1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
58/2026 FORU AGINDUA, uztailaren 21ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak martxoaren 1ean emandako 80/2013 Foru Agindua. Foru agindu horren bidez garatzen da atzerrian dauden ondasun eta eskubideei buruz informatzeko betebeharra (Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren hemezortzigarren xedapen gehigarriak arautua), eta onesten "Atzerrian dauden ondasun eta eskubideei buruzko aitorpen informatiboa" izeneko 720 eredua.
Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren hemezortzigarren xedapen gehigarrian ezarri zen ezen, 2012. urteaz geroztik, zergapekoak behartuta daudela atzerrian dituzten ondasun eta eskubideen berri ematera urtero Nafarroako Foru Komunitateko zerga-administrazioari, Hitzarmen Ekonomikoaren 46.2 artikuluan ezartzen diren irizpideekin bat.
Alde batetik, nazioarteko informazioari lotutako obligazio hori garatzeko, eta, bestetik, obligazio hori eraginkor egiteko eredua onesteko, 80/2013 Foru Agindua onetsi zen (80/2013 Foru Agindua, martxoaren 1ekoa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak emana), Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan.
80/2013 Foru Aginduaren 10. artikuluan ezarri zen 720 eredua telematikoki aurkeztu behar dela, dela web-inprimaki baten bidez, dela Nafarroako Foru Ogasunak egindako laguntza-programa baten bidez.
Edonola ere, eredua laguntza-programaren bidez aurkezteak zergapekoari ekartzen dizkion karga formalak arintzeko, eta zerga-administrazioak emandako informazioa kudeatzeko modua hobetzeko, komenigarritzat jo da aurkezteko modu hori kentzea. Alde horretatik, 2027tik aurrera aurkezten diren aitorpenetarako, 720 eredua soilik web-inprimaki propioaren bidez aurkeztu ahal izanen da, eta, salbuespen gisa, 4.000 erregistro baino gehiago dituzten aitorpenen kasuan, laguntza-inprimaki baten bidez. Inprimaki horrek aukera ematen du aitorpena aurkezteko fitxategien bidez, zeinak 80/2013 Foru Aginduaren eranskinean zehaztutako erregistro-diseinuetara egokituta baitaude.
Bestalde, aldi baterako errentei edo biziarteko errentei buruzko informazioa emateko betebeharrari dagokionez (atzerrian kokatutako erakundeei diru-kapital bat, eduki ekonomikoko eskubideak edo ondasunak ematearen ondorioz), argitzen da errenta horiek bizi-aseguru batetik badatoz, bizitza- edo baliaezintasun-aseguruetarako ezarritako balioa adierazi behar dela, eta, aseguru-hartzailea errentaren onuraduna ez den beste pertsona bat bada eta erreskate-eskubideari eusten badio, hartzaile horrek aurkeztu behar diola 720 eredua zerga-administrazioari.
Azaldutako aldaketen ondorioz, bidezkoa da foru agin hau ematea. Gainera, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren hemezortzigarren xedapen gehigarriak ahalmena ematen dio zerga arloan eskumena duen departamentuko titularrari informazio-betebehar honen baldintzak garatzeko.
Foru agindu honen bidez garatzen den erregelamendu-ahalaren erabilera bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan xedatutako erregulazio onaren printzipioekin. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 129. artikuluan ezarritako printzipio hauek betetzen dira: premia eta eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna, sinpletasun eta efizientzia, eta irisgarritasuna.
Horiek horrela, bada,
AGINTZEN DUT:
Artikulu bakarra.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak martxoaren 1ean emandako 80/2013 Foru Aginduaren aldaketa. Foru agindu horren bidez atzerrian dauden ondasun eta eskubideei buruz informatzeko betebeharra (Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren hemezortzigarren xedapen gehigarriak arautua) garatzen da, eta "Atzerrian dauden ondasun eta eskubideei buruzko aitorpen informatiboa" izeneko 720 eredua onesten.
80/2013 Foru Aginduaren manu hauek honako testu hau izanen dute:
Bat.–3.3.b) artikulua:
"b) Aldi baterako edo biziarteko errentak, baldin eta abenduaren 31n horien onuradun badira, atzerriko entitate bati kapital bat dirutan, eduki ekonomikoko eskubideak edo ondasun higigarriak edo higiezinak ematearen ondorioz. Adierazi beharko da data horretan zer kapitalizazio balio zuen.
Hala ere, aipatu errentak bizi-aseguru batetik datozenean, aurreko a) letran ezarritako balioa zehaztuko da. Aseguru-hartzailea errentaren onuraduna ez den beste pertsona bat bada eta erreskate-eskubideari eusten badio, hartzaile horrek emanen dio zerga administrazioari informazio hori".
Bi.–6.d) artikulua:
"d) Foru agindu honen 3. artikuluaren 3. eta 5. apartatuetan xedatutakoaren arabera, artikulu horretako 4. apartatuan aurreikusitako kasuetan izan ezik, urte bakoitzeko abenduaren 31n bizi edo baliaezintasun aseguruen hartzekodun izatea aseguru entitatea atzerrian badago, edo aldi baterako edo biziarteko errenten hartzekoduna izatea baldin eta abenduaren 31n horien onuradun badira atzerriko entitateei honako hauek entregatzearen ondorioz: kapital bat dirutan, eduki ekonomikoko eskubideak edo ondasun higigarriak edo higiezinak.
Aseguru-hartzailea errentaren onuraduna ez den beste norbait bada eta erreskate-eskubideari eusten badio, hartzaile horrek aurkeztuko beharko dio 720 eredua zerga-administrazioari".
Hiru.–5. artikulua:
"720 eredua ("Atzerrian dauden ondasun eta eskubideen gaineko aitorpen informatiboa") onesten da. Formatu elektronikoa du, eta haren edukia eranskinean dago".
Lau.–8. artikulua:
"720 eredua elektronikoki aurkeztu beharko da, Internet baliatuta, 9. eta 10. artikuluetan ezarritako baldintzei eta prozedurari jarraikiz".
Bost.–9. artikulua:
"9. artikulua. 720 eredua elektronikoki aurkezteko gaikuntza eta baldintza orokorrak.
1. Honako hauek aurkezten ahalko dute 720 eredua modu elektronikoan, Internet bidez:
a) Eredua aurkeztera behartuta dauden zergapekoek (6. artikuluan zehaztuta daudenek), edo, bestela, haien legezko ordezkariek.
b) 6. artikuluan zehaztutako zergapekoen borondatezko ordezkariek. Kasu horretan, ordezkariek inskribatuta egon beharko dute abuztuaren 8ko 83/2022 Foru Aginduan araututako borondatezko ordezkaritzaren erroldan.
c) Hirugarren pertsonen ordezkari gisa aitorpenak aurkezteko baimena duten pertsonek edo entitateek, ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat. Agindu horren bidez, kanpoko laguntzarako akordioa onetsi zen hirugarren pertsonak ordezkatuz aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk telematika bidez aurkezteko, eta telematika bidez tramitatzeko tributu zorren ordainketa.
2. 720 ereduaren aitorpenen aurkezpen elektronikoa baldintza hauei jarraikiz eginen da:
a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du.
b) Aitortzaileak ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du, Nafarroako Foru Ogasunak onartua, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuan ezarrita dagoenari jarraikiz.
c) Ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat (haren bidez onetsi zen aitorpenak, komunikazioak eta zerga arloko beste agiri batzuk hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko kanpo-lankidetzarako akordioa), aitorpenak hirugarrenen izenean egiteko baimenduta dagoen pertsona edo entitate bat baldin bada aurkezlea, Nafarroako Foru Ogasunak aurreko b) letran adierazitakoaren arabera onartutako ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du".
Sei.–10. artikulua.
"10. artikulua. 720 eredua modu elektronikoan aurkezteko prozedura.
720 ereduaren aitorpenak elektronikoki aurkeztuko dira, Interneten bidez:
A) Web-inprimakiaren bidez, prozedura honi jarraikiz:
1. 720 eredua aurkezteko tramitera sartu, Nafarroako Gobernuaren web-orrian, Nafarroako Foru Ogasunaren atalean.
2. Aitorpena aurkezteko beharrekoak diren datu guztiak bete.
3. Aitorpena bete ondoren, erabili "tramitatu" aukera.
Aitorpena zuzen egina bada, sistemak baliozkotu eginen du. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu. Aitorpena zuzen bete ondoren, sistemak adieraziko du zer zenbaki esleitu zaion aurkeztu den aitorpenari, eta, orobat, inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.
B) Salbuespen gisa, aurkeztu beharreko aitorpenak 4.000 erregistro baino gehiago baditu, eredu informatiboen inprimaki osagarritik aurkeztuko da, prozedura honi jarraikiz:
1. Eredu informatiboen inprimaki osagarrian (994) sartu Ogasunarekiko tramiteen zerbitzuren bitartez.
2. Egin beharreko aitorpenaren eredua hautatu: M720.
3. Transmititu beharreko aitorpenaren fitxategia erantsi.
Fitxategi horren edukia foru agindu honen eranskinean ezartzen diren erregistro-diseinuen araberakoa izanen da.
4. Aitorpena bete ondoren, igortzeko aukera erabili.
Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu. Aitorpena behar bezala bete ondoren, aurkeztutako aitorpenari esleitutako zenbakia emanen du aditzera sistemak, eta inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko".
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera aurkezten diren aitorpen informatiboei aplikatuko zaie.
Iruñean, 2026ko uztailaren 21ean.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.
Iragarkiaren kodea: F2610149