148. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CORELLA

Zerga kontrolerako udal plana, 2026-2029 aldirako

Corellako Udalak, 2026ko uztailaren 2an egin osoko bilkuran, zerga kontrolerako udal plana onetsi zuen 2026tik 2029ra bitarteko ekitaldietarako, irismena eta edukia izanik zehazten dena Nafarroako Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamenduan, zeina onetsi baitzen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren bidez.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, argitara ematen da planaren testu osoa, behar diren ondorioak izan ditzan:

CORELLAKO UDALAREN ZERGA KONTROLERAKO UDAL PLANA, 2026-2029 BITARTEKO EKITALDIETARAKO

Atarikoa

Lehenbizikoa.

Corellako Udaleko Ekonomia Alorrarentzat, beharrezkoa da zerga kontrolerako udal plana egitea, 2026tik 2029ra bitarteko ekitaldietarako.

Zerga kontrolerako udal plana da funtsezko tresna bat, planifikatu daitezen udal administrazioak urtero egin behar dituen egiaztapen eta ikerketa jarduketak. Planak zehazten ditu zenbat eta nolakoak izanen diren kontrol jarduketak; horiek ahalbidetuko dute ekitaldian ezarritako helburuak lortzea.

Bigarrena.

Zerga kontrolerako udal planak, funtsean, bi helburu nagusi izan behar ditu. Batetik, zerga justizia bermatzea, Konstituzioak agintzen duen bezala, 31.1 artikuluak hauxe baitio hitzez hitz: "Denek lagunduko dute gastu publikoei aurre egiten, nork bere ekonomia-ahalmenaren arabera, tributu-sistema justu baten bitartez; berdintasun eta progresibotasun printzipioetan oinarrituko da sistema hori, eta ezein kasutan ez da iritsiko konfiskatzeraino". Bestetik, Konstituzioaren 142. artikuluan azaltzen den helburua, toki-erakundeen nahikotasun ekonomikoaren printzipioan oinarritua: "Toki ogasunek behar adina baliabide izan beharko dute legeak korporazio bakoitzari esleitzen dizkion eginkizun guztiak betetzeko. Baliabide horiek, nagusiki, beren tributu propioak izanez eta Estatuaren nahiz autonomia erkidegoen tributuetan parte hartuz bilduko dituzte".

Beraz, modu koordinatuan planifikatu behar da zerga betebeharrak kontrolatzeko eta balioak egiaztatzeko eginkizunak betetzen dituzten organoen jarduna, eta ikuskaritza unitateen ahaleginak bideratu behar dira zerga-iruzurrak atzematera eta eraginkortasunez erregularizatzera.

Hirugarrena.

Udal zerga guztietan iruzurrak atzematea izanen da planaren helburua, eta arreta eta ardura bereziz zainduko dira ekonomia jardueren gaineko zerga, hiri lurren balio gehikuntzaren gaineko zerga, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga eta jabari publikoaren erabilera pribatiboaren tasa.

Nolanahi ere, kontua ez da hemen zehatz-mehatz azaltzea zerga kontrolerako planaren indarraldian egin beharreko jarduketak. Aitzitik, zerga kontrolerako plan honetan aipatzen dira xedatzen diren jarduera ildo nagusiak, eta, orobat, zer arlotan zentratuko diren, lehentasunez, udal zergak kudeatu eta ikuskatzeko zerbitzuen ekintza nagusiak, deusetan ukatu gabe ekonomia jardueren gaineko zergaren arloan Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren eskuordetzea behar duten eskumenak. Honako hauek zehaztuko dute zein izanen diren jarduera horiek: aplikatzekoa den araudia, udalerriko errealitate fiskala eta udalerriak eskura dituen baliabideak.

Finean, kudeaketa eta ikuskapen prozeduraren bidez egiaztatu eta ikertuko da ea zergapekoek ongi betetzen dituzten toki ogasun publikoarekiko betebeharrak.

Bestalde, jarduketen norainokoa partziala edo orokorra izaten ahal da. Jarduketa orokorren helburua izanen da bere osoan egiaztatzea zergapekoaren zerga egoera, toki ogasunaren edozein baliabideri dagokionez; eta jarduketa partzialen helburua, berriz, izanen da aztertzea zerga bakar bat edo zergetako batzuk.

Kudeaketa arloan, honelakoak eginen dira: zerga kudeaketako egiaztapen eta ikerketa lanak; egiaztapen mugatuko prozedurak; edo, kontraesanezko peritu tasazioko prozesuak baliatuz, balioak egiaztatzeko prozedurak, hori egitea bidezkoa bada.

Zerga Ikuskaritzak, bere jarduketetan, egiaztatuko du ea zehatzak eta egiazkoak diren zergapekoek adierazitako egitateak eta inguruabarrak, tributu bakoitzerako eskatzen diren aitorpen eta jakinarazpenetan. Halaber, ikertuko dute ea baden egitatezko elementuren bat edo zergen arloan garrantzitsua den beste aurrekariren bat, administrazioak ezagutzen ez duena osoki edo hein batean. Azkenik, aztertuko dute ea zehatzak diren zergapekoek egindako tributu likidazioko eragiketak eta, era berean, ezarriko dute haien zerga egoeran egokitzat jotzen duten erregularizazioa.

Informazioa lortzeko jarduketen helburua da ezagutzea pertsona edo erakunde baten eskuetan dauden datu edo aurrekariak, informazio hori garrantzitsua denean zerga arloan, beste pertsona edo erakunde batzuei dagokienez, eta informazio hori, oro har, ez denean zerga administrazioari jakinarazi beharrekoa aitorpen bidez.

Deusetan ukatu gabe administrazioko beste organo batzuen eskumenak, emanen dira argibideak eta aholkuak, hala eskatuz gero, ekonomia eta finantza gaiez, gai juridikoez edo gai teknikoez.

Aplikatzekoa den legedia

Udalaren zerga ikuskaritzaren eginkizuna da subjektu pasiboen eta gainerako zergapekoen zerga egoera aztertzea, jakiteko ea zehazki betetzen dituzten Udalarekiko zerga betebeharrak eta eginbeharrak eta, hala balegokio, beharrezko erregularizazioa egiteko.

Udalaren zerga ikuskaritzak egin beharreko jardueren norainokoa eta edukia honako arau hauetan daude zehaztuta: 13/2000 Foru Lege Orokorra, abenduaren 14koa, Tributuei buruzkoa, eta Nafarroako Foru Komunitateko Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamendua, zeina onetsi baitzen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren bidez.

Organo eskudunak onetsitako zerga kontroleko planetara egokituko dira Udalaren zerga ikuskaritzaren eginkizunak.

Zerga kontrolerako plan bakoitzean zehaztu behar da zer irizpide hartu behar diren kontuan subjektu pasiboak hautatzeko eta planaren barnean sartzeko.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dira zerga kontrolerako plan bakoitzak oinarritzat dituen irizpide orokorrak, eta, horrela, betetzen da ezartzen den betebeharra hala Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan nola ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 10.4 artikuluan (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamendua).

Zergak kontrolatzeko udal planaren funtsa eta indarraldia

Espainiako Konstituzioak, 31. artikuluan, inplizituki babesten du zerga kontrolerako plana beharrezkoa dela Konstituzioaren agindua gauzatzeko: "Denek lagunduko dute gastu publikoei aurre egiten, nork bere ekonomia-ahalmenaren arabera".

Zergen arloko ez-betetzeak kontrolatzea eta iruzurrari kontra egitea, horra hor Udaleko zerga administrazioaren oinarrizko jarduketa lerroetako bat, ezarri dioten eginkizuna betetzeko, alegia, Espainiako zerga sistema eraginkortasunez aplikatzea bere eskumeneko lurraldean.

Funtsezko xedea da egiaztapen eta ikerketa jarduera sustatzea eta areagotzea, tributua orokortze aldera eta, horrenbestez, zergen kudeaketa eraginkorrago bihurtze aldera, herritarrek bermatuak izan ditzaten, zerga kontuetan, beren arteko justizia eta berdintasuna, eta ahal den neurrian gehitu daitezen likidatutako eta bildutako eskubideak.

Zerga kontrolerako udal plan hau indarrean egonen da 2026ko, 2027ko, 2028ko eta 2029ko ekitaldietan.

Isilpekotasuna

Kudeaketa eta ikuskapen jarduketak gauzatzeko planak isilpekoak dira, eta ez zaie publizitaterik emanen.

Zerga kontrolerako udal plana baimen orokor bat da, epe jakin batean hasteko egiaztapen eta ikerketa jarduketak, edo informazioa lortzeko jarduketak, zergapekoen gainean. Hark biltzen ditu zergapekoak hautatzeko erabiliko diren irizpideak, sektorearen eta lurraldearen araberakoak, kuantitatiboak nahiz konparatiboak, bai eta jarduketen iraupena ere.

Jarduketak baimentzeari nahiz antolatzeari dagokionez, zerga kontrolerako planetan ahalik eta hobekiena kudeatzen dira zerga ikuskaritzak dituen material eta giza baliabide mugatuak, berma dadin behar bezala banatuko dela zergen karga. Baliabide mugatu horiekin egiten diren jarduketak ere mugatuak izanen dira ezinbestez. Hori dela eta, ikuskatuko diren zerga egitateak hautatu beharra dago. Zerga kontrolerako udal planak, beraz, lana arrazionalizatzen du, departamentuaren ahalegina bideratuz ekonomiaren sektore edo eremu jakinetara.

Ikertu beharreko zergadunak hautatu ondoan, ikuskatzaileek edo kudeatzaileek, bai eta gainerako langileek ere, beren eginbeharra bete beharko dute, eta horretarako lan-kargak finkatzen dira: estrategia jakin bati dagozkion espedienteak esleitzen zaizkio aktuario edo ikuskapen-unitate bakoitzari, epe jakin batean instruitzeko. Lana ezin da orduka edo emaitzen arabera neurtu, baizik eta jarritako ahaleginari eta gogoari erreparatuta, eta horiek batzuetan espedienteetan gelditzen dira.

Plan hau egitean honako alderdi hauek landu behar dira:

–Ausazko alderdia: iruzurra eragotziko da, baldin eta egiaztapenetako batzuk egiten bazaizkie itxuraz nabarmenak ez diren zenbait zergapekori.

–Barne alderdi diskriminatzailea: alderdi honetan, kontuan hartuko da zer kontu deigarri agertzen dituzten zergapekoek, aitorpenetako datuak konparatzean, susmarazten dutenak iruzurra egin dela.

–Sektorekako adierazle ekonomikoen alderdia: azterketa sektorialetan oinarrituta, sektore bakoitzeko ratio normalak ezartzen dira, eta desbideratzeak zerga iruzurraren seinaletzat har litezke.

–Zerbait oker dagoela erakusten duten datu zehatzen alderdia: kasu honetan, gauza jakina da jarduera izan badutela, baina ez dutela bidezko den aitorpenik aurkezten.

Zergak kontrolatzeko plana betetzeko behar diren baliabideak

Baliabide materialak.

Behar den laguntza teknikoa emanen dute honako udal alor hauek: Ekonomia Alorrak eta Hirigintza eta Industriako Alorrak.

Funtzionarioei utziko zaie zerga kudeaketako datu baseak erabiltzen, behar-beharrezkoa baitute ezagutzea zergapekoen egoera aitortua, jakiteko nolako egoeran dagoen zergapekoa tributuen aldetik, bai ikuskapena hasi aurretik, bai haren tributu egoera erregularizatzeko orduan, azken hori bidezkoa balitz. Izan ere, erregularizazio proposamenetan kontuan hartu beharko da zergapekoak zer aitortu duen.

Funtzionarioen eskura jarriko dira katastroko informazioa, jarduera kaltegarrien espedienteak, jarduerak irekitzeko eta obrak egiteko lizentzien espedienteak eta, halaber, jarduerei buruzko askotariko datuak, besteak beste, lehiaketa jakin batzuetan aurkezteari buruzkoak.

Funtsezko informazioak dira honako hauek: obra handiak eta txikiak egiteko lizentzien espedienteak, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga, eta ondasun higiezinen gaineko zergan alta ematen dutenen kontrola. Esan bezala, horrelako informazioak funtsezkoak dira, besteak beste, ekonomia-jardueren gaineko zerga ordaindu behar duten zenbait jarduera kontrolatzeko.

Ikuskatzaileei planaren xedeak betetzeko beharrezkoak diren baliabide guztiak emanen zaizkie.

Alkateak txartela edo beste identifikazio-bideren bat emanen die ikuskatzaileei, lanpostuan aritzeko.

Giza baliabideak.

Zerga administrazioko funtzionarioek eta gainerako langileek eginen dituzte kudeaketa eta ikuskapen jarduketak; zehazki, zerga kudeaketa eta ikuskapenaren arloko eginkizunak dituzten organoetan halako lanpostuetan aritzen direnek. Era berean, funtzionario ez diren langileen esku uzten ahal dira prestakizunak egiteko ardura eta zerga arloan garrantzia duten egitate edo inguruabarrak egiaztatzeko edo frogatzeko jarduketen ardura, baldin zerga administrazioaren zerbitzura ari badira.

Corellako Udaleko alkate udalburuak beteko du Ikuskaritzako buruaren kargua, eta Corellako Udaleko kontu-hartzaileak, berriz, ikuskatzaile aktuarioarena. Laguntza jasoko dute ikuskapen lanetan aritzeko.

Kudeaketa arloan, egiaztapen eta ikerketa egintzetarako arduraduna Udaleko ikuskatzaile aktuarioa izanen da. Alkate udalburuak edo, eskuordetza emanik, hura ordezkatzen duenak izanen ditu errekurtsoen ebazpenen gaineko eskumenak.

Zerga kontrolerako udal plan hau ongi betetzeko, ezinbestekoa da Udaleko alorren arteko lankidetza estua. Berariaz aipatu behar dira Ekonomia Alorra eta Hirigintza eta Ekonomiako Alorra.

Prestakuntza

Baimena emanen da erakunde publikoek nahiz pribatuek antolatzen dituzten zerga arloko ikastaro eta mintegietara joateko.

Helburu orokorrak

1. Egiaztapen eta ikerketa jarduketa orokorrak. Talde honetan programa multzo hauek sartzen dira:

A.–Orokorrak. Gaikakoak, sektorekakoak edo ikuskaritza bulegoek proposaturikoak izan daitezke, segun eta zein diren jarduketaren eremu geografikoak dituen berezitasun ekonomikoak.

B.–Zergapekoen gaineko jarduketa programa, udal tributu jakin baten arloan.

2. Bestelako egiaztapen jarduketak. Talde honetan sartu dira jarduketa partzialak eta laburtuak. Halakoek, gehienbat, Ekonomia Alorrean hasitako espedienteetan izaten dute abiaburua.

3. Jarduketa osagarriak. Txostenak egiteko eta aholku emateko jarduketak.

Sektore edo jarduera berariazkoak

Jarduera motetan oinarritutako estrategia.

Zergak kudeatzeko eta ikuskatzeko berezko eginkizunak aurrera eramanen dira kasu bakoitzean hautatutako sektoreetara egokituz, deusetan ukatu gabe aktuarioen ekimena, bat etorriz eraginkortasun eta egokitasun irizpideekin.

Sektore edo jarduerak:

–Eraikuntzak, instalazioak edo obrak salmentarako eta/edo alokairurako sustatu dituzten enpresak.

–Merkataritza sektorea, 100 metro koadrotik gorako lokaletan.

–Fabrikazio jarduerak.

–Azalera handietako merkataritza misto edo integratuko jarduerak.

–Energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu eta banatzeko jarduerak.

–Energia eta gasa merkaturatzeko jarduerak.

–Ondasun higiezinen alokairuan aritzen diren enpresak.

–Goitik behera eraikitzen, eraikinak konpontzen eta zaharberritzen edo igeltserotzan eta oro har eraikuntzako lan txikietan aritzen diren enpresak.

–Finantza erakundeak eta aseguru entitateak, udalerrian jendeari irekitako bulegoak badituzte.

Azken urteotan higiezinen sektoreak izan duen hazkundea dela eta, jarduera horri buruzko zergen kontrola beharrezkoa da ekonomia jardueren gaineko zergaren esparruan.

Gainera, jarduera horrek, aipatutako zergarako, kuota bat du finkoa eta beste kuota bat aldakorra, metro eraikien araberakoa. Zati aldakor horretan egiten dira iruzurrik handienak. Izan ere, subjektu pasiboak aitortu behar du zer aldakuntza izan den aurreko urtean besterendu diren metro koadro eraikietan edo eraikitzekoetan, urbanizatuetan edo urbanizatzekoetan. Horretarako, aitorpena aurkeztu behar dio zerga administrazio eskudunari, urte natural bakoitzeko lehen hilabetean. Zergapekoak aurkezten ez dituenean besterendutako metroen aitorpen horiek, bere diru sarreren zati handi bat eskuratu gabe gelditzen ari da Udala.

Halaber, gaur egungo eraikuntza tipologia baten ondorioz (familia bakarreko etxebizitza), horrelako eraikuntzen salmentan aritzen diren erakunde sustatzaile batzuek ez dute aitortzen higiezinen sustapena lurrei dagokienez; alegia, metro eraikiak bai, baina ez dituzte aitortzen etxebizitza horiei lotutako lurzatien metro eraiki gabeak.

Egiaztapenak egiteko, funtsean, erabiliko dira hiri lurren balio gehikuntzaren gaineko zergarako aurkeztutako aitorpenak, notarioen eta Jabetza Erregistroaren jakinarazpenak, obra proiektuak eta higiezinak lehen aldiz okupatzeko lizentziak. Horrez gain, sustatzaileei errekerimenduak eginen zaizkie. Egiten ari diren obretan ikustaldiak eginen dira, bai eta jarraipena ere, eman diren lizentzietatik abiatuta; berehala egiaztatuko da ea lizentziaren titularrak alta eman duen higiezinen eraikuntzaren eta sustapenaren epigrafeetan.

Ezinbertzekoa izanen da koordinatzea Udaleko organo eskudunaren agindupean ari diren hirigintza-ikuskaritzako zerbitzuekin eta Udaltzaingoarekin.

Ikuskatu beharreko sektoreetako bat izanen da 100 metro koadrotik gorako lokaletan egiten den merkataritza jarduera, lokal horietan handizkako merkataritza jarduerak kokatu ohi direlako. Jarduera horiek kuota handiagoa dute ekonomia jardueren gaineko zergan, eta egiaztatu beharko da ea behar bezala aitortzen duten beren lokalaren azalera.

Fabrikazio jardueretan, helburutzat hartzen dira jarduera horiek non zergak ordaintzen diren kilowatt zerga elementuagatik, fakturazio bolumenaren arabera. Jarduera horietan iruzurra detektatzen da bi eremutan. Alde batetik, ekonomia jardueren gaineko zergaren esparruan egiten dira iruzurrak, kuota handieneko elementuetako bat aitortu gabe utziz eta, bestetik, establezimenduak irekitzeko lizentziaren tasaren esparruan. Izan ere, jarduerak hasiera batean lizentzia jasotzeko baldintzak betetzen baditu ere, jarduerarako makinetan aldaketak egiten direnean, enpresen bilakabidean ohikoa denez, ez zaio Udalari aitortzen potentzia instalatua handitu egin dela, eta enpresak jarduera irekitzeko lizentzia zabalagoa behar duela.

Jakiteko ea fabrikazio jarduera horiek benetako egoerarekin bat datozen, proiektu tekniko ikus-onetsi eta egiaztatuak erabiliko dira, halakoak Industriako espedienteetan egoten baitira, irekitzeko lizentzien eskaerak direla eta.

Udalen diru sarreren artean, garrantzitsua da ekonomia jardueren gaineko zerga kontrolatzea. Izan ere, zerga horretan edozein erregularizazio egiten denean, unean uneko diru sarrerak handitzeaz gain, etorkizuneko ekitaldi ekonomikoetarako diru sarrera arruntak ere handitzen dira. Horregatik, aukeratzen diren sektoreak aukeratzen direla, eta ezertan eragotzi gabe kudeatzaileen ekimena, udalerri osoan egin behar da zergapekoen gaineko egiaztapena.

Lurraldean oinarritutako estrategia.

Udalerriko karrika, sektore edo esparru hauetan egiaztatuko da jarduerak irekitzeko lizentziaren tasa:

–Industria sektoreak.

–Sektore sakabanatuetan kokatutako jarduerak.

Bistan da estrategia horren arrazoia: eremu horietan gauzatzen dira udalerriko industriako eta merkataritzako jarduera gehienak.

Irekitzeko lizentziarik ez duten jarduerak atzeman beharra dago, egiaztatu dadin ea industria eta merkataritza establezimenduek betetzen dituzten segurtasun, osasun eta osasungarritasun baldintzak eta eskatzen diren beste baldintza guztiak, eta erregularizatu dadin haien zerga egoera edo, hala behar denean, departamentu eskudunak itxiaraz dezan jarduera.

Zerga-oinarrian oinarritutako estrategia.

Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga eta hirigintzako lizentziaren tasa egiaztatuko zaizkie tributu horien zerga-egitateak egiten dituzten zergapekoei, baldin eta horiek obratzat kalifikaturik badaude dagokien ordenantzan.

Ahalik eta hobekiena kudeatu nahi dira zerga ikuskaritzak dituen giza baliabide eta baliabide material urriak, emaitza egokiak bermatzeko. Baliabide mugatu horiekin egiten diren jarduketak ere mugatuak izanen dira ezinbestez, eta hautatu beharko da zer zerga-egitate ikuskatu. Beraz, lana arrazionalizatu nahi da, departamentuaren ahalegina bideratuz ekonomiaren sektore edo eremu jakinetara; kasu honetan, bideratuko da hirigintza gehien garatzen ari den udalerriko eremu geografikora, hortxe gerta daitezkeelako arau-hausterik astunenak. Arau-hauste horien artean, zerga ikuskaritzaren ahaleginen xede izanen dira munta handienekoak, bereziki zenbateko jakin bat gainditzen dutenak, efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera.

Corellan, 2026ko uztailaren 3an.–Alkatea, Gorka García Izal.

Iragarkiaren kodea: L2609679