Iragarkia
148. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 30a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
118E/2026 FORU AGINDUA, ekainaren 30ekoa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita toki entitateentzako dirulaguntza deialdi bat, 2026-2027 aldikoa, gaua igarotzeko eremuak ezar ditzaten turismo ibiltariko autokarabanentzat, bidaian diren karabanentzat eta antzekoentzat. DDBN kodea: 917110.
Nafarroako Foru Komunitatean turismo ibiltariaren fenomenoak hazkunde oso nabarmena izan du azken urteotan, eta agerian geratu da beharrezkoa dela Administrazioak jarrera aktiboa hartzea, turismo modalitate horren gaineko araudia antolatzeko eta gertatzen ari diren disfuntzioak zuzentzeko.
Esparru juridiko bat ezarri zuen azaroaren 5eko 103/2014 Foru Dekretuak, autokarabanentzako harrera-gune eta kanpalekuen antolamenduari buruzkoak, baina ez zuen espero adinako emaitzarik lortu, eta gainditua geratu da nabarmen, modalitate horri lotutako turisten ohituren bilakaerarengatik, alde batetik, eta bestetik, turismoaren sektorean azken urteetan gertatzen ari den etengabeko aldaketa prozesuarengatik.
Turismo Zuzendaritza Nagusiaren lan planaren eta bide orriaren baitan dago hainbat txosten prestatzea, besteak beste, "Turismo ibiltariaren antolamendua Nafarroan: eredua eta arautzeko eta sustatzeko oinarriak" txostena, eta "turismo ibiltariaren portaera eta eragin ekonomikoa" eta "lurraldearen gaineko eragina" gaiei buruzko azterlanak.
Lan plan honen esparruan onetsi zen 22/2024 Foru Dekretua, martxoaren 6koa, zeinaren bidez arautzen baita non igaro dezaketen gaua Nafarroako Foru Komunitatean barna turismo ibiltariko autokarabanek, bidaian diren karabanek eta antzekoek; horren helburua zen turismo mota hori modu jasangarriagoan garatzen laguntzea, Nafarroako Foru Komunitatean turismo ibiltarirako gaua emateko ezartzen diren eremuak arautuz, etxebizitza-ibilgailu mota guztientzat.
Aldi berean, Turismo Zuzendaritza Nagusia eremu-sare koordinatu bat prestatzen ari da, erreserba sistema integratu eta zentralizatu baten bidez kudeatuko dena, egungo eskaerari erantzun ahal izateko eta, orobat, izan daitezkeen sustatzaileen aukera eta interesei eta, batez ere, guztien interes komunari ere. Helburua da toki entitateei jarduera horren kudeaketarako aukera bideragarri eta seguru bat eskaintzea, etxebizitza-ibilgailuen fluxuak sare osoan barna banatu ahal izateko, kolapsorik izan ez dadin une gorenetan, eta natura edo hiri eremuak babesteko.
Jarduera antolatzeko prozesu horretan guztian, lehen esan den moduan, helburua baita jarduera horren garapen jasangarriagoa lortzea, toki entitateak funtsezko elementuak dira; izan ere, haien esku dago trafikoa, aparkalekuak eta mugikortasuna arautzea, baita kanpalekuen eta gaua igarotzeko eremuen kontrola ere, zein bere udalerrian.
Aldi berean, eta 2024an zehar, Turismo Zuzendaritza Nagusiak goian aipatutako informazio- eta sentsibilizazio-planean lan egin du, funtsezko helburu honekin: lortzea, batetik, toki entitateek ikuspegi orokorrarekin lan egitearen abantailak parteka ditzaten, eta, bestetik, ezagutu ditzaten beren udalerrietan turismo ibiltariaren fluxuak antolatzeko aukerak eta eskura izan ditzaketen tresnak eta laguntzak.
Ildo horretan, toki entitateek autokarabanen, karabanen eta antzekoen turismo ibiltaria antolatzen laguntzeko inbertsioak egin ditzaten sustatzeko, 22/2024 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariaren maiatzaren 17ko 62E/2024 Foru Aginduaren bidez, honako deialdi hau onetsi zen: "Dirulaguntzak toki entitateentzat, turismo ibiltariko autokarabanentzat, bidaian diren karabanentzat eta antzekoentzat gaua igarotzeko eremuak ezartzeko 2024-2025 aldian".
Deialdi hori banakako ebaluazio-prozeduraren bidez izapidetu zen, Nafarroako Gobernuaren 2024ko maiatzaren 8ko Erabakiaren arabera.
Gaua igarotzeko eremuak ezartzen laguntzeko laguntza-lerro horretan, baimendutako gastu osoa ahitu zen (800.000 euro).
Gaua igarotzeko eremuez 22/2024 Foru Dekretuak ezarri dituen arauen inguruko informazio eta sentsibilizazio lanak egin ditu Turismo Zuzendaritza Nagusiak, eta, horri esker, lortu da toki entitateak inplikatzea gaua igarotzeko eremuak sortzen; hortaz, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariaren martxoaren 25eko 43E/2025 Foru Aginduaren bidez, toki entitateentzako dirulaguntza deialdi bat onetsi zen, turismo ibiltariko autokarabanentzat, bidaian diren karabanentzat eta antzekoentzat gaua igarotzeko eremuak ezartzeko 2025-2026 aldian.
Deialdi horretatik eratorritako konpromisoei aurre egiteko baimendutako kreditua ez zen aski izan toki entitateek aurkeztutako eskaera guztiei erantzuteko, eta, beraz, beste deialdi bat onetsi beharra dago, bai aurrekontu faltagatik onartu ez ziren eskaerak aurkeztu zituzten toki entitateentzat, bai gaua igarotzeko eremuak sortzeko edo geralekuak eta aparkalekuak 22/2024 Foru Dekretuan ezarritakora egokitzeko interesa duten beste entitate batzuentzat.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarrita dagoenaren arabera, deialdi honetan, aurrekoetan bezala, ezarrita dago deialdia banakako ebaluazio bidez ebatziko dela, eta egoki diren dirulaguntzak emanen direla eskaerak aurkeztu diren hurrenkeran, aurrekontuan behar adina diru dagoen bitartean.
Horren arrazoia da Nafarroa osoan eremu-sarearen proiektua bultzatzen jarraitzeko, banakako ebaluazioa egokiagoatzat jotzen dela, planteatzen den deialdiaren helburuak lor daitezen eta deialdi horren onura publikoa lortzeko aukera gehiago egon daitezen.
Inbertsioen ezaugarri bereziak direla eta, denboran luzatu egin baitaitezke, eta beharbada, ezinezkoa izan baitaiteke aurrekontu-ekitaldi bakar batean gauzatzea, deialdiak aurreikusten du, halaber, urte anitzeko gastu bat onestea, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean behar adina diru baldin badago aurrekontuetan, betiere.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Nafarroako Gobernuak 2026ko ekainaren 24an hartutako Erabakiaren bidez baimena eman zitzaion Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari deialdi hau banakako ebaluazioaren araubidearen bidez izapidetzeko.
Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Toki entitateei dirulaguntzak banakako ebaluazioaren bidez emateko deialdi bat onestea, 2026-2027 aldikoa, gaua igarotzeko eremuak ezar ditzaten, turismo ibiltariko autokarabanentzat, bidaian diren karabanentzat eta antzekoentzat.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean jaso dira.
3. 455.952,14 euroko gastua baimentzea, deialdiaren ondoriozko konpromisoak betetzeko, ekonomiaren eta denboraren banaketa honen arabera finantzatuko dena:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A30001 A3100 7609 432100 Turismo ibiltariarentzat gaua igarotzeko eremuak ezartzeko dirulaguntzak | 2026 | 55.952,14 |
A30001 A3100 7609 432100 partidaren baliokidea, Turismo ibiltariarentzat gaua igarotzeko eremuak ezartzeko dirulaguntzak, 2026ko gastuen aurrekontukoa | 2027 | 400.000,00 |
2027ko ekitaldiko gastu-aurrekontuaren kargurako gastua kreditu egokia eta nahikoa izatearen mende egonen da.
4. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Iruñean, 2026ko ekainaren 30ean.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
ERANSKINA.–TOKI ENTITATEENTZAKO DIRULAGUNTZA DEIALDIA, 2026-2027 ALDIKOA, TURISMO IBILTARIKO AUTOKARABANENTZAT, BIDAIAN DIREN KARABANENTZAT ETA ANTZEKOENTZAT GAUA IGAROTZEKO EREMUAK EZAR DITZATEN. OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria. Xedea.
Oinarri arautzaile hauen helburua da Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko araubidea arautzea, turismo ibiltariko autokarabanentzat, bidaian diren karabanentzat eta antzekoentzat gaua igarotzeko eremuak ezar ditzaten.
Deialdiaren helburua da toki entitateek inbertsioak egin ditzaten eta neurriak har ditzaten sustatzea, autokarabanen, karabanen eta antzekoen turismo ibiltaria antolatzeko, ikuspegi orokorra izanen duen eremu-sare bat sustatzea, jardueraren fluxuak ulertuz eta haiei erantzuna emanez, eta orobat, eremu horien kudeaketarako eredu bat eskaintzea.
2. oinarria. Aurrekontuko zuzkidura.
Deialdi honetatik sortuko diren konpromisoak betetzeko baimendu den kreditua 455.952,14 eurokoa da, eta ekonomia eta denbora banaketa honen arabera finantzatuko da:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A30001 A3100 7609 432100 Turismo ibiltariarentzat gaua igarotzeko eremuak ezartzeko dirulaguntzak | 2026 | 55.952,14 |
A30001 A3100 7609 432100 partidaren baliokidea, Turismo ibiltariarentzat gaua igarotzeko eremuak ezartzeko dirulaguntzak, 2026ko gastuen aurrekontukoa | 2027 | 400.000,00 |
2027ko ekitaldiko gastu-aurrekontuaren kargurako gastua kreditu egokia eta nahikoa izatearen mende egonen da.
3. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak gauzatzeko epea.
1. Jarduketak dagokion eskaera aurkeztu ondoren gauzatu eta fakturatu behar dira, eta beranduenez 2027ko urriaren 31n. Ondorio horietarako, gauzatu direla ulertuko da baldin epe horretan egin, fakturatu eta ordaindu badira.
2. Turismo ibiltariko autokarabanentzat, bidaian diren karabanentzat eta antzekoentzat gaua igarotzeko eremuak ezartzeko, toki entitateei dirulaguntzak emateko 2025-2026 aldiko deialdira aurkeztu ziren eta, aurrekontu-eskasia dela-eta, osorik erantzun gabe edo ezetsi egin ziren laguntza eskaeren kasuan, jarduketek deialdi horri dagokion eskaera aurkeztu ondoren egin eta fakturatuta egon beharko dute, 2027ko urriaren 31 baino lehen.
4. Entitate onuradunak eta betebeharrak.
4.1. Arau orokor gisa, deialdi honetan dirulaguntza eskatzen ahalko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean arauturik dauden eta oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten Nafarroako toki entitateek; zehazki, honako hauek:
–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera osatuta daudenak. Udalerriak ez diren entitateek frogatu egin beharko dute diruz lagungarriak diren jarduketak egiteko eskumena esleitu zaiela.
–Ez daudenak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean ere.
–Ez daudenak betetzen inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez daudenak arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
4.2. Ezin izanen dira laguntzen onuradun izan laguntzak edo maileguak itzuli beharraren ondorioz Administrazioarekin zorrak dituzten entitateak, ez eta oraindik gauzatu gabe dagoen berreskuratze-agindu baten mende daudenak ere (azken kasu horretan, Europako Batzordeak erabakitzen duenean laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela).
Baldintza orokorrak betetzen direla frogatzeko, eskaera-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da.
5. oinarria. Diruz lagungarriak diren proiektu eta kostu motak.
5.1. Proiektu motak.
Deialdi honen babesean, dirulaguntza jasotzen ahalko dute turismo ibiltarirako "Gaua igarotzeko eremuak" izeneko azpiegitura turistiko berriak sortzeko proiektuek, edo une honetan Nafarroako toki entitateek dituzten geralekuak eta aparkalekuak helburu horretarako egokitzeko proiektuek. Eremu horiek martxoaren 6ko 22/2024 Foru Dekretuan ezarritakora egokitu beharko dira, haren bidez arautzen baitira turismo ibiltariko autokarabanentzat, bidaian diren karabanentzat eta antzekoentzat gaua igarotzeko eremuak.
"Gaua igarotzeko eremuak" xede duten proiektuek, gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Lursailaren jabetza toki entitate eskatzailearena izatea edo gutxienez 10 urterako toki entitatearen aldeko lagapena izatea. Epe horretan toki entitateak konpromisoa hartzen du deialdi honen bidez finantzatutako azpiegitura erabili, kudeatu eta mantentzeko. Epe hori 10 urte baino laburragoa izan daiteke, baldin eta lursail hori herriaren erabilera publikoko eta interes orokorreko beste zerbitzu baterako erabili behar bada. Kasu horretan, erabileraren aldaketa hori Turismo Zuzendaritza Nagusiak onetsi beharko du.
–Toki entitateak konpromisoa hartuko du gaua igarotzeko eremua lotzeko Turismo Zuzendaritza Nagusia sustatzen ari den bisitarien harrera-lekuen eta gaua igarotzeko eremuen sarearekin; beraz, haren sarbideen kontrolerako sistemak aukera eman behar du sare horren erreserben plataformarekin lotura egiteko.
–Gaua igarotzeko eremuak sarbide bakarra izanen du ibilgailuentzat, eta aurreko puntuan adierazitako Turismo Zuzendaritza Nagusiaren erreserba sistemari lotutako hesi automatiko bat edo antzeko elementu bat instalatuz kontrolatuko da.
Toki entitateak, gainera, konpromisoa hartu beharko du turismo ibiltariko ibilgailuei gaua egokitutako eremuetatik kanpo igarotzeko aukera mugatzeko, eta, orobat, zerbitzua erabiliko dutenek ordaindu beharreko prezioak ezarri beharko ditu, dagokion udal ordenantzaren bidez, gehienez 12 hilabeteko epean onetsiko dena, dirulaguntza esleitzen den unetik hasita.
5.2. Kostu diruz lagungarriak.
Deialdi honen bidez diruz laguntzen ahalko dira honako kostu hauek:
a) Honen aurreko puntuan aipatutako inbertsio proiektuak idaztea eta dagokien obra zuzentzea. Kontzeptu horiengatik, diruz lagungarritzat onartuko da aurreikusitako inbertsio diruz lagungarrien aurrekontuaren %10, gehienez ere, baina gastu horiek ez dira kontuan hartuko 6. oinarrian eskatutako inbertsioen gutxieneko zenbatekoak lortzeko.
Dirulaguntza ordaintzeko unean, kontzeptu horiekin justifikatutako gastutzat joko da justifikatutako gauzatze materialaren zenbatekoaren %10, gehienez. Horren ondorioz, gastu mota hori bakarrik justifikatzen bada, ez da emandako dirulaguntzaren inolako ordainketarik egiten ahalko.
b) 5.1 atalean aipatzen diren instalazioak eta azpiegiturak egokitzeko behar diren eta proiektatu diren inbertsioak gauzatzea, onetsitako obraren exekuzio proiektuaren arabera.
c) Kontrol eta zaintza sistemak instalatzeko kostuak.
d) Behar diren altzariak eta ekipamendua erosi eta instalatzea, eta informazio panelak jartzea.
5.3. Diruz lagungarriak ez diren kostuak.
Laguntzak pizgarri gisa erabili nahi direnez, onartuko diren jarduketa bakarrak laguntzaren onuradunek laguntzaren eskaera erregistratu ondotik hasitakoak izanen dira. Ez da hautagarri izanen jarduketa gauzatzeari dagokion kosturik data hori baino lehenago fakturatua bada, salbu eta eskaera aurkezteko edo inbertsioak gauzatzeko beharrezkoak izan diren prestaketa lanei dagozkien kostuak; esate baterako, proiektua edo memoria teknikoa idaztea. Izan ere, horiek diruz lagungarritzat hartzen ahalko dira, lehenago fakturatu badira ere, prestaketa aldiko jarduketa horiek 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera hasi badira.
Turismo ibiltariko autokarabanentzat, bidaian diren karabanentzat eta antzekoentzat gaua igarotzeko eremuak ezartzeko, toki entitateentzako dirulaguntzen 2025-2026 aldiko deialdira aurkeztu ziren eta, aurrekontu-eskasia dela-eta, osorik erantzun gabe edo ezetsi ziren laguntza eskaeren kasuan, prestaketako jarduketak diruz lagungarriak izanen dira 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitakoak badira.
Honako gastu mota hauek ez dira inolaz ere diruz lagungarriak izanen:
a) Dirulaguntza eskatzen duen entitateak berak egindako lanak, ez eta entitate eskatzailea bera denean jardueraren emailea edo hornitzailea, edo autofakturazioa ekar dezakeen antzeko kasuren bat gertatzen denean ere.
b) Garraio elementuak.
c) Administrazio baimenak, lizentziak, baimenak, abal eta fidantzen kostua, isunak, tasak, zergak edo ordainak.
d) Kudeaketei, kontratazioei, kontsultei edo administrazio tramiteei lotutako edozein gastu, nahiz eta beharrezkoak izan baimenak edo lizentziak lortzeko.
e) Finantza gastuak, pasiboen berregituraketenak edo birfinantzaketenak, edozein eragiketa motatako banku gastuak.
f) Establezimenduen errentamendu gastuak.
g) Jarduketen mantentze-lanetako gastuak edo soluzio teknologiko baten ezarpenaren ondoko funtzionamenduarekin eta hobekuntzarekin zerikusia duen beste edozein gastu.
h) Izenpetutako aseguruak, zehapen penalei lotutako kostuak eta prozedura judizialen gastuak.
i) Funtzionamendu gastu arruntak.
j) Entitate onuradunen mendeko lan harremana duten langile finkoen edo behin-behineko langile lan-kontratudunen ordainsari arruntei dagozkien gastuak.
k) 5.2 atalean hautagarritzat jotzen ez den beste edozein gastu.
6. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa, gehieneko dirulaguntza eta gutxieneko inbertsioa.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntza itzuli beharrik gabeko laguntza da. Inbertsio diruz lagungarriaren zenbatekoaren (BEZa barne) %65 eta %80 artekoa izanen da, baremoan lortutako puntuazioaren araberakoa eta honako xehetasun hauekin bat etorriz:
–Beharrezko gutxieneko inbertsioa: 30.000 euro.
–Gehieneko aurrekontu diruz lagungarria: 200.000 euro.
–Diruz lagunduko den ehunekoa:
- %65, oinarri arautzaileetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen dituzten proiektuetan.
- %80, irizpide hauek betetzen dituzten proiektuetan:
- Lehentasunezko proiektu motak, puntu beroen eta eskaintza/eskariaren arteko arrakalaren arabera.
EREMUA | PROIEKTU MOTA |
Baztan-Bidasoa, Pirinioak, Zangozako eskualdea eta Pirinioaurreko eskualdea | Une honetan dauden geraleku eta/edo aparkalekuak egokitzea edo berriak sortzea. Gehienez 20 toki dituzten eremuak |
Errege Bardearen ingurua (Partzuergoko kide diren herriak, Erronkari-Zaraitzu izan ezik) | Egungo geraleku eta/edo aparkalekuak egokitzea gaua igarotzeko plus eremuak izan daitezen |
Iruña eta metropolialdea | Egungo geralekuak egokitzea, gaua igarotzeko plus eremuak izan daitezen |
Nafarroako gainerakoa | Egungo geralekuak edo aparkalekuak egokitzea |
* Oinarria: "Turismo ibiltariaren lurraldearen gaineko eragina eta gaua igarotzeko eremuen beharren mapa" azterlana. | |
- 5.000 biztanletik beherako udalerriak.
Toki entitateak BEZa berreskuratzea badu, gastu hori ez da diruz lagungarria izanen. Zati bat berreskuratzea badu, udal idazkaritzak ziurtagiri bat egin beharko du, hainbanaketa portzentajea adierazita. Portzentaje hori ez da inola ere diruz lagungarria izanen.
7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
7.1. Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea hasiko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta bukatuko da 2027ko ekainaren 30ean.
7.2. Eskaerak aurkezteko modua.
a) Eskabideak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, web helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/web/servicios-empleado/tramites/on/-/line/subvenciones-a-entidades-locales-para-la-implantacion-de-areas-de-pernocta-de-turismo-itinerante-de-autocaravanas-caravanas-en-transito-y-similares Fitxa horretan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.
b) Laguntza hauekin loturik Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuak egiten ahal dituen jakinarazpen eta komunikazio guztiak telematikoki eginen dira, eta, horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala eta gaitutako helbide elektroniko bakarra (GHE) izatea.
c) Eskaera aurkezteko erabiltzen den bidea arestian aipatuaz beste bat bada, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko gero aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da, hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen (hemendik aurrera, APAPEL) 68.4 artikuluan xedatutakoarekin bat.
d) Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den berariazko inprimakia erabiliz eginen dira izapidetze telematikoa egiten denean, eta Turismo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaizkio.
7.3. Eskaerak ez baditu adierazitako baldintzak betetzen, edo osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio zuzendu dezala gehienez ere 10 egun balioduneko epean, zuzentzeko errekerimendua jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita, eta adieraziko zaio ezen, eskaera zuzentzen ez badu, ondorioztatuko dela eskaeran atzera egin duela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
8. oinarria. Behar den dokumentazioa.
Laguntzak eskatzeko, berariazko eskaera-orria aurkeztu beharko da, toki entitatearen legezko ordezkariak sinatuta, aipatzen den dokumentazioarekin batera.
Turismo ibiltariko autokarabanentzat, bidaian diren karabanentzat eta antzekoentzat gaua igarotzeko eremuak ezartzeko, toki entitateentzako dirulaguntzen 2025-2026 aldiko deialdira aurkeztu ziren eta, aurrekontu-eskasia dela-eta, osorik erantzun gabe edo ezetsi ziren laguntza eskaeren kasuan:
a) Deialdi horretara aurkeztutako eskaerarekin batera aurkeztu zen dokumentazioa edo informazioa aldatu ez bada, eskaera-orria bakarrik aurkeztuko da.
b) 2025-2026 aldiko dirulaguntzen deialdirako eskaerarekin batera aurkeztutako edozein dokumentazio edo informazio aldatu bada, aurkeztu beharko dira eskaera-orria eta, ondotik ezartzen den dokumentaziotik, aurreko deialditik hona aldatu dena.
8.1. Entitate eskatzailearen gaineko dokumentazioa.
Eskaera-orrian jasotako erantzukizunpeko adierazpenak.
–Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. apartatuan aurreikusitako debekuetako bakar batean ez dagoela adieraziz.
–Erantzukizunpeko adierazpena, esaten duena entitatea ez dagoela inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez dagoela arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
–Erantzukizunpeko adierazpena, esaten duena ez duela zorrik administrazioarekin laguntzak, maileguak edo aurrerakinak itzuli behar izateagatik, eta, orobat, ez dagoela berreskuratze agindu baten zain, Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpoko eta barne merkatuarekin bateraezin deklaratzeko erabakia hartu ondoren.
–Erantzukizunpeko adierazpena, esaten duena betetzen dela aplikatzekoa den Espainiako eta Europar Batasuneko araudi guztia (bereziki, lehiaren, kontratazioaren, obren eta horniduren adjudikazioaren eta ingurumenaren arloetakoak) eta konpromisoa hartzen duela proiektua aurrera eramateko beharrezkoak diren lizentziak eta baimenak eskuratzeko.
–Erantzukizunpeko adierazpena, beste administrazio, entitate edo partikular batzuei dirulaguntzaren xede diren jarduketa berberetarako eskatutako eta/edo haiek emandako dirulaguntzei buruzkoa, eta konpromisoa hartzen duela deialdi honetako dirulaguntzak izapidetzen diren bitartean eskatzen edo jasotzen ahal dituen laguntzei buruz informatzeko.
–Toki entitateko idazkari lanetan diharduenaren ziurtagiria, adierazten duena entitate horrek ezin dituela berreskuratu edo konpentsatu eskatutako dirulaguntzari dagozkion zeharkako zergak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.8 artikuluan xedatutakoaren arabera.
–11. oinarrian araututako ordainketa aurrerakina eskatuz gero, dirulaguntzaren xedea betetzeko funtsak behar direla egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko da, toki entitate eskatzailearen idazkari lanetan diharduenak emandakoa. Entitate eskatzaileak bat baino gehiago direnean, idazkaritza guztien ziurtagiriak aurkeztu beharko dira.
–Entitate eskatzailea jarduketak eginen diren eremuen edo lursailen titularra dela dioen ziurtagiria edo, hala badagokio, eskaera aurkezten den egunetik 10 urtetik beherakoa ez den denboran horiek erabilgarri izanen dituela dioena. Horretarako, toki entitatearen idazkaritzaren ziurtagiria aurkeztuko da, zirkunstantzia horiek egiaztatzen dituena eta, gainera, jarduketak eginen diren poligono eta lurzati zehatzak adierazten dituena.
–Toki entitatearen konpromisoa, gaua igarotzeko eremua gutxienez 10 urtez zerbitzu horretarako erabiliko dela eta Turismo Zuzendaritza Nagusiaren eremuen sareari atxikiko zaiola, 5. oinarria betez.
–Toki entitatearen konpromisoa, dagokion ordenantza arautzailearen bidez, turismo ibiltariarentzako gaua igarotzeko eremuaren mugapena eta zerbitzua emateagatik kobratu beharreko prezioa arautzeko, 5. oinarrian adierazitako moduan.
8.2. Proiektuari/proiektuei buruzko dokumentazioa.
–Dirulaguntzaren xedeko jarduketak azaltzen dituen deskripzio-memoria, bilduko duena gutxienez honako alderdi hauen gaineko informazio zehatz eta xehatua:
–Jarduketa horrekin lortu nahi diren helburuak.
–Jarduketaren interesaren justifikazioa.
Naturaguneetan dauden harrera-lekuen erabilera publikoaren gaineko kudeaketa hobetzeko inbertsio proiektuetan, 6. oinarrian ezarritako baremoa aplikatzeko, memorian justifikatu beharko da puntuak ematen dituzten baldintzak betetzen direla.
–Memoria baloratua edo, inbertsioek hala eskatzen badute, obrak egiteko proiektua, behar bezala zigilatua.
–Kostu hautagarrien artean obra zibila jasotzen duten jarduketetarako eskaeren kasuan, hondakinen kudeaketaren azterlan bat, teknikari eskudun batek sinatua, hondakinen gutxieneko portzentajearen betekizuna (%70) betetzen dela justifikatuz, edo bestela, onuradunaren ordezkariak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena, betekizuna bete dela eta hori justifikatzeko behar den dokumentazio guztia aurkeztuko dela adieraziz.
–Beharrezkoak diren administrazio baimenak (Ingurumena, Lurraldearen Antolamendua edo beste batzuk), nahitaezkoak badira.
–Aurrekontua kontzeptuen arabera zehaztua, gastuak zenbatesteko bide ematen duten fakturak edo proformako fakturak; ez dira inoiz onartuko entitate eskatzailearen uste edo balorazioetan oinarritzen diren gastu zenbatespenak.
–Argazkiak, erakusten dutenak zer egoeratan dauden instalazioak/azpiegiturak eskaera aurkezteko unean.
–Jarduketak gauzatzeko kronograma eta jarduketa gauzatzeko faseak.
9. oinarria. Deialdiaren tramitazioa eta ebazpena.
–Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzua da dirulaguntzak emateko prozedura antolatzeko eta instruitzeko eskumena duen kudeaketa organoa.
–Dirulaguntza hau banakako ebaluazioaren araubidearen bidez emanen da. Eskaerak aurkeztu ziren ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean, eta 2. oinarri arautzailean proiektu mota bakoitzerako kontsignatutako kredituen arabera.
–Laguntzak eskatzeko epea amaitu baino lehen agortzen bada aurrekontu-kreditua, eskaerak behin-behineko erreserba zerrendan erregistratzen jarraitzen ahalko dira. Eskaera horiei erantzunen zaie, sarrera ordenari zorrotz jarraituz, kreditua askatzen bada (laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratzen delako edo onuradunen batek laguntzari uko egiten diolako) edo deialdian aurrekontu berria sartzen bada.
Eskaera behin-behineko erreserba zerrendarako aurkezteak ez dio inolako eskubiderik sortuko eskatzaileari, harik eta eskaera ebatzi arte.
–Eskaerak ez baditu betetzen aipatutako betebeharrak, edo harekin batera ez badira aurkezten nahitaezko agiriak, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio akatsak gehienez ere 10 egun naturaleko epean zuzen ditzala, eta adieraziko, horrela egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatu bezala.
–Zuzentzeko epea amaituta, espedientearen behin betiko ebaluazioa eginen da, eta ondoriozko dirulaguntzaren kalkulua ere bai, eta dagokion dirulaguntzaren esleipena ere eginen da, inbertsioa eginen den urteko aldiaren edo urteetako aldien arabera.
2026ko aurrekontuan ez badago behar adina funts une horretan aurreikusitako gastu konpromisoa hartzeko, baina 2027koan gerakinik geratzen bada, laguntzak urte horren kontura ematea proposatuko da, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago, betiere.
–Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuak dagokion ebazpen-proposamena igorriko dio Turismo Zuzendaritza Nagusiari. Dagozkien dirulaguntzak aurreko zenbakian xedatutakoari jarraituz esleitu ondoren, eskaerei erantzuteko ezarritako aurrekontu baliabideak agortzen badira, gainerako eskaerak berariaz ezetsiko dira.
–Turismo Zuzendaritza Nagusia da dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa. Dirulaguntza emateko ebazpena gehienez ere 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta, epe hori iraganik berariazko ebazpenik jakinarazi gabe, eskaerak ezetsitzat joko dira.
–Dirulaguntza emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.
10. oinarria. Egindako jarduketak justifikatzeko epea, modua eta dokumentazioa.
10.1. Justifikazioa aurkezteko epea.
Noiznahi aurkeztuko da egindako jarduketen justifikazioa, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi ondoren, eta, beranduenez, 2027ko urriaren 31n, egun hori barne.
10.2. Justifikazioa aurkezteko modua.
Justifikazioa aurkezteko, laguntzaren fitxan dagoen justifikazio-formulario berariazkoa erabili beharko da, eta Turismo Zuzendaritza Nagusiari igorriko zaio.
Justifikazioko dokumentazioa aurkezteko, laguntzaren fitxa erabiliko da; fitxa horretan esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzen justifikaziorako erregistrora.
10.3. Egindako jarduketak justifikatzeko dokumentazioa.
Jarraian aipatutako agiriak atxikiko zaizkio justifikazio-inprimaki formalizatuari. Agiriok eskaneatuta aurkeztuko dira, bereizita eta behar bezala identifikatuta:
a) Dirulaguntzaren xedeko jarduketen memoria, aurreikusitako jarduketen exekuzio maila azalduta.
b) Diruz lagundutako jarduketa guztiei dagozkien fakturen kopia; fakturak izanen dira fakturazio betebeharrak arautzen dituen indarreko fakturazio erregelamenduaren araberakoak, eta, betiere, dirulaguntzaren entitate onuradunaren izenean jaulki beharko dira.
c) Egindako ordainketak justifikatzeko banku-agiriak.
d) Adierazpen bat, dirulaguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruzkoa. Adierazi behar dira, dirulaguntza honetaz gain, diruz lagundutako jarduketak finantzatu dituzten beste funts batzuen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa (funts berekiak, bestelako baliabideak edo bestelako dirulaguntzak). Adierazpen hori justifikazio-inprimakian berean eginen da.
e) Toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, egiaztatzen duena Kontratu Publikoei buruz indarrean dagoen Foru Legean ezartzen diren legezko aginduak bete direla, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1.ñ) eta 28.3 artikuluetan aurreikusten diren ondorioetarako.
f) Toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, egiaztatzen duena dirulaguntzaren xede diren jarduketak gauzatzeko jarduketen kontratazioan bete direla Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezartzen diren legezko aginduak.
g) Egindako jarduketen argazkiak.
11. oinarria. Aurrerakinen aurreikuspena.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.2) artikuluan ezarritakoaren arabera, emandako dirulaguntzaren %75eko aurrerakina ematen ahalko da gehienez, baldin eta entitate onuradunak justifikatzen badu dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsak behar dituela.
Horretarako, entitate onuradunak berariaz eskatu beharko du, eta behar bezala justifikatu aurrerakin horren premia daukala.
Aurrerakina dirulaguntza ematen den unean ordainduko da, betiere urte horretan diru-zuzkidura aski bada aurrekontuan, eta entitate onuradunak egindako jarduketen justifikazioa aurkezten duenean erregularizatuko da.
12. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa.
Egindako jarduketen frogagiriak aurkeztu eta aztertu ondoren, Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuak jarduketa horiei dagokien ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko du Turismo Zuzendaritza Nagusira, eta txosten bat gehituko du, frogatzen duena entitate onuradunak betetzen dituela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebehar guztiak.
Onuradunak oinarri hauetan araututako dirulaguntza aurrerakina jaso badu, honela erregularizatuko da:
–Horretarako behar den zenbatekoa justifikatzen ez bada, eskatuko da ordaindutako dirulaguntzaren soberakinari dagokion dirulaguntza itzultzeko, kasuan kasuko berandutze-interesekin batera.
–Horretarako behar den zenbatekoa justifikatzen badu, falta den zenbatekoa ordaintzeko ebazpena emanen da.
13. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak eta ez-betetze mailak.
13.1. Betebeharrak.
Toki entitate onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Jarduketak deialdian ezarritako epeetan egin, justifikatu eta ordaintzea.
b) Laguntzen organo kudeatzaileari komunikatzea, hamabost egun balioduneko epean, laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik aurrera, uko egiten zaiola emandako dirulaguntzari, baldin diruz lagundutako jarduketak (bateren bat edo guztiak) ezarritako epean ez badira egin behar.
c) Diruz lagundutako jardueren azken gauzatze maila %75etik beherakoa izatea aurreikusten bada, hasieran onartutako aurrekontuaren aldean, horren berri eman beharko zaio organo kudeatzaileari jakin bezain laster, eta edonola ere laguntza jaso eta bi hilabetera, beranduenez.
Jakinarazpen hori egin ezean, dirulaguntzaren xede diren jarduketen gauzatze mailari buruz oinarri honen 2. zenbakian ezarritako murrizketak aplikatuko dira.
d) Diruz lagundutako ekintzetan egin gogo diren funtsezko aldaketen berri ematea Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuari, haiek gauzatu baino lehen. Zerbitzu horrek baimendu beharko du proiektuaren edozein aldaketa garrantzitsu, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta bermatzen bada betetzen direla bai dirulaguntzaren xedea, bai diruz laguntzen den proiektuaren helburuak, bai eta deialdian ezarritako gainerako baldintzak ere.
e) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea emandako dirulaguntzari uko egiten zaiola, baldin eta diruz lagundutako jarduketa ez bada gauzatu behar hitzarmen honetan horretarako ezarritako epean.
f) Dirulaguntzaren xede diren inbertsioak gutxienez 10 urtez jarraian edukitzea dirulaguntzaren xede den xedeari atxikita, dirulaguntza emateko ebazpenaren egunetik hasita.
Epe hori 10 urte baino laburragoa izan daiteke, baldin eta lursail hori herriaren erabilera publikoko eta interes orokorreko beste zerbitzu baterako erabili behar bada. Kasu horretan, erabileraren aldaketa hori Turismo Zuzendaritza Nagusiak onetsi beharko du.
g) Gaua igarotzeko eremua lotzea Turismo Zuzendaritza Nagusia sustatzen ari den bisitarien harrera-lekuen eta gaua igarotzeko eremuen sarearekin; beraz, haren sarbideen kontrolerako sistemak, halakorik badago, aukera eman behar du sare horren erreserben plataformarekin lotura egiteko.
h) Dirulaguntzari publizitate egokia ematea, 3 urtez, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten den egunetik aurrera, toki entitatearen web orrian deialdian lortu den dirulaguntzaren berri emanez.
i) Dirulaguntzaren xede den jarduerari buruzko edozein komunikazio-ekintzatan, arreta berezia jarriko da genero-estereotipoak ezabatzen laguntzen duten irudiak eta mezuak erabiltzeko, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna eta rol-aniztasuna sustatuko dira, eta hizkera inklusiboa erabiliko da. Halaber, ez da hizkera sexistarik erabiliko diruz lagundutako jardueraren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.
j) Eskaerarekin batera aurkeztu diren erantzukizunpeko adierazpenetan hartutako konpromisoak eta deialdi honi aplikatzekoa zaion araudi guztia betetzea.
k) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.
13.2. Ez-betetzeak eta ez-betetzeen mailak.
Osorik betetzen ez badira dirulaguntza emateko ebazpenean, deialdi honetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
Zehazki:
a) Egiaztagiriak aurkezten badira 2027ko urriaren 30etik aurrera, baina atzerapena ez bada 10 egunetik gorakoa, ordaindu beharreko dirulaguntza %10 murriztuko da. Atzerapena 10 egunetik gorakoa bada, dirulaguntza kobratzeko eskubiderik eza deklaratuko da.
b) Dirulaguntzaren xede izan diren jarduketak gauzatzeko (egitea, fakturatzea eta ordaintzea), azkenean, zenbateko txikiagoa baliatzen bada, honako murrizketa hauek aplikatuko dira:
–Diruz lagundutako jarduketaren %50etik %75era bitarte gauzatzen bada, azken dirulaguntzaren ordainketa murriztuko da: justifikatutako inbertsioaren ondoriozko dirulaguntzaren %50, hain zuzen.
–Diruz lagundutako jarduketaren %50etik behera gauzatzen bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
Gauzatze maila zehazteko, diruz lagundutako gastuaren zenbatekoa alderatuko da horretarako ezarritako epearen barruan onartutako gastu justifikatuaren zenbatekoarekin.
c) Onartutako gastu justifikatuak ezin dira inola ere izan baxuagoak 6. oinarrian ezarritako gutxieneko gastu diruz lagungarrien zenbatekoak baino. Eta, hala izanez gero, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
d) Turismo Zuzendaritza Nagusiak sustatutako eremu-sareari lotzeko hartutako konpromisoak betetzen ez badira, edo udal ordenantza bidez udalerrian gaua igarotzeko mugapena eta zerbitzuarengatik ordaindu beharreko prezioak arautzen ez badira, 5. oinarrian ezarritakoaren arabera, jasotako dirulaguntza itzuli egin beharko da, dagokion espedientea ireki ondoren.
13. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Dirulaguntza hauek bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, jarduketa beretarako emandako beste laguntza batzuekin.
Betiere, deialdi honetako dirulaguntzen xedeko ekintzak egiteko ematen diren dirulaguntzen zenbateko osoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo ekintza horietarako beste dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.
14. oinarria. Emandako dirulaguntzen publikotasuna.
Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/inicio), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
Deialdi honen emaitzak, halaber, laguntzen fitxan argitaratuko dira.
15. oinarria. Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iragarkiaren kodea: F2609755
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
