen duena edo langilearen osasun-egoera babesten duena. Osasun-zerbitzu publikoaren txosten medikoen bidez ziurtatu behar dira egoera horiek.

d) Lanaldi batzuk arratsaldez dituzten bulego-langileak - puntu 1.

e) Beste arrazoi batzuk. Eskatzaileak lanaldi ez-presentzialaren eskaera arrazoitzen duten inguruabarrak alegatuko ditu, aztertuak izan daitezen, interesekoa iruditzen zaion dokumentazio oro aurkeztuta.

6.5. Langile bakoitzeko astean bi eguneko gehieneko orokorraren barruan, alorretako zuzendaritzek gehieneko desberdin bat (egun batekoa) onesten ahalko dute, edo telelanaren aukera zer zerbitzutan ez den bateragarria zehazten. Eskatzaileen alorretako zuzendaritzek kontuan izan beharko dituzte inguruabar hauek, telelana onetsi edo ezetsi aurretik:

–Ea eskatzaileak eta haren lanpostuak betetzen dituzten akordio honetan xedaturiko eskakizunak.

–Ea langilearen lana egiteko modukoa den modu ez-presentzialean, eskatzen diren denboran eta egunetan.

–Ea premia presentzialak estaliko dituen zerbitzu-antolamendua bermatzen den, halakorik badago.

6.6. Langilearen arduradunaren eta giza baliabideetako alorraren onespena beharko da lan ez-presentzialean hasi aurretik. Alorretako zuzendaritzek eskaerak onetsi edo ukatu dituzten, giza baliabideetako alorrari jakinaraziko diote, eta hark telelanaren baimena berresteko edo ukatzeko ebazpena onetsiko du. Ebazpen hori interesdunei jakinaraziko zaie.

6.7. Zerbitzu berean eskaera bat baino gehiago daudenean, Udalak beti bermatuko du premia presentzialak estaltzen direla, aldi berean telelanean aritu daitezkeen pertsonen gehieneko kopurua ezarriz.

7.–Lan ez-presentzialaren edo telelanaren araubidearen baldintzak eta kontrola.

7.1. Lan ez-presentzialaren modalitatea hautatzen duen pertsonak Udalaren lan-egutegian ezarritako lanaldia bete beharko du.

7.2. Telelanaren modalitatean ezarritako eguneko lanaldia egin beharko dute langileek, eta ordu-malgutasunaren poltsa ez da aplikatuko araubide horretan. Urteko berrikuspenean, lan-modalitate horren funtzionamendua egiaztatu ondotik, malgutasun-poltsa aplikatzeko aukera aztertuko da.

Bulego-orduetan, eguneko lanaldia, oro har, 07:31 eta 17:00ak bitartean egin beharko da, nahitaezkoa delarik 9:30etik 14:30era zerbitzua ematea.

7.3. Langilea telelanean aritzen den tokitik lantokira joateko behar den denbora ez da laneko denbora efektibotzat joko (adibidez, bilera presentzial batera joan behar izanez gero).

7.4. Urruneko fitxaketa bidez erregistratuko da presentzia, langilearen ataritik.

7.5. Oro har, asteko lanaldia halako moldez banatuko da non gehienez ere haren %40 eginen baita telelanaren modalitatean. Salbuespenezko kasu justifikatuetan, alorreko zuzendaritzak baimenduta eta lan-antolaketaren arrazoiengatik, telelanaren egunak aste oso batean metatzen ahalko dira. Horrelakoetan, langileak era presentzialean emanen du zerbitzua aurreko edo ondoko aste osoan.

7.6. Udalaren instalazioetan lan egiten denean eskatzen den jardun- eta konpromiso-maila berdina espero da. Beraz, langileak prest egon behar du ohiko lan-ordutegian harremanetan paratzeko, mezu elektroniko eta telefono-deiei erantzuteko eta bileretan parte hartzeko, dela birtualki, dela presentzialki, beharrezkoa denean. Gatazka badago telelanerako eta alorrean edo zerbitzuan lan presentzialean aritzeko hautatutako ordutegiaren artean, azken hori nagusituko da beti.

7.7. Zehaztutako egun eta orduetan zerbitzuak telelanaren araubidean emateko baimena ez da absolutua izanen, eta ez da telelanerako eskubide baldintzatu gabe bat. Ondorioz, antolamenduaren inguruko arrazoiak direla eta, dagokion alorreko zuzendaritzak eskatzen ahalko du zerbitzua presentzialki emateko, beste kasu batzuen artean, presentzialtasuna eskatzen duten egitekoak daudenean, beste formatu batean egin ezin diren bileretara joateko, absentziak, bajak eta plantillako bestelako egoera batzuk estali behar direnean eta antolamendu-gorabehera bereziak dauden aldietan; kasurako, oporretan. Eskakizun hori ondoko egunerako egiten ahalko da, eta langileek betebeharra dute adierazitako baldintzetan betetzeko.

8.–Bi alderdien konpromisoak.

8.1. Udalak konpromisoa hartzen du langileek urrunetik lan egiteko aukera izatearen alde egiteko, akordio honen baldintza guztietan. Akordioaren aplikazioan sortzen ahal diren interpretazioak arauaren espiritua aintzat hartuz konponduko dira; hau da, bateragarritasun egokia bilatuko da zerbitzu publikoa behar den gisan ematearen eta bizitza pertsonala eta familia lanarekin uztartzeko premien artean.

8.2. Lan ez-presentzialean edo telelanean aritzeko akordioa sinatuz, langileak ziurtatzen du ulertzen eta betetzen dituela laneko segurtasunaren eta osasunaren alorreko estandarrei dagozkien eskakizun guztiak.

8.3. Langileak ez du Udala erantzule eginen urrunetik lan egiten duen tokian bere jabetzari edo hirugarrenei eragindako lesio eta kalteengatik, lan ez-presentziala edo telelana erabat borondatezkoa dela jotzen da eta.

8.4. Alorreko arduradunak finkatuko ditu urrunetik diharduen langileak bete beharreko helburuak, eta aldian behin ikuskatuko du helburu horiek betetzen diren, ziurtatzeko telelanean diharduten langileen jardunak ez diola eragiten bere alorraren edo departamentuaren eraginkortasunari.

8.5. Udalak langileei eskaintzen dien malgutasun-neurri bat da lan ez-presentziala edo telelana. Jardun-modalitate horrek zerbitzu publikoaren kalitateari eragiten dion heinean, alorretako zuzendaritzek eskubidea dute haren erabilera mugatzeko, akordio honen 7.6, 7.7, 9. eta 11. puntuetan xedaturiko prozeduraren bidez.

9.–Dirulaguntza ukatzeko arrazoiak.

Zerbitzua telelan-modalitatean emateko baimenak ukatzeko, ondoan aipatzen diren arrazoietakoren batek gertatu behar du:

a) Akordio honen 5. puntuan biltzen diren baldintzak ez betetzea.

b) Eskatzaileak ez aurkeztea akordio honen 6.3 eta 6.4 puntuetan ezarritako dokumentazioa, Udalak gabezia zuzentzeko eskatu arren.

c) Zerbitzuaren beharrak estali gabe gelditzea; behar den gisan arrazoitu beharko da hori ukatze-ebazpenean.

d) Lanpostuz edo zerbitzuz aldatzea telelana eskatu ondotik, baimena jaso baino lehen.

e) Zerbitzua telelanaren modalitatean emateko baimena atzera bota izana telelanaren modalitatean zerbitzua emateko eskatzen dena baino hamabi hilabete lehenago, 11. puntuko c) eta e) letretan ezartzen diren arrazoietakoren bat gertatzen delako.

f) Alorretako zuzendaritzek adieraztea zerbitzu publikoaren kalitateak behera egin duela.

Ukatze-ebazpenak –behar den gisan arrazoitua– ez dio azkena emanen administrazio-bideari.

10.–Uko egitea.

Zeinahi unetan egin dakioke uko telelanari. Horretarako, instantzia aurkeztuko zaio zuzeneko arduradunari, telelana uzteko asmoaren berri azaltzeko; gutxienez zazpi lanegun lehenago eman behar da aurreabisua. Horrek ez du eragozten berriro lan-modalitate hori eskatzea.

11.–Errebokatzea.

Udalak telelanerako akordioa errebokatzen ahalko du, honako egoera hauetakoren bat gertatzen bada:

a) Telelangileak uko egitea.

b) Gerora sortutako arrazoiengatik, baimenaren ebazpena arrazoitu zuten baldintzak eta betebeharrak aldatzen badituzte.

Zerbitzuko langileen oporrak eta bajak ez dira errebokatzeko kausa izanen, baizik aldi batez etetekoa, akordio honen 7.6 puntuan xedaturiko baldintzetan.

c) Inpaktua izatea langilearen edo lantaldearen produktibitatean, edo lanaldia betetzen ez dela frogatzea.

d) Justifikatutako zerbitzu-beharrak.

e) Arau-haustea zibersegurtasunaren alorrean eta arau-haustea informazioaren segurtasunarekiko eta hitzartutako konfidentzialtasunarekiko konpromisoari dagokienez.

f) Antolamendu berri bat esleitzea eta lanpostuaren funtzio eta egitekoak aldatzea; kasu horretan, beste eskaera bat bidali beharko zaio arduradun berriari, eta beste onespen bat lortu.

Alorretako zuzendaritzek txostenak igorriko dituzte, telelanean aritzeko baimena ezeztatzeko proposamena arrazoitzen duten inguruabarrak azaltzeko. Baliogabetzea onetsiz edo ukatuz emanen da giza baliabideetako alorraren ebazpen arrazoitua. Ebazpen horrek ez dio azkena emanen bide administratiboari.

Telelanean aritzeko aukera errebokatzen denean c) eta e) letretan xedatutako kausetakoren bat gertatzen delako, ez da emanen zerbitzua telelanaren bidez egiteko beste aldirik 12 hilabeteko epean.

12.–Lan ez-presentzialeko edo telelaneko araubidea azkentzea eta lanaldi presentzialera itzultzea.

Telelaneko araubidea ondotik aipatzen diren gorabeheretakoren bat gertatzen denean azkenduko da:

a) Baimena ematen duen ebazpenean jartzen den epea burutu delako, luzapena egin ez bada.

b) Telelangileak uko egitea.

c) Telelanean aritzeko baimena errebokatzeagatik.

13.–Kontingentzia profesionalak.

Kontingentzia profesionalei dagokienez, laneko istripuen eta gaixotasunen arloan indarrean dagoen araudia aplikatuko da.

14.–Jarraipena eta berrikuspena.

Aldian-aldian Iruñeko Udaleko Langileria Batzordeari eta Langileen Komiteari bidaliko zaio onetsitako telelanerako emakidei buruzko informazioa, bai eta ukatze eta ezeztatzeei buruzkoa ere.

Akordio hau berrikusi eginen da sinatu eta urtebeteren buruan.

15.–Xedapen indargabetzailea.

Estatuan eta Nafarroan administrazio publikoetako urruneko lana ofizialki arautzeko legeren bat onesten bada, Iruñeko Udalaren aplikazio-eremukoa dela jotzen dena, akordio hau indargabetuko da eta deialdia eginen zaio Negoziazio Mahaiari, urruneko lanaren etorkizuna aztertzeko Udalean, onespen horren ondorioz.

Iragarkiaren kodea: F2609855