Iragarkia
151. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 4a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
TUTERA
Aldaketa, Hiriko mugikortasun jasangarriaren udal-ordenantzan. Behin betiko onespena
Tuterako Udalak, 2026ko martxoaren 30ean egin ohiko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Hiriko mugikortasun jasangarriaren udal-ordenantzaren aldaketak, zeinek artikulu hauei eraginen baitiete: 15., 16., 17.1, 17.4 –a), b) (III), c) eta e) letrak–, 65.4 –f) letra–,68.2 eta II. eranskineko 7.a artikulua.
Espedientea jendaurrean egon zen hogeita hamar egunean, behin argitaratuta 2026ko 88. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 7an, eta Tuterako Udalaren iragarki-taulan. Jendaurreko aldian inork ez du erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu.
Horiek horrela, eta bat etorriz ezarrita dagoenarekin Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c artikuluan, behin betiko onesten dira eta argitarat ematen dira Hiriko mugikortasun jasangarriaren udal-ordenantzaren aldaketak, zeinek artikulu hauei eraginen baitiete: 15., 16., 17.1, 17.4 –a), b) (III), c) eta e) letrak–, 65.4 –f) letra–,68.2 eta II. eranskineko 7.a artikulua.
Tuteran, 2026ko uztailaren 13an.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.
HIRIKO MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN UDAL-ORDENANTZA
ZIOEN AZALPENA
I
Botere publikoen betebehar nagusia eta garrantzitsuena da babestea bizitzeko oinarrizko eskubidea, eta pertsonen osasunerako eskubide konstituzionala, gure Konstituzioak eta gainerako antolamendu juridikoak emandako babes gorena duten ondasun juridiko gisa, zeinek korolario modura balio baitute gainerako oinarrizko eskubide guztiendako eta banako eskubide guztiendako.
Hiriko mugikortasun jasangarriari esker, ahalbidetzen da bateragarria izan dadin banako eskubideak benetan erabiltzea eta pertsonen osasuna eta osotasun fisikoa babestea, bide-segurtasunaren bitartez eta aire kalitatea hobetzeko eta hiri barneko ingurumena babesteko neurrien bitartez.
Espazio publikoak ahalbidetzen du eskubideak eta askatasunak bizikidetza zibikoaren bidez erabil daitezen. Era horretan, mugikortasuna eta hiri barneko espazio publikoa –beti baliotsua eta mugatua– eskuragarri eta erabilgarri izan dadin da herritarren bizikidetza sozialerako erarik garrantzitsuenetako bat; halaber, jarduera ekonomikoa eta aurrerapen sozial eta teknikoa laguntzeko erabili behar da, era jasangarri batez, hala ingurumenari nola energiari dagokienez, eta hori guztiz bateragarria izan behar da bizitzeko eta osasunerako eskubidea babestearekin.
Halaber, espazio publikoa herritar guztiena da; erabiltzaile guztiek partekatu behar dute, bateragarritasunez, modu orekatu eta ekitatiboan, eta mugikortasun-dibertsitatea duten pertsonen irisgarritasun unibertsala eta eskubideak bermatu behar dira.
Mugikortasunari buruzko ordenantza honek erabileren eta joan-etorrien arteko lehentasun mailakatua erabiltzen du irizpide gisa, eta kontuan hartzen ditu bai erabiltzaileen ahulezia, bai ingurumenean izandako inpaktu txikienak, bermatu nahi baititu pertsonen segurtasuna eta osasuna, aire kalitatearen hobekuntza, eta ingurumenaren babesa. Horiek horrela, motordun ibilgailu pribatuari protagonismoa kentzen zaio, pixkanaka, bestelako joan-etorrien mesedetan (oinez, garraio publikoan edo bizikletaz edo mugikortasun jasangarriko ibilgailuetan mugitzea). Eta ezinbesteko merkataritza banaketaren efizientzia ere bultzatzen da.
Mugikortasun jasangarriaren paradigma berri hori lotzen da, ezinbestean, mugikortasun politikak egiteko prozesua bera ulertzeko era berri batekin. Mugikortasun politikak diseinatzea ez da arazo tekniko hutsa; izan ere, askotariko kontuei erantzun behar zaie, zeinak lotuta baitaude hiriaren ekonomia-, gizarte-, ingurumen- eta kultura-alderdiekin.
II
Ordenantza hau trafikoari, ibilgailuen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko arau bat da, eta honako eskumen hauek erabiliz onesten du Tuterako Udalak:
1. Trafikoa, ibilgailuen aparkatzea eta mugikortasuna, jarraikiz Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen (aurrerantzean, TAOL) 25.2.g) artikuluari.
2. Bide-segurtasuna, jarraikiz urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 7. artikuluari; haren bidez onetsi zen Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bategina (aurrerantzean, BSL).
3. Hiri barneko bideen erabilera arautzea zirkulazioko udal ordenantza bidez, aparkalekuak erabiltzaile guztien artean berdintasunez banatzeko, ibilgailuen zirkulazioaren arintasunari eta kaleen oinezko erabilerari kalterik egin gabe, bai eta aparkaldi mugatuko neurriak ezartzea ere, aparkalekuak txandaka erabil daitezen bermatzeko, bereziki aintzat hartuta desgaitasun baten ondorioz mugikortasun urria duten eta ibilgailuak erabiltzen dituzten pertsonen premiak, pertsona horiek gizarteratzen laguntzeko. Hori guztia, honako hauek betez: BSLren 7.b) artikulua eta 52/2022 Foru Agindua, martxoaren 7koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartela arautzen duena Nafarroako Foru Komunitatean, zeina argitaratu baitzen 2022ko 60. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 24an.
4. Beren titulartasuneko hiri barruko bideetan trafikoa arautzea, antolatzea, kudeatzea, zaintzea eta diziplina ezartzea, beren agenteen bitartez, bai eta bide horietan egindako arau-hausteak salatu eta zehatzea ere, betiere hori ez badu beste administrazio batek berariaz esleituta, BSLren 7.a) artikuluari jarraikiz.
5. Ibilgailuak ibilgetu eta kentzea, hiri barruko bideak behar denean ixtea eta ibilgailu jakin batzuei hiri barruko bideetako zirkulazioa mugatzea ingurumen arrazoiengatik, jarraikiz, hurrenez hurren, BSLren 7. artikuluko c), f) eta g) letrei, bai eta artikulu horretako gainerako eskumenak ere.
Ordenantza honek oso gogoan ditu honako helburu hauek, zeinak beste eskumen titulu batzuekin lotuta baitaude (eskumen tituluok, hain zuzen, erabiltzen dira trafikoaren, zirkulazioaren eta ibilgailuak aparkatzearen, bide-segurtasunaren, mugikortasunaren eta bide eta espazio publikoetako erabilera antolatzearen eskumen tituluen mende eta zeharka):
a) Osasungarritasun publikoa eta ingurumenaren kontrol sanitarioa babestea, TAOLaren 25.2.j) eta 33. artikuluetan eta Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
b) Hiri barneko ingurumena babestea, batez ere airearen kutsaduratik, jarraikiz TAOLaren 25.2.b), 26.1.d) eta 33. artikuluetan ezarritakoari eta Atmosfera Babesteari eta Airearen Kalitateari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 5.3 artikuluan ezarritakoari.
c) Mugikortasun jasangarriaren printzipioak eta helburuak, Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legearen 44.etik 52.era arteko artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.
III
Hamabost urte pasatu dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean Trafikoari buruzko Ordenantza Orokorra argitaratu zenetik; horregatik, beharrezkotzat jotzen zen haren edukia eguneratzea, behar hauek betetzeko:
a) Bizitzeko eta osotasun fisikorako oinarrizko eskubidea babesteko behar den araudia onartzea, TAOLaren 25.2.g) artikuluari jarraikiz.
b) Bizitzeko eskubidea eta osasunerako eskubidea babestea hiri barruko bideetan bide-segurtasuna hobetuz, arreta berezia jarrita espaloietan eta bereziki babestutako kolektiboetan.
c) Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legearen 2. artikuluan ezarritako printzipioak aplikatzea.
d) Mugikortasun urriko pertsonen eskubideenganako babesa indartzea.
e) Udal araudia egokitzea Europar Batasuneko eta Espainiako araudiak zirkulazioaren, ibilgailuen eta gidarien arloan eragindako arau aldaketetara (besteak beste, honako hauen aldaketetara: Zirkulazioko Erregelamendu Orokorra; Ibilgailuen Erregelamendu Orokorra eta Gidarien Erregelamendu Orokorra). Eta ordenantza honen edukia koordinatzea zaratei eta gizalegeari buruzko egungo ordenantzen edukiarekin.
f) Azkenik, gizarte, ekonomia, ingurumen, kultura, teknika eta teknologiaren etengabeko bilakaerak mugikortasunaren alorrean eragindako aldaketei erantzuteko beharra.
IV
Azaldutakoa aplikatuz, ordenantza honek aldaketok ekarri ditu nagusiki:
a) Arauaren gorputza berregituratzea, nahitaezkoa azken 15 urteotan hogei bat aldaketa izan ondotik.
b) Gure kale eta plazak oinezkoendako gune bihurtzen aurrera egitea, sinetsita baikaude azaldutako helburuak lortzeko bide saihetsezina ez ezik, hirien modernizazio jasangarriaren emaitza ziurra ere badela.
c) Bizikletekin eta garraio publikoarekin batera, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak ere sartzea autoen eta motozikleten ordezko aukera gisa, hirian barrena mugitzeko.
d) Eremu urdina doakoa izatea foru arau honetan adierazitako egiaztagiria duten pertsonendako: 52/2022 Foru Agindua, martxoaren 7koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartela arautzen duena Nafarroako Foru Komunitatean.
V
Bat etorriz ezarrita dagoenarekin Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129.7 artikuluan eta Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 7. artikuluan, ordenantza hau aplikatzeak eragiten badie udal gastuei edo diru-sarrerei, zehatz-mehatz bete beharko dira aurrekontu egonkortasuneko eta finantza iraunkortasuneko printzipioen eskakizunak, kontuan hartuta lege organiko horretan eta Aurrekontu Egonkortasunaren Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 2ko 1463/2007 Errege Dekretuan toki entitateei aplikatzeko ezarritakoa.
ATARIKO TITULUA.–XEDEA ETA APLIKAZIO-EREMUA
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honek xedetzat du hiri barneko bideen eta espazioen erabilerak harmonizatzea, barne hartuta oinezkoena, ibilgailuen zirkulazioarena, aparkatzea, pertsonak garraiatzea, salgaiak banatzea, eta mugikortasun jasangarriarekin lotuta espazio publikoa erabiltzeko beharrak; horrez gain, bateragarri izan daitezen behar eta erabilera guztiak, erabiltzaileen arteko oreka eta ekitatearekin, eta bermatzea mugikortasun-dibertsitatea duten pertsonen irisgarritasun unibertsala eta eskubideak. Horretarako oinarrizko irizpide gisa baliatuko da erabileren eta joan-etorrien arteko lehentasun mailakatua, kontuan hartuta bai erabiltzaileen zaurgarritasuna, bai ingurumenean izandako inpaktu txikienak, bermatu daitezen pertsonen segurtasuna eta osasuna, aire kalitatearen hobekuntza, eta ingurumenaren babesa.
2. artikulua. Aplikazio-eremua.
Ordenantza honen manuak Tuterako hiri barruko bide guztietan aplikatuko dira, bai eta beste administrazio edo organismo batzuekin eskumena lagata edo partekatua duten beste horietan ere. Halaber, aipatzen diren hauek guztiek bete beharko dituzte manuok: hiri-barrukoak izan, eta zirkulaziorako egoki diren bide eta lursail publikoen titular eta erabiltzaileek, bai eta erabilera erkideko bide eta lursailen titular eta erabiltzaileek, zirkulaziorako egokiak izan ez arren, eta, gainera, bestelako araurik ezean, erabiltzaile kopuru zehaztugabe batek erabiltzen dituen bide eta lursail pribatuen titularrek.
I. TITULUA.–ARAU OROKORRAK
3. artikulua. Bizikidetza bide eta espazio publikoetan.
Hiri barruko bideak eta espazioak askotariko erabilerek eta erabiltzaileek partekatutako espazioak dira, eta erabiltzaile horiek bizikidetza errespetatu beharko dute gainerakoekin, eta haien segurtasuna zaindu. Horregatik, arau orokor gisa, oinezkoei eman beharko zaie lehentasuna, eta tamaina, arrisku edo inpaktu handieneko ibilgailuek lehentasuna eman beharko diete, halaber, barrukoak gutxien babesten dituzten ibilgailuen erabiltzaileei.
4. artikulua. Irisgarritasun unibertsalaren bermea.
Ordenantza honen helburu bat da hala egoiliarren nola bisitarien irisgarritasun unibertsala bermatzea; mugitzeko moduen artean hautatzeko askatasuna errespetatuko da, halaber, eta egoiliarren bizi kalitatea eta atsedenerako eskubidea ziurtatuko dira. Horrenbestez, mugitzeko moduak erabiltzeko orduan, ahaleginduko da ez dadila ingurumenean inpakturik egon, edo haiek ahalik eta txikienak izan daitezela; horrez gain, erabiltzailerik sentiberenak espazio publikoetatik kanporatu ez daitezela saihestu beharko da (hau da, umeak, adinekoak, arnasbideetako gaixotasunak dituztenak, desgaitasuna edo dibertsitate funtzionala duten pertsonak, etab.).
5. artikulua. Erabiltzaileen portaera.
Ordenantza honen aplikazio-eremuko bideen eta espazioen erabiltzaile guztiek honako betebehar hauek dituzte:
a) Men egitea betebehar edo debekuren bat ezartzen duten zirkulazioko seinaleei; era berean, zirkulatzen ari direnean aurkitutako erregelamenduzko gainerako seinaleen aginduetara egokitzea beren jokabideak.
b) Errespetatzea ezarritako abiadura mugak, bai eta indarreko araudiak ezarritako beste edozein lehentasun ere; eta, gainera, kontuan hartzea beren baldintza fisiko eta psikikoak, bidearen ezaugarriak eta egoera, baita ibilgailuarenak eta haren kargarenak ere, eta orobat eguraldiaren, ingurunearen eta zirkulazioaren baldintzak, eta orokorrean une bakoitzean gertatzen ahal diren inguruabar guztiak, ibilgailuaren abiadura haietara egokitzeko, haren abiada betiere gelditzeko maneran, bere ikuseremuaren mugan eta edozein oztoporen aitzinean.
c) Bideen erabiltzaileak behartuta daude zirkulazioa ez trabatzeko moduan jokatzera, baita jendearendako arrisku, kalte edo trabarik ez sortzera ere, eta ondasunak ez hondatzera.
6. artikulua. Bide publikoko jarduerak.
Debeku da suteak, zikinkeria, zirkulaziorako arriskua edo, oro har, kaltea eragin dezaketen gauzak edo likidoak bidera botatzea.
7. artikulua. Debekatutako zarata eta seinale akustikoen erabilera.
Ibilgailuek ez dute zaratarik sortuko seinale akustikoak behar ez denean eginda, bat-batean azeleratuta, ihes-hodi trukatu edo hondatuak erabiliz, musika ekipoak bolumen handian jarrita edo bestelako inguruabar desegokien bidez.
Seinale akustikoen hotsa ez da karrankaria izanen, eta debeku da arrazoirik gabe edo modu nabarmenean erabiltzea; haatik, istripuak galarazteko egiten ahal dira. Debeku dira musika notak egiten dituzten seinale akustikoak.
8. artikulua. Ibilgailuetako alarmak arrazoirik gabe erabiltzea.
Ibilgailuen soinu-alarmak arrazoirik gabe pizteagatik zehapena ezarriko da. Halakorik gertatzen bada, jabea bilatuko da, eta, zentzuzko denbora bat igarota ezinezkoa izan bada, garabiak udal gordailura eramanen du ibilgailua, eragindako eragozpenak gutxitzeko, eta gidariak ordaindu beharko du garabiaren likidazio-tasa, ibilgailua berreskuratu ahal izateko.
9. artikulua. Oinezkoak eta eremu publikoaren beste erabiltzaileak ez gogaitzea.
Galtzada gaizki baldin badago, obrak, eguraldia edo beste zerbait dela eta, gidariek kasu eman beharko dute, istripurik eta oinezkoendako eragozpenik gerta ez dadin.
II. TITULUA.–OINEZKOEN MUGIKORTASUNA
10. artikulua. Oinezkoen zirkulazioa.
1. Oinezkoek zirkulatzen ahalko dute oinezkoen eremuetan, espaloietan, pasealekuetan eta parkeetan, baita bizitegi kaleetan ere. Galtzadak eta bizikleta-bideak gurutzatuko dituzte seinaleztatutako pasabideetatik.
2. Oinez doazenak bizikleta alboan daramatelarik oinezkotzat joko dira ondorio guztietarako.
3. Mugikortasun urriko pertsonek, aulkietan edo trizikloetan doazelarik, lehentasuna izanen dute gainerako oinezkoen aurrean eta, gainerako oinezkoendako lekuetatik ez ezik, bizikleta-bideetatik ere ibiltzen ahalko dira, baldin eta horiek bereizita badaude trafiko motordunetik, eta hor ere lehentasuna izanen dute.
11. artikulua. Oinezkoen eremuaren definizioa.
Tuterako Udalak ibilgailuak zirkulatzeko edo aparkatzeko erabat edo partzialki debekatu dituen aldeak dira oinezkoen eremuak.
12. artikulua. Oinezkoen eremuetako seinaleak eta mugaketa.
Eremu hauek zutikako seinaleen bidez zedarrituko dira, baita ibilgailuak toki horietara sartzea galarazi edo mugatuko duten beste elementu batzuk ezarriz ere.
13. artikulua. Mugatze orokorrekiko salbuespenak.
Murrizketa hauek ez dute eraginik izanen baldin ibilgailuek Udalaren baimena badute, kontuan hartuta tokiaren eta ibilgailua erabiltzen duenaren ezaugarriak. Bizikletetan ere ez dute eraginik, libre baitira oinezkoen gunean ibiltzeko, oinezkoen urrats arruntaren abiaduran dabiltzan bitartean.
14. artikulua. Oinezkoen lehentasuna ibilgailuen aurrean.
1. Oinezkoen eremuetan oinezkoak lehentasuna izanen du ibilgailuen aurretik, baita ibilgailua larrialdi zerbitzu batean badabil ere, erregelamenduari jarraikiz hala seinalatzen duten arren.
2. Espaloietan eta oinezkoen pasabideetan ez da ibilgailu aparkalekurik ezarriko bost metroko zerrenda batean, oinezkoen pasabidearen aurretik, hori posible bada.
15. artikulua. Erdialdeko oinezkoen eremua.
1. Honako kale hauek osatuko dute:
–Arbolancha.
–Concarera.
–Cunchillos.
–Eza, D. Miguel (Fueros plazaren eta Pasaje del Regio kalearen arteko tartea soilik).
–Gaztambide-Carrera.
–Muro.
–Pasaje de la Milagrosa.
–Constitución plaza.
–Fueros plaza.
–Tornamiras.
–Ugarte, doña María (Fueros plazaren eta Misericordia kalearen arteko tartea soilik).
2. Honako hauek dira Erdialdeko oinezkoen eremurako sarbideak:
a) Muro kalea, Concarera, Tornamiras, Arbolancha eta Cunchillos kaleetara sartzeko.
b) Gaztambide-Carrera, Fueros plazara eta Ugarte kalera sartzeko.
c) Eza, Pasaje de la Milagrosa kalera eta Constitución plazara sartzeko.
16. artikulua. Alde Zaharreko oinezkoen eremua.
1. Honako kale hauek mugatutako eremuak osatuko du:
–Albillo.
–Arbollones.
–Benjamín de Tudela.
–Bóveda.
–Portal.
–Cárcel Vieja.
–Carmen Alta.
–Carmen Baja.
–Carnicerías.
–Chapinerías.
–Cortadores.
–Cortés.
–Descalzos.
–Dombriz.
–Fuente del Matadero.
–Fuente del Obispo.
–Gayarre (1etik 11ra artekoa eta 2tik 8 bisera artekoa).
–Granados (1, 2, 3, 4 eta 6).
–Herrerías.
–Horno del Pasaje.
–Horno la Higuera.
–Hortelanos.
–Huerto del Rey.
–Jorge Burgaleta.
–Juicio.
–La Higuera.
–La Parra.
–Las Vueltas.
–Leache.
–Magallón.
–Mercado Viejo.
–Merced.
–Miguel Servet 1.
–Pasaje.
–Judería plaza.
–La Vida plaza.
–Mercadal plaza.
–San Jaime plaza.
–Plaza Vieja plaza.
–Pontarrón (2tik 16ra artekoa eta 1etik 13ra artekoa).
–Roso.
–Rúa.
–San Anton (2tik 18ra artekoa eta 1etik 11ra artekoa).
–San Clemente.
–San Julián.
–Verjas.
–Yanguas y Miranda.
–Zurradores.
2. Honako hauek dira Alde Zaharreko oinezkoen eremurako sarbideak:
a) Verjas kaletik sartuko da honako kale hauetara: Arbollones, Benjamín de Tudela, Cárcel Vieja, Carnicerías (1etik 13ra eta 2tik 12ra), Dombriz, Fuente del Obispo, Horno del Pasaje, Horno de la Higuera, Hortelanos, Huerto del Rey, Juicio, La Higuera, La Parra, Las Vueltas, Magallón, Merced, Miguel Servet (1 zenbakia), Pontarrón (1etik 13ra eta 2tik 16ra), Portal, Roso, Rúa, San Antón (1etik 11ra eta 2tik 18ra), San Julián, Verjas, Judería plaza, La Vida plaza, San Jaime plaza eta Plaza Vieja plaza.
b) Gayarre kaletik sartuko da honako kale hauetara: Albillo, Bóveda, Carmen Alta, Carmen Baja, Carnicerías (14tik 18ra eta 15etik 25era), Chapinerías, Cortadores, Descalzos (tarte hauek izan ezik: 1etik 5era eta 2tik 8ra), Fuente del Matadero, Herrerías (36tik 42ra izan ezik), Jorge Burgaleta, Leache, Pasaje, Yanguas y Miranda eta Zurradores.
c) Granados kaletik sartuko da honako kale hauetara: San Clemente, Mercado Viejo; Herrerias kaleko 36, 38, 40 eta 42 zenbakiak eta Descalzos kaleko 1etik 5era eta 2tik 8ra.
Mercadal plazara sartzeko baimena duten ibilgailuek Granados edo Gayarre kaleak erabiltzen ahal dituzte, bata zein bestea. Eta, irteteko, Mercado Viejo edo San Juan kaleak erabili beharko dituzte.
d) Enseñanza kaletik sartuko da Velilla eta Regacho kaleetara.
17. artikulua. Ibilgailuak oinezkoen eremuetan sartzea arautzea.
1. Bateragarriak izan daitezen, batetik, kale horietako oinezkoen erabilera eta xedea, eta bestetik, zerbitzu publikoak ematea bermatu beharra, eta bizilagunei sarbidea errazteko, baimendutako ibilgailuak sartzen ahalko dira oinezkoen eremuetan eta kaleetan, behar den eskaera izapidetu ondotik.
Betiere, baimendutako ibilgailuek errespetatu beharko dituzte trafikoa arautzen duten bide-seinaleak eremu horietan sartzen direlarik.
Aldaketaren bat gertatzen bada baimena ematea eragin zuen baldintzaren batean, eskatzaileak haren berri eman beharko dio Tuterako Udalari hilabeteko epean, beranduenez.
2. Oinezkoen eremuetako zamalanak eginen dira horren gainean ezarritako ordutegian, eta ezarritako ibilbideei jarraikiz.
3. Debeku da ibilgailuak sartzea eta aparkatzea oinezkoen eremua osatzen duten kale guztietan, baimendutako ibilgailuak izan ezik, zeinek xede horretarako seinaleztatutako tokiak erabili beharko baitituzte.
4. Zehaztutako oinezkoen eremuan sartzen ahalko dira:
a) Egoiliarren ibilgailuak, eremua osatzen duten kale edo plazetan. Orobat, honako hauei soilik ematen ahalko zaie baimena:
–Egoiliarraren titulartasuneko ibilgailuak.
–Egoiliarrak errentan hartu dituen ibilgailuak.
–Baldin lantoki duen enpresak ibilgailu baten erabilera esklusiboa laga badio egoiliarrari, ibilgailu horri ere ematen ahalko zaio baimena.
Baldin eta egoiliarrek ez badute ibilgailu propiorik, ez badute ibilgailurik errentan hartu eta lantoki duten enpresak ez badie laga ibilgailu baten erabilera esklusiboa, beste ibilgailu batendako eskatzen ahalko dute baimena. Dena den, gehienez ere bi (2) baimen emanen dira etxebizitza bakoitzeko. Ibilgailurik ez daukaten egoiliarrendako baimen hauek ez dira emanen baldin eta etxebizitza berean bizi diren egoiliarrek bi (2) ibilgailu edo gehiago baldin badauzkate baimenduta jada.
b) Eremuko kaleetan dauden negozio, elkarte, peña eta abarretako ibilgailuak; honelaxe eskuratuko dute baimena:
i) Tabernak, dendak eta abar: bi (2) baimen, sozietate izen bakoitzeko.
ii) Gastronomia elkarteak, peñak eta elkarteak oso har: baimen bat (1) hogeita bost (25) bazkideko edo frakzio bakoitzeko.
iii) Turismo ostatuak: establezimendu horietan ostatatzeko erreserba duten bezeroak baino ez dira sartzen ahalko, establezimenduetan, garajea dagoenean. Garaje plaza bakoitzeko, ibilgailu bat, gehienez, baimenduko da.
c) Eremuko kaleetako garajeetan aparkatzen diren ibilgailuak. Honako hauei soilik ematen ahalko zaie baimena:
–Garaje plazaren jabearen edo errentariaren titulartasuneko ibilgailuak.
–Garaje plazaren jabeak edo errentariak errentan hartuak dituen ibilgailuak.
–Baldin lantoki duen enpresak ibilgailu baten erabilera esklusiboa laga badio garaje plazaren jabeari edo errentariari, ibilgailu horri ere ematen ahalko zaio baimena.
Alokatzen diren garajeak edo garaje plazak ez daudenean lotuta etxebizitza bati, honako alderdi hauek hartu beharko dira kontuan:
–Baimena izapidetzen duen unitateak Nafarroako Foru Ogasunari igorriko dio alokairu kontratua, behar diren ondorioak izan ditzan errentatzailearendako.
–Baimena eman ondoren, Tuterako Udalak edozein unetan egiaztatzen ahalko du garaje plaza benetan alokatuta dagoela, horretarako baliatuz Zuzenbidean onargarria den edozein frogabide, zeina balioetsiko baita bat etorriz Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legean ezarritako irizpideekin. Adibidez, hileko fakturak aurkezten ahalko dira, kontratua sinatu zenetik. Izan ere, etxebizitza bati lotuta ez dauden garaje edo garaje-plazen alokairuen kasuan, errentatzailea behartuta dago fakturok ematera (dagokion BEZaren atxikipenarekin).
5. Etxera eramateko zerbitzuetako ibilgailuak. Baimen bat, saltoki bakoitzeko, bere jabetzako turismo-ibilgailuen edo furgoneten kasuan, eta era guztietako motozikleta eta ziklomotorren kasuan.
6. Baimendutako beste ibilgailu batzuk:
a) Zerbitzu publikoetako eta mantentze-lanetako udal ibilgailuak.
b) Segurtasun indar eta kidegoen ibilgailuak.
c) Suteak itzaltzeko zerbitzuak eta osasun laguntzakoak nahiz anbulantziak, zerbitzuak egin behar dituztenean.
d) Bizikletak, abiadura egokian badabiltza eta oinezkoei arriskurik sortzen ez badiete.
e) Oinarrizko hornidurak (argindarra, gasa, ura, telekomunikazioak eta ehorzketa-zerbitzuak) ematen dituzten enpresen ibilgailuak.
f) Taxiak.
g) Desgaitasuna dutenek aparkatzeko txartelaren titularrak eramaten dituzten ibilgailuak. Eskubide hori aitortua dago Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 7ko 52/2022 Foru Aginduaren 6. artikuluko b) eta f) letretan. Betiere, bete beharko dira agindu horren 7. artikuluan ezarritako betekizunak eta aldez aurretik izapidetu beharko da artikulu honen 1. apartatuan adierazitako eskabidea.
Sor daitezkeen egoera bereziak aztertuko dira, interesdunak eskatuz gero.
7. Aldizkako/aldi baterako baimen bereziak: oinezkoen eremuan sartzeko baimena eskuratzen ahalko dute, Udaltzaingoan aldez aurretik hura eskatuta:
a) Eraikuntza enpresetako ibilgailuak, sarbide murriztuko kale edo plazetan obrak egiteko.
b) Etxe aldairetako ibilgailuak. Udaltzaingoak ezarriko du zein izanen den lanok egiteko modurik egokiena, eremuan ibiltzeko nahiz zamalanak egiteko eragozpenik ez sortzeko.
c) Aldi baterako instalazioak. Eremu horietan instalazioak aldi baterako jarri eta bide publikoa okupatzeko, Udalaren lizentzia beharko da. Eskaeran, okupazio horretarako zein ibilgailuk sartu beharra duten adieraziko da.
III. TITULUA.–MUGIKORTASUNA BIZIKLETAN, PATINEAN ETA MUGIKORTASUN PERTSONALEKO IBILGAILUETAN
I. KAPITULUA. Bizikleten zirkulazioa eta erabilera
18. artikulua. Bizikleten zirkulazioa.
1. Jarraian zehazten dira bizikleta-bide motak:
a) Ziklokaleak / bizikleta kaleak: galtzadako eremuak dira, ibilgailuen zirkulaziotik banandu gabeak; horietan abiadura muga 30 km/h izanen da edo txikiagoa, hala seinaleztatzen bada. Bide horietan, gainerako ibilgailu motordunekin batera ibiliko da ziklista, baina lehentasuna izanen du haiekiko. Erreiaren erditik ibiliko dira. Zirkulazioaren noranzkoa bideak ezartzen duena izanen da. Behar bezala seinaleztatuta egonen dira bai bertikalean bai horizontalean (IV. eranskinean jasotzen den bezala).
b) Bizikleta-errei banandua: galtzadako eremuak dira, hartatik bananduak elementu fisiko edo bide-markak erabilita. Horietan ezin dira ibili ez ibilgailu motordunak ez oinezkoak, salbu eta behar bezala gaitutako espazioetatik gurutzatzeko ez bada. Bide horietan zirkulazioak bi noranzko izanen ditu, bidearen zabalerak eta segurtasun egoerak ahalbidetzen badute.
c) Bizikleta-espaloia: espaloietako eremuak dira, galtzadatik eta espaloitik bananduak elementu fisiko edo bide-markak erabilita. Horietan ezin dira ibili ez ibilgailu motordunak ez oinezkoak, salbu eta behar bezala gaitutako espazioetatik gurutzatzeko ez bada. Bide horietan zirkulazioak bi noranzko izanen ditu, bidearen zabalerak ahalbidetzen badu.
2. Oro har, debeku da bizikletak espaloietan ibiltzea.
3. Ondoko artikuluetan jasotako salbuespen eta baldintzak kontuan hartuz, bizikletak espazio hauetan ibiltzen ahalko dira:
a) Galtzadak. Ziklokaleak edo bizikleta kaleak.
b) Oinezkoen eremuak, oinezkoen abiaduran.
c) Parke eta pasealekuak.
4. Debeku da bizikletan, patinetan, monopatinetan eta antzekoetan ibiltzea uhalez loturiko animaliekin batera.
5. Debeku da beste ibilgailu, gailu edo animaliekin bizikletak herrestan eramatea.
6. Ziklistak bizikleta-erreitik ibiliko dira, halakorik badago. Halakorik ez badago, ziklistak, aukeran, galtzadaren eskuineko erreian ibiliko dira, noranzko bereko errei bat baino gehiago dagoenean eta, ahal dela, erreiaren edo bidearen erdialdea erabiliko dute. Ziklistek edozein errei erabiltzen ahalko dute, bidearen ezaugarriek hala eskatzen badute edo ezkerraldera biratu behar badute.
7. Ibilgailu motordunek bizikleten zirkulazioa erraztuko dute eta arau hauek beteko dituzte:
a) Bizikleten eta zikloen abiadurara egokituko dute beren abiadura.
b) Ez dute egiten ahalko bizikletak edo zikloak aurreratzeko maniobrarik zirkulazio errei berean.
c) Ez diete jazarriko bizikleta, ziklo edo mugikortasun urriko pertsonendako ibilgailuen gidariei.
8. Bizikleta bati aurrea hartu nahi dioten ibilgailu motordunek zirkulazio-erreiz aldatu beharko dute eta, edozein kasutan, 1,5 metroko gutxieneko tartea mantendu, maniobrak irauten duen bitartean. Orobat, bizikleta baten atzetik doazenean zuhurtziazko segurtasun tartea mantenduko dute, haren abiaduraren proportzioan.
9. Bizikletak paraleloan edo biko ilaratan ibiltzen ahalko dira errei berean. Halako kasuetan, ziklista-taldea ibilgailu bakartzat hartuko da, semaforoak erregulatutako bidegurutzeetan, elkarguneetan, lehentasuna ematerakoan eta aurreratzeko maniobretan.
10. Oinezkoek galtzadan kokatutako bizikleta-erreiak gurutzatuko dituzte horretarako behar bezala seinaleztatutako tokietatik eta ezin izanen dute horietan gelditu ez eta ibili ere.
11. Bizikleta-erreiak hirian barna joan-etorriak egin eta mugitzeko erabiliko dira; ez dira jolasguneak. Bizikletek, aulkiek, trizikloek edo mugikortasun urriko pertsonendako ibilgailuek, patinek eta antzekoek erabili ahalko dituzte errei horiek. Halako bideen erabiltzaileek neurriko abiaduran zirkulatuko dute (20 km/h gehienez), betiere beharrezko zuhurtzia gordeta.
19. artikulua. Bizikleten zirkulazioa ziklokaleetan / bizikleta kaleetan.
1. Ziklokale edo bizikleta kale izendapena izanen dute, eta hala seinaleztatuko dira, abiadura mugaren seinalea 30 km/h duten galtzadek, edo zutikako seinaleztapena P-22 eta R-301, 30 km/h abiadura mugarekin eta lurreko seinaleztapen baliokidea dutenek. Gainera, horietan abiadura edo zirkulazioaren intentsitatea murrizteko neurri osagarriak xedatzen ahalko dira (kuxin berlindarrak, abiadura moteltzeko bandak edo oinezkoendako pasabide goratuak).
2. Ibilgailu motordunen gidariak, ziklokaleetan barna zirkulatzen dutenean, gehienez ere 30 km/h-ko abiaduran edo txikiagoan, hala seinaleztatua badago, ibiliko dira, betiere ziklisten lehentasuna errespetatu eta gorde beharko dutelarik. Dena den, elkarguneetan errespetatu beharko dira bai bertako seinaleak bai bide lehentasunari buruzko arau orokorrak.
3. Noranzko bereko zirkulazio errei bat baino gehiago duten bideetan, ziklo errei bat seinaleztatzen ahalko da 30 km/h-ko abiadura mugarekin, bizikleten eta ibilgailu motordunen elkarbizitzarako eremu gisa. Ibilgailu motordunek abiadura egokitu beharko dute bizikletenarekin bat, eta ezin izanen dituzte bizikletak aurreratu zirkulazio-errei berdinaren barnean.
20. artikulua. Bizikleten zirkulazioa oinezkoen pasabideetan eta ziklisten pasabideetan.
1. Oinezkoen pasabideetan, espresuki ziklistendako pasabiderik adierazten ez denetan, ziklistek bizikletatik jaitsi eta oinez zeharkatuko dute galtzada.
2. Ziklisten pasabideetan, bizikletek honela jokatuko dute:
a) Abiadura murriztuko dute, oinezkoenera egokitu arte.
b) Egiaztatuko dute galtzadan zirkulatzen duten ibilgailuen gidariek ikusi dituztela.
c) Ziklisten pasabideak pedalei eraginez zeharkatuko dituzte, betiere lehentasuna dutelarik galtzadan barna zirkulatzen duten gainerako ibilgailuen aurretik.
3. Ziklisten pasabideak behar bezala seinaleztatuta egonen dira, galtzadaren erabiltzaileek ikusteko moduan, P-22 seinalearekin.
21. artikulua. Bizikleten zirkulazioa oinezkoen kale eta eremuetan.
Honako hauek dira bizikleten zirkulazio baldintzak oinezkoen kale eta eremuetan:
a) Oinezkoen lehentasuna errespetatu beharko dute une oro.
b) Abiadura mantsotuko dute, oinezkoenera egokitu arte.
c) Ahal dela, galtzadaren erdialdetik zirkulatuko dute, fatxadatik gutxienez 1,5 metroko tartea gorderik (bidearen zabalerak horretarako bide ematen duenean).
d) Jendetza bildu denean, ezin bada oinezkoak aurreratzeko 1,5 metroko tartea gorde, ziklistek bizikletatik jaitsi eta, hura eskuekin helduta, oinez segitu beharko dute.
e) Bi noranzkoetan ibiltzen ahalko dira, salbu eta bizikletei eta motorrik gabeko patinei berariaz debekatzen dien seinale espezifikorik badago.
22. artikulua. Pertsona eta salgaien garraioa.
1. Hamazortzi (18) urtetik gorakoek pertsonak eta salgaiak garraiatzen ahalko dituzte bizikletetan eta zikloetan.
2. Bizikletetan erabiltzen ahalko dira atoiak, erdiatoiak, aulkitxoak eta beste edozein elementu, behar bezala homologatuta, haietan pertsonak edo zamak garraiatze aldera.
3. Pertsonak, zamak eta publizitate-zikloak garraiatzean ezin da:
a) Herrestan eraman, osorik edo parte batez erori, edo modu arriskutsuan zirkulatu.
b) Ibilgailuaren egonkortasuna kolokan jarri.
c) Argien edo seinale optikoen gailuak estali.
4. Atoiak erraz ikusteko moduan eramanen dira eta atzeko posizio-argi gorria zein atzeko islatzaile gorria edukiko dituzte.
5. Segurtasuna hobetzeko, batez ere bide-elkarguneetan, atoiak edo gurditxoak kolore deigarriko banderatxo bat eraman beharko du bidearen gainerako erabiltzaileak ohartarazteko moduko altueran paraturik.
6. Adingabeak garraiatzeari dagokionez, pertsona bakar batendako egindako bizikleta eta zikloetan, gidaria adinez nagusia bada, zazpi urtera arteko haur bat ere eramaten ahalko da, betiere, behar bezala homologatutako jarleku osagarri batean edo aulki akoplatu batean. Osagarri islatzaileak eduki beharko ditu aulkiak.
7. Mugikortasun urriko eta/edo adineko pertsonak garraiatzean, xede horretarako gaitu eta homologatutako ibilgailuak erabiltzen ahalko dira.
8. Salgaien garraioari dagokionez, salgaiak garraiatzen ahalko dira euskarri eta osagarri homologatuak erabiliz.
9. Ziklologistika ibilgailuen zirkulazioa baimentzen ahalko da, betiere behar den lizentziarik badute.
23. artikulua. Aparkatzea eta bizikleta aparkalekua.
1. Bizikletak horretarako berariaz ezarri eta seinaleztatu diren tokietan aparkatu behar dira, eta behar bezala segurtatuak utzi. Toki horiek beste ziklo batzuek ere erabil ditzakete, barne harturik mugikortasun urriko erabiltzaileenek.
2. Beste zenbait tokitan ere aparkatu eta lot daitezke, salbu eta landare-elementuetan, betiere honako baldintza hauek beteta:
a) Oinezkoen edo ibilgailuen zirkulazioa ez oztopatzea.
b) Hiri-altzariak ez kaltetzea edo haien funtzionaltasuna ez aldatzea.
c) Gutxienez 2 metroko tartea gordetzea oinezkoak igarotzeko eremuarekin.
d) Aparkatuta dauden bizikletak eskuratzeko tarte nahikoa gordetzea.
24. artikulua. Bizikletak eremu publikotik kentzea.
1. Udaltzaingoak bide publikotik kentzen ahalko du bizikleta edo zikloa, horretarako eginbeharra duenak ez badu halakorik egiten, honako kasu hauetan:
a) Aparkatzeko berariaz prestaturik ez dagoen toki batean aparkatuta egonez gero.
b) Bizikleta, zikloa edo horien osagaietako bat abandonatutzat jotzen bada.
2. Honako bizikleta eta ziklo hauek joko dira abandonatutzat, erretiratzeari dagokionez: bide publikoan dauden bizikletak eta zikloak, baldin eta gurpilak falta bazaizkie, mugitzea eragozteko moduko narriadurak badituzte edo, beren egoera dela eta, argi eta garbi badago abandonaturik daudela.
Kasu horietan, udal-agintariek ofizioz gauzatuko dute bizikletak eta zikloak erretiratzeko ekimena, loturetatik askatuz eta, halakorik balitz, gastuak haien jabeen kontura doazela.
3. Udalak gordailura eramanen ditu bizikleta eta ziklo abandonatuak. Erretiratu direnez geroztik bi (2) hilabete igarota, Udalak ibilgailu horiek erabiltzen ahalko ditu indarreko legeekin bat.
II. KAPITULUA.–Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak
25. artikulua. Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen deskribapena eta sailkapena.
1. Mugikortasun pertsonaleko ibilgailu (MPI) izendapena izanen dute gurpil bateko edo gehiagoko ibilgailuek, zeinek plaza bakarra baitute eta motor elektrikoen bidezko propultsioa baino ez baitute, baldin eta, motor horien bidez, 6tik 25era arteko km/h-ko diseinuko abiadura badute gehienez.
Auto-orekatzeko sistemarik badute baino ez dute eserlekua edo zela izaten ahalko.
Definizio horretatik kanpo daude:
1.–Auto-orekatzeko sistemarik gabeko ibilgailuak, zelarik badute.
2.–Lehiatzeko sortutako ibilgailuak.
3.–Mugikortasun urriko pertsonendako ibilgailuak.
4.–100 volt-eko korronte zuzenetik gorako edo 240 volt-eko korronte alternotik gorako lan tentsioa duten ibilgailuak.
5.–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko urtarrilaren 15eko 168/2013 Erregelamenduko (EB) ibilgailuak.
2. Erabilera pertsonaleko MPIak zenbait motatan sailkatzen dira, ezaugarri teknikoen arabera; azken horiek trafikoari buruzko estatuko indarreko legerian daude jasota.
26. artikulua. Baldintza orokorrak.
1. Aurretik adierazitako ezaugarri teknikoak gainditzen dituzten MPIak ez dira bide publikoetan ibiltzen ahalko.
2. Une oro errespetatuko dira ordenantza honetan ezarritako zirkulazio arau orokorrak nahiz trafikoaren, motordun ibilgailuen zirkulazioaren eta bide segurtasunaren gaineko indarreko gainerako arau eta legeak.
3. Erantzukizun zibileko asegurua nahitaez eduki beharko da, zeinak estaliko baititu, istripurik gertatuz gero, hirugarrenei eragindako kalteak, pertsonalak edo materialak izan.
4. MPIen gidariek ikuspen handiko txaleko islatzailea jantzi beharko dute gauean, bai eta homologatutako babes-kaskoa ere.
5. MPIek abisu akustikoko sistema (txirrina) edukiko dute.
27. artikulua. MPIen zirkulazio eremuak eta abiadurak.
1. MPIek galtzadatik ibili beharko dute hiri barruko bideetan.
2. MPIak bizikleta-espaloietan eta bizikleta-erreietan ibiltzen ahalko dira, betiere azken horiek oinezkoen eremuetatik ez badoaz; izan ere, kasu horretan, debekatua izanen dute ibiltzea.
3. Ez dira inola ere ibiltzen ahalko oinezkoen eremuetan.
4. Bizikleta-erreietatik ibiltzean, ez dira joanen 20 km/h-tik gorako abiaduran. Bizikleta-espaloietan, berriz, ez dira joanen 10 km/h-tik gorako abiaduran.
28. artikulua. Monopatinen, patinen eta motorrik gabeko antzeko aparatuen zirkulazioa.
1. Patinak, monopatinak, patineteak edo antzeko gailuak toki hauetan ibiltzen ahalko dira:
a) Oinezkoen eremuak.
b) Bizitegi kaleak.
c) Espaloiak.
d) Bizikleta-erreiak.
f) Parke eta pasealekuak.
2. Patinak, monopatinak, patineteak edo antzeko gailuak ezin dira inola ere galtzadan ibili, salbu eta hura gurutzatzeko, horretarako seinalatutako tokietatik.
Espaloietan barna doazenean, ez dute oinezkoen abiadura gaindituko eta egokituko dituzte beren mugimenduak oinez dabiltzanen mugimenduen arabera, betiere haiei eragozpenik edo arriskurik sortu gabe.
III. KAPITULUA.–Jarduera ekonomikoak, turismo taldeak eta alokairu sistemak
29. artikulua. Turismoko edo aisiako jarduera ekonomikoak, gidaririk gabe eta base finkoarekin.
1. Ezaugarri guztietako MPIek eta gidaririk gabeko bi gurpiletik gorako zikloek, baldin eta turismo edo aisiako jarduera ekonomikoak egiten badituzte hirigunearen barruan eta base finkorik badute, udalaren baimena eskuratu beharko dute aurretik. Baimen horretan, betiere, honako hauek jasoko dira: baimendutako ibilbideak, ordutegia, eta bideetako erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko ezarritako betebehar eta muga guztiak.
2. Ustiapen ekonomikoaren titulartasuna duenak zaindu beharko du mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen eta bi gurpiletik gorako zikloen erabiltzaileek gutxieneko trebetasun maila dutela, haien segurtasuna eta bide publikoaren gainerako erabiltzaileen segurtasuna bermatuta egon dadin. Horrez gain, idatziz jakinarazi beharko ditu baimendutako ibilbideak, ordutegiak eta udal baimenaren muga guztiak, bai eta ordenantza honetan araututako zirkulazio baldintzak ere.
3. Bi gurpiletik gorako zikloen bidez gidariarekin egin beharreko turismoko edo aisiako jarduera ekonomikoek jarraitu egin beharko diote Jabari publikoa okupatzeko ordenantzan eta dago(z)kion ordenantza fiskalean (edo fiskaletan) ezarritakoari. 4. Betiere, MPIek eta artikulu honetako 1. puntuan araututako zikloek indarrean eduki beharko dute dagokien erantzun zibileko asegurua, zeinak estaliko baititu hirugarrenei eragindako kalte-galerak.
4. Betiere, MPIek eta artikulu honetako 1. puntuan araututako zikloek indarrean eduki beharko dute dagokien erantzun zibileko asegurua, zeinak estaliko baititu hirugarrenei eragindako kalte-galerak.
30. artikulua. Turismo taldeak bizikletan edo MPIan.
1. Hirian barna bizikletan edo MPIan dabiltzan turista taldeak 15 lagunez osatuta egonen dira gehienez. Taldea handiagoa bada, gehienez kopuru hori duten taldeetan zatikatuko da, eta elkarrengandik 50 metroko gutxieneko tartea utzita ibiliko dira. Sei (6) lagun baino gehiago dituzten taldeetan gidari bat egonen da beti, zeinak ezagutu beharko baititu bizikleta bideen sarea eta Tuterako hirian indarrean den Mugikortasun jasangarriaren ordenantza.
2. Ibiltzean ez dute bizikleta bidearen zabalera osoa hartuko, eta ez dira bizikleta bidean geldituko hura trabatzeko moduan.
31. artikulua. Bizikletak eta MPIak alokatzeko sistemak, gidaririk gabe eta base finkorik gabe.
1. Bizikletak eta MPIak gidaririk eta base finkorik gabe errentan ematea udal jabari publikoaren aprobetxamendu berezia da, eta jabari publikoko baimena eskatu beharko da aurrez; baimen hori emanen da zuzenean edo lizitazio publikoa eginda, eta baimenean espazio publikoa erabiltzeko baldintzak eta ibilgailuok aparkatzeko baldintzak zehaztuko dira. Aprobetxamendu horrek dagokion ordenantza fiskalaren arauak bete beharko ditu, orobat.
2. Ibilgailu horiekin ibiltzean bete eginen dira ordenantza honetan ezarritako baldintzak, eta bete eginen dira, halaber, trafikoaren, motordun ibilgailuen zirkulazioaren eta bide segurtasunaren gaineko indarreko gainerako arau eta legeetan ezarritakoa.
3. Betiere, MPIek eta artikulu honetako 1. puntuan araututako zikloek indarrean eduki beharko dute dagokien erantzun zibileko asegurua, zeinak estaliko baititu hirugarrenei eragindako kalte-galerak.
IV. TITULUA.–Mugikortasuna garraio publikoan
32. artikulua. Bidaiarien garraio kolektibo publikoa.
Bidaiarien hiriko garraio publikoa izanen da etorkizuneko hiriko mugikortasunaren funtsezko elementua, bermatzen baitie irisgarritasun orokor, eskuragarri eta intermodala herritar guztiei, oinez edo bizikletaz eginiko joan-etorrien ordezko aukerak behar diren distantzia edo egoeretan.
Tuterako Udalak hirian bidaiarien hiriko garraio publikoa edukitzeko konpromisoa gauzatuko du emisio urriko edo emisiorik gabeko teknologiak pixkanaka ezartzearekin batera, eta autobus publikoak helburu horretarantz egokitu eta eraldatuko ditu.
33. artikulua. Garraio zerbitzu publikoaren zirkulazioaren lehentasuna eta babesa.
1. Autobusak ibiltzeko eta gelditzeko plataformak, galtzadak edo espazio erreserbatuak ezartzen ahalko dira, eta debekatua izanen dute haietan ibiltzea dagokion seinalearen bidez berariaz baimendu gabeko ibilgailuek.
2. Gelditzeko esparrua edo eremua oztoporik gabe egon beharko da. Udaltzainek eta, hala badagokio, behar beste baimendutako bestelako funtzionario eta agenteek bereziki zainduko dituzte plataforma erreserbatuetan aparkatuz egiten diren arau-hausteak, eta horrelaxe eginen dute, orobat, gelditzeko eremuan egindakoekin ere, horren aurreko eta ondoko esparruak barne hartuta.
3. Geralekuak ez dira erabiltzen ahalko garraio pribatu edo diskrezionaleko geraleku gisa, Tuterako Udalak berariaz baimendu ezean.
4. Trafikoa bereiz kudeatzeko neurriak hartzen ahalko dira, bidaiarien hiriko garraio publikorako ibilgailuek semaforoetan igarotzeko lehentasuna izan dezaten, bai eta mugimendu edo biratze esklusiboak baimentzeko ere.
Kasu horietan, atzealde beltzaren gaineko triangelu aldekide zuria daukan semaforo batek jakinaraziko du ibilgailuaren lehentasunezko egoera, trafikoa arautzen duen lantaldeak emana. Ibilgailuaren gidariak interpretatu eginen du, semaforoaren argia keinukaria edo finkoa den; lehen kasuan hautemana izan da, eta bigarrenean, lehentasuna abian da.
5. Intermodalitate neurriak sustatuko dira garraio publikoaren barruan; horiek horrela, bizikletak, patineteak edo MPIak eramaten ahalko dira, betiere bertan daudenei eragotzi ezean edo ibilgailuaren barruan edo kanpoan haiek eramateko tokia badago.
34. artikulua. Taxiak.
Tuterako taxi zerbitzua ematean bete eginen da Tuterako auto-taxien hiri barneko zerbitzu publikoaren ordenantzan ezarritakoa (argitaratua 2008ko 133. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 31n), edo hura ordezkatzen duen araua ezarritakoa.
35. artikulua. Hiri barreneko autobusaren geralekuak.
1. Udalak zehaztuko du non izanen diren hiriko garraio publikoaren geralekuak. Haietan, hiri barreneko garraio publikoaren ibilgailuek baino ez dute aparkatuko, ezarriko den ordutegian eta bidaiariak hartu edo uzteko behar den denborarako bakarrik.
2. Bestelako ibilgailuek debekatua dute toki erreserbatu horietan aparkatu eta gelditzea, Tuterako Udalaren berariazko baimenik ezean.
3. Bermatuko da geralekuen arteko distantziak ez dakarrela gidatzeko modu arriskutsuen beharrik, ez garraio publikoaren erabiltzaileentzat, ezta bidearen erabiltzaileentzat ere, eta bermatuko da, halaber, garraio publikoa mugikortasuna baketzeko elementua izatea.
36. artikulua. Hiri barneko taxien geralekuak.
1. Udalak zehaztuko du auto-taxien geralekuak non paratu, aintzat hartuta Tuterako auto-taxien hiri barneko zerbitzu publikoaren ordenantzan ezarritakoa (argitaratua 2008ko 133. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 31n).
2. Auto-taxiak bidaiarien zain baino ez dira bertan egonen; betiere, ibilgailuen kopurua geralekuaren edukiera baino gehiagokoa ez dela.
V. TITULUA.–Eskolako inguruneak eta bideak
37. artikulua. Eskola ingurune seguruaren antolaketa.
1. Eskola ingurune segurutzat hartzen da jarduneko ikastetxeen inguruko kale guztiek osatutakoa.
2. Eskola inguruneak 20 km/h-ko gehieneko mugaz seinaleztatuko dira.
3. Haietan, eskola komunitatearen segurtasuna bermatzeko ekintzak eginen dira.
38. artikulua. Eskola bide segurua.
1. Eskola bide segurutzat hartzen dira ikastetxeetarako oinezkoen edo ziklisten sarbideko kale guztiak, zeinen bidez lortu nahi baita eskola kolektiboaren joan-etorriak seguruak izatea.
2. Pintura eta seinale bertikalen bidez seinaleztatuko dira (IV. eranskinean jaso bezala).
3. Ibilbide horiek aldatzen ahalko dira ikastetxeen beharren arabera.
4. Eskola bideak bereziki seinaleztatuta egonen dira, eta ibilbidean ez da paratuko harrapatze istripuak gertatzeko arriskua areagotzen duen elementurik (aparkalekuak bidegurutzeetatik gertu, kasurako).
VI. TITULUA.–Seinaleak
39. artikulua. Seinale orokorrak.
1. Udalerrien sarreretan ezarritako seinaleek hirigune osoan dute indarra, kaleetan edo kale zatietan propio ezarritako seinaleak salbu.
2. Gehieneko abiadura 20 km/h-ra mugatuta duten eremuak dira konfigurazioagatik muga orokorra dutenak, plataforma bakarreko bideak direlako, bai eta eskola eremuak ere.
Eskola eremuak:
i) 20 km/h-ko eremuaren sarrera edo hasiera:
–San Julián IP: Cuesta Loreto/Camino del Rape eta Camino del Rape/Fuente de la Salud kalea.
Huertas Mayores IP Tronzaires biribilgunearen hiru sarreretan: bi Huertas Mayores etorbidean bertan eta bestea Camino de Tronzaires kalea/Tronzaires biribilgunean.
–Griseras IP: Camino Caritat/Fustiñana kalea, Camino Caritat Ebroko Ur Konfederazioaren parean, Ribaforada kalea/Ferial kalea eta Almajares kalea/Zaragoza etorbidea.
–Elvira España IP: Compañia de María kalea: Gayarre kalea/Díaz Bravo.
–Anunciata kalea: Barrio etorbidea, Paloteado kalearen parean, eta Moncayo kalea.
ii) 20 km/h-ko eremuaren irteera edo bukaera:
San Julián HLHIP: Cuesta Loreto/Camino del Rape eta Camino del Rape/Fuente de la Salud kalea.
Huertas Mayores HLHIP: Tronzaires biribilgunearen hiru irteeretan: bi Huertas Mayores etorbidean bertan eta bestea Tronzaires bidea kalea/Tronzaires biribilgunean.
–Griseras HLHIP: Camino Caritat/Fustiñana kalea, Camino Caritat Ebroko Ur Konfederazioaren parean, Ribaforada kalea/Ferial kalea eta Almajares kalea/Zaragoza etorbidea.
–Elvira España HLHIP: Compañia de María kalea: Pelairea kalea/Misericordia.
–Anunciata kalea: Barrio etorbidea, Paloteado kalearen parean, eta Moncayo kalea.
40. artikulua. Debekatutako seinaleak.
1. Ez da seinalerik jarriko Udalak baimena aldez aurretik eman gabe.
2. Ez da inola ere baimenduko publizitatea seinaleetan, hiri-altzarietan eta haien inguruan. Interes publikoko edo orokorreko tokiak adierazten dituzten informazio seinaleak baino ez dira zilegi.
3. Debeku da olan, kartel, iragarki edo zeinahi instalazio jartzea, erabiltzaileak haiekin itsutu edo semaforo edo seinaleak ikustea trabatu edo mugatzen bazaie, edo arreta galarazten badiete.
4. Debeku da eremu edo lurzoru publikoan paratzea enpresa edo establezimenduak iragartzen dituzten seinaleak, non ez duten Udalaren nahitaezko baimena. Baimenik gabe jarriz gero, dirutan zehatzeaz gain, Udalak kendu eginen ditu bidezkotzat jotzen dituen baliabideak erabiliz, eta gastuak iragarkia jarri duen enpresaren gain eroriko dira.
41. artikulua. Baimendu gabeko edo behar ez bezalako seinaleak kentzea.
14. artikuluan jasotako arau-hausteak direla eta, zein den ere zehapen prozedura, Udalak agindua emanen du seinalea berehala kentzeko, behar bezalako baimenik ez duelako, indarra duen araudia betetzen ez duelako, helburua galdu duelako edo nabarmen hondatua dagoelako. Arduradunak kentzen ez badu, Udalak edo izendatzen den enpresak kenduko du ordezko betearazpena baliatuz, eta lana eta legezko errekarguak ordaintzeko eskatuko zaio.
42. artikulua. Seinaleak aldatzea eta bideak ixtea.
1. Udaltzaingoak, segurtasuna dela-eta edo zirkulazioa arina izan dadin, antolamendua aldatzen ahalko du, aldi baterako, jendea eta ibilgailuak pilatzen diren tokietan, baita istripu edo larrialdiren bat dagoenean ere. Helburu horrekin jarri edo kenduko dira bidezkotzat jotzen diren behin-behineko seinaleak; bestetik, aurreneurri egokiak hartuko dira.
2. Zenbaitetan, Tuterako Udalak behar diren hiri barruko bideak itxiko ditu, eta Udaltzaingoak premiazko neurriak hartzen ahalko ditu haren Burutzak egokitzat jotzen duenean.
VII. TITULUA.–Oztopoak
43. artikulua. Ibilgailu eta oinezkoak zirkulatzeko oztopoen debekua.
1. Debeku da bide publikoan paratzea edozein oztopo edo gauza, oinezko edo ibilgailuen zirkulazioa zailtzen edo arriskuan jartzen ahal duena. Bide publikoan oztoporen bat paratzea ezinbestekoa bada, Udalaren baimena beharko da aitzinetik. Baimen horretan zehaztuko da zer baldintza bete behar diren.
2. Obrak egiteko, garabiak, aldamioak edo eremu publikoa okupatzen duten bestelako elementuak (siloak, etxolak…) jartzeko baimena ematen duten udal ebazpenetan, bide publikoan edo lurzoru pribatuan eraiki, kanalizatu, eraitsi… behar bada, eta horrek ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioan eragiten badu (espaloiak, oinezkoen eremuak…), bada, ebazpen horietan jasoko dira Udaltzaingoak eskaeraren gainean egindako txosteneko oharrak, eta kidego horretara joko da lizentzia edo baimena behar duten jarduketak koordinatzeko: seinaleak, lanak egiteko egun eta ordu egokienak eta behar diren neurri osagarriak.
44. artikulua. Eremu publikoko oztopoak seinaleztatzea.
1. Behar bezala babestu eta seinaleztatu beharko da oinezko edo ibilgailuen zirkulazio librea zailtzen duen edozein oztopo; gauez, argiztatuta egon beharko du, erabiltzaileen segurtasuna bermatzearren.
2. Oztopoa jartzeko ardura duenaren kontura izanen dira seinaleztatzea eta argitzea, eta baimenean agertzen diren jarraibideak edo Udaltzaingoak adierazten dizkionak beteko ditu.
45. artikulua. Oztopoak eremu publikotik kentzea.
Interesdunek oztopoa kentzen ez badute, udal agintariek hura kentzeko agindua emanen dute haien kargura, ordezko betearaztearen legezko errekarguekin, kasu hauetan:
a) Behar den baimenik erdietsi ez bada.
b) Oztopoa jartzeko arrazoiak bukatu direnean.
c) Baimenaren epea bukatu bada.
d) Baimenean eskatutako baldintzak betetzen ez badira.
e) Emandako baimena indargabetzeko ezinbesteko arrazoiak agertzen direnean.
VIII. TITULUA.–Zamalanak
46. artikulua. Zamalanetarako tokiak.
Tuterako Udalak zamalanetarako tokiak erreserbatuko ditu eremu publikoan, araudiaren araberako seinale bertikalak zein horizontalak jarrita.
47. artikulua. Zamalanetarako tokien erabilera.
Guztiek erabiltzekoak dira bide publikoan zamalanetarako hartzen diren guneak, eta ez dira inoiz modu esklusiboan erabiliko.
48. artikulua. Zamalanen definizioa.
1. Salgairen bat finka batetik ibilgailu aparkatu batera, eta alderantziz, eramatea da eremu publikoan zamalana egitea.
2. Kapitulu honetan definitutako zamalanak egiteko baimendutzat jotzen dira, turismo ibilgailuak izan gabe, zamalanak garraiatzeko baimena izan eta zirkulazio baimenean zerbitzu partikularraren sailkapena duten ibilgailuak. Zamalanak egin beharko dituzte horretarako erreserbatutako tokietan.
49. artikulua. Zamalanetarako tokiak seinaleztatzea.
Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorrak zehazten duen moduan seinaleztatuko dira zamalanetarako tokiak; zehazki, honako seinale hauek erabili dira:
a) –Aparkatzea debekatzen duen zutikako seinalea (Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorraren 154. artikulua, R-308), eta panel osagarri bat.
b) –Lurreko marka horia, jarraitua eta sigi-sagan (Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorraren 171. artikulua).
50. artikulua. Zamalanak egiteko modua.
Honela eginen dira zamalanak:
a) Lehenik, finken barrenetik, aukera hori bada.
b) Bigarrenik, jende orok aparka dezakeen tokietan eta haietatik.
c) Hirugarrenik, zamalanetarako mugatutako tokietan.
d) Zamalanak puntualki eta eraikin jakin baten aurrean egin behar direnean, hala nola aldairak, eraikuntzako materialak eta abar, artikulu honetan adierazitako moduan egin beharko dira. Alabaina, ezin bada, baimen berezia eskatu beharko da. Udaltzaingoak emanen du, ikusita trafikoaren zer nolakoak eta zein bidetan egitekoa den. Baimen horretan baldintzak adieraziko dira, hau da, zein seinale erabili, egunak, orduak, udaltzainak behar diren ala ez eta beste inguruabar batzuk. Zamalanak hasteko eguna baino bi egun lehenago bederen eskatu beharko da baimena, honako hauek adierazita: eskatzailearen izena, helbidea edo sozietatearen izena, erabiliko diren ibilgailuen matrikula, pisua eta neurriak, zamalanetarako toki zehatza eta lanetarako kalkulatzen den denbora, gutxi gorabehera. Udaltzaingoak, hala iritzita, bertan behera utziko du zamalanetarako baimena, hartan ezarritako baldintzak betetzen ez direnean edo bertan behera uztearen aldeko gertakariak sortzen direnean. Baimena bertan behera utzi edo baliogabetzeagatik ez da inoiz kalte-ordainetarako eskubiderik sortuko.
51. artikulua. Zamalanak egin bitartean eragozpenak eta arriskua sortzeko debekua.
Zamalanak egitean ez da eragozpen, zarata edo zikinkeriarik sortuko. Ez da inoiz utziko behar baino langile gutxiagorekin aritzea zamalanetan, horrek pertsona, ibilgailu edo animaliendako arriskua badakar. Legeria berariazko bati lotutako produktuak direnean, hartan ezarritako aginduak zorrotz bete beharko dira.
52. artikulua. Tamaina edo pisu bereziko ibilgailuen zirkulazioa eta zamalanak.
Neurri eta/edo zama bereziko ibilgailuek Udaltzaingoaren baimena beharko dute ibiltzeko, eta hark zehaztuko ditu ibilbide eta ordu egokiak zein diren.
IX. TITULUA.–Salgai arriskutsuak
53. artikulua. Herrigunean zirkulatzeko debekua.
Tamaina edo pisua dela-eta Trafikoko edo Errepideetako Zuzendaritza Orokorreko administrazio erakundeen baimen berezia behar duten ibilgailuek, hirigunetik igarotzeko, Udaltzaingoak ezarritako egun, bide eta orduak beteko dituzte; betiere, kidego horretako langileen laguntza dutela.
X. TITULUA.–Trafikoa kontrolatu eta antolatzeko neurriak
54. artikulua. Trafikoaren antolamendua eta erregulazioa.
1. 1., 2., 4., 5., 6., 7. eta 8. motako salgai arriskutsuak daramatzaten ibilgailuek debekatua dute Tuterako hirigunean barrena iragatea, salgai arriskutsuen errepideko garraio nazioartekoari buruz Europar Akordioan jasotako deskripzio eta sailkapenari jarraituz. Era horretako salgaiak garraiatzen dituzten zisternek ordezko errepideak erabili beharko dituzte Tuterako hirigunean barna ez zirkulatzeko.
2. 3. motan sailkatutako gai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek, Tuterako udal-mugartean zamalanik egin behar ez badute, debekatua dute hirigunean ibiltzea.
3. Tuterako udal-mugartean kokatuta egon eta artikulu honen 1. apartatuan salgai arriskutsutzat jotako gaiak erabiltzen dituzten enpresek Udaltzaingoak egokien iritzitako ordutegia eta sarbidea ezarriko dituzte, ahalik eta ibilbide laburrena eta ezaugarrien arabera gomendagarriena egiteko, hau da, hiriko sarbidea eta helmugara iristeko hirian barrena ezinbestekoa den ibilbidea.
55. artikulua. Aparkatzearen erregulazioa.
Debekaturik dago bide publikoan ibilgailu motordunak edo ziklomotorrak aparkatzea:
1. 48 ordutik goiti aparkaleku berean, haren salmenta iragarriz ibilgailuan edo ziklomotorrean bertan paratutako telefono baten bidez.
2. Toki berean 30 egunetik goiti jarraian. Debeku hori urratzen duten ibilgailuak salatu eta garabiak Ibilgailuen Udal Gordailura eramaten ahalko ditu. Berreskuratzeko, garabiaren likidazio tasa eta egonaldiarena ordaindu beharko dira.
56. artikulua. Trafiko handiko bideak.
Udalak lehentasunezko edo trafiko handikotzat jotzen ahalko ditu bide jakin batzuk, Alkatetzaren dekretu bidez eta Udaltzaingoaren aldeko txostenaren ondotik, bide horietan debekatuta egon daitezen bai bigarren ilaran eta/edo erreian gelditzea, bai autoeskoletako ibilgailuek aparkatzeko praktikak egitea.
XI. TITULUA.–Gelditu eta aparkatzeari buruzko araudia
57. artikulua. Gelditzea eta aparkatzea.
Gelditzean eta aparkatzean ibilgailuak ez du zirkulazioa oztopatuko, ez eta arriskurik sortuko ere bidearen gainerako erabiltzaileei; bereziki zainduko da nola uzten den, eta saihestuko da mugitzen hastea gidaria kanpoan delarik.
58. artikulua. Ibilgailuak aparkatzea Tuterako hirigunean.
1. Aparkatzeko moduak:
a) Zoladurako seinaleak dituzten aparkalekuetan, ibilgailuak markaturiko esparruaren barnean kokatuko dira.
b) Ibilgailuak zintarritik ahalik eta hurbilen aparkatuko dira, baina galtzadaren alde hori garbitu ahal izateko tarte txiki bat utzita.
c) Debekatua dago atoiak ibilgailu motordunetik aparte aparkatzea edozein eremu publikotan.
d) Beste erabiltzaileek gainerako tokia ahalik eta hobekien erabiltzeko maneran aparkatuko da.
e) Baterian aparkatuz gero, alde bietan aparkatutako ibilgailuetara arazorik gabe sartzeko moduan eginen da.
f) Libre da ordutegitik kanpo aparkatzea zamalan, zerbitzu ofizial eta abarretarako aldi baterako erreserbaturiko alderdietan, salbu eta espresuki debekaturik badago.
g) Honako ibilgailu hauek debeku dute hiriguneko eremu publikoetan aparkatzea, bidezko diren lan, eragiketa edo zamalanak egiteko denboran salbu, edo aldez aurretik baimena eskatu eta hura eskuratuta:
i) Ibilgailu bereziak.
ii) Traktoreak eta obra edo zerbitzuetarako makineriak.
iii) Nekazaritzarako traktoreak eta mota guztietako lanabesak.
iv) Motokultoreak.
v) Gurdi traktoreak eta nekazaritzako makineria autopropultsatua.
vi) Nekazaritzako atoiak eta atoian eramandako makineria.
vii) Atoiak eta erdiatoiak.
viii) Kamioi traktoreak.
ix. Karabanak edo roulotteak
x) 5,5 tona baino gehiagoko kamioiak.
xi. 21 bidaiari baino gehiagorendako autobusak.
2. Noizbait, 5.500 kg-tik gorako GPBa duten salgaien garraioko ibilgailuek edo 21 lagunetik gorako garraioan dabiltzan autobusek zilegi izanen dute aparkatzea, horretarako ezarritako tokietan, arrazoi bat dela bide, Udalak berariaz baimentzen duenean.
3. Udal organo eskudunaren berariazko baimena beharko dute karabanek, nekazaritzako atoiek zein bestelakoek, traktoreek eta era guztietako nekazaritzako lanabesek; horrez gain, prezio publikoa ordaindu beharko dute lurzoruaren aprobetxamendu bereziagatik.
4. Guztiz debekatua dago karabana, atoi eta etxe-ibilgailuetan bizitzea Tuterako udal-mugartean. Salbuespena izanen da udal organo eskudunak berariazko baimena ematea. Dena den, nahikoa baliabide izan beharko dituzte osasungarritasuna eta higienea bermatuta egon daitezen.
59. artikulua. Zer tokitan dagoen erabat debekaturik gelditzea.
a) Erdibitzaileetan, banatzaileetan, irlatxoetan eta trafikoa bideratzeko beste elementuetan.
b) Eraikin batera sartu edo bertatik ateratzeko pasabidea normal erabiltzeko oztopo bada pertsona edo animalientzat, edo seinalez behar bezala iragarritako ibi bat, ibilgailuendako.
c) Erabiltzaileei seinaleak ikustea galarazi edo maniobrak egitera behartzen zaien tokietan.
d) Zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako erreserbatutako errei edo bide zatietan.
e) Zubietan, tuneletan eta gainetiko pasabideen azpian, kontrako seinalerik ez badago.
f) Espaloietan, pasealekuetan, oinezkoen eremuetan, lorategietan, oinezkoen eta txirrindularien pasabideetan.
g) Zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako erreserbatutako errei edo bide zatietan.
h) Desgaitu fisikoentzako pasabide beheratuak normal erabiltzea oztopatzen denean.
i) Ibilgailutik galtzadaren beste aldeko bazterrera arteko tartea, edo galtzada zeharkatzea debekatzen duen luzetarako marrara arteko tartea hiru metro baino txikiagoa denean; eta beste ibilgailuei pasatzen uzten ez zaienean.
j) Seinaleak debekatzen duen tokietan.
k) Seinale bidez biratzea baimenduta egonda, biratzeko aukera eragozten denean.
l) Hiriko garraio publikorako baizik ez diren geraleku eta aparkalekuetan.
m) Behar den moduan geldituta edo aparkatuta dagoen beste ibilgailuren bati zirkulazioan sartzea galarazten zaionean.
n) Bidegurutzeetan eta haien inguruan.
o) Hiriko garraio publikorako baino ez diren erreietan, edo bizikletendako erreserbatutakoetan.
p) Desgaituek bakarrik erabiltzeko seinalea jarria duten lekuetan eta oinezkoen pasabideetan.
q) 53. artikuluan ezarritako bideetan.
60. artikulua. Zer tokitan debeku den aparkatzea.
a) Gelditzea debekatua dagoen toki guztietan.
b) Seinalez debekaturik dagoenean.
c) Bigarren ilaran, edozein kasutan.
d) Zamalanetarako seinaleztatuta dauden eremuetan, haiek erabiltzeko ezarritako orduetan.
e) Behar bezala seinaleztatutako ibietan, haiek erabat edo hein batean hartzen direla.
f) Zaborraren edukiontzien ondoan, hura biltzea galarazi edo zailduz, zirkulazio bidea hartzen dela.
g) Aparkaleku publiko batean, ongi aparkatutako ibilgailu bat ateratzea eragotziz edo oztopatuz.
h) Espaloirik gabeko kale urbanizatuetan.
i) Desgaitasuna dutenek beste inork ez erabiltzeko toki seinaleztatuetan.
j) Galtzada erdian aparkatzen denean.
k) Zerbitzu publikoko ibilgailuak, Tuterako Udalarenak, erakunde ofizialenak, eta larrialdi eta segurtasun zerbitzuak aparkatzeko eremu erreserbatuetan.
l) Behar bezala seinalatutako toki erreserbatuetan.
m) Espaloi, pasealeku eta oinezkoak ibiltzeko gainerako tokien gainean.
n) Ordutegi mugatu baten barrenean aparkatzeko udal agintariak prestatutako tokietan, baimenaren bereizgarria jarri gabe edo, hura jarrita, ibilgailuak Tuterako Udalaren 10. ordenantza fiskalean eta ordenantza honen 45. artikuluan uzten duen gehieneko denbora gainditzen badu.
o) Ordenantza honetan jasotako oinezkoen kale eta plazetan, eta oinezkoak izanen direnetan.
p) Autokarabanen kasuan, horretarako propio prestatu eta seinaleztatutako eremuetatik kanpo.
q) Ordenantza honen 48. eta 60. artikuluetan aipatu kasuetan.
61. artikulua. Ibiak.
1. Debekatuta dago ibien aurrean aparkatzea. Titularraren ibilgailuak ere sartzen dira aparkatzeko debekuan. Ibietan aparkatzeko debekua eraginkorra izan dadin, Ordenantza fiskalak ezarritakoari jarraikiz seinaleztatuko dira ibiak; ordenantza horren bidez honako hauetarako tasak arautzen dira: ibilgailuak espaloietan barna sartu eta ateratzeko eta eremu publikoa erreserbatzeko, ibilgailuak gelditzeko eta edozein motatako salgaien zamalanak egiteko.
2. Ibiaren titularrak eskatuta baino ez da baimenik emanen mugarri bertikalak paratzeko; mugarriok ordenantza fiskalaren 20. artikuluan xedatutakoa bete beharko dute. Udaltzaingoak ibiaren ezaugarriak kontuan hartuta adostasun txostena egin ondoren emanen da lizentzia edo baimena, neurri hori hartzeko arrazoi direlakoan. Ibiaren titularrak bere gain hartuko du elementu horien erosketa eta kontratatzen dituen baliabideekin jartzea, eta eremu publikoaren okupazioaren ondoriozko tasa ordaindu beharko du.
XII. TITULUA.–Aparkaldi murriztua edo mugatua. Erabiltzaile jakin batzuendako gordetako tokiak
62. artikulua. Soil-soilik desgaitasuna duten pertsonendako aparkatze txarteldun ibilgailuek erabiltzeko toki erreserbatuak.
1. Lurreko markak baliatuz (desgaitasun fisikoa dutenen nazioarteko ikurra) eta aparkatzea debekatzen duen seinale bertikalaren bidez adieraziko dira. Informazio plaka ere jarriko da, leku horretako plazak aparkatze txartela duten ibilgailuek soilik erabiltzeko gordetzen direla dioena, desgaitasuna duten pertsonendako. Toki erreserbatuetan, nahitaezko txartel indarduna agerian duten ibilgailuak baizik ez dira aparkatzen ahal.
2. Nafarroako Foru Komunitatean desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelak emateko prozedurari eta erabiltzeko arauei dagokienez, honako hau aplikatuko da: 52/2022 Foru Agindua, martxoaren 7koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartela arautzen duena Nafarroako Foru Komunitatean, zeina argitaratu baitzen 2022ko 60. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 24an, edo, hala badagokio, hura ordezkatzen duen araua.
63. artikulua. Interes orokorreko zerbitzu publiko jakin batzuetarako toki erreserbatuak.
1. Udalak erabakiko du haien beharrik den ala ez eta zer erabiltzailek aparkatzen ahal duten toki horietan.
2. Lurreko markak eta seinale bertikalak zein osagarriak baliatuz adieraziko dira toki erreserbatuak.
3. Debekatua dago baimendutakoak ez beste ibilgailu batzuk aparkatzea eta gelditzea indarrean dauden ordutegian.
XIII. TITULUA.–Aparkaldi murriztua edo mugatua
64. artikulua. Ibilgailuak txandakatzea aparkatzeko tokietan.
1. Aparkalekuak erabiltzaile guztien artean berdin banatzeko eta, aldi berean, ibilgailuen trafikoa arina izan dadin eta oinezkoak kaleetan aise ibil daitezen, Udalak egokitzat jotzen dituen kaleetan aparkatze arautuko guneak ezarriko ditu ordutegi mugatuarekin, aldez aurretik prezio publikoa ordainduta. Toki batzuk gordeko ditu kale horietako auzoek eta merkatariek aparka dezaten.
2. Aparkatze mugatuko bi modalitate egonen dira:
a) Eremu urdina edo txandakakoa.
b) Eremu berdea bizilagun eta merkatari agiridunentzat.
65. artikulua. Eremu urdina edo txandakakoa.
Aparkaldi mugatuaren erregulazioa, Tuterako Udalaren arlo honetako ordenantza fiskalean ezarritako tasa ordaindu ondotik.
1. B klaseko baimenarekin gidatzen ahal diren trakzio mekanikoko ibilgailuak, zerbitzu partikularra edo publikoa egiteko direnak, behartuta daude tasa ordaintzera seinale bertikalak eta bide-marka urdinak dituzten eremuetako batean aparkatuz gero, modalitate honetan aparkatzeko arautu diren kaleetan. Alkateak hala ebatzita, eremu urdina beste kale batzuetara heda daiteke Udalari, kale horietako inguruabarrak eta ezaugarriak kontuan hartuta, egokia irudituz gero.
2. Astelehenetik ostiralera bitarte aldez aurretik ordaindu beharko da kale horietan aparkatzeko, 09:00etatik 13:30 arte eta 16:00etatik 20:00ak arte; aldiz, larunbatetan, 09:00etatik 13:30 arte. Jaiegunetan ez da indarrean egonen, ezta zaindariaren jaietan ere. Gutxienez 20 minutuz eta gehienez 2 orduz aparkatzen ahalko da.
3. Eremu urdinean aparkatzea. Ibilgailua 5 minutu baino gehiago geldirik egoteari esaten zaio, non ez den zirkulazioak behartuta.
4. Honako ibilgailu hauek ez dute Udalaren arlo honetako ordenantza fiskalean araututako tasa ordaindu beharko:
a) Motozikleta eta ziklomotorrak, eremu urdinaren barrenean, ibilgailu horiendako gordetako eremuan aparkatu beharko baitute, eta ez lurreko marka urdinak dituen aldean.
b) Beren kategoria edo jarduerarako eremu erreserbatuetan (funtsean, ibilgailu baimenduen zamalanak) aparkaturik daudenak.
c) Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartela duten ibilgailuak, betiere txartel hori ibilgailuaren aurreko panelean jarrita edo aurreko haizetakoaren barnean itsatsita badago. Kasu guztietan, agiria jatorrizkoa izanen da eta indarrean egonen da; kanpotik argi eta garbi ikusi eta irakurri ahal izateko moduan jarriko da.
d) Zerbitzu ofizialeko ibilgailuak, behar bezala identifikatuak, Estatu, autonomia erkidego edo toki-erakunde bateko erakundeenak, baldin zuzenean beren eskumeneko zerbitzuetarako ez beste deusetarako badira, zerbitzu horietan ari direnean.
e) Osasun laguntzan aritzen diren ibilgailuak (Osasunbidekoak, Gurutze Gorrikoak edo Babes Zibilekoak) eta anbulantziak, zerbitzu hori egiten duten bitartean.
f) Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak emandako "0 emisio etiketa" izeneko ingurumen bereizgarria duten ibilgailuak. Etiketa ongi ikusi behar da ibilgailuaren kanpoaldetik.
66. artikulua. Eremu berdea bizilagun eta merkatari agiridunendako.
1. Bizilagunendako aparkalekuaren ordutegian, Udalak emandako agiria indarrean duten ibilgailuak bakarrik aparkatzen ahal dira bertan, hark gaitzen baititu aparkaleku hori erabiltzeko. Agiria eguneratua begi bistan eduki beharko dute aurreko haizetakoaren eskuinaldean, behean.
2. Bizilagunek aparkatzeko tokietako zein eremutarako baimentzen duen agiriak, hantxe bakarrik aparkatzeko baimena ematen du
3. Egoiliarrendako bakarrik diren aparkalekuetan aparkatzeko agiria erakutsi beharra egonen da, eremu urdinean edo txandakakoan erakutsi beharreko egun eta ordu beretan.
4. Aparkatze mugatu ordaindua duten kale edo aldeetan daude bizilagunen eremuak, eta agiria eskuratzeko eskubidea duten bizilagun edo merkatariei esleitzen zaie aparkatzeko baimena, zein kale eta zenbakitan dauden erroldatuta edo dagoen saltokia, haren arabera.
5. Seinale bertikalak jarriko dira hasieran eta bukaeran bizilagun agiridunendako mugatutako aparkalekua dagoen eremu bakoitzean; orobat, mugatze horren egun eta orduak, eremuko zenbakia eta lurreko marka berdeak.
6. Ordenantza honen II. eranskinean jaso da bizilagunen agiriak izapidetzeko prozedura eta haiek eskuratzeko baldintzak, baita eremu zenbakidun bakoitzari esleitutako kaleak ere.
XIV. TITULUA.–Kautelazko neurriak
67. artikulua. Ibilgailuak eremu publikotik kentzea.
Ibilgailua kendu behar duenak segituan egiten ez badu, Udaltzaingoak edo horretarako izendatuko den agintariak eremu publikotik kendu eta udal gordailura eramaten ahalko du honako kasu hauetan:
a) Arriskutsua denean, ibilgailuen edo oinezkoen zirkulazioari nahiz zerbitzu publikoen funtzionamenduari traba larria egiten dienean, ondare publikoa hondatzen duenean eta, orobat, ibilgailu hori bide publikoan abandonatua dagoela uste denean.
Ondare publikoa hondatzen dela usteko da aparkatutako ibilgailuak kalte materiala egiten duenean babes bereziko lekuetan, hala nola lorategiak, soropilak, parkeak, zoladura bereziak eta babes bereziko gainerako tokiak.
Ibilgailua abandonatutzat hartuko da bide-segurtasunari buruzko indarreko legeria orokorrean ezarritako inguruabarrak daudenean edo ibilgailuak luzaro erabili gabe egon den zantzuak dituenean, hala nola gurpilak haizerik gabe, ateak zabalik, funtsezko elementurik gabe, zikinkeria pilatua, kanpoko kalte handiak eta abar.
b) Istripuren bat izan eta abiatu ezinik gelditzen denean.
c) Ibilgailua bera hondatu delako, ibilgetzen bada.
d) Ibilgailua ibilgetuta, arau-hausleak ohiko bizilekua Espainian duela frogatzen ez duenean, Bide Segurtasunari buruzko Legeak xedatutakoari jarraituz, eta arau-hausleak behin eta berriz uko egiten dionean isuna ordaintzeari edo ordainduko duela bermatzeari.
e) Udal agintaritzak ordutegi mugatuan aparkatzeko gaitzen dituen tokietan ibilgailua aparkaturik gelditzen denean, horretarako baimena ematen dion bereizgarria ezarri gabe, edo udal ordenantzaren arabera ordaindutako denbora halako hiru egiten duenean.
f) Ibilgailua aparkatuta dagoenean erreietan edo zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako soilik erreserbatutako bide zatietan.
g) Zabor, beira, kartoi, ontzi edo pilen edukiontziak husteko lanak galarazten dituenean.
h) Alkohola edo drogak detektatzeko proban positibo emateagatik ibilgetu, eta beste norbait haren kargu egiten ez denean. Pertsona horrek behar bezalako baimena izan beharko du, eta proba pasatu (emaitza negatiboa eduki, alegia).
i) Ibilgailua eremu publikoan aparkatuta dagoela, alarma akustikoa konektatu edo saltatu eta ordubetean titularra edo pertsona baimendua hura deskonektatzera agertzen ez denean.
j) Ibilgailuak nahitaezko asegururik ez duenean, hori eduki beharra egonik.
68. artikulua. Zer kasutan kenduko diren ibilgailuak Udalaren garabiaz.
1. Aipatzearren baino ez, ibilgailua ordenantza honen 64. artikuluaren a) apartatuan zehaztutako inguruabarretan dagoela eta, beraz, hura kentzeko arrazoiak daudela ulertuko da honako kasu hauetan:
a) Ibilgailutik galtzadaren beste aldeko bazterrera arteko tartea, edo galtzada zeharkatzea debekatzen duen luzetarako marrara arteko tartea hiru metro baino txikiagoa denean; orobat, beste ibilgailuei pasatzen uzten ez zaienean.
b) Ibilgailua bigarren ilaran eta gidaririk gabe aparkatuta dagoenean.
c) Kantoi ebaki baten ertzetik edo izkina baten mutur edo eskuadratik zati bat aterata dagoenean, beste gidariak maniobra arriskutsuak egitera behartzen dituenean.
d) Oinezkoen pasabide seinalatu batean edo desgaitu fisikoendako espaloi beheragune batean aparkatuta dagoenean.
e) Ibi bat guztiz edo zati batez okupatzen duenean, eta ibia erabiltzea eragozten edo larriki zailtzen duenean.
f) Zamalanetarako tokietan aparkatuta dagoenean, haiek erabiltzen diren orduetan.
g) Garraio publikorako geraleku seinalatu eta mugatu batean aparkatua dagoenean.
h) Larrialdiko edo segurtasuneko zerbitzuendako erreserbaturiko tokian aparkatua dagoenean.
i) Desgaitasuna dutenendako toki erreserbatuan aparkatua dagoenean.
j) Espaloi, ibiltoki, babesgune, pasabide edo zoladuran zerrendak pintatuta dauden tokietan aparkatuta dagoenean, espresuki baimenduta dagoenean izan ezik.
k) Bidean doazen gainerako erabiltzaileei trafiko seinaleak ikustea eragozten dienean.
l) Biraketa eragotzi edo hura egiteko maniobrak egitera behartzen duenean.
m) Bide batetik heldu diren gidariei beste bidea ikustea galarazten dienean.
n) Eraikin bateko oinezkoen sarrera erabat edo hein batean trabatzen duenean, bai oinezkoei bai haur-kotxeei edo aulki gurpildunei.
o) Galtzadaren erdian aparkatuta dagoenean.
p) Oinezkoen eremu batean baimendutako orduetatik kanpo aparkatua dagoenean, espresuki baimendutako aparkaldietan izan ezik.
q) Behar den moduan geldituta edo aparkatuta dagoen beste ibilgailuren bati zirkulazioan sartzea galarazten zaionean.
r) Erdibitzaileetan, bereizgailuetan, irlatxoetan edo zirkulazioa bideratzeko beste lekuetan aparkatzen denean.
s) Oinezko, ibilgailu edo animalien zirkulaziorako arriskua edo oztopo larria den gainerako kasu guztietan.
t) Ordenantza honen 32. eta 63. artikuluetan ezartzen diren aginduak betetzen ez direnean.
u) Ibilgailua aparkatuta dagoenean behar bezala seinalatutako toki erreserbaturen batean.
2. Arau-hausterik egon gabe ere, bide publikotik ibilgailuak kentzen ahalko dituzte kasu hauetan:
a) Behar bezala baimendutako ekitaldi publiko bat egiteko erreserbatua dagoen toki batean aparkaturik daudenean.
b) Bide publikoa garbitu, konpondu, kontserbatu edo hartan seinaleak paratu ahal izateko ibilgailuak kendu beharra dagoenean. Udalaren zerbitzu publikoen erregistroetako estalkiak ere sartzen dira.
c) Larrialdietan.
d) Partikularrek obrak edo zerbitzuak egiteko behar diren kasuetan, zeinetan eskatzaileak ordaindu beharko baitu ordenantza fiskalean zerbitzu osatugabe gisa ezarritako zenbatekoa.
Neurri horiek hartu baino lehen, ahal dela, jabeei garaiz abisatuko zaie; bestela, baimenduta dagoen tokirik hurbilenera eramanen dira ibilgailuak, halakorik bada, edo udal gordailura. Ahaleginak eginen dira titularrari gertakariaren berri emateko.
Neurri horiek ez diote gasturik ekarriko titularrari, non ez den modu sinesgarrian frogatzen abisua eman eta jabeak denbora nahikoa izan duela ibilgailua kentzeko. Kasu horretan, ordenantzaren 65.1 artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.
Eramateak ez du inolako ordainketarik sorraraziko, ibilgailua noranahi eramanda ere.
69. artikulua. Ibilgailua eramateko lanak gelditzea.
Ibilgailua bide publikotik kentzeko lanak hasita, gidaria agertzen bada, bertan behera utziko dira; betiere, Tuterako Udalaren ordenantza fiskaletan kontzeptu horrengatik agertzen den tasa ordaindu ondoren.
IV. TITULUA.–Zehapen araubidea
70. artikulua. Zehatzeko eskumena eta prozedura
1. Zehapen-prozedura izanen da 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuko V. tituluko IV. kapituluan ezarritakoa (6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duena) edo hura ordezten duen arauan ezarritakoa.
2. Alkateak du zehatzeko eskumena, arau horren 84.4 artikuluari jarraikiz.
3. Tuterako udaltzainburuak bideratuko ditu zehapen-espedienteak.
71. artikulua. Arau-hausteak.
Hiri barruko bideetako trafikoarekin lotutako arau-hausteei, zeinak jasota baitaude BSLan eta 1428/2003 Errege Dekretuan (1428/2003 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna –martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia– aplikatzeko eta garatzeko Zirkulazio Erregelamendu Orokorra onesten duena) edo horiek ordezkatzen dituzten arauetan, honako hauek gehituko zaizkie:
1. Arinak izanen dira honako hauek:
a) Aparkaldi mugatuko eremuetan, bide publikoetan aparkatzeko behar den tiketaren denbora gainditzea aparkatzen denean.
b) Aparkaldi mugatuko eremuetan, ez edukitzea bide publikoetan aparkatzeko behar den tiketa.
Artikulu honen a) eta b) apartuetan ezarritakoa bertan behera geldituko da, baldin eta Udalaren ordenantza fiskalean horretarako ezarritako tasa aldez aurretik ordaintzen bada, makinan. Ordenantza horrek trakzio mekanikoko ibilgailuak egonaldi mugatuko eremu publikoetan aparkatzeko tasak arautzen ditu.
c) Aparkalekua bizilagunendako erreserbatuta dagoen kaleetan aparkatzea (eremu berdea):
i) Bizilagunen eremu horretan aparkatu ahal izateko ezinbestekoa den baimenaren frogagiririk gabe.
ii) Eremu horretan aparkatzeko baimenik ematen ez duen egoiliar egiaztagiria erabiltzea.
iii) Aparkatzen den unean indarrean ez dagoen egoiliar egiaztagiria erabiltzea.
iv) Egoiliar egiaztagiria ez jartzea kanpotik ikusteko eta irakurtzeko moduan.
d) Oinezkoen eremuan aparkatzea zirkulazioa oztopatu gabe, ibilgailuak eremu horretan zirkulatzeko baimena izanda ere, horretarako mugatuta eta seinaleztatuta dauden tokietan izan ezik.
e) Ziklisten arau-hausteak, berariaz astuntzat edo oso astuntzat hartu ezean.
f) Ordenantza honetako arau-hauste oro, artikulu honetan zehaztuta ez badago.
2. Astunak izanen dira honako hauek:
a) Oinezkoen eremuan zirkulatzea, horretarako baimenik eduki gabe.
b) Oinezkoendako eremuan aparkatzea zirkulazioa oztopatuz, ibilgailuak eremu horretan zirkulatzeko baimena izanda ere.
c) Ordenantza honetan jasotako baimenak frogatzen dituzten tiketak, txartelak edo agiriak manipulatu edo faltsutzea, dauden bestelako arau-hausteak alde batera utzi gabe.
d) Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartela erabiltzea titularra ez den pertsonak, betiere titularrak ibilgailua erabiltzen ez badu.
e) Zirkulazioko bigarren lerroan eta/edo erreian gelditzea trafiko handikotzat hartutako bideetan.
72. artikulua. Zehapenak.
1. Arau-hauste arinak honako isun hauekin zehatuko dira:
a) 30 euro, 68.1 artikuluko a) letraren kasuan.
b) 60 euro, 68.1 artikuluko b) letraren kasuan.
c) 80 euro arintzat hartutako gainerako arau-hausteetan.
2. Arau-hauste astunak 200 euroko isunarekin zehatuko dira, honako hau alde batera utzi gabe:
a) Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartela erabiltzearekin lotutakoen kasuan, 52/2022 Foru Aginduaren 7. artikuluko 2., 3. eta 4. apartatuetan xedatutakoa (52/2022 Foru Agindua, martxoaren 7koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartela arautzen duena Nafarroako Foru Komunitatean, zeina argitaratu baitzen 2022ko 60. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 24an).
b) Gainerako txartelen kasuan, txartela ezereztea eta 5 urteko epean beste bat lortzeko debekua.
XVI. TITULUA.–Parte-hartzea
73. artikulua. Hiriko Mugikortasun Jasangarrirako Lantaldea.
Lantalde bat sortuko da, Tuterako hiriko mugikortasun jasangarriaren arloan hobetzeko proposamenak, proiektuak edo arazoak jorratzeko.
Lantaldeak aholkulari izaera izanen du, inola ere ez loteslea.
Hiriko Garapen Jasangarriaren Alorreko zinegotzia izanen da haren burua, edo, hala badagokio, mugikortasunaren arloko eskumena duena. Gainera, lantaldeko berezko kide izanen dira udaltzainburua, Udaltzaingoko Trafikoko inspektoreordea eta Tuterako Udalean ordezkaritza duten udal-taldeetako kide bana, baita udal-talde bati atxiki gabeko zinegotziak ere.
Hiriko Garapen Jasangarriaren Alorreko langileen artean izendatutako batek eginen ditu lantaldeko idazkari lanak, edo, bestela, mugikortasunaren arloko eskumena duen zinegotziak.
Lantalde horretan izanen dira, orobat, mugikortasunarekin garrantzi edo lotura berezia duten kolektiboak, elkarteak edo pertsonak.
Nolanahi ere, lantaldeko buruak egoki deritzonari eskatzen ahalko dio lantaldean parte hartzeko edo haren kide izateko, baina behar bezala justifikatuta egon beharko da lantaldean parte hartzeko egokitasuna.
Lantaldeak sei hilean behin bilera bat eginen du, gutxienez.
Alkatearen ebazpen bidez izendatuko dira Hiriko Mugikortasun Jasangarrirako Lantaldeko kideak.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehenengoa.– Egoiliarrak aparkatzeko mugatutako eremuetako (eremu berdea) seinale bertikalak eta ibilgailuak baimentzeko egiaztagiri itsasgarriak egokitu eginen dira 2023. urterako nahitaezko berritzea egiteko momentuan.
Bigarrena.–MPIen erabiltzaileek 6 hileko epean, ordenantza hau indarrean jartzen denetik zenbatzen hasita, kontratatu beharko dute 24.3 artikuluan ezarritako nahitaezko asegurua.
XEDAPEN INDARGABETZAILEAK
Lehenengoa.– Indarrik gabe gelditzen dira Hiri Polizia eta Ohituren Udal Ordenantzen honako artikulu hauek, ibilgailuen eta pertsonen trafikoari buruzko zenbait alderdiri buruzkoak (Ordenantza horiek Udalak onetsi zituen 1943ko urtarrilaren 5eko, 13ko eta 20ko bilkuretan, I. liburukiari dagokionez, eta urte bereko urtarrilaren 27koan eta otsailaren 3koetan II. liburukiaren kasuan):
a) I. liburukitik, 86. artikulua, 88.etik 105.era arteko artikuluak, 106. artikuluko a), c) eta d) letrak, 107.etik 109.era arteko artikuluak, 111. artikulua, 121.etik 140.era arteko artikuluak, 146. artikulua, 372. artikulua, 389. artikuluko 1. puntua; bai eta 404.etik 415.era arteko artikuluetan ibilgailuen eta pertsonen zirkulazioarekin lotutako arau-hausteei eta zehapenei dagokienez.
b) II. liburukitik, 249.etik 252.era arteko artikuluak.
Bigarrena.– Indarrik gabe gelditzen da Tuterako Udalaren Trafikoaren gaineko Ordenantza Orokorra, 2007ko 125. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, urriaren 5ean.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
I. ERANSKINA.–APARKATZEKO TXARTELAREN ESKABIDEA, DESGAITASUNA DUTENENDAKO
(Udalak bete beharreko eremuak)
Kausatzailearen datuak
Izen-deiturak: ......................................................................................................................
NANa/AIZa: …………………….
Helbidea: ...................................................................................., 31500 Tutera (Nafarroa)
Telefonoa: ......................................... Helbide elektronikoa: .................................................................
Hala badagokio, legezko ordezkariaren datuak
Izen-deiturak: ......................................................................................................................
NANa/AIZa: ………………..........…….
Helbidea: ...........................................................................................................................................
Telefonoa: ......................................... Helbide elektronikoa: .................................................................
ESKATZEN DUT
Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartela emateko, 52/2022 Foru Aginduan ezarritakoari jarraikiz (52/2022 Foru Agindua, martxoaren 7koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartela arautzen duena Nafarroako Foru Komunitatean, zeina argitaratu baitzen 2022ko 60. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 24an).
Foru agindu horren 8.3 artikuluan eskatutako agiriak ERANSTEN DITUT.
Tuteran, 20...(e)ko ....................................aren ..........(e)(a)n.
Kausatzailea Sin.: ............................... | Legezko ordezkaria Sin.: ............................... |
II. ERANSKINA.–EGOILIARREI EGIAZTAGIRIAK EMATEKO ARAUAK. BAIMENA EMATEN DUTE EREMU BERDEAN APARKATZEKO ERREGULAZIO HORI DAGOEN KALEETAN, INDARRA DUTEN EGUN ETA ORDUETAN
1. Egiaztagiria eskuratzeko baldintzak, eremu berdean edo egoiliarren eremuan aparkatzeko:
Egonaldi mugatuko aparkatzea araututa duten eremuetan bizi direnek baino ez dute eskuratzen ahalko egiaztagiria.
Egoiliar egiaztagiria lortu nahi duenak honako baldintza hauek bete eta dagozkion agiriak aurkeztu behar ditu Herritarren Arretarako Zerbitzuan:
a) Pertsona fisikoen kasuan:
i) Egiaztagiria behar duen ibilgailuaren titularrak egonaldi mugatuko aparkatzea duen kaleren batean bizi dela frogatu beharko du, gutxienez hiru hilabeteko antzinatasuna duela. Azken puntu hori ofizioz egiaztatuko da Herritarren Arretarako Zerbitzuaren bulegoan.
ii) Dokumentuak eman eta izapidetzeko tasak arautzen dituen 24. ordenantza fiskalean adierazitako unean uneko tasa ordaintzea.
iii) Halaber, agiria eskuratu ahalko dute errentamenduko araubidean (leasing edo renting) ibilgailu bat dutela frogatzen dutenek, betiere zein eremutarako eskatzen duten agiria, eremu horretan bizi badira, gutxienez ere hiru hilabete lehenagotik. Azken puntu hori ofizioz egiaztatuko da Herritarren Arretarako Zerbitzuaren bulegoan.
iv) Pertsona fisikoa aipatutako antzinatasunarekin erroldatua baldin badago eskatu duen agiriaren xedeko eremu berean, eta bere enpresak lagatako ibilgailu bat baldin badu, enpresaren jabetzakoa edo errentamendu finantzarioko kontratu baten bidez eskuratua (leasing edo renting), bizilagun txartela lortzen ahalko du, betiere agiri bidez frogatzen badu ibilgailu horren erabiltzaile bakarra eskatzailea bera dela eta lanorduetatik kanpo erabiltzeko baimena duela.
b) Udalak emandako jarduera lizentzia duen saltoki edo lokalaren egiaztagiria:
Behar den lizentzia eskuratu behar izan duen saltoki baten titularrak edo langileak egiaztatu beharko du eratzeko eskritura, EJZaren alta eta abar aurkeztuz, titularrari edo jabeari dagokionez, eta indarreko lan-kontratuaren kopia, gizarte aseguruak eta abar aurkeztuz, saltoki horretako langile izaera frogatzeko.
2. Egiaztagirien kopuru mugatua.
Egoiliarren egiaztagiri bat emanen da etxebizitza, saltoki edo merkataritzako lokal bakoitzeko, zenbat diren ere etxebizitza edo merkataritzako lokal bakoitzeko zentsatuta dauden ibilgailuak.
3. Indarraldiko orduak eta egunak.
Egiaztagiria duten egoiliarrendako eremu erreserbatuak indarrean egonen dira eremu urdina hala dagoen ordutegi berean.
4. Txartelen balioa eta haiek berritzea.
Eman diren eremurako baino ez dute balio izanen emandako baimenek.
Baimenak urtero berritu beharko dira.
Ibilgailua saldu edo desegitera eraman eta berria erosiz gero, egiaztagiri berria eskuratu nahi bada ezinbestekoa da aurreko eranskailua aurkeztu eta itzultzea.
Helbidea aldatzen denean, erroldatuta zegoen tokiko bizilagunen eremuan aparkatzeko baimena ematen zion agiria aurkeztu beharko da.
5. Egiaztagiria lortzeko tasa.
Dokumentuak eman eta izapidetzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean dagokion apartatuan ezarritakoa.
6. Txartela ikusteko moduan izatea.
Egoiliarren eremuan aparkatzeko baimena egokitu eginen da Udalak urtero erabakitzen duen eredura. Bertan honako hauek agertuko dira: ibilgailuaren matrikula, indarraldia eta zer eremutan duen aparkatzeko baimena.
Baimena ikusteko moduko tokian jarri beharko da, ibilgailuaren aurreko kristalaren eskuinaldeko beheko txokoan, manipulatu eta urratu gabe.
7. Bizilagunendako erreserbatutako plazak: eremuak eta seinaleak.
a) Bizilagun agiridunendako erreserbatutako aparkatze eremuak.
i) 1. eremua: Trinquete kalean mugatutako aparkalekuak. Kale edo plaza hauetan erroldatuta dauden bizilagunei emanen zaizkie agiriak:
–Mont de Marsan bulebarra.
–Misericordia.
–Ugarte doña María.
–Trinquete.
–Constitución plaza.
–Alberto Pelairea.
–Díaz Bravo kalea (2tik 8ra, eta 1etik 7ra).
–Juan Antonio Fernández kalea (49tik 69ra, eta 36tik 48ra).
ii) 2. eremua: La Vida plazan aparkatzeko tokiak. Kale edo plaza hauetan erroldatuta dauden bizilagunei emanen zaizkie agiriak:
–Dombriz.
–Magallón.
–La Vida.
–Benjamín de Tudela.
–Pontarrón kalea 2 eta 4.
–Portal kalea (1etik 11ra, eta 2tik 32ra).
–Cunchillos.
–Concarera.
–Arbolancha.
–Tornamiras.
–Merced.
–Horno de la Higuera.
–La Higuera.
–Verjas.
–Hortelanos.
–San Julián.
–Arbollones.
–Fuente del Obispo.
–Judería plaza.
–Las Vueltas.
–La Parra.
–Miguel Servet.
–San Francisco plaza.
–Cortes.
–Huerto del Rey.
–Santiago.
–San Jaime plaza.
iii) 3. eremua: El Liceo plazan aparkatzeko tokiak. Kale edo plaza hauetan erroldatuta dauden bizilagunei emanen zaizkie agiriak:
–Rúa.
–Roso.
–Juicio.
–Cárcel Vieja.
–Plaza Vieja plaza.
–Yehuda Ha Levi-San Antón.
–Cubrimiento Mediavilla.
–Caldereros.
–Aldehuela.
–Guerreros.
–San Nicolás plaza.
–Pontarrón.
–Santa Cruz.
–Granados.
–Yeseros.
–Calahorra (1etik 19ra, eta 2tik 10era).
–San Salvador.
–San Nicolás.
–Serralta.
–Mercado Viejo.
–Chapinerías.
–Mercadal plaza (1etik 25era).
–Pelaires.
–Herrerías.
–Carnicerías.
–Horno del Pasaje.
–Leache.
–Cortadores.
–Fuente del Matadero.
–Yanguas y Miranda.
–Jorge Burgaleta.
–El Pasaje.
–Bóveda.
–Carmen Alta.
–Carmen Baja.
–Albillo.
–Gayarre kalea 1 eta 2.
–Zurradores.
iv) 4. eremua: Pamplona pasealekuko aparkatzeko tokiak. Kale edo plaza hauetan erroldatuta dauden bizilagunei emanen zaizkie agiriak:
–Fueros plaza.
–Pamplona pasealekua.
–Muro.
–Carrera.
–Zaragoza etorbidea 1.
v) 5. eremua: Pasaje del Regio eta Sancho VII el Fuerte kaleetan aparkatzeko tokiak. Kale edo plaza hauetan erroldatuta dauden bizilagunei emanen zaizkie agiriak:
–Eza.
–Sarasate.
–Sancho VII el Fuerte.
–Capuchinos.
–Juan Antonio Fernández kalea (4tik 22ra, eta 35etik 45era).
–Zaragoza etorbidea (2tik 28ra).
–Pasaje del Regio.
vi) 6. eremua: Kale hauetako aparkalekuak: Valle Salazar, Manresa (Juan Antonio Fernándezen eta Valle Salazarren artean), Juan Antonio Fernández (zenbaki bikoitien aldea, Príncipe de Vianaren eta Cuesta de la Estaciónen artean) eta Cuesta de la Estación, Juan Antonio Fernández eta Zaragoza etorbidearen artean. Kale edo plaza hauetan erroldatuta dauden bizilagunei emanen zaizkie agiriak:
–Juan Antonio Fernández kalea (1etik 33ra, eta 2tik 20ra).
–Cuesta de la Estación kalea 10 eta 12.
–Príncipe de Viana.
–Valle Salazar.
–Manresa.
–Zaragoza etorbidea (30etik 46ra).
vii) 7. eremua: Navas de Tolosa kalean eta Invierno pasealekuan aparkatzeko tokiak. Kale edo plaza hauetan erroldatuta dauden bizilagunei emanen zaizkie agiriak:
–Navas de Tolosa.
–Invierno pasealekua.
–Barrio Verde.
–Fernando Remacha.
–San Marcial kalea (1etik 33ra, eta 2tik 18ra).
–Frauca kalea (5etik 13ra).
–Aranaz y Vides kalea (1etik 7ra).
–Zaragoza etorbidea (3tik 33ra).
viii) 8. eremua: Aranaz y Vides eta Andrés de Sola kaleetan aparkatzeko tokiak. Kale edo plaza hauetan erroldatuta dauden bizilagunei emanen zaizkie agiriak:
–Rubla.
–Andrés de Sola.
–Central etorbidea.
–Peñuelas.
–Estación plaza.
–Frauca kalea (2tik 6ra, eta 1etik 3ra).
–Aranaz y Vides kalea (4tik 12ra, eta 9tik 13ra).
–Camino Caritat kalea (1etik 11ra, eta 2tik 4ra).
–Cuesta de la Estación kalea (2tik 8ra, eta 1etik 9ra).
–Zaragoza etorbidea (35etik 51ra).
b) Bizilagun agiridunendako erreserbatutako aparkatze eremuen seinalizazioa.
i) Seinale horizontalak: lurreko marka berdeak.
ii) Seinale bertikalak:
–Eremuaren hasiera: R-309 debeku-murrizte seinalea ("aparkaldi mugatuko eremua"); informazio plaka bat izanen du osagarri, aparkatzeko baimena duten egoiliarrei dagokien eremuaren zenbakia adierazteko, egunak eta orduak zehaztuta dauzkala. Garabi lana eremuan.
–Eremuaren bukaera: R-504 debeku-murrizte bukaerako seinalea ("aparkaldi mugatuko eremuaren bukaera").
III. ERANSKINA.–EREMU URDINAREN EDO TXANDAKAKOAREN MODALITATEAN APARKALDI MUGATUA ARAUTUA DUTEN KALEAK
–Muro.
–Pamplona pasealekua.
–Pablo Sarasate.
–Capuchinos.
–Juan Antonio Fernández (Eza eta Cuesta Estación kaleen arteko zatia).
–Autobusen geltoki zaharra.
–Misericordia.
–Constitución plaza.
–Mont de Marsan bulebarra.
–San Marcial (Zaragoza etorbidearen eta Invierno pasealekuaren arteko zatia).
–Príncipe de Viana.
–Central etorbidea.
–Rubla.
–Aranaz y Vides.
–Yehuda Ha Levi plaza.
–Doña María Ugarte (Misericordia kaletik Díaz Bravo kaleraino).
–Cuesta Estación.
–Valle Salazar.
–Manresa.
–Fernando Remacha.
–Navas de Tolosa.
IV. ERANSKINA.–ZIKLOKALE edo BIZIKLETA KALEETAKO BIDE-SEINALEAK
Lurreko seinaleak:

Seinale bertikalak:

R-301

P-22
Iragarkiaren kodea: L2609871
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
