150. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

43/2026 FORU AGINDUA, uztailaren 15ekoa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, gizarte zerbitzuen arloko funtsezko gutxieneko zerbitzuak arautzen dituena, Solera Navarra SLU enpresan eta Segundo Ensanche eguneko zentroan iragarritako greba dela-eta.

Javier Santesteban Elizalde jaunak, ELA sindikatuaren ordezkari gisa, jakinarazi du, Nafarroako Gobernuko Lan Zerbitzuan 2026ko uztailaren 8an erregistratutako idazki bat aurkeztuz, Solera SLU enpresan eta Segundo Ensanche eguneko zentroan greba egiteko deia egin dutela egun hauetarako: 2026ko uztailaren 20an, 21ean, 27an eta 28an, abuztuaren 3an, 4an, 10ean, 11n, 17an, 18an, 24an, 25ean eta 31n eta irailaren 1ean, egunero 6:00etatik hasi eta 19:00ak arte.

Greba egiteko eskubidea, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortua, bateragarria izan behar da funtsezko zerbitzu publikoak ematearekin, Konstituzioaren testuak berak dioen bezala, eta horretarako behar diren bermeak ezarri behar dira. Konstituzio arloko jurisprudentziak behin eta berriz xedatu duenez, gutxieneko zerbitzuak ezartzerakoan kontuan hartu behar dira proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak, eta zerbitzu horiek ezartzea behar bezala arrazoitu behar da.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Gizarte zerbitzuen arloan, zerbitzu jakin batzuek (egoitza zentroak, etxebizitzak, eguneko arretarako zentroak eta etxeko laguntza zerbitzuak, besteak beste) berehalako erantzuna ematen dute gizarte larrialdietan; izan ere, oinarrizko eta funtsezko arreta pertsonal eta soziala eta laguntza indibiduala, familiarra edo kolektiboa eskaintzen diete egoera ahulean dauden gizarte taldeei, konparazio batera, mendekotasuna dutenei, desgaitasun fisiko, sentsorial edo adimenekoa dutenei, gaixotasun mental bat dutenei, adingabeei, adinekoei, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei eta gizartetik baztertuta daudenei.

Laguntza zerbitzu horien instalazioetan, batzuetan, oinarrizko beharrak asetzeko zainketa pertsonala behar duen jendeari arreta ematen zaio, eta beste batzuetan, hainbat zerbitzu, tratamendu, programa eta laguntza eskaintzen dira bertan. Horregatik, gutxieneko zerbitzuak finkatzean, ezinbestekoa da erabiltzaile horiei egunero arreta egokia emateko nahitaezkoak diren zerbitzu, programa eta tratamenduak bermatzea, funtsezko zainketetan etenik izan ez dadin.

Azpimarratu beharra dago ezen gizarte baliabide horien erabiltzaileentzako gutxieneko arretaren barruan haien oinarrizko beharrak estaltzeko diren jarduera guztiak sartzen direla, hala nola elikadura, baina baita zainketa pertsonalari, komunikazioari, joan-etorriei, kontrolari eta babesari lotutako behar guztiak estaltzekoak ere, eta jarduera horiek ukituak gertatzen ahal direla greba-orduetan.

Gutxieneko zerbitzu horiek finkatzeko orduan, proportzionaltasunaren eta arrazionaltasunaren printzipioez gainera, kontuan hartu behar da zerbitzu horiek ezinbestekoak direla, beren egoera pertsonala dela kausa, oinarrizko behar horiek beren kasa eta zuzenean bete ezin dituzten herritarrei arreta egokia emateko. Horrek justifikatzen du zerbitzu horiek funtsezko zerbitzu gisa baloratzea eta sailkatzea, eta, hortaz, beharrezkoa da osorik estaltzea deialdiko grebak dirauen bitartean.

Eguneko arreta-zentroak arreta soziosanitarioko baliabide integral bat dira, mendekotasun edo hauskortasun egoeran dauden adinekoei zuzenduak. Horietan, esku-hartzeak ez dira oinarrizko beharrak estaltzera mugatzen (elikadura, higiene pertsonala, garbiketa edo garraioa); izan ere, jarduketa terapeutikoak, errehabilitaziokoak eta estimulazio funtzionalekoak ere barne hartzen dituzte.

Horregatik guztiagatik, Espainiako Konstituzioak 15., 28., 39.4, 43. eta 49. artikuluetan aginte publikoei ezartzen dizkien betebeharrak betez, beharrezkoa da herritar horiei beren osasuna eta bizia babesteko eskubidea bermatuko dieten gutxieneko zerbitzu batzuk ezartzea, baina, betiere, langileen grebarako eskubidea errespetatuta.

Proposamena helarazi zaie bai deialdiak ukitzen duen entitateari eta bai deialdia egin duen sindikatuari, greba-batzordearen ordezkaria den aldetik.

Horrenbestez, kontuan harturik Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10.2 artikuluan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44.17 eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoa, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Solera Navarra enpresan eta Segundo Ensanche eguneko zentroan 2026ko uztailaren 20rako, 21erako, 27rako eta 28rako, abuztuaren 3rako, 4rako, 10erako, 11rako, 17rako, 18rako, 24rako, 25erako eta 31rako eta irailaren 1erako iragarritako greba egitean, errespetatu beharko dira, grebaren arloan, erabiltzaileen oinarrizko beharrei arreta ematea xede duten zerbitzuak, hots: zainketa pertsonalari, komunikazioari, joan-etorriei, kontrolari eta babesari lotutakoak. Beraz, kanpo geratuko dira aisialdiko programekin lotutako jarduerak.

Era berean, oinarrizko arretez gain, oinarrizko esku-hartze terapeutikoak ere bermatu beharko dira, bai eremu funtzionalekoak, baita eremu kognitibo eta psikosozialekoak ere.

Zehazki, iragarritako grebaren eremuari dagokionez, gutxieneko zerbitzu hauek ezartzen dira arreta horiek bermatzeko:

–Zentroaren zuzendaritza edo koordinazioa: gutxienez zaintzaile bat sei erabiltzaileko, eta teknikarien %50. Gainera, behar izanez gero, zentroko sukalde zerbitzua eta garbiketa eta higienea bermatzeko langile nahikoak. Gainera, garraio zerbitzua mantendu beharko da, greba-ordu horietan beharrezkoa bada.

Bigarrena.–Foru agindu hau igortzea ELA sindikatuari eta Solera Navarra SLU enpresaren zuzendaritzari.

Hirugarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, nahiz eta ondorioak jakinarazten denetik bertatik izanen dituen.

Laugarrena.–Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2026ko uztailaren 15ean.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2609907