Iragarkia
149. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 31
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
BUÑUEL
Oposizio-lehiaketa, bete dadin zuzendariaren plaza bat, Buñuelgo Udalaren San Gregorio zahar-egoitzan
Buñuelgo Udalaren San Gregorio zahar-egoitzako lehendakariaren 2026ko ekainaren 29ko 1/2026 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen, bete zedin, oposizio-lehiaketaren bidez, zuzendariaren plaza bat, lan-kontratudunen araubidean, Buñuelgo Udalaren San Gregorio zahar-egoitzan.
Buñuelen, 2026ko ekainaren 29an.–Lehendakaria, María Teresa Espinosa Sáenz.
OINARRIAK
1. oinarria. Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da betetzea, oposizio-lehiaketaren bidez, zuzendariaren plaza bat (1. taldea), lan-kontratudun finkoen araubidekoa, 1 zenbakia duena plantilla organikoan, Buñuelgo Udalaren San Gregorio zahar-egoitzan, lanaldi osoan, jarraikiz 2025erako onetsitako lan publikoaren eskaintzari.
Orobat, eratuko da izangaien zerrenda bat, aldi baterako kontratazioak egiteko, prozedura gainditu bai baina plazarik eskuratu ez duten izangaiekin, puntuazio-ordenaren arabera.
1.2. Izendapenak lan-kontratudun finko bihurtuko du izendatua, Buñuelgo Udalaren San Gregorio zahar-egoitzakoa, eta kidetuko da Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean, eta hartan alta emanen zaio, lanpostuaz jabetzen den egunetik.
1.3. Lanpostuan aritzeagatik izendatuek jasoko dituzte Buñuelgo Udalaren San Gregorio zahar-egoitzako hitzarmen kolektiboan ezarritako ordainsariak, eta izanen dituzte hitzarmen horretan adierazitako lan-baldintzak. Hitzarmena argitaratu zen 2022ko 206. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 18an.
1.4. Erakunde autonomoak berak ezarriko ditu lanpostu horren lanaldia eta ordutegia. Zerbitzuaren beharretara egokituko dira beti, eta organo eskudunak noiznahi aldatzen ahalko ditu.
1.5. Oinarriotan biltzen ez den orotan, honako hauek aginduko dute:
a) 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.
b) 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua, c) 1/2025 Foru Lege-dekretua, maiatzaren 7koa, onesten dituena ezohiko eta premiazko neurriak, langileen arloan, behin-behinekotasuna murrizteko Nafarroako administrazio publikoetan, eta
d) Horrekin bat datozen arauak, aplikatzekoak direnak.
1.6. Eginkizunak:
Bete beharreko lanak eta eginkizunak izanen dira deialdiko postuko kategoriari dagozkionak, eta, orobat, ondotik azaltzen direnak, besteak beste, aipamen hutsez eta beste batzuk baztertu gabe, eta noiznahi aldatzen ahalko dira, zerbitzuaren beharrengatik:
–Laguntzako proiektu sozial honen buru izatea.
–Laguntza- eta gizarte-helburuak finkatzea urte bakoitzerako, eta kontrol-sistemak ezartzea, gero helburu horien betetze-mailaren berri emateko Gobernu Batzordeari.
–Egoiliarrei instalazio egokia ematea, horretarako eredu funtzional berriak garatuz bizikidetza-unitateetarako.
–Zerbitzu integraleko arlo guztien programazioa diseinatzea, eta haren kontrola eta jarraipena egitea.
–Behar diren kontrol- eta komunikazio-zirkuituak ezartzea laguntza-arloen artean.
–Programazio horiek gauzatzeko behar diren langileen kudeaketa gainbegiratzea; horretarako, antolatuko ditu banakako lan-planak eta laguntza-ordutegiak, eta horien jarraipena eginen du, arreta egokia bermatzeko, erabiltzaileek une oro behar dutenaren arabera.
–Egoiliarrei une oro behar duten laguntza ematea, bere lanbide-eskumenen barnean.
–Egoiliarrei –bai eta haien familiari ere– informazioa ematea, zahar-egoitzako zerbitzu eta instalazioez eta zahar-egoitzan gorde beharreko bizikidetza-arauez eta bizimoduez.
–Laguntza-lantaldearen lana antolatzea, halako moduz non ebaluatuko baitira erabiltzaileen urritasunak eta mendekotasun-mailak. Horretarako, zehaztu beharko du zein alditan berrikusi behar diren halakoak, jarraikiz egoiliar-talde bakoitzaren ezaugarriei, eta, ondorioz, ezarri beharko ditu erabiltzaile guztien banakako helburuak.
–Plazak ituntzeko esparru-akordioan eskatzen den programa egitea, kontrolatzea eta hari jarraipena egitea.
–Egoiliarren eskaera, kontsulta eta gatazken berri jasotzea eta haietaz arduratzea. Aholkua emanen die, eta saiatuko da konponbidea ematen. Joko du zahar-egoitzako lehendakariarengana eta Gobernu Batzordearengana, baldin eta konponbide zaila badute, edo eragiten badiote zahar-egoitzaren funtzionamenduari.
–Egoiliarren familiakoekin harremanetan jartzea eta komunikazioei eustea, haien arteko harreman pertsonala sustatzearren.
–Aldian behin bilerak egitea zahar-egoitzako Partaidetza Kontseiluarekin, horren bidez harremanak sustatzeko eta bizipen-dinamika bultzatzeko zahar-egoitzan harremanetan dauden guztien artean.
–Legedia betetzea eta betearaztea, honako hauei dagokienez: lan arloa, gizarte-zerbitzuak, datu pertsonalen babesa, eta zahar-egoitzaren estatutuak eta barne-araudiak, une bakoitzean indarrean daudenak.
–Arduratzea zahar-egoitzako zerbitzu guztien antolaketaz, kontrolaz, funtzionamenduaz, koordinazioak eta jarraipenaz.
–Langileen etengabeko prestakuntzarako programak diseinatu eta gauzatzea. Langileei aholkatuko zaie nola eraman aurrera beren harremana erabiltzaileekin, horretarako baliatuz zahar-egoitzako laguntza- eta bizipen-dinamiketako parte-hartze aktiboa.
–Zahar-egoitzari atxikitako langileak antolatzea, bereziki arlo hauetan:
- Asistentziaren kontrola.
- Ordutegiak.
- Oporrak.
- Baimenak.
- Lizentziak.
- Laneko bajak.
- Ordezkapenak eta lan-poltsa.
- Lan egutegia.
- Negoziazio kolektiboko ordezkaritza.
- Osasun azterketak.
- Laneko arriskuen prebentzioa.
- Absentismoa eta Ikuskaritza Medikoko Zerbitzuen esku-hartzea.
- Laneko istripuen parteak.
–Giza baliabideen dimentsio egokia ezartzea, behar adinakoa, erantzuna emateko erabiltzaileen laguntza-beharrei eta lanpostu guztien lanbide-profilei.
–Betiere kontu-hartzaileak gainbegiratuta, diseinatzea erakundearen aurrekontu ekonomikoak, proposatzea egoiliarren tasen igoera (behar denean), antolatzea kontabilitatea, diru-bilketa eta diruzaintza, eta izapidetzea behar den dokumentazioa, dirulaguntzak lortzeko, eta horien jarraipena eta justifikazioa egiteko.
–Beste edozein, baldin ekarri behar badu kudeaketa ekonomikoa optimizatzea, jarraikiz ekonomia-irizpideei eta ekonomia- eta finantza-efizientziari (kostuak kontrolatzea, hornitzaileekin negoziatzea, baliabideak optimizatzea, etab.).
–Eguneraturik edukitzea zentroko ondasun eta eskubideen inbentarioa, Gobernu Batzordeko idazkariak gainbegiratuta.
–Egoitzaren hornidurak zaintzea, eta negoziatzea honako hauei buruzko baldintzak: hornidura, prezioak eta hornitzaileei egiten zaizkien ordainketak. Betiere, kontuan harturik zentroko beharrak eta aurrekontuetan ezarritako urteroko kontsumoak.
–Arduratzea higiezina, bulegoak eta zerbitzuak kontserbatzeaz eta mantentzeaz.
–Zentroko gela guztietako giltzak zaintzea. Ahaleginduko da ongi egon daitezen, erabiltzeko moduan. Egoiliarren eta langileen giltza zerbitzuaz arduratuko da, baita haien zainketaz ere.
–Behar diren lanak egitea, zehaztutako plan estrategikoa ezartzeko.
–Kasu egitea Administrazioko ikuskapen zerbitzuen eta erakundeetako ordezkarien bisitei.
–Zahar-egoitzako lehendakariari eta Gobernu Batzordeari eskatzen dituzten txostenak ematea, bai eta bere esperientzien eta behaketen emaitzak ere, baldin egoiliarren mesederako badira; halaber, haien erabakiak izapidetu eta gauzatzea.
–Zahar-egoitzako lehendakariak edo Gobernu Batzordeak erabakitzen dituen beste eginkizun batzuk betetzea, zuzendaritzako lanarekin bat.
2. oinarria. Izangaiek bete beharrekoak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
2.1.1. Izangai guztiek bete beharreko baldintzak:
a) Espainiar nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa, jarraikiz Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuei.
Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.
c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edukitzea unibertsitateko lizentzia, diploma, gradua edo baliokide bat, eta prestakuntza espezializatua egin izana mendekotasunean, desgaitasunean, geriatrian, gerontologian, egoitza-zentroen zuzendaritzan edo beste ezagutza-arlo batzuetan; betiere loturik egon behar dute mendekotasunari arreta ematearekin (masterra, unibertsitateko titulu propioak edo antzeko prestakuntza). 92/2020 Foru Dekretua, abenduaren 2koa, arautzen duena egoitza-zerbitzuen funtzionamendua (65. orrialdea).
Tituluak atzerrian lortu badira, eduki beharko da agiri bat, frogatzen duena baliozkotuak edo homologatuak daudela.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.
3. oinarria. Eskabideak eta aurkezteko epea.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko, 20 egun naturaleko epea egonen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, eta telematikoki aurkeztu behar dira, Buñuelgo Udalaren egoitza elektronikoko erregistroaren bidez (https://sedeelectronica.bunuel.es/).
Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), "administrazioek haiekin harremana nahitaez bitarteko elektronikoz izan beharra ezarri ahal izango dute zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen kolektibo batzuentzat, haien gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bestelako arrazoiengatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta eskuragarritasuna badutela".
Halaber, hau ematen da aditzera 2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 26ko 19/2024 Foru Legearen 27. artikuluan (Nafarroako Administrazio Publikoek antolatutako hautapen prozesuei buruzko xedapenak): "Nafarroako Administrazio Publikoei ahalmena ematen zaie Administrazioan sartzeko edo bertako lanpostuak betetzeko hautapen-prozesuen deialdietan eskabideen eta gainerako dokumentazioaren aurkezpen elektronikoa nahitaezkotzat ezartzeko".
3.2. Desgaitasun aitortua duten izangaiek egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denbora eta baliabideen aldetik, ariketak egin ahal izateko, hala behar izanez gero. Halakoetan, eskabidean adierazi beharko dute, beste orrialde batean, zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkezten ahalko du, eskabidea aurkeztean.
3.3. Deialdian parte hartzeko eskabideak 20 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.4. Eskabideak egoitza elektronikoko izapidearen bidez aurkeztu beharko dira. Haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
3.5. Izangaiek alegatu beharko dituzte kalifikazio-epaimahaiak baloratu beharreko merezimenduak, jarraikiz deialdi honen 6. oinarriari eta III. eranskinari.
Dokumentazio hori aurkezten ez bada eskabideetarako ezartzen diren epean eta moduan, ez dira baloratuko merezimenduak.
3.6. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak (I. eranskina). Eskabidea aurkezteko unean, izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, kasuaren arabera:
3.6.1. Deialdiko 2. oinarrian eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.
3.6.2. Izangaiak lehiaketaldian aurkezten dituen merezimenduak frogatzen dituzten agiriak (jatorrizkoak edo kopia autentifikatuak), bai eta merezimendu horien autobalorazioa ere (III. eranskina).
3.6.3. Desgaitasun aitortua duten izangaiek hura frogatzeko agiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, azterketak egiteko egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denboraren nahiz baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.
4. oinarria. Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
Onartzeko baldintza gisa ezartzen da bigarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzea, betiere eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, eta epe barnean aurkeztea eskabideak, eskatutako gainerako agiriekin batera.
4.1. Eskabideak aurkezteko 20 egun naturaleko epea bukatuta, lehendakariak ebazpen bat emanen du, eta onetsiko du behin-behineko zerrenda bat, onartu eta baztertu diren izangaiekin. Orobat, aginduko du zerrenda argitara dadila Buñuelgo Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.bunuel.es/) eta iragarki-taulan, bai eta Buñuelgo San Gregorio zahar-egoitzaren iragarki-taulan ere.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Buñuelgo Udalaren egoitza elektronikoan argitaratzen denetik aurrera, erreklamazioak aurkezteko eta, baldin akats formalik egin badute deialdiko baldintzak betetzen dituztela frogatzeko agirietan, horiek zuzentzeko. Telematikoki aurkeztu beharko dira erreklamazioak.
4.3. Erreklamazioak egiteko epea bukatuta eta horiek ebatzita, edo, kasua bada, zuzenketak eginda, lehendakariak ebazpen bat emanen du, eta haren bidez onetsiko du onartu eta baztertu diren izangaien behin betiko zerrenda. Orobat, aginduko du zerrenda argitara dadila Buñuelgo Udalaren egoitza elektronikoan eta iragarki-taulan, bai eta Buñuelgo San Gregorio zahar-egoitzaren iragarki-taulan ere.
Bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda.
4.4. Izangai onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Baldin eta hautapen prozedura gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko agiriak aztertzen direnean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.5. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioaldiko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den. Gerora, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Buñuelgo Udalaren egoitza elektronikoan eta iragarki-taulan, bai eta Buñuelgo San Gregorio zahar-egoitzaren iragarki-taulan ere.
5. oinarria. Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
Epaimahaiburua: María Teresa Espinosa Sáenz, Buñuelgo Udaleko alkatea eta Buñuelgo Udalaren San Gregorio zahar-egoitzako lehendakaria.
Ordezkoa: Nerea Martínez Beltrán, Buñuelgo Udaleko bigarren alkateordea eta Buñuelgo Udalaren San Gregorio zahar-egoitzako lehendakariordea.
1. epaimahaikidea: Misael Narros Martín, Iniciativas para la Tercera Edad SL enpresako teknikaria.
Ordezkoa: izen-deiturak eta postua: Alicia Palacios Algarra, Iniciativas para la Tercera Edad SL enpresako teknikaria.
2. epaimahaikidea: Anyuri Gorjón Lizarbe, Ablitasko eta Murchanteko eguneko zentroko zuzendaria.
Ordezkoa: Aiara Castaño Gutierrez, Cortesko Carmen Bellido egoitzako zuzendaria.
3. epaimahaikidea: María Antonia Monguilán López, Buñuelgo Udalaren San Gregorio zahar-egoitzako ordezkari sindikala.
Ordezkoa: Diego Maestu Aguado, Buñuelgo Udalaren San Gregorio zahar-egoitzako ordezkari sindikala.
4. epaimahaikide idazkaria: Juan Antonio Pérez Rodríguez, Buñuelgo Udaleko eta San Gregorio zahar-egoitzako Gobernu Batzordeko idazkaria.
Ordezkoa: Sonia Mateo Ortega, Ablitasko Udaleko idazkaria.
5.2. Izangaiek kalifikazio-epaimahaiko kideak errekusatzen ahalko dituzte. Halaber, epaimahaian parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, horren berri emanen da, izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera.
5.3. Epaimahaia eratu beharko da hautaprobak hasi baino lehen, eta, haren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten, kide guztien gehiengo osoa bildu beharko da gutxienez.
Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioaz eta aplikazioaz sortzen diren auzi guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jaso dezake, proba guztietan edo haietako batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.
6. oinarria. Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.
6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da: lehiaketaldia lehenbizi, eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
Oposizioaldia 2026ko irailetik aurrera hasiko da.
Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioaldiko lehen proba.
Epaimahaiak hurrengo probetarako deialdiak argitaratuko ditu 48 orduko aurrerapenarekin gutxienez; bertan adieraziko du proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda, bai eta oposizioaldiko proba non, noiz eta zer ordutan eginen den ere. Hain zuzen, deialdiok argitaratuko ditu Buñuelgo Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.bunuel.es/) eta iragarki-taulan eta Buñuelgo Udalaren San Gregorio zahar-egoitzaren iragarki-taulan.
Oposizioaldiko probetarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena, bai eta bolaluma urdina edo beltza ere. Prozesutik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatutako agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.2. Lehiaketaldia. Epaimahaiak, lehenik, baloratuko ditu deialdian parte hartzeko eskabidea aurkezteko unean izangaiek alegatutako merezimenduak, baldin agiri bidez frogatu badituzte. Hori dena, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduaren 19. artikuluari (erregelamendu hori onetsi zen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez).
Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean zerrendatuta, alegatuta eta frogatuta ez dauden merezimenduak. Nolanahi ere, kalifikazio epaimahaiak noiznahi eskatzen ahal du dokumentazio gehiago, behin betiko baloratu baino lehen, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala frogatua. Orduan aurkezten ez diren merezimenduak ez dira kontuan hartuko, ondorio guztietarako.
Epaimahaiak izangaiek aurkeztutako merezimenduak baloratuko ditu, ondotik heldu den baremoari jarraikiz. Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.
Merezimenduen baremoan, 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ez da baztertzailea izanen:
6.2.1. Laneko esperientzia. 20 puntu, gehienez.
–Zuzendari gisa emandako urte bakoitzeko, baldin eman bada Nafarroako egoitza geriatriko batean edo antzeko laguntza-zentro batean, publikoa nahiz pribatua izan, behar bezalako kontratu-harremanarekin: 4 puntu.
–Zuzendari gisa emandako urte bakoitzeko, baldin eman bada Nafarroatik kanpoko egoitza geriatriko batean edo antzeko laguntza-zentro batean, publikoa nahiz pribatua izan, behar bezalako kontratu-harremanarekin: 2 puntu.
Hori frogatuko da dagokion ziurtagiriaren bidez; administrazio publikoko organo eskudunak eman beharko du. Bertan, berariaz agertu beharko da zerbitzu-ematearen iraupen osoa. Zerbitzuak lanaldi partzialean eman badira, agertu beharko da, orobat, ohiko lanaldiaren aldean horien portzentajea zenbatekoa izan den.
Egindako zerbitzuak baloratzeko, kontuan hartuko dira honako inguruabar hauek:
- Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman oinarri hauetan apartatu bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik.
Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.
- Honako hauek hartzen dira administrazio publikotzat: Estatuko Administrazio Orokorra, autonomia erkidegoetako administrazioak, Toki Administrazioa osatzen duten entitateak, eta aurrekoei loturik edo haien mendean dauden organismo publikoak eta zuzenbide publikoko entitateak.
- Aldi berean egindako zerbitzuak ez dira bi aldiz baloratuko.
- Urteen kopurua osoa ez bada, emanen zaio zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa (hilabete oso bat izanen da kontuan hartuko den gutxieneko denbora).
- Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.
- Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.
6.2.2. Prestakuntza. 10 puntu, gehienez.
Prestakuntza, ikastaroak eta tituluak (erakunde ofizialek, administrazio publikoek edo unibertsitateek emandakoak eta homologatutakoak). Helburua da izangai bakoitzaren merezimenduak baloratzea, eta, betiere, kontuan hartuko dira lanpostuaren eginkizunekin lotura zuzena duten arloetakoak (1.6 oinarrian zehaztu dira eginkizun horiek). Balorazioa proportzionala izanen da egindako orduekiko, puntuazio honi jarraikiz:
–Geriatriako edo Gerontologiako masterra edo graduondokoa. 3 puntu.
–Zentro Geriatrikoen eta/edo Soziosanitarioen Kudeaketako masterra edo graduondokoa. 3 puntu.
–Pertsonarengan Zentratutako Arretako masterra edo graduondokoa. 3 puntu.
–Gerontologiako masterra edo graduondokoa. 3 puntu.
–Beste ikastaro ofizial batzuk edo adituen ikastaro batzuk; 0,03 puntu emanen zaizkie ordu bakoitzeko, ikastaroko 1,5 puntu gehienez, baldin eta arlo hauetakoak badira:
–Laneko arriskuen prebentzioa.
–Zentro gerontologikoen zuzendaritza eta kudeaketa.
–Sexu-jazarpenaren aurkako prebentzioa.
–Pertsonarengan zentratutako arreta.
–Komunikazioa, lidergoa eta taldeak kudeatzea.
–Zainketen humanizazioa eta bioetika.
Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du izangaien zerrenda Buñuelgo Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.bunuel.es/) eta iragarki-taulan eta Buñuelgo Udalaren San Gregorio zahar-egoitzaren iragarki-taulan, eta zehaztuko ditu izangai bakoitzak lehiaketaldian lortutako puntuak. Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bost egun balioduneko epean, Buñuelgo Udalaren egoitza elektronikoan, "eskabide orokorra" izapidea erabiliz.
6.4. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta galdetuko da deialdiko II. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzeko iragarkian adieraziko da non eta noiz (eguna eta ordua) izanen den lehenbiziko proba.
Baldin, arrazoi justifikatua dela-eta, aldatu egin behar bada probaren lekua, eguna edo ordua (betiere, iragarritakoa baino geroago), behar besteko aurrerapenarekin iragarriko da, dagokion izapidea eginda Buñuelgo Udalaren egoitza elektronikoan eta iragarki-taulan eta Buñuelgo Udalaren San Gregorio zahar-egoitzaren iragarki-taulan.
Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, gai guztiak eskatuko dira egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera.
Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, baldin eskabidean hala eskatu badute.
6.3. Oposizioaldian honako proba hau eginen da:
6.3.1. Teorikoa. 60 puntu, gehienez.
Proba teoriko horretan test moduko 60 galderari erantzun beharko zaie, idatziz. Proba baztertzailea izanen da. Galderok izanen dira deialdi honen II. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzkoak. Galdera bakoitzak lau erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena. Oker emandako erantzun bakoitzeko, kenduko da zuzen erantzundakoaren balioaren 0,25 puntu. Hutsik utzitako galderengatik ez da deus kenduko.
Proba bakoitza hasi baino lehen, epaimahaiak ezarriko du ariketak egiteko denbora.
Proba gaindituko dute 30 puntu lortzen dituztenek.
Proba bakoitza hasi baino lehen, epaimahaiak ezarriko du ariketak egiteko denbora.
6.3.2. Oposizioaldiko ariketa baztertzailea izanen da. Baztertuta geldituko dira gutxieneko puntuazioa (30 puntu) bederen eskuratzen ez dutenak.
Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ez eta gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, bolaluma urdina edo beltza izan ezik.
6.3.3. Gutun-azal itxien sistema erabiliko da. Ariketaren zuzenketa bukatuta, kalifikazio-epaimahaiak kalifikazioen zerrenda argitaratuko du Buñuelgo Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.bunuel.es/) eta iragarki-taulan eta Buñuelgo Udalaren San Gregorio zahar-egoitzaren iragarki-taulan, eta adieraziko du zer egun eta ordutan irekiko diren gutun-azal itxiak.
6.4. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak izangaien puntuazioak argitaratuko ditu Buñuelgo Udalaren egoitza elektronikoan eta iragarki-taulan eta Buñuelgo Udalaren San Gregorio zahar-egoitzaren iragarki-taulan, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du, interesdunek eskubidekotzat jotzen duten guztia alega dezaten.
Elkarrizketa fasea.
Epaimahaiak elkarrizketa eginen die oposizioaldia gainditu duten izangaiei. Ariketa honetan, gehienez, 10 puntu lortzen ahalko dira guztira. Ez da baztertzailea izanen.
Proba bakoitzaren elkarrizketa bukatuta, epaimahaiak izangaien puntuazioak argitaratuko ditu Buñuelgo Udalaren egoitza elektronikoan eta iragarki-taulan eta Buñuelgo Udalaren San Gregorio zahar-egoitzaren iragarki-taulan, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du, interesdunek eskubidekotzat jotzen duten guztia alega dezaten.
7. oinarria. Gainditu dutenen zerrenda eta izendapen proposamena.
7.1. Oposizioaldiaren kalifikazioa buruturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Buñuelgo Udalaren egoitza elektronikoan eta iragarki-taulan eta Buñuelgo Udalaren San Gregorio zahar-egoitzaren iragarki-taulan, prozesua gainditu dutenen zerrenda, puntuazioaren arabera ordenatuta. Horretarako, batuko ditu izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian ateratzen dituen kalifikazioak.
Berdinketarik izanez gero, proba teorikoan puntuaziorik handiena dutenen alde ebatziko da. Hala ere berdinketak bere horretan badirau, zozketa baten bidez ebatziko da; zozketa egin baino bi egun lehenago komunikatuko zaie puntuazio bera duten izangaiei.
7.2. Zerrenda horri jarraituz, epaimahaiak lehendakariari igorriko dio puntuazio altuena lortu duena izendatzeko proposamena, bai eta azken bilkuraren akta ere. Proposamena argitaratuko da Buñuelgo Udalaren egoitza elektronikoan eta iragarki-taulan eta Buñuelgo Udalaren San Gregorio zahar-egoitzaren iragarki-taulan.
7.4. Izendapen proposamena argitaratu ondoko 10 egun balioduneko epean, proposatutako izangaiak aurkeztu beharko ditu deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituztela frogatzen duten agiriak, Buñuelgo Udalaren erregistro orokorrean; zehazki, honako agiri hauek:
a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Osasun ziurtagiria, aditzera ematen duena interesdunak ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik lanpostuko eginkizunak betetzea.
c) Deialdian eskatutako tituluaren kopia autentikoa, edo hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
d) Zinpeko adierazpena edo adierazpen solemnea, adierazteko izangaia ez dutela inongo administrazio publikotatik kendu diziplinazko espediente bidez, eta ez dagoela ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko, epai irmo bidez, eta ez duela arrazoirik bateraezintasunerako.
e) Zina edo hitzematea, adierazten duena errespetatuko duela Nafarroako Foru Araubidea, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.
7.5. Baldin eskatutako dokumentazioa ez bada aurkezten lehen aipatutako epean, salbu ezinbesteko kasuetan, edo agiriak aurkeztuta ondorioztatzen bada ez direla betetzen deialdiko beharkizunak, edo aitorpenean gezurra esan dela, baliorik gabe geldituko dira hautatutako izangaiaren egintzak, eta, hortaz, baliorik gabe geldituko dira harekin loturik epaimahaiak gauzatutako egintzak ere, eta ezin izanen da izendatu.
Kasu horretan, hutsunea beteko da prozesua gainditu dutenen zerrendan hurrengoa den eta baldintzak betetzen dituen izangaiarekin, eta harekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera. Horrek ez du esan nahi beste erantzukizun batzuk eskatuko ez direnik.
8. oinarria. Izendapena eta karguaz jabetzea.
8.1. Hautapen-prozesua bukatuta, eta puntuaziorik handiena eskuratu duten izangaiek agiriak aurkeztu eta gero (7.4 oinarrian adierazitakoak), Buñuelgo Udalaren San Gregorio zahar-egoitzako lehendakariak, ebazpen baten bidez, egoitzako lan-kontratudun finko izendatuko du aurreko oinarrietan ezarritakoa bete eta puntuaziorik handiena eskuratu duen izangaia. Izangai hori, bada, zuzendari lanpostuan ariko da (1. taldea) eta 1. plaza beteko du.
8.2. Izendapenaren eta plazaz jabetzearen ondorioz, izendatua nomina eta plantillako lan-kontratudun finko bilakatuko da, eta izanen ditu dagozkion eskubide eta betebehar guztiak, hots, indarreko xedapenek Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko lan-araubideko langileentzat ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean kidetuko da eta alta emanen zaio, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.
Aurrekoa gorabehera, aplikatuz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zehazki, bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), baldin izendatuak badira Nafarroako administrazio publikoen edozein montepiotako eskubide pasiboen araubidekoak, bi aukera izanen dituzte: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko montepioan segitzea, babes izanik martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidea, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.
8.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu, 45. artikuluan, urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
8.4. Lan-kontratudun finko izendatutako izangaiak izendapen-ebazpenean berariaz adierazitako egunean jabetu beharko du lanpostuaz. Epe horretan lanpostuaz jabetzen ez bada, salbu ezinbesteko eta behar bezala justifikatutako kasuetan, galduko ditu Buñuelgo Udalaren San Gregorio zahar-egoitzako lan-kontratudun finko bihurtzeko eskubide guztiak, eta aurreko oinarrian zehaztu bezala jokatuko da.
8.5. Baldin izangaia lan-kontratudun finko bihurtu eta, lanpostuan batere aritu gabe, berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzen duen egunetik beretik, kasuko lanpostu hutsa ere beteko da deialdiaren 7. apartatuan xedatzen den moduan.
9. oinarria. Jarduketen publikotasuna.
Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, Buñuelgo Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.bunuel.es/) eta iragarki-taulan eta Buñuelgo Udalaren San Gregorio zahar-egoitzaren iragarki-taulan emanen da argitara proben deialdiez eta kalifikazioez epaimahaiak ematen dituen ebazpenen informazioa eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere.
10. oinarria. Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendaren eraketa eta funtzionamendua.
10.1. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat eratuko da, probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin, gerta daitezkeen izendapen beharrei erantzuteko, betiere aldi baterako eta lan-araubidean. Hori dena, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduari, zehazki, 42. artikuluari, eta deialdi honen 1.1 oinarriari.
Horretarako, izendapenarekin batera, lehendakariak izangaien zerrenda hori onetsiko du.
Probak gainditu bai baina plazarik eskuratu ez duten izangaien zerrendan, izangaien ordena ezarriko da jarraikiz oposizio-lehiaketan lortutako puntuazioari.
Zerrendak/zerrendek lau urteko iraupen luzaezina izanen du/dute, eta iraungitzen ahalko da/dira baldin lanpostu bererako beste hautapen prozesu baterako deialdia egiten bada.
Onetsitako zerrendan ezarritako hurrenkera errespetatuz eginen da deia.
10.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.
Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda eratuko da jarraikiz kasuan kasuko hautapen probetan lortutako puntuazioaren hurrenkerari eta lehiaketaldian lortutako puntuazioari. Hori dena, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduari, zehazki, 42.2 artikuluari.
Izangaiak aldi baterako kontratatzeko zerrendan sartzeak ez du berekin ekartzen interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela 2. oinarrian ezarritako baldintzak, horiek frogatu behar baitira oinarri hauetan ezartzen den eran.
10.3. Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.
Gainditu duten izangaiak kontrataziorako deitzen ahalko dira, sortzen diren beharren arabera, jarraikiz deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoari.
Deiak eginen dira jarraikiz Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Aginduari, haren bitartez onetsi baitziren aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak.
Lehen aipatutako deietarako, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bategina, zehazki, zazpigarren xedapen gehigarriko 3. apartatua, jarraikiz maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketari. Foru lege horrek hizpide du desgaitasunen bat dutenek enplegua lortzea Nafarroako Foru Komunitatean. Horretarako, azterketa medikoa eginen zaie, lanposturako duten gaitasuna zehazteko.
Kontrataturikoei alta emanen zaie Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean, eta bertan afiliatuko dira; beraz, haien kargura izanen dira ordaindu behar den kuota eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipena, bidezkoak diren kopuruetan.
Buñuelgo Udaleko langileen alorrak eginen ditu lan zerrendaren kudeaketatik eratortzen diren jarduketa guztiak.
11. oinarria. Datuen babesa.
2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluari jarraikiz (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hau ematen zaie aditzera:
–Buñuelgo Udalaren ardura da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamendua.
–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
–Oinarri juridikoak honako hauek dira: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege betebeharra betetzeko) eta DBEOren 6.1.b) artikulua. Tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko.
–Datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko denboran ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
–Datuak komunikatuko dira legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa), gardentasunaren atarian argitaratzea barne, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko eta kontra egiteko, udal bulegoetara joz edo helbide elektroniko honen bitartez: dpd@bunuel.es.
–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.
12. oinarria. Errekurtsoak.
Deialdi honen kontra, baita oinarri eta egintzen kontra ere, errekurtso hauetako bat para daiteke:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, hautara, zuzendu behar baitzaio egintza agindu edo erabakia hartu duen organoari berari, hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako erabakia edo egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendu behar baitzaio Nafarroako administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka aurkez daiteke gora jotzeko errekurtsoa, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA
1. EBAZPENA, 2026-06-29KOA, SAN GREGORIO ZAHAR-EGOITZA - ONESTEA DEIALDIA ETA OINARRIAK - ZUZENDARIA - SEFYCU 344437 (https://sedeelectronica.bunuel.es/firma/documento.aspx?csv=79AAAD4JVKQTFVMC4CC7).
II. ERANSKINA.–UDALAREN ZAHAR-EGOITZAKO ZUZENDARIA: GAI-ZERRENDA
1.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa: xedapen orokorrak. Eskubideak eta betebeharrak. Gizarte zerbitzuen sistema publikoa. Eskumenen eta antolaketaren gaineko araubidea. Gizarte zerbitzuen sistema publikoaren finantzaketa. Kontsultatzeko eta parte hartzeko organoak.
2.–17/2010 Foru Legea, azaroaren 8koa, hizpide dituena Nafarroako Foru Komunitatean osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubideak eta betebeharrak: xedapen orokorrak. Laguntza zerbitzuekin lotutako eskubideak. Ahultasun handieneko kolektiboen eskubideak. Intimitatearekin eta konfidentzialtasunarekin lotutako eskubideak. Informazioaren eta parte-hartzearen arloko eskubideak. Borondatearen autonomiari buruzko eskubideak. Osasun dokumentazioaren arloko eskubideak. Pertsonek osasunaren arloan dauzkaten betebeharrak.
3.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa: xedapen orokorrak. Eskubideak eta betebeharrak. Gizarte zerbitzuen sistema publikoa. Eskumenen eta antolaketaren gaineko araubidea. Gizarte zerbitzuen sistema publikoaren finantzaketa. Kontsultatzeko eta parte hartzeko organoak.
4.–17/2010 Foru Legea, azaroaren 8koa, hizpide dituena Nafarroako Foru Komunitatean osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubideak eta betebeharrak: xedapen orokorrak. Laguntza zerbitzuekin lotutako eskubideak. Ahultasun handieneko kolektiboen eskubideak. Intimitatearekin eta konfidentzialtasunarekin lotutako eskubideak. Informazioaren eta parte-hartzearen arloko eskubideak. Borondatearen autonomiari buruzko eskubideak. Osasun dokumentazioaren arloko eskubideak. Pertsonek osasunaren arloan dauzkaten betebeharrak.
5.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, hizpide dituena autonomia pertsonala sustatzea eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzea: mendekotasuna dutenen autonomiarako eta arretarako sistema (2): Mendekotasuna eta haren balorazioa. Eskubidea aitortzea. Sistemaren finantzaketa eta onuradunen ekarpena.
6.–1/2011 Foru Legea, otsailaren 15ekoa, ezartzen duena mendetasun-egoera aitortzeko prozedura eta ezartzen dituena Nafarroan mendekotasun-egoera balioesteko ekipoak eta organoa osatuko dituzten langileen antolamendua, eginkizunak eta araubidea: mendekotasun-egoera aitortzeko prozedura eta sistemako prestazioak jasotzeko eskubidea.
7.–Ospitaleko alta planifikatzea: esparru teorikoa, alderdi orokorrak, programaren ezarpena, xedeak, zirkuituak, kronologia, biztanleria taldeen araberako plangintza.
8.–3/2028 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
9.–Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea: oinarrizko kontzeptuak. Eskubideak eta betebeharrak laneko segurtasunean. Lan-osasuna: izaera biologiko, kimiko, fisiko eta psikologikoko arriskuak. Prebentzio neurriak. Lanaren ondoriozko patologiak: lanbide-gaixotasunaren kontzeptuak, lan-istripua. Ergonomia: gorputz mekanika.
10.–Bioetika: jatorria, bilakaera, printzipioak: autonomia, kalterik ez eragitea, ongintza eta justizia.
11.–Lantaldearen eta diziplina anitzeko lantaldearen kontzeptua. Komunikazio kontzeptua eta motak, komunikazioan eragina duten faktoreak, komunikatzeko gaitasun sozialak. Enpatia eta entzute aktiboa. Laguntza emozionala ematea pazienteari, zaintzaile nagusiari eta familiari.
12.–Pertsonarengan zentratutako arreta eredua. Autonomia pertsonala sustatzea. Egoitzetan, eguneko egonaldietan eta beste programa batzuetan ezartzeko sistemak.
13.–Jarduteko gaitasuna aldatzea. Prozesua, legezko gaitasun aldatua, ustez ezgai denaren babesa. Tutoretza eta kuradoretza.
14.–92/2020 Foru Dekretua, abenduaren 2koa, arautzen dituena, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua adinekoen, desgaitasuna dutenen, eritasun mentala dutenen eta gizarte-inklusioaren arloetan, eta, bestetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea.
15.–38/2023 Foru Dekretua, apirilaren 5ekoa, honako hauek aldatzen dituena: batetik, 92/2020 Foru Dekretua, abenduaren 2koa, arautzen duena, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua adinekoen, desgaitasuna dutenen, eritasun mentala dutenen eta gizarte-inklusioaren arloetan, eta, bestetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea; eta, bestetik, 69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, onesten duena gizarte zerbitzu orokorren zorroa eta, horrekin batera, onesten dituena gizarte eta osasun arloko arreta integralerako zerbitzu soziosanitarioak eta migrazio politiken zerbitzuen zorroa.
16.–Kontratazio sistema irekiko edo Open House-ko baldintza teknikoen agiria. Kontratazio sistema hori erabiltzen da plazak kudeatzeko egoitzetan, eguneko egonaldietan eta adinekoen garraioan eta eguneko zentroetan, Nafarroako Foru Komunitatean.
17.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Atariko titulua, I. titulutik V. titulura.
18.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten dituena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina: I. titulua: xedapen orokorrak. II. titulua: funtzionarioak. IV. titulua: langile kontratudunak.
19.–113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua.
20.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Atariko titulua; I. titulua "Xedapen orokorrak" (III. kapitulua, IV. kapitulua eta V. tituluko 2. eta 3. atalak).
21.–Buñuelgo Udalaren San Gregorio zahar-egoitzaren tokiko erakunde autonomoaren estatutuak (2024ko 252. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 13koa).
Oharra: gai guztiak eskatuko dira jarraikiz deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legediari.
III. ERANSKINA.–BUÑUELGO UDALAREN SAN GREGORIO ZAHAR-EGOITZAKO ZUZENDARIA: MEREZIMENDUEN BAREMOA
1. EBAZPENA, 2026-06-29KOA, SAN GREGORIO ZAHAR-EGOITZA - ONESTEA DEIALDIA ETA OINARRIAK - ZUZENDARIA - SEFYCU 344437 (https://sedeelectronica.bunuel.es/firma/documento.aspx?csv=79AAAD4JVKQTFVMC4CC7).
Iragarkiaren kodea: L2609400
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
