148. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

MURCHANTE

Lekualdatze-lehiaketa, ikastetxe publikoko etxezain plaza bat betetzeko

Alkateak uztailaren 16an emandako 186/2026 Ebazpenaren bitartez, deialdi baten oinarriak onetsi ziren, lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko ikastetxe publikoko etxezain plaza bat.

Alkatearen ebazpen honen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Murchanten, 2026ko uztailaren 16an.–Alkate udalburua, Macario Manuel Jarauta Simón.

OINARRIAK.–DEIALDIA, LEKUALDATZE-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO IKASTETXE PUBLIKOKO ETXEZAIN PLAZA BAT, FUNTZIONARIOEN ARAUBIDEKOA

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da lekualdatze-lehiaketa bidez betetzea ikastetxe publikoko etxezainaren plaza bat, funtzionarioen araubidean eta lanaldi osoan jardun dezan; 8 zenbakia du Murchanteko Udalaren plantilla organikoan.

1.2. Izendapenaren ondorioz, izangaia Murchanteko Udaleko funtzionario bilakatuko da, ondorio guztietarako, plazaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko da, eta hartan alta emanen.

1.3. Plazak D mailako ordainsariak izanen ditu, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileei dagozkienak, baita plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere.

1.4. Urteko lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.

1.5. Murchanteko (Nafarroa) Mardones y Magaña ikastetxe publikoaren segurtasunaren eta mantentze-lanen kudeaketako lan guztiak egin beharko ditu; besteak beste, honako hauek:

1. Eraikinak eta instalazioak zaindu eta mantenduko ditu.

2. Elektrizitateko, igeltserotzako, iturgintzako eta pinturako konpoketa txikiez arduratuko da.

3. Ikastetxea ireki eta ixteko ardura izanen du, ikastetxeko zuzendaritzak zehaztuko dion ordutegiari jarraituz. Finkatutako ordua baino bost minutu lehenago ireki beharko du ikastetxearen esparrura sartzeko atea, eta eskolak eta zuzendaritzak antolaturiko jarduerak bukatutakoan itxiko.

4. Gela guztien giltzak gordeko ditu eta erabiltzaileen eskura jarriko.

5. Ikastetxeko sarbidea kontrolatuko du.

6. Egunero egiaztatuko du eskola-esparrua ongi dagoela, ekipamendu bakoitza bere tokian dagoela eta instalazioetan ez dela gertatu eskolak eragozten ahal dituen gorabeherarik.

7. Eraikinen, biltegien eta espazioen barnealdeak ongi daudela egiaztatuko du.

8. Ikastetxeak eskatzen dionean, agiriak erreproduzitu, fotokopiatu eta koadernatuko ditu, eta fotokopiagailuak, eskanerrak eta inprimagailuak mantentzeko lanak eginen, bai eta, orobat, bere zeregin nagusiekin bat datozen bestelako lan txikiak ere.

9. Eskola-ordutegitik kanpo heltzen diren ikasleak erregistratuko ditu eta ikastetxeko informazio-telefonoaz arduratuko da.

10. Ikastetxeak eta bertako irakasleek jasotzen dituzten gutunak, oharrak eta abarrak eraman, bildu eta banatuko ditu.

11. Eskola-orduetan sartzen eta irteten diren ikasleak kontrolatuko ditu.

12. Umeekin adeitsuki jokatuko du eta haiek zigortzeko moduko zerbait eginez gero, irakasleei emanen die horren berri.

13. Eskola ekitaldi eta ospakizunetan, behar den laguntza emanen die bai zuzendaritzari bai irakasleei, eta ikastetxearen funtzionamendurako mesedegarria den orotan lagunduko du.

14. Toki batetik bestera eramanen ditu altzariak, objektuak, agiriak eta abar.

15. Lanerako behar dituen materialen eskaerak eginen ditu.

16. Zerbitzuaren hobekuntza bulkatu eta hartan lagunduko du. Horretarako, hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintza eta aldaketak proposatuko ditu.

17. Harrera zerbitzuaz arduratuko da eta telefonoari erantzunen dio: deiak jasotzea, deribatzea, eta horietaz ohartaraztea, mezu elektronikoak jasotzea, argibide orokorrak ematea, bisitei harrera egitea eta abar.

18. Patioa, berdeguneak eta kanpoko pistak mantendu eta garbituko ditu, eta paperontziak hustuko.

19. Baliatzen dituen lanabesak behar bezala erabili, mantendu eta kontserbatuko ditu.

20. Matxura zailago edo konplexuago bat konpondu behar denean, harremanetan jarriko da Udalaren mantentze-zerbitzuekin edo mantentze-lanetako kanpoko enpresekin; hori guztia, arduradunaren bitartez.

21. Inguruabar bereziak edo garbitzeko premia bereziak direla eta, eskolako gelak eta altzariak garbituko ditu.

22. Eraikineko berokuntza eta klimatizazioa piztu, itzali eta mantenduko du eta tenperatu kontrolatuko du gela guztietan.

23. Udalak eta/edo ikastetxeko zuzendaritzak batera erabakitzen dituzten eginkizun guztiak eginen ditu.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Honako arau hauek beteko dira lekualdatze-lehiaketa honetan: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren 10. artikulua (foru lege horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua); aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta jarraian ematen diren oinarriak.

3.–Plaza hutsen kopurua handitzea.

Deialdi honetako plazen kopurua ondoren handitzen ahalko da; hain zuzen ere, gehitzen ahal diren plazak dira hutsik daudenak, epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiakideen zerrenda –lortutako puntuen hurrenkeraren araberakoa– igortzen dion egunean.

4.–Baldintzak.

Indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera, deialdi honetan parte hartzeko bete behar dira honako baldintza hauek, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta izendapenaren egunetik adjudikatutako plazaz jabetu arte:

a) Murchanteko Udaleko langile finkoa izatea (funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa), eta jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.

b) Egotea D maila edo taldean, honako titulu hauetako bat eskatu duen lanpostu batean: DBHko graduatua, eskola graduatua, lehen mailako edo erdi mailako Lanbide Heziketa, edo aurrekoen baliokide bat.

Orobat, deialdian parte hartzen ahalko dute, baldin baldintzak betetzen badituzte, plaza erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian daudenek, edo nahitaezko eszedentzian daudenek, baldin administrazio egoeran gutxienez ere urtebetez egon badira: gisa horretara jardunera itzuliko dira, plaza baten behin betiko adjudikazioa lorturik.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du inola ere ekarriko aldatzea parte hartu aurretik lehiakideek zuten araubide juridikoa.

5.–Eskabideak, aurkezteko epea eta lekua.

5.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Murchanteko Udaleko alkate udalburuari zuzendu behar zaizkio, hamar egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak telematikoki aurkeztu behar dira Murchanteko Udalaren erregistro elektroniko orokorrean (egoitza elektronikoan dago), hartarako baliatuz "Erregistro elektronikoa / Eskabide orokorra aurkeztea" izapidea (Registro Electrónico / Presentación Instancia General), hemen: https://murchante.sedipualba.es/.

Azken eguna larunbata edo baliogabea bada, epea luzatuko da hurrengo lehen egun baliodunera arte.

Eskabideak lotu beharko zaizkio deialdi honetan argitaratutako ereduari (I. eranskina), eta haietan izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko jarritako epea amaitzen den egunean.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

5.2. Eskabidearekin batera, aurkeztu beharko dira alegatzen diren merezimendu guztien frogagiri autentifikatuak (betiere deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera), salbu Murchanteko Udalean egindako zerbitzuen frogagiriak, horiek zuzenean igorriko baitizkio epaimahaiari deialdia egin duen organoak.

6.–Onartuen behin-behineko zerrenda eta erreklamazioak.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Muchanteko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Murchanteko Udalaren iragarki-taulan eta gardentasun-atarian. Orobat, ohartaraziko du hurrengo bost egun balioduneko epean baztertuek erreklamazioak egin ditzaketela eta, akatsik egin badute, horiek zuzendu.

Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Murchanteko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du adierazteko lehiaketako plazak bete gabe geratu direla. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta horiek ebatzirik, alkateak onartuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta aginduko du argitara dadila Murchanteko Udalaren iragarki-taulan eta gardentasun-atarian.

7.–Epaimahaiaren osaera.

Lehiaketa kalifikatuko duen epaimahaiak honako kide hauek izanen ditu:

1.–Epaimahaiburua: Macario Manuel Jarauta Simón, Murchante Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: María Luisa Jiménez Malo, Murchante Udaleko lehen alkateordea.

2.–Epaimahaikide idazkaria: Jesús Litago Zardoya, Murchanteko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Cristina Montes Chivite, Cortesko Udaleko idazkaria.

3.–Epaimahaikidea: Rosana Sáez Ramírez, Murchanteko Udaleko kontu-hartzailea.

Ordezkoa: Jesús Manuel Rosón Lete, Ribaforadako Udaleko kontu-hartzailea.

Epaimahaia eratu beharko da onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost egunean.

Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren auzi guztiak.

Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hala jakinarazi deialdia egin duen organoari, baldin gertatzen bada administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako ezarritako arrazoiren bat. Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

8.–Merezimenduen kalifikazioa.

Epaimahaiak izangaien merezimenduak baloratuko ditu honako baremo honen arabera:

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 30 puntu gehienez.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 10 puntu gehienez.

Epaimahaiak II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatuko eta puntuatuko ditu izangai bakoitzak aurreko bi apartatuei dagokienez alegatutako eta frogatutako merezimenduak.

Deialdiaren 5.b) oinarrian agindutakoaren arabera, merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatu beharko ditu izangai bakoitzak, lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkezten duenean, eta horretarako jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatuak erabili beharko ditu. Salbuespen bakarra izanen dira Murchanteko Udalean egindako zerbitzuen frogagiriak, horiek zuzenean igorriko baitizkio epaimahaiari deialdia egin duen organoak.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiakideek alegatutako eta frogatutako merezimenduez.

Lehiaketako elementu guztien balorazioa egin ondoren, epaimahaiak argitara emanen du, Murchanteko Udalaren ediktu-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun atarian.

Lehiaketako elementuak baloratu ondoren, epaimahaiak interesdunei jakinaraziko dizkie parte-hartzaileen puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea emanen du, interesdunek alega dezaten beren eskubidearen arabera komeni zaiena, balorazio horri buruz.

Guztirako puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, administrazio publikoetan antzinatasun handiena dutenen alde eginen da. Hala ere berdinduta segitzen badute, lehiakide zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

9.–Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa.

Behin aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoan, epaimahaiak parte-hartzaile guztien behin betiko puntuazioak emanen ditu argitara Murchanteko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun-atarian, eta Murchanteko Udaleko alkate udalburuari igorriko dio lehiakideen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, espediente osoarekin batera, behar den ebazpena eman dezan, hasieran deitutako lanpostuen kopurua handitzeari dagokionez.

Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenaren jakinarazpena jaso ondoren, epaimahaiak proposamena eginen dio deialdia egin duen organoari, izenda daitezen deialdiko plaza kopuruan kabitzen diren lehiakideak, betiere gainditu badute eskatzen den gutxieneko puntuazioa, eta plaza kopuruan sartuko dira aurreko paragrafoan aipatutako handitzearen ondoriozkoak, halakorik bada.

10.–Adjudikatzea eta plazaz jabetzea.

Alkateak, ebazpen baten bidez, dagozkien lanpostuak adjudikatuko dizkie lehiakideei, eta aginduko du adjudikazio hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

Plaza adjudikatu zaien lehiakideek hamar egun naturaleko epean jabetu beharko dute plazaz, adjudikazioari buruzko ebazpena jakinarazi ondotik, salbu eta deialdia egin duen organoak jabetza hartzeko bertze data bat ezartzen badu ebazpen horretan.

11.–Datuen babesa.

Murchanteko Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna. Tratamenduaren helburua da administrari-ofizialaren plaza betetzeko lekualdatze-lehiaketaren deialdia kudeatzea eta izapidetzea.

Hona hemen tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, kontratu bat gauzatzeko, interesduna kontratu horren alderdi bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko).

Aurkeztutako datuak behar den denboran gordeko dira, zer xedetarako bildu diren, xedea lortzeko beharrezkoa den denboran, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko behar den denboran ere. Aplikatuko da artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko 12/2007 Foru Legea eta Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

Legez ezarritako kasuetan argitaratuko dira datuak, deialdian ezarritakoaren arabera, eta komunikatzen ahalko dira bat etorriz maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearekin (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko Foru Legea).

Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, egoitza elektronikoaren bidez (datuak babesteari buruzko izapideak), edo datuak babesteko ordezkariaren helbidearen bidez (dpd@murchante.com).

Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, eta oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendu behar baitzaio Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari, bat etorriz uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin, zeinaren bidez arautzen baita Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean zuzendua Nafarroako Administrazio Auzitegiari, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, zeina zuzendu behar baitzaio deialdia egin duen eta epaimahaia izendatu duen udal organoari, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Hori guztia, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluarekin (lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa).

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

Izena: ....................................................................................................................................., adinez nagusia, NAN zenbakia: ................................................. (edo balio bereko beste agiriren bat), sorteguna: ....................(e)ko ..............................................aren ..........(e)(a)n, sorterria: ........................................... (.............................................), nazionalitatea: ...............................................................; egungo bizitokia: ....................................... (.............................................), kalea: ..............................................................., posta kodea: ............................, telefonoa: ......................................................... eta posta elektronikoa: ...............................................................................

ADIERAZTEN DUT:

Eskatutako baldintza guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko emandako epea bukatzen den egunean, ikastetxe publikoko etxezain plaza bat lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko deialdian, zeina argitaratu baitzen .......... zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun honetan: ...............(e)ko ..............................aren ..........(e)(a)n.

–Eransten dudala deialdian parte hartzeko eskatutako dokumentazioa.

–(Kasua bada) Desgaitasuna dudala eta, hortaz, behar ditudan egokitzapenak eskatzen ditudala, haietarako arrazoiak adierazita (beste orri batean zehaztu beharko dira eskatutako egokitzapenak eta eskaeraren arrazoiak).

–(Kasua bada) Aurkezten dudala desgaitasuna frogatzen duen agiria, erakunde eskudun batek emana.

–Eskabidearekin batera aurkezten dudala lehiaketaldirako merezimenduen fotokopia.

Horiek horrela, eskatzen dut eskabide hau onartzea eta, beraz, onartua izatea honako honetan: lekualdatze-lehiaketa, ikastetxe publikoko atezain plaza bat, funtzionarioen araubidekoa, betetzeko.

Murchanten, 2026ko ............................................aren ........(e)an.

(Sinadura)

MURCHANTEKO UDALEKO ALKATEA.

Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.Tratamenduaren arduraduna: Murchanteko Udala. Helburua: administrari-ofizialaren lanposturako lekualdatze-lehiaketaren deialdia kudeatzea eta izapidetzea. Eskubideak: datuetan sartzeko eta datuak zuzentzeko eta deuseztatzeko eskubideak, bai eta bestelako eskubideak ere, jarraikiz deialdiko 11. oinarrian adierazitako informazio gehigarrian adierazitakoari.

II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak (gehienez 30 puntu).

1. Edozein administrazio publikotan deialdian eskatutako maila/talde bereko lanpostuetan egindako zerbitzuak, titulazio bera eskatu bada: 1,50 puntu urte bakoitzeko.

2. Edozein administrazio publikotan aurreko horiek ez bezalako lanpostuetan egindako zerbitzuak: 0,40 puntu urte bakoitzeko.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa eta bertze merezimendu batzuk (10 puntu gehienez).

1. Administrazio publikoek, erakundeek edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu emanen dira ordu bakoitzeko edo kreditu akademikoaren baliokidea den ordu kopuru bakoitzeko (kreditu akademiko bat = 10 eskola-ordu), eta gehienez ere 10 puntu.

Oharrak:

a) atala:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, egindako zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

4. Beste zerbitzu batzuekin aldi berean egindako zerbitzuen kasuan, puntuaziorik handiena dutenak bakarrik baloratuko dira.

5. Langile funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeari dagokionez, egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

6. Gehienez ere 30 puntu emanen dira a) atal honetan.

b) atala:

1. Baloratu beharreko prestakuntza-ekintzen ondoriozko eskola-orduen zatikiak ez dira ez puntuatuko, ez hainbanatuko.

2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei ordu baten balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituren balorazioa emanen zaie; hau da, 120 ordurena.

4. Puntuazio berarekin baloratuko da Administrazioak agindutako edo baliozkotutako prestakuntza ekintzetan parte hartu izana, nahiz eta erakunde antolatzaileari dagozkion baldintzak ez bete. Horien artean, espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean antolatutakoak.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira atal honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitateaz kanpokoak.

6. Atal honetan, merezimenduak baloratuko dira soilik baldin zerikusi zuzenik badute deialdiko lanpostuarekin.

7. Gehienez ere 10 puntukoa izanen da b.1) atalaren puntuazioa.

Iragarkiaren kodea: L2609928