6. BESTELAKO IRAGARKIAK
6.2. PARTIKULARREN IRAGARKIAK
ERRIOXA JATORRI-DEITURA KALIFIKATUAREN KONTSEILU ARAUEMAILEA
4/2026 ofizio zirkularra. Jarduketa arauak ardoen zuzentze alkoholikoan
2019/934 (EB) Erregelamendu Eskuordetuaren I. eranskineko A zatian, baimendutako jardun enologikoen eta mahastizaintzako zenbait produktu elaboratzeko eta kontserbatzeko aplikatu beharreko murrizketen zerrenda jasotzen da. Produktu horiek dira, hain zuzen ere, sartzen direnak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren VII. eranskineko II. zatiaren aplikazio-eremuan (erregelamendu horren bidez, nekazaritzako produktuen merkatuen antolakunde erkidea sortu zen).
Eranskin horren 1. taulan zerrendatzen dira baimendutako tratamendu enologikoak, bai eta horien erabilera-baldintzak eta -mugak ere. Hala, 2019/934 (EB) Erregelamendu Delegatuaren 8. gehigarrian ezartzen dira ardoen alkohol-edukia zuzentzeko tratamenduari buruzko betebeharrak.
Gero eta joera handiagoa dagoenez alkohol-graduazio apalagoko ardoak aukeratzeko, eta kontuan hartuta kontsumitzaileen eskariaren bilakaera eta merkatu berrietara egokitu beharra, jarduteko prozedura erkide bat ezarri behar da ontze kualitatibo egokia duten mahatsekin lortutako ardoetan teknologia baliatuta upategiek egiten dituzten zuzentze alkoholikoetarako. Helburua da alkohol-gradua gehienez %20ra doitzeko aukera ematen duten praktika enologikoak normalizatzea, bat etorriz Europar Batasuneko araudiak baimentzen duenarekin.
Azaldutakoa kontuan hartuta, Errioxa jatorri-deitura kalifikatuaren kontseilu arauemaileak, 2026ko ekainaren 26an egindako osoko bilkuran, "ardoen zuzentze alkoholikorako jarduketa arauak" onetsi ditu, honakoak alegia:
a) Errioxa jatorri-deitura kalifikatuaren babeseko edozein produktutan zuzentze alkoholikoa egin nahi duten elaboratzaileek horren berri eman beharko diete idatziz kontseilu arauemailearen zerbitzu teknikoei, zuzenketa egiteko aurreikusi den eguna baino 15 egun lehenago gutxienez.
b) Jakinarazpenak jarduteko protokolo bat izanen du erantsia, egin beharreko zuzentze lanak azalduko dituena.
c) Upategiak xede den partidaren analitika fisiko-kimikoa ere erantsiko dio jakinarazpenari, hau da, zuzentze lanak egin aurreko ardoarena, eta adieraziko du zer alkohol-gradu (bolumenaren %) lortu nahi den zuzentzea eginda.
d) Upategiak adierazi beharko du zer produktutan eta zer partidatan eginen duen zuzentze alkoholikoa, eta datu hauek zehaztu:
–Partidaren zenbakia.
–Kolorea.
–Urtea.
–Bolumena.
–Kokalekua.
e) Kontseilu arauemaileak lagina hartzen ahalko du zuzentze alkoholikoa egin aurretik eta/edo ondoren. Era berean, zuzentzea egiten den bitartean upategian bertan egoten ahalko da.
f) Zuzentzea egin ondoren, upategiak NIMBUS plataforman dagokion idazpena sartu beharko du, tratatutako partidan bolumen babestuak izan duen gutxitzeari buruzkoa.
g) Upategiak tratatutako ardoari dagokion bukaerako analitika fisiko-kimikoa aurkeztu beharko die kontseilu arauemailearen zerbitzu teknikoei.
h) Arau eta lege indardunetan ezarritako xedapenak bete beharko dira beti.
Jakinarazten da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Logroñon, 2026ko ekainaren 26an.–Kontseiluko burua, Raquel Pérez Cuevas.
Iragarkiaren kodea: E2609740