148. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 30a

3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

ERRIOXA JATORRI-DEITURA KALIFIKATUAREN KONTSEILU ARAUEMAILEA

5/2026 ofizio zirkularra. Mahastien errendimenduaren kontrola 2026. Mahastizainaren ataria

Honen bidez jakitera ematen da ezen, Kontseilu Arauemaileko Ikuskatzaileen Zerbitzu baimenduak mahatsaren ekoizpena monitorizatu eta aurreikusteko 2026ko mahats-bilketan darabilen ereduaren arabera (eredu hori adimen artifizialean oinarrituta dago), ikusi dela lurzati batzuetako ekoizpen-aurreikuspenek nabarmen gainditu ditzaketela aurtengo kanpainarako baimendutako gehieneko errendimenduak.

Lurzati horiei buruzko informazio zehatza ikusgai dago "Mahastizainaren ataria" delakoan, esteka honetan: https://produccion.riojawine.com.

Inskribatutako mahastien titularrek, informazio hori ikusteko, beren IFZa idatzi beharko dute, letra larriz (orotara, 9 karaktere, zenbakiak eta letra barne), eta pasahitz gisa erabili beharko dute beren mahastizain txarteleko lehenbiziko lau digituak. Plataforma horretako informazioarekin zerikusia duen jarduketa oro eginen da soil-soilik gaitutako bitarteko elektronikoen bidez.

Orobat, informazio hori eskuratzen ahal da Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren Kontseilu Arauemailearen egoitzan agertuta (Estrambrera kalea 52, Logroño), 8:00etatik 15:00etara.

Komunikazio honen bidez, halaber, inskribatutako mahastien titularrei eskatzen zaie, kasua bada, beharrezko neurriak har ditzatela, ekoizpena doitzeko baimendutako gehieneko errendimenduen arabera. Hain zuzen, 2026ko abuztuaren 9a izanen da mahastian esku hartzeko azken eguna. Egun horretatik aurrera, Kontrol Organoak mahats-biltzearen kanpainarako arauen (2/2026 ofizio zirkularra) 4. apartatuan ("Errendimenduen kontrola") ezarritako neurriak hartuko ditu.

Gogorarazten dizuegu mahastizainaren erantzukizuna dela ekoizpena doitzea kanpaina honetarako ezarritako mugetara, eta mahatsa ezin izanen dela erabili babestutako ardoak egiteko, baldin eta badator baimendutako muga gainditzen duten errendimenduak dituzten mahastietatik, halaxe araututa baitago Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren Baldintza Agirian eta mahats-biltzearen kanpainako arauetan.

Logroñon, 2026ko uztailaren 24an.–Kontseiluko burua, Raquel Pérez Cuevas.

Iragarkiaren kodea: E2610387