146. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 28a

6. BESTELAKO IRAGARKIAK

6.2. PARTIKULARREN IRAGARKIAK

ERRIOXA JATORRI-DEITURA KALIFIKATUAREN KONTSEILU ARAUEMAILEA

3/2026 ofizio zirkularra. Uztaren kalifikazioari buruzko erabakiak

Errioxa jatorri-deitura kalifikatuaren baldintza-agirian (PDO-ES-A0117), 8.b.7) atalean, ezarrita daude ardo babestuetan deitura erabiltzeko bete beharreko baldintza kualitatiboak. Egiaztapenak eta saiakuntzak.

1. epigrafean xedatzen denez, produkzio eremuan inskribatutako upategiek lortu dituzten ardo guztiek kalifikazio prozesu bat gainditu beharko dute Errioxa jatorri-deitura kalifikatua erabili ahal izateko; prozesu horretan, baldintza fisiko-kimikoak eta organoleptikoak egiaztatuko dira, Europar Batasuneko araudian xedatutakoarekin bat.

Era berean ezartzen du ezen kalifikazio prozesua eginen dela partida edo lote homogeneoetan eta Errioxa jatorri-deitura kalifikatua eskuratzeko eskubidea duten ardoen kalifikaziorako kontseilu arauemaileak egindako arauei jarraikiz.

Alde horretatik, kontseilu arauemaileak kalifikaziorako prozedura orokor bat (PG-13) du ezarria, eta bertan zehazten dira kalifikazio prozesua eta kontrol sistema, Errioxa jatorri-deitura kalifikatua erabiltzeko eskubidea eskatzen duten operadoreek –inskribatuta egon behar dutenak– elaboratutako ardoei aplikatuko zaizkienak. Prozedura horretan xedatzen da, besteak beste, ardoak egiaztatzeko eskaera uztaren urteko azaroaren 30etik laurogeita hamar egunera bitarteko epean aurkeztu behar dela.

Bestetik, baldintza-agiriak aurreikusten du, halaber, kalifikazioa aurreratzen ahalko dela, betiere araudi espezifikoan xedatutakoa beteta.

Azaldutakoa kontuan harturik, Errioxa jatorri-deitura kalifikatuaren kontseilu arauemaileak 2026ko ekainaren 26an egindako osoko bilkuran erabaki zen kalifikazioa aurreratzea, abenduaren 1a baino lehen egin dadin, eta, horretarako, ondotik zehazten diren baldintzak eta eskakizunak bete beharko dira:

1. Elaboratzaileak berak azken uztan lortutako ardoen merkaturatze azkarra bukatzea bakarrik.

2. Aurrerapena eskatzen ahalko da elaboratutako ardo guztirako edo zati baterako.

3. Aurrerapena eskatzen ahalko da ardo mota bakoitzerako, hots, ardo beltz, gorri, zuri eta apardunetarako.

4. Mahats bilketa bukatzea eta upategi elaboratzailean jaso den mahats guztiaren elaborazioa burutzea.

5. Elaboratutako ardoari buruzko zinpeko adierazpena aurkeztea.

6. Laginak hartzeko eskatzea eta laginak biltzea, gehienez ere 2 bisita eginda instalazio bakoitzean.

7. Upategi elaboratzailea non dagoen, horko autonomia erkidegoko laborategi ofizialak laginen analisi fisiko-kimikoa egitea.

8. Kontseilu arauemaileko dastatze batzordeak laginen analisi organoleptikoa egitea.

9. Aipatutako analisiak gainditzea, baldintza-agirian eta PG-13an araututakoaren arabera.

10. Kontseilu arauemaileak jakinaraztea upategi elaboratzaileari analisiak gainditu dituela.

11. Kalifikazioaren aurrerapena onartzen ahalko da upategien arteko merkataritza transakzioak egiteko, baina horretarako beharrezkoa izanen da upategi saltzailearen ardoa kalifikatuta egotea eta upategi erosleak, gutxienez ere, ardo mota bererako egindako laginak hartuta izatea.

12. Ardo kalifikatuak beste ontzi batzuetan egon beharko dute, kalifikatzeko daudenetatik bereizita. Kontrol organoak noiznahi egiaztatzen ahalko du baldintza hori bete dela.

13. Ardo kalifikatuak eta kalifikatu gabeak nahasten badira biak deskalifikatuko dira.

14. Indarrik gabe uztea kontseilu arauemaileak 2005eko uztailaren 15ean egindako osoko bilkuran hartutako erabakiak, uztaren kalifikazioari buruzkoak, 5/2005 ofizio zirkularren bidez iragarri zirenak.

Logroñon, 2026ko ekainaren 26an.–Kontseiluko burua, Raquel Pérez Cuevas.

Iragarkiaren kodea: E2609739