148. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2351/2026 EBAZPENA, uztailaren 24koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, deialdi bat onesten duena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko antolaketako erdi mailako teknikarien plaza huts batzuk betetzeko, lekualdatze-lehiaketa bidez.

Abenduaren 27ko 307/2023 Foru Dekretuaren bidez (2023ko 269. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 29koan), 2023ko lan publikoaren eskaintza partziala onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako. Lan publikoaren eskaintza partzial hori Estatuaren 2023rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritako ordezte-tasari dagokio, eta hartan sartu ziren, besteak beste, antolaketako erdi mailako teknikarien plaza huts batzuk, B mailakoak.

Kontuan harturik abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 33.1 artikuluan xedatutakoa (foru dekretu horren bidez Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onetsi zen), eta, orobat, ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 3. artikuluan (foru dekretu horren bidez Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onetsi zen) eta azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuan xedatutakoa (foru dekretu horren bidez Nafarroako Administrazio Publikoetako Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua onetsi zen), bidezkoa da onestea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko antolaketako erdi mailako teknikarien plaza huts batzuk, B mailakoak, lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko deialdia eta haren oinarriak.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko antolaketako erdi mailako teknikarien plaza huts batzuk, B mailakoak, betetzea lekualdatze-lehiaketa bidez.

2. Deialdiaren testua onestea; ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau eta deialdia jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Nafarroako Gobernuko idazkaritza tekniko nagusiei, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari, Egituraren, Lanpostuen Antolaketaren eta Langileen Plantillaren Zerbitzuari eta Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzuari, eta Herritarren Arretarako Bulegoak eta Erregistroak Koordinatzeko Bulegoari eta izendatutako epaimahaikideei.

Iruñean, 2026ko uztailaren 24an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Gloria Arancón Largo.

ERANSKINA.–ANTOLAKETAKO ERDI MAILAKO TEKNIKARIEN PLAZA HUTS BATZUK LEKUALDATZE-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO DEIALDIAREN OINARRIAK

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko antolaketako erdi mailako teknikarien plaza huts batzuk, B mailakoak, betetzea lekualdatze-lehiaketa bidez.

1.2. Lekualdatze-lehiaketa honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:

–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.

–Nafarroako Administrazio Publikoetako Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua, azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia (erregelamendu hori aldatu zen azaroaren 6ko 97/2024 Foru Dekretuaren bidez, zeinak arautzen baitu nola baloratu merezimenduak Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko).

–130/1998 Foru Agindua, abuztuaren 12koa, Lehendakaritzako, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuak betetzeko deialdietan aplikatuko diren merezimendu baremoak ezartzen dituena.

–7/2025 Foru Legea, ekainaren 4koa, Nafarroako administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko ezohiko eta premiazko neurriak onesten dituena.

–Gainerako arau aplikagarriak eta oinarri hauek.

2.–Plaza hutsak.

2.1. Deialdi honetan hasiera batean bete nahi da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko antolaketako erdi mailako teknikariaren lanpostuaren plaza huts bat, lekualdatze-lehiaketa bidez. Plaza horrek, hain zuzen, 7478 zenbakia du plantilla organikoan, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira atxikita dago, funtzionarioen araubidekoa da eta Iruñean du destinoa.

2.2. Deialdi honetan hasiera batean eskainitako plaza kopurua aurrerago osatzen ahalko da; izan ere, epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiakideen zerrenda –lorturiko puntuen hurrenkeraren araberakoa– igortzen dion egunean hutsik daudenak gehitzen ahalko dira.

2.3. Halaber, aipatutako plazak deialditik kanpo uzten ahalko dira honako arrazoi hauengatik: birkokapen prozesuetan sartzeagatik, jarduneko zerbitzura itzultzen direnei edo burutza uzten duten langile finkoei esleituak izateagatik edo araudian ezarritako beste edozein arrazoirengatik.

2.4. Gainera, lehiaketa honetan beste plaza bat eskuratzen duten lehiakideek hutsik utzitako plazak ere sartuko dira.

2.5. Aurrekoa gorabehera, lehiakideek lekualdatze-lehiaketan plaza lortuta hutsik uzten dituzten plazak ez dira eskainiko baldin eta horiek bete beharrik ez badago, "iraungitzekoak" direlako edo antolaketa arrazoiak direla-eta.

2.6. Deialdiaren 8. oinarrian aipatzen den plaza hutsak aukeratzeko epean, deialdietako plazen ordez beste batzuk eskaintzen ahalko dira; hain zuzen ere, hutsik gelditzen direnak organo eskudunek zerbitzuaren beharren arabera eginiko aldaketen ondorioz.

2.7. Lehiaketa honetan plaza bat lortzen duen lehiakidearen jatorrizko lanpostuaren izena ez badator bat deialdi honetako lanpostuarenarekin, plaza berriak deialdiko lanpostuaren izena izanen du lehiakideak plaza berriaren jabetza hartzen duenetik. Era berean, lehiaketaren ondorioz hutsik gelditu eta berriz lehiakideei eskaintzen zaizkien plazen izena aldatu eginen da, bidezkoa denean.

3.–Betebeharrak.

3.1. Lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, egoera administratiboa edozein dela ere.

b) B maila edo taldekoa izatea.

c) Antolaketako erdi mailako teknikariaren lanpostuerako izendatu izana.

d) Lekualdatze-lehiaketan parte hartzean borondatezko eszedentzian egonez gero, egoera horretan gutxienez urtebete eman izana.

3.2. B, C edo D motako gidabaimena eduki beharra ezarrita duen plazaren bat eskuratu nahi izanez gero:

–B, C edo D motako gidabaimena eduki beharra ezarrita duen plaza baten titularra izatea edo horretan aritzea 4.1 puntuan ezarritako epean.

–B, C edo D motako gidabaimena izatea.

3.3. Ingelesa, frantsesa edo alemana jakitea eskatzen duten plazak eskuratu nahi izanez gero, beharrezkoa izanen da:

–Izangaiak nahi duen plazako hizkuntza eskakizun bera eta antzeko jakite-maila dituen plaza baten titularra izatea edo horretan aritzea 4.1 puntuan ezarritako epean.

–Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, plazarako eskatzen den maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat izatea. Titulu edo ziurtagiri hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean bildu den tituluen zerrendan agertu beharko da, edo, bestela, ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa izan beharko da.

3.4. Euskarazko jakite-maila zehatz bat izatea betebehar gisa ezarrita duen plaza elebidun bat eskuratu nahi izanez gero, beharrezkoa izanen da plaza horretarako eskatzen den maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagirietako bat izatea, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (titulu edo ziurtagiri horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean zehaztu dira), edo ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa.

3.5. Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik (zehazki, arau honetan tipifikatutako delitu batengatik: Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren VIII. titulua), ezta gizakien salerosketaren delitu batengatik ere (zehazki, arau honetan tipifikatutako delitu batengatik: Zigor Kodearen VII bis titulua).

3.6. Behar diren hautaprobak gaindituta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoan euskara edo Europar Batasuneko beste hizkuntzaren bat jakin beharra duten plazetan 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera sartu direnek hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten plaza hutsak bakarrik aukera ditzakete.

Hala ere, aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, exijitutako hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari betebehar hori ezarrita ez zeukan plaza bat eskuratzeko.

3.7. Zerbitzu, atal, bulego edo horiekin parekatutako unitateren bateko burutzaren bat betetzen ari direnek zilegi izanen dute lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartzea, baldin eta deialdiko baldintzak betetzen badituzte. Prozedura honetan esleitutako plazaz jabetzeak berekin ekarriko du zerbitzuko zuzendari izateari edo ataleko nahiz bulegoko buru edo horiekin parekatutako unitateko buru izateari utzi beharra.

3.8. Baldintza horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean eta plazaren jabetza hartu arte.

3.9. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek.

3.10. Borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian urtebete daramaten langile finkoek zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen baldintzak betetzen badituzte; horrela, berriz itzuliko dira jarduneko zerbitzura eta plaza bat behin betiko esleituko zaie.

3.11. Plaza huts bati behin-behinean atxikita jarduneko zerbitzura itzuli diren langileek nahitaez aurkeztu beharko dute lekualdatze-lehiaketa honetara, behin betiko destinoa eslei dakien.

3.12. Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, deialdiko betebeharrak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere parte hartzen ahalko dute lekualdatze-lehiaketan.

4.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

4.1. Izena ematea eta merezimenduak aurkeztea.

Lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek telematikoki aurkeztu beharko dute izena emateko eskaera, Internet bidez, https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, "Administrazioetako langileentzako deialdiak" atalean, deialdi honen fitxan sartuta.

Hizkuntzei buruz eskaerari erantsi beharreko merezimenduak ere telematikoki aurkeztu beharko dira, goian adierazitako helbidearen bidez, deialdiaren baremoan zehaztutako atalei jarraikiz antolatuak.

Lehiakideek ez dute aurkeztu beharko deialdiaren xedeko lanpostuan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan, duten antzinatasunari buruzko dokumentazioa. Informazio hori zuzenean sartuko da izangai bakoitzaren espedientean, eta epaimahaiaren esku jarriko da, baremazioa egin dezan.

Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina, aurkeztutako datuak edo agiriak okerrekoak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.2. Epea.

Deialdi bakoitzean eskaerak aurkezteko epea hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta ezin izanen da luzatu.

Merezimendu guztiak agiri bidez aurkeztu beharko dira, telematikoki, izena emateko eskaera aurkezteko epearen barnean.

4.3. Baldintzak frogatzea.

4.3.1. B, C edo D motako gidabaimenaren eskakizuna edo hizkuntza edo euskara eskakizuna ezarrita daukaten plazak eskuratu nahi dituztenek telematikoki aurkeztuko dute, izena emateko eskaerarekin batera, baldintza horiek betetzen dituztela frogatzen duen dokumentazioa. Lehiakideak agiri horiek aurkeztetik salbuetsita geldituko dira gidabaimena edo Europar Batasuneko hizkuntza jakitea eskatzen duen plaza baten titularrak badira edo horrelako plaza bat betetzen ari badira.

4.3.2. 3.5 oinarrian zehaztutako baldintza hori egiaztatzearren, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari baimena eman beharko zaio abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez araututako Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralari eska diezaion ziurtagiri hori, edo, bestela, erregistro horrek emandako ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da.

5.–Izangai onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du deialdi bakoitzean onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak onesteko, eta zerrenda horiek Nafarroako Gobernuaren atarian, dagokion deialdiaren web fitxan, argitaratzeko aginduko du.

5.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek 5 egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.

5.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta erreklamazio horiek ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du deialdi bakoitzean onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrendak onesteko, eta aginduko du zerrenda horiek Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratzeko, kasuan kasuko deialdiaren web fitxan.

Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko dira onartutakoen behin betiko zerrendak, eta Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web fitxan argitaratzeko aginduko da.

5.4. Ezarritako epearen barnean eskaerarik aurkezten ez bada, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du lehiaketako plazak bete gabe gelditu direla deklaratzeko, eta hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

6.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Honako kide hauek osatuko dute lekualdatze-lehiaketen kalifikazio epaimahaia:

Epaimahaiburua: Virginia Marín Fernández andrea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa: Pedro Luis Bados Otazu jauna, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Hautapen Prozesuetako, Lanpostuak Betetzeko eta Administrazio Egoeretako Ataleko burua.

Epaimahaikidea: Langileen Batzordea ordezkatzeko izendatutako pertsona bat.

Ordezkoa: Langileen Batzordea ordezkatzeko izendatutako pertsona bat.

Idazkaria: María Esther Castillo Noain andrea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Hautaketa Prozesuen Koordinazio Administratiboko Unitateko burua.

Ordezkoa: Rebeca Pascal Jaso andrea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

6.2. Kalifikazio epaimahaia eratzen ahalko da deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun beretik aurrera.

Behin kalifikazio epaimahaia eratua denean, epaimahaiburua edo idazkaria gaixotzen bada edo aldi baterako ez badago, justifikatutako arrazoiengatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 22.2 artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.

6.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

7.–Merezimenduak.

7.1. Lekualdatze-lehiaketako deialdi hauetan, honela baloratuko dira merezimenduak:

A) Antzinatasuna deialdiaren xede den lanpostuan, dagokion administrazioan, 1 puntu urteko: gehienez 40 puntu.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, egindako zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

B) Hizkuntzak jakitea.

1) Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik (Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik): 2 puntu gehienez, hizkuntza horietako bakoitzeko.

Frantsesa, ingelesa edo alemana merezimendu gisa baloratuko dira plantilla organikoan hala ezarria daukaten plazetan.

2) Aurreko atalean ezarritakoaz gain, euskararen ezagutza baloratuko da plazak dauden eremuaren arabera, honako irizpide hauei jarraikiz:

a) Eremu euskaldunean: 4,6 puntu gehienez.

b) Eremu mistoan: 2,76 puntu gehienez.

Eremu mistoan euskara merezimendu gisa baloratuko da plantilla organikoan hala ezarria duten plazetan.

Oharrak B) atal osorako:

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila frogatzen duen titulua edo ziurtagiria duenari, emanen zaio aurreko ataletan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena.

Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero, gehienez ematen ahal den puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5.

Euskara merezimendu gisa baloratzean, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzagatik gehienez ematen ahal den puntuazioaren 1/12 emanen da.

7.2. Izangaiek lehiaketan lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, Administrazio Publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Berdinketak jarraitzen badu, zozketa bakar baten bidez erabakiko da, hots, kalifikazio epaimahaiak horretarako berariaz eginen duen zozketa bakarraren bidez. Berdinduta dauden izangaiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

7.3. Balorazioa egin ondoren, epaimahaiak argitara emanen du Nafarroako Gobernuaren atarian, kasuan kasuko deialdiaren web fitxan, lehiakide bakoitzak lortutako puntuazioa, eta 5 egun balioduneko epea irekiko da, argitaratu eta biharamunetik hasita, lehiakideek merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten eta erreklamazioak egin ditzaten.

7.4. Kalifikazio epaimahaiak egiten diren erreklamazioak ebatzi ondoren, parte-hartzaile guztien behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren atarian, kasuan kasuko deialdiaren web fitxan, eta lortutako puntuazioaren arabera ordenatutako izangaien zerrenda igorriko dio Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari, espediente osoarekin batera.

8.–Plaza hutsak aukeratzea.

8.1. Epaimahaiaren espedientea jaso ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du lekualdatze-lehiaketan azkenean sartzen diren plaza hutsei buruz, eta, aldi berean, plaza hutsak hautatzeko epea irekiko da. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren dagokion deialdiaren web fitxan argitaratuko da.

8.2. Parte-hartzaileek bost egun balioduneko epea izanen dute eskaera telematikoki aurkezteko –goian adierazitako helbideko esteka erabiliz– eta plaza hutsak aukeratzeko.

Eskaera ezarritako epean bidaltzen ez dutenek lehiaketaren xede diren plaza hutsak betetzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

Plaza hutsak aukeratzeko epea bukatuta, lehiakideek ezin izanen diote uko egin aukeratutako plazari.

8.3. Lanpostuak betetzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat, lehiakideek ezin dute orain atxikita dauden zuzendaritza nagusi edo erakunde autonomo bereko plaza hutsik aukeratu (zuzendaritza nagusi baten mende ez dagoen maila beheragoko unitate organiko bati atxikita badaude, debeku bera izanen dute), salbu eta plaza aldaketarekin udalerria, lantokia edo lanaldi arrunt edo partzialaren araubidea ere aldatzen bada.

9.–Plaza hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

9.1. Lehiaketan lortutako puntuazioen hurrenkerari jarraikiz esleituko dira plaza hutsak. Birkokatutako lehiakideen kasuan, honako hauetan xedatutakoari jarraikiko zaio: batetik, desgaitasunaren ondoriozko birkokapenen prozedura arautzen duen ekainaren 3ko 114/2002 Foru Dekretuaren 11. artikulua; eta bestetik, abuztuaren 22ko 65/2018 Foru Dekretua, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileak osasun arrazoiengatik birkokatzeko prozedura arautzen duena.

Plaza hutsak aukeratzeak berekin dakar lehiakideak berariaz onartzea eskaeran adierazi dituen plazen artean esleitzen zaiona, eta ezin izanen dio uko egin.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bidez esleituko dizkie lehiakideei egokitu zaizkien plazak, eta lanean hasteko eguna ezarriko du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartzen duten langileei ez zaie aldatuko lehiaketan parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa. Hori ez zaie aplikatuko lanaldi partzialean diharduten langile finkoei. Izan ere, langile horiek lanaldi osoko plaza bat hartzearekin batera funtzionario izaera eskuratuko dute. Funtzionarioen edo estatutupeko langileen araubide juridikoa dutenek aukera izanen dute lan araubideko plaza bat eskuratzeko, lanaldi partzialekoa, merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez. Kasu horretan, borondatezko eszedentziara igaroko dira funtzionario edo estatutupeko langile gisa.

10.–Ordainsariak.

Lekualdatzen direnek jasoko dituzte indarreko xedapenek esleitzen dizkieten ordainsariak.

11.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: F2610406