Iragarkia
146. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 28a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
453/2026 EBAZPENA, ekainaren 30ekoa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez jarraibideak onesten baitira Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalaren eta Nafarroako Dantza Eskolaren antolaketa eta funtzionamendua arautzeko 2026-2027 ikasturtean.
Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalak aldeko txostena aurkeztu du jarraibideak onets daitezen 2026-2027 ikasturtean Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalaren eta Nafarroako Dantza Eskolaren antolaketa eta funtzionamendua arautzeko.
Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Jarraibideak onestea (I. eranskinean jaso dira) Iruñeko Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalaren antolaketa eta funtzionamendua arautzeko 2026-2027 ikasturtean.
2. Jarraibideak onestea (II. eranskinean jaso dira) Nafarroako Dantza Eskolaren antolaketa eta funtzionamendua arautzeko 2026-2027 ikasturtean.
3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalera, Musikaren Hiria Koordinatzeko Bulegora eta ukitutako ikastetxeetara.
5. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Iruñean, 2026ko ekainaren 30ean.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
I. ERANSKINA.–JARRAIBIDEAK, PABLO SARASATE MUSIKA KONTSERBATORIO PROFESIONALAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEKO 2026-2027 IKASTURTEAN
Ikasturte hasierako jarraibideek zehazten eta argitzen dituzte indarreko araudiaren alderdi batzuk, eta arautzen dituzte arautu gabeko beste batzuk, Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionaleko antolaketa eta funtzionamendua hobetzeko. Horrez gain, ezartzen dituzte ikasturtean lehentasunez landu behar diren ildoak.
Jarraibideak bi kapitulutan daude bereizita:
Lehenbizikoa urteko programazio orokorrari buruzkoa da. Hor, besteak beste, ematen dira ikastetxearen hobekuntza planak prestatzeko argibideak, bai eta ebaluazioetan duten parte-hartzearen gaineko jarraibideak ere, hobetu daitezkeen arloak detektatzeko.
Bigarrenean, antolaketaren alderdi batzuk zehazten dira, ikastetxearen funtzionamendurako beharrezkoak direnak.
I.–URTEKO PROGRAMAZIO OROKORRA
A) Alderdi orokorrak.
1.–Xedapen orokorrak.
Urteko programazio orokorra (UPOa) Kontserbatorioaren plangintza, antolaketa eta funtzionamendurako oinarrizko tresna da. Izan ere, Kontserbatorioaren hezkuntza proiektua, antolaketa eta funtzionamendu arauak eta kudeaketa proiektua zehazten ditu ikasturte bakoitzerako.
Urteko programazio orokorraren esparruan, ikastetxeek erabaki hauek hartuko dituzte ikasturte bakoitzerako:
a) Pedagogiaren eta curriculumaren arloan jarduteko plan, proiektu eta programei buruzko erabakiak. Erabaki horiek urteko pedagogiaren eta curriculumaren zehaztapena izanen dira.
b) Antolaketari eta funtzionamenduari buruzko erabakiak. Erabaki horiek urteko antolaketaren eta funtzionamenduaren zehaztapena izanen dira.
c) Baliabideen kudeaketari buruzko erabakiak. Erabaki horiek urteko kudeaketaren zehaztapena izanen dira.
UPOa prestatzeko eta haren jarraipena eta ebaluazioa egiteko, orientazio gida bat egonen da eskuragai eskola kudeaketako Educa sisteman (adibideak jasotzen ditu).
Urteko programazio orokorrari buruzko informazioa Hezkuntza Departamentuaren eta ikastetxeko hezkuntza komunitatearen eskura egonen da.
2.–Informazioa biltzeko iturriak.
Urteko programazio orokorra egiteko, honako iturri hauek hartuko dira kontuan, besteak beste:
a) Ikastetxearen hezkuntza proiektua.
b) Aurreko ikasturtearen bukaerako memorian proposatutako hobekuntza arloak, zeinek kasu guztietan barne hartuko baitituzte emaitzen memorietan jasotako hobekuntza proposamenak, emaitza akademikoen analisiaren ondoriozkoak.
c) Urte anitzeko hobekuntza plana, ikastetxearen autoebaluazio prozesuaren ondoriozkoa.
d) Dagoen zuzendaritza proiektua edo plan estrategikoa.
e) Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak igorritako gomendioak, aurreko ikasturteko gainbegiratze prozesuen ondoriozkoak.
f) Hezkuntza Departamentuak ikasturte hasieran emandako jarraibideak.
g) Kontserbatorioak ezarritako beste programa batzuk.
h) Ikastetxearen kalitatea kudeatzeko sistemaren autodiagnostikoa, halakorik bada.
i) Ikastetxeko plan digitala.
3.–Edukia: atalak eta garapena.
Urteko pedagogiaren eta curriculumaren zehaztapenean jasoko dira, ikasturte bakoitzerako, ikastetxeen pedagogiaren eta curriculumaren jardunari buruzko erabakiak. Urteko programazio orokorraren atal hauetan bilduko dira:
a) Ikastetxearen urteko plana.
b) Koordinazio didaktikorako departamentuen eta beste talde batzuen urteko planak.
c) Urteko inklusio plana, ikasleen desberdintasun indibidualei arreta emateko neurriak jasoko dituena.
d) Urteko tutoretza plana.
e) Urteko bizikidetza plana.
f) Programazio didaktikoak.
g) Ikasturtean garatu beharreko proiektu, programa eta plan propioak.
h) Ikasturtean garatu beharreko beste proiektu, programa eta plan instituzional batzuk.
i) Ikastetxeko urteko prestakuntza plana.
j) Ikastetxearen urteko plan digitala.
k) Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.
l) Urteko programazio orokorraren jarraipena eta ebaluazioa.
m) Eranskinak.
Nolanahi ere, urteko programazio orokorraren atal bakoitza musikako arte irakaskuntza profesionalen berezitasunetara egokituko da, bai eta Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalaren berezko ezaugarrietara ere.
Ikastetxearen urteko plana bideratuta egonen da lehentasunezkotzat jotzen diren alderdiak hobetzera, eta urteko programazio orokorraren funtsezko elementua izanen da, gainerako jarduketa planak orientatu eta zehaztuko dituena.
Departamentuek (eta irakaslana koordinatzeko beste organo batzuek, bidezkoa bada) helburuen eta ekintzen plan propioa izanen dute. Horren bidez, urteko planean zehaztutako lehentasunezko helburuak lortzen laguntzeaz gain, helburu propioak edo Kontserbatorioaren beste plan espezifiko batzuetatik ateratako helburuak ere formalizatuko dituzte.
Ikastetxeko urteko plan digitala kanpoan aurkezteko esportatu behar den dokumentua denez, Educan horretarako prestatu den txantiloian sartu beharko da.
Urteko antolaketaren eta funtzionamenduaren zehaztapenean bilduko dira, ikasturte bakoitzerako, honako alderdi hauei buruzko urteko erabakiak: gobernu-organoen eta irakaslana koordinatzeko organoen osaera eta lan planak, ikastetxearen egutegi eta ordutegi orokorra, taldeak eratzeko eta tutoretzak esleitzeko irizpideak, ikastetxearen ordutegiak –orokorra, ikasleena eta irakasleena– egiteko irizpideak eta, orobat, ebaluazioen egutegia.
Era berean, Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalak beste edozein atal gehitzen ahalko du ikasturterako antolaketaren eta funtzionamenduaren erabakiei buruz, betiere indarreko araudian ezarritakoa errespetatuz.
Urteko kudeaketaren zehaztapenean bilduko dira, ikasturte bakoitzerako, honako alderdi hauei buruzko urteko erabakiak: urteko aurrekontua eta kudeaketa kontua, irakasleen, zaintzen eta jagoletzaren plantilla, instalazioak eta ekipamendua, ikastetxeko larrialdi plana eta, hala badagokio, kalitatearen kudeaketako baldintzak.
Era berean, Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalak beste edozein atal gehitzen ahalko du ikasturterako baliabideen kudeaketaren erabakiei buruz, betiere indarreko araudian ezarritakoa errespetatuz.
4.–Prestaketa.
Azterturik kasuan kasuko ikasturtean dauden beharrak eta aurreikuspenak, eta kontuan harturik organo bakoitzaren deliberoak eta erabakiak, bai eta oharrak eta ekarpenak ere, urteko programazio orokorraren atalak idatziko dira.
Ikastetxeko urteko programazio orokorraren prestaketaz zuzendaritza-taldea arduratuko da. Horretarako, kontuan hartuko ditu ikastetxeko kide anitzeko gobernu-organoek edo koordinazio pedagogikorako batzordeak beren eskumen-esparruetan aurrez onetsitako proposamenak, baita hezkuntza komunitateko beste edozeinek egindako proposamenak ere. Xede horiekin, prozesua zuzendu eta koordinatuko du, egitekoak zehaztuko ditu eta dokumentuak nork idatziko dituen erabakiko du. Era berean, prestaketa prozesurako tresnak jarri eta epeak finkatuko ditu.
Urteko programazio orokorra prestatzeko orduan, zorroztasuna, erraztasuna eta erabilgarritasuna hartuko dira kontuan. Sartzen diren planen egitura operatiboak erraztuko du plana gauzatzea eta haren segimendua egitea, honako hauek zehaztuta: helburuak, adierazleak, noraino iritsi nahi den, ekintzak, arduradunak, denbora-plangintza eta ebaluazioa.
Urteko programazio orokorra Educa aplikazioarekin eginen da, horretarako txantiloi eta operatibo propioa erabiliz. Kalitatea kudeatzeko sistema (KKS) ezartzeko eta mantentzeko programan parte hartuz gero, UPOa Kadinet tresnaren bidez prestatzen ahalko da.
Urteko programazio orokorra eskola kontseiluak onetsi beharko du; eta hezkuntzaren, pedagogiaren eta curriculum-zehaztapenaren inguruko alderdi guztiek irakasleen klaustroaren onespena beharko dute. Onetsi ondoren, urteko programazio orokorra hezkuntza komunitateko kide guztiek bete beharko dute nahitaez.
5.–Tramitazioa, jarraipena eta ebaluazioa.
Behin onetsirik, urriaren 31 baino lehen, UPOa Educa aplikazioan argitaratuko da. Kontserbatorioan ere utziko da, hezkuntza komunitateak eskura izan dezan.
Salbuespen gisa, gerora sortutako inguruabarrak gertatzen direnean, urteko programazio orokorra ikasturtean zehar aldatzen ahalko da. Berriz onetsi beharko da, 4. atalean (Prestaketa) ezarritakoarekin bat, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari igorri.
Kontserbatorioko zuzendaritza-taldeak eta arduradunek aldizkako jarraipena eginen dute Educa aplikazioan eta, hala badagokio, Kadinet tresnan, gutxienez hiru hilean behin, jakiteko nola garatzen ari diren urteko programazio orokorra osatzen duten plan, proiektu eta programak, honako hauek kontuan hartuta:
a) Dagokion atal espezifikoan, urteko programazio orokorrak honako hauek zehaztu beharko ditu: jarraitu beharreko prozedura, informazioa biltzeko irizpideak, arduradunak eta epeak. Bermatu beharko du aztertu eta baloratzen dela zenbateraino garatu diren planteatutako ekintzak, lortu diren proposatutako helburuak, nola bete diren erantzukizunak eta ezarritako epeak bete diren.
b) Urteko programazio orokorraren atal bakoitza ebaluatzeko prozesuak berekin ekarriko du iturri desberdinetatik datu garrantzitsuak biltzea eta datu horiek aztertzea eta interpretatzea urteko programazio orokorrean bertan aurreikusitako irizpideei jarraituz. Azken hausnarketak eta balorazioak aztertuko du zerk eragin dituen emaitzak, eta esku hartzeko ildoak ezarriko ditu, hurrengo ikasturtera begirako hobekuntza proposamen koherenteak zehaztuta.
Ikasturtea bukatzean, Kontserbatorioko eskola kontseiluak, irakasleen klaustroak eta ikastetxeko zuzendaritza-taldeak azken ebaluazioa eginen dute, jakiteko noraino bete den UPOa. Ebaluazio hori ikasturte bukaerako memorian jasoko da –Educa aplikazioan, eta, hala badagokio, Kadinet tresnan–. Horretarako, arduradun bakoitzak aztertuko eta baloratuko ditu dagokion planaren, proiektuaren edo programaren emaitzak.
Era berean, bukaerako memorian, ikasleen emaitza akademikoei eta mailaz igotzeari buruzko ebaluazioa sartuko da, ikasleen errendimendu akademikoak izandako bilakaerarekin batera.
Horretarako, bukaerako memorian txosten bat gehituko da, ikasleen emaitza akademikoen analisi zehatza biltzen duena, eta, horrekin batera, gogoeta eginen da emaitza horiek eragin dituzten zergatiei buruz, eta, hala badagokio, curriculum-elementuen, materialen, antolaketa-elementuen eta baliabide pertsonalen funtzionamenduan atzeman diren gabezia eta disfuntzioei buruz.
Bukaerako memoria eskola kontseiluak onetsi beharko du; eta hezkuntzaren, pedagogiaren eta curriculum-zehaztapenaren inguruko alderdi guztiek irakasleen klaustroaren onespena beharko dute.
Behin onetsita, ikasturte bukaerako memoria ikastetxeko ikuskatzailearen eskura jarriko da, Educaren bidez, ekainaren 30ean beranduenez.
6.–Gainbegiratzea.
Kontserbatorioko erreferentziazko ikuskatzaileak urteko programazio orokorra eta ikasturte bukaerako memoria gainbegiratuko ditu, egiaztatzeko bat datorrela indarreko araudiarekin eta ikastetxearen behar eta emaitzekin, eta, hala badagokio, behar diren zuzenketak eta doikuntzak egitea eskatuko du.
7.–UPOaren eranskinak.
Eranskin gisa, UPOarekin batera aurkeztu behar dira programazio didaktikoen adostasun agiriak, ziurtatzearren programazioak egoki jaso dituela eskatzen diren atal guztiak. Beraz, Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionala arduratuko da programazio horiek zaintzeaz. Dena dela, beharrezkoa den kasuetan, Hezkuntza Departamentuko dagokion zerbitzuak berariaz eskatzen ahalko du programazioa, hainbat arrazoirengatik: auzia irakaskuntza ikuskatzeko prozesuetan sartzen delako, kalifikazioen kontrako erreklamazioak egin direlako, analisi estatistikoak egin behar direlako edo beste arrazoi batzuk direla medio.
Programazio didaktikoen adostasun ereduak eskuragarri egonen dira Educan, UPOan, eranskin gisa.
B) UPOaren gaineko argibideak.
1.–Kontserbatorioaren ordutegi orokorra prestatzeko irizpideak.
Kontserbatorioaren ordutegi orokorra zuzendaritza-taldeak prestatuko du, Musikaren Hiria Koordinatzeko Bulegoaren eta klaustroaren iritzia entzun ondoren. UPOan aurreikusitako jarduerak beteko direla bermatzeko moduan eginen da, eta eskola kontseiluak onetsi beharko du. Hortaz, Kontserbatorioaren ordutegi orokorrak honako hauek bilduko ditu gutxienez:
a) Kontserbatorioa zer ordutan eta zer baldintzarekin egonen den irekita eskola komunitatearentzat. Atal hori aldez aurretik baliozkotu beharko du Musikaren Hiria Koordinatzeko Bulegoak.
b) Eskola jardueren ordu banaketa, betiere irizpide pedagogikoei jarraituz egina. Irakasleek ordutegi bat edo beste nahiago izateak ezin izanen du inola ere oztopatu irizpide horiek erabiltzea. Orduen banaketa egitean, aurretik esandakoaz gain, indarreko araudian ezarritakoa hartu beharko da kontuan.
c) Eskola jarduerez bestelako jardueren ordu banaketa, betiere, ikasleen eskola ordutegia eten gabe prestatuko da. Irakasleen klaustroaren bilerak, ebaluazio saioak eta ikastetxeko langileak ez diren kideak dituzten organoen bilerak, arrazoitutako salbuespena izan ezik, ahal den guztietan, eskola ordutegitik kanpo eginen dira, kasuan kasuko gobernu- edo koordinazio-organoetako kide guztiak bertaratu ahal daitezen.
d) Maiatzeko eta ekaineko jardueren behin betiko egutegiaren aurreikuspena; horretan azken probak eta ebaluazioak noiz eginen diren adieraziko da, baita kontsultak egiteko epea zein izanen den ere. Apirilaren 30aren aurretik, Kontserbatorioak aipatu diren jarduera horien behin betiko egutegia igorriko du Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura.
e) Irakasleen ordutegi orokorra.
f) Irakasleen banakako ordutegia.
Ikastetxeko ordutegi orokorra egiteko nahitaez hartuko dira kontuan, klaustroak adierazitakoaz gain, II.2 puntuan zehaztutako irizpideak.
Ikastetxeko ordutegi orokorra prestatu baino lehen, Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalak ados jarri beharko du Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioarekin, bateragarriak izan daitezen bietan irakasten duten langileen zereginak.
Kontserbatorioa eta haren instalazioak eskola ordutegitik kanpo erabiltzeari dagokionez, indarreko araudian ezarritakoari jarraituko zaio.
2.–Aniztasunari erantzutea.
Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionala da, bere osotasunean, bertako ikasle guztien aniztasunari erantzun inklusiboa eta hezkidetzan oinarritua emateko arduraduna, eta, horretarako, konpromiso irmoa erakutsi behar du bikaintasunaren, berdintasunaren eta genero-berdintasunaren printzipioekin, hezkuntza inklusiboaren oinarri diren aldetik.
Ikasleen aniztasunari ahalik eta egokien erantzuteko, funtsezkoa da irakasle talde osoaren lana. Ardatz izanen du hautematea ikaskuntzarako sarbidea oztopatzen duten trabak, eta adierazi behar du zein diren horiek ezabatzeko helburuak (inklusio planean eta hobekuntza planean jaso beharko dira helburuok).
Ikasleen premiei erantzuteko jarduerak eta neurriak inklusio planetatik abiatu behar dira. Planaren zehaztapena, antolaketa neurriekin, ezarritako proposamen teknikoa oinarri hartuta eginen da, eta bermatuko da zuzendaritza-taldeak bete eta garatzen duela.
Jaso beharko da zer sarbide neurri eta jarduketa hartuko diren hezkuntza laguntzako berariazko premiak izateagatik oztopoak dituzten ikasleei erantzuteko. Familiei neurri horien berri emanen zaie.
Inklusio planaren zehaztapena bidaliko da Hezkuntza Departamentuko Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, urriaren 31 baino lehen.
Ikasleen aniztasunari erantzuteari buruzko gainerako alderdietarako, hala dagokionean, Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalak aplikatuko du Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren maiatzaren 26ko 333/2026 Ebazpenaren II. eranskineko I.B)3 puntuan jasotakoa (ebazpen horren bidez jarraibideak onetsi ziren 2026-2027 ikasturtean arautzeko zer antolaketa eta funtzionamendu izanen dituzten Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Hezkuntza Bereziko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek).
II.–ANTOLAKETARI DAGOZKION ALDERDIAK
1.–Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalaren funtzionamendu organikoari buruzko alderdiak.
1.1.–Zuzendaritza-taldea.
Kide bakarreko kargu hauek osatuko dute zuzendaritza-taldea: zuzendaria, ikasketaburua, musika eskoletarako ikasketaburu albokoa eta idazkaria.
1.2.–Koordinazio didaktikorako departamentuak.
Kontserbatorioan koordinazio didaktikorako departamentu hauek izanen dira:
–Hari igurtzia eta hari sakatua: Harpa, Kontrabaxua, Gitarra, Biola, Biolina eta Biolontxeloa.
–Haize eta perkusio instrumentuak: Klarinetea, Fagota, Moko Flauta, Zeharkako Flauta, Oboea, Perkusioa, Saxofoia, Tronboia, Tronpa, Tronpeta, Tuba eta Txistua.
–Tekla instrumentuak: Akordeoia, Klabea, Organoa, Pianoa eta Piano Osagarria.
–Konposizioa, musikologia eta musikaren teoria: Akonpainamendua, Analisia, Harmonia, Konposizioaren Oinarriak, Musikaren Historia eta Musika Hizkuntza.
–Kantua: Kantua, Hizkuntzak Kantuari Aplikatuta eta Abesbatza.
–Instrumentu taldeak: Ganbera Musika, Orkestra, Jazzaren Hastapenak, Antzinako Musikaren Lantegia, Banda eta Taldea.
Taldea irakasgaia kasuan kasuko taldea osatzen duten instrumentuetako bateko irakasleek emanen dute. Taldea eta Errepertorioa irakasgaietan, zuzendaritza-taldeak ahalmena izanen du dauden baliabideak ezartzen diren irizpide pedagogikoen arabera antolatzeko.
Aurreko zerrenda horretan ageri ez diren espezialitateak edo irakasgaiak ematen dituzten irakasleak kasuan-kasuan egokien den departamentu didaktikoari atxikiko zaizkio, ikastetxeko zuzendariak erabakita, kontuan harturik ikastetxearen ezaugarriak eta irakasleen espezialitateak.
Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan ere eskolak ematen dituzten irakasleak, horren ondorioz, ikastetxe horretan dagozkien koordinazio didaktikorako departamentuetan ere sartuko dira. Halakoetan, irakasleek bi ikastetxeetako departamentuek deituta egiten dituzten bileretara joan behar dute.
1.3.–Koordinatzaileak eta arduradunak.
1.3.1.–Ikastetxeko orkestraren arduraduna.
Orkestraren arduradunak, ikasturtearen hasieran, ikasturte osorako lan plana eginen du, eta zuzendaritza-taldeari aurkeztuko, onets dezan. Plana urteko programazio orokorrean sartuko da, "Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa" atalean. Plan horretan, ikastetxeko orkestrak ikastetxearen ordezkari gisa urtean eskainiko dituen emanaldi batzuk jaso beharko dira. Emanaldi horiek zuzendaritza-taldeak eskatuta edo Hezkuntza Departamentuak eskatuta eginen dira. Halaber, egin dituen jardueren azken memoria egin beharko du, eta ikasturtearen bukaerako memorian sartu.
Orkestraren arduraduna izendatzeko –espezialitateko irakasle izan beharko du–, jarraibide hauetako II.6 puntuan ezarritako irizpide orokorra aplikatuko da.
Ikastetxeko orkestraren jarduerak Orkestra irakasgaiaren curriculumean sar daitezke, dagokion programazio didaktikoaren arabera. Hala ere, irakasgaian matrikulatuta ez dauden ikasleen parte-hartzea ere onartzen ahal da, baita ikastetxean matrikulatuta ez daudenena ere, bai eta beste ikastetxe eta entitate batzuekin lankidetza izatea ere, zehazten diren baldintzak betez gero.
Ikastetxean zehazten diren eta erabilgarri dauden gelak erabiliko dira orkestraren proba saioak eta emanaldien prestaketak egiteko; kontuan hartuko da erabilera hori irakasgaien helburu didaktikoetarako bideratuko dela, bai eta urteko programazio orokorrean sartutako lan planean programatutako jarduerak prestatzeko ere.
1.3.2.–Hezkuntza teknologiaren koordinatzailea.
Hezkuntza teknologiaren koordinatzaileak zeregin hauek izanen ditu bere ardurapean: ikastetxeko ekipamendu informatikoak eta ikus-entzunezkoak koordinatzea eta gainbegiratzea, sare informatikoa, gorabeherak konpontzeko laguntza teknikoa, baita instalatutako ekipamenduetako material informatikoa eta ikus-entzunezkoa zuzen erabiltzen den begiratzea ere. Laguntza emanen die bai zuzendaritza-taldeari, ikastetxearen aldaketa digitala gauza dezan, bai irakasleei, teknologia berriak aplika ditzaten musika irakastean, baita artea garatu eta sustatzeko arduradunari ere, optimizatu ditzan ikastetxeak edukiak sortu eta hedatzeko dituen baliabide teknologikoak.
1.3.3.–Artea garatu eta sustatzeko arduraduna.
Artea garatu eta sustatzeko arduradunak zeregin hauek izanen ditu, besteak beste, bere ardurapean: ikastetxeko jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak programatu eta garatzea. Honako zeregin hauek hartuko ditu bere gain, ikasketaburuaren menpe zuzenean:
a) Ikastetxeko curriculuma zehazten parte hartzea.
b) Eginen diren jardueren urteko programa prestatzea. Programa horretan koordinazio didaktikorako departamentuen, irakasleen eta ikasleen proposamenak bilduko dira.
c) Departamentuen jarduera guztiei buruzko informazioaren berri ematea ikasleei, jardueretan ikasleen parte-hartzea dinamizatu eta bultzatze aldera.
d) Beste departamentuen, klaustroaren eta ikasleen ordezkarien laguntzarekin programatzen diren jarduerak sustatu, koordinatu eta antolatzea.
e) Kontzertuak, hitzaldiak, ikasleen emanaldiak ikastetxetik kanpo, eskolen arteko trukeak eta, oro har, ikasleentzat antolatzen den edozein txango edo bidaiaren antolaketa koordinatzea.
f) Europar Batasunak edo beste erakunde batzuek antolatutako hezkuntza programetan ikastetxeko ikasleek eta irakasleek izaten duten parte-hartzea kudeatzea.
g) Egindako jarduerak ebaluatzeko memoria bat prestatzea (urteko programazio orokorraren azken memorian sartuko da).
1.3.4.–Erasmus + programaren arduraduna.
Figura hau sortuko da baldin eta Erasmus + programan aurkeztutako proiektu europarra onartzen bada.
Erasmus + programaren arduraduna Erasmus + programa (eta ezar daitezkeen beste programa batzuk) garatu eta egoki funtzionatzeko behar diren ekintzak ikastetxean ezarri, abiarazi eta burutzeko aplikatzen diren prozesuen koordinatzaile gisa arituko da, zuzendaritzak gainbegiraturik. Eginkizun hauek izanen ditu:
a) Europar Batasunak edo beste erakunde batzuek antolatutako hezkuntza programetan ikastetxeko ikasleek eta irakasleek izaten duten parte-hartzea kudeatzea.
b) Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalari eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari jakinaraztea Kontserbatorioko ikasleek eta irakasleek aurreikusiak dituzten joan-etorriei buruzko informazioa, joan-etorri horiek egin baino lehen.
2.–Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalaren ordutegia.
Ikastetxeko ordutegi orokorra egiteko nahitaez hartuko dira kontuan, klaustroak adierazitakoaz gain, honako irizpide hauek:
–Kontserbatorioaren ordutegia astelehenetik larunbatera bitartekoa izanen da, biak barne. Astelehenetik ostiralera 8:30etik 21:00ak arte. Larunbatean 09:00etatik 14:00ak arte.
–Larunbatak ikasteko eskola egunak izanen dira Kontserbatorioan, eta zuzendaritza-taldeak sistema bat ezarriko du, Musikaren Hiria Koordinatzeko Bulegoarekin bat, ikasleak ikasgeletan sartu eta instrumentuak erabiltzeko eta horiek zaintzeko.
–Musikaren Hiria Koordinatzeko Bulegoak, zuzendaritza-taldearekin koordinatuta, neurriak hartuko ditu ikastetxea goizez irekita egon dadin eskolako oporraldian, hala behar duenean.
3.–Irakaskuntzen ordu banaketa.
Ikasleak irakaskuntza hauetan sartzeko modua, irakasle-ikasle ratioa eta irakaskuntzen iraupena indarra duen araudian ezarri denari egokituko zaizkio.
Instrumentu eta ahots taldeekin zerikusia duten ikasgaiak aiseago antolatzea helburu, eskola denborari eta ratioei buruz kasuan kasuko araudian ezarritakoaz gainera, kontuan hartuko da bakarkako irakaskuntza behar ez duten nahitaezko irakasgaiak taldekako eskoletan antolatuko direla, ratio hauekin bat:
Akonpainamendua: 4. eta 5. mailetan, 1/4, 90 minutuko eskolatan.
Analisia: 5. eta 6. mailetan, 1/10, 90 minutuko eskolatan.
Harmonia: 3. eta 4. mailetan, 1/10, 60 minutuko bi eskolatan.
Musikaren Historia: 5. eta 6. mailetan, 1/15, 60 minutuko bi eskolatan.
Musika Hizkuntza: 1. eta 2. mailetan, 1/15, 60 minutuko bi eskolatan.
Ganbera Musika: 4. mailan, 1/3, 60 minutuko eskolatan.
Ganbera Musika: 5. eta 6. mailetan, 1/3, 90 minutuko eskolatan.
Piano Osagarria: 1., 2., 3. eta 4. mailetan, 1/2, 30 minutuko eskolatan.
Abesbatza, Orkestra, Banda eta Taldea: irakasle/ikasle ratioa matrikulatutako ikasle kopuruaren eta kasuan kasuko talde motaren arabera zehaztuko da.
Bestalde, 5. eta 6. mailetan, 60 minutuko eskolatan garatu beharreko aukerako irakasgaiak kasuan kasuko araudian ezarritako ratioen arabera antolatuko dira.
4.–Programazio didaktikoak.
Programazio didaktikoak curriculumaren zehaztapenaren garapena dira, eta departamentuek prestatuko dituzte (ikus II.1.2 atala). Sei mailetako irakasgai bakoitzerako, honako hauek sartuko dira:
a) Helburuen sekuentzia.
b) Edukiak eta haien denbora banaketa.
c) Eska daitezkeen gutxieneko edukiak (oinarrizko jakintzak).
d) Aplikatuko den metodologia didaktikoa.
e) Ebaluatzeko prozedurak eta irizpideak.
f) Kalifikazio irizpideak.
g) Errekuperazio jarduerak.
h) Errepertorioa, erabiliko diren materialak eta baliabide didaktikoak.
i) Beste departamentuekin batera antolatuko diren jardueren programazioa, espezialitate edo irakasgai bat baino gehiago ukitzen diren kasuetan, esate baterako, Ganbera Musika.
j) Koordinazio didaktikoko departamentuak egin nahi dituen jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak.
Irakasleek ikasgelan gauzatuko dituzte programazio didaktikoak, gelako programazioen bidez. Irakasleren batek erabakitzen badu gelako programazioan aldaketaren bat egitea bere departamentuko programazio bateratuan, aldaketa hori eta behar den justifikazioa departamentuko programazio didaktikoan sartuko dira.
Programazio didaktikoak prestatzeko, eskura izanen dira orientatzeko gida bat eta programazio-eredu irekiak, eskola kudeaketako Educa sisteman (Ikastetxea > Dokumentazio instituzionala > Ikuskapen-dokumentuak > Programazioak).
Programazio didaktikoak, ahal dela, Educa aplikazioan bertan eginen dira, horretarako prestatutako txantiloi bat erabiliz.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak irakasgaien programazio didaktikoen prestaketa gainbegiratuko du. Era berean, programazio didaktikoak eta gelako programazioak egiaztatzen ahalko ditu, indarreko araudian ezarritakoari egokitzen zaizkiola ziurtatzeko, eta programazio horiek behar bezala garatzen eta aplikatzen diren begiratzen ahalko du.
5.–Lanaldia.
5.1.–Gai orokorrak.
225/1998 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioentzako finkatzen den lanaldi bera izanen dute, beren eginkizunetara egokitua.
Irailaren 14ko 86/2018 Foru Aginduan argitaratutako Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Itunaren ondorioz, Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionaleko irakasleek, lanaldi osoa badute, astean 18 eskola ordu izanen dituzte. Foru aginduan aipatu zuzeneko irakaskuntzako orduen murrizketa honela aplikatuko da: ordubete ikastetxearen koordinazio lanetarako eta plangintza instituzionaleko agiriak prestatzeko; eta beste ordubete ikastetxeak parte hartzen duen proiektu, programa edo planak egiteko zein foru aginduan adierazitako zereginetarako.
Ikasturtean, irakasleek jarraibide hauetan finkatutako lanaldia eta ordutegia beteko dituzte, horri buruz indarra duen legerian ezarritakoa bete beharra galarazi gabe.
Ekaineko eta iraileko eskola gabeko lan egunetan, egunean ikastetxean egon beharreko bost orduko lanaldi etengabea baimentzen ahalko zaie irakasleei.
Irakasleak astean hogeita hamar ordu aritu beharko dira Kontserbatorioaren jardueretan eta beste batzuetan, urteko lanaldia osatu arte. Banaketari dagokionez, ikus 5.2 atala.
5.2.–Orduen banaketa.
Ikastetxearendako zuzenean eman beharreko orduak honela banatuko dira:
5.2.1.–Zuzeneko irakaskuntza orduak eta eskola orduak.
Astero, oro har, Hezkuntza Departamentuak ezartzen eta indarra duen araudian finkatzen diren zuzeneko irakaskuntza orduak eta eskola orduak beteko dira.
Horretarako, jarduera eta inguruabar hauek hartuko dira kontuan:
a) Zuzendaritza-taldea.
Zuzendaritza-taldeak zuzeneko irakaskuntzako eta eskola orduetako 48 ordu erabiliko ditu, gehienez, bere karguei dagozkien zereginetarako, eta karguen artean (zuzendaria, ikasketaburua, idazkaria eta musika eskoletarako ikasketaburu albokoa) banatuko ditu, bere irizpideen arabera.
b) Ikastetxeko orkestraren arduraduna.
Orkestraren arduradunak zuzeneko irakaskuntzako eta eskola orduetako 6 ordu erabiliko ditu astean, gehienez, bere karguari dagozkion zereginetarako, bai eta, ikastetxearen beharrek horretarako bide ematen badute, astean zenbatu beharreko 3 ordu osagarri ere, gehienez. Horrek ez du ekarriko ikastetxean egon beharreko asteko ordutegia murriztea.
c) Hezkuntza teknologiaren koordinatzailea.
Hezkuntza teknologiaren koordinatzaileak zuzeneko irakaskuntzako eta eskola orduetako 4 ordu erabiliko ditu astean bere karguari dagozkion zereginetarako, bai eta, ikastetxearen beharrek horretarako bide ematen badute, astean zenbatu beharreko 4 ordu osagarri ere, gehienez. Horrek ez du ekarriko ikastetxean egon beharreko asteko ordutegia murriztea.
d) Artea garatu eta sustatzeko arduraduna.
Artea garatu eta sustatzeko arduradunak zuzeneko irakaskuntzako eta eskola orduetako 3 ordu erabiliko ditu astean bere eginkizunetarako, bai eta, ikastetxearen beharrek horretarako bide ematen badute, astean zenbatu beharreko 3 ordu osagarri ere, gehienez. Horrek ez du ekarriko ikastetxean egon beharreko asteko ordutegia murriztea.
e) Departamentuko burutza.
Departamentuburuek beren ordutegitik zenbait eskola ordu (indarreko legerian ezartzen direnak) erabiliko dituzte curriculumaren zehaztapena idatzi edo berrikusteari loturiko lanetarako.
f) Erasmus + programaren arduraduna.
Erasmus + programaren arduradunak, baldin eta proiektua onartzen bada, bere zuzeneko irakaskuntzako eta eskola orduetako 2 ordu erabiliko ditu astero kargu horren eginkizunetarako, bai eta, ikastetxeko beharrek horretarako bide ematen badute, astean zenbatu beharreko 3 ordu osagarri ere, gehienez. Horrek ez du ekarriko ikastetxean egon beharreko asteko ordutegia murriztea.
5.2.2.–Astean zenbatu beharreko ordu osagarriak.
Irakasle bakoitzaren ordutegian jasotako zuzeneko irakaskuntzako orduak eta eskola orduak eta astean zenbatu beharreko ordu osagarriak batuta, guztira, hogeita bost ordu izanen dira astean.
Astean zenbatu beharreko ordu osagarrietan, irakasle bakoitzari esleitutako jardueren arabera, honako hauek sartuko dira:
a) Zaintza orduak.
b) Astean ordu bat departamentuaren bileretarako.
c) Astean bi ordu, gutxienez, tutoretza lanak egiteko.
d) Astean ordu bat irakasleek eskola kontseiluan dituzten ordezkariendako.
e) Zuzendaritza-taldeko kideen koordinazio lanetarako orduak.
f) Irakasle taldeek Kontserbatorioak parte hartzen duen proiektu instituzional eta solidarioetan lan egiteko orduak.
5.2.3.–Hilean zenbatu beharreko ordu osagarriak.
Irakasle bakoitzak ikastetxearendako zuzenean eman behar dituen asteko 30 orduak betetzeko falta diren bost orduak hilero zenbatuko dira, eta honako jarduera hauetan erabiliko dira:
a) Klaustroaren bileretara joatea.
b) Ebaluazio saioetara eta irakasle taldearen bileretara joatea.
c) Irakasle guztiek batera, plangintza instituzionaleko tresnak prestatu, berrikusi eta eguneratzeko orduak, betiere Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen lan planei jarraikiz, hala dagokionean. Ikastetxeak behar diren neurriak hartuko ditu irakasle guztiek batera parte har dezaten jarduera horretan.
d) Beste jarduera osagarri eta eskolaz kanpoko batzuk.
e) Prestakuntza instituzionala.
Astean goiz bat gordeko da jarduera jakin batzuk egiteko; hala, irakasle guztientzat, bertan egon beharreko 2 ordu gutxienez finkatuko dira klaustroaren bilerak, ebaluazio saioak, gurasoekin egin beharreko bilerak eta, oro har, Kontserbatorioaren funtzionamendu egokirako programatzen diren bakankako beste jarduera batzuk egiteko.
5.2.4.–Urteko lanaldia osatu arteko gainerako orduak.
Urteko lanaldia osatu arteko gainerako orduak irakaskuntzako jarduerak prestatzeko eta irakasleen lanbide hobekuntzarako erabiliko dira, eragotzi gabe irakasleek hautapen batzorde eta epaimahaietan edo antzeko jardueretan parte hartzeko duten betebeharra gauzatzea, hala egokitzen zaienean.
6.–Irakasleen ordutegia prestatzea eta onestea.
Uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuak, zeina aldatu baitzuen uztailaren 16ko 60/2014 Foru Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarriak, ezartzen du ezen irakasleen ordutegiak ikasketaburuak prestatu behar dituela, Kontserbatorioko zuzendariak onetsi behar dituela eta Educa kudeaketa programaren bitartez jakinarazi behar direla irailaren 30erako. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ebatziko ditu horren gaineko erreklamazio guztiak, eta, horretarako, hamabost eguneko epea izanen du.
Ordutegiak prestatzeko, eskola kudeaketako Educa sisteman eskuragarri daude laguntza dokumentuak, kontratuen ordutegi-taula eta irakasleen ordutegiaren kontzeptuak (Ikastetxea > Dokumentazio instituzionala > Ikuskapen-dokumentuak > Irakasleen ordutegia).
Halaber, eskola kudeaketako Educa sisteman zehaztuko da egoitzaren ordutegia, zenbaketa moten erlaitzean "denbora erreala" hautatuta (Ikasturtea > Ordutegia > Egoitza zehaztea > Ordutegiak kudeatzea > Zenbaketa mota > Denbora erreala).
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ikuskatuko du ea zuzena den irakasleen asteko ordutegiaren banaketa (zuzeneko irakaskuntzarako orduak, eskola orduak eta ordu osagarriak).
Ordutegiak ikasketaburuak prestatuko ditu, jarraibide hauetan jasotakoari jarraikiz. Ikasleek ordutegi funtzionala izatea bermatuko da, baina lehentasuna, betiere, ikastetxearen beharrek izanen dute.
Ikastetxeko matrikulak egin ondoren, ikasketaburuak irakasgai bakoitzeko ikasleen eta taldeen kopuruaren berri emanen die koordinazio didaktikorako departamentuei.
Ordutegiak prestatzean kontuan izanen da Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan ere irakasten duten irakasleen egoera, bi ikastetxeetan dituzten ordutegiak bateratu ahal izateko.
Ikastetxean ahal den guztietan, irakasleek ikasleak eta taldeak hautatuko dituzte. Irakasleek beren espezialitateko ikasle taldeak hautatu beharko dituzte, horrelakorik badago; gero, ordutegia osatuko dute beren departamentukoak izanik antzekoenak diren irakasgaietakoak hautatuz, eta, departamentuko ordu guztiak bete ondoren, artean ordu librerik badute, hain antzekoak ez diren beste irakasgai batzuekin osatzen ahalko dute ordutegia, beste departamentuetakoak hautatuz.
Departamentuko kideak ikasle eta taldeak hautatzerakoan ados jartzen ez badira, honako prozedura honi jarraituko zaio:
Atal honetan ezarritako ordenaren arabera, lehenik hautatu behar duen irakasleak beretzat lehentasunez nahi duen irakasgaiko eta ikasmailako ikaslea edo ikasle taldea hautatuko du; ondoren, hautatzeko bigarrena den irakasleak gauza bera eginen du, eta horrela, hurrenez hurren, espezialitateko eta departamentuko irakasle guztiek lehenengo txanda egin arte. Lehenengo txandaren ondotik beste batzuk eginen dira, irakasleek beren eskola ordutegia osatu arte edo departamentuari dagozkion irakasgai, ikasle eta talde guztiak esleitu arte.
Bilera horretan izaten diren gorabehera guztien akta eginen da eta departamentuko kide guztiek sinatuko dute. Aktaren kopia bat ikasketaburuari emanen zaio.
Goian adierazi diren ondorioetarako, departamentu bakoitzeko irakasleek hautatzeko lehentasun ordena honako hau izanen da:
1. Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoa.
2. Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoko funtzionarioak, zerbitzu eginkizunetan dihardutenak.
3. Zerbitzu berezietan ari diren funtzionarioak.
4. Aldi baterako kontratudunak, lan edo administrazio araubidekoak.
Hautatzeko lehentasuna, lehenbiziko bi atalei dagokienez, beren kidegoan antzinatasun handiena izateak emanen du, eta, antzinatasun bera izanez gero, atal bakoitzeko lehentasuna erabakitzeko honako irizpide hauek aplikatuko dira, hurrenez hurren:
–Kontserbatorioan antzinatasun handiena izatea.
–Kidegoan edo Administrazioan antzinatasun handiena izatea, eszedentzia urteak zenbatu gabe.
–Sarrerako hautapen prozesuetan puntu gehien lortu izana.
4. atalean, lehentasuna ezarriko da irakasleek Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzuko zerrendetan duten tokiaren arabera.
Departamentuari esleitutako eskola orduak eta zuzeneko irakaskuntzakoak kideen ordutegien bidez bete daitezkeenak baino gehiago badira, hautaketa egin baino lehen zehaztuko da zein irakasgai eta ikasmaila emanen dituzten antzeko espezialitateetako irakasleek, aipatu hautaketan sar ez daitezen. Horri dagokionez, kontuan hartu behar da espezialitateko irakasle batek ezin dituela beheko ikasmailak hautatu goragoko ikasmailak espezialitatekoak ez diren irakasleentzat utzita.
Hori hala izanik ere, salbuespenezko kasuetan, eta plantilla prestatzeko prozesuan sortzen diren beharrei erantzuteko, Hezkuntza Departamentuak baimena ematen ahal du, egokia iruditzen bazaio, irakasgai edo espezialitate batzuk horien titular ez diren irakasleek emateko, kontuan hartuz baimendutako espezialitateko irakasgaien edukiak eta haien titular ez den irakaslearenak antzekoak diren, bai eta irakasgai horiek kasuan kasuko irakaslearen esperientzia musikalarekin duten zerikusia ere.
Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioan ere eskolak ematen dituzten irakasleek, orobat, ikastetxe horretako departamentu didaktikoetarako ezarritako hautapen ordenan parte hartu beharko dute.
Sartu berriak diren ikasleen kasuan edo irakasle aldaketa eskatzen duten ikasleen kasuan, koordinazio pedagogikorako batzordeak ezartzen dituen irizpideak erabiliko dira.
Ikasketaburuak egiaztatuko du departamentuko kideetako bakoitzak dituen zuzeneko irakaskuntzako orduak eta eskola orduak eta Kontserbatorioan egon beharreko nahitaezko gainerako ordutegia bat datozela jarraibide hauekin, eta, halaber, egiaztatuko du ikasle eta talde guztiek jasotzen dutela arreta, bai eta bete gabeko ordu libreak dituzten irakasleak dauden ere.
Lan horiek guztiak egin ondoren, ikasketaburuak behin betiko ordutegiaren proposamena eginen du, departamentuek irakasgaiekin eta mailekin egindako banaketaren arabera.
Irakasleen zuzeneko irakaskuntza orduen eta eskola orduen ordutegia astean bost egunetan banatuko da (astelehenetik ostiralera), lanaldi partzialerako kontratatutako irakasleen kasuan izan ezik. Nolanahi ere den, egunean 5 eskola ordu izanen dituzte gehienez.
Kontserbatorioak egokien irizten dion ordu tartean, ordutegi orokorraren barnean eta astelehenetik ostiralera bitartean egunean gutxienez 4 orduz, ikastetxean zuzendaritzako karguren bat egon beharko da.
Ikasle baten baja gertatzen bada eta betetzen ez bada, zuzendariak erabakiko du ukitutako irakasleei hutsik gelditu zaien denbora nola erabili:
–Denbora hori beste ikasle batzuei arreta emateko erabil daiteke: atzeratuta dauden ikasleei laguntzeko, aurreratuenak sendotzeko, etab.
–Beste jarduera batzuk egiteko.
–Material pedagogikoa prestatzeko.
–Beste batzuk.
Instrumentuko taldeko eskoletan, baldin eta ikasle bat agertzen ez bada, denbora hori bertaratu diren ikasleei arreta emateko erabiliko da, eta agertu ez den ikasleari dagokion denbora ezin izanen da kendu irakasleak eskolak emateko dituen ordu guztien multzotik.
Hezkuntza komunitateko edozein kidek eskura izan beharko ditu irakasle bakoitzaren ordutegiak eta laneko tokia (bai eskola orduei dagokienez bai tutoretza orduei, zaintzei, departamentuko bilerei eta abarri dagokienez). Era berean, zuzendaritza kargu bakoitza Kontserbatorioan zein ordutan egonen den adieraziko da.
2026-2027 ikasturtean goi mailako musika ikasketetan irakasteko aukera eman zaien funtzionarioek, baldin eta, aukera horren ondorioz, haien jatorrizko koordinazio didaktikorako departamentua ez beste batean egon behar badute, egin behar duten lanari dagozkion departamentuetako bileretara joan beharko dute.
7.–Goi mailako musika ikasketetan irakasteko betebeharrak.
Oinarri harturik apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren 4. artikuluko 1.e) apartatua (foru dekretu horren bidez arautu zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unibertsitateaz kanpoko irakasleei dagozkien lanpostuak betetzeko modua), Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoko funtzionarioek, goi mailako titulazioaren jabe badira, aukera izanen dute, sortzen diren beharren arabera eta ezartzen den prozedurari jarraikiz, Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen kidegoari dagozkion espezialitateak irakasteko.
Bestalde, ekainaren 14ko 427/2013 Errege Dekretuaren 6. artikulua betez (haren bidez ezarri ziren Musikako eta Dantzako goi mailako irakaskuntzekin loturik dauden Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen kidegoaren irakaskuntza espezialitateak), Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoko funtzionarioek aukera izanen dute, sortzen diren beharren arabera eta horretarako ezarritako prozedurarekin bat, Instrumentu arloko prestakuntza osagarria eta Musikako hizkuntza eta teknikak ikasgaiak irakasteko, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan indarrean diren ikasketa planen barnean.
8.–Irakasleak eta ikastetxeko langileak lanera ez agertzea.
Ikastetxeko zuzendariak aldi baterako ezintasunaren ondoriozko absentziak kontrolatu behar ditu, Hezkuntza Departamentuko web-orrian ezarritakoari jarraituz:
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal
Aldi baterako ezintasun egoerak jakinarazteko ezarritako epeak betetzen ez badira, ikastetxeko zuzendariak horren berri emanen dio Hezkuntza Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudiak ezarritakoaren arabera jardun dezan. Irakasleari ere horren berri eman behar zaio idatziz.
Proposatzen da komunikazioak Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez egitea, ongi bete daitezen epeak, ordezkapenetarako, kotizazioetarako eta nominan eragina duten bestelako elementuetarako.
Agiriak bidaltzean izandako edozein gorabeheraren berri emateko, helbide elektroniko hau erabil daiteke modu osagarrian: planificacionrheducacion@navarra.es.
Ikastetxeetan ezarriko da zer bidetatik eginen dituzten jakinarazpenak MUFACEko nahiz Gizarte Segurantzako langileek, zuzendaritza-talde bakoitzak zehazten duen funtzionamenduaren arabera.
Garrantzitsua da adieraztea ezen, gaixotasun ondoriozko baja egoerak jakinarazteaz gainera, 72 orduko epean egin behar dela, gehienez, erditzeagatiko lizentzia edo ama ez den gurasoarendako lizentzia tramitatzeko komunikazioa, ezarritako prozedurari jarraikiz.
Ordezkapen egoeretan, ordezkoa ez bada egokitu zaion lanpostuan hasten, eta Kontrataziorako Atalari ez badio erregistro orokorraren bidez jakinarazi lanpostuari uko egin diola, ikastetxeko zuzendariak hutsegitearen txosten bat bidaliko du contratoseducacion@navarra.es helbidera, plaza berriz eskain dadin. Baldin ordezkapen kontratuaren Gizarte Segurantzako afiliazioaren alta tramitatu bada, Gizarte Aseguruen Atalak eskatuta, zuzendaritza-taldeak hutsegiteari buruzko txosten bat egin beharko du, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian alta baliogabetzeko. Ondoren, seccion.seguros.sociales@navarra.es helbide elektronikora bidali beharko du.
Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalean erregistratu egin beharko dira, Educa sistemaren bidez, ikastetxeak berak emandako baimenak. Norberaren aferetarako baimena ematerakoan, Educa kudeaketa sisteman (Langileak menua > Irakasleak > Berria / Hutsegiteak ikusi) ikus daiteke zenbat ordu hartu duen irakasle bakoitzak ikasturte berean, kontratu bat baino gehiago izan arren.
9.–Zaintza.
Eskola orduetan, ikasleen arduraduna ikastetxea da, eta, bereziki, zuzendaria, Kontserbatorioaren ordezkaria den aldetik; beraz, ikastetxean behar adina irakasle izanen da une oro zaintza orduez egoki arduratzeko.
Ikastetxeko ordutegi orokorraren barnean (08:30etik 21:00etara, astelehenetik ostiralera), 16:00etatik 21:00etara arteko tartea da ikasle gehien biltzen dituena, batez ere adingabeak; horregatik, ordutegiko tarte horretan guztian zaintzako irakasleak egon behar dira, eta, ahal dela, beti bi irakasle izanen dira zeregin horretarako.
Hona hemen zaintzako irakasleen eginkizun nagusiak:
a) Irakasleak huts egiteagatik edo beste edozein arrazoirengatik libre gelditzen diren ikasleei arreta ematea.
b) Korridoreetan ordena zaintzea, eta, oro har, ikasleek gelaz kanpo duten portaera zaintzea. Horrek ez du esan nahi beste irakasleek eginkizun hori bete behar ez dutenik.
c) Beren zaintza orduetan sortzen diren gorabehera guztiak konpontzea, bai eta ikastetxeko norbait mediku beharrean gertatuz gero hartarako kudeaketak egitea ere, eta ikasketaburua lehenbailehen jakinaren gainean jartzea.
d) Beren zaintza orduetan, irakasleak eskoletara, zaintza txandetara, liburutegira edo bestelako jardueretara berandu joan izanaren edo joan ez izanaren berri ematea ikasketaburuari, idatziz.
e) Kontserbatorioko zuzendariak bere eskumeneko esparruan agintzen dion beste edozein eginkizun.
Behar bezala beteta baldin badaude eranskin honetako II.5.2 puntuan adierazitako ordu osagarrietan egin beharreko jarduerak nahiz zaintza orduak, irakasleek, oro har, ondotik zehaztutakoari jarraituz osatzen ahalko dute asteko ordutegi osagarria, irakasle bakoitzaren banakako ordutegian jaso behar diren asteko 25 orduetara iritsi arte:
–Irakasle Praktikak irakasgaiaren musikako goi mailako ikasleen tutore diren irakasleentzat, ordu erdi bat tutoretzapeko ikasle bakoitzeko.
–Orkestrako, bandako eta abesbatzako arduradunekin lankidetzan aritzeko orduak.
–Beste batzuk.
Educa aplikazioak modulu bat du irakasleen zaintza orduak kudeatzeko, eta hura erabiltzea gomendatzen dugu. Ikasgelako koadernoaren agendarekin lotuta dago, egin beharreko jarduerak jakinaraztea errazten du, zaintzako irakasleak izendatzeko aukera ematen dio zuzendaritza-taldeari eta prozesuaren estatistika bat eskaintzen du.
10.–Onartzeko araubidea eta matrikulazioa. Matrikula zabaltzea.
Ikasleen onarpenari eta matrikulazioari dagokienez, irakaskuntza hauen gaineko araudian ezarritakoari lotuko zaio.
Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 29ko 78/2007 Foru Aginduaren 12.6 artikuluan ezarritakoari dagokionez (foru agindu horren bidez Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezarritako musikako lanbide irakaskuntzetan sartzeko arauak ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatearen esparrurako), prozedura hau erabiliko da: matrikula zabaltzeko ikasleen eskaerak zuzendariari aurkeztu ondoren, ikasketaburuak eskaera horien gaineko informazioa bidaliko die irakasle taldeei. Eskaera egin duten ikasleei irakasten dieten irakasle guztiek idazki arrazoitu bana egin beharko dute, non eskatutako matrikula zabaltzearen aldeko edo kontrako iritzia emanen duten. Txosten hori ikasketaburuari igorriko diote.
Nolanahi ere, ulertuko da ikasleak ezaupide aski eta heldutasun interpretatiboa nahikoa duela baldin eta, batera, baldintza hauek betetzen baditu:
a) Aurreko ikasturteko eta ikasturte honetako kalifikazioak (bukaerakoak eta lehenengo hiruhilekokoak, hurrenez hurren) Instrumentu irakasgaian bikain (BI) edo ohorezko matrikula (OM) izatea, eta gainerako irakasgaien batezbestekoa gutxienez oso ongi (OO) izatea. Musikako lanbide irakaskuntzen lehenengo mailan dauden ikasleei eskatuko zaie kalifikazio horiek lortu izana ikasturte honetako lehenengo hiruhilekoan.
b) Eskaera egin duen ikasleari irakasten dioten irakasle guztiek matrikula zabaltzearen aldeko txostena ematea ikasketaburuari igorritako idazkiaren bidez.
11.–Hezkuntza digitalizatzea.
Hezkuntza Departamentuak irakasle sartu berrien eskura jarriko du 15 orduko prestakuntza, zeinetan irakaskuntzan aritzeko oinarrizko tresna digitalak landuko baitira. Zuzendaritza-taldeak prestakuntza instituzional gisa ezartzen ahalko du hori irakasle sartu berriendako.
Hezkuntza digitalizatzeari buruzko gainerako alderdietarako, hala dagokionean, Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalak aplikatuko du Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren maiatzaren 26ko 333/2026 Ebazpenaren II. eranskineko II.11 puntuan jasotakoa (ebazpen horren bidez jarraibideak onetsi ziren 2026-2027 ikasturtean arautzeko zer antolaketa eta funtzionamendu izanen dituzten Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Hezkuntza Bereziko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek).
12.–Nahitaezko prestakuntza.
Irakasleen eskubide eta betebehar bat da etengabeko prestakuntza, baita Hezkuntza Departamentuaren eta ikastetxeen ardura bat ere; izan ere, azken helburua da Nafarroako hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzea, irakasleen lanbidea garatuz.
Hala, Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalak ikastetxeko prestakuntza instituzionaleko plan bat ezarriko du. Plan hori zuzendaritza-taldeak prestatuko du, aintzat hartuz, batetik, Hezkuntza Departamentuak proposatutako proiektu estrategiko, plan eta lehentasunezko ildoetatik eratorritako prestakuntzarako beharrak, bestetik, ikastetxeko klaustroaren eta irakasle-taldearen lanetik eratorritako prestakuntzarako beharrak, eta, halaber, irakasleentzako laguntza zentroak eginiko hautemate prozesuan jasotako prestakuntzarako beharrak.
Prestakuntza ekintzak klaustro osoari edo irakasle multzo jakin bati zuzentzen ahalko zaizkio. Hezkuntza Departamentuaren edo Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalaren proiektu estrategikoak, programak, planak eta lehentasunezko ildoak gauzatzeko prestakuntza ekintzen proposamenak lehentasunezkoak izanen dira eta irakasleek nahitaez egin beharko dituzte.
Nahitaezko prestakuntza instituzionala ikasturte bakoitzean 25 ordukoa izanen da, baina ordu gehiagokoa izaten ahalko da Kontserbatorioak edo Hezkuntza Departamentuak ezarritako beharrak asetzeko beharrezkoa bada. Kasu horretan, irakasleen parte-hartzea borondatezkoa izanen da nahitaezko prestakuntza instituzionaleko 25 orduez gaindiko orduetan.
Irakasleek egindako kontzertuak eta bestelako jarduera artistikoak ez dira prestakuntza jardueratzat hartuko.
Alde batera utzita Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalak kudeatzen duen prestakuntza espezifikoa, Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionala Iruñeko ILZari atxikita dago prestakuntza orokorrerako; beraz, erreferentziazko aholkulari bat du, eta aholkulari horrek ikastetxeko prestakuntza instituzionaleko plana egiten laguntzen ahal du. Kontserbatorioak prestakuntzako arduradun bat izendatuko du, ikastetxearen eta bi erakundeen arteko lotura izan dadin. Ez bada inor izendatzen, ikasketaburuak bere gain hartuko du zeregin hori.
Ezartzeko nahitaezko prestakuntza instituzionaleko zenbat ordu egin behar dituzten kontratu partziala duten irakasleek, nahitaezko prestakuntza instituzionaleko 25 orduei aplikatuko zaie kontratuaren ehunekoa.
Ez dute nahitaezko prestakuntza egin beharko lanaldiaren hereneko edo gutxiagoko kontratua duten irakasleek. Halere, aukera izanen dute prestakuntza hori borondatez egiteko. Interesdunak ez badu prestakuntza egiten, indarrean dagoen araudiak jasotako zereginak egiteko erabiliko ditu bere kontratuari dagozkion ordu osagarriak.
Nahitaezko prestakuntza instituzionaleko orduen zenbaketa malgutzeko, ikasturte bakoitzean gutxienez 20 ordu egin beharko dira, eta, beraz, elkarren segidako bi ikasturteko aldian egiten ahalko dira gainerako orduak. Edonola ere, bete beharko dira bi urte horiei dagozkien nahitaezko prestakuntza instituzionaleko 50 orduak. Nolanahi ere, Hezkuntza Departamentuaren edo Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalaren proiektu estrategikoei, programei, planei eta lehentasunezko ildoei buruzko prestakuntza bete beharko da.
Irakasle bakoitzak nahitaezko prestakuntzako 10 orduko murriztapena erabiltzen ahalko du ikasturtean zehar dituen beharrizan profesionalen arabera.
Irakasleek Kontserbatorioko zuzendariaren aurrean frogatu beharko dituzte eginiko prestakuntza ekintzak, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratu beharko ditu.
25 orduko prestakuntza instituzionalaz gain, irakasleek segitzen ahalko dute prestakuntzarako eskubideaz baliatzen, nahi izanez gero.
13.–Musikako lanbide irakaskuntzetako zenbait irakasgairen baliozkotzea, Batxilergoko zenbait ikasgairen bidez.
Batxilergoko irakaskuntzak baliozkotzean, otsailaren 27ko 242/2009 Errege Dekretuan xedatutakoa beteko da (urtarrilaren 17ko 14/2023 Errege Dekretuak aldatu zuen). Baliozkotze prozeduran otsailaren 9ko 9/2026 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio, eta honako atal hauei egokituko zaie:
MUSIKAKO LANBIDE IRAKASKUNTZETAKO ZEIN IRAKASGAI | BATXILERGOKO ZEIN IKASGAIREN BIDEZ BALIOZKOTZEN DEN |
Analisiko 1. maila | Musika Analisia II |
Bat ere ez | Arte Eszenikoak II |
Abesbatzako 1. maila edo Abesbatzako aukerako irakasgaia (bietako bat soilik) | Abesbatza eta Ahots Teknika II |
Bat ere ez | Ikus-entzunezko Kultura |
Artearen Historia | Artearen Historia |
5. mailako Musikaren Historia edo 6. mailako Musikaren Historia (bietako bat soilik) | Musikaren eta Dantzaren Historia |
Musika Hizkuntzaren 1. maila | Musika Hizkuntza eta Praktika |
Bat ere ez | Literatura Dramatikoa |
Bat ere ez | Literatura Unibertsala |
14.–Eskola informazioaren kudeaketa: Educa. Kontabilitate sistema: Ecoeduca.
14.1.–Eskola informazioaren kudeaketa: Educa.
Eskola informazioa Educa aplikazioarekin kudeatuko da.
Hezkuntza Departamentuaren webgunean argitaratzen dira, Educari eta posta elektronikoari buruzko atalaren barnean, bai eta IKT zerbitzuen katalogoan ere, zenbait jarraibide eta bideotutorial, laguntzen dutenak aplikazioaren moduluetara ohitzen. Halaber, Educa taldearekin harremanetan jartzeko prozedura azaltzen da, funtzionalitate berriak eskatu, gorabeherak jakinarazi edo laguntza eskatzeari begira. Educa aplikaziotik bertatik egin daitezke eskaerak, goiburuko gorabeheren ikonoan (@) klik eginez. Atari horretatik bilaketak egiten ahalko dira ohiko prozedurei, zalantzei eta tutorialei dagokienez.
Hezkuntza Departamentuak prestakuntza eta informazio saioak antolatuko ditu koordinatzaileei, zuzendaritza-taldeei eta administrazioko langileei Educa plataformaren berri emateko.
Zuzendaritza-taldeak edo hark eskuordetutako pertsonak aholkuak emanen dizkie Kontserbatorioko erabiltzaileei Educa kudeaketa sistemari buruz. Horrez gain, jasoko du sistema horren aldaketen eta funtzionalitate berrien informazioa, eta sustatuko du ikastetxean erabiltzea, eta erabilera hori koordinatuko.
Zuzendaritza-taldeak bermatu beharko du, horretarako bideak jarriz, ikasturtea hasi ondoren ikastetxean kudeaketa eta irakaskuntza lanetan hasten diren pertsonek Educa ezagutzen dutela eta badakitela hura erabiltzen.
Kontserbatorioan Educaren koordinatzaile-lanetan ariko direnen erregistro bat izateko, zuzendariak Educaren ikastetxeko koordinatzailea izendatuko du, eta, aplikazioan, "Educa koordinatzailea" lanpostu osagarria esleituko dio.
Zuzendariak berrikusiko ditu Educatik ikastetxeen direktorioan (Ikastetxearen menua > Ikastetxearen datuak > Ikastetxearen informazioa) argitaratzen diren datuak (hala nola posta helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta web-orria), eta aurkitzen dituen akatsen berri emanen dio Educaren laguntza zerbitzuari. Gogorarazi nahi da beste datu interesgarri batzuk gehi ditzakeela, adibidez, ikastetxearen helburuak, balioak, sariak eta abar.
Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalaren ardura da eguneratuak edukitzea ikastetxean irakaskuntza nahiz kudeaketa lanetan aritzen diren langileen eta ikasleen datu pertsonalak. Nahiz eta aplikazioak aukera ematen duen Cl@ve sistemaren bidez sartzeko (ziurtagiri elektronikoa, NAN elektronikoa, Cl@ve Iraunkorra), gogoan izan oso garrantzitsua dela, Educa baimenak lortzeko, helbide elektroniko pertsonal bat erregistratzea fitxan.
Era berean, Kontserbatorioaren ardura izanen da bere informazio akademikoa eskuratzeko asmoz programara jotzen dutenen sarbidea kudeatzea. Horrela, bada, ikasleek informazio hori eskuratzeko arazoak dituztenean, lehenbizi ikastetxea arduratuko da, eta ezin baditu bere kasa konpondu, Educaren laguntza zerbitzuarekin harremanetan jarriko da.
Komeni da ikastetxeko langileek jakin dezaten nola erabili Educak gaiturik dituen funtzio guztiak; horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: ikasgelako koadernoa, ikasleen jarraipena, ebaluazio saioaren kudeaketa (informazio fluxua, akta), emaitzak (Kudeaketa akademikoa > Kalifikazioak > Ebaluazio txostenak), zaintzen kudeaketa, informazio garrantzitsua, ikasturte bukaerako txostenak, elkarrizketak, bizikidetzaren kudeaketa eta abar.
Educa aplikazioaren barruan, mezularitza sistema bat dago hezkuntza komunitateko kideen artean informazioa trukatzeko. Dena dela, posta elektronikoko kontuak erabili beharra dagoenean, oroitarazten da sare publikoko irakasleek eta ikasleek @educacion.navarra.es kontuak erabili behar dituztela jarduera akademikoan, tutoretza lanetan eta harreman profesionaletan.
Ikastetxe publikoek funtzio espezifikoetarako dituzten posta elektronikoko kontuak Educaren bitartez kudeatzen dira (Ikastetxea > ikasNOVA posta eta zerbitzuak > Kontuen kudeaketa). Kontu korporatibo horiek karguei lotutako zereginetarako dira, eta ez dira erabiliko ikasleei eskolak emateko. Kontu gehiago sortu behar badira, komeni da erabiltzea unitate partekatuak eta Googleko taldeak.
Educa Ataria aplikazio bat da, zeina prestatu baita herritarrek beren datu akademikoak eskuratu ditzaten eta kudeaketa telematikoak egin ditzaten: behin-behineko izen-ematea, esaterako, ikasleak onartzeko prozesuan. Komeni da ikastetxeak susta dezala familiek eta ikasle adinez nagusiek aplikazioa erabiltzea; horretarako, ikastetxeko datu akademikoetarako sarbidea emanen die ikasturtean zehar (Ikastetxea > Sarbidea > Erabiltzaileen kudeaketa).
14.2.–Kontabilitate sistema: Ecoeduca.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ikastetxe publiko guztiek, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan jasotako irakaskuntzak ematen dituztenek, Ecoeduca kontabilitate aplikazioa erabiliko dute aurrekontua egiteko, onesteko, aldatzeko eta betearazteko. Aurrekontuan jasoko dira ikastetxearen ohiko funtzionamendua, mantentzea eta kontserbazioa bermatzeko diru-sarrerak eta gastuak.
Ikastetxearen kudeaketa ekonomikoari eragiten dioten kontabilitate-eragiketa guztiak irailaren 6ko 153/2023 Foru Dekretuaren arabera eginen dira (foru dekretu horrek arautzen du Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen kudeaketa ekonomikoa).
15.–Kalitatea kudeatzeko sistema.
Kalitatea kudeatzeko sistemak (KKS) ezarri eta mantentzeko programa, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak gidatzen duena, Nafarroako unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoei dago zuzendua.
Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalak aplikatzen ahalko du Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren maiatzaren 26ko 333/2026 Ebazpenaren II. eranskineko II.16 puntuan jasotakoa (ebazpen horren bidez jarraibideak onetsi ziren 2026-2027 ikasturtean arautzeko zer antolaketa eta funtzionamendu izanen dituzten Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Hezkuntza Bereziko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek).
16.–Laneko arriskuen prebentzioa.
Arriskuen ebaluazioren bat egin bada, ikasturte bukaerako memorian azaldu beharko dira Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalak proposaturik hartu diren prebentzio neurriak, eta, horrekin batera, bete ez diren eta aurreikusitako gauzatze-epea iraungita duten neurriak arrazoituko dira.
Kontserbatorioan lanean hastean, zuzendariak lanpostu horri lotutako arriskuen berri eman beharko die bertan lan egiten duten guztiei.
Ikasturte bakoitzaren hasieran, Kontserbatorioko zuzendariak irakasleen klaustroari, irakasle ez diren langileei eta hezkuntza komunitateko gainerako kideei jakinaraziko die badagoela jardute protokolo bat ikastetxeko langileen kanpoko erasoen aurrean. Irakasleak, irakasle ez diren langileak eta hezkuntza komunitateko gainerako kideak ikasturtea hasi ondoren hasten badira lanean ikastetxean, zuzendariak ziurtatu beharko du ahal bezain laster jakinarazten zaiela informazio hori.
Ikastetxeko irakasleei edo irakasle ez diren langileei eraso egiten zaienean, Kontserbatorioko zuzendariak ofizioz aktibatuko du kanpoko erasoen protokoloa, eta erasoa jakinaraziko du gorabehera, lan-istripua edo erasoa jakinarazteko fitxaren bidez.
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/riesgos-laborales/accidentes-de-trabajo
Kanpoko erasoen aurrean jarduteko protokolo hori Kontserbatorioaren web-orrian jarriko da, erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean. Era berean, ikastetxeko barne-agirietan agertuko da: Internet, Drive eta abar.
Horrez gain, Kontserbatorioaren web-orrian jarriko dira Hezkuntza Departamentuko prebentzio arloko ordezkarien eginkizunak eta haiekin harremanetan jartzeko datuak, erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean.
17.–Fernando Remacha auditoriuma erabiltzeko protokoloa.
1.–Erreserbatzeko eskaera guztiak espazioaren eta baliabideen erabilera arrazionalaren araberakoak izan beharko dira. Hala, Musikaren Hiria Koordinatzeko Bulegoak ezarriko du zer eskaerari erantzuten ahal zaion, eskaeraren nolakotasunaren eta izaten ahal den publikoaren arabera. Hortaz, unitate eskatzaileak eskaera egiteko momentuan arrazoitu beharko du eskaera hori.
2.–Hezkuntza Departamentuko unitate teknikoek lehentasuna izanen dute auditoriuma erabiltzeko. Nafarroako Gobernuko beste unitate batzuek eginiko eskaerei ahal den neurrian erantzunen zaie. Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak antolatutako kontzertu didaktikoak auditoriumaren erreserba planean sartuko dira.
3.–Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioak eta Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalak eskaerak egiteko lehen epe bat izanen dute, zeinetan ekainaren 10a baino lehen bidali beharko baitizkiote auditoriuma erabiltzeko behar bezala arrazoitutako eskaerak Musikaren Hiria Koordinatzeko Bulegoari. 1. puntuan adierazitakoarekin bat, Bulegoak lehentasun-ordena honen arabera tramitatuko ditu eskaerak:
3.1.–Taldeko azterketak:
a) NGMK: Banda, Orkestra, Abesbatza, Big Banda eta Camerata. Astelehen eta asteazkenetan (goizez eta arratsaldez) eta astearte eta ostegunetan (goizez).
b) Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionala: Banda, Orkestra, Abesbatza eta Brass Banda. Astearte, ostegun eta ostiraletan (arratsaldez).
3.2.–Banakako azterketak: NGMKko GRALaren defentsa.
3.3.–Bi ikastetxeetako ate irekien asteak. Aste berean izanez gero eta bi ikastetxeak ez badira ados jartzen, zozketa bat eginen da, hautatzeko lehentasuna zer ikastetxek duen erabakitzeko.
3.4.-Irakaskuntza: NGMKko Banda eta Orkestra eskolak, astelehen eta asteazkenetan, arratsaldez. Salbuespenez, ekitaldiren bat egonez gero, beste gela batean egiten ahalko dira, bat etorriz 1. puntuan ezarritakoarekin.
3.5.–Gainerako jarduerak:
a) Beste ezer ez dagoen egunetan, aintzat hartuko dira aurkeztutako eskaerak.
b) Beste zerbait dagoen egunetan, egun solteak zein aste osoa izan, eta bi ikastetxeak ez badira ados jartzen, jardueren eguna txandaka erreserbatuko da, eta zozketa bidez erabakiko da bi ikastetxeetako zein hasiko den hautatzen.
4.–Bi ikastetxeek beste eskaera epe batzuk izanen dituzte Bulegoari eskaerak egiteko; hain zuzen ere, hilabete bakoitzeko lehenbiziko 3 eskola egunak. Eskaera horiek 3.5 puntuan ezarritakoaren arabera tramitatuko dira, eta aurreko zozketaren arabera lehentasuna izan ez zuen ikastetxea hasiko da hautatzen.
5.–Auditoriuma epe laburrean erabiltzea eskatzen duen ustekabeko jardueraren bat izanez gero, eskuragarritasunaren arabera tramitatuko du eskaera Bulegoak.
6.–Aurreko 3., 4. eta 5. puntuetan aipatu erreserbak elkarri lagatzea adosten ahalko dute bi ikastetxeek. Erabaki hori Bulegoari jakinarazi beharko diote.
7.–Bulegoak baimentzen ahalko du Nafarroako Gobernuaren kanpoko entitateek erabiltzea auditoriuma, baldin eta ez badio ikastetxeek ezarritako programazioari eragiten.
8.–Erreserba bat azkenean ez balitz beharrezkoa, ikastetxeek Musikaren Hiria Koordinatzeko Bulegoari jakinaraziko diote ahalik eta lasterren.
9.–Bulegoak erreserben eta zozketen emaitzen trazabilitatea gordeko du, eta erreserben egutegia eguneratuta izanen du.
18.–Beste jarraibide batzuk.
18.1.–Irakasle Praktikak.
Irakasle Praktikak irakasgaia, aurreikusita dagoena Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko Pedagogia espezialitateko ikasketa planetan, ahal dela, Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalean eginen da. Horregatik, aipatu ikastetxeak irakasgai horretako ikasleak hartu eta haietaz arduratu beharko du, irakasgaiak behar bezalako garapena eta funtzionamendua izan dezan.
18.2.–Ikastetxeko langileen jarduerak.
Urteko programazio orokorrean sartuta ez dagoen edozein jarduera egiteko, ikastetxeko zuzendariaren berariazko baimena beharko dute, bai irakasleek, bai hezkuntza komunitateko beste edozein kidek.
18.3.–Kontserbatorioaz kanpoko jendea sartzea.
Kontserbatorioan edozein mezu aditzera eman, transmititu edo banatu nahi duten pertsona guztiek zuzendaritza-taldearen baimena beharko dute. Betiere, baimen hori eman izana idatziz jasoko da ikastetxeko artxiboan.
Hori guztia ez da eragozpen izanen legez aitorturiko eskubide sindikalak erabiltzeko.
18.4.–Jarraibide hauen berri ematea.
Zuzendaritza-taldeak begiratuko du hezkuntza komunitateko sektore guztiek jarraibide hauen edukiaren berri izan dezaten.
II. ERANSKINA.–JARRAIBIDEAK, NAFARROAKO DANTZA ESKOLAREN FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEKO 2026-2027 IKASTURTEAN
Ikasturte hasierako jarraibideek zehazten eta argitzen dituzte indarreko araudiaren alderdi batzuk, eta arautzen dituzte arautu gabeko beste batzuk, Nafarroako Dantza Eskolako antolaketa eta funtzionamendua hobetzeko. Horrez gain, ezartzen dituzte ikasturtean lehentasunez landu behar diren ildoak.
Jarraibideak bi kapitulutan daude bereizita:
Lehenbizikoa urteko programazio orokorrari buruzkoa da. Hor, besteak beste, ematen dira ikastetxearen hobekuntza planak prestatzeko argibideak, bai eta ebaluazioetan duten parte-hartzearen gaineko jarraibideak ere, hobetu daitezkeen arloak detektatzeko.
Bigarrenean, antolaketaren alderdi batzuk zehazten dira, ikastetxearen funtzionamendurako beharrezkoak direnak.
Nafarroako Dantza Eskolak balio akademikorik eta profesionalik ez duten dantza irakaskuntzak ematen ditu, bat etorriz abenduaren 21eko 421/1992 Foru Dekretuak ezarritakoarekin (haren bidez ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitateko musika eta dantza eskolen funtzionamenduari buruzko oinarrizko arauak).
Otsailaren 25eko 1/2026 Foru Dekretuaren seigarren xedapen gehigarriaren arabera, erregelamendu horretan xedatutako guztia aplikatuko zaio Nafarroako Dantza Eskolari, haren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko berariazko araudia garatzen ez den bitartean.
I.–URTEKO PROGRAMAZIO OROKORRA
A) Alderdi orokorrak.
1.–Xedapen orokorrak.
Urteko programazio orokorra (UPOa) plangintza, antolaketa eta funtzionamendurako oinarrizko tresna da. Izan ere, Nafarroako Dantza Eskolaren hezkuntza proiektua, antolaketa eta funtzionamendu arauak eta kudeaketa proiektua zehazten ditu ikasturte bakoitzerako.
Urteko programazio orokorraren esparruan, ikastetxeek erabaki hauek hartuko dituzte ikasturte bakoitzerako:
a) Pedagogiaren eta curriculumaren arloan jarduteko plan, proiektu eta programei buruzko erabakiak. Erabaki horiek urteko pedagogiaren eta curriculumaren zehaztapena izanen dira.
b) Antolaketari eta funtzionamenduari buruzko erabakiak. Erabaki horiek urteko antolaketaren eta funtzionamenduaren zehaztapena izanen dira.
c) Baliabideen kudeaketari buruzko erabakiak. Erabaki horiek urteko kudeaketaren zehaztapena izanen dira.
UPOa prestatzeko eta haren jarraipena eta ebaluazioa egiteko, orientazio gida bat egonen da eskuragai eskola kudeaketako Educa sisteman (adibideak jasotzen ditu).
Urteko programazio orokorrari buruzko informazioa Hezkuntza Departamentuaren eta ikastetxeko hezkuntza komunitatearen eskura egonen da.
2.–Informazioa biltzeko iturriak.
Urteko programazio orokorra egiteko, honako iturri hauek hartuko dira kontuan, besteak beste:
a) Ikastetxearen hezkuntza proiektua.
b) Aurreko ikasturtearen bukaerako memorian proposatutako hobekuntza arloak, zeinek kasu guztietan barne hartuko baitituzte emaitzen memorietan jasotako hobekuntza proposamenak, emaitza akademikoen analisiaren ondoriozkoak.
c) Urte anitzeko hobekuntza plana, ikastetxearen autoebaluazio prozesuaren ondoriozkoa.
d) Dagoen zuzendaritza proiektua edo plan estrategikoa.
e) Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak igorritako gomendioak, aurreko ikasturteko gainbegiratze prozesuen ondoriozkoak.
f) Hezkuntza Departamentuak ikasturte hasieran emandako jarraibideak.
g) Eskolak ezarritako beste programa batzuk.
h) Ikastetxearen kalitatea kudeatzeko sistemaren autodiagnostikoa, halakorik bada.
i) Ikastetxeko plan digitala.
3.–Edukia: atalak eta garapena.
Urteko pedagogiaren eta curriculumaren zehaztapenean jasoko dira, ikasturte bakoitzerako, ikastetxeko pedagogiaren eta curriculumaren jardunari buruzko erabakiak. Urteko programazio orokorraren atal hauetan bilduko dira:
a) Ikastetxearen urteko plana.
b) Ikastetxearen plan pedagogikoa.
c) Koordinazio didaktikorako departamentuen eta beste talde batzuen urteko planak.
d) Urteko inklusio plana, ikasleen desberdintasun indibidualei arreta emateko neurriak jasoko dituena.
e) Urteko tutoretza plana.
f) Urteko bizikidetza plana.
g) Programazio didaktikoak.
h) Ikasturtean garatu beharreko proiektu, programa eta plan propioak.
i) Ikasturtean garatu beharreko beste proiektu, programa eta plan instituzional batzuk.
j) Ikastetxeko urteko prestakuntza plana.
k) Ikastetxearen urteko plan digitala.
l) Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.
m) Urteko programazio orokorraren jarraipena eta ebaluazioa.
n) Eranskinak.
Nolanahi ere, urteko programazio orokorraren atal bakoitza dantza ikasketen berezitasunetara egokituko da, bai eta Nafarroako Dantza Eskolaren berezko ezaugarrietara ere.
Ikastetxearen urteko plana bideratuta egonen da lehentasunezkotzat jotzen diren alderdiak hobetzera, eta urteko programazio orokorraren funtsezko elementua izanen da, gainerako jarduketa planak orientatu eta zehaztuko dituena.
Departamentuek (eta irakaslana koordinatzeko beste organo batzuek, bidezkoa bada) helburuen eta ekintzen plan propioa izanen dute. Horren bidez, urteko planean zehaztutako lehentasunezko helburuak lortzen laguntzeaz gain, helburu propioak edo Eskolaren beste plan espezifiko batzuetatik ateratako helburuak ere formalizatuko dituzte.
Ikastetxeko urteko plan digitala kanpoan aurkezteko esportatu behar den dokumentua denez, Educan horretarako prestatu den txantiloian sartu beharko da.
Urteko antolaketaren eta funtzionamenduaren zehaztapenean bilduko dira, ikasturte bakoitzerako, honako alderdi hauei buruzko urteko erabakiak: gobernu-organoen eta irakaslana koordinatzeko organoen osaera eta lan planak, ikastetxearen egutegi eta ordutegi orokorra, taldeak eratzeko eta tutoretzak esleitzeko irizpideak, ikastetxearen ordutegiak –orokorra, ikasleena eta irakasleena– egiteko irizpideak eta, orobat, ebaluazioen egutegia.
Era berean, Nafarroako Dantza Eskolak beste edozein atal gehitzen ahalko du ikasturterako antolaketaren eta funtzionamenduaren erabakiei buruz, betiere indarreko araudian ezarritakoa errespetatuz.
Urteko kudeaketaren zehaztapenean bilduko dira, ikasturte bakoitzerako, honako alderdi hauei buruzko urteko erabakiak: urteko aurrekontua eta kudeaketa kontua, irakasleen, zaintzen eta jagoletzaren plantilla, instalazioak eta ekipamendua, ikastetxeko larrialdi plana eta, hala badagokio, kalitatearen kudeaketako baldintzak.
Era berean, Nafarroako Dantza Eskolak beste edozein atal gehitzen ahalko du ikasturterako baliabideen kudeaketaren erabakiei buruz, betiere indarreko araudian ezarritakoa errespetatuz.
4.–Prestaketa.
Azterturik kasuan kasuko ikasturtean dauden beharrak eta aurreikuspenak, eta kontuan harturik organo bakoitzaren deliberoak eta erabakiak, bai eta oharrak eta ekarpenak ere, urteko programazio orokorraren atalak idatziko dira.
Ikastetxeko urteko programazio orokorraren prestaketaz zuzendaritza-taldea arduratuko da. Horretarako, kontuan hartuko ditu ikastetxeko kide anitzeko gobernu-organoek edo koordinazio pedagogikorako batzordeak beren eskumen-esparruetan aurrez onetsitako proposamenak, baita hezkuntza komunitateko beste edozeinek egindako proposamenak ere. Xede horiekin, prozesua zuzendu eta koordinatuko du, egitekoak zehaztuko ditu eta dokumentuak nork idatziko dituen erabakiko du. Era berean, prestaketa prozesurako tresnak jarri eta epeak finkatuko ditu.
Urteko programazio orokorra prestatzeko orduan, zorroztasuna, erraztasuna eta erabilgarritasuna hartuko dira kontuan. Sartzen diren planen egitura operatiboak erraztuko du plana gauzatzea eta haren segimendua egitea, honako hauek zehaztuta: helburuak, adierazleak, noraino iritsi nahi den, ekintzak, arduradunak, denbora-plangintza eta ebaluazioa.
Urteko programazio orokorra Educa aplikazioarekin eginen da, horretarako txantiloi eta operatibo propioa erabiliz. Kalitatea kudeatzeko sistema (KKS) ezartzeko eta mantentzeko programan parte hartuz gero, UPOa Kadinet tresnaren bidez prestatzen ahalko da.
Urteko programazio orokorra eskola kontseiluak onetsi beharko du; eta hezkuntzaren, pedagogiaren eta curriculum-zehaztapenaren inguruko alderdi guztiek irakasleen klaustroaren onespena beharko dute. Onetsi ondoren, urteko programazio orokorra hezkuntza komunitateko kide guztiek bete beharko dute nahitaez.
5.–Tramitazioa, jarraipena eta ebaluazioa.
Behin onetsirik, urriaren 31 baino lehen, UPOa Educa aplikazioan argitaratuko da. Eskolan ere utziko da, hezkuntza komunitateak eskura izan dezan.
Salbuespen gisa, gerora sortutako inguruabarrak gertatzen direnean, urteko programazio orokorra ikasturtean zehar aldatzen ahalko da. Berriz onetsi beharko da, 4. atalean (Prestaketa) ezarritakoarekin bat, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari igorri.
Ikastetxeko zuzendaritza-taldeak eta arduradunek aldizkako jarraipena eginen dute Educa aplikazioan eta, hala badagokio, Kadinet tresnan, gutxienez hiru hilean behin, jakiteko nola garatzen ari diren urteko programazio orokorra osatzen duten plan, proiektu eta programak, honako hauek kontuan hartuta:
a) Dagokion atal espezifikoan, urteko programazio orokorrak honako hauek zehaztu beharko ditu: jarraitu beharreko prozedura, informazioa biltzeko irizpideak, arduradunak eta epeak. Bermatu beharko du aztertu eta baloratzen dela zenbateraino garatu diren planteatutako ekintzak, lortu diren proposatutako helburuak, nola bete diren erantzukizunak eta ezarritako epeak bete diren.
b) Urteko programazio orokorraren atal bakoitza ebaluatzeko prozesuak berekin ekarriko du iturri desberdinetatik datu garrantzitsuak biltzea eta datu horiek aztertzea eta interpretatzea urteko programazio orokorrean bertan aurreikusitako irizpideei jarraituz. Azken hausnarketak eta balorazioak aztertuko du zerk eragin dituen emaitzak, eta esku hartzeko ildoak ezarriko ditu, hurrengo ikasturtera begirako hobekuntza proposamen koherenteak zehaztuta.
Ikasturtea bukatzean, Eskolako eskola kontseiluak, irakasleen klaustroak eta ikastetxeko zuzendaritza-taldeak azken ebaluazioa eginen dute, jakiteko noraino bete den UPOa. Ebaluazio hori ikasturte bukaerako memorian jasoko da –Educa aplikazioan, eta, hala badagokio, Kadinet tresnan–. Horretarako, arduradun bakoitzak aztertuko eta baloratuko ditu dagokion planaren, proiektuaren edo programaren emaitzak.
Era berean, bukaerako memorian, ikasleen emaitza akademikoei eta mailaz igotzeari buruzko ebaluazioa sartuko da, ikasleen errendimendu akademikoak izandako bilakaerarekin batera.
Horretarako, bukaerako memorian txosten bat gehituko da, ikasleen emaitza akademikoen analisi zehatza biltzen duena, eta, horrekin batera, gogoeta eginen da emaitza horiek eragin dituzten zergatiei buruz, eta, hala badagokio, curriculum-elementuen, materialen, antolaketa-elementuen eta baliabide pertsonalen funtzionamenduan atzeman diren gabezia eta disfuntzioei buruz.
Bukaerako memoria eskola kontseiluak onetsi beharko du; eta hezkuntzaren, pedagogiaren eta curriculum-zehaztapenaren inguruko alderdi guztiek irakasleen klaustroaren onespena beharko dute.
Behin onetsita, ikasturte bukaerako memoria ikastetxeko ikuskatzailearen eskura jarriko da, Educaren bidez, ekainaren 30ean beranduenez.
6.–Gainbegiratzea.
Nafarroako Dantza Eskolako erreferentziazko ikuskatzaileak urteko programazio orokorra eta ikasturte bukaerako memoria gainbegiratuko ditu, egiaztatzeko bat datozela indarreko araudiarekin eta ikastetxearen behar eta emaitzekin, eta, hala badagokio, behar diren zuzenketak eta doikuntzak egitea eskatuko du.
7.–UPOaren eranskinak.
Eranskin gisa, UPOarekin batera aurkeztu behar dira programazio didaktikoen adostasun agiriak, ziurtatzearren programazioak egoki jaso dituela eskatzen diren atal guztiak. Beraz, Nafarroako Dantza Eskola arduratuko da programazio horiek zaintzeaz. Dena dela, beharrezkoa den kasuetan, Hezkuntza Departamentuko dagokion zerbitzuak berariaz eskatzen ahalko du programazioa, hainbat arrazoirengatik: auzia irakaskuntza ikuskatzeko prozesuetan sartzen delako, kalifikazioen kontrako erreklamazioak egin direlako, analisi estatistikoak egin behar direlako edo beste arrazoi batzuk direla medio.
Programazio didaktikoen adostasun ereduak eskuragarri egonen dira Educan, UPOan, eranskin gisa.
B) UPOaren gaineko argibideak.
1.–Nafarroako Dantza Eskolako ordutegi orokorra prestatzeko irizpideak.
Eskolaren ordutegi orokorra zuzendaritza-taldeak prestatuko du, klaustroaren iritzia aditu ondoren. UPOan aurreikusitako jarduerak beteko direla bermatzeko moduan eginen da, eta eskola kontseiluak onetsi beharko du. Ondorioz, Eskolaren ordutegi orokorrak honako hauek jasoko ditu gutxienez:
a) Eskola zer ordutan eta zer baldintzarekin egonen den irekita eskola komunitatearentzat.
b) Eskola jardueren ordu banaketa, betiere irizpide pedagogikoei jarraituz egina. Irakasleek ordutegi bat edo beste nahiago izateak ezin izanen du inola ere oztopatu irizpide horiek erabiltzea. Orduen banaketa egitean, aurretik esandakoaz gain, indarreko araudian ezarritakoa hartu beharko da kontuan.
c) Eskola jarduerez bestelako jardueren ordu banaketa, betiere, ikasleen eskola ordutegia eten gabe prestatuko da. Irakasleen klaustroaren bilerak, ebaluazio saioak eta ikastetxeko langileak ez diren kideak dituzten organoen bilerak, arrazoitutako salbuespena izan ezik, ahal den guztietan, eskola ordutegitik kanpo eginen dira, kasuan kasuko gobernu- edo koordinazio-organoetako kide guztiak bertaratu ahal daitezen.
d) Maiatzeko eta ekaineko jardueren behin betiko egutegiaren aurreikuspena; horretan azken probak eta ebaluazioak noiz eginen diren adieraziko da, baita kontsultak egiteko epea zein izanen den ere. Apirilaren 30aren aurretik, Eskolak aipatu diren jarduera horien behin betiko egutegia igorriko du Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura.
e) Irakasleen ordutegi orokorra.
f) Irakasleen banakako ordutegia.
Ikastetxeko ordutegi orokorra egiteko nahitaez hartuko dira kontuan, klaustroak adierazitakoaz gain, II.2 puntuan zehaztutako irizpideak.
2.–Aniztasunari erantzutea.
Nafarroako Dantza Eskola da, bere osotasunean, bertako ikasle guztien aniztasunari erantzun inklusiboa eta hezkidetzan oinarritua emateko arduraduna, eta, horretarako, konpromiso irmoa erakutsi behar du bikaintasunaren, berdintasunaren eta genero-berdintasunaren printzipioekin, hezkuntza inklusiboaren oinarri diren aldetik.
Ikasleen aniztasunari ahalik eta egokien erantzuteko, funtsezkoa da irakasle talde osoaren lana. Ardatz izanen du hautematea ikaskuntzarako sarbidea oztopatzen duten trabak, eta adierazi behar du zein diren horiek ezabatzeko helburuak (inklusio planean eta hobekuntza planean jaso beharko dira helburuok).
Ikasleen premiei erantzuteko jarduerak eta neurriak inklusio planetatik abiatu behar dira. Planaren zehaztapena, antolaketa neurriekin, ezarritako proposamen teknikoa oinarri hartuta eginen da, eta bermatuko da zuzendaritza-taldeak bete eta garatzen duela.
Jaso beharko da zer sarbide neurri eta jarduketa hartuko diren hezkuntza laguntzako berariazko premiak izateagatik oztopoak dituzten ikasleei erantzuteko. Familiei neurri horien berri emanen zaie.
Inklusio planaren zehaztapena bidaliko da Hezkuntza Departamentuko Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, urriaren 31 baino lehen.
Ikasleen aniztasunari erantzuteari buruzko gainerako alderdietarako, hala dagokionean, Nafarroako Dantza Eskolak aplikatuko du Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren maiatzaren 26ko 333/2026 Ebazpenaren II. eranskineko I.B)3 puntuan jasotakoa (ebazpen horren bidez jarraibideak onetsi ziren 2026-2027 ikasturtean arautzeko zer antolaketa eta funtzionamendu izanen dituzten Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Hezkuntza Bereziko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek).
II.–ANTOLAKETARI DAGOZKION ALDERDIAK
1.–Nafarroako Dantza Eskolaren funtzionamendu organikoari buruzko alderdiak.
1.1.–Zuzendaritza-taldea.
Kide bakarreko organo hauek osatuko dute zuzendaritza-taldea: zuzendaria, ikasketaburua eta idazkaria.
1.2.–Koordinazio didaktikorako departamentuak
Eskolan koordinazio didaktikorako departamentu hauek izanen dira:
–Dantza Klasikoa.
–Dantza Garaikidea.
–Dantza Espainiarra.
Ikastetxeko zuzendariak egokien den departamentuari atxikiko dizkio irakasleak, ematen dituzten ikasgaien arabera.
2.–Nafarroako Dantza Eskolaren ordutegia.
Ikastetxeko ordutegi orokorra egiteko nahitaez hartuko dira kontuan, klaustroak adierazitakoaz gain, honako irizpide hauek:
–Nafarroako Dantza Eskolaren ordutegia astelehenetik ostiralera izanen da, goizez eta arratsaldez, 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 22:00etara.
–Ikastetxeko zuzendariak neurriak hartuko ditu ikastetxea oporraldietan, goizez, irekita edukitzeko.
–Irakasleek ordutegien arloan izaten ahal dituzten nahiak ezin dira inoiz izan klaustroak ezartzen dituen irizpideen kontrakoak, ez eta arte irakaskuntzen ordutegiak eta araubide orokorreko irakaskuntzenak bateratzearen ondorioz ikasleek dituzten beharren kontrakoak.
–Ahal den neurrian, ahaleginak eginen dira ikasleen ordutegia bateragarri izan dadin araubide orokorreko irakaskuntzekin.
3.–Irakaskuntzen ordu banaketa.
Talde bakoitzean gehienez ere 20 ikasle izanen dira oinarrizko mailan, eta ikasgai bakoitzaren asteroko eskola orduen kopurua beherago ezartzen denari egokituko zaio.
Plan pedagogikoa. Irakaskuntzen ordu banaketa:
a) Hastapena.
–Hastapena A: 2 ordu.
–Hastapena B: 2 ordu.
b) Oinarrizko maila–Ikasgai komunak bi espezialitateetarako.
–Oinarrizko mailako 1.a.
- Dantza Klasikoa: 2 ordu.
- Folklorea: ordu bat.
- Sormen Mugimendua: ordu bat.
–Oinarrizko mailako 2.a.
- Dantza Klasikoa: 2 ordu.
- Dantza Espainiarra: 2 ordu.
- Sormen Mugimendua: ordu bat.
–Oinarrizko mailako 3.a.
- Dantza Klasikoa: 3 ordu.
- Dantza Espainiarra: 2 ordu.
- Sormen Dantza: ordu bat.
–Oinarrizko mailako 4.a.
- Dantza Klasikoa: 4 ordu.
- Dantza Espainiarra: 3 ordu.
- Sormen Dantza: ordu bat.
c) Erdi maila-Dantza klasikoa.
–Erdi mailako 1.a.
- Dantza Klasikoa: 6 ordu.
- Bariazioak-Oin Puntak: 2 ordu.
- Koreografia Lantegia: 1,30 ordu.
- Dantza Garaikidea: 2 ordu.
–Erdi mailako 2.a.
- Dantza Klasikoa: 7,30 ordu.
- Bariazioak-Oin Puntak: 2,30 ordu.
- Koreografia Lantegia: 1,30 ordu.
- Dantza Garaikidea: 2 ordu.
–Erdi mailako 3.a.
- Dantza Klasikoa: 7,30 ordu.
- Bariazioak-Oin Puntak: 3,30 ordu.
- Koreografia Lantegia: 1,30 ordu.
- Dantza Garaikidea: 3 ordu.
–Erdi mailako 4.a.
- Dantza Klasikoa: 7,30 ordu.
- Bariazioak-Oin Puntak: 3,30 ordu.
- Koreografia Lantegia: 1,30 ordu.
- Dantza Garaikidea: 4 ordu.
d) Erdi maila-Dantza Espainiarra.
–Erdi mailako 1.a.
- Dantza Klasikoa: 6 ordu.
- Bolero Eskola: 2 ordu.
- Dantza Flamenkoa: 2 ordu.
- Dantza Estilizatua: ordu bat.
–Erdi mailako 2.a.
- Dantza Klasikoa: 6 ordu.
- Bolero Eskola: 2,30 ordu.
- Dantza Flamenkoa: 3 ordu.
- Dantza Estilizatua: 1,30 ordu.
–Erdi mailako 3.a.
- Dantza Klasikoa: 6 ordu.
- Bolero Eskola: 2,30 ordu.
- Dantza Flamenkoa: 3,30 ordu.
- Dantza Estilizatua: 3 ordu.
–Erdi mailako 4.a.
- Dantza Klasikoa: 6 ordu.
- Bolero Eskola: 2,30 ordu.
- Dantza Flamenkoa: 3,30 ordu.
- Dantza Estilizatua: 3 ordu.
e) Helduendako kurtso irekiak.
–Dantza Klasikoa:
- Hasierako maila: 2 ordu.
- Erdi maila: 2 ordu.
- Maila aurreratua: 3 ordu.
–Dantza Garaikidea:
- Hasierako maila: 2 ordu.
- Erdi maila: 2 ordu.
- Maila aurreratua: 3 ordu.
–Dantza Espainiarra:
- Hasierako maila: 2 ordu.
- Erdi maila: 2 ordu.
- Maila aurreratua: 3 ordu.
4.–Nafarroako Dantza Eskolaren plan pedagogikoan ageri diren irakaskuntza jarduerak.
Irakasleen klaustroak ikastetxearen irakaskuntza jarduerak programatuko ditu eta zuzendaritza-taldeari igorriko dizkio. Programazio didaktikoen adostasun agiriak, zuzendariak ikus-onetsiak, urteko programazio orokorrean sartu beharko dira.
Departamentuek programazio didaktikoak prestatuko dituzte, plan pedagogikoan ezarritako irakaskuntzen arabera. Eta zuzendaritza-taldeari aurkeztuko dizkiote, urteko programazio orokorrean sar ditzan.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du programazio didaktikoen prestaketa.
Programazio didaktikoak prestatzeko, eskura izanen dira orientatzeko gida bat eta programazio-eredu irekiak, eskola kudeaketako Educa sisteman (Ikastetxea > Dokumentazio instituzionala > Ikuskapen-dokumentuak > Programazioak).
Programazio didaktikoak, ahal dela, Educa aplikazioan bertan eginen dira, horretarako prestatutako txantiloi bat erabiliz.
5.–Lanaldia.
5.1.–Gai orokorrak.
225/1998 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioentzako finkatzen den lanaldi bera izanen dute, beren eginkizunetara egokitua.
Irailaren 14ko 86/2018 Foru Aginduan argitaratutako Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Itunaren ondorioz, Nafarroako Dantza Eskolako irakasleek, lanaldi osoa badute, astean 18 eskola ordu izanen dituzte. Foru aginduan aipatu zuzeneko irakaskuntzako orduen murrizketa honela aplikatuko da: ordubete ikastetxearen koordinazio lanetarako eta plangintza instituzionaleko agiriak prestatzeko; eta beste ordubete ikastetxeak parte hartzen duen proiektu, programa edo planak egiteko zein foru aginduan adierazitako zereginetarako.
Ikasturtean, irakasleek jarraibide hauetan finkatutako lanaldia eta ordutegia beteko dituzte, horri buruz indarra duen legerian ezarritakoa bete beharra galarazi gabe.
Ekaineko eta iraileko eskola gabeko lan egunetan, egunean ikastetxean egon beharreko bost orduko lanaldi etengabea baimentzen ahalko zaie irakasleei.
Irakasleak astean hogeita hamar ordu aritu beharko dira Kontserbatorioaren jardueretan eta beste batzuetan, urteko lanaldia osatu arte. Banaketari dagokionez, ikus 5.2 atala.
5.2.–Orduen banaketa.
Ikastetxearendako zuzenean eman beharreko orduak honela banatuko dira:
5.2.1.–Zuzeneko irakaskuntza orduak eta eskola orduak.
Astero, oro har, Hezkuntza Departamentuak ezartzen eta indarra duen araudian finkatzen diren zuzeneko irakaskuntza orduak eta eskola orduak beteko dira.
Horretarako, jarduera eta inguruabar hauek hartuko dira kontuan:
a) Zuzendaritza-taldea.
Zuzendaritza-taldeak bere eskola ordutegiaren zati bat erabiliko du karguari dagozkion zereginetarako, kasuan kasuko arauari jarraikiz.
b) Departamentuko burutza.
Departamentuburuek beren ordutegitik zenbait eskola ordu (indarreko legerian ezartzen direnak) erabiliko dituzte zeregin horretarako.
5.2.2.–Astean zenbatu beharreko ordu osagarriak.
Irakasle bakoitzaren ordutegian jasotako zuzeneko irakaskuntzako orduak eta eskola orduak eta astean zenbatu beharreko ordu osagarriak batuta, guztira, hogeita bost ordu izanen dira astean.
Astean zenbatu beharreko ordu osagarrietan, irakasle bakoitzari esleitutako jardueren arabera, honako hauek sartuko dira:
a) Zaintza orduak.
b) Astean ordu bat departamentuaren bileretarako.
c) Astean ordu bat irakasleek eskola kontseiluan dituzten ordezkariendako.
Behar bezala beteta baldin badaude zaintza orduak eta astean zenbatu beharreko ordu osagarrietan egin behar diren jarduerak, irakasleek, oro har, ondotik zehaztutakoari jarraituz osatzen ahalko dute asteko ordutegi osagarria, irakasle bakoitzaren banakako ordutegian jaso behar diren asteko 25 orduetara iritsi arte, irakasle bakoitzari esleitutako jardueren arabera:
a) Zuzendaritza-taldeko kideen koordinazio lanetarako orduak.
b) Ikastetxeak parte hartzen duen proiektu instituzionaletan aritzen diren irakasle taldeek lan egiteko orduak.
c) Astean bi ordu, gutxienez, tutoretza lanak egiteko.
5.2.3.–Hilean zenbatu beharreko ordu osagarriak.
Irakasle bakoitzak ikastetxearendako zuzenean eman behar dituen asteko 30 orduak betetzeko falta diren bost orduak hilero zenbatuko dira, eta honako jarduera hauetan erabiliko dira:
a) Klaustroaren bileretara joatea.
b) Ebaluazio saioetara eta irakasle taldearen bileretara joatea.
c) Plangintza instituzionaleko tresnak prestatu, berrikusi eta eguneratzeko orduak, betiere Hezkuntza Departamentuak ezartzen ahal dituen lan planei jarraikiz, hala dagokionean. Ikastetxeak behar diren neurriak hartuko ditu irakasle guztiek batera parte har dezaten jarduera horretan.
d) Beste jarduera osagarri eta eskolaz kanpoko batzuk.
e) Prestakuntza instituzionala.
Astean goiz bat gordeko da jarduera jakin batzuk egiteko; hala, irakasle guztientzat, bertan egon beharreko 4 ordu gutxienez finkatuko dira klaustroaren bilerak, ebaluazio saioak, gurasoekin egin beharreko bilerak eta, oro har, Eskolaren funtzionamendu egokirako programatzen diren bakankako beste jarduera batzuk egiteko.
Ikasketaburuak, zuzendariarekin batera, hiruhilekotan banatuta planifikatuko ditu aurreikusitako jarduerak. Jarduera horien programazioa Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko da hiruhileko bakoitzaren hasieran.
5.2.4.–Urteko lanaldia osatu arteko gainerako orduak.
Urteko lanaldia osatu arteko gainerako orduak irakaskuntzako jarduerak prestatzeko eta irakasleen lanbide hobekuntzarako erabiliko dira, eragotzi gabe irakasleek hautapen batzorde eta epaimahaietan edo antzeko jardueretan parte hartzeko duten betebeharra gauzatzea, hala egokitzen zaienean.
6.–Irakasleen ordutegia prestatzea eta onestea.
Uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuak, zeina aldatu baitzuen uztailaren 16ko 60/2014 Foru Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarriak, ezartzen du ezen irakasleen ordutegiak ikasketaburuak prestatu behar dituela, Eskolako zuzendariak onetsi behar dituela eta Educa kudeaketa programaren bitartez jakinarazi behar direla irailaren 30erako. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ebatziko ditu horren gaineko erreklamazio guztiak, eta, horretarako, hamabost eguneko epea izanen du.
Ordutegiak prestatzeko, eskola kudeaketako Educa sisteman eskuragarri daude laguntza dokumentuak, kontratuen ordutegi-taula eta irakasleen ordutegiaren kontzeptuak (Ikastetxea > Dokumentazio instituzionala > Ikuskapen-dokumentuak > Irakasleen ordutegia).
Halaber, eskola kudeaketako Educa sisteman zehaztuko da egoitzaren ordutegia, zenbaketa moten erlaitzean "denbora erreala" hautatuta (Ikasturtea > Ordutegia > Egoitza zehaztea > Ordutegiak kudeatzea > Zenbaketa mota > Denbora erreala).
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ikuskatuko du ea zuzena den irakasleen asteko ordutegiaren banaketa (zuzeneko irakaskuntzarako orduak, eskola orduak eta ordu osagarriak).
Ordutegiak ikasketaburuak prestatuko ditu, jarraibide hauetan jasotakoari jarraikiz. Ikasleek ordutegi funtzionala izatea bermatuko da, baina lehentasuna, betiere, ikastetxearen beharrek izanen dute.
Iraileko matrikulak egin ondoren, ikasketaburuak ikasgai bakoitzeko ikasleen eta taldeen kopuruaren berri emanen die koordinazio didaktikorako departamentuei, matrikula horien datuen arabera.
Ikastetxean ahal den guztietan, irakasleek ikasleak eta taldeak hautatuko dituzte. Irakasleek beren espezialitateko ikasle taldeak hautatu beharko dituzte, horrelakorik badago; gero, ordutegia osatuko dute beren departamentukoak izanik antzekoenak diren ikasgaietakoak hautatuz, eta, departamentuko ordu guztiak bete ondoren, artean ordu librerik badute, hain antzekoak ez diren beste ikasgai batzuekin osatzen ahalko dute ordutegia, beste departamentuetakoak hautatuz.
Departamentuko kideak ikasle eta taldeak hautatzerakoan ados jartzen ez badira, honako prozedura honi jarraituko zaio:
Atal honetan ezarritako ordenaren arabera, lehenik hautatu behar duen irakasleak beretzat lehentasunez nahi duen ikasgaiko eta ikasmailako ikaslea edo ikasle taldea hautatuko du; ondoren, hautatzeko bigarrena den irakasleak gauza bera eginen du, eta horrela, hurrenez hurren, espezialitateko eta departamentuko irakasle guztiek lehenengo txanda egin arte. Lehenengo txandaren ondotik beste batzuk eginen dira, irakasleek beren eskola ordutegia osatu arte edo departamentuari dagozkion ikasgai, ikasle eta talde guztiak esleitu arte.
Bilera horretan izaten diren gorabehera guztien akta eginen da eta departamentuko kide guztiek sinatuko dute. Aktaren kopia bat ikasketaburuari emanen zaio.
Goian adierazi diren ondorioetarako, departamentu bakoitzeko irakasleek hautatzeko lehentasun ordena honako hau izanen da:
1. Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen kidegoa.
2. Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoa.
3. Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoko funtzionarioak, zerbitzu eginkizunetan dihardutenak.
4. Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko funtzionarioak, zerbitzu eginkizunetan dihardutenak.
5. Zerbitzu berezietan ari diren funtzionarioak.
6. Aldi baterako kontratudunak, lan edo administrazio araubidekoak.
Hautatzeko lehentasuna, lehenbiziko hiru atalei dagokienez, antzinatasun handiena izateak emanen du, eta, antzinatasun bera izanez gero, atal bakoitzeko lehentasuna erabakitzeko honako irizpide hauek aplikatuko dira, hurrenez hurren:
–Nork duen antzinatasun handiena ikastetxean.
–Kidegoan edo Administrazioan antzinatasun handiena izatea, eszedentzia urteak zenbatu gabe.
–Sarrerako hautapen prozesuetan puntu gehien lortu izana.
6. atalean, lehentasuna ezarriko da irakasleek Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzuko zerrendetan duten tokiaren arabera.
Departamentuari esleitutako eskola orduak eta zuzeneko irakaskuntzakoak kideen ordutegien bidez bete daitezkeenak baino gehiago badira, hautaketa egin baino lehen zehaztuko da zein ikasgai eta ikasmaila emanen dituzten antzeko espezialitateetako irakasleek, aipatu hautaketan sar ez daitezen. Horri dagokionez, kontuan hartu behar da espezialitateko irakasle batek ezin dituela beheko ikasmailak hautatu goragoko ikasmailak espezialitatekoak ez diren irakasleentzat utzita.
Hori hala izanik ere, salbuespenezko kasuetan, eta plantilla prestatzeko prozesuan sortzen diren beharrei erantzuteko, Hezkuntza Departamentuak baimena ematen ahal du, egokia iruditzen bazaio, ikasgai batzuk horien titular ez diren irakasleek emateko, kontuan hartuz baimendutako espezialitateko ikasgaien edukiak eta haien titular ez den irakaslearenak antzekoak diren, bai eta ikasgai horiek kasuan kasuko irakaslearen esperientzia musikalarekin duten zerikusia ere.
Sartu berriak diren ikasleen kasuan, koordinazio pedagogikorako batzordeak ezartzen dituen irizpideak erabiliko dira.
Ikasketaburuak egiaztatuko du departamentuko kideetako bakoitzak dituen zuzeneko irakaskuntzako orduak eta eskola orduak eta ikastetxean egon beharreko nahitaezko gainerako ordutegia bat datozela jarraibide hauekin, eta, halaber, egiaztatuko du ikasle eta ikastalde guztiek jasotzen dutela arreta, bai eta bete gabeko ordu libreak dituzten irakasleak dauden ere.
Lan horiek guztiak egin ondoren, ikasketaburuak behin betiko ordutegiaren proposamena eginen du, departamentuek ikasgai, maila eta kurtsoekin egindako banaketaren arabera.
Irakasleen eskola ordutegia astean bost egunetan banatuko da (astelehenetik ostiralera), lanaldi partzialerako kontratatutako irakasleen kasuan izan ezik. Nolanahi ere den, egunean 5 eskola ordu izanen dituzte gehienez.
Ahaleginak eginen dira zuzendaritzako karguren bat ikastetxean egon dadin ahalik eta denbora gehien ordutegi orokorraren barruan.
Hezkuntza komunitateko edozein kidek eskura izan beharko ditu irakasle bakoitzaren ordutegiak eta laneko tokia (bai eskola orduei dagokienez bai tutoretza orduei, zaintzei, bilerei eta abarri dagokienez). Era berean, zuzendaritza kargu bakoitza Eskolan zein ordutan egonen den adieraziko da.
7.–Irakasleak eta ikastetxeko langileak lanera ez agertzea.
Ikastetxeko zuzendariak aldi baterako ezintasunaren ondoriozko absentziak kontrolatu behar ditu, Hezkuntza Departamentuko web-orrian ezarritakoari jarraituz:
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal
Aldi baterako ezintasun egoerak jakinarazteko ezarritako epeak betetzen ez badira, ikastetxeko zuzendariak horren berri emanen dio Hezkuntza Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudiak ezarritakoaren arabera jardun dezan. Irakasleari ere horren berri eman behar zaio idatziz.
Proposatzen da komunikazioak Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez egitea, ongi bete daitezen epeak, ordezkapenetarako, kotizazioetarako eta nominan eragina duten bestelako elementuetarako.
Agiriak bidaltzean izandako edozein gorabeheraren berri emateko, helbide elektroniko hau erabil daiteke modu osagarrian: planificacionrheducacion@navarra.es.
Ikastetxeetan ezarriko da zer bidetatik eginen dituzten jakinarazpenak MUFACEko nahiz Gizarte Segurantzako langileek, zuzendaritza-talde bakoitzak zehazten duen funtzionamenduaren arabera.
Garrantzitsua da adieraztea ezen, gaixotasun ondoriozko baja egoerak jakinarazteaz gainera, 72 orduko epean egin behar dela, gehienez, erditzeagatiko lizentzia edo ama ez den gurasoarendako lizentzia tramitatzeko komunikazioa, ezarritako prozedurari jarraikiz.
Ordezkapen egoeretan, ordezkoa ez bada egokitu zaion lanpostuan hasten, eta Kontrataziorako Atalari ez badio erregistro orokorraren bidez jakinarazi lanpostuari uko egin diola, ikastetxeko zuzendariak hutsegitearen txosten bat bidaliko du contratoseducacion@navarra.es helbidera, plaza berriz eskain dadin. Baldin ordezkapen kontratuaren Gizarte Segurantzako afiliazioaren alta tramitatu bada, Gizarte Aseguruen Atalak eskatuta, zuzendaritza-taldeak hutsegiteari buruzko txosten bat egin beharko du, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian alta baliogabetzeko. Ondoren, seccion.seguros.sociales@navarra.es helbide elektronikora bidali beharko du.
Nafarroako Dantza Eskolan erregistratu egin beharko dira, Educa sistemaren bidez, ikastetxeak berak emandako baimenak. Norberaren aferetarako baimena ematerakoan, Educa kudeaketa sisteman (Langileak menua > Irakasleak > Berria / Hutsegiteak ikusi) ikus daiteke zenbat ordu hartu duen irakasle bakoitzak ikasturte berean, kontratu bat baino gehiago izan arren.
8.–Zaintza.
Eskola orduetan, ikasleen arduraduna ikastetxea da, eta, bereziki, zuzendaria, Eskolaren ordezkaria den aldetik; beraz, ikastetxean behar adina irakasle izanen da une oro zaintza orduez egoki arduratzeko.
Hona hemen zaintzako irakasleen eginkizun nagusiak:
a) Irakasleak huts egiteagatik edo beste edozein arrazoirengatik libre gelditzen diren ikasleei arreta ematea.
b) Korridoreetan ordena zaintzea, eta, oro har, ikasleek gelaz kanpo duten portaera. Horrek ez du esan nahi beste irakasleek eginkizun hori bete behar ez dutenik.
c) Beren zaintza orduetan sortzen diren gorabehera guztiak konpontzea, bai eta ikastetxeko norbait mediku beharrean gertatuz gero hartarako kudeaketak egitea ere, eta ikasketaburua lehenbailehen jakinaren gainean jartzea.
d) Beren zaintza orduetan, irakasleak eskoletara, zaintza txandetara, liburutegira edo bestelako jardueretara berandu joan izanaren edo joan ez izanaren berri ematea ikasketaburuari, idatziz.
e) Eskolako zuzendariak bere eskumeneko esparruan agintzen dion beste edozein eginkizun.
Behar bezala beteta baldin badaude eranskin honetako II.5.2 puntuan adierazitako ordu osagarrietan egin beharreko jarduerak nahiz zaintza orduak, zuzendariak baimena ematen ahalko du irakasle baten zaintza orduak beste jarduera espezifiko batzuekin trukatzeko.
Educa aplikazioak modulu bat du irakasleen zaintza orduak kudeatzeko, eta hura erabiltzea gomendatzen dugu. Ikasgelako koadernoaren agendarekin lotuta dago, egin beharreko jarduerak jakinaraztea errazten du, zaintzako irakasleak izendatzeko aukera ematen dio zuzendaritza-taldeari eta prozesuaren estatistika bat eskaintzen du.
9.–Ikasleak onartzeko araubidea eta matrikulazioa.
9.1.–Onarpena eta matrikulazioa.
Ikasleak balio akademiko eta profesionalik ez duten dantza irakaskuntza hauetan onartu eta matrikulatzeko, ikastetxeko plan pedagogikoan horren gainean ezartzen denari jarraikiko zaio.
9.2.–Matrikulari uko egitea.
Ikasleek matrikula deuseztatzeko eska diezaiokete ikastetxeko zuzendariari, apirilaren 30a baino lehen, baldin eta agiri bidez eta zinez frogatzen badute inguruabar hauetako bat gertatzen dela:
–Eritasun fisiko nahiz psikiko luzea izatea.
–Lanpostu batean hasi izana.
–Familia beharrak izatea.
–Ohiz kanpoko beste inguruabar batzuk.
Ikaslearen irakasleei entzun ondoren, ikastetxeko zuzendariak eskaera ebatzi eta matrikula deuseztatzeko baimena emanen du, baldin eta aipatu arrazoi horietako bat egiaztatzen bada eta, hori dela medio, ezinezkoa izan bada eskatzailea eskoletara normalki joatea eta etengabeko ebaluazioaren bidez haren kalifikazioa egitea.
Matrikula deuseztatzeko baimena ematen den kasu guztietan, dagokion eginbidea agerraraziko da ikaslearen ikasketen espedientean eta kontuan hartuko da deuseztatze horrek baimendu den ikasturte horretarako balio duela bakarrik.
Matrikula deuseztatu arren, ordaindutako tarifak ez dira itzuliko.
Matrikula deuseztatzen duten ikasleek, hurrengo ikasturtean, beren ikasketak egiten segi dezakete ikastetxe berean. Hurrengo ikasturteetan eskolan berriz sartzeko, ikastetxeko plan pedagogikoan ezarritako ohiko sarrera prozedurari jarraikiko zaio.
10.–Hezkuntza digitalizatzea.
Hezkuntza Departamentuak irakasle sartu berrien eskura jarriko du 15 orduko prestakuntza, zeinetan irakaskuntzan aritzeko oinarrizko tresna digitalak landuko baitira. Zuzendaritza-taldeak prestakuntza instituzional gisa ezartzen ahalko du hori irakasle sartu berriendako.
Hezkuntza digitalizatzeari buruzko gainerako alderdietarako, hala dagokionean, Nafarroako Dantza Eskolak aplikatuko du Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren maiatzaren 26ko 333/2026 Ebazpenaren II. eranskineko II.11 puntuan jasotakoa (ebazpen horren bidez jarraibideak onetsi ziren 2026-2027 ikasturtean arautzeko zer antolaketa eta funtzionamendu izanen dituzten Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Hezkuntza Bereziko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek).
11.–Nahitaezko prestakuntza.
Irakasleen eskubide eta betebehar bat da etengabeko prestakuntza, baita Hezkuntza Departamentuaren eta ikastetxeen ardura bat ere; izan ere, azken helburua da Nafarroako hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzea, irakasleen lanbidea garatuz.
Hala, Nafarroako Dantza Eskolak ikastetxeko prestakuntza instituzionaleko plan bat ezarriko du. Plan hori zuzendaritza-taldeak prestatuko du, aintzat hartuz, batetik, Hezkuntza Departamentuak proposatutako proiektu estrategiko, plan eta lehentasunezko ildoetatik eratorritako prestakuntzarako beharrak, bestetik, ikastetxeko klaustroaren eta irakasle-taldearen lanetik eratorritako prestakuntzarako beharrak, eta, halaber, irakasleentzako laguntza zentroak eginiko hautemate prozesuan jasotako prestakuntzarako beharrak.
Prestakuntza ekintzak klaustro osoari edo irakasle multzo jakin bati zuzentzen ahalko zaizkio. Hezkuntza Departamentuaren edo Nafarroako Dantza Eskolaren proiektu estrategikoak, programak, planak eta lehentasunezko ildoak gauzatzeko prestakuntza ekintzen proposamenak lehentasunezkoak izanen dira eta irakasleek nahitaez egin beharko dituzte.
Nahitaezko prestakuntza instituzionala ikasturte bakoitzean 25 ordukoa izanen da, baina ordu gehiagokoa izaten ahalko da Eskolak berak edo Hezkuntza Departamentuak ezarritako beharrak asetzeko beharrezkoa bada. Kasu horretan, irakasleen parte-hartzea borondatezkoa izanen da nahitaezko prestakuntza instituzionaleko 25 orduez gaindiko orduetan.
Irakasleek egindako emanaldiak eta bestelako jarduera artistikoak ez dira prestakuntza jardueratzat hartuko.
Alde batera utzita Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalak kudeatzen duen prestakuntza espezifikoa, Nafarroako Dantza Eskola Iruñeko ILZari atxikita dago prestakuntza orokorrerako; beraz, erreferentziazko aholkulari bat du, eta aholkulari horrek ikastetxeko prestakuntza instituzionaleko plana egiten laguntzen ahal du. Nafarroako Dantza Eskolak prestakuntzako arduradun bat izendatuko du, ikastetxearen eta bi erakundeen arteko lotura izan dadin. Ez bada inor izendatzen, ikasketaburuak bere gain hartuko du zeregin hori.
Ezartzeko nahitaezko prestakuntza instituzionaleko zenbat ordu egin behar dituzten kontratu partziala duten irakasleek, nahitaezko prestakuntza instituzionaleko 25 orduei aplikatuko zaie kontratuaren ehunekoa.
Ez dute nahitaezko prestakuntza egin beharko lanaldiaren hereneko edo gutxiagoko kontratua duten irakasleek. Halere, aukera izanen dute prestakuntza hori borondatez egiteko. Interesdunak ez badu prestakuntza egiten, indarrean dagoen araudiak jasotako zereginak egiteko erabiliko ditu bere kontratuari dagozkion ordu osagarriak.
Nahitaezko prestakuntza instituzionaleko orduen zenbaketa malgutzeko, ikasturte bakoitzean gutxienez 20 ordu egin beharko dira, eta, beraz, elkarren segidako bi ikasturteko aldian egiten ahalko dira gainerako orduak. Edonola ere, bete beharko dira bi urte horiei dagozkien nahitaezko prestakuntza instituzionaleko 50 orduak. Nolanahi ere, Hezkuntza Departamentuaren edo Nafarroako Dantza Eskolaren proiektu estrategikoei, programei, planei eta lehentasunezko ildoei buruzko prestakuntza bete beharko da.
Irakasle bakoitzak nahitaezko prestakuntzako 10 orduko murriztapena erabiltzen ahalko du ikasturtean zehar dituen beharrizan profesionalen arabera.
Irakasleek Eskolako zuzendariaren aurrean frogatu beharko dituzte eginiko prestakuntza ekintzak, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratu beharko ditu.
25 orduko prestakuntza instituzionalaz gain, irakasleek segitzen ahalko dute prestakuntzarako eskubideaz baliatzen, nahi izanez gero.
12.–Eskola informazioaren kudeaketa: Educa. Kontabilitate sistema: Ecoeduca.
12.1.–Eskola informazioaren kudeaketa: Educa.
Eskola informazioa Educa aplikazioarekin kudeatuko da.
Hezkuntza Departamentuaren webgunean argitaratzen dira, Educari eta posta elektronikoari buruzko atalaren barnean, bai eta IKT zerbitzuen katalogoan ere, zenbait jarraibide eta bideotutorial, laguntzen dutenak aplikazioaren moduluetara ohitzen. Halaber, Educa taldearekin harremanetan jartzeko prozedura azaltzen da, funtzionalitate berriak eskatu, gorabeherak jakinarazi edo laguntza eskatzeari begira. Educa aplikaziotik bertatik egin daitezke eskaerak, goiburuko gorabeheren ikonoan (@) klik eginez. Atari horretatik bilaketak egiten ahalko dira ohiko prozedurei, zalantzei eta tutorialei dagokienez.
Hezkuntza Departamentuak prestakuntza eta informazio saioak antolatuko ditu koordinatzaileei, zuzendaritza-taldeei eta administrazioko langileei Educa plataformaren berri emateko.
Zuzendaritza-taldeak edo hark eskuordetutako pertsonak aholkuak emanen dizkie Eskolako erabiltzaileei Educa kudeaketa sistemari buruz. Horrez gain, sistema horren aldaketen eta funtzionalitate berrien informazioa jasoko du, eta haiek ikastetxean erabil daitezen sustatu eta koordinatuko du.
Zuzendaritza-taldeak bermatu beharko du, horretarako bideak jarriz, ikasturtea hasi ondoren ikastetxean kudeaketa eta irakaskuntza lanetan hasten diren pertsonek Educa ezagutzen dutela eta badakitela hura erabiltzen.
Eskolan Educaren koordinatzaile-lanetan ariko direnen erregistro bat izateko, zuzendariak Educaren ikastetxeko koordinatzailea izendatuko du, eta, aplikazioan, "Educa koordinatzailea" lanpostu osagarria esleituko dio.
Zuzendariak berrikusiko ditu Educatik ikastetxeen direktorioan (Ikastetxearen menua > Ikastetxearen datuak > Ikastetxearen informazioa) argitaratzen diren datuak (hala nola posta helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta web-orria), eta aurkitzen dituen akatsen berri emanen dio Educaren laguntza zerbitzuari. Gogorarazi nahi da beste datu interesgarri batzuk gehi ditzakeela, adibidez, ikastetxearen helburuak, balioak, sariak eta abar.
Nafarroako Dantza Eskolaren ardura da eguneratuta edukitzea ikastetxeko langileen –irakaskuntza nahiz kudeaketa lanetan aritzen direnen–, ikasleen eta familien datu pertsonalak. Nahiz eta aplikazioak aukera ematen duen Cl@ve sistemaren bidez sartzeko (ziurtagiri elektronikoa, NAN elektronikoa, Cl@ve Iraunkorra), gogoan izan oso garrantzitsua dela, Educa baimenak lortzeko, helbide elektroniko pertsonal bat erregistratzea fitxan.
Era berean, Eskolaren ardura izanen da bere informazio akademikoa eskuratzeko asmoz programara jotzen dutenen sarbidea kudeatzea. Horrela, bada, ikasleek eta haien familiakoek informazio hori eskuratzeko arazoak dituztenean, lehenbizi ikastetxea arduratuko da, eta ezin baditu bere kasa konpondu, Educaren laguntza zerbitzuarekin harremanetan jarriko da.
Komeni da ikastetxeko langileek jakin dezaten nola erabili Educak gaiturik dituen funtzio guztiak; horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: ikasgelako koadernoa, ikasleen jarraipena, ebaluazio saioaren kudeaketa (informazio fluxua, akta), emaitzak (Kudeaketa akademikoa > Kalifikazioak > Ebaluazio txostenak), zaintzen kudeaketa, informazio garrantzitsua, ikasturte bukaerako txostenak, elkarrizketak, bizikidetzaren kudeaketa eta abar.
Educa aplikazioaren barruan, mezularitza sistema bat dago hezkuntza komunitateko kideen artean informazioa trukatzeko. Dena dela, posta elektronikoko kontuak erabili beharra dagoenean, oroitarazten da sare publikoko irakasleek eta ikasleek @educacion.navarra.es kontuak erabili behar dituztela jarduera akademikoan, tutoretza lanetan eta harreman profesionaletan.
Ikastetxe publikoek funtzio espezifikoetarako dituzten posta elektronikoko kontuak Educaren bitartez kudeatzen dira (Ikastetxea > ikasNOVA posta eta zerbitzuak > Kontuen kudeaketa). Kontu korporatibo horiek karguei lotutako zereginetarako dira, eta ez dira erabiliko ikasleei eskolak emateko. Kontu gehiago sortu behar badira, komeni da erabiltzea unitate partekatuak eta Googleko taldeak.
Educa Ataria aplikazio bat da, zeina prestatu baita herritarrek beren datu akademikoak eskuratu ditzaten eta kudeaketa telematikoak egin ditzaten: behin-behineko izen-ematea, esaterako, ikasleak onartzeko prozesuan. Komeni da ikastetxeak susta dezala familiek eta ikasle adinez nagusiek aplikazioa erabiltzea; horretarako, ikastetxeko datu akademikoetarako sarbidea emanen die ikasturtean zehar (Ikastetxea > Sarbidea > Erabiltzaileen kudeaketa).
12.2.–Kontabilitate sistema: Ecoeduca.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ikastetxe publiko guztiek, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan jasotako irakaskuntzak ematen dituztenek, Ecoeduca kontabilitate aplikazioa erabiliko dute aurrekontua egiteko, onesteko, aldatzeko eta betearazteko. Aurrekontuan jasoko dira ikastetxearen ohiko funtzionamendua, mantentzea eta kontserbazioa bermatzeko diru-sarrerak eta gastuak.
Ikastetxearen kudeaketa ekonomikoari eragiten dioten kontabilitate-eragiketa guztiak irailaren 6ko 153/2023 Foru Dekretuaren arabera eginen dira (foru dekretu horrek arautzen du Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen kudeaketa ekonomikoa).
13.–Kalitatea kudeatzeko sistema.
Kalitatea kudeatzeko sistemak (KKS) ezarri eta mantentzeko programa, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak gidatzen duena, Nafarroako unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoei dago zuzendua.
Nafarroako Dantza Eskolak aplikatzen ahalko du Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren maiatzaren 26ko 333/2026 Ebazpenaren II. eranskineko II.16 puntuan jasotakoa (ebazpen horren bidez jarraibideak onetsi ziren 2026-2027 ikasturtean arautzeko zer antolaketa eta funtzionamendu izanen dituzten Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Hezkuntza Bereziko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek).
14.–Laneko arriskuen prebentzioa.
Arriskuen ebaluazioren bat egin bada, ikasturte bukaerako memorian azaldu beharko dira Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalak proposaturik hartu diren prebentzio neurriak, eta, horrekin batera, bete ez diren eta aurreikusitako gauzatze-epea iraungita duten neurriak arrazoituko dira.
Eskolan lanean hastean, zuzendariak lanpostu horri lotutako arriskuen berri eman beharko die bertan lan egiten duten guztiei.
Ikasturte bakoitzaren hasieran, Eskolako zuzendariak irakasleen klaustroari, irakasle ez diren langileei eta hezkuntza komunitateko gainerako kideei jakinaraziko die badagoela jardute protokolo bat ikastetxeko langileen kanpoko erasoen aurrean. Irakasleak, irakasle ez diren langileak eta hezkuntza komunitateko gainerako kideak ikasturtea hasi ondoren hasten badira lanean ikastetxean, zuzendariak ziurtatu beharko du ahal bezain laster jakinarazten zaiela informazio hori.
Ikastetxeko irakasleei edo irakasle ez diren langileei eraso egiten zaienean, Eskolako zuzendariak ofizioz aktibatuko du kanpoko erasoen protokoloa, eta erasoa jakinaraziko du gorabehera, lan-istripua edo erasoa jakinarazteko fitxaren bidez.
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/riesgos-laborales/accidentes-de-trabajo
Kanpoko erasoen aurrean jarduteko protokolo hori Eskolaren web-orrian jarriko da, erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean. Era berean, ikastetxeko barne-agirietan agertuko da: Internet, Drive eta abar.
Horrez gain, Eskolaren web-orrian jarriko dira Hezkuntza Departamentuko prebentzio arloko ordezkarien eginkizunak eta haiekin harremanetan jartzeko datuak, erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean.
15.–Beste jarraibide batzuk.
15.1.–Ikastetxeko langileen jarduerak.
Urteko programazio orokorrean sartuta ez dagoen edozein jarduera egiteko, ikastetxeko zuzendariaren berariazko baimena beharko dute, bai irakasleek, bai hezkuntza komunitateko beste edozein kidek.
15.2.–Eskolaz kanpoko jendea sartzea.
Eskolan edozein mezu aditzera eman, transmititu edo banatu nahi duten guztiek zuzendaritza-taldearen baimena beharko dute. Betiere, baimen hori eman izana idatziz jasoko da Eskolako artxiboan.
Hori guztia ez da eragozpen izanen legez aitorturiko eskubide sindikalak erabiltzeko.
15.3.–Jarraibide hauen berri ematea.
Nafarroako Dantza Eskolako zuzendaritza-taldeak begiratuko du hezkuntza komunitateko sektore guztiek jarraibide hauen edukiaren berri izan dezaten.
Iragarkiaren kodea: F2609687
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
