146. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

678E/2026 EBAZPENA, ekainaren 30ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa ematen baita Alesbesko udal plan orokorraren aldaketari buruz. Aldaketak SR-3 bizitegi-sektoreko sSR-3.0 eta sSR-3.2 azpisektoreetako eremuari eragiten dio, eta Alesbesko Udalak sustatu du.

Alesbesko Udalak aldaketa hori 2025eko abenduaren 23an hasiera batez onetsi ondoren, jendaurrean egoteko tramitea bete zen, iragarki bat argitaratuz 2026ko 11. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 16koan. Espedientearen parte dira planaren aldaketaren memoria eta agiri grafikoak.

Aldaketaren xedea da bi azpisektore birmugatzea, sSR-3.0 eta sSR-3.2 izenekoak, SR-3 bizitegi-sektorearen barruan. sSR-3.0 azpisektoreari dagokionez, zeina hiri-lurzoru finkatuari baitagokio, proposatzen da UU-R3.01 urbanizazio unitatea kentzea, unitate horretan aurreikusitako lagapen urbanizatuko bidea sSR-3.2 azpisektorean sar dadin, zeina antolamendu xehaturik gabeko bizitegi-erabilerako lurzoru urbanizagarria baita.

Aldaketak berekin dakar bidea birsailkatzea, hiri-lurzorua izatetik bizitegi-erabilerako lurzoru urbanizagarria izatera igarotzen baita, sSR-3.2 azpisektorean sartuta, zeina SGEL 5 azpisektoreko (Parkea) espazio libreko sistema orokorrarekin mugakidea baita (ikus eranskin grafikoa).

Lurzoruaren birsailkapenak 1.379 metro koadro inguruko azalerari eragiten dio; Alesbesko hirigunearen hego-mendebaldean kokatua dago, eta harekin muga egiten du. Lur lauak dira, bide batek okupatzen dituenak, eta, bertan ingurumen balio aipagarririk identifikatu ez denez, ez da ingurumen ukipen nabarmenik aurreikusten.

Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak jakinarazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura behar bezala bete dela, eta, haren iritziz, Alesbesko udal plan orokorrean, SR-3 bizitegi-sektorearen eremuan, egin gogo den aldaketak ez du ingurumen ukipen nabarmenik eragiten.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen abuztuaren 17ko 10/2023 Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa ematea Alesbesko udal plan orokorraren aldaketari buruz, ingurumen ukipenik eragiten ez duela iritzita. Aldaketak SR-3 bizitegi-sektoreko sSR-3.0 eta sSR-3.2 azpisektoreetako eremuari eragiten dio, eta Alesbesko Udalak sustatu du.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Alesbesko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko ekainaren 30ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

ERANSKIN GRAFIKOA

Iragarkiaren kodea: F2609619