1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
680E/2026 EBAZPENA, ekainaren 30ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa ematen baita Arakilgo arau subsidiarioen aldaketari buruz. Aldaketa horrek Aizkorbeko 1. poligonoko 254. lurzatiari eragiten dio, eta María Rosario Mutiloa Recondok sustatu du.
Arakilgo Udalak 2025eko abenduaren 11n onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean jarri zuen iragarki bat argitaratuz 2026ko 21. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 29koan. Espedientean jasota daude arau subsidiarioen aldaketaren memoria, planoak eta ingurumen dokumentu estrategikoa.
Aldaketaren xedea da Arakilgo (Aizkorbe) 1. poligonoko 254. katastro-lurzatia birsailkatzea, lurzoru urbanizaezina izatetik bizitegi-erabilerako hiri-lurzoru finkatugabea izatera igaro dadin, familia bakarreko etxebizitza bat eraikitzeko.
Lurzoruaren birsailkapenak 1.815,87 metro koadroko azalerari eragiten dio; Aizkorbeko hirigunearen hegoaldean kokatua dago, eta jarraipena ematen dio hiriguneari. Lurzatiak ibilgailuentzako sarbidea du, eta zerbitzu guztietara konektatzeko aukera. Malda ertaineko lurrak dira, belardi naturalak, eta, ingurumen balio aipagarririk identifikatu ez denez, ez da ingurumen ukipen nabarmenik aurreikusten.
Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak jakinarazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura behar bezala bete dela, eta, haren iritziz, Arakilgo arau subsidiarioetan, 1. poligonoko 254. lurzatiaren eremuan (Aizkorbe), egin gogo den aldaketak ez du ingurumen ukipen nabarmenik eragiten.
Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen abuztuaren 17ko 10/2023 Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Txosten estrategikoa ematea, aldekoa, Arakilgo arau subsidiarioen aldaketari buruz, ingurumen ukipenik eragiten ez duela iritzita. Aldaketak Aizkorbeko 1. poligonoko 254. lurzatiari eragiten dio, eta María Rosario Mutiloa Recondok sustatu du.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Arakilgo Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko ekainaren 30ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
ERANSKIN GRAFIKOA

Arakilgo (Aizkorbe) 1. poligonoko 254. lurzatiaren aldaketaren eremua
Iragarkiaren kodea: F2609633