Iragarkia
150. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 3a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
490/2026 EBAZPENA, uztailaren 9koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Merkataritza Zerbitzuak izeneko oinarrizko mailako heziketa ziklo espezifikoa ezartzen baita 2026-2027 ikasturterako Nafarroako Foru Komunitatean, modu esperimentalean, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei zuzenduta.
Lanbide Heziketaren Antolamenduari eta Integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoan iragarritako Lanbide Heziketako sistemak prestakuntza eta lanbide akonpainamendua eskaintzen du, zeinak erantzuna ematen baitie pertsonek bizitzan zehar izan ditzaketen interes eta asmoei. Lanbide Heziketako sistema horretan pertsona bera eta pertsonaren kualifikazio beharra dira protagonista nagusiak.
Halaber, martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak, hitzaurrean, erreferentzia egiten dio "pertsonek duten gaitasunari, haien arrazoiak oinarri hartuta izan nahi duten hori lortzeko", eta Lanbide Heziketako sistema antolatzen du, garatu dadin, besteak beste, "pertsonak erdigunean jarrita" eta "gardentasuna, kalitatea, irisgarritasuna, tratuan berdintasun efektiboa eta pertsonen aukera berdintasuna, ekitatea eta inklusioa" oinarri izanda. Hala, edozein diskriminaziori egiten ahalko zaio aurre, izan jaiotzarengatikoa, jatorri nazional edo etnikoarengatikoa, sexuarengatikoa, desgaitasunengatikoa, gizarte edo laneko zaurgarritasunarengatikoa edo beste edozein egoera pertsonal edo sozialengatikoa.
Aurrekoa gauzatzeko, martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak bi bide hauek ezartzen ditu, besteak beste: heziketa zikloen antolaketan "curriculumaren egokitzapenak egin ahal izatea, oinarri hartuta Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren araberako aukera metodologikoak eta malgutze neurriak irakaskuntzan eta ebaluazioan, egindako egokitzapena erreferentziatzat har dadin ebaluazioan", 40.5 artikuluak xedatzen duen bezala; eta oinarrizko mailako heziketa ziklo espezifikoak baimentzea "hezkuntza-premia bereziak dituzten 21 urte arteko gazteentzat", 44.4 artikuluan xedatzen den bezala. Halako zikloen araubidea eta ezaugarri orokorrak ezarrita daude Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren I. tituluko IV. kapituluaren 3. atalean.
Ebazpen honek Nafarroako Foru Komunitatean sakonago eta zehatzago garatzen du aurreko apartatuetan eta ekainaren 29ko 71/2022 Foru Dekretuaren 21.10 artikuluan aipatutako arau esparrua (dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen du); hala, irakaskuntzak erantzun malgua emanen die hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen beharrei.
Helburua da oinarrizko mailako heziketa ziklo espezifikoak (OMZE) garatzea Lanbide Heziketako ikastetxe publikoetan, Nafarroako Lanbide Heziketako Sistemak aurre egin diezaien inklusiorako espazioak sortzeko erronka berriei, Lanbide Heziketaren Antolamenduari eta Integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren agindua betez.
Oinarrizko mailako heziketa ziklo espezifikoek, planteamendu inklusibo baten bitartez, hezkuntza-, gizarte- eta lan-testuinguruak uztartzen dituzte, modulukako ikaskuntza sistema integratua, malgua eta pertsonaren beharretara molda daitekeena baliatuz.
Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Merkataritza Zerbitzuak Oinarrizko Mailako Heziketa Ziklo Espezifikoa ezartzea 2026-2027 ikasturterako Nafarroako Foru Komunitatean, modu esperimentalean, eranskinean jasotakoaren arabera.
2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen honen eta dagokion eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egun baliodunetik hasita.
4. Ebazpen hau eta eranskina igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, honako hauetara: Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusira; Langileriaren Zuzendaritza Nagusira; Azpiegituretako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusira; Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura; Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura; Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzura; Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzura; Hezkuntza Zerbitzuen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura; Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzura; Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura; Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzura; Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Atalera; Inklusio Atalera; Nafarroako Eskola Kontseilura; Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentrora, Hezkuntza Premien Bulegora eta Eskolatze Bulegora.
Iruñean, 2026ko uztailaren 9an.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
ERANSKINA.–MERKATARITZA ZERBITZUAK OINARRIZKO MAILAKO HEZIKETA ZIKLO ESPEZIFIKOA. 2026-2027 IKASTURTEA
Oinarrizko mailako heziketa ziklo espezifikoen (OMZE) xedea eta helburuak.
1. Oinarrizko mailako heziketa ziklo espezifikoek xede dute erantzutea hezkuntza-premia bereziak dituzten gazteen hezkuntza beharrei eta behar profesionalei. Horretarako baliatzen duten ereduak hartzaileen garapen pertsonal, emozional, sozial eta profesionala errazten du, autonomiarako gaitasunak eta gaitasun profesionalak handitzeko, gizarte bazterketaren arriskua saihesteko, konpetentzia tekniko-profesionalen garapenaren eta lorpenaren bidez lanbide karrera definitzeko eta Lanbide Heziketaren eredu pertsonalizatu bat eskaintzeko, lanbide batean aritzeko gaitzen duena eta laneratzea errazten duena.
2. Oinarrizko mailako heziketa ziklo espezifikoak Lanbide Heziketako titulu bakoitzeko konpetentziak garatu ahal izateko behar diren irakaskuntzaren emaitzak lortzen laguntzen die ikasleei. Gainera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako konpetentziak eskuratzen laguntzen die.
Oinarrizko mailako heziketa ziklo espezifikoen (OMZE) xede diren ikasleak. Izena emateko bete beharreko baldintzak.
3. Oinarrizko mailako heziketa ziklo espezifikoak hezkuntza-premia bereziak dituzten (HPB) ikasleei zuzentzen zaizkie, batez ere desgaitasun intelektuala, mugitzeko desgaitasuna, ikusteko desgaitasuna, entzuteko desgaitasuna, autismoaren espektroko nahasmendua edo komunikazioaren eta hizkuntzaren nahasmendu larria dituztenei–, baldin eta egokitzeko gaitasun nahikoa badute, taldean duten jarrera autorregulatzeko gai badira eta ez badute etengabeko ikuskapenik behar; hau da, zikloa egitean titulua lortzeko bermeak izan behar dituzte.
Orientaziorako aholkuan baldintza hori azaldu behar da. Hura egiaztatzeko banakako proba estandarizatuak eginen dira, kulturalki eta psikometrikoki egokiak.
4. Ikasle horiek baldintza hau ere bete behar dute: behean azaltzen diren irakaskuntzetako bat egin izana eta, gainera, haietako bakoitzerako adierazten diren baldintzak betetzea. Hain zuzen ere:
–Curriculum bereziko unitate (CBU) bat. Gutxienez ere Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailetako curriculum konpetentziak lortuak izan behar dituzte sarrera eskatzen duten unean.
–Lanbide Heziketa Bereziko (LHB) ziklo bat. Gaindituak izan behar dituzte etengabeko prestakuntzako lanbide moduluak eta 1. mailako konpetentzia unitateei lotutakoak, eta lortuak izan behar dituzte gutxienez ere Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailetako curriculum konpetentziak, sartzea eskatzen duten unean.
–DBHn, gutxienez ere Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren maila, curriculum egokitzapen esanguratsuak aplikatuta. Lortuak izan behar dituzte gutxienez ere Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailetako curriculum konpetentziak, sarrera eskatzen duten unean.
Definizioak.
5. Ebazpen honen ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira aintzat:
a) Helburuak: ikasleek oinarrizko mailako heziketa ziklo espezifiko bat amaitzean erdiestea espero diren lorpenak, funtsezko konpetentziak, lanbide gaitasunak, konpetentzia pertsonalak eta gizarte konpetentziak bereganatzearekin lotuta daudenak.
b) Funtsezko konpetentziak: ezinbestekotzat jotzen diren jardunak, ikasleek beren prestakuntza ibilbidean arrakasta bermatuta aurrera egin ahal izateko eta erronka nagusiei aurre egiteko bete beharrekoak. Funtsezko konpetentzia horiek ikasleek oinarrizko irakaskuntza amaitzean izan beharreko irteera-profilean jasota daude, eta Europar Batasuneko Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 22ko Gomendioan, etengabeko ikaskuntzarako funtsezko konpetentziei buruzkoan, ezarritako funtsezko konpetentziak Espainiako hezkuntza sistemara egokitzearen emaitza dira.
c) Konpetentzia espezifikoak: zenbait jarduera edo egoeratan, zeinetan lanketarako beharrezkoak baitira arlo bakoitzaren oinarrizko jakintzak, ikasleek bete behar dituzten jardunak. Konpetentzia espezifikoek lotzen dituzte, alde batetik, funtsezko konpetentziak, eta, bestetik, esparru komunetako oinarrizko jakintzak eta ebaluazio irizpideak.
d) Oinarrizko jakintzak: Komunikazioaren eta Gizarte Zientzien esparruko eta Zientzia Aplikatuen esparruko edukiak osatzen dituzten ezagutzak, abileziak eta jarrerak, konpetentzia espezifikoak eskuratzeko ikasi beharrekoak.
e) Ikaskuntza egoerak: ikasleek funtsezko konpetentziekin eta konpetentzia espezifikoekin lotutako jarduerak gauzatzea dakarten egoerak eta ikaskuntzak, konpetentzia horiek eskuratu eta garatzen laguntzen dutenak.
f) Ikaskuntzaren emaitza: curriculumaren oinarrizko osagaia, ikasle batengandik zer jakitea, zer ulertzea eta zer egiteko gai izatea espero den deskribatzen duena, elementu konpetentzia / konpetentzia-estandar / konpetentzia unitate bati lotuta, eta curriculumaren gainerako osagaiak orientatzen dituena, ikasleak emaitza lortu duela egiaztatzeko ebaluazio irizpideak barne.
g) Ebaluazio irizpideak: erreferenteak, konpetentzia espezifikoei dagozkien egoera edo jarduera batzuetan ikasleengandik espero diren jardun-mailak (Komunikazioaren eta Gizarte Zientzien esparruan eta Zientzia Aplikatuen esparruan) eta ikaskuntzaren emaitzak (lanbide esparruko lanbide moduluetan) adierazten dituztenak, ikaskuntza prozesuaren une jakin batean.
h) Lanbide gaitasuna: lanbide batean produkzioaren eta enpleguaren eskakizunekin bat etorriz jardutea ahalbidetzen duten ezagutza eta abilezia multzoa. Lanbide gaitasunak konpetentzia profesionalaren estandarretan jasotzen dira, eta estandar horiek erabili behar dira Lanbide Heziketako edozein eskaintza diseinatzeko.
i) Konpetentzia elementua: pertsonarengandik espero den portaera deskribatzen duen lanbide errealizazio bakoitza, pertsonak lanbide batean egiten dituen jardueren ondorioak edo emaitzak deskribatzen dituena. Konpetentzia-estandar baten atalik txikiena da.
j) Konpetentzia-estandarra: lanbide jarduera jakin bati dagozkion zereginetan eta lanetan behar adinako kalitate-estandarra betez aritzea deskribatzen duten konpetentzia elementuen multzo zehatza.
k) Ikasleen irteera-profila: tresna bat, zeinean zehazten baitira Espainiako hezkuntza sistemak Oinarrizko Hezkuntzari dagokionez dituen printzipioak eta xedeak. Irteera-profilak identifikatu eta definitzen ditu, XXI. mendeko erronkei dagokienez, ikasleek oinarrizko hezkuntzaren etaparen bukaeran garatuta izan behar dituzten funtsezko konpetentziak.
l) A gradua: Konpetentziaren akreditazio partziala: lanbide modulu bateko konpetentzia elementu bat edo batzuk akreditatzeko ziurtagiria.
m) B gradua: Konpetentziaren ziurtagiria: lanbide modulu bati lotutako konpetentzia-estandarra akreditatzen duen ziurtagiria.
n) C gradua: Ziurtagiri profesionala: lan merkatuan aintzat hartzen den lanbide gaitasun bat egiaztatzen duen ziurtagiria.
o) D gradua: Oinarrizko teknikari titulua: oinarrizko mailako ziklo bat gainditu ondoren eskuratutako lanbide gaitasunak egiaztatzen dituen titulua.
p) Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsala: hezkuntza inklusiborako irakaskuntza eredu bat, ikasle bakoitzaren ikaskuntzaren singulartasuna aitortzen duena eta ikaskuntza eta irakaskuntza prozesuen eta inguruneen irisgarritasuna sustatzen duena, ikasleen askotariko beharrei eta ikaskuntza erritmoei egokitutako curriculum malgua dela medio.
q) Lanbide Heziketa Duala: irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak Lanbide Heziketako ikastetxearen eta enpresa edo pareko erakunde baten artean antolatuta gauzatzen den lanbide heziketa, bi agente horien ardurapekoa, helburu duena prestakuntza jasotzen ari den pertsonaren enplegagarritasuna hobetzea.
Merkataritza Zerbitzuak Oinarrizko Mailako Heziketa Ziklo Espezifikoa zikloaren antolaketa eta egitura.
6. Merkataritza Zerbitzuak Oinarrizko Mailako Heziketa Ziklo Espezifikoak honako arlo eta proiektu hauek ditu:
–Komunikazioaren eta Gizarte Zientzien Esparrua.
–Zientzia Aplikatuen Esparrua.
–Lanbide Esparrua.
–Autonomia Pertsonalaren eta Laneko Orientabidearen Esparru Osagarria.
–Taldeko Tutoretza.
7. Iraupena. Merkataritza Zerbitzuak Oinarrizko Mailako Heziketa Ziklo Espezifikoak 4.000 orduko iraupena du, lau ikasturte osotan banatuta.
8. Esparruen eta tutoretzaren sekuentziazioa eta denbora banaketa. Merkataritza Zerbitzuak Oinarrizko Mailako Heziketa Ziklo Espezifikoaren ordu kopurua, oro har, honela banatuko da ikasturte bakoitzean:
a) Komunikazioaren eta Gizarte Zientzien Esparrua. Astean 5 eskola.
b) Zientzia Aplikatuen Esparrua. Astean 5 eskola.
c) Lanbide Esparrua: Astean 15 eskola.
d) Autonomia Pertsonalaren eta Laneko Orientabidearen Esparru Osagarria: Astean 4 eskola.
f) Tutoretza: Astean 1 eskola.
Merkataritza Zerbitzuak Oinarrizko Mailako Heziketa Ziklo Espezifikoa.
ESPARRUA / LANBIDE MODULUA | IRAKASGAIA ASTEKO ORDUAK | IKASMAILA |
Komunikazioaren eta Gizarte Zientzien Esparrua | 5 | 1. MAILA, 2. MAILA, 3. MAILA, 4. MAILA |
Zientzia Aplikatuen Esparrua | 5 | 1. MAILA, 2. MAILA, 3. MAILA, 4. MAILA |
Lanbide Esparrua | ||
3001 LM, Datuen Tratamendu Informatikoa | 15 | 1. MAILA, 2. MAILA, 3. MAILA, 4. MAILA |
3006 LM, Eskaerak Prestatzea eta Produktuak Saltzea | 1. MAILA, 2. MAILA, 3. MAILA, 4. MAILA | |
3070 LM, Biltegiko Laguntza Lanak | 1. MAILA, 2. MAILA, 3. MAILA, 4. MAILA | |
3002 LM, Ofimatikako Oinarrizko Aplikazioak | 1. MAILA, 2. MAILA, 3. MAILA, 4. MAILA | |
3005 LM, Bezeroarentzako Arreta | 1. MAILA, 2. MAILA, 3. MAILA, 4. MAILA | |
3069 LM, Merchandisingeko Oinarrizko Teknikak | 1. MAILA, 2. MAILA, 3. MAILA, 4. MAILA | |
3160 LM, Elkarlaneko Ikaskuntzako Proiektu Intermodularra | 1. MAILA, 2. MAILA, 3. MAILA, 4. MAILA | |
3159 LM, Enplegagarritasunerako Ibilbide Pertsonala | 1. MAILA, 2. MAILA, 3. MAILA, 4. MAILA | |
Autonomia Pertsonalaren eta Laneko Orientabidearen Esparru Osagarria | 4 | 1. MAILA, 2. MAILA, 3. MAILA, 4. MAILA |
Tutoretza | 1 | 1. MAILA, 2. MAILA, 3. MAILA, 4. MAILA |
Esparruak, lanbide moduluak eta lanbide esparruko proiektua sekuentziatuta daude oinarrizko mailako heziketa ziklo espezifikoko lau ikasturteetan, konpetentzia mailetan eta, hala dagokienean, irakaskuntzaren emaitzetan.
Oinarrizko mailako heziketa ziklo espezifikoa duala izatea.
9. Oinarrizko mailako heziketa ziklo espezifikoa duala izanen da Lanbide Heziketaren Antolamenduari eta Integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoan zehazten den moduan.
10. Enpresa edo organismo parekatuko prestakuntzaren iraupena oinarrizko mailako zikloek dutenaren berdina izan beharko da, eta oinarrizko mailako heziketa ziklo espezifikoaren bigarren mailatik aurrera gauzatzen ahalko da, hori barne.
Curriculuma.
11. Komunikazioaren eta Gizarte Zientzien Esparruko eta Zientzia Aplikatuen Esparruko curriculuma ekainaren 29ko 71/2022 Foru Dekretuan ezarritakoa da (dekretu horrek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen du Nafarroako Foru Komunitatean).
12. Lanbide Esparruko lanbide moduluen curriculuma ezarrita dago Nafarroako Foru Komunitateko Merkataritza Zerbitzuak Oinarrizko Graduaren zikloen egitura eta curriculuma ezartzen duten foru dekretuetan.
13. Autonomia Pertsonalaren eta Laneko Orientabidearen Esparru Osagarriaren curriculuma irakasle-taldeak eta ikastetxeak prestatuko dute, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiak emandako jarraibide espezifikoekin bat.
Ikasleen ratioa.
14. Oro har, taldean gehienez ere 10 ikasle izanen dira.
Ebaluazioa.
15. Oinarrizko mailako heziketa ziklo espezifikoko ikasleen ebaluazioa bat etorriko da Hezkuntzako eta Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak horrelako zikloetako ebaluaziorako berariaz eta ebazpen bidez ezartzen dituen jarraibideekin.
Titulazio akademikoa eta ziurtagiri profesionalak.
16. Oinarrizko mailako heziketa ziklo espezifiko batean sartutako esparru guztiak gaindituz gero, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gradudun titulua lortuko da.
Ikasleek bereganatutako lanbide konpetentziak lanaren arloan justifika daitezen errazteko, apartatu honetan aipatzen diren ikasleek oinarrizko teknikariaren titulua ere jasoko dute, dagokion espezialitatean.
17. Ikasle guztiek ziurtagiri ofizial bat jasoko dute oinarrizko mailako heziketa ziklo espezifikoetako eskolatzea bukatzen dutenean. Ziurtagiri horretan, egindako ikasturte kopurua eta irteerako profilean zehaztutako funtsezko konpetentzien bereganatze maila adieraziko dira.
Era berean, ikasle guztiek orientaziorako aholku indibidualizatua jasoko dute, eta bertan proposamen bat eginen zaie, haientzat egokien jotzen diren aukera akademikoei, prestakuntzakoei edo profesionalei buruz. Orientaziorako aholku horren helburua izanen da ikasle guztiek aukera egoki bat aurkitzea beren etorkizuneko prestakuntzarako.
18. Oinarrizko mailako heziketa ziklo espezifikoa egin ondoren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gradudun titulua lortzen ez duten ikasleek, aurreko apartatuan aipatutako ziurtagiri ofizialaz gainera, ziurtagiri profesionala jasoko dute, kasuan kasukoa: konpetentziaren akreditazio partzialaren ziurtagiria, konpetentziaren ziurtagiria edo ziurtagiri profesionala.
Irakasleak.
19. Komunikazioaren eta Gizarte Zientzien esparruko eta Zientzia Aplikatuen esparru ez-profesionalak Komunikazioaren eta Gizarte Zientzien esparruko eta Zientzia Aplikatuen esparruko irakasleek emanen dituzte, bakoitzak bere esparruan, bat etorriz abuztuaren 27ko 80/2014 Foru Dekretuarekin, haren bidez Nafarroako Foru Komunitatean Merkataritza Zerbitzuetako Oinarrizko Lanbide Tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen baitira; hain zuzen ere, abenduaren 11ko 108/2024 Foru Dekretuak emandako idazketaren arabera (foru dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean Oinarrizko Lanbide Heziketako tituluen egiturak eta curriculumak ezartzen dituzten foru dekretuak aldatzen dira, Lanbide Heziketa antolatu eta integratzeko 3/2022 Lege Organikoan, martxoaren 31koan, ezarritako xedapenetara egokitzeko).
20. Lanbide Esparruak eta Lanbide Esparruko Proiektuak esparru eta proiektu horietako irakasleek emanen dituzte, bakoitzak bere esparruan, bat etorriz abuztuaren 27ko 80/2014 Foru Dekretuarekin (haren bidez Nafarroako Foru Komunitatean Merkataritza Zerbitzuetako Oinarrizko Lanbide Tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dira), hain zuzen ere, abenduaren 11ko 108/2024 Foru Dekretuak emandako idazketaren arabera (foru dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean Oinarrizko Lanbide Heziketako tituluen egiturak eta curriculumak ezartzen dituzten foru dekretuak aldatzen dira, Lanbide Heziketa antolatu eta integratzeko 3/2022 Lege Organikoan, martxoaren 31koan, ezarritako xedapenetara egokitzeko).
21. Autonomia pertsonalaren eta laneko orientabidearen esparru osagarrian irakasle arituko dira maisu-maistren kidegoko Pedagogia Terapeutikoa espezialitateko irakasleak.
22. Oinarrizko mailako heziketa ziklo espezifikoaren egituraren barnean, partekatutako irakaskuntza edozein esparrutan egiten ahalko da, ez-profesionaletan eta profesionaletan.
Iragarkiaren kodea: F2609883
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
