Iragarkia
148. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 30a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
450/2026 EBAZPENA, ekainaren 30ekoa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira jarraibide batzuk, arautuko dutenak, 2026-2027 ikasturterako, Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeen eta Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikasgelen antolaketa eta funtzionamendua, bai eta Helduen Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak emateko modua ere, hala modalitate presentzialean nola urrutikoan, Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan, ikastetxe publiko baimenduetan.
Ebazpen honen xedea da jarraibide batzuk onestea, indarreko araudiaren zenbait alderdi zehazteko eta garatzeko, helburua izanik antolaketa eta funtzionamendua egokiak izatea Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe eta ikasgeletan, oinarrizko prestakuntzako irakaskuntzak (modalitate presentzialekoak nola urrutikoak) 2026-2027 ikasturtean emanen dituztenetan.
Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendariak txosten bat aurkeztu du, aurreko paragrafoan adierazitako jarduketak arautzeko ebazpen hau onestearen aldekoa.
Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Jarraibide batzuk onestea, arautuko dutenak Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeen eta ikasgelen antolaketa eta funtzionamendua, Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.
2. Jarraibide batzuk onestea, arautzeko nola eman Helduen Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak (HBH), hala modalitate presentzialean nola urrutikoan, Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan. Ebazpen honen II. eranskinean jaso dira.
3. Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeek, Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikasgelek eta Helduen Bigarren Hezkuntza (HBH) ematen duten Bigarren Hezkuntzako institutuek bete beharko dute maiatzaren 26ko 333/2026 Ebazpena, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana (ebazpen horren bidez onesten dira jarraibide batzuk, arautuko dutenak, 2026-2027 ikasturtean, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Hezkuntza Bereziko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua, Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan). Zehazki, honako alderdi hauei dagokienez bete beharko dute ebazpen hori:
–Hezkuntza digitalizatzea.
–Eskola informazioaren kudeaketa: Educa. Kontabilitate sistema: Ecoeduca.
–Unibertsitateko ikasleen praktikak ikastetxeetan.
–Kalitatea kudeatzeko sistema.
–Laneko arriskuen prebentzioa.
–Irakasle erretiratuak borondatez aritzea unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan.
–Ordaintzea irakasle ez diren langileen oporrak.
–Ordaintzea irakasle ez diren langileen gaueko osagarria.
–Matrikulen bateragarritasuna.
–DBHko eta Batxilergoko ikasgai batzuk baliozkotzea Musikako lanbide irakaskuntzetako irakasgai jakin batzuekin.
–Ikastetxeek diseinatutako irakasgaiak.
4. Ebazpen honen eta eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
5. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Langileriaren Zuzendaritza Nagusira; Azpiegituretako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusira; Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura; Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura; Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura; Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura; Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzura; Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura; Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzura, eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Atalera.
6. Ebazpen hau eta eranskinak argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Iruñean, 2026ko ekainaren 30ean.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
I. ERANSKINA.–JARRAIBIDEAK, ARAUTUKO DUTENAK, 2026-2027 IKASTURTERAKO, HELDUEN OINARRIZKO HEZKUNTZAKO IKASTETXEEN ETA IKASGELEN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA
Ikasturte hasierako jarraibideetan zehazten eta argitzen dira indarreko araudiaren alderdi batzuk, eta arautzen dira arau bidez ezarri gabeko beste alderdi batzuk, helburua izanik hobetzea Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeen eta ikasgelen antolaketa eta funtzionamendua. Horrez gain, ezartzen dituzte ikasturtean lehentasunez landu behar diren ildoak.
Jarraibideak hiru ataletan daude bereizita:
Lehenbizikoa da urteko programazio orokorrari buruzkoa, eta hartan, besteak beste, argibide batzuk ematen dira ikastetxea edo ikasgela hobetzeko planak prestatzeko.
Bigarrenean, zehazten dira antolaketaren alderdi batzuk, beharrezkoak direnak ikastetxearen edo ikasgelaren funtzionamendurako.
Hirugarrenean, zerrendatzen dira Hezkuntzari buruzko Lege Organikotik eratorritako arau batzuk, gehien erabiltzen direnak.
I.–URTEKO PROGRAMAZIO OROKORRA
A) Alderdi orokorrak.
1. Xedapen orokorrak.
Urteko programazio orokorra ikastetxearen eta ikasgelaren plangintza, antolaketa eta funtzionamendurako oinarrizko tresna da. Izan ere, ikastetxearen hezkuntza-proiektua, antolaketa- eta funtzionamendu-arauak eta kudeaketa-proiektua zehazten ditu ikasturte bakoitzerako.
Urteko programazio orokorraren esparruan, ikastetxeek eta ikasgelek erabaki hauek hartuko dituzte ikasturte bakoitzerako:
a) Pedagogiaren eta curriculumaren arloan jarduteko plan, proiektu eta programei buruzko erabakiak. Erabaki horiek urteko pedagogiaren eta curriculumaren zehaztapena izanen dira.
b) Antolaketari eta funtzionamenduari buruzko erabakiak. Erabaki horiek urteko antolaketaren eta funtzionamenduaren zehaztapena izanen dira.
c) Baliabideen kudeaketari buruzko erabakiak. Erabaki horiek urteko kudeaketaren zehaztapena izanen dira.
Eskola kudeaketako Educa sisteman egonen da eskura orientazio gida bat, UPOa prestatzeko, haren segimendua egiteko eta ebaluatzeko (adibideak jasotzen ditu).
Urteko programazio orokorrari buruzko informazioa Hezkuntza Departamentuaren eta ikastetxeko edo ikasgelako hezkuntza-komunitatearen eskura egonen da.
Zangozako eta Elizondo/Lekarozko ikasgeletako irakasleek beren UPOa erantsiko diote Iruñeko José M.ª Iribarren Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoaren UPOari.
2. Informazioa biltzeko iturriak.
Urteko programazio orokorra egiteko, honako iturri hauek hartuko dira kontuan, besteak beste:
a) Ikastetxearen hezkuntza-proiektua.
b) Dagoen zuzendaritza proiektua edo plan estrategikoa.
c) Urte anitzeko hobekuntza plana, ikastetxearen autoebaluazio prozesuaren ondoriozkoa.
d) Aurreko ikasturtearen bukaerako memorian proposatutako hobekuntza arloak, zeinek kasu guztietan barne hartuko baitituzte hobekuntza proposamenak, jasota daudenak barne eta kanpoko proben emaitza akademikoen analisiaren ondoriozko emaitzen memorietan.
e) Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak igorritako gomendioak, aurreko ikasturteko gainbegiratze prozesuen ondoriozkoak.
f) Hezkuntza Departamentuak ikasturte hasieran emandako jarraibideak.
g) Ikastetxeak ezarritako beste programa batzuk.
h) Ikastetxearen plan digitala.
i) Ikastetxearen kalitatea kudeatzeko sistemaren autodiagnostikoa, halakorik bada.
3. Edukia: atalak eta garapena.
Urteko pedagogiaren eta curriculumaren zehaztapenean jasoko dira, ikasturte bakoitzerako, ikastetxeen eta ikasgelen pedagogiaren eta curriculumaren jardunari buruzko erabakiak. Urteko programazio orokorraren atal hauetan bilduko dira:
a) Ikastetxearen urteko plana.
b) Irakaslana koordinatzeko organoen urteko planak.
c) Urteko inklusio plana, ikasleen desberdintasun indibidualei arreta emateko neurriak jasoko dituena.
d) Urteko tutoretza plana.
e) Urteko bizikidetza plana.
f) Hezkidetza plana.
g) Ikastetxearen urteko plan digitala.
h) Programazio didaktikoak.
i) Ikasturtean garatu beharreko beste proiektu, programa eta plan instituzional batzuk.
j) Ikasturtean garatu beharreko proiektu, programa eta plan propioak.
k) Ikastetxeko urteko prestakuntza plana.
l) Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.
m) Urteko programazio orokorraren jarraipena eta ebaluazioa.
n) Eranskinak.
Nolanahi ere, urteko programazio orokorraren atal bakoitza helduentzako irakaskuntzen berezitasunera egokituko da, bai eta ikastetxe eta ikasgela bakoitzaren ezaugarrietara ere.
Ikastetxearen urteko plana bideratuta egonen da lehentasunezkotzat jotzen diren alderdiak hobetzera, eta urteko programazio orokorraren funtsezko elementua izanen da, gainerako jarduketa planak orientatu eta zehaztuko dituena.
Organoek eta irakasle taldeek helburuen eta ekintzen plan propio bat izanen dute eta, horren bidez, lagunduko dute urteko planean zehaztutako lehentasunezko helburuak lortzen, eta, horretaz gain, formalizatuko dituzte beren helburuak edo ikastetxeko edo ikasgelako beste plan espezifiko batzuetatik ateratakoak.
Ikastetxearen Plan Digitala esportatu behar den dokumentu bat da, kanpoan aurkeztuko baita; horregatik, Educan horretarako prestatu den txantiloian sartu beharko da.
Urteko antolaketaren eta funtzionamenduaren zehaztapenean bilduko dira, ikasturte bakoitzerako, honako alderdi hauei buruzko urteko erabakiak: gobernu organoen eta irakaslana koordinatzeko organoen osaera eta lan planak, ikastetxearen edo ikasgelaren egutegi eta ordutegi orokorra, taldeak eratzeko eta tutoretzak esleitzeko irizpideak, ikastetxeko edo ikasgelako ordutegiak –orokorra, ikasleena eta irakasleena– egiteko irizpideak, ebaluazioen egutegia –barnekoak eta kanpokoak– eta ikasleekiko tutoretzarako ordutegi eta egutegiak.
Era berean, ikastetxeek eta ikasgelek beste edozein atal gehitzen ahalko dute ikasturterako antolaketaren eta funtzionamenduaren erabakiei buruz, betiere indarreko araudian ezarritakoa errespetatuz.
Urteko kudeaketaren zehaztapenean bilduko dira, ikasturte bakoitzerako, honako alderdi hauei buruzko urteko erabakiak: urteko aurrekontua eta kudeaketa kontua; irakasleen plantilla; instalazioak eta ekipamendua; ikastetxeko edo ikasgelako larrialdi plana; eta ikastetxeko edo ikasgelako zerbitzu osagarrien kudeaketarako edo kalitatearen kudeaketarako baldintzak, halakorik bada.
Era berean, ikastetxeek eta ikasgelek beste edozein atal gehitzen ahalko dute ikasturterako baliabideen kudeaketaren gaineko erabakiei buruz, betiere indarreko araudian ezarritakoa errespetatuz.
4. Prestaketa.
Azterturik kasuan kasuko ikasturtean dauden beharrak eta aurreikuspenak, eta kontuan harturik organo bakoitzaren deliberoak eta erabakiak, bai eta oharrak eta ekarpenak ere, urteko programazio orokorraren atalak idatziko dira.
Zuzendaritza taldeak edo, halakorik bada, taldeburuak arduratuko dira urteko programazio orokorra egiteaz, behin baloratuta, baldin badaude, kide anitzeko gobernu organoek onetsitako proposamenak eta, ikastetxeen kasuan, koordinazio pedagogikorako batzordeak onetsitakoak, bakoitzak bere eskumenen esparruan, bai eta hezkuntza-komunitateko edozein kidek egindakoak ere. Xede horiekin, prozesua zuzendu eta koordinatuko du, egitekoak zehaztuko ditu eta dokumentuak nork idatziko dituen erabakiko du. Era berean, prestaketa prozesurako tresnak jarri eta epeak finkatuko ditu.
Urteko programazio orokorra prestatzeko orduan, zorroztasuna, erraztasuna eta erabilgarritasuna hartuko dira kontuan. Sartzen diren planen egitura operatiboak erraztuko du plana gauzatzea eta haren segimendua egitea, honako hauek zehaztuta: helburuak, adierazleak, noraino iritsi nahi den, ekintzak, arduradunak, denbora-plangintza eta ebaluazioa.
Urteko programazio orokorra Educa aplikazioarekin eginen da, horretarako txantiloi eta eragiketa propioak erabiliz. Kalitatea kudeatzeko sistema ezartzeko eta mantentzeko programan parte hartzen duten ikastetxeek eta ikasgelek Kadinet programa erabiltzen ahalko dute UPOa prestatzeko.
5. Tramitazioa, jarraipena eta ebaluazioa.
Behin UPOa onetsirik, urriaren 31 baino lehen, argitaratu beharko da eskola kudeaketako Educa sisteman. Ikastetxean edo ikasgelan ere gordeko da, hezkuntza-komunitateak eskura izan dezan.
Ikastetxeko zuzendaritza taldeak edo, halakorik bada, taldeburuek eta arduradun guztiek Educa aplikazioan eta, beharrezkoa bada, Kadinet programan eginen dute UPOa osatzen duten plan, proiektu eta programen garatze mailaren aldizkako jarraipena, honako ohar hauek kontuan hartuta:
a) Dagokion atal espezifikoan, urteko programazio orokorrak honako hauek zehaztu beharko ditu: jarraitu beharreko prozedura, informazioa biltzeko irizpideak, arduradunak eta epeak. Bermatu beharko du aztertu eta baloratzen dela zenbateraino garatu diren planteatutako ekintzak, lortu diren proposatutako helburuak, nola bete diren erantzukizunak eta ezarritako epeak bete diren.
b) Urteko programazio orokorraren atal bakoitza ebaluatzeko prozesuak berekin ekarriko du iturri desberdinetatik datu garrantzitsuak biltzea eta datu horiek aztertzea eta interpretatzea urteko programazio orokorrean bertan aurreikusitako irizpideei jarraituz. Azken hausnarketak eta balorazioak aztertuko du zerk eragin dituen emaitzak, eta esku hartzeko ildoak ezarriko ditu, hurrengo ikasturtera begirako hobekuntza proposamen koherenteak zehaztuta.
Ikasturteko eskola jarduerak amaitu ondoren, eskola-kontseiluak, irakasleen klaustroak eta ikastetxeko zuzendaritza taldeak edo, halakorik bada, taldeburuek, azken ebaluazioa eginen dute, jakiteko noraino bete den urteko programazio orokorra. Ebaluazio hori ikasturte bukaerako memorian jasoko da, eskola kudeaketarako Educa sisteman, eta, hala badagokio, Kadinet tresnan. Horretarako, arduradun bakoitzak aztertuko eta baloratuko ditu dagokion planaren, proiektuaren edo programaren emaitzak.
Era berean, bukaerako memorian honako hauek jasoko dira: ikasleen emaitza akademikoen eta mailaz igotzeko emaitzen ebaluazioa, errendimendu akademikoaren bilakaera eta ikastetxeak edo ikasgelak parte hartu duen barne eta kanpoko ebaluazioen emaitzak.
Horretarako, bukaerako memoriak txosten bat jasoko du, non xehetasunez aztertuko baitira ikasleek barne eta kanpoko ebaluazioetan lortutako ikaskuntzaren emaitzak, ikastetxearen edo ikasgelaren ibilbideari eta erreferentziako beste adierazle batzuei dagokienez, aztertuta emaitza horiek zerk sortu dituen eta, hala badagokio, zer gabezia eta disfuntzio atzeman diren curriculumeko elementuen, elementu materialen, antolakuntzakoen eta pertsonalen funtzionamenduan.
Onetsi ondoren, ikastetxearen edo ikasgelaren erreferentziazko ikuskatzailearen esku jarriko da bukaerako memoria, Educaren bidez, ekainaren 30a baino lehen.
6. Gainbegiratzea.
Ikastetxeko edo ikasgelako erreferentziazko ikuskatzaileak UPOa eta ikasturte bukaerako memoria gainbegiratuko ditu, egiaztatzeko bat datozela indarreko araudiarekin eta ikastetxearen edo ikasgelaren behar eta emaitzekin, eta, hala badagokio, behar diren zuzenketak eta doikuntzak egitea eskatuko du.
7. UPOaren eranskinak.
Eranskin gisa sartuko dira programazio didaktikoen adostasun agiriak.
UPOarekin batera, aurkeztu behar dira programazio didaktikoen adostasun agiriak, ziurtatzearren programazioak egoki jaso dituela eskatzen diren atal guztiak. Hortaz, ikastetxeei eta ikasgelei dagokie programazio horiek gordetzeko ardura. Dena dela, beharrezkoa den kasuetan, Hezkuntza Departamentuko dagokion zerbitzuak berariaz eskatzen ahalko du programazioa, hainbat arrazoirengatik: auzia irakaskuntza ikuskatzeko prozesuetan sartzen delako, kalifikazioen kontrako erreklamazioak egin direlako, analisi estatistikoak egin behar direlako edo beste arrazoi batzuk direla medio.
Educan egonen dira eskura, UPOan, eranskin gisa, irakaskuntza programazioen adostasun ereduak.
B) UPOaren gaineko argibideak.
1. Aniztasunari erantzutea.
Ikastetxearen edo ikasgelaren ardura da, bere osotasunean, bertako ikasle guztien aniztasunari erantzun inklusiboa eta hezkidetzan oinarritua ematea, eta, horretarako, konpromiso irmoa erakutsi behar du bikaintasunaren, berdintasunaren eta genero-berdintasunaren printzipioekin, hezkuntza inklusiboaren oinarri diren aldetik.
Ikasleen aniztasunari ahalik eta egokien erantzuteko, funtsezkoa da irakasle talde osoaren lana. Ardatz izanen du hautematea ikaskuntzarako sarbidea oztopatzen duten trabak, eta adierazi behar du zein diren horiek ezabatzeko helburuak (inklusio planean eta hobekuntza planean jaso beharko dira helburuok).
Ikasleen premiei erantzuteko jarduerak eta neurriak inklusio planetik abiatu behar dira. Planaren zehaztapena, antolaketa neurriekin, hezkuntza orientazioko langileek ezarritako proposamen teknikoa oinarri hartuta eginen da, eta bermatuko da zuzendaritza taldeak bete eta garatzen duela.
Jaso beharko da zer sarbide neurri eta jarduketa hartuko diren hezkuntza laguntzako berariazko premiak izateagatik oztopoak dituzten ikasleei erantzuteko.
Inklusio planaren zehaztapena bidaliko da Hezkuntza Departamentuko Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, urriaren 31 baino lehen.
1.1. Antolaketari dagozkion alderdiak.
Ikastetxeak edo ikasgelak koordinazio bide eraginkor bat ezarriko du, bermatzeko irakasle talde osoak modu koherentean jokatzen duela, ikasleei hezkuntza arreta inklusiboa eta hezkidetzan oinarritutakoa ematean, eskola-ibilbide osoan. Ikastetxeen edo ikasgelen antolaketa-egitura guztietan landu beharko da arreta inklusiboa.
Baliabideak ekitatea eta inklusioa kontuan izanik kudeatu eta antolatuko dira. Baliabideen plangintza eta horniketari dagokienez, eskola kudeaketako Educa sisteman urtarrilaren 31n dauden datuak hartuko dira kontuan.
Irakasle taldeak, tutorea buru dela eta hezkuntza orientazioko langileen aholkuekin, hezkuntza, metodologia, antolaketa edo curriculum neurriak ezarriko ditu.
Koordinazioa jarraitua izanen da, egin daitezen gauzatutako jarduketen jarraipen xehea, doikuntza eta ebaluazioa, kontuan hartuz noiznahi detektatzen ahal direla ikasle guztiek aurrera egitea eragozten duten oztopoak.
Neurriak hartzeko, Ikaskuntzaren Diseinu Unibertsalaren (IDU) ikuspegia eta proposamen inklusibo guztiak hartuko dira kontuan.
Puntualki baizik ez dira antolatuko bestelako neurriak, salbuespenezkoak, jarduketa oso zehatz eta justifikatuei erantzuna emateko soilik, baldin ezin badira ohiko testuinguruan egin.
Arlo bakoitzeko irakasleen ardura da curriculumaren egokitzapen esanguratsuak egitea. Egokitzapenen berri eman behar diote egokitzapenen xede diren ikasleen taldeko tutoreari.
Hezkuntza orientazioko langileek programazioak eta curriculum egokitzapenak egiten lagunduko diete irakasleei, eta aholkuak emanen dizkiete.
Irakasle talde osoari dagokio ikasleen autonomia garatzea.
1.2. Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroa (NHEBZ).
Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroa (NHEBZ) izanen da hezkuntza inklusioaren arloko erreferentziazko kalifikazio handiko zentroa.
Arloka eta programaka egituratuta egoteak lagunduko eta sustatuko ditu ikasle guztiek ikastetxeetan edo ikasgeletan duten presentzia, parte-hartzea eta ikaskuntza.
Hezkuntza orientazioko langileen bitartez eskatuko da aholkularitza, eskaera hezkuntza-komunitateetako zeinek egiten duen kontuan izan gabe.
II.–ANTOLAKETA ALDERDIAK
1.–Programazio didaktikoak.
Programazio didaktikoak prestatzeko, eskura izanen dira orientatzeko gida bat eta programazio-eredu irekiak, eskola kudeaketako Educa sisteman (Ikastetxea > Dokumentazio instituzionala > Ikuskapen-dokumentuak > Programazioak).
Programazio didaktikoak, lehentasunez, eskola kudeaketako Educa sisteman bertan eginen dira, horretarako prestatutako txantiloi bat erabiliz.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du arloen eta, hala badagokio, eremuen programazio didaktikoen prestaketa, eta bereziki begiratuko du ea sartzen diren LOMLOEn aurreikusten diren elementu berriak (konpetentzia espezifikoak, oinarrizko jakintzak, ikaskuntza-egoerak, etab.).
2.–Irakaskuntzen antolaketa.
2.1. Prestakuntza eskaintzak.
Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeek eta ikasgelek honako ikastaro hauek eskaintzen ahal dituzte:
a) Lehentasunezko prestakuntza jarduerak: lotura dutenak Helduen Hezkuntzari buruzko ekainaren 21eko 19/2002 Foru Legearen 5. artikuluko a), e), f) eta g) apartatuetan aipatzen diren programekin:
–Oinarrizko hezkuntzako ikastaroak:
- Hasierako Irakaskuntzak I eta II.
- Alfabetatzea.
- Irakurle berriak.
- Finkatzea.
–Konpetentzia digitalen ikastaroak.
–Oinarrizko konpetentzien ikastaroak.
–Migratzaileen integrazioan laguntzen duten ikastaroak:
- Gaztelania bigarren hizkuntza gisa (G/2H).
- Espainiako Konstituzioa eta egoera soziokulturala ezagutzea (Espainiako nazionalitatea lortzeko izen bera duen proba prestatzeko).
- Bide-hezkuntza.
- Irakurriaren ulermena hobetzea.
–Ikastaroak, gizarteratzeko laguntza ematen dutenak hezkuntza premia bereziak dituztenentzat edo egoera soziokultural ahulean daudenentzat:
- Helduen talde espezifikoak: desgaitasuna dutenak edo ikasteko zailtasun handiak dituztenak.
- Gutxiengoak.
- Lantegi-eskolak.
- Espetxea.
- Komunitate terapeutikoak.
b) Prestakuntza pertsonalerako jarduerak: lotura dutenak Helduen Hezkuntzari buruzko 19/2002 Foru Legearen 5. artikuluko c), d), e), h) eta i) apartatuetan aipatzen diren programekin:
–Mentor ikasgeletako ikastaroak.
–Prestakuntza instrumentaleko irakaskuntza ez-arautuak:
- Informatikako ikastaroak.
- Hizkuntzen oinarrizko ikastaroak.
–Kultura zabaltzeko ikastaroak:
- Pertsonen arteko harremanen eta komunikazioaren tailerra.
- Kultura zabaltzea.
Ikastetxeak eta ikasgelak lankidetzan aritu daitezke irabazi-asmorik gabeko erakunde eta elkarteekin, garatu ditzaten desgaitasuna dutenentzako edo egoera soziokultural ahulean daudenentzako programak. Lankidetza hori Hezkuntza Departamentuak ontzat eman beharko du, eta agertu beharko da ikastetxeek edo ikasgelek ikasturtearen hasieran egiten duten lehentasunezko eskaintzan.
2.1.1. Ikastetxe eta ikasgela bakoitzeko eskaintza.
Ikastetxeak eta ikasgelak ahaleginduko dira sustatzen parte har dezaten prestakuntza premia handienak dituzten pertsonek eta gizataldeek, eta gizartean bazterturik gelditzeko arriskuan daudenek. Horretarako, kontuan hartu beharko dira oinarrizko gizarte zerbitzuek adierazitako premiak. Oro har, lau hileko kurtso bakoitzean proposatzen duten eskaintzako ordu-kargaren %80 izanen da lehentasunezko jardueretarako.
Ikastetxeak eta ikasgelak ahaleginduko dira erantzuten, dituzten langileekin, lau hileko kurtso bakoitzaren hasieran beren jarduketa eremuan sortzen diren lehentasunezko ikastaroen eskaera osoari, betiere horrek ez badakar kentzea prestakuntza pertsonalerako ikastaroak, lehengo lau hileko kurtsokoak, bideragarriak direnak bigarren lau hileko kurtsoan. Beharrezkoa bada, murriztu eginen da prestakuntza pertsonalerako ikastaroen ordutegia edo kopurua.
Ikastetxeetako zuzendaritza taldeak, klaustroari entzun ondoren, edo taldeburuak, ikasgeletako irakasle taldeei entzun ondoren, zilegi izanen dute ikasle taldeak eta ordutegiak berrantolatzea lau hileko kurtsoetan zehar, edo lehenbizikoa bukatu ondoren, baldin talde batzuetan asistentziak behera egiten badu eta horren ondorioz kolokan badago taldearen bideragarritasuna, edo eskaera berriak baldin badaude, bereziki lehentasunezko eskaintzako ikastaroetan. Horren ondorioz, zilegi izanen da taldeak ixtea, maila bera edo antzekoa duten taldeak batzea eta talde berriak sortzea (horretarako plantilla handitu beharra badago, beharrezkoa izanen da behar adina baliabide edukitzea). Aldaketa horiek egiteko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren baimena beharko da.
2.2. 1. eta 2. mailako oinarrizko konpetentzien ikastaroen egutegia.
1. eta 2. mailako oinarrizko konpetentzien ikastaroen egutegiak baldintza hauek beteko ditu:
a) Ikasturtea hiru hileko hiru kurtsotan banatuko da.
b) Hiru hileko kurtso bakoitzeko eskola egunen kopurua: 53, gutxienez ere.
c) Lehen hiru hileko kurtsoko eskolak ez dira hasiko irailaren 16a baino lehen eta hirugarren hiru hileko kurtsoko eskolak ez dira bukatuko ekainaren 18aren ondoren.
d) Hiru hileko kurtso bat bukatzen denetik hurrengoa hasi bitarteko egunetan lan hauek eginen dira: kurtsoa berrikusi eta ebaluatzeko lan espezifikoak, ikasle sartu berrien ikaskuntzaren hasierako balorazioa (IHB), erreklamazioekin lotutako lanak eta behar diren egintza akademiko eta administratibo guztiak, baita hurrengo hiru hileko kurtsoa antolatzearekin lotutako jarduerak ere. Egun horietan, irakasleek ikastetxera edo ikasgelara joan beharra izanen dute, lan horiek egiteko.
2.3. Inskripzioa eta matrikula.
2.3.1. Inskripzioa.
Oro har, beranduenez irailaren 15ean inskribatu beharko dira Hasierako Irakaskuntzetako ikastaroetan.
Oinarrizko konpetentzien hiru hileko kurtsoetako inskripzioa egiteko datak Hezkuntza Departamentuak ezarriko ditu.
Oro har, gainerako irakaskuntzetarako inskripzioa honako egun hauetan egin beharko da:
–Lehen lau hileko kurtsoko ikastaroak: irailaren 15era arte.
–Bigarren lau hileko kurtsoko ikastaroak: otsailaren 9ra arte.
Ikastetxeek eta ikasgelek bi aldi bereizitan egin dezakete inskripzioa: lehenbizikoa lehentasunezko ikastaroetarako, eta bigarrena prestakuntza pertsonaleko ikastaroetarako.
Oro har, ikastetxe eta ikasgeletan, kurtso osoan zehar ematen ahalko da izena lehentasunezko prestakuntza jardueretarako. Ahal bada, unean bertan erantzunen zaio eskaerari; bestela, itxarote-zerrenda batean erregistratuko dira interesdunak.
Mentor ikasgeletan inskripzioa egiteko epea irailetik ekainera bitarte egonen da zabalik.
2.3.2. Adinari lotutako baldintzak.
Oinarrizko konpetentzien ikastaroak egiteko, inskripzioa egiteko unean hemezortzi urte beteta izan beharko dira.
Eranskin honen II.2.1 atalean azaldutako gainerako prestakuntza eskaintzan sartzen ahalko dira honako baldintza hauetako bat betetzen dutenak:
a) Hemezortzi urte baino gehiago dutenak edo ikastaroa hasten den urtean adin hori betetzen dutenak.
b) Salbuespenez, hamasei urtetik gorakoak, baldin eta hala eskatzen badute eta ezin badute ikastetxeetara joan araubide arruntean, lan kontratu bat dutelako edo goi-errendimenduko kirolariak direlako.
c) Era berean, Hezkuntza Departamentuak onartzen ahalko ditu hamasei urtetik gorakoak irakaskuntza hauetan, salbuespenez, baldin eta, behar bezala frogatutako eta araututako arrazoiak direla kausa, ezin badute ikastetxe arruntetara joan eta, orobat, adinaren baldintza beterik ere ez badira eskolatu Espainiako hezkuntza sisteman.
Eranskin honen II.2.1 atalean azaldutako prestakuntzan sartzeko eskaera egiteko, atal honen c) puntuko salbuespenei dagokienez, hau izanen da prozedura:
–Ikastetxeek edo ikasgelek eskabidea jasoko dute, behar bezala betea eta sinatua, eta, haren bidez, eskatzailearen datuak bilduko dituzte (bertan, gutxienez, datu hauek agertu behar dira: izena, deiturak, jaioteguna, bizilekua, harremanetarako telefonoa).
–Ikastetxeko zuzendariak edo taldeburuak, inskripzio epea bukatuta, eskaera guztiak bidaliko dizkio Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendariari, baloratu ditzan.
–Zerbitzu horrek eskaera guztiak aztertuko ditu, banan-banan, onetsi edo ezesteko. Horretarako, eskatzen ahalko dira beharrezkotzat jotzen diren agiriak edo argibideak.
–Zerbitzuko zuzendariak ikastetxeetara edo ikasgeletara bidaliko du eskaera onartu zaien eskatzaileen zerrenda.
–Ikastetxeak edo ikasgelak harremanetan jarriko dira onartutako ikasleekin, matrikula formalizatu dezaten.
2.3.3. Ikaskuntzaren hasierako balorazioa (IHB).
Hezkuntzako kontseilariaren uztailaren 3ko 54/2025 Foru Aginduaren 10. artikuluari jarraikiz, Hasierako Irakaskuntzetan sartzeko, beharrezkoa izanen da ikaskuntzaren hasierako balorazioa (IHB), eta balorazio hori orientabidetarako erabiliko du ikastetxeak edo ikasgelak, ikasleak atxikitzeko Hasierako Irakaskuntzen I. mailan edo II. mailan. Aipatutako 54/2025 Foru Agindu horren bidez arautzen da Helduen Oinarrizko Hezkuntzako irakaskuntzen antolaketa, ezarpena eta ordutegia, eta, orobat, arautzen dira irakaskuntza horietako ikasleen ebaluazioa, mailaz igotzea eta titulazioa, Nafarroako Foru Komunitatean.
Halaber, ikastetxeek eta ikasgelek, nahitaez eta matrikulazioaren aurretik, IHBa eginen diete gainerako irakaskuntzetan aurrenekoz inskribatzen direnei. Ikaskuntzaren hasierako balorazioa (IHB) orientabidetarako erabiliko du ikastetxeak edo ikasgelak, ikasleak aipatutako irakaskuntzetan atxikitzeko.
2.3.4. Onarpen irizpideak.
Aurkeztutako eskaera guztiak onartuko dira. Eskatzaile gehiago daudenean eskaintzen diren ikaspostuak baino, postu horiek beteko dira ikastetxeak edo ikasgelak ezarriko duen sistemaren bidez. Betiere, irizpide hauek hartuko dira kontuan:
–Helduentzako Hasierako Irakaskuntzak egiteko, lehentasuna izanen dute aurreko kurtsoan irakaskuntza horiek ikasten aritu direnek, eta, horien artean, aurreko maila gainditu dutenek. Maila berean jarraitu behar badute, lehentasuna izanen dute maila horretan denbora gutxien daramatenek. Modulu bera bi kurtsotan eginik ere gainditzerik lortzen ez dutenek ez dute lehentasunik izanen aurrenekoz inskribatzen direnen aldean.
–Eskaintzen diren gainerako irakaskuntzetan, honako irizpide hauei segituz finkatuko da lehentasuna:
- Helduen hezkuntzako ikasketak ez egitea beste ikasketa ofizial batzuk egiten diren bitartean.
- Azken bi urteetan matrikulaturik egon ez izana helduen hezkuntzako irakaskuntza beretan, edo horiek utzi ez izana.
Postua lortzen ez dutenak itxarote-zerrendan geldituko dira, eta zerrenda hori erabiliko da gertatzen diren bajak betetzeko. Helduen talde espezifikoen kasuan, lau hileko kurtso batean itxarote-zerrendan egon direnek lehentasuna izanen dute hurrengo lau hileko kurtsoan postua lortzeko.
2.3.5. Matrikulazioa.
Inskripzio prozesua bukaturik eta ikaskuntzaren hasierako balorazioa (IHB) eginik, onartzen diren pertsonak behar diren ikastaroetan inskribatuko dira, eskolako kudeaketako Educa sistemaren bidez.
2.4. Ikastaroak eta taldeak.
Hasierako Irakaskuntzen I. maila, Hasierako Irakaskuntzen II. maila eta Mentor ikasgeletako ikastaroak ikasturte bakarrean eginen dira, hurrenez hurren.
Oinarrizko Konpetentzien ikastaroak hiru hileko hiru kurtsotan eginen dira.
Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeetan eta ikasgeletan emanen diren gainerako irakaskuntzetarako, aldiz, ikasturtea lau hileko bi kurtsotan banatuko da.
Egutegiak bete beharko du Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren apirilaren 16ko 197/2026 Ebazpena, zehazki, I. eranskinean ezarritakoa (ebazpen horren bidez onetsi ziren jarraibide batzuk, 2026-2027 ikasturteko egutegia eta ordutegia prestatzeko, hain zuzen, Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeetan eta ikasgeletan emanen diren irakaskuntzetarako eta Helduen Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzetarako eta erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetara sartzeko ikastaroetarako, Nafarroako Foru Komunitatean ikastetxe publiko baimenduetan emanen direnetarako).
2.4.1. Taldeak osatzeko ratioak.
Ratioak finkatuko dira kontuan hartuz eskolak emateko erabiliko den ikasgelaren edukiera, eta horren arabera.
Honako hauek dira irakaskuntza mota bakoitzerako ratioak:
a) Helduen Oinarrizko Hezkuntza:
–Hasierako Irakaskuntzak, 1. maila: gutxienez 15 lagun eta gehienez 25.
–Hasierako Irakaskuntzak, 2. maila: gutxienez 15 lagun eta gehienez 25.
b) Oinarrizko Konpetentzien ikastaroak: gutxienez 15 lagun eta gehienez 25.
c) Konpetentziei digitalei buruzko ikastaroak: 15 lagun gutxienez.
d) Atzerriko migratzaileak:
–Gaztelania bigarren hizkuntza gisa ikastaroak (G/H2): mailaren arabera:
- A0 (alfabetatu gabeak beren hizkuntzan edo aurretik oso prestakuntza apala dutenak) edo talde heterogeneoak: 12 lagun gutxienez.
- A1, A2, B1, B2: 15 lagun gutxienez.
–Espainiako Konstituzioa eta egoera soziokulturala ezagutzeko ikastaroak: 15 pertsona gutxienez.
–Bide-hezkuntzako ikastaroak: 15 lagun gutxienez.
e) Helduen talde espezifikoak (HTE): 6 ikasletik 8ra bitarte gutxienez, mailaren arabera.
f) Alfabetatze ikastaroak, irakurle berriak eta finkatzea: 12 lagun gutxienez.
g) Prestakuntza pertsonaleko ikastaroak: 25 lagun gutxienez, informatika ikastaroetan izan ezik; kasu horretan ikasgelen azaleraren arabera erabakiko da gutxieneko kopurua.
Ratio txikiagoko taldeak osatzeko, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren baimena beharko da.
2.4.2. Jardueren asteko ordutegia.
a) Hasierako Irakaskuntzak:
–Hasierako Irakaskuntzak I: astean 10 ordu.
–Hasierako Irakaskuntzak II: astean 10 ordu.
b) Oinarrizko Konpetentzien ikastaroak:
–Matematika: astean 3 ordu.
–Komunikazioa: astean 3 ordu.
–Konpetentzia digitala: astean ordu bat.
c) Konpetentzia digitalak: astean 3 ordu.
d) Atzerriko migratzaileentzako ikastaroak:
–Gaztelania bigarren hizkuntza gisa: astean 3,5 ordu gutxienez eta 5 ordu gehienez.
–Espainiako Konstituzioari eta egoera soziokulturalari buruzko ezagutzak: astean 2 ordu gutxienez eta 3 ordu gehienez.
–Bide-hezkuntza: astean 2 ordu gutxienez eta 3 ordu gehienez.
e) Helduen talde espezifikoak: astean 3 ordutik 6ra bitarte.
f) Mentor ikasgeletako ikastaroak: ikastaroa ikasgelara bertaratuz egin nahi dutenek astean 3 orduz erabiltzen ahalko dute ordenagailua.
g) Prestakuntza instrumentaleko irakaskuntza ez-arautuak (Informatika eta hizkuntzak): astean 2 ordu gutxienez eta 3 ordu gehienez.
h) Kultura handitzeko ikastaroak: astean 2 ordu gutxienez eta 3 ordu gehienez.
i) Alfabetatze, irakurle berriak eta finkatzea: astean 4 ordu gutxienez eta 5 ordu gehienez.
Aipatutako asteko ordutegiarekin bat ez datozen ikastaroetarako, baimena eman beharko dute Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak eta Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak.
Ikastetxeek eta ikasgelek astelehenetik ostiralera bitarte banatuko dituzte prestakuntza jardueren eskola-orduak, goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandetan, baldin eta hala komeni bada, eskualdeko helduen prestakuntza beharrak eta eskariak direla-eta.
2.5. Ebaluazioa eta ziurtapena.
2.5.1. Hasierako Irakaskuntzetako ikastaroen ebaluazioa.
Hasierako Irakaskuntzetako ikastaroen ebaluazioari dagokionez, jarraituko zaio Hezkuntzako kontseilariaren uztailaren 3ko 54/2025 Foru Aginduari.
2.5.2. Helduen talde espezifikoetako ikasleen ebaluazioa.
Ikasleen ebaluazioa nagusiki hezigarria izanen da, eta alderdi kualitatiboak nagusituko dira, horrela erraztu dadin etengabe doitzea irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak, eta ikasleen interesak eta beharrak biltzea. Ebaluazioa osatzeko, informazioa biltzen ahalko da hasieran eta bukaeran. Horretarako, orientazio gisa, proposatzen da helduen talde espezifikoetarako ebaluazio protokoloa erabiltzea, NHEBZren web-orrian eskuragarri dagoena (Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroa):
2.5.3. Oinarrizko Konpetentzien ikastaroen ebaluazioa.
Oinarrizko Konpetentzien ikastaroen ebaluazioari dagokion guztian, Hezkuntza Departamentuak xedatzen duena bete beharko da.
2.5.4. Mentor ikasgeletako ikastaroen ziurtapena.
Ikastaroa bukatu eta aurrez aurreko azken ebaluazio-proba gainditzen dutenek jasoko dute aprobetxamendu-ziurtagiri bat, zeina emanen baitute Hezkuntza Ministerioak eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak.
2.5.5. Gainerako prestakuntza jardueren ziurtapena.
Lau hileko ikastaro bakoitzaren hasieran, irakasleek ikastaroaren programazioaren berri emanen diete parte-hartzaileei, labur, alderdi hauek azalduz: zenbat ordu diren guztira, egutegia, helburuak, edukiak eta gainditzeko eskatzen diren gutxieneko betebeharrak.
Ikastaroa bukatuta, helburuak erdietsi eta adierazitako betebeharrak bete dituztenek ikastetxeko edo ikasgelako ziurtagiri bat jasoko dute.
Gaztelania bigarren hizkuntza gisa ikasteko (G/2H) ikastaro bat bukatu eta balorazio positiboa lortzen dutenei ematen zaien ziurtagirian, aipatu beharko da ikastaroaren maila, eta ez da beharrezkoa izanen ikastaroaren ordu kopurua jasotzea.
3.–Irakasleak.
3.1. Lanaldia.
225/1998 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, irakasleek, oro har, izanen dute Nafarroako Gobernuaren menpeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldi bera, baina kontuan hartuta Helduen Hezkuntzako ikastetxeetan eta ikasgeletan ematen diren oinarrizko prestakuntzako irakaskuntzen berezitasunak.
Irakasleen asteko lanaldia 30 ordukoa izanen da. Horietatik 25 eskola-orduak izanen dira, eta 5 ordu, osagarriak. 25 eskola-orduetatik 19,5 ordu zuzeneko irakaskuntzakoak izanen dira, eta beste 5,5 orduak, berriz, eskola-ordu gisa kontatzekoak. Helduen ikastetxe eta ikasgeletako lanpostuak bereziak direnez, eta kontuan harturik helduen irakaskuntzaren berezitasunak, eskola-ordu gisa kontatzen diren orduak erabiltzen ahalko dira ibiltari aritzea konpentsatzeko, irizpide honen arabera:
–Astean 50 kilometro bitarte: eskola-ordutzat hartutako ordu bat.
–Astean 100 kilometro bitarte: eskola-ordutzat hartutako 2 ordu.
–Astean 200 kilometro bitarte: eskola-ordutzat hartutako 4 ordu.
–Astean 200 kilometro baino gehiago: eskola-ordutzat hartutako 5,5 ordu.
Eskola kudeaketako Educa sisteman egonen dira eskuragarri ibiltari ibiliko diren irakasleen berri emateko dokumentazioa, jarraibideak eta joan-etorrien hileroko eskabidea eta fitxa.
Ekaineko eta iraileko eskola gabeko lanegunetan eta, orobat, lehenbiziko hiru edo lau hileko kurtso bakoitzaren bukaeratik hurrengoa hasi bitartekoetan, irakasleek bost orduko lanaldi jarraitua eginen dute egunero, ikastetxean edo ikasgelan egon beharrekoa.
Irakasleen koordinazioa errazteko, Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeek eta ikasgelek asteazkenetako goizak erabiliko dituzte honako zeregin hauetarako:
–CPa eta IHPa prestatzea eta berrikustea, prestakuntza (CP) barne: 2 ordu.
–Koordinazio bilerak (KOOR): ordu bat.
–Klaustroak eta ebaluazio saioak (K+E): ordu bat.
–Bilerak eta elkarrizketak ikasleekin, eta, behar denean, familiekin (TP): ordu bat.
Horri dagokionez, eskola jarduera dakarren edozein salbuespenetarako, eskaera egin beharko zaio Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuari.
3.2. Irakasleen ordutegia prestatzea eta onartzea.
Uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuak (uztailaren 16ko 60/2014 Foru Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarriaren bidez aldatua) ezartzen du ikasketaburuek prestatuko dituztela irakasleen ordutegiak, edo, bestela, taldeburuek, eta ikastetxeko zuzendariak onetsiko dituela, edo, behar denean, taldeburuak, eta jakinarazi behar direla eskolako kudeaketako Educa sistemaren bidez, beranduenez irailaren 30ean. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ebatziko ditu horren gaineko erreklamazio guztiak, eta, horretarako, hamabost eguneko epea izanen du.
Ordutegiak prestatzeko, eskola kudeaketako Educa sisteman eskuragarri daude laguntza dokumentuak, kontratuen ordutegi-taula eta irakasleen ordutegiaren kontzeptuak (Ikastetxea > Dokumentazio instituzionala > Ikuskapen-dokumentuak > Irakasleen ordutegia).
Halaber, eskola kudeaketako Educa sisteman zehaztuko da egoitzaren ordutegia, zenbaketa moten erlaitzean "denbora erreala" hautatuta (Ikasturtea > Ordutegia > Egoitza zehaztea > Ordutegiak kudeatzea > Zenbaketa mota > Denbora erreala).
IRAKASLEEN LANALDIAREN LABURPEN TAULA (lanaldi osoa) | ||
ZUZENEKO IRAKASKUNTZA: 19,5 ordu | ESKOLA-ORDU GISA KONTATZEN DIREN ORDUAK: 5,5 ordu | ASTEAN ZENBATU BEHARREKO ORDU OSAGARRIAK: 5 h |
–Ikasleei eskola edo irakaskuntza ematea. (225/1998 Foru Dekretuaren 6.a) artikuluan zehaztutako lanetarako). | –Ibiltari aritzea. –Materialak prestatzea. –Hasierako Irakaskuntzetako tutoretza. –Lehentasunezko eskaintzako taldeen tutoretza. (225/1998 Foru Dekretuaren 6.b) artikuluan zehaztutako lanetarako). | –2 ordu: CPa eta IHPa prestatu eta berrikustea, eta prestakuntza (CP). –Ordu bat: bilerak eta elkarrizketak familiekin (TP). –Ordu bat: koordinazio bilerak (KOOR). –Ordu bat: klaustroak eta ebaluazio saioak (K+E). |
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ikuskatuko du ea zuzena den irakasleen asteko ordutegiaren banaketa (zuzeneko irakaskuntzan emandako orduak, eskola-orduak eta jarduera osagarriak).
3.3. Irakasleak eta ikastetxeko edo ikasgelako langileak ez agertzea.
Aldi baterako ezintasun batengatik norbait lanera agertzen ez denean ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrolak Hezkuntza Departamentuko web-orrian ezarritakoari jarraituko dio:
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal
Aldi baterako ezintasun egoerak jakinarazteko ezarritako epeak betetzen ez badira, ikastetxeko zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntza Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudiak ezarritakoaren arabera jardun dezan. Irakasleari ere horren berri eman behar zaio idatziz.
Proposatzen da komunikazioak Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez egitea, ongi bete daitezen epeak, ordezkapenetarako, kotizazioetarako eta nominan eragina duten bestelako elementuetarako.
Agiriak bidaltzean izandako edozein gorabeheraren berri emateko, helbide elektroniko hau erabil daiteke modu osagarrian: planificacionrheducacion@navarra.es.
Ikastetxeetan eta ikasgeletan ezarriko da zer bidetatik eginen dituzten jakinarazpenak MUFACEko nahiz Gizarte Segurantzako langileek, zuzendaritza talde bakoitzak zehazten duen funtzionamenduaren arabera.
Garrantzitsua da adieraztea ezen, gaixotasun ondoriozko baja egoerak jakinarazteaz gainera, 72 orduko epean egin behar dela, gehienez, erditzeagatiko lizentzia edo ama ez den gurasoarendako lizentzia tramitatzeko komunikazioa, ezarritako prozedurari jarraikiz.
Ordezkapen egoeretan, ordezkoa ez bada egokitu zaion lanpostuan hasten, eta Kontrataziorako Atalari ez badio erregistro orokorraren bidez jakinarazi lanpostuari uko egin diola, ikastetxeko zuzendaritzak hutsegitearen txosten bat bidaliko du contratoseducacion@navarra.es helbidera, plaza berriz eskain dadin. Baldin ordezkapen kontratuaren Gizarte Segurantzako afiliazioaren alta tramitatu bada, Gizarte Aseguruen Atalak eskatuta, zuzendaritza taldeak hutsegiteari buruzko txosten bat egin beharko du, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian alta baliogabetzeko. Ondoren, seccion.seguros.sociales@navarra.es helbide elektronikora bidali beharko du.
Ikastetxeetan eta ikasgeletan, eskolako kudeaketako Educa sisteman erregistratu beharko dira ikastetxeak edo ikasgelak berak emandako baimenak. Norberaren aferetarako baimena ematerakoan, eskola kudeaketako Educa sisteman (Langileak menua > Irakasleak > Berria / Hutsegiteak ikusi) ikus daiteke zenbat ordu hartu duen irakasle bakoitzak ikasturte berean, kontratu bat baino gehiago izan arren.
3.4. Irakasle ibiltarien joan-etorrien gastuak.
Oinarrizko ikastetxeetako zuzendaritzek Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari jakinaraziko diote, epe barnean jakinarazi ere, zer joan-etorri egiten dituzten beren irakasle ibiltariek ikastetxekoaz edo ikasgelakoaz bestelako herrietara, jarraikiz funtzionamenduaren txantiloian jasotako plangintzari.
Egoera orria edo fitxa urriaren 31 baino lehen igorri beharko da, eta oinarrizko ikastetxeko zuzendariak edo, hala badagokio, taldeburuak eta irakasle ibiltariak bete beharko du.
Eskola kudeaketako Educa sisteman egonen dira eskuragarri irakasleen ibiltaritzak jakinarazteko dokumentazioa, jarraibideak eta hileko joan-etorrien fitxa eta formularioa (Ikastetxea > Dokumentazio instituzionala > Ikuskapen-dokumentuak > Ibiltaritzak).
Gainerako joan-etorriak kudeatuko dira bileretarako deia egiten duen zerbitzuaren bidez, barnean direla orientazioa koordinatzeko bilerak.
3.5. Nahitaezko prestakuntza.
Irakasleen eskubidea eta betebeharra da etengabeko prestakuntza, baita Hezkuntza Departamentuaren eta ikastetxeen eta ikasgelen ardura ere; izan ere, azken helburua da Nafarroako hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzea, irakasleen lanbidea garatuz.
Hala, ikastetxeetako zuzendaritza taldeak edo taldeburuek prestatuko dute Ikastetxeko Prestakuntza Instituzionaleko Plan bat ikastetxe eta ikasgeletarako. Horretarako, aintzat hartuko dituzte Hezkuntza Departamentuak proposatutako proiektu estrategiko, plan eta lehentasunezko ildoen ondorioz sortutako prestakuntzarako beharrak, eta, orobat, aintzat hartuko dituzte ikastetxeetako eta ikasgeletako klaustroetan eta irakasle taldeetan eginiko lanetik eratorritako prestakuntzarako beharrak eta Irakasleentzako Laguntza Zentroek eginiko hautemate prozesuetan jasotako prestakuntzarako beharrak.
Prestakuntza ekintzak zuzentzen ahalko zaizkio klaustro osoari edo irakasle talde jakin bati. Lehentasunezkoak izanen dira eta irakasleek nahitaez egin beharko dituzte proposatutako prestakuntza ekintzak, baldin helburu badute proiektu estrategikoak, planak edo lehentasunezko ildoak garatzea, Hezkuntza Departamentuarenak edo Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe edo ikasgelenak, hala behar denean.
Nahitaezko prestakuntza instituzionala 25 ordukoa izanen da ikasturte bakoitzeko, baina ordu gehiagokoa izaten ahalko da, baldin beharrezkoa bada ikastetxeak edo ikasgelak edo, behar denean, Hezkuntza Departamentuak ezarritako beharrak betetzeko. Kasu horretan, irakasleen parte hartzea borondatezkoa izanen da nahitaezko prestakuntza instituzional horretako 25 orduez gaindikoetan.
Ikastetxe edo ikasgela bakoitza atxikia dago irakasleentzako laguntza zentro bati (ILZ), eta erreferentziazko aholkulari bat du, ikastetxeko prestakuntza instituzionaleko plana egiten laguntzeko. Ikastetxeek eta ikasgelek prestakuntzaren arduradun bat izendatuko dute, zubi-lana egin dezan ikastetxe edo ikasgelaren eta irakasleentzako laguntza zentroko (ILZ) aholkulariaren artean. Inor izendatzen ez bada, ikasketaburuak edo, behar denean, taldeburuak hartuko du bere gain zeregin hori.
Ikasturtearen barnean ikastetxez edo ikasgelaz aldatzen diren irakasleek ikastetxe berriko zuzendariari aurkeztu beharko diote eginiko prestakuntza instituzionalari dagokion ziurtagiria. Prestakuntza instituzionaleko ekintzaren bat hasi eta bukatu gabe izanez gero, ez da jasoko dagokion ziurtagiria. Hala, irakasleak, egin dituen prestakuntza orduen kopurua frogatu ondoren (jatorrizko ikastetxeko zuzendariak emandako ziurtagiri baten bidez), prestakuntza orduak osatzen ahalko ditu, jatorrizko ikastetxean edo ikasgelan hasitako prestakuntzarekin jarraituz edo, bestela, destinoko ikastetxeko prestakuntza jarduerak eginez.
Ezartzeko nahitaezko prestakuntza instituzionaleko zenbat ordu egin behar dituzten kontratu partziala duten irakasleek, nahitaezko prestakuntza instituzionaleko 25 orduei aplikatuko zaie kontratuaren ehunekoa.
Ez dute nahitaezko prestakuntza egin beharko lanaldiaren hereneko edo gutxiagoko kontratua duten irakasleek. Halere, aukera izanen dute prestakuntza hori borondatez egiteko. Interesdunak ez badu prestakuntza egiten, bere kontratuari dagozkion ordu osagarriak erabiliko ditu indarreko araudian jasotako zereginak egiteko.
Nahitaezko prestakuntza instituzionaleko orduen zenbaketa malgutzeko, ikasturte bakoitzean gutxienez 20 ordu egin beharko dira, eta, beraz, elkarren segidako bi ikasturteko aldian egiten ahalko dira gainerako orduak. Edonola ere, bete beharko dira bi urte horiei dagozkien nahitaezko prestakuntza instituzionaleko 50 orduak. Nolanahi ere, bete beharko da Hezkuntza Departamentuaren edo ikastetxeen edo ikasgelen proiektu estrategikoei, planei eta lehentasunezko ildoei buruzko prestakuntza.
Irakasle bakoitzak nahitaezko prestakuntzako 10 orduko murriztapena erabiltzen ahalko du ikasturtean zehar dituen beharrizan profesionalen arabera.
Irakasleek ikastetxeko zuzendaritzaren aurrean frogatu beharko dituzte eginiko prestakuntza ekintzak, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratu beharko ditu.
25 orduko prestakuntza instituzionalaz gain, irakasleek segitzen ahalko dute prestakuntzarako eskubideaz baliatzen, nahi izanez gero.
3.6. Mentor Ikasgelako administratzaileak.
3.6.1. Eginkizunak:
–Ziurtatzea ongi funtzionatzen dutela Ikasgelako ikus-entzunezko materialek eta informatikako eta kontsultako tresnek.
–Eskaintza honetan interesa dutenei aholkuak ematea ikastaroen ezaugarriez, aditzera emanez zer ikastaro diren egokienak beren behar eta nahietarako.
–Ikaslea gidatzea bere lehenbiziko komunikazio telematikoetan, aurkitzen dituen zailtasunak konpontzeko.
–Ikastaroko ikasleen eta tutoreen artean gertatzen diren zailtasunak konpontzea.
–Ikasle zehatzen baten gorabeheren berri ematea tutoreei.
–Azterketetarako deiak antolatzea, ikastaroetako tutore eta koordinatzaileekin batera.
–Ikasgelaren erabilera kudeatzea, ahalik eta etekin handiena ateratzeko haren funtzionamenduari, eta ikasleen interesak eta dauden eskariak harekin bateragarri egiteko.
3.6.2. Ordutegia:
Administratzaileek ordutegi hau izanen dute astean beren eginkizunak betetzeko:
Tuterako, Tafallako eta Lizarrako Mentor ikasgelak: astean 6 ordu gehienez ere. Horietatik 2 ordu zuzeneko irakaskuntzakoak izanen dira, eta gainerako 4rak, berriz, eskola-ordu gisa kontatzen direnak eta ordu osagarriak.
Iruñeko Mentor ikasgela: astean 12 ordu gehienez ere. Horietatik 6 ordu zuzeneko irakaskuntzakoak izanen dira, eta gainerako 6ak, berriz, eskola-ordu gisa kontatzen direnak eta ordu osagarriak.
3.7. Iruñeko espetxean dauden ikasgeletako irakasleak.
Iruñeko espetxeko Oinarrizko Hezkuntzako ikasgelak José María Iribarren Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeari atxikita egonen dira, Iruñerriko gainerako ikasgelak bezala. Hango irakasleek izanen dute aipatutako ikastetxearen menpeko atxikipen funtzionala, eta onartu beharko dituzte Iruñeko espetxean dauden kontrol eta segurtasun arau guztiak.
Haien eskola-jarduera espetxean eginen dute, astegun guztietan banatuta, astelehenetik ostiralera.
Astean kontatu beharreko ordu osagarriak José María Iribarren Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxean edo espetxean bete beharko dituzte, ikastetxeko zuzendaritzak zer erabaki. Nolanahi ere, ordu horien barruan sartuko dira José María Iribarren Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxean egiten dituzten jarduerak: klaustroak, irakaslana koordinatzeko organoen bilerak, hobekuntza jarduerak, etab.
Irakasleek lehenbailehen jakinarazi beharko diote José María Iribarren Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeko zuzendaritza taldeari lanerako edozein hutsegite edo irakaslanean gertatutako edozein gorabehera, ager dadin hutsegiteen hileko partean, eskola-orduetan gertatu nahiz ordu osagarrietan.
Horretarako, José María Iribarren Helduen Oinarrizko Hezkuntzako zuzendaritzak egokitzat jotzen duen informazio oro eskatzen ahalko die espetxeko arduradunei.
Ekaineko eta iraileko eskola gabeko lanegunetan eta hiru hileko edo lau hileko kurtso bakoitzaren bukaeratik hurrengoaren hasieraren bitartekoetan, irakasleek bost orduko lanaldi presentzial jarraitua eginen dute egunero data horietarako programatutako zereginetan; ordu horiek José María Iribarren Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxean edo espetxean emanen dituzte, ikastetxeko zuzendaritzak zer erabaki.
Irakasleen taldea koordinatzeko, haietako bat izendatuko du José María Iribarren Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeko zuzendaritzak. Irakasle horrek mailako koordinatzaile lanak eginen ditu, eta taldeko bitartekaria eta ordezkaria izanen da espetxearen aurrean, hezkuntza jarduerak zuzen garatzen direla laguntzearren. Eginkizun horietan, astean 3 eskola-ordu ematen ahalko ditu.
4.–Gobernu organoak.
4.1. Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeak.
Ikastetxeek gobernu organo hauek izanen dituzte: eskola kontseilua, irakasleen klaustroa eta zuzendaritza taldea.
Horien osaera eta eginkizunen arloan, aplikatuko da Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren III. kapituluan adierazitakoa, bai eta otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretuan jasotakoa ere (foru dekretu horren bidez arautzen da Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoen Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamendua, zehazki ikasketa hauek ematen dituztenena: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa, Arte Irakaskuntzak, Hizkuntzak, Kirol Irakaskuntzak, Helduen Hezkuntza eta Hezkuntza Berezia).
4.2. Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikasgelak.
Ikasgelako irakasle taldean biltzen dira eremu geografiko bakoitzeko ikasgelez arduratzen diren irakasleak, eta irakasle horietako baten zuzendaritzapean jardunen du, taldeburua izanen baita.
Hezkuntza Departamentuak ikasturte baterako izendatuko du taldeburua, ikasgelan behin betiko destinoa duten irakasleen artetik. Bere zereginerako, liberatua egonen da asteko zuzeneko irakaskuntza ordu batzuetatik, matrikulatutako ikasle kopuruaren arabera. Hezkuntza Departamentuak erabakiko du irizpide hori.
4.2.1. Ikasgelako irakasle taldearen eginkizunak.
a) Ikasgelako prestakuntza jarduerak antolatu eta garatzea modu koordinatuan: eskaintza planifikatzea, inskripzioak, hasierako balorazioak egitea, taldeak eratzea, eskolak ematea eta ebaluatzea.
b) Ikasgelako jarduketak kudeatzea: altak, bajak.
c) Eskola kudeaketako Educa sistemaren bidez, kudeatzea ikasleen matrikula, segimendua eta ikastaroetako dokumentazioa.
d) Plangintza instituzionalaren agiriak prestatzea edo, beharrezkoa denean, aldatzea (hezkuntza-proiektua, urteko programazio orokorra, ikasturte bukaerako memoria eta antolaketa- eta funtzionamendu-arauak), betiere taldeburuaren zuzendaritzapean.
e) Ezartzea ikasgelako programazioen prestaketa gidatuko duten ildo orokorrak, hezkuntza-proiektuan oinarrituta.
f) Sustatzea metodologia didaktiko egokienak erabiltzea ikasleen ikaskuntza-prozesurako.
g) Irakas-praktikarako material didaktikoak proposatzea.
h) Hezkuntza Departamentuak esleitzen dion beste edozein, eta ikasgelako antolaketa- eta funtzionamendu-arauetan ezartzen direnak.
4.2.2. Ikasgelako irakasle taldeko buruaren eginkizunak.
a) Zuzentzea eta koordinatzea ikasgelako irakasle taldeak egiten dituen bilerak, aurreko atalaren arabera esleiturik dituen eginkizunak betetzeko, bereziki plangintza instituzionaleko agirien ingurukoak.
b) Ikasgelako jarduketak kudeatzea, eskola kudeaketako Educa sistemaren bidez: altak eta bajak.
c) Ikasgelako prestakuntza jarduerak koordinatzea, eta begiratzea betetzen direla hezkuntza-proiektuan eta urteko programazio orokorrean ezarritakoarekin bat.
d) Arduratzea urteko programazio orokorra, hileko gorabeheren agiriak eta eskatzen zaizkion beste dokumentu guztiak egiteaz, eta arduratzea, orobat, horiek Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari aurkezteaz.
e) Bere gain hartzea eskualdeko funtzionamendu gastuen kudeaketa ekonomikoa, Ecoeduca kontabilitate sistema baliatuz.
f) Hezkuntza Departamentuak bere eskumenen esparruan esleitzen dion beste edozein, helburua izanik ikasgelako irakasle taldearen antolaketa zuzena eta funtzionamendu egokia.
José María Iribarren Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxea arduratuko da Zangozako eta Elizondo-Lekarozko ikasgeletako irakasleen kudeaketaz. Irakasle horiek beren egoitzan eginen dituzte ordutegi osagarriari dagozkion jarduerak. Jarduera horien artean daude José María Iribarren Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeko mailako taldeekiko koordinazioa, ikastetxe horretara bertaratuta egiten ahalko dena.
5.–Irakaslana koordinatzeko organoak.
Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeek honako gobernu organo hauek izanen dituzte irakaslana koordinatzeko:
–Tutoretza.
–Mailako taldeak, prestakuntza jarduera berdina irakasten duten irakasleek osatuak.
–Koordinazio Pedagogikorako Batzordea.
Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe eta ikasgeletako irakaslana koordinatzeko organoei dagokien guztian, bete beharko da otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretuaren I. tituluko V. kapituluan xedatutakoa (foru dekretu horren bidez arautzen da Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoen Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamendua, zehazki ikasketa hauek ematen dituztenena: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa, Arte Irakaskuntzak, Hizkuntzak, Kirol Irakaskuntzak, Helduen Hezkuntza eta Hezkuntza Berezia). Kasu honetan, ulertu behar da zikloko taldeei buruz esaten den guztia mailako taldeei buruz esaten dela.
5.1. Tutoretza eta orientazioa.
Ikasleen tutoretza eta orientazioa dira irakaslanari lotutako zereginak.
Hasierako Irakaskuntzen talde bakoitzak tutore bat izanen du, eta ikastetxeko zuzendaritzak izendatuko du, ikasketaburuak proposatuta, taldeari eskolak ematen dizkioten irakasleen artetik. Hark koordinatuko ditu tutoretza planaren aplikazioa eta garapena, baita dagokion irakasle taldearen irakaskuntzak eta jarduketak ere, horretarako lankidetzan arituz hezkuntza eta lanbide orientazioko langileekin. Bere eginkizunak betetzeko, gutxienez izanen du eskola-ordu gisa kontatzen den ordu bat astean.
Lehentasunezko eskaintzan, modalitate presentzialean dauden gainerako ikastaroetako irakasleek horretarako erabiltzen ahalko dute gutxienez eskola-ordutzat hartzen den ordu bat astean, orientazioa eta aholkularitza emateko beren talde guztietako ikasleei.
Ikastaroen hasieran, irakasleek beren taldeetako ikasleei adieraziko die zein den tutoretzarako ezarritako ordutegia.
6.–Ikasleak eskoletara joatea.
Helduak beren borondatez eta berek erabakita hasten dira ikasten helduen hezkuntzako gradu, maila eta moduluak.
Helduen hezkuntzan matrikula egin eta gero, argi izan behar dute ikasle guztien eskubidea eta betebeharra dela eskoletara joatea.
Zenbait egunetan, arrazoi batengatik edo bestearengatik, ikasle gutxi egonagatik ere, ikastetxeak eta ikasgelak eta irakasleek beti bezala eman beharko dituzte eskola horiek.
Irakasle guztiek egunero kontrolatu beharko dute ikasleak programatutako jardueretara joaten diren, eta egunero erregistratuko dituzte, Educan, bidezko arrazoirik gabeko hutsegiteak. Ikastetxeko zuzendaritzak erregistro hori gainbegiratuko du.
Justifikatu gabeko hutsegite kopuru jakin batera ailegatzen diren ikasleei (jardueraren ardura duen irakasleari jakinarazi gabe) baja ematen ahalko zaie jarduera horretan. Libre gelditzen diren postuak beteko dira jarduera horren itxarote-zerrendan daudenekin, horrelakorik baldin badago.
Ikastetxeek eta ikasgelek matrikula deuseztatzea erabakitzen ahal dute, salbuespenezko neurri gisa, jarraikiz abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretuari, zehazki, zazpigarren xedapen gehigarriari (foru dekretu horrek hizpide ditu unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publiko eta pribatu itunduetako ikasleen eskubide eta eginbeharrak eta ikastetxe horietako elkarbizitza, Nafarroako Foru Komunitatean). Horretarako, ikastetxeek eta ikasgelek irizpide batzuk zehaztu beharko dituzte, bigarren lau hileko kurtsoan jardueran jarraitzeko eskubide ematen duen gutxieneko asistentzia ezartzeko.
Aurretik aipatutakoa ez da aplikatuko Mentor ikasgeletako ikastaroetan, zeren ikaslea matrikulatu baita denbora tarte jakin baterako, eta dagokion kopurua ordaindu.
III.–ARAUDIA
1.–Orokorra.
–1/2004 Lege Organikoa (genero indarkeriaren aurka babes integrala emateko neurriak) (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2004-21760).
–3/2007 Lege Organikoa (emakumeen eta gizonen berdintasuna) (https://www.boe.es/buscar/act.php?id=BOE-A-2007-6115).
–14/2015 Foru Legea (emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa) (https://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=35670).
–8/2017 Foru Legea (LGTBI+ pertsonen berdintasun soziala) (https://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=38999).
–17/2019 Foru Legea (emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna) (https://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=51447).
–47/2010 Foru Dekretua (bizikidetza eta Ikasleen eskubide eta betebeharrak) (https://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=8957).
–66/2010 Foru Dekretua (hezkuntza eta lanbide orientazioa) (https://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=9434).
–72/2021 Foru Dekretua (hezkidetza) (https://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=54103).
–1/2023 Foru Dekretua (Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroa, NHEBZ) (https://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=55653).
–14/2026 Foru Dekretua (ikastetxe publikoen Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamendua) (https://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=57686).
–23/2026 Foru Dekretua (ikasNOVA zentroa) (https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2026/73/0).
–204/2010 Foru Agindua (bizikidetza) (https://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=9755).
–49/2013 Foru Agindua (erreklamazioak) (https://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=32119).
–71/2020 Foru Agindua (kalitatearen kudeaketa) (https://bon.navarra.es/es/anuncio/-/texto/2020/220/7).
–69/2023 Foru Agindua (hezkuntza inklusioa) (https://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=56347).
–113/2024 Foru Agindua (irakasle erretiratuen borondatezko lankidetza eta esperientziaren sarea) (https://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=57561).
2.–Helduen Hezkuntza.
–19/2002 Foru Legea (helduen hezkuntza) (https://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=10817).
–51/2025 Foru Dekretua (antolamendua eta garapena) (https://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=57954).
–54/2025 Foru Agindua (ezarpena, ordutegia, ebaluazioa, mailaz igotzea eta titulazioa) (https://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=58044).
–197/2026 Ebazpena (Egutegia eta ordutegia prestatzeko jarraibideak helduen hezkuntzan 2026-2027 ikasturterako) (https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2026/106/23).
–333/2026 Ebazpena (Ikastetxeen antolaketaren eta funtzionamenduaren gaineko jarraibideak 2026-2027 ikasturterako).
II. ERANSKINA.–JARRAIBIDEAK, ARAUTUKO DITUZTENAK HELDUEN BIGARREN HEZKUNTZAKO IRAKASKUNTZAK, 2026-2027 IKASTURTERAKO
Ikasturte hasierako jarraibideek zehazten eta argitzen dituzte indarreko araudiaren alderdi batzuk, eta arautzen dituzte arautu gabeko beste batzuk, Nafarroako Helduen Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzen emateko modua hobetzeko. Horrez gain, ezartzen dituzte ikasturtean lehentasunez landu behar diren ildoak.
Jarraibideak hiru kapitulutan daude bereizita:
Lehenbizikoa da urteko programazio orokorrari buruzkoa, eta hartan, besteak beste, argibide batzuk ematen dira, ikastetxea hobetzeko planak prestatzeko.
Bigarrenean, irakaskuntza hauei buruzko antolaketa-alderdi batzuk zehazten dira.
Hirugarrenean, zerrendatzen dira Hezkuntzari buruzko Lege Organikotik eratorritako arau batzuk, gehien erabiltzen direnak.
I.–URTEKO PROGRAMAZIO OROKORRA
A) Alderdi orokorrak.
1. Xedapen orokorrak.
Urteko programazio orokorra ikastetxearen plangintza, antolaketa eta funtzionamendurako oinarrizko tresna da. Izan ere, ikastetxearen hezkuntza-proiektua, antolaketa- eta funtzionamendu-arauak eta kudeaketa-proiektua zehazten ditu ikasturte bakoitzerako.
Urteko programazio orokorraren esparruan, ikastetxeek erabaki hauek hartuko dituzte ikasturte bakoitzerako:
a) Pedagogiaren eta curriculumaren arloan jarduteko plan, proiektu eta programei buruzko erabakiak. Erabaki horiek urteko pedagogiaren eta curriculumaren zehaztapena izanen dira.
b) Antolaketari eta funtzionamenduari buruzko erabakiak. Erabaki horiek urteko antolaketaren eta funtzionamenduaren zehaztapena izanen dira.
c) Baliabideen kudeaketari buruzko erabakiak. Erabaki horiek urteko kudeaketaren zehaztapena izanen dira.
Eskola kudeaketako Educa sisteman egonen da eskura orientazio gida bat, UPOa prestatzeko, haren segimendua egiteko eta ebaluatzeko (adibideak jasotzen ditu).
Urteko programazio orokorrari buruzko informazioa Hezkuntza Departamentuaren eta ikastetxeko hezkuntza-komunitatearen eskura egonen da.
2. Informazioa biltzeko iturriak.
Urteko programazio orokorra egiteko, honako iturri hauek hartuko dira kontuan, besteak beste:
a) Ikastetxearen hezkuntza-proiektua.
b) Dagoen zuzendaritza proiektua edo plan estrategikoa.
c) Urte anitzeko hobekuntza plana, ikastetxearen autoebaluazio prozesuaren ondoriozkoa.
d) Aurreko ikasturtearen bukaerako memorian proposatutako hobekuntza arloak, zeinek kasu guztietan barne hartuko baitituzte hobekuntza proposamenak, jasota daudenak barne eta kanpoko proben emaitza akademikoen analisiaren ondoriozko emaitzen memorietan.
e) Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak igorritako gomendioak, aurreko ikasturteko gainbegiratze prozesuen ondoriozkoak.
f) Hezkuntza Departamentuak ikasturte hasieran emandako jarraibideak.
g) Ikastetxeak ezarritako beste programa batzuk.
h) Ikastetxearen plan digitala.
i) Ikastetxearen kalitatea kudeatzeko sistemaren autodiagnostikoa, halakorik bada.
3. Edukia: atalak eta garapena.
Urteko pedagogiaren eta curriculumaren zehaztapenean jasoko dira, ikasturte bakoitzerako, ikastetxeen pedagogiaren eta curriculumaren jardunari buruzko erabakiak. Urteko programazio orokorraren atal hauetan bilduko dira:
a) Ikastetxearen urteko plana.
b) Irakaslana koordinatzeko organoen urteko planak.
c) Urteko inklusio plana, ikasleen desberdintasun indibidualei arreta emateko neurriak jasoko dituena.
d) Urteko tutoretza plana.
e) Urteko bizikidetza plana.
f) Urteko hezkidetza plana.
g) Ikastetxearen urteko plan digitala.
h) Programazio didaktikoak.
i) Ikasturtean garatu beharreko beste proiektu, programa eta plan instituzional batzuk.
j) Ikasturtean garatu beharreko proiektu, programa eta plan propioak.
k) Ikastetxeko urteko prestakuntza plana.
l) Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.
m) Urteko programazio orokorraren jarraipena eta ebaluazioa.
n) Eranskinak.
Nolanahi ere, urteko programazio orokorraren atal bakoitza Helduen Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzen berezitasunera egokituko da, bai eta ikastetxe bakoitzaren ezaugarrietara ere.
Ikastetxearen urteko plana bideratuta egonen da lehentasunezkotzat jotzen diren alderdiak hobetzera, eta urteko programazio orokorraren funtsezko elementua izanen da, gainerako jarduketa planak orientatu eta zehaztuko dituena.
Departamentuek eta gainerako lantaldeek helburuen eta ekintzen plan propio bat izanen dute eta, horren bidez, lortuko dute betetzea urteko planean zehaztutako lehentasunezko helburuak, eta, horretaz gain, formalizatuko dituzte ikastetxeko beste plan espezifiko batzuetatik ateratako helburuak.
Ikastetxearen plan digitala esportatu behar den dokumentu bat da, kanpoan aurkeztuko baita; horregatik, Educan horretarako prestatu den txantiloian sartu beharko da.
Urteko antolaketaren eta funtzionamenduaren zehaztapenean bilduko dira, ikasturte bakoitzerako, honako alderdi hauei buruzko urteko erabakiak: gobernu organoen eta irakaslana koordinatzeko organoen osaera eta lan planak, ikastetxearen egutegi eta ordutegi orokorra, taldeak eratzeko eta tutoretzak esleitzeko irizpideak, ikastetxeko ordutegiak –orokorra, ikasleena eta irakasleena– egiteko irizpideak, ebaluazioen egutegia –barnekoak eta kanpokoak– eta ikasleekiko tutoretzarako ordutegi eta egutegiak.
Era berean, ikastetxeek beste edozein atal gehitzen ahalko dute ikasturterako antolamenduaren eta funtzionamenduaren erabakiei buruz, betiere indarreko araudian ezarritakoa errespetatuz.
Urteko kudeaketaren zehaztapenean bilduko dira, ikasturte bakoitzerako, honako alderdi hauei buruzko urteko erabakiak: urteko aurrekontua eta kudeaketa kontua; irakasleen plantilla; zaintza orduak; instalazioak eta ekipamendua; ikastetxeko larrialdi plana; eta ikastetxeko zerbitzu osagarrien kudeaketarako eta kalitatearen kudeaketarako baldintzak, halakorik bada.
Era berean, ikastetxeek beste edozein atal gehitzen ahalko dute ikasturterako baliabideen kudeaketaren erabakiei buruz, betiere indarreko araudian ezarritakoa errespetatuz.
4. Prestaketa.
Azterturik kasuan kasuko ikasturtean dauden beharrak eta aurreikuspenak, eta kontuan harturik organo bakoitzaren deliberoak eta erabakiak, bai eta oharrak eta ekarpenak ere, urteko programazio orokorraren atalak idatziko dira.
Ikastetxeko urteko programazio orokorraren prestaketaz zuzendaritza taldea arduratuko da. Horretarako, kontuan hartuko ditu ikastetxeko kide anitzeko gobernu organoek edo koordinazio pedagogikorako batzordeak beren eskumen-esparruetan aurrez onetsitako proposamenak, baita hezkuntza-komunitateko beste edozeinek egindako proposamenak ere. Xede horiekin, prozesua zuzendu eta koordinatuko du, egitekoak zehaztuko ditu eta dokumentuak nork idatziko dituen erabakiko du. Era berean, prestaketa prozesurako tresnak jarri eta epeak finkatuko ditu.
Urteko programazio orokorra prestatzeko orduan, zorroztasuna, erraztasuna eta erabilgarritasuna hartuko dira kontuan. Sartzen diren planen egitura operatiboak erraztuko du plana gauzatzea eta haren segimendua egitea, honako hauek zehaztuta: helburuak, adierazleak, noraino iritsi nahi den, ekintzak, arduradunak, denbora-plangintza eta ebaluazioa.
Urteko programazio orokorra Educa aplikazioarekin eginen da, horretarako txantiloi eta eragiketa propioak erabiliz. Kalitatea kudeatzeko sistema ezartzeko eta mantentzeko programan parte hartzen duten ikastetxeek Kadinet tresna erabiltzen ahalko dute UPOa prestatzeko.
Urteko programazio orokorra eskola-kontseiluak onetsi beharko du; eta hezkuntzaren, pedagogiaren eta curriculum-zehaztapenaren inguruko alderdi guztiek irakasleen klaustroaren onespena beharko dute. Onetsi ondoren, urteko programazio orokorra hezkuntza-komunitateko kide guztiek bete beharko dute nahitaez.
5. Tramitazioa, jarraipena eta ebaluazioa.
Behin UPOa onetsirik, urriaren 31 baino lehen, argitaratu beharko da eskola kudeaketako Educa sisteman. Ikastetxean ere gordeko da, hezkuntza-komunitateak eskura izan dezan.
Salbuespen gisa, gerora sortutako inguruabarrak gertatzen direnean, Urteko Programazio Orokorra ikasturtean zehar aldatzen ahalko da. Halakoetan, berriz onetsi beharko da, 4. atalean (Prestaketa) ezarritakoarekin bat, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari igorri beharko zaio.
Ikastetxeko zuzendaritza-taldeak eta arduradunek aldizkako jarraipena eginen dute eskola kudeaketako Educa aplikazioan eta, hala badagokio, Kadinet tresnan, jakiteko zenbateraino garatzen ari diren urteko programazio orokorra osatzen duten plan, proiektu eta programak, honako hauek kontuan hartuta:
a) Dagokion atal espezifikoan, urteko programazio orokorrak honako hauek zehaztu beharko ditu: jarraitu beharreko prozedura, informazioa biltzeko irizpideak, arduradunak eta epeak. Bermatu beharko du aztertu eta baloratzen dela zenbateraino garatu diren planteatutako ekintzak, lortu diren proposatutako helburuak, nola bete diren erantzukizunak eta ezarritako epeak bete diren.
b) Urteko programazio orokorraren atal bakoitza ebaluatzeko prozesuak berekin ekarriko du iturri desberdinetatik datu garrantzitsuak biltzea eta datu horiek aztertzea eta interpretatzea urteko programazio orokorrean bertan aurreikusitako irizpideei jarraituz. Azken hausnarketak eta balorazioak aztertuko du zerk eragin dituen emaitzak, eta esku hartzeko ildoak ezarriko ditu, hurrengo ikasturtera begirako hobekuntza proposamen koherenteak zehaztuta.
Ikasturteko eskola jarduerak amaitu ondoren, eskola-kontseiluak, irakasleen klaustroak eta ikastetxeko zuzendaritza taldeak azken ebaluazioa eginen dute, jakiteko noraino bete den urteko programazio orokorra. Ebaluazio hori ikasturte bukaerako memorian jasoko da, eskola kudeaketako Educa sisteman, eta, hala badagokio, Kadinet tresnan. Horretarako, arduradun bakoitzak aztertuko eta baloratuko ditu dagokion planaren, proiektuaren edo programaren emaitzak.
Era berean, bukaerako memorian honako hauek jasoko dira: ikasleen emaitza akademikoen eta mailaz igotzeko emaitzen ebaluazioa, errendimendu akademikoaren bilakaera eta ikastetxeak parte hartu duen barne eta kanpoko ebaluazioen emaitzak.
Horretarako, bukaerako memoriak txosten bat jasoko du, non xehetasunez aztertuko baitira ikasleek barne eta kanpoko ebaluazioetan lortutako ikaskuntzaren emaitzak, ikastetxearen ibilbideari eta erreferentziako beste adierazle batzuei dagokienez, aztertuta emaitza horiek zerk sortu dituen eta, hala badagokio, zer gabezia eta disfuntzio atzeman diren curriculumeko elementuen, elementu materialen, antolaketakoen eta pertsonalen funtzionamenduan.
Bukaerako memoria eskola kontseiluak onetsi beharko du; eta hezkuntzaren, pedagogiaren eta curriculum-zehaztapenaren inguruko alderdi guztiek irakasleen klaustroaren onespena beharko dute.
Onetsi ondoren, ikastetxearen edo ikasgelaren erreferentziazko ikuskatzailearen esku jarriko da bukaerako memoria, Educaren bidez, ekainaren 30a baino lehen.
6. Gainbegiratzea.
Ikastetxeko erreferentziazko ikuskatzaileak UPOa eta ikasturte bukaerako memoria gainbegiratuko ditu, egiaztatzeko bat datozela indarreko araudiarekin eta ikastetxearen behar eta emaitzekin, eta, hala badagokio, behar diren zuzenketak eta doikuntzak egitea eskatuko du.
7. UPOaren eranskinak.
Eranskin gisa sartuko dira programazio didaktikoen adostasun agiriak.
UPOarekin batera, aurkeztu behar dira programazio didaktikoen adostasun agiriak, ziurtatzearren programazioak egoki jaso dituela eskatzen diren atal guztiak. Hortaz, ikastetxeei dagokie programazio horiek gordetzeko ardura. Dena dela, beharrezkoa den kasuetan, Hezkuntza Departamentuko dagokion zerbitzuak berariaz eskatzen ahalko du programazioa, hainbat arrazoirengatik: auzia irakaskuntza ikuskatzeko prozesuetan sartzen delako, kalifikazioen kontrako erreklamazioak egin direlako, analisi estatistikoak egin behar direlako edo beste arrazoi batzuk direla medio.
Educan egonen dira eskura, UPOan, eranskin gisa, irakaskuntza programazioen adostasun ereduak.
B) UPOaren gaineko argibideak.
1. Aniztasunari erantzutea.
Ikastetxearen ardura da, bere osotasunean, bertako ikasle guztien aniztasunari erantzun inklusiboa eta hezkidetzan oinarritua ematea, eta, horretarako, konpromiso irmoa erakutsi behar du bikaintasunaren, berdintasunaren eta genero-berdintasunaren printzipioekin, hezkuntza inklusiboaren oinarri diren aldetik.
Ikasleen aniztasunari ahalik eta egokien erantzuteko, funtsezkoa da irakasle talde osoaren lana. Ardatz izanen du hautematea ikaskuntzarako sarbidea oztopatzen duten trabak, eta adierazi behar du zein diren horiek ezabatzeko helburuak (inklusio planean eta hobekuntza planean jaso beharko dira helburuok).
Ikasleen premiei erantzuteko jarduerak eta neurriak inklusio planetik abiatu behar dira. Planaren zehaztapena, antolaketa neurriekin, hezkuntza orientazioko langileek ezarritako proposamen teknikoa oinarri hartuta eginen da, eta bermatuko da zuzendaritza taldeak bete eta garatzen duela.
Jaso beharko da zer sarbide neurri eta jarduketa hartuko diren hezkuntza laguntzako berariazko premiak izateagatik oztopoak dituzten ikasleei erantzuteko.
Inklusio planaren zehaztapena bidaliko da Hezkuntza Departamentuko Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, urriaren 31 baino lehen.
1.1. Antolaketari dagozkion alderdiak.
Ikastetxeak koordinazio bide eraginkor bat ezarriko du, bermatzeko irakasle talde osoak koherenteki jokatzen duela, ikasleei hezkuntza arreta inklusiboa ematean, hezkidetzan oinarritutakoa, eskola-ibilbide osoan. Arreta inklusiboa landu beharko da ikastetxeen antolaketa egitura guztietan.
Baliabideak ekitatea eta inklusioa kontuan izanik kudeatu eta antolatuko dira. Baliabideen plangintza eta horniketari dagokienez, eskola kudeaketako Educa sisteman urtarrilaren 31n dauden datuak hartuko dira kontuan.
Irakasle taldeak, tutorea buru dela eta hezkuntza orientazioko langileen aholkuekin, hezkuntza, metodologia, antolaketa edo curriculum neurriak ezarriko ditu.
Koordinazioa jarraitua izanen da, egin daitezen gauzatutako jarduketen jarraipen xehea, doikuntza eta ebaluazioa, kontuan hartuz noiznahi detektatzen ahal direla ikasle guztiek aurrera egitea eragozten duten oztopoak.
Neurriak hartzeko, Ikaskuntzaren Diseinu Unibertsalaren (IDU) ikuspegia eta proposamen inklusibo guztiak hartuko dira kontuan.
Puntualki baizik ez dira antolatuko bestelako neurriak, salbuespenezkoak, jarduketa oso zehatz eta justifikatuei erantzuna emateko soilik, baldin ezin badira ohiko testuinguruan egin.
Arlo bakoitzeko irakasleen ardura da curriculumaren egokitzapen esanguratsuak egitea. Egokitzapenen berri eman behar diote egokitzapenen xede diren ikasleen taldeko tutoreari.
Hezkuntza orientazioko langileek programazioak eta curriculum egokitzapenak egiten lagunduko diete irakasleei, eta aholkuak emanen dizkiete.
Irakasle talde osoari dagokio ikasleen autonomia garatzea.
1.2. Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroa (NHEBZ).
Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroa (NHEBZ) izanen da hezkuntza inklusioaren arloko erreferentziazko kalifikazio handiko zentroa.
Arlo eta programetan egituratuta egoteak lagunduko eta sustatuko ditu ikasle guztiek ikastetxeetan duten presentzia, parte-hartzea eta ikaskuntza.
Hezkuntza orientazioko langileen bitartez eskatuko da aholkularitza, eskaera hezkuntza-komunitateetako zeinek egiten duen kontuan izan gabe.
II.–ANTOLAKETA ALDERDIAK
1.–Programazio didaktikoak.
Programazio didaktikoak prestatzeko, eskura izanen dira orientatzeko gida bat eta programazio-eredu irekiak, eskola kudeaketako Educa sisteman (Ikastetxea > Dokumentazio instituzionala > Ikuskapen-dokumentuak > Programazioak).
Programazio didaktikoak, lehentasunez, eskola kudeaketako Educa sisteman bertan eginen dira, horretarako prestatutako txantiloi bat erabiliz.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du moduluen programazio didaktikoen prestaketa, eta bereziki begiratuko du ea sartzen diren LOMLOEn aurreikusten diren elementu berriak (konpetentzia espezifikoak, oinarrizko jakintzak, ikaskuntza-egoerak, etab.).
2.–Irakaskuntzen antolaketa.
2.1. Helduen Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzen antolaketa eta curriculuma.
Helduen Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak hiru esparrutan antolatzen dira, modulu gisa: Komunikazio esparrua, Gizarte esparrua, eta Zientzia eta Teknologia esparrua. Hala ezartzen du Hezkuntzako kontseilariaren uztailaren 3ko 54/2025 Foru Aginduaren 22. artikuluak (foru agindu horren bidez arautzen da Helduen Oinarrizko Hezkuntzako irakaskuntzen antolamendua, ezarpena eta ordutegia, eta, orobat, arautzen dira irakaskuntza horietako ikasleen ebaluazioa, mailaz igotzea eta titulazioa, Nafarroako Foru Komunitatean). Esparru guztiak modulu gisa garatuko dira, etapa honetako irakaskuntzen lau hileko lau kurtsoetan.
Lehen bi kurtsoek eratuko dute irakaskuntzen 1. maila, eta hirugarren eta laugarren kurtsoek, 2. maila.
Hona hemen kurtsoetako moduluen antolaketa:
a) Lehen kurtsoko moduluak: Komunikazio esparrua 1, Gizarte esparrua 1 eta Zientzia eta teknologia esparrua 1.
b) Bigarren kurtsoko moduluak: Komunikazio esparrua 2, Gizarte esparrua 2 eta Zientzia eta teknologia esparrua 2.
c) Hirugarren kurtsoko moduluak: Komunikazio esparrua 3, Gizarte esparrua 3 eta Zientzia eta teknologia esparrua 3.
d) Laugarren kurtsoko moduluak: Komunikazio esparrua 4, Gizarte esparrua 4 eta Zientzia eta teknologia esparrua 4.
Helduen Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzek ez dute izanen denboran irauteko mugarik, eta, oro har, bi modalitateetan emanen dira: presentziala eta urrutikoa.
Helduen Bigarren Hezkuntzaren curriculuma jaso da maiatzaren 14ko 51/2025 Foru Dekretuaren III. eranskinean (foru dekretu horren bidez arautzen da Helduen Oinarrizko Hezkuntzaren antolamendua eta ezartzen da haren curriculuma, Nafarroako Foru Komunitatean).
2.2. Inskripzioa eta matrikulazioa.
2.2.1. Inskripzioa egiteko epeak.
Inskripzioa, oro har, honako egun hauetan eginen da:
Lau hileko lehenbiziko kurtsoa: irailaren 8ra arte. Ikastetxeek, bidezkoa iruditzen bazaie, inskripzioa egiteko beste epe bat irekitzen ahalko dute ekainean.
Lau hileko bigarren kurtsoa: otsailaren 9ra arte.
2.2.2. Adinari lotutako baldintzak.
Helduen Oinarrizko Hezkuntza jasotzen ahalko dute baldintza hauetako bat betetzen dutenek:
a) Hemezortzi urte baino gehiago dutenak edo ikastaroa hasten den urtean adin hori betetzen dutenak.
b) Salbuespenez, hamasei urtetik gorakoak, baldin eta hala eskatzen badute eta ezin badute ikastetxeetara joan araubide arruntean, lan kontratu bat dutelako edo goi-errendimenduko kirolariak direlako.
c) Era berean, Hezkuntza Departamentuak onartzen ahalko ditu hamasei urtetik gorakoak irakaskuntza hauetan, salbuespenez, baldin eta, behar bezala frogatutako eta araututako arrazoiak direla kausa, ezin badute ikastetxe arruntetara joan eta, orobat, adinaren baldintza beterik ere ez badira eskolatu Espainiako hezkuntza sisteman.
Irakaskuntza hauetan sartzeko eskaera egiteko, atal honen c) puntuko salbuespenei dagokienez, hau izanen da prozedura:
–Ikastetxeek edo ikasgelek eskabidea jasoko dute, behar bezala betea eta sinatua, eta, haren bidez, eskatzailearen datuak bilduko dituzte (bertan, gutxienez, datu hauek agertu behar dira: izena, deiturak, jaioteguna, bizilekua, harremanetarako telefonoa).
–Ikastetxeko zuzendariak, inskripzio epea bukatuta, eskabide guztiak bidaliko dizkio Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendariari, baloratu ditzan.
–Zerbitzu horrek eskabide guztiak aztertuko ditu, banan-banan, onetsi edo ezesteko. Horretarako, eskatzen ahalko dira beharrezkotzat jotzen diren agiriak edo argibideak.
–Zerbitzuko zuzendariak ikastetxeetara edo ikasgeletara bidaliko du eskaera onartu zaien eskatzaileen zerrenda.
–Ikastetxeak onarturiko ikasleekin harremanetan jarriko dira matrikula formalizatu dezaten.
2.2.3. Helduen Bigarren Hezkuntzarako sarbidea.
1. HBHaren 1. mailako lehen kurtsora sartzen ahalko dira Hasierako Irakaskuntzak II ikasmailatik igotzeko proposamena jaso dutenak.
2. Bestalde, ikasleak HBHra sartzen ahalko dira baldin aurretiaz lortzen badute gainditu dituzten Espainiako hezkuntza sistemako irakaskuntza formalen baliokidetasunaren aitortza, jarraikiz Hezkuntzako kontseilariaren uztailaren 3ko 54/2025 Foru Aginduari, zehazki, IV. eranskinari.
Matrikulatzeko unean, baliozkotuko dira aitortutako moduluak eta haien barneko moduluak, eta inguruabar hori "BAL" laburtzapenaren bidez jasoko da espediente akademikoan, kalifikaziorik gabe. Nolanahi ere, baliokidetasunak aitortzearen aplikazioak ez ditu ikasleak salbuetsiko HBHko modulu bat gutxienez ikastetik, eta, horrenbestez, ezin izanen dira ikasleak automatikoki proposatu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzeko. Horretarako, HBHko modulu guztiak aitortu badira, zuzendaritza taldearen ardura izanen da erabakitzea, ikaslearen ikasketa espedientean oinarrituta, HBHko 4. kurtsoko zein modulutan matrikulatu behar duen.
3. Era berean, HBHan sartzeko, ikasleek baliatzen ahalko dute DBHko gradua zuzenean lortzeko proban gainditutako ikasketen baliokidetasun aitortua, jarraikiz Hezkuntzako kontseilariaren uztailaren 3ko 54/2025 Foru Aginduari, zehazki, V. eranskinari.
Matrikulatzeko unean, baliozkotuko dira aitortutako 4. kurtsoko moduluak, eta inguruabar hori espediente akademikoan erregistratu behar da, "BALGZLP" siglen bidez (baliozkotua, DBHko graduatu titulua zuzenean lortzeko probaren bidez), eta kalifikazio kualitatiboa ere jaso beharko da, jarraikiz II.2.2.3 atal honen 11. puntuari. Aitortu diren moduluen barneko moduluak salbuetsi gisa erregistratuko dira espediente akademikoan, "SALB" siglen bidez, eta kalifikaziorik gabe.
4. Era berean, galarazi gabe eranskin honen II.2.2.2 atalean xedatutakoa, aurreko hiru ataletako baten irakaskuntzak frogatzeko agiririk ez duten ikasleak Helduen Bigarren Hezkuntzan sartzen ahalko dira Ikaskuntzen Hasierako Balorazioaren (IHB) prozeduraren bidez.
5. Salbuespenez, nahiz eta eduki II.2.2.3 atal honetako 1., 2. eta 3. puntuetan adierazitako frogagiriak, ikasleek, baldin betetzen badituzte eranskin honetako II.2.2.2 ataleko a) puntuan ezarritako adin baldintzak, hautatzen ahalko dute IHBaren bidez sartzea Helduen Bigarren Hezkuntzan, baldin eta ikasketak utzi zituztenetik 2 urte edo gehiago igaro badira.
6. Era berean, eta salbuespenez, ikastetxeek, nahi badute, IHB bat eginaraziko diete HBHaren irakaskuntzak aurretiaz egin dituzten eta ikasketak utzi dituzten ikasleei, baldin eta zuzendaritza taldeak uste badu HBHko ikasketak utzi zituztenetik denbora luzea igaro dela eta ikasketetan eragina izan dezakeela, edo inguruabar jakin batzuengatik hala komeni bada.
7. Ikastetxeko irakasleek eginen dute IHBa, eta bertan baloratuko dira ikasleek curriculumeko gaitasunetan izandako eskuratze maila eta ikaskuntza formal, ez-formal eta informalak. Horrez gain, ikastetxeari orientazioa emanen dio, erabakitzeko zein den ikaslearentzako modulu egokiena, hiru esparruetako bakoitzean. Beraz, kurtso desberdinetako moduluak izaten ahal dira. Horretarako, ikastetxeak ikasleei gaitasun probak eginen dizkie, eta, gainera, elkarrizketa pertsonala ere egiten ahalko du, informazioa eta orientazioa emateko, egokitzat jotzen badu.
8. IHBaren prozedura gauzatzen bada, ikasle bakoitzaren espediente akademikoan jasoko dira esleitu zaizkion moduluen mailaz beheragoko moduluak, "SALBZ" siglekin, salbuesteko zain gisa, harik eta esleipen modulu horiek gainditu arte. Esleipen moduluak gainditu ondotik, dagozkien mailaz beheragoko moduluak salbuetsi gisa erregistratuko dira espediente akademikoan, "SALB" siglak erabiliz, kalifikaziorik gabe. Mailaz igotzeari eta titulua emateari begira, "SALBZ" terminoak kalifikazio negatiboa izanen du, eta "SALB" terminoak, aldiz, kalifikazio positiboa.
9. Betiere, IHBren emaitzak ez ditu ikasleak salbuetsiko ikastetik II.2.2.3 atal honen 7. puntuko moduluak, modulu bat gutxienez ikastetik, eta, horrenbestez, ezin izanen dira ikasleak automatikoki proposatu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzeko.
10. Baldin eta ikasleek HBHko ikasketa planak egin badituzte ez 3/2020 Lege Organikoaren (LOMLOE) esparruan, baizik aurreko lege organikoen esparruan, ikasleek aukera izanen dute HBHan sartzeko LOMLOEren esparruaren barnean, irakaskuntzen baliokidetasuna aitortzearen bidez, jarraikiz Hezkuntzako kontseilariaren uztailaren 3ko 54/2025 Foru Aginduaren VI. eranskinean ezarritakoari.
Matrikulatzeko unean, baliozkotuko dira aitortutako moduluak eta horiei dagozkien mailaz beheragoko moduluak, eta bi kasuetan, espediente akademikoan erregistratuko da inguruabar hori, "BALHBH" siglen bidez. Horri gehitu beharko zaio lortutako kalifikazio kualitatiboa, jarraikiz II.2.2.3 atal honen 11. puntuan ezarritakoari.
11. Erabakitzeko zer nota kualitatibo erantsi behar zaizkien "BALGZL" (baliozkotua, DBHko graduatu titulua zuzenean lortzeko probaren bidez) edo "BALHBH" motako baliozkotzeei, honela jokatu beharko da:
a) Baldin eta baliozkotzea ahalbidetu duten zati, modulu edo esparruen kalifikazioak zenbakizkoak badira, edo kualitatiboak, baina zenbakizko baliokidetzarekin, "BALGZL" (baliozkotua, DBHko graduatu titulua zuzenean lortzeko probaren bidez) edo "BALHBH" siglekin batera adierazi beharko da kalifikazio kualitatibo bat, honela kalkulatua: inplikatutako zenbakizko kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa egin eta, gero, horren emaitzari aplikatuko zaio Hezkuntzako kontseilariaren uztailaren 3ko 54/2025 Foru Aginduaren VII. eranskinean ezarritako baliokidetza.
b) Baldin eta baliozkotzea ahalbidetu duten zati, modulu edo esparruen kalifikazioak kualitatiboak badira eta ez badute zenbakizko baliokidetzarik, "BALGZL" edo "BALHBH" terminoekin batera adierazi beharko da kalifikazio kualitatibo bat, honela kalkulatua:
–Kalifikazio kualitatiboak kuantitatibo bihurtuko dira, oinarri harturik Hezkuntzako kontseilariaren uztailaren 3ko 54/2025 Foru Aginduaren VIII. eranskineko taula.
–Kalifikazio kuantitatibo horien batezbesteko aritmetikoa eginen da.
–Lortutako batezbestekoa kalifikazio kualitatibo bihurtuko da, aplikatuz Hezkuntzako kontseilariaren uztailaren 3ko 54/2025 Foru Aginduaren VII. eranskineko baliokidetzen taula.
2.2.4. Ikasleen onarpena.
Baldin eskainitako tokien kopurua handiagoa bada aurkeztutako eskaerena baino, onartuko dira ikasketak egiteko baldintzak betetzen dituzten eskatzaile guztiak.
Baldin eskaeren kopurua handiagoa bada eskainitako tokiena baino, lehentasuna izanen dute aurreko lau hileko kurtsoan HBHko moduluetan aritu direnek. Eskoletara ez joateagatik baja eman zaienek ez dute lehentasunik izanen.
HBHko 1. moduluetan matrikulatzeko, lehentasuna izanen dute aurreko kurtsoan ikasi eta gainditu dutenek Helduen Oinarrizko Hezkuntzako Hasierako Irakaskuntzak II.
Gainerako eskatzaileen kasuan, ikastetxeek ezarrita dituzten irizpideak aplikatuko dituzte.
Salbuespen gisa, ikasleen inskripziorako eta onarpenerako aldia akitu ondoren, ikastetxeek HBHan inskribatuko dituzte hala eskatzen dutenak, plazarik bada.
Ikastetxeek iragarki-taulan emanen dituzte argitara onarpenaren emaitzak.
Modalitate presentzialean onartzen ez direnei aditzera eman behar zaie badutela aukera ikasketa hauek urrutiko modalitatean egiteko. Ikastetxeak laguntza eman dezake Félix Urabayen NHBHIan inskripzioa egiteko tramiteetan, baldin horretan interesa dutenak asko badira. Ez da berriz egin beharko ikaskuntzaren hasierako balorazioa.
2.2.5. Matrikulazioa.
HBHan sartzeko abiapuntua zehaztu ondoren, ikasle bakoitzak dagokion matrikula egin beharko du, baldintza hauen arabera:
a) Modalitate presentziala: ikaslea matrikulatuko da aukeratzen dituen moduluetan, hots, eranskin honen II.2.2.3 atala aplikatzearen ondorioz zehaztu diren moduluen artetik aukeratzen dituen moduluetan. Gehienez 3 modulutan matrikulatuko da, galarazi gabe Hezkuntzako kontseilariaren uztailaren 3ko 54/2025 Foru Aginduaren 34.b) artikuluan ezarritakoa, moduluren bat gainditu gabe ikasmailaz igarotzeari dagokionez. Halakoetan, matrikulatu beharko du, gainera, errekuperazio plan pertsonalizatu bat duten modulu guztietan.
b) Urrutiko modalitatea: ikaslea matrikulatuko da aukeratzen dituen moduluetan, hots, eranskin honen II.2.2.3 atala aplikatzearen ondorioz zehaztu diren moduluen artetik aukeratzen dituen moduluetan. Era berean, interesduna matrikulatzen ahalko da goragoko ikasmailetatik egokitzat jotzen dituen modulu guztietan.
HBHan sartzeko modua erregistratzeaz gain, dagozkion moduluen matrikula egiteko orduan, hala badagokio eta eranskin honen II.2.2.3 atalean ezarritakoa betez, jasoko dira ikasleei baliozkotu zaizkien moduluak, salbuetsitzat jotako moduluak eta salbuesteko zain dauden moduluak.
Ikastetxeak zabalduko du matrikulatutako ikasle bakoitzari dagokion espediente akademikoa.
Arau orokor gisa, ikasleak urrutiko modalitatera aldatzen ahalko dira hurrengo lau hileko kurtsoko inskripzio aldian. Salbuespenez, ikasleek, ikastetxeko zuzendaritzari aurkeztu beharreko idazki baten bidez, eskatzen ahalko dute ikastetxe berean batera egitea modalitate presentziala eta urrutikoa, zailtasunak baldin badituzte matrikulatu nahi duten moduluetako eskola-saio presentzial guztietara joateko.
2.3. HBHko modalitate presentzialeko ordu banaketa.
Lau hileko kurtsoak 80 eskola-egunekoak izanen dira, gutxienez.
HBHko modalitate presentzialeko ordu banaketa ezarri da jarraikiz Hezkuntzako kontseilariaren uztailaren 3ko 54/2025 Foru Aginduaren II. eranskinari.
Oro har, lau hileko kurtso bakoitzeko asteko ordutegia 16 eskolaldikoa izanen da, eta horietako bakoitzak 60 minutuko iraupena izanen du.
Ikasleen eskola-ordutegia modu homogeneoan banatuko da, astean 4 egunetan, eta antolatuko da ahalik eta ikasle gehien joan ahal daitezen eskoletara. Halere, Hezkuntza Departamentuak, ikastetxeko zuzendaritzak eskatu ondotik eta inguruabarrak behar bezala aztertu eta baloratu eta gero, beste edozein banaketa onartzen ahalko du.
2.4. Urrutiko modalitateko HBHko ikasleen arreta.
Lau hileko kurtsoak 80 eskola-egunekoak izanen dira, gutxienez.
HBHko ikasleek, urrutiko modalitatean, jasoko dute matrikulatuta dauden modulu bakoitzeko irakaslearen arreta. Komunikazioaren esparruko moduluetan, gehienez ere bi irakaslek emanen ahalko dute arreta hori, esparru bakoitzeko hizkuntza bakoitzari arreta espezifikoa emateko.
Lau hileko kurtso bakoitzerako, modulu bakoitzean ikasleei arreta emateko ezarrita dauden asteroko saioen kopurua izanen da ezarrita dagoena Hezkuntzako kontseilariaren uztailaren 3ko 54/2025 Foru Aginduaren III. eranskinean.
Modulu bakoitzeko ikasleen arreta modalitate hauen bidez emanen da:
a) Taldeko arreta: taldeko arretako saioak aurrez aurrekoak izanen dira oro har, eta, horietan, moduluaren funtsezko alderdiak jorratuko dira ikasleekin, aintzat hartuta irakasleak kurtsoaren hasieran ikasleei aditzera emandako programazio didaktikoa.
b) Banakako arreta: banakako arretako saioak izaten ahalko dira telefonikoak, telematikoak edo aurrez aurrekoak. Horien bidez, irakasleak eginen du ikasle bakoitzaren ikaskuntza prozesuaren banakako jarraipena, orientazioa emanen dio, eta hark azaldutako zalantzak argituko dizkio.
Aintzat hartuta HBHaren urrutiko modalitateko eskaintzaren berezitasunak eta irakaskuntza horietan matrikulatutako ikasleen profila, borondatezkoa izanen da ikasleak arretarako saioetara bertaratzea.
Bertaratzea errazteko, ahaleginak eginen dira astean ahalik eta egun gutxienetan pilatzeko talde bereko ikasleei arreta emateko saioak, taldekoak nahiz banakakoak izan.
Ikastetxeetan gela birtual bat izanen dute, irakasleen eta ikasleen arteko komunikazioa errazteko. Gela horretan, gainera, hezkuntza baliabideak izanen dira, behar direnak ikasleak orientatzeko eta haien ikaskuntza prozesuari laguntzeko.
Urrutiko HBHko ikasleek kurtsoko gida bat izanen dute, beren lan autonomoa bideratuko duena. Gida hori ikasketaburuaren ardura izanen da, eta informazio orokorra bilduko du ikastetxeaz, ordutegiez, egutegiez eta abarrez. Gainera, gidak izanen du modulu bakoitzaren lan agenda bat, eta bertan jasoko da ikasleei ikaskuntza errazteko jakingarritzat jotzen den informazioa: curriculumaren osagaiak, denbora banaketa, material didaktikoak, jarduerak, ikasteko orientabideak, etab.
Koordinazio didaktikorako departamentuen ardura izanen da lan agenda prestatzea, eta ikasketaburuak lan hori zuzenduko du.
Zuzendaritza taldeak, ikasturte hasieran, beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu ikasle guztiek aukera izan dezaten dokumentazio hori jasotzeko edo bide telematikoz eskuratzeko.
2.5. Ikasleak eskoletara joatea.
Helduak beren borondatez eta berek erabakita hasten dira ikasten HBHko mailak eta moduluak.
Zenbait egunetan, arrazoi batengatik edo bestearengatik, ikasle gutxi egonagatik ere, ikastetxeak eta irakasleek beti bezala eman beharko dituzte eskola horiek.
HBH presentzialeko irakasle guztiek egunero kontrolatu beharko dute ikasleak programatutako jardueretara joaten diren, eta egunero erregistratuko dituzte, Educan, bidezko arrazoirik gabeko hutsegiteak. Ikastetxeko zuzendaritzak erregistro hori gainbegiratuko du. Moduluren bateko eskolak egun askotan huts egiten dituztenek galdu eginen dute modulu horretako etengabeko ebaluaziorako eskubidea, baina mantenduko dute azken ebaluaziorako eskubidea. Ikastetxeko bizikidetza erregelamenduan zehaztuko da zer den eskolak behin eta berriz huts egitea, baita horren ondorioak ere.
Ikastetxeek matrikula deuseztatzea erabakitzen ahal dute, salbuespenezko neurri gisa jarraikiz abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriari. Horretarako, ikastetxeek beren bizikidetza erregelamenduan irizpide batzuk zehaztu beharko dituzte, bigarren lau hileko kurtsoan jardueran jarraitzeko eskubide ematen duen gutxieneko asistentzia ezartzeko.
Kontuan hartuta urrutiko irakaskuntza motaren ezaugarriak, azken ebaluazio probetara aurkeztu ahal izateko, ez da ezinbestekoa izanen tutoretza saioetara agertzea, banakako saioak izan nahiz taldeko saioak izan. Banakako eta taldeko tutoretzetara joaten diren ikasleen asistentzia egunero kontrolatuko dute irakasleek, eta kontrol hori idatzita gordeko da, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eskura.
2.6. Ebaluazioa eta ikasmailaz igotzea.
HBHko ikasleak ebaluatzeari eta mailaz igotzeari dagokionez, jarraituko zaio Hezkuntzako kontseilariaren uztailaren 3ko 54/2025 Foru Aginduari.
2.6.1. Urrutiko modalitateko ikasleen ebaluazioa.
HBHa urrutiko modalitatean egiten duten ikasleak behartuak daude egiten ari diren modulu guztietako azken probak aurrez aurre egitera. Kalifikazioak jartzeko, batez ere, proba horien emaitzak hartuko dira kontuan, baina, horrez gainera, honako hauek ere aintzat hartzen ahalko dira: zenbat tutoretza saiotan parte hartu duen, tutoreei bidalitako tartekako lanen balorazioa eta aurrez aurre egindako proba partzialak.
2.6.2. Moduluz igotzea modalitate presentzialean.
Modulu batean kalifikazio positiboa lortzean, esparru horretako hurrengo modulura igoko da ikaslea. Modulua gainditu ez badu, irakasleek erabakiko dute zein den neurririk egokiena ikaslearen prestakuntzaren aurrerapena bultzatzeko:
a) Modulua errepikatzea; halakoetan, ikasleak berriro matrikulatu beharko du modulu horretan.
b) Dagokion esparruko hurrengo modulura igoko da, baldin eta gainditu gabeko irakasgaien izaerak ez badio eragozten hurrengo moduluan arrakastaz jarraitzea, eta uste bada errekuperatzeko aukera onak dituela eta maila igoerak mesede eginen diola haren bilakaera akademikoari. Kasu horretan, errekuperazio plan pertsonalizatu bat bete beharko da, ikasleak lortu ez dituen aurreko moduluko ikaskuntzak lortu ditzan. Ikasleak esparruko bi moduluetan matrikulatu beharko du.
3.–Irakasleak.
Oro har, irakasle bakar batek emanen du kasuan kasuko esparruetako modulu bakoitza, zeina izanen baita esparru horiek osatzen dituzten irakasgaietako bati esleitutako espezialitatekoa. Horretarako, esparruetako bakoitzean integratutako ikasgaiak 51/2025 Foru Dekretuaren 22.6 artikuluan jasotakoak dira.
Nolanahi ere, Komunikazioaren eremuan edukitzen ahalko dira Gaztelania eta Literatura eta Atzerriko Hizkuntza ikasgaietako irakasle espezialistak.
3.1. Lanaldia.
225/1998 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioendako finkatzen den lanaldi bera izanen dute, beren eginkizunen ezaugarrietara egokitua.
Ekaineko eta iraileko eskola gabeko lanegunetan eta, orobat, lehenbiziko lau hileko kurtsoaren bukaeratik bigarrena hasi bitartekoetan, irakasleek bost orduko lanaldi jarraitua eginen dute egunero, ikastetxean egon beharrekoa.
Ekitatean eta hezkuntza kalitatean aurrera egiteko itunak jasotzen du astean 18 orduko eskola-ordutegia izanen dutela, lanaldi osoan arituz gero, Bigarren Hezkuntzako irakasleek, araubide bereziko irakaskuntzetakoek eta Lanbide Heziketakoek. Asteko zenbaketako ordu osagarrien barnean, ikastetxea koordinatu eta plangintza instituzionaleko dokumentuak eratzeko ordu bat bilduko da; eta beste ordu bat, berriz, irakasle taldeek edo koordinazio didaktikoko departamentuek proposatutako ataza, plan eta proiektuetarako, baldin eta astean denbora gehiago sartzea ez badakar horrek berekin.
Jarraian agertzen den taulan azaltzen da lanaldi osoko irakasleen lanaldiaren laburpena:
IRAKASLEEN LANALDIAREN LABURPEN TAULA (lanaldi osoa): BIGARREN HEZKUNTZA | ||||
URTEKO LANALDIA 1592 h | IKASTETXEAN | 18 ordu | a) ZUZENEKO IRAKASLANA + b) ESKOLA-ORDUTZAT HARTZEN DIREN ORDUAK | –Ikasleei eskola edo irakaskuntza ematea. –225/1998 Foru Dekretuaren 22. artikuluan zehaztutako lanetarako. |
7 ordu | OSAGARRIAK, ASTEAN ZENBATU BEHARREKOAK | –Zaintza orduak. –Departamentua. –Tutoretzak. –Koordinazio bilerak. –Horien artean, egonen dira ebazpen honen II. eranskineko "Lanaldia" atalean jasotako zereginak. | ||
5 ordu | OSAGARRIAK, HILABETEAN ZENBATU BEHARREKOAK | –Klaustroa. –Ebaluazioko eta irakasleen taldeko bilerak. –Ikasleak. –Beste jarduera osagarri eta eskolaz kanpoko batzuk. –Plangintza instituzionaleko tresnak. –Prestakuntzako 25 ordu. | ||
URTEKO LANALDIA OSATU ARTEKO | Irakaskuntza jarduerak prestatzea eta irakasleen lanbide gaitasunak perfekzionatzea, galarazi gabe irakasleek duten betebeharra hautaketa batzorde eta epaimahaietan edo antzeko jardueretan parte hartzeko, baldin jarduera horietarako izendatu badituzte. | |||
3.2. Irakasleen ordutegia prestatzea eta onartzea.
Uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuak, zeina aldatu baitzuen uztailaren 16ko 60/2014 Foru Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarriak, ezartzen du ezen irakasleen ordutegiak ikasketaburuak prestatu behar dituela, ikastetxeko zuzendariak onetsi behar dituela eta eskola kudeaketako Educa sistemaren bitartez jakinarazi behar direla, irailaren 30erako. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ebatziko ditu horren gaineko erreklamazio guztiak, eta, horretarako, hamabost eguneko epea izanen du.
Ordutegiak prestatzeko, eskola kudeaketako Educa sisteman eskuragarri daude laguntza dokumentuak, kontratuen ordutegi-taula eta irakasleen ordutegiaren kontzeptuak (Ikastetxea > Dokumentazio instituzionala > Ikuskapen-dokumentuak > Irakasleen ordutegia).
Halaber, eskola kudeaketako Educa sisteman zehaztuko da egoitzaren ordutegia, zenbaketa moten erlaitzean "denbora erreala" hautatuta (Ikasturtea > Ordutegia > Egoitza zehaztea > Ordutegiak kudeatzea > Zenbaketa mota > Denbora erreala).
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ikuskatuko du irakasleen asteko ordutegiaren banaketa zuzena den (zuzeneko irakaskuntza orduak, eskola-ordutzat hartzen direnak eta jarduera osagarrien orduak).
3.3. Irakasleak eta ikastetxeko langileak lanera ez agertzea.
Aldi baterako ezintasun batengatik norbait lanera agertzen ez denean ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrolak Hezkuntza Departamentuko web-orrian ezarritakoari jarraituko dio:
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal
Aldi baterako ezintasun egoerak jakinarazteko ezarritako epeak betetzen ez badira, ikastetxeko zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntza Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudiak ezarritakoaren arabera jardun dezan. Irakasleari ere horren berri eman behar zaio idatziz.
Proposatzen da komunikazioak Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez egitea, ongi bete daitezen epeak, ordezkapenetarako, kotizazioetarako eta nominan eragina duten bestelako elementuetarako.
Agiriak bidaltzean izandako edozein gorabeheraren berri emateko, helbide elektroniko hau erabil daiteke modu osagarrian: planificacionrheducacion@navarra.es.
Ikastetxeetan ezarriko da zer bidetatik eginen dituzten jakinarazpenak MUFACEko nahiz Gizarte Segurantzako langileek, zuzendaritza talde bakoitzak zehazten duen funtzionamenduaren arabera.
Garrantzitsua da adieraztea ezen, gaixotasun ondoriozko baja egoerak jakinarazteaz gainera, 72 orduko epean egin behar dela, gehienez, erditzeagatiko lizentzia edo ama ez den gurasoarendako lizentzia tramitatzeko komunikazioa, ezarritako prozedurari jarraikiz.
Ordezkapen egoeretan, ordezkoa ez bada egokitu zaion lanpostuan hasten, eta Kontrataziorako Atalari ez badio erregistro orokorraren bidez jakinarazi lanpostuari uko egin diola, ikastetxeko zuzendaritzak hutsegitearen txosten bat bidaliko du contratoseducacion@navarra.es helbidera, plaza berriz eskain dadin. Baldin ordezkapen kontratuaren Gizarte Segurantzako afiliazioaren alta tramitatu bada, Gizarte Aseguruen Atalak eskatuta, zuzendaritza taldeak hutsegiteari buruzko txosten bat egin beharko du, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian alta baliogabetzeko. Ondoren, seccion.seguros.sociales@navarra.es helbide elektronikora bidali beharko du.
Ikastetxeetan eskola kudeaketako Educa sisteman erregistratu beharko dira ikastetxeak berak emandako baimenak. Norberaren aferetarako baimena ematerakoan, eskola kudeaketako Educa sisteman (Langileak menua > Irakasleak > Berria / Hutsegiteak ikusi) ikus daiteke zenbat ordu hartu duen irakasle bakoitzak ikasturte berean, kontratu bat baino gehiago izan arren.
3.4. Irakasle ibiltarien joan-etorrien gastuak.
Oinarrizko ikastetxeetako zuzendaritzek Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari jakinaraziko diote, epe barnean jakinarazi ere, zer joan-etorri egiten dituzten beren irakasle ibiltariek ikastetxekoaz bestelako herrietara, jarraikiz funtzionamenduaren txantiloian jasotako plangintzari.
Egoera orria edo fitxa urriaren 31 baino lehen igorri beharko da, oinarrizko ikastetxeko zuzendariak eta irakasle ibiltariak beteta.
Eskola kudeaketako Educa sisteman egonen dira eskuragarri irakasleen ibiltaritzak jakinarazteko dokumentazioa, jarraibideak eta hileko joan-etorrien fitxa eta formularioa (Ikastetxea > Dokumentazio instituzionala > Ikuskapen-dokumentuak > Ibiltaritzak).
Gainerako joan-etorriak kudeatuko dira bileretarako deia egiten duen zerbitzuaren bidez, barnean direla orientazioa koordinatzeko bilerak.
3.5. Nahitaezko prestakuntza.
Irakasleen eskubidea eta betebeharra da etengabeko prestakuntza, baita Hezkuntza Departamentuaren eta ikastetxeen ardura ere; izan ere, azken helburua da Nafarroako hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzea, irakasleen lanbidea garatuz.
Hala, ikastetxeetako zuzendaritza taldeak ikastetxeko prestakuntza instituzionaleko plan bat prestatuko du. Horretarako, aintzat hartuko ditu prestakuntzarako beharrak, eratorri direnak Hezkuntza Departamentuak proposatutako proiektu estrategiko, plan eta lehentasunezko ildoetatik. Orobat, aintzat hartuko ditu ikastetxeko klaustroetan eta irakasle taldeetan eginiko lanetik eratorritako prestakuntzarako beharrak, eta, halaber, Irakasleentzako Laguntza Zentroek eginiko hautemate prozesuetan jasotako prestakuntzarako beharrak.
Prestakuntza ekintzak zuzentzen ahalko zaizkio klaustro osoari edo irakasle talde jakin bati. Proposatutako prestakuntza ekintzak lehentasunezko izanen dira, eta irakasleek nahitaez egin beharrekoak, baldin honako hauek garatzeko badira: Hezkuntza Departamentuaren edo ikastetxeen proiektu estrategikoak, planak eta lehentasunezko ildoak.
Ikasturte bakoitzean 25 ordukoa izanen da nahitaezko prestakuntza instituzionala, baina ordu gehiagokoa izaten ahalko da, baldin beharrezkoa bada ikastetxeak edo Hezkuntza Departamentuak ezarritako beharrei erantzuteko. Kasu horretan, irakasleen parte-hartzea borondatezkoa izanen da nahitaezko prestakuntza instituzional horretako 25 orduez gaindikoetan.
Ikastetxe bakoitzak esleituta du irakasleentzako laguntza zentro (ILZ) bat, eta erreferentziazko aholkulari bat du, ikastetxeko prestakuntza instituzionaleko plana egiten laguntzeko. Ikastetxeek prestakuntzaren arduradun bat izendatuko dute, harremanetan egon dadin irakasleentzako laguntza zentroko (ILZ) aholkulariarekin. Ez bada inor izendatzen, ikasketaburuak bere gain hartuko du zeregin hori.
Ikasturtearen barnean ikastetxez aldatzen diren irakasleek ikastetxe berriko zuzendariari aurkeztu beharko diote eginiko prestakuntza instituzionalari dagokion ziurtagiria. Prestakuntza instituzionaleko ekintzaren bat hasi eta bukatu gabe izanez gero, ez da jasoko dagokion ziurtagiria. Hala, irakasleak, egin dituen prestakuntza orduen kopurua frogatu ondoren (jatorrizko ikastetxeko zuzendariak emandako ziurtagiri baten bidez), prestakuntza orduak osatzen ahalko ditu, jatorrizko ikastetxean hasitako prestakuntzarekin jarraituz edo, bestela, destinoko ikastetxeko prestakuntza jarduerak eginez.
Ezartzeko nahitaezko prestakuntza instituzionaleko zenbat ordu egin behar dituzten kontratu partziala duten irakasleek, nahitaezko prestakuntza instituzionaleko 25 orduei aplikatuko zaie kontratuaren ehunekoa.
Ez dute nahitaezko prestakuntza egin beharko lanaldiaren hereneko edo gutxiagoko kontratua duten irakasleek. Halere, aukera izanen dute prestakuntza hori borondatez egiteko. Interesdunak ez badu prestakuntza egiten, bere kontratuari dagozkion ordu osagarriak erabiliko ditu indarreko araudian jasotako zereginak egiteko.
Nahitaezko prestakuntza instituzionaleko orduen zenbaketa malgutzeko, ikasturte bakoitzean gutxienez 20 ordu egin beharko dira, eta, beraz, elkarren segidako bi ikasturteko aldian egiten ahalko dira gainerako orduak. Edonola ere, bete beharko dira bi urte horiei dagozkien nahitaezko prestakuntza instituzionaleko 50 orduak. Nolanahi ere, bete beharko da honako hauei buruzko prestakuntza: Hezkuntza Departamentuaren edo ikastetxeen proiektu estrategikoak, programak, planak eta lehentasunezko ildoak.
Irakasle bakoitzak nahitaezko prestakuntzako 10 orduko murriztapena erabiltzen ahalko du ikasturtean zehar dituen beharrizan profesionalen arabera.
Irakasleek ikastetxeko zuzendaritzaren aurrean frogatu beharko dituzte eginiko prestakuntza ekintzak, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratu beharko ditu.
25 orduko prestakuntza instituzionalaz gain, irakasleek segitzen ahalko dute prestakuntzarako eskubideaz baliatzen, nahi izanez gero.
4.–Gobernu organoak.
Gobernu organoen osaera eta eginkizunak otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretuan ezarritakoak arautuko du, haren bidez arautzen baita Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoen Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamendua, zehazki ikasketa hauek ematen dituztenena: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa, Arte Irakaskuntzak, Hizkuntzak, Kirol Irakaskuntzak, Helduen Hezkuntza eta Hezkuntza Berezia.
5.–Irakaslana koordinatzeko organoak.
Irakaslana koordinatzeko organoen osaera eta eginkizunak otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretuan ezarritakoak arautuko du, haren bidez arautzen baita Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoen Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamendua, zehazki ikasketa hauek ematen dituztenena: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa, Arte Irakaskuntzak, Hizkuntzak, Kirol Irakaskuntzak, Helduen Hezkuntza eta Hezkuntza Berezia.
5.1. Koordinazio didaktikoko departamentuak.
Koordinazio didaktikoko departamentuek, jakintza esparruetako irakasgaiez arduratzen direnek, aldizkako bilerak eginen dituzte, gai hauei buruz hitz egiteko:
–Ikaskuntzaren hasierako balorazioa (IHB) ezartzeko proba prestatzea.
–IHBa ebaluatzea.
–Helduen Bigarren Hezkuntzako esparruetako curriculuma zehaztea.
–Programazio didaktikoak berrikustea.
–Metodologia didaktikoari buruzko erabaki orokorrak hartzea.
–Ikasleen ikaskuntza prozesua ebaluatzeko prozedurak eta sistemak ezartzea.
–Igoera eta kalifikazio irizpideak ezartzea.
–Erabiliko diren materialak eta baliabide didaktikoak zehaztea.
5.2. Tutoretza eta orientazioa.
Irakaslanari lotutako berezko zereginak dira ikasleen tutoretza eta orientazioa.
Modalitate presentzialean, ikasle talde bakoitzak tutore bat izanen du, eta hark koordinatuko ditu tutoretza planaren aplikazioa eta garapena, bai eta dagokion irakasle taldearen irakaskuntzak eta jarduna ere, hezkuntza eta lanbide orientaziorako departamentuarekin lankidetzan.
HBHko urrutiko modalitatean, irakaskuntzen ikastaro bakoitzerako esleituko da tutore bat, eta hark koordinatuko ditu tutoretza planaren aplikazioa eta garapena, bai eta ikastaro bakoitzeko irakasle taldearen irakaskuntzak eta jarduna ere, lankidetzan arituz hezkuntza eta lanbide orientaziorako departamentuarekin. Halaber, ikasle bakoitzak irakasle bat izanen du modulu bakoitzerako, eta irakasle hori arduratuko da, dagokion moduluan, ikasleen ikaskuntza prozesua kudeatzeaz eta ebaluatzeaz.
Ikastetxeko zuzendaritzak izendatuko du tutorea, ikasketaburuak proposatuta, taldeari eskolak ematen dizkioten irakasleen artetik.
6.–Berariazko jarduketen koordinazioa eta ebaluazioa.
6.1. Iruñeko espetxean dagoen ikasgelako irakasleak.
Irakasle horiek Félix Urabayen Nafarroako Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutuarekiko mendekotasun funtzionala izanen dute, eta Iruñeko espetxean dauden kontrol eta segurtasun arau guztiak beteko dituzte.
Haien eskola-jarduera espetxean eginen dute, astegun guztietan banatuta, astelehenetik ostiralera. Eginkizun hauek izanen dituzte:
–Félix Urabayen NHBHIn eta José M.ª Iribarren Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxean urrutiko irakaskuntzetan matrikulatutako ikasleei azpiegitura erabiltzen laguntzea.
–Ikasleen bertaratzearen jarraipena egitea.
–Gailuen erabilera administratzea, koordinatuta espetxeko arduradunekin eta Hezkuntza Departamentuko espetxeko arduradunekin.
–Hezkuntza Departamentuaren azpiegitura informatikoen funtzionamendu zuzenaz arduratzea.
–Parte hartzea Félix Urabayen NHBHIn ikasketak eginen dituzten pertsonen harreran, matrikulan eta hasierako balorazioan.
–Azterketak igortzeaz eta jasotzeaz arduratzea, baita zaintza lanaz ere, azterketak espetxean egiten direnean.
–Laguntza ematea, gauzatu daitezen José M.ª Iribarren Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeak, Félix Urabayen NHBHIk edo Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiak sustatutako proiektu edo kanpainetako hezkuntza jarduerak, behar diren alderdietan koordinaturik.
–Jarduerak programatzea eta material didaktikoa prestatzea.
–Ebaluazio saioetara joatea.
–Administrazio agiriak betetzea.
–Halaber, ordu osagarrien barruan Félix Urabayen NHBHIn egiten diren jarduerak sartuko dira: klaustroak, irakaslana koordinatzeko organoen bilerak, hobekuntza jarduerak, etab.
Félix Urabayen NHBHIko zuzendaritza taldeari lehenbailehen komunikatu beharko diote lanera agertu ezean edo irakaslanean gertatutako edozein gorabehera, hutsegiteen hileko partean ager dadin, eskola-orduetan izan nahiz ordu osagarrietan.
Horretarako, Félix Urabayen NHBHIko zuzendaritzak bidezkotzat jotzen duen informazioa eskatzen ahalko die Espetxeko arduradunei.
Iraileko eta ekaineko eskolarik gabeko egunetan, horrelakorik baldin badago, Félix Urabayen NHBHIra joan beharko dute, egun horietarako programatutako lanak egitera.
6.2. Programa espezifikoetako irakasleak.
Kontuan harturik ezen, beren inguruabar bereziengatik, HBHko urrutiko modalitatean matrikulatuta egonik jarduketa eta programa espezifikoetan dauden ikasleak (Gizakia Helburu eta Antox) ezin direla joan ez tutoretza saioetara, ez ebaluazio probetara, Hezkuntza Departamentuko Helduen Oinarrizko Hezkuntzako irakasleek emanen diete arreta. Irakasle horiek Félix Urabayen NHBHIko irakasleekin koordinatuko dira.
Ikasle horien ebaluazioa kasuan kasuko zentro, elkarte, proiektu eta programez arduratzen diren irakasleen laguntzaz eginen da. Horretarako, ikasketaburuak ebaluazio ariketak emanen dizkie irakasle horiei, ardura daitezen proba egiteaz eta egindako azterketak itzultzeaz.
III.–ARAUDIA
1.–Orokorra.
–1/2004 Lege Organikoa (genero indarkeriaren aurka babes integrala emateko neurriak).
–3/2007 Lege Organikoa (emakumeen eta gizonen berdintasuna).
–14/2015 Foru Legea (emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa).
–8/2017 Foru Legea (LGTBI+ pertsonen berdintasun soziala).
–17/2019 Foru Legea (emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna).
–47/2010 Foru Dekretua (bizikidetza eta Ikasleen eskubide eta betebeharrak).
–66/2010 Foru Dekretua (hezkuntza eta lanbide orientazioa).
–72/2021 Foru Dekretua (hezkidetza).
–1/2023 Foru Dekretua (Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroa, NHEBZ).
–14/2026 Foru Dekretua (ikastetxe publikoen Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamendua).
–23/2026 Foru Dekretua (ikasNOVA zentroa).
–204/2010 Foru Agindua (bizikidetza).
–49/2013 Foru Agindua (erreklamazioak).
–71/2020 Foru Agindua (kalitatearen kudeaketa).
–69/2023 Foru Agindua (hezkuntza inklusioa).
–113/2024 Foru Agindua (irakasle erretiratuen borondatezko lankidetza eta esperientziaren sarea).
2.–Helduen Bigarren Hezkuntza.
–19/2002 Foru Legea (helduen hezkuntza).
–51/2025 Foru Dekretua (antolaketa eta garapena).
–54/2025 Foru Agindua (ezarpena, ordutegia, ebaluazioa, mailaz igotzea eta titulazioa).
–197/2026 Ebazpena (Egutegia eta ordutegia prestatzeko jarraibideak helduen hezkuntzan 2026 2027 ikasturterako).
–333/2026 Ebazpena (Ikastetxeen antolaketaren eta funtzionamenduaren gaineko jarraibideak 2026-2027 ikasturterako).
Iragarkiaren kodea: F2609506
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
